Udaberri, uste-ezik,
arki dut basoan.
Neskatxa da, ta urdiñez
yantzita ziyoan.
Urdiña yazkia, ta
begia areago:
alakorik itsaso
barean ez dago.
Begi eder-goseok,
ase zakidate!,
iñon ezpaiditake
ederrik, au beste.
Mamia du naasian
oretua, iñolaz,
Loreil-laiño goiztar ta
marrubi-odolaz.
Arbazta igarrarena
bezin su zolia
Egun'ek biztu dio
yorik illedia.
Aren oiñek ikutzen
ote dute lurra?
Ezetz diot: ezpaita
melgutu belarra.
Billuzik zan basoa
negu-ondarrean,
neskatx urdin yantzia
bertara danean.
Zebillela, ats epel bat,
usaiez yoria,
dama; ta adar beltzetan
erne da bizia.
Orriz-orri yazten da
basoa, gozoro...
Bakan-bakanka, leenen...
Sarri-sarri, gero.
Eguzki itzulberriak
(maitari goiztarrak)
munkatu du basoa,
(munkatu senarrak)
Emazte ezkonberria
dala uste basoa...
Aren dardar emea
Aren par gozoa!
Ustez, buru gaiñean
gaua dut, argia,
amaika izar urdiñen
dirdirak yosia...
Ustez, ur orlegiak
nituan oiñean,
izarrok ziralarik
islatzen urean...
Gezur amesgarria,
lillurak sortua!
Goien urdiña nuan,
ostoak xeetua;
beean, berriz, urrezko
yarioz argiak
belarrean oi-ditun
begibil zoliak.
Marmarra dabil goien,
ezin daikezuna
ots ezti dan igerri,
ala ixiltasuna.
Bat-batez, eun txoriek
eztarriak eten,
ta aberaski zabala
bitxiz yantzi zuten...
Egun-eunez yantzia
berrikusi-naiez,
bira ditut begiak,
bira, baiña... iñon ez!
Non da, non da sorgiña,
basoak maitea?
Begiaz dut, alperrik,
yo aren bidea.
Yoana zan... Yoana,
neri, biotzean,
kezka beldur-eztia
yosi-ondorean...
Maitetasun-azia:
ene udaberria:
neskatx-tankerakoa
ta urdiñez yantzia!...