Biotz-begietan  (1926)  Xabier Lizardi
Xabiertxoren eriotza

Xabiertxoren eriotza


(Nere leenengo Xabiertxo'ren eriotz-egunean:
                 1925gko. Lotazillaren 24g.)
           I 
Gabon-egun-goizean
Yaun Aita pozik
yaiki, ta aingerutxoak
orra non bildu ditun,
esanik: 

Poztu, ene txikiok,
gaur, arratsean,
aurtxorik ederrena
yaiotzekoa baita
lurrean. 

Apaindu, ta zoazte
guztiok beera
berri ona zabalduz,
zuen Yaungoikotxoa
gurtzera. 


Zenbat zerate, baiña?
Bat, bi, iru, amar,
ogei, eun, milla... Gutxi!
Yai ontako, geiago
nik bear! 
Entzun: ega lurreko
seasketara,
ta aur zoragarrienak,
ene maiteok, bertan
aukera. 

Masaillean laztan bat,
eztiz betea:
eskutik ar, ta abia...
orrela ugalduz zuen
taldea. 

Ta, lurbira guztia
egin-ondoren,
yaiez yantziz biotzok
bildu, iñularrerako,
Belenen. 
           * * * 
Zalaparta bizian,
txalo yo ta yo,
Yainko zaarrari oro
baranoan egatu
zaizkio. 

Ta, aruntz lagun-eginda
puska batean,
emen datoz berriro,
ega-iraulka pozaren
pozean. 
           * * * 
Yaunaren baratzako
iturrietan
murgildu, ta ari dira
beren buruon eder-
lanetan. 

Gertu-ta-gero, urrezko
txilibitoak
aoratu, ta abia
ziran, zabala arrotuz,
egoak. 

Non dira?... Antxe, urdiñaren
sakonean,
ezer ez duzu ikusten
argizko auts-irakin-
antzean?... 

Noratsu?... Iñon ez. Oro
leengoraturik,
begiak ez du yotzen
urdin baztergabea
besterik.

           II 
Gabon-egun-goizean,
seaskatxoan,
Xabiertxo gaxoa
gaitzak ito-zorian
zegoan. 

—Zer duk, eguzki orrek,
gure ederrena?
Nork min egin, esaidak,
biotz biren zatirik
maitena?... 

Itxon! Ustez, arnasa
baretu zaio:
parre-antx gozo batek
ezpaintxoak argitu
dizkio... 

—Iñoren itz emeak
entzuten ago,
geldi-geldirik eta
bular eztian baiño
pozago?... 

Ene! Beldur! Ez il, ez,
arren, txikia!
Ez yoan, gure poza,
ez, gure biziaren
argia!! 

Ene! Gure biotzon
erdibitzea!
Nekez arteraiñoan,
itotako negarra
lertzea!. 

Ene! Amen begien
negar-obiak
ondoa yo-eziñak
egin ote-ditu Yaun
aundiak?... 

Bular yoritik ez aut,
ene!, ikusiko
zalapartan edaten,
gosea aserik baituk
betiko!... 

Eguzkiak inguma
bezin maitea;
ala, maiteminduak,
maite-ezpaiñek ukitu
lorea!... 

Igan ipiñitako
amesak, baiña,
auskorrak ote-ziran,
inguma ta loreak
ez aiña?...

           III 
—Berandu? —Bai, maitea;
illuntzea den...
Atsekabeak ez din
astiaren neurtzea
yakiten. 

—Ixo... Nortzu ditezkek
atarikuok?...
Nor zetorkek, algaraz,
miñagotzera gure
malkuok? 

           * * *
         (Ataritik) 
Etxeko-andre ona:
kantatzerik nai?
yaiotzadunak gera,
begirunez beteak
zure zai... 

           * * * 
—Nortzuk dituk?... Esaiek
alde-egiteko!
—Gorriz argitutako
yaiotzaz, dun sorta bat
mutiko... 

           * * *
         (Ataritik) 
Etxeko-andre ona:
kantatzerik nai?
Belen-zaleak gera,
sari-ustez beteak
zure zai... 

           * * * 
—Biyoaz! —Ez, maitea;
begira zaien...
Gurea iñoiz, azita,
oiek bezela ibiltze
aal-uken! 

           * * *
         (Ataritik) 
Etxeko-andre ona:
abesterik nai?
Gabon-zaleak gera,
ezin-etsiz beteak
zure zai 

           * * * 
—Zuzen diok. Aur Onak
onetsi bitza!
Sartu, muttil ederrok,
seaska-alderaturik
yaiotza. 

Sartu, ta yo, beldurrik
gabe. Gaxoa
lotan dezute, baiñan
otsak astindu-gaitza
du loa... 

Yo, bai, gaur baita Aur Ona
yaiotzekoa!
Yaiki, biotz autsia,
pozezko yaia baituk
gaurkoa! 

Yaiki, gure maiteena
Belenen baita,
ortzi izartuan zear
ego bigun arroek
bultzata!... 

Oska baitago, urrezko
txilibitoaz,
zeuen Gabon-abesti
berberok Belenen
yo ta yoaz! 

Yo. bai, maiteñoaren
oroiz, muttillok.
Gurtu gatzaion Yainko
aurtxoari biziok
eta illok... 

           * * * 
Aintza goian Yaunari
askigabea;
ta, bere naia ontzat
etsitako lurtarroi...
pakea!