Nikomakorentzako etika/Bigarren liburua

Nikomakorentzako etika  (K.a. 349)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Bigarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Bigarren liburua

Bertutea bi motatakoa da, adimenezkoa eta etikoa; adimenezkoak irakaskuntzan ditu nagusiki sorrera eta handitzea, (15) eta horregatik, hain zuzen ere, behar ditu esperientzia eta denbora; etikoak, berriz, ohituratik dator, eta hortik izena ere ohitura hitzetik osatua izatea, aldaketa txiki bat eginez. Horrek agerian jartzen du izatez inolako bertute etikorik ez dela sortzen gure baitan, naturako izakien artean ezer ez baita ohituraz aldatzen; (20) esate baterako, harria, izatez goitik behera mugitzen dena, ezin liteke behetik gora mugitzera ohitu, eta ez luke inork ohituaraziko, ezta hamaika aldiz gorantz botata ere; eta sua goitik behera mugitzera ere ez; eta izaera jakin batekoa dena ez litzateke beste izaera batera ohituko. Beraz, bertuteak ez dira sortzen ez izatez ez naturaren aurka; (25) aitzitik, gure izaerari esker, gure baitan jaso eta ohituraren bidez hobetu ditzakegu. Gainera, gure baitan izatez sortzen diren horietan guztietan lehenik ahalmenak barneratzen ditugu, eta gero jarduera gauzatzen dugu. (Hori ere agerikoa da zentzumenetan: zentzumenak, hain zuzen ere, ez ditugu askotan ikusteagatik edo askotan entzuteagatik eskuratzen; (30) aitzitik, haiek edukita hasi ginen haietaz baliatzen, eta ez genituen eskuratu haietaz baliatuta) Bertuteetan, ostera, lehendabizi jardun eta ondoren eskuratu egiten ditugu, gainerako arteetan bezalaxe, egin behar dena ikasi ondoren hori eginez ikasten baitugu; esate baterako, etxeak eraikiz izango gara etxegile, eta zitara joz, zitara-jotzaile. Eta, berdin ere, gauza zuzenak eginez izango gara zuzenak, (1103b) neurrizko gauzak eginez neurrizkoak, eta adore-ekintzak eginez, adoretsuak. Horren testigantza dugu hirietan gertaturikoa, legegileek ohituren bidez egiten baitituzte onak hiritarrak, eta hori da legegile ororen asmoa, (5) baina ongi egiten ez duten guztiek huts egiten dute, eta konstituzio politiko ona eta txarra esandako horien arabera bereizten dira. Gainera, kausa berberek eta bitarteko berberek sortu eta suntsitzen dute bertute oro, arteekin ere gertatzen den bezala, zitara jotzetik sortzen baitira zitara-jotzaileak, bai onak bai txarrak, eta antzeko moduan, (10) etxegileak eta gainerako teknikari guztiak: etxeak ondo eraikiz, etxegile onak izango dira, eta gaizki eraikiz, txarrak. Horrela ez balitz, ez legoke maisuaren premiarik eta denak jaiotzez lirateke onak edo txarrak. Eta gauza bera gertatzen da, hain zuzen ere, bertuteei dagokienez, gizakiekiko harremanetan dugun jokaeraren arabera (15) batzuok zuzen eta besteok bidegabe bilakatzen baikara; eta egoera latzetan dugun jokaeraren arabera eta beldur izatera ala aurre egitera ohituta egotearen arabera, batzuk adoretsu eta besteak koldar bilakatzen gara. Eta berdin desirei eta sumindurari dagokienez: batzuk neurrizkoak eta atseginak bilakatzen dira, eta beste batzuk, berriz, lasakak eta suminkorrak, (20) haiek egoera horietan halaxe jokatzeagatik, eta besteak, berriz, horrelaxe. Horrenbestez, hitz batean, azturak jardueretan beraietan sortzen dira. Horregatik burutu behar dira nolabaiteko jarduerak, horien arteko desberdintasunen arabera ondorioztatzen baitira azturak. Beraz, gaztetatik horrelako edo halako ohiturak lortzea ez da huskeria; aitzitik, (25) garrantzi handia du, edo, hobeto esanda, erabatekoa.

Beraz, oraingo tratatuak –gainerakoek ez bezala– xede teorikorik ez duenez (ez baitugu ikertzen bertutea zer den jakiteko, onak izateko baizik, bestela hark ezertarako balio izango ez lukeelako), ekintzei dagokien guztia aztertu behar da, horiek nola egin behar diren: (30) ekintzak baitira, hain zuzen ere, azturen nolakotasuna nagusitzen dutenak, esan dugun bezala.

Beraz, arrazoi zuzenaren arabera jokatu behar dugula denok onartu eta aintzakotzat emango dugun printzipioa da (horri buruz gero mintzatuko da, hots, arrazoi zuzena zer den eta gainerako bertuteekin zer-nolako erlazioa duen). (1104a) Hala ere, aldez aurretik demagun ekintzei buruzko tratatua labur eta gehiegi zehaztu gabe prestatu behar dela; hasieran esan genuen bezala, tratatuak materiaren araberakoak izan daitezela eskatu behar da. Ekintzei eta onurei dagokienez, ez dago ezer finkaturik, osasunari dagokionez ere ez dagoen bezala. (5) Eta tratatu orokorra horrelakoa bada, banako ekintzei buruzko tratatuak zehaztasun gutxiago ere izango du: horiek, hain zuzen ere, ez dira kokatzen ez arte-eremu baten menpe, ezta agindu baten menpe ere; aitzitik, egileek beraiek hausnartu behar dute beti egokiena, medikuntzan eta nabigazio-artean bezala. (10) Baina oraingo tratatua horrelakoa bada ere, gure ekarpena egiten ahalegindu behar dugu.

Beraz, lehenik eta behin, hauxe behatu behar dugu: horrelako gauzak, naturalak direlako, gabeziaz edo gehiegikeriaz suntsitzen direla, sendotasunari eta osasunari dagokienez ikusten dugun bezala (hain zuzen ere, iluna dena argitzeko adibide adierazgarriez baliatu behar dugu): (15) gimnastika gehiegi eta gimnastika gutxiegi egiteak sendotasuna suntsitzen dute, eta, berdin, edariak eta janariak ere suntsitzen dute osasuna, gehiegizkoak edo urriak badira; neurri egokian, berriz, sortu, handitu eta babestu egiten dute; eta, berdin ere, neurritasunari, adoreari eta gainerako bertuteei dagokienez. (20) Izan ere, beldurturik edozein egoeratatik ihes egin eta ezeri aurre egiten ez diona koldar bihurtzen da; eta ezeri inolako beldurrik ez diona eta edozertara jotzen duena, berriz, ausartegia; berdin ere, edozein plazerez atsegin hartu eta inolako plazeri uko egiten ez diona, lasaka bilakatzen da; eta, abarkadunek bezala, plazer guztiak saihesten dituena, soraio. (25) Beraz, gehiegikeriak eta gabeziak neurritasuna eta adorea suntsitzen dituzte; erdiko terminoak, berriz, babestu egiten ditu.

Baina sorrerak, handitzeak eta suntsipenak jatorri eta kausa berberetatik sortzeaz gain, jarduerak ere gauza berberetan suertatuko dira. Horrela da, hain zuzen ere, (30) gainerako gauza argiagoetan, indarrean bezala: honek janari asko hartzean eta oinaze handiak pairatzean baitu jatorria, eta azken hauek ongien egin ditzakeena indartsua da. Eta bertuteei dagokienez ere bada horrela, plazerei uko eginez neurrizko bilakatzen baikara, (35) eta horrelakoak izanda gero askoz hobeto egin diezaiekegu uko; eta berdin adoreari dagokionez ere, (1104b) beldurrak gutxiestera eta haiek eustera ohituz bilakatzen gara adoretsu, eta horrelakoak izanda gero beldurrak askoz hobeto jasan ahal izango ditugu.

Eginei jarraituriko plazera eta atsekabea azturen adierazletzat hartu behar dira, (5) gorputzaren plazerei uko egin eta egoera horretan bertan atsegin hartzen duena neurrizkoa baita; eta atsekabetu egiten dena, lasaka; eta arrisku ikaragarriei aurre egin eta atsegin hartu edo, behintzat, sumindu egiten ez dena, adoretsua; eta atsekabetu egiten dena, koldarra. Bertute etikoa, hain zuzen ere, (10) plazer eta atsekabeei buruzkoa da, plazerarengatik ziztrinkeriak egiten baititugu, eta atsekabearengatik ongiei uko egiten diegu. Hortik gaztetatik nolabait hezia izanaren beharra, Platonek dioenez [1] , behar bezala atsegin hartzeko eta atsekabetzeko; heziketa zuzena horixe baita. Gainera, bertuteak ekintzei eta grinei buruzkoak baldin badira, eta ekintza orori eta grina orori plazera eta atsekabea jarraitzen badiete, (15) arrazoi horregatik ere izango da bertutea ekintzei eta grinei buruzkoa. Bestetik, haien bidez ezartzen diren zigorrek ere hori adierazten dute, zigorrak nolabaiteko sendagaiak baitira, eta sendagaien izaera kontrakoen bidez sendatzean datza. Gainera, lehen ere esan dugunez, arimaren aztura orok berez okerrera edo hobera bilakatzen diren gauza horietarako joera (20) eta gauza horiekin lotzeko natura du; eta gizakiak plazerengatik eta atsekabeengatik bilakatzen dira ziztrinak, lortu nahi izateagatik eta saihesteagatik behar ez direnak, edo behar ez direnean, edo behar ez den moduan, arrazoiak gai horretan nola edo hala bereiz ditzakeen beste edozein modutan. Horregatik bertuteak nolabaiteko ikaragaiztasun eta lasaitasun diren aldetik ere definitzen dira; (25) baina hori ez da zuzena, zentzu absolutuan esaten dutelako, behar bezala, eta behar ez bezala, eta noiz, eta beste gainerako zehazteak gehitu gabe. Horrenbestez, ezarrita dago horrelako bertutea plazerei eta atsekabeei dagokienez onena denaren praktika dela; eta gaiztakeria, kontrakoa.

Ondorengo azalpenok ere argitu diezaizkigukete gai horien inguruko zalantzak. (30) Izan ere, gauza nahigarriak hiru direnez eta beste hiru higuingarriak –ederra, egokia eta atsegina, batetik; eta horien kontrakoak, bestetik, lotsagarria, kaltegarria eta atsekabegarria, alegia–, horri guztiari dagokionez gizaki zintzoa zuzen dago eta gaiztoa oker, plazerari dagokionez bereziki, azken hau animaliek ere baitute, (35) eta nahigarria den orori jarraitzen dio, (1105a) ederra eta egokia direnek ere atseginak dirudite eta. Gainera, guztiok hazi gara plazerarekin umetatik, eta horregatik da zaila gure bizitza blaitu duen gogo-aldarte hori erauztea. Bestetik, gure ekintzak ere arautu egiten ditugu, batzuk gehiago, beste batzuk, berriz, gutxiago, plazeraren eta atsekabearen bidez; (5) eta arrazoi horregatik izan behar da hauei buruzkoa gure ardura osoa, gure ekintzetarako ez baita hutsala ongi edo gaizki poztea eta atsekabetzea. Eta gainera, plazeren aurka borrokatzea suminaren aurka borrokatzea baino askoz nekezagoa da, Heraklitok esan bezala [2] , artea eta bertutea erronka zailenetan sortzen dira beti, (10) horietan ona dena ere hobea baita. Horrenbestez eta horregatik ere, bai bertutearen bai politikaren ardura osoa plazerei eta atsekabeei buruzkoa da, haietaz ongi baliatzen dena ona izango baita, eta gaizki baliatzen dena, gaiztoa. Eman dezagun ontzat, beraz, bertutea plazerei eta atsekabeei buruzkoa dela; eta sortarazten duten gauzek beraiek handitu (15) eta suntsitu egiten dutela bertutea, modu berean jarduten ez dutelarik; eta sortarazi zuen horretan bertan jarduten duela, gera bedi esana.

Ondorengo zalantza plantea liteke: zein zentzutan esaten dugun gizakiak ekintza zuzenak burutuz egin behar direla zuzenak, eta ekintza-neurriak eginez neurrizkoak, ekintza zuzen eta neurritsuak egiten badituzte, (20) zuzenak eta neurrizkoak baitira dagoeneko, gramatikariak eta musikariak izango liratekeen bezala gramatikan eta musikan jardungo balute. Edo ez ote da horrela izango ezta arteetan ere? Izan ere, gramatikaren inguruko zerbait halabeharrez nahiz beste batek iradokita egin daiteke. Beraz, baten bat izango da gramatikaria, bakarrik gramatikaren inguruko zerbait eta hori gramatikalki egiten badu, hots, (25) bere baitan duen gramatikaren arabera. Gainera, arteetan eta bertuteetan ez da egoera bera suertatzen: arteek sortzen dituzten gauzek, hain zuzen ere, beren baitan dute ongia; beraz, nahikoa da nolabaiteko ezaugarriak izaten badituzte; baina bertuteen arabera sorturiko ekintzak zuzen eta neurriz eginak (30) izango dira horiek nolabaitekoak izan ez ezik egiten dituenak ere nolabaiteko baldintzak betetzen baditu: lehendabizi, ezagueraz egiten baditu; bigarrenik, hautatu, eta haiengatik beraiengatik hautatu baditu; hirugarrenik, tinko eta iraunkor jarduten badu. Baldintza hauek gainerako arteak lortzeari begira ez dute garrantzirik, (1105b) salbuespen batez: ezagutza bera. Bertuteak lortzeari begira, berriz, ezagutzak garrantzi txikia du edo inolako garrantzirik ez du. Gainerako baldintzek, berriz, ez dute garrantzi txikia, erabatekoa baizik; izan ere, sarritan ekintza zuzen eta neurritsuak egitearen ondorioz sortzen direnak izaten dira, hain zuzen ere. (5) Beraz, ekintzak zuzenak eta neurritsuak direla esaten da gizaki zuzenak edo neurrizkoak egin litzakeen modukoak direnean; baina zuzena eta neurrizkoa ez da haiek egiten dituena, zuzenek eta neurrizkoek egiten dituzten moduan egiten dituena baizik. Beraz, ongi esanda dago ekintza zuzenak eginez gizakia zuzena bilakazen dela (10), eta ekintza neurritsuak burutuz, neurrizkoa; baina horiek egin ezean, ez da inor inolaz ere ona izatera helduko. Hala ere, gehienek ez dituzte haiek egiten, eta teoria hutsean babesturik filosofatzen dutela uste dute, eta horrela bertutetsuak izango direla; horrela, eriek bezala egiten dute, hots, (15) sendagileei arretaz entzuten diete, baina agindu bat bera ere ez dute betetzen. Beraz, horiek horrela jokatuz gorputza inolaz ere sendatuko ez duten moduan, haiek filosofatuz ere ez dute arima sendatuko.

Horren ondoren, jarraian aztertu behar dugu bertutea zer den. (20) Ariman gertatzen diren gauzak hiru direnez –pasioak, ahalmenak eta azturak, alegia–, bertutea horietako bat izango da. Desira, sumindura, beldurra, adorea, bekaizkeria, poza, amodioa, gorrotoa, nahia, jelosia, errukia eta, oro har, plazeraz eta atsekabeaz lagunduriko afekzio horiek hartzen ditut pasiotzat. Baina ahalmentzat hartzen ditugu grinak sentitzeko gai egiten omen gaituztenak –adibidez, (25) sumintzeko, atsekabetzeko eta errukitzeko gai egiten gaituzten horiek–, eta azturatzat, grinei dagokienez ongi ala gaizki jokatzeko gai egiten gaituztenak –adibidez, sumindurari dagokionez, bortizki edo ahulki azalduz gero gaizki jokatuko dugu, eta neurriz azalduz gero, ongi–; eta, berdin, gainerako pasioei dagokienez ere.

Beraz, pasioak ez dira ez bertuteak ez bizioak, ez digutelako bertutetsuak (30) edo makurrak pasioen arabera deitzen, bertuteen eta bizioen arabera baizik; eta pasioen arabera laudatzen eta gaitzesten ez gaituztelako (ez baitira laudatzen beldur dena eta sumintzen dena, ezta erraz haserretzen dena gaitzetsi ere, nola edo hala egiten duena baizik); (1106a) aitzitik, bertuteen eta bizioen arabera gara laudatuak edo gaitzetsiak. Gainera, aurretiko hautapenik gabe sumintzen eta beldurtzen gara; bertuteak, ostera, hautapen jakin batzuk dira, edo ez hautapenik gabeak, behintzat. Horretaz gain, esaten dugu grinen arabera mugitzen garela, (5) eta bertuteen eta bizioen arabera ez garela mugitzen, nolabaiteko arima-egoera batean aurkitzen garela baizik. Arrazoi berberagatik bertuteak eta bizioak ez dira ahalmenak ere, ez baikara ez onak ez gaiztoak deituak grinak sentitzeko gai izateagatik soilik, ezta laudatuak eta gaitzetsiak ere. Gainera, ahalmenak izatez baditugu ere, ez gara izatez onak edo gaiztoak jaiotzen (10) –horretaz dagoeneko mintzatu gara lehen–. Beraz, bertuteak ez baldin badira ez pasioak ez ahalmenak, azturak direla geratuko zaigu. Esana dago, bada, bere generoari dagokionez bertutea zer den.

Baina bertutea aztura bat dela esan ez ezik, nolakoa den ere esan behar da. (15) Beraz, xedatu behar da bertute orok bertuteari dagokion horren izaera ona burutzen duela eta bere eginkizuna ongi gauzarazten diola; adibidez, begiaren bertuteak bikainak egiten ditu bai begia bai honen eginkizuna (begiaren bertuteari esker ongi ikusten baitugu); era berean, zaldiaren bertuteak (20) bikain egiten du zaldia eta gai korrika ongi egiteko, zalduna eramateko eta arerioei aurre egiteko. Beraz, horrela baldin bada kasu orotan, gizakiaren bertutea ere izango da gizakia ona bihurtu eta haren eginkizuna ongi gauzarazten dion aztura. Hori nola izango den jadanik esan dugu, (25) eta askoz argiago ere gertatuko da bere natura nolakoa den behatzen badugu. Beraz, jarraia eta zatigarria den guztian zati handiago, txikiago edo berdina har daiteke, eta zati hori har daiteke bai gauzaren beraren arabera bai guri dagokigunez. Eta berdintasuna gehiegikeriaren eta gabeziaren arteko zerbait da. Gauzaren erdiko terminoa (30) bi muturretatik luzera berdinera dagoenari esaten diot, eta hori, hain zuzen ere, bat eta bera da guztientzat, eta guri dagokigunez gehiegizkoa edo gutxiegia ez denari, eta hori ez da ez bat ez bera guztientzat. Adibidez, hamar asko badira eta bi gutxi, orduan gauzaren araberako erdiko terminotzat sei hartzen da, gainditzen duen kantitatea eta gainditua den kantitatea kantitate berbera baita, (35) eta hori erdiko terminoa da proportzio aritmetikoaren arabera. Baina, guri dagokigunez erdiko terminoa ez da horrela ulertu behar: (1106b) gizaki batentzat hamar libra jatea asko bada eta bi jatea gutxi, prestatzaile fisikoak ez du sei libra aginduko, hartu behar duenarentzat kantitate hau ere, ziur aski, asko edo gutxi izango baita; gutxi Milon-entzat, hain zuzen ere; asko, ostera, ariketa fisikoak praktikatzen hasten denarentzat; eta gauza bera lasterketaren eta borroka atletikoaren kasuetan. (5) Horrela ere, beraz, aditu orok gehiegikeria eta gabezia ekiditen ditu, eta erdiko terminoa bilatzen eta hautatzen du; hala ere, erdiko termino hau ez da gauzarena, guri dagokiguna baizik. Beraz, zientzia orok bere eginkizuna horrela burutzen badu ongi, hots, erdiko terminoari begiratuz eta bere lanak erdiko terminorantz bideratuz (hori dela eta, (10) baieztatu ohi da ongi eginiko lanei ezin dakiekeela ezer kendu ezta erantsi ere, kontuan hartuta gehiegikeriak eta gabeziak ongia suntsitzen dutela; erdiko terminoak, ostera, babestu egiten du, eta, esan bezala, teknikari onek horri begira egiten dute lan). Bestalde, bertuteak, naturak ere bezala, arte oro baino zehatzagoa (15) eta hobea bada, erdiko terminorantz joko du. Bertute etikoaz ari naiz, hori pasioei eta ekintzei buruzkoa baita, eta haietan daude gehiegikeria, gabezia eta erdiko terminoa. Adibidez, beldur izatean, ausartzean, desira izatean, sumintzean, errukitzean eta, oro har, atsegin hartzean eta atsekabetzean (20) gehiago eta gutxiago eman daiteke, eta ez dira zuzenak ez bata ez bestea; baina behar diren uneetan ematen baldin badira, egoera egokietan eta pertsona egokiekiko, asmo egokiaz eta behar bezala, orduan erdiko terminoa dugu, termino bikaina, eta hori da, hain zuzen ere, bertutearen berezkoa. Era berean, ekintzei dagokienez ere badira gehiegikeria, gabezia eta erdiko terminoa. Horrela, bada, bertutea pasioei eta ekintzei buruzkoa da; (25) horietan gehiegikeria eta gabezia akatsak dira, eta erdiko terminoa, aldiz, laudatua eta arrakastatsua, eta bi ezaugarriok bertutearen berezkoak dira. Beraz, bertutea nolabaiteko erdia da, edo erdiko terminorantz jotzen du, behintzat. Gainera, huts egitea era askotan gertatzen da (gaizkia azkengabearena baita, (30) pitagorikoek susmatu zuten bezala, eta ongia, mugatuarena), baina arrakasta lortzea era bakar batean (horregatik da erraza bata eta nekeza bestea, erraza ituan huts egitea eta nekeza bete-betean jotzea). Beraz, arrazoi horiengatik ere, gehiegikeria eta gabezia gaizkiarenak dira, eta erdikotasuna, bertutearena:

(35) Onak era bakar batean dira onak, gaiztoak era askotan [3] .

Beraz, bertutea nahita hautaturiko aztura bat da, (1107a) guri dagokigun erdikotasunean datzana, eta hori gizaki zuhurrak zehatz lezake. Erdikotasuna bi bizioren artekoa da, bata gehiegikeriaren araberakoa, bestea gabeziaren araberakoa; bestalde, bizioek pasioetan eta ekintzetan beharrezkoa dena gainditzen dute, eta batzuetan ez dira iristen; bertuteak, ostera, erdikoa bilatzen eta hautatzen du. (5) Horregatik, bertutea, substantziaren eta esentzia adierazten duen definizioaren arabera, erdiko termino bat da; baina bikaina eta ongia direnen arabera, mutur bat.

Hala eta guztiz ere, ekintza orok ez du erdikotasuna onartzen, ezta pasio orok ere, batzuen izenek eurekin batera nolabaiteko gaitzustea ekartzen baitute argiro; (10) adibidez, gaiztakeria, gaitzustea eta bekaizkeria, eta ekintzen artean adulterioa, lapurreta eta hilketa. Izan ere, gauza horiek guztiak eta horrelakoak berez ziztrinak izateagatik gaitzesten dira, eta ez haien gehiegikeriak ezta gabeziak ere. Beraz, haiei dagokienez, ezin daiteke inoiz itua jo, (15) beti huts egin baizik. Horrelako bizioei dagokienez, ongia edo gaizkia ez daude, adibidez, adulterioa emakume egokiarekin, behar den unean eta behar bezala egitean; aitzitik, horietako edozein egitea erabateko huts egitea da. Beraz, gauza bera da erdikotasuna, gehiegikeria eta gabezia daudela uste izatea zuzengabekeriak egitean eta koldarra eta lasaka izatean; izan ere (20) horrela uste bada, gehiegikeriaren eta gabeziaren erdikotasuna, gehiegikeriaren gehiegikeria bat eta gabeziaren gabezia bat izango dira. Baina neurritasunean eta adorean gehiegikeria eta gabezia ez diren legez –erdikotasuna, nolabait, mutur bat izateagatik–, halaber, bizio horietan ez dago erdiko terminorik, ezta gehiegikeriarik eta gabeziarik ere, edonola eginda ere huts egiten baita. (25) Izan ere, gehiegikerian eta gabezian, oro har, ez dago erdikotasunik, ezta erdikotasunean gehiegikeriarik eta gabeziarik ere.

Baina hori orokorrean esan ez ezik, banako kasuetan ere erabili behar da. Izan ere, ekintzei dagozkien arrazoinamenduetan (30), unibertsalak direnak arruntagoak dira, banakoak direnak, berriz, egiazkoagoak dira, ekintzak banako kasuei buruzkoak baitira, eta baieztaturikoa horiei egokitu behar zaie. Beraz, kontuan hartu behar dira gure sailkapenaren ondoko banakook. Beldurrari eta ausardiari dagokienez, hain zuzen ere, erdikotasuna adorea da; (1107b) erdikotasuna gainditzen dutenen artean, beldurrik gabe egiten duenak ez du izenik (askok ez dute izenik); ausarta agertzean erdikotasuna gainditzen duena ausartegia da; eta beldur izatean erdikotasuna gainditu eta ausarta agertzean ausardiarik ez duena, koldarra. Plazerei eta atsekabeei dagokienez (5) –ez guztiei, eta neurri txikiagoan ere atsekabeei dagokienez–, erdikotasuna neurritasuna da, eta gehiegikeria, neurrigabekeria. Plazerei dagokienez, gabeziaz egiten dutenak ez dira asko; eta horregatik, hain zuzen, honelakoek izenik ere ez dute jaso; dei iezaiegu soraioak, orduan. Dirua emateari eta hartzeari dagokienez, erdikotasuna eskuzabaltasuna da, eta gehiegikeria (10) eta gabezia, zarrastelkeria eta zikoizkeria; azken horietan gehiegikeria eta gabezia kontrakoak dira: zarrastelak, hain zuzen ere, dirua ematean erdikotasuna gainditzen du, eta jasotzean, haren azpian gelditzen da; zikoitzak, aldiz, dirua jasotzean erdikotasuna gainditzen du, eta ematean, haren azpian gelditzen da. Oraingoz, beraz, murrizki eta laburbilduz hitz egiten ari gara, (15) eta horrekin berarekin aski dugu; geroago definituko ditugu zehatzago gai horiek. Diruari dagokionez, beste zenbait gogo-izaera ere badaude: erdiko termino bat, oparotasuna (oparoa eta eskuzabala desberdinak baitira: batari dirutza handiena dagokio, besteari diru kopuru txikia); gehiegikeria bat, arrunkeria eta nabarmenkeria; eta gabezia bat, (20) doilorkeria. Horiek eta eskuzabaltasunari buruzkoak desberdinak dira; zertan bereizten diren, aurrerago esango da.

Ohoreari eta desohoreari dagokienez, erdikotasuna arimanditasuna da; gehiegikeria, handikeria deituriko hori, eta gabezia, txepelkeria. Eta oparotasuna eta eskuzabaltasuna bereizten diren moduan (25) –azken hori diru kopuru txikia dela baikenioen–, horrela ere bereizten dira beste gogo-izaera eta arimanditasuna, hau ohore handienari dagokiona delako, eta hura, berriz, txikienari. Izan ere, ohorerako gogoa behar bezalakoa, behar baino handiagoa eta behar baino txikiagoa izan daiteke; gogo handiegia duena handinahikoa da, gogo txikiegia duena, handinahigabea, eta erdiko terminoak ez du izenik; (30) haien arima-egoerek ere ez dute izenik, handinahikoarena izan ezik: handinahia. Hori dela eta, muturrek ahaleginak egiten dituzte erdigunea lortzeko, eta guk, zenbaitetan, erdiko terminoan dagoenari handinahikoa deitzen diogu, eta beste zenbaitetan, handinahigabea; eta zenbaitetan handinahikoa goraipatzen dugu, (1108a) eta beste zenbaitetan, handinahigabea. Hau zergatik egiten dugun jarraian esango da; orain mintza gaitezen gainerako izaerei buruz erabakitako moduan.

Sumindurari dagokionez ere, badira gehiegikeria, gabezia eta erdiko terminoa. (5) Izaera horiek ia izenik ez dutenez, erdikotasunari otzana esaten badiogu, erdiko izaerari deituko diogu otzantasuna; muturretan, erdiko terminoa gainditzen duena suminkorra, eta honen bizioa, suminkortasuna; erdiko terminoaren azpitik dagoena, suminezina, eta haren gabezia, sumindurarik eza. Bestalde, badira beste hiru erdiko izaera, (10) euren artean nolabaiteko antzekotasuna izanda ere desberdinak direnak; hirurak, hain zuzen ere, hitzezko eta ekintzezko harremanei buruzkoak dira, baina bereizten dira bat hitzen eta ekintzen egiazkotasunari buruzkoa delako, eta beste biak, berriz, haien atsegintasunari buruzkoak, bai olgetan bai bizitzaren gauza guztietan. Beraz, haietaz ere mintzatu behar dugu, (15) askoz hobeto ikus dezagun erdikotasuna laudagarria dela edozein gauzatan, baina muturrak ez direla ez zuzenak ez laudagarriak, gaitzesgarriak baizik. Horietako izaera gehienak ere izengabeak dira, baina gainerako kasuetan bezala, horiek izendatzen saiatu behar dugu, argitasunagatik eta gure arrazoinamenduari erraz jarrai dakion.

Beraz, egiari dagokionez, (20) dei iezaiogu egiazkoa erdiko terminoari, eta erdikotasunari, egiazkotasuna; eta itxurakeria dagokionez, gehiegizko itxurakeriari, harropuzkeria, eta hori duenari, harroputza; eta gutxiegizkoari, gainzurikeria, eta hori duenari, gainzuritzaile. Olgetari buruzko atsegintasunari dagokionez, erdiko terminoa gatzduna da, eta izaera, grazia; gehiegikeria, zantarkeria, (25) eta hori duena, zantarra; erdiko terminoaren azpian dagoena, zarpaila, eta aztura, zarpailkeria. Bizitzaren gainerako gauza atseginei dagokienez, behar bezalako atsegina dena adeitsua da, eta erdikotasuna, adeitasuna; eta gainditzen duena, onurako ez bada, gizabidetsua, eta bere onerako bada, lausengaria; eta erdiko terminoaren azpian dagoena eta erabat ezatsegina dena, (30) erretxina eta umore txarrekoa.

Pasioetan eta pasioei dagozkien gauzetan ere badaude erdiko terminoak; izan ere, lotsa ez da bertutea, baina lotsatia ere goraipatzen da; eta kasu horretan, hain zuzen ere, bati erdiko terminoa esaten zaio, beste bati, gehiegizkoa –denetaz lotsatzen denari, alegia–, (35) eta beste bati, gutxiegizkoa edo ezertaz ere lotsatzen ez dena; eta erdiko terminoa, lotsatia da.

(1108b) Haserredura bekaizkeriaren eta gaitzustearen arteko erdikotasuna da, eta denak dira hurkoei gertatzen zaienak eraginiko plazeraren eta atsekabearen inguruko izaerak: haserrekorrari, hain zuzen ere, min egiten dio merezi ez dutenen onurak, eta bekaiztiari, aurrekoa gaindituz, guztienak; (5) gaitzustekoa, ostera, hain du atsekabetzeko ahalmen txikia, ezen poztu egiten baita. Hala ere, gai horietaz eztabaidatzeko beste nonbait izango dugu aukera egokia. Ondoren, zuzentasunari buruz arituko gara, eta zuzentasuna zentzu absolutuan esaten ez denez, bi motak bereizita esango dugu batean eta bestean nola diren erdiko terminoak; eta, berdin, (10) arituko gara arrazoimenezko bertuteei buruz ere.

Beraz, disposizioak hiru direnez –bi bizio, bata gehiegikeriaz eta bestea gabeziaz, eta bertute bakar bat, erdiko terminoarena–, denak, nolabait, elkarren aurka daude, muturrekoak erdikoaren eta elkarren aurkakoak baitira, eta erdikoa, muturrekoen aurkakoa; (15) izan ere, berdina dena txikiagoa denari dagokionez handiagoa, eta, handiago denari dagokionez, txikiagoa den bezala, erdiko azturak, gabeziei dagokienez, gehiegizkoak dira, eta gehiegikeriei dagokienez, gutxiegizkoak, bai pasioetan bai ekintzetan. Adibidez, adoretsuak koldarrari dagokionez ausartegia dirudi, (20) eta ausartegiari dagokionez, koldarra; eta, berdin, neurrizkoa ere: soraioari dagokionez lasaka, eta lasakari dagokionez, soraioa; eta eskuzabala: zikoitzari dagokionez, zarrastela, eta zarrastelari dagokionez, zikoitza. Horregatik arbuiatu egiten dute muturrek erdikoa, mutur bakoitzak beste muturrerantz, eta koldarrak ausartari ausartegia deitzen dio, (25) eta koldarra ausartegiak, eta antzeko moduan gainerako kasuetan.

Hiru izaerok elkarren aurka horrela ezarriz gero, aurkakotasuna handiagoa da muturren artean muturren eta erdiko terminoaren artean baino, haiek urrunago baitaude elkarrengandik erdiko terminotik baino, txikia eta handia elkarrengandik bata eta bestea berdina denetik baino urrunago dauden bezala. (30) Gainera, badirudi mutur batzuetan nolabaiteko antzekotasuna dagoela erdiko terminoarekiko, ausarkerian adorearekiko eta zarrastelkerian eskuzabaltasunarekiko bezala; muturren artean, ostera, ezberdintasun handiena gertatzen da, eta elkarrengandik urrutien daudenak aurkako definitzen dira; horrenbestez, (35) urrutiago daudenak aurkakoagoak ere badira.

Erdiko terminoari dagokionez, (1109a) zenbaitetan gabezia da aurkakoagoa, eta beste zenbaitetan, berriz, gehiegikeria; adibidez, adorearen aurkakoa ez da ausarkeria –gehiegikeria dena–, koldarkeria –gabezia dena– baizik; eta neurritasunaren aurkakoa ez da soraiokeria –eskasia dena–, neurrigabekeria –gehiegikeria dena– baizik. (5) Eta hori bi kausarengatik gertatzen da. Batak gauzaren baitan du jatorria: erdiko terminotik mutur bat bestea baino hurbilagoa eta antzekoagoa izateagatik, erdiko terminoaren aurkakotzat ez dugu hori hartzen, mutur horren aurkakoa baizik; adibidez, ausarkeria adorearen antzekoagoa eta hurbilagoa, eta koldarkeria ezberdinagoa dirudienez, (10) nahiago dugu hori kontrajarri, erdiko terminotik urrunago daudenek aurkakoagoak baitirudite. Beraz, kausa bat hau da, jatorria gauzaren baitan duena; baina besteak geure baitan du jatorria, izatez nolabait joera handiagoa dugun hori erdiko terminoarekiko aurkakoagoa omen baita; esate baterako, (15) izatez plazeretarako dugu joera handiagoa, eta horregatik neurrigabegikeriarako dugu joera handiagoa, begirunerako baino. Beraz, joera handiagoak ditugun gauza horiek aurkakoagotzat hartzen ditugu, eta arrazoi horregatik da neurrigabekeria –gehiegikeria dena– neurritasunaren aurkakoagoa.

(20) Izan ere, nahikoa azalduta dago bertute etikoa erdiko terminoa dela eta zein zentzutan, eta erdiko terminoa bi bizioren artekoa dela, bata gehiegikeriaz eta bestea gabeziaz, eta horrelakoa dela pasioetan eta ekintzetan, erdiko terminora jotzeko gai izateagatik. Horregatik da nekeza ere lan bertutetsua izatea, (25) gauza orotan erdiko terminoa aurkitzea lan nekeza baita; adibidez, zirkuluaren zentroa ezin du edozeinek aurkitu, dakienak baizik; halaber, sumintzea ere gauza erraza da eta edonor sumin daiteke, baita dirua ematea eta gastatzea ere; baina nori, zenbat, noiz, zergatik eta nola eman, hori ezin du edozeinek egin, eta erraza ere ez da; ongia horrexegatik da urria, goragarria eta ederra. (30) Eta erdiko terminoa helburu duena horregatik urrundu behar da lehen-lehenik erdiko terminoarekiko aurkakoena den horretatik, Kalipsok aholkatzen duen bezala:

Eutsiozu ontziari apar horretatik eta uhinetik urrun [4] ;

izan ere, bi muturretan, bata okerragoa da, eta bestea, ez hain okerra. Beraz, erdiko terminoa erdiestea arras nekeza denez, bigarren nabegazioan [5] (35) esan bezala, biziorik txikiena hartu behar da; (1109b) eta hori posible izango da, batez ere esaten dugun modu horretan.

Gauza jakin batzuetarako erraz jotzen dugu, eta gauza horiek ere aztertu behar ditugu (batzuok gauza jakin batzuetarako joera baitugu izatez, eta beste batzuek, beste batzuetarako); hori ezaguna egingo zaigu geure baitan sentitzen ditugun plazeretik eta atsekabetik abiatuta. Orduan kontrako aldera eraman behar dugu geure burua, (5) huts egitetik asko urrunduz iritsiko baikara erdiko terminora, ohol makurtuak zuzentzen dituztenek egiten duten bezalaxe. Bestalde, edozertan egon behar da zeharo erne atseginaren eta plazeraren aurrean, plazera ez baitugu inpartzialki epaitzen. Beraz, Helenarekiko herriko zaharrek sentitu zuten horixe bera [6] (10) sentitu behar dugu guk plazerari dagokionez, eta edozein egoeratan haien hitzak errepikatu; honela urruntzen bagara hartatik, askoz ere gutxiagotan huts egingo baitugu. Orduan, laburbilduz, horrela egiten badugu, erdiko terminoa askoz hobeto erdietsi ahal izango dugu. Baina hori, jakina, nekeza da, eta batez ere banako kasuetan, ez baita erraza zehaztea nola, (15) norekin, zergatik eta zenbat denboraz sumindu behar den; izan ere, zenbaitetan geuk iristen ez direnak laudatzen ditugu eta adeitsuak esaten diegu, eta beste zenbaitetan suminduta daudenei otzanak deitzen diegu. Hala ere, ongitik gutxi urruntzen dena, ez gehiegikeriaz ez gabeziaz, ez da gaitzesten, asko urruntzen dena baizik, (20) hau ez baita oharkabean suertatzen. Baina gaitzesgarria noraino eta zein neurritan den ez da erraza arrazoiaz zehaztea, zentzumenezko beste edozer ere zehaztea erraza ez delako. Horrelako gauzak banakoetan izaten dira, eta erabakiak zentzumenetan dautza. Beraz, esandakoak agerian jartzen du erdiko aztura gauza guztietan goresgarria dela, baina batzuetan gehiegikeriarako joera izan behar da, (25) eta beste batzuetan, gabeziarako, horrela erdiko terminoa eta ongia oso erraz erdietsiko baititugu.

  1. Platon, Leges II 653a.
  2. Platon, Leges II 653a.
  3. Egile ezezaguneko esana.
  4. Homero, Odyssea XII 108-109.
  5. Bigarren nabigazioan esaten da haizerik ezarengatik arraun egin behar denean
  6. Homero, Ilias III 155-160.