Nikomakorentzako etika/Seigarren liburua

Nikomakorentzako etika  (K.a. 349)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Seigarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Seigarren liburua

I aldatu

Lehenago erdiko terminoa –eta ez gehiegikeria ezta gabezia ere– aukeratu behar dela eta (20) erdiko terminoa arrazoi zuzenak esaten duen hori dela esan dugunez, azter dezagun hori. Izan ere, aipaturiko aztura guztietan, baita gainerakoetan ere, badago itu antzeko zerbait, eta horri begira gizaki arrazoidunak bere ekintza biziagotu eta moteldu egiten du; eta erdikotasunen nolabaiteko mugak gehiegikeriaren eta gabeziaren artekoak eta arrazoi zuzenaren araberakoak dira. (25) Baieztapen hori egia da, dudarik gabe, baina ez dago batere argi, ezaguera zientifikoa ematen den beste alorretan ere egia baita esatea ez dela ez ahalegin gehiago ez ahalegin gutxiago egin behar, ezta nagikerian egon ere, erdiko terminoa eta arrazoi zuzenak agintzen duen bezala baizik; hala ere, hori besterik jakingo ez bagenu, ez genuke ezer gehiagorik jakingo; adibidez, ez genuke jakingo gorputzari zein tratamendu eman behar zaion (30) norbaitek esango baligu medikuntzak agintzen duen guztia eta sendagileak agintzen duen bezala egin behar dugula. Horregatik, arima-azturei dagokienez, esandakoa egiazkoa izateaz gain, arrazoi zuzena, horren definizioa eta muga zehaztu ere egin behar dira.

Arimaren bertuteak bereizi genituenean, esan genuen batzuk etikoak direla, (1139a) eta besteak, adimenezkoak. Izan ere, bertute etikoei buruz jadanik eztabaidatu dugu; eta lehenik arimari buruz hitz egin ostean, gainerakoei buruz hitz egingo dugu. Izan ere, esana dago lehendik arimaren aldeak bi direla: bata arrazoiduna, bestea irrazionala (5). Eta orain, modu berean banatu behar dugu alde arrazoiduna. Demagun alde arrazoidunak bi direla: bata, bestelakoak izan ezin daitezkeen printzipioak dituzten gauza horiek guztiak ikusteko erabiltzen dugun aldea; bestea, ahalmen hori duten printzipioak dituzten gauzak ikusteko aldea, genero desberdineko gauzei dagokienez arimaren genero desberdineko aldeak ere baitaude berez (10), gauza horiekiko ezagutza baldin badago, nolabaiteko antzekotasunaren eta ahaidetasunaren araberakoa baita. Dei diezaiogun lehenengoari zientifikoa, eta besteari, kalkulatzailea, deliberatzea eta kalkulatzea gauza bera baita, eta inork ez du deliberatzen bestelakoa izan ezin daitekeenari buruz; horrela, bada, alde kalkulatzailea (15) alde arrazoidunaren alde jakin bat da. Beraz, horietako alde bakoitzari dagokionez egoera onena zein den aztertu behar dugu, egoera hori alde bakoitzaren bertutea izango baita, eta bertutea berezko zereginari buruzkoa izango da.

II aldatu

Ariman hiru dira ekintza eta egia zuzentzen dituztenak: sentimena, adimena eta guramena. Horietan sentimena ez da inolako ekintzaren jatorria, eta hori agerikoa da (20) animaliek sentimena badute ere, arrazoizko ekintzetan parte hartzen ez dutelako. Pentsamenduan baieztapena eta ezeztapena direnak, guramenean jazarpena eta ihesa dira. Beraz, bertute morala hautapenezko aztura denez gero, eta hautapena, bere aldetik, guramen deliberatua, arrazoi horregatik arrazoinamendua egiazkoa izan behar da eta guramen zuzena, (25) hautapena bikaina izan dadin, eta arrazoiak esaten duenari guramenak jazarri behar dio. Izan ere, adimen eta egia jakin horiek praktikoak dira; praktikoa eta sortzailea ez den adimen teorikoaren ongia eta gaizkia, egiatasuna eta faltsutasuna dira hurrenez hurren (hori baita adimenaren inguruko ororen zeregina); baina (30) alde praktikoaren eta adimenezko aldearen zeregina, desira zuzenarekin bat datorren egia da. Beraz, ekintzaren sorrera –mugimenduaren abiapuntua, ez helburua– hautapena da, eta hautapenarena, gogoa eta beste zerbaitengatik egiten den arrazoia. Horregatik ez dago hautapenik adimenik gabe, pentsamendurik eta izaera moralik gabe; jokaera ona eta horren aurkakoa ekintzaren eremuan ez baitira pentsamendurik eta aiurririk gabe; (35) eta pentsamenduak, berez, ez du ezer mugitzen, beste zerbaiten kausa eta praktikoa ez bada, horrek pentsamendu sortzailea ere gobernatzen baitu, zerbait egiten duen orok zerbaiti begira egiten duelako (1139b), eta egindakoa ez da helburua erabateko zentzuan (zerbaiti buruzkoa eta zerbaitena bada ere), ekintza bera baizik; ekintza ona helburua baita, eta horren desira. Horregatik, edo hautapena guramenezko adimena da, (5) edo adimenezko guramena, eta horrelako hastapena gizakia da. Igaro den guztia ezin daiteke hautagai izan; adibidez, inork ez du hautatzen Iliona arpilatua izana; izan ere, inork ez du gertaturikoari buruz deliberatzen, gertatuko denari eta gerta daitekeenari buruz baizik; gainera, gertaturikoa ezin liteke ez gertatua izan; horregatik esaten du zuzen Agatonek:

(10)izan ere, jainkoa botere bakar batez dago gabetua:

egin izan den guztia egin gabe izateazAipamen errorea: Closing </ref> missing for <ref> tag

Horrela, bada, artea, esanda dagoenez, nolabaiteko egiazko arrazoiaren araberako aztura sortzaile bat da, eta arterik eza, aurkakoa, hots, gezurretako arrazoiaren araberako aztura sortzaile bat, bestelakoa izan daitekeen horri buruzkoa.

V aldatu

Zuhurtziari dagokionez, azter genezake beraren definizioa, (25) zuhur zein gizoni deitzen diogun kontuan hartuz. Izan ere, zuhurra denaren berezkoa izaten omen da bere buruarentzat ona eta onuragarria den horri buruz zuzen deliberatzeko gai izatea, ez alde bateko zentzuan –adibidez, osasunerako, indarrerako–, zentzu orokorrean baizik, ongi bizi izateko, alegia. Horren adierazle dugu gauza jakin bati buruz nolabaiteko helburu on bati begira (30) ongi arrazoinatzen dutenei zuhurrak deitzen diegula, inolako arteren objektua ez diren gaietan. Horrenbestez, orokorrean, gizaki deliberatzailea ere izan daiteke zuhurra. Hala ere, inork ez du deliberatzen bestelakoa izan ezin daitekeenari buruz, ezta berak egin ezin dezakeen horri buruz ere. Beraz, zientzia frogapenen bidez eraikitzen baldin bada, eta bestelakoak izan daitezkeen printzipioak dituzten gauza haiei buruzko frogapenik ez badago (35) (gauza guztiok bestelakoak ere izan baitaitezke), eta ezinbestekoa den horri buruz (1140b) deliberatu ezin bada, zuhurtzia ez daiteke zientzia bat izan, ezta arte bat ere: ez zientzia, egiten dena aldatu daitekeelako, eta ez artea, ekintzaren eta sortzearen generoak desberdinak dira eta. Beraz, geratzen da zuhurtzia, (5) egiazko eta arrazoizko aztura praktikoa izango dela gizakiarentzako ongiari eta gaizkiari buruz. Izan ere, sortzearen helburua eta zuhurtziarena desberdinak dira, baina ekintzarena ezin liteke desberdina izan, ekintza ona bera helburu bat baita. Horrexegatik uste dugu Perikles eta hori bezalakoak zuhurrak direla, bai beraientzat bai gizakientzat ona dena begiets baitezakete; (10) eta pentsatzen dugu administratzaileak eta politikariak horrelakoak direla. Hori dela eta, neurritasuna ere zuhurtziari erantsi ohi diogu, neurritasunak zuhurtzia babesten duen ustean; eta neurritasunak aipaturiko ustea, hots, zuhurtziari buruzkoa, babesten du, atseginak eta atsekabeak ez baitute uste oro deusezten, ezta okertzen ere (adibidez, triangeluaren hiru angeluak (15) eta bi angelu zuzenak baliokideak diren ala ez diren ustea), bakarrik ekintzei buruzko usteak baizik. Izan ere, ekintzen printzipioak ekintzen helburua dira, baina atseginak eta atsekabeak galbideraturiko gizakiari ez zaio printzipioa nabari agertzen, eta, horiek horrela, ez da nabaria ere gizaki horrentzat helburu horri begira dena aukeratu behar izatea, ezta dena egitea nahiago behar izatea ere, bizioa printzipioaren hondatzaile baita (20). Beraz, zuhurtzia gizakientzako ongiei dagokien egiazko eta arrazoizko aztura praktikoa da nahitaez. Are gehiago, badago artearen bertutea, baina ez da zuhurtziarena; eta, beste aldetik, artean borondatez akats egitea nahigarriagoa da, baina zuhurtziari dagokionez, ez, bertuteei dagokienez ere nahigarriagoa ez den bezala. Agerikoa da, beraz, zuhurtzia bertute bat (25) dela eta ez arte bat. Eta, arimaren alde arrazoidunak bi izanik, biotako batena izango da bertutea, iritziak osatzen dituenarena, alegia, bai iritzia bai zuhurtzia bestelakoa izan daitekeenari buruzkoak baitira; hala ere, arrazoizko aztura baino ez da, eta honen adierazle dugu horrelako aztura bat ahatz daitekeela, baina (30) zuhurtzia ez.

VI aldatu

Zientzia unibertsala eta beharrez den horri buruzko ustea denez, eta frogagarria denaren eta zientzia ororen printzipioak daudenez (zientzia arrazoizkoa baita), zientifikoki ezagut daitekeenaren printzipioa ez da zientzia izango, ezta artea, ezta zuhurtzia ere, zientifikoki ezagut daitekeena frogagarria baita, baina aipaturiko artea eta zuhurtzia (1141a) bestelakoa izan daitekeenari buruzkoak dira. Hortaz, horiei dagokienez, jakinduriarik ere ez dago, jakintsuari baitagokio zenbait gauzari buruzko frogapenaz baliatzea. Beraz, egia erdiesteko eta bestelakoa izan ala izan ez daitekeen horri guztiari buruz (5) inoiz ez okertzeko erabiltzen ditugun baliabideak baldin badira zientzia, zuhurtzia, jakinduria eta adimena, eta horien artean hiruk (zientziak, zuhurtziak eta jakinduriak, hain zuzen ere) ezin baldin badituzte printzipioak objektutzat izan, printzipioak adimenaren objektuak izango dira.

VII aldatu

Arteetan ere, haietan bikainak direnei (10) eransten diegu jakinduria; adibidez, Fidias harri-lantzaile jakintsua eta Polikleto eskultorea direla uste dugu, horrela, jakinduria artearen bikaintasuna besterik ez dela adieraziz. Eta gizaki batzuk zentzu orokorrean direla jakintsuak pentsatzen dugu, eta ez alde bateko zentzuan edo beste zentzu jakin batean, Homerok Margites-en dioenez:[1]

(15) jakina denez, Jainkoek ez zuten aitzurtzaile egin,

ezta laborari, ezta beste edozertan jakintsu ere.

Horrela, bada, agerikoa da zientziarik bikainena jakinduria izango dela. Beraz, jakintsuak, printzipioetatik ondorioztatzen dena jakin ez ezik, printzipioei dagokienez egia erdietsi ere egin behar du; hori dela eta, jakinduria adimena eta zientzia izango da, gauza (20) preziatuenen zientzia gorena, alegia. Izan ere, zentzugabea litzateke politika edo zuhurtzia zientzia gorena dela uste izatea, gizakia munduko gauzarik bikainena ez balitz. Beraz, osasuntsua dena eta ona dena gizakientzat eta arrainentzat desberdinak baldin badira, baina zuria dena eta zuzena dena, ordea, beti gauza berbera baldin badira, denek onar lezakete jakintsua dena beti gauza bera dela, baina zuhurra (25) dena, beti da desberdina; izan ere, bere buruari dagokion guztia ongi bereizten duena zuhurra dela esaten da, eta hori zuhurrari eginaraziko zaio. Horregatik esaten da piztia batzuk ere zuhurrak direla, euren bizitzari dagokionez aurrikusteko gaitasuna omen duten piztia horiek, alegia. Bestalde, nabaria da jakinduria eta politika ez direla gauza bera izaten. (30) Izan ere, jakinduria norberaren buruarentzat onuragarria dena ezagutzeari esaten bazaio, jakinduria asko izango dira, ez baita animalia guztientzako ongiari buruzko jakinduria bakar bat izango, bakoitzarentzat jakinduria desberdin bat baizik, izaki guztientzat medikuntza bakar bat ere ez dagoen bezala. Eta gizakia animalia guztietan hobezina dela onartuta ere, egoera ez da ezertan aldatuko, euren naturari dagokionez beste gauza batzuk gizakiak baino askoz ere (1141b) jainkotiarragoak direnak baitaude; adibidez, kosmosa osatzen duten gauza ikusgarrienak, behintzat. Esandakoengatik, hain zuzen, agerikoa da jakinduria berez gauzarik preziatuenenak direnen zientzia eta adimena dela. Horregatik esaten da Anaxagoras, Tales eta horrelakoak (5) jakintsuak direla, eta ez zuhurrak, euren buruentzako onuragarria dena ez dakitela ikustean; eta esaten da haiek gauza bikainak, miresgarriak, zailak eta jainkotiarrak dakizkitela, baina alferrikako gauzak, giza ongiak bilatzen ez dituztelako. Zuhurtzia, ordea, giza kontuei eta deliberagarria den guztiari buruzkoa da. Izan ere, zuhurra denaren zeregina, hain zuzen, (10) gehienbat ongi deliberatzea dela esaten dugu; eta inork ez du bestelakoa izan daitekeenari buruz deliberatzen, ezta nolabaiteko helbururik ez duen horri buruz ere, eta hori ongi egingarri bat izanik. Eta zentzu absolutuan ongi deliberatzen duena da gizakientzat onena, eta, egingarria dena, itutzat hartzen duena arrazoinamenduaren arabera. Zuhurtziak, (15) unibertsala dena ez ezik, banakoa dena ere ezagutu behar du, praktikoa baita, eta ekintza, banakoa denari dagokio. Horregatik, batzuk ere, jakin gabe, dakiten beste batzuk baino praktikoagoak dira, beste zenbait gauzatan esperientzia dutenak bereziki; izan ere, baten batek okela arinak liserigarriak eta osasuntsuak direla jakingo balu, baina ez zein okela diren arinak, ez luke osasuna sortuko; (20) aitzitik, hegaztikiak arinak eta osasuntsuak direla dakienak sortuko du. Zuhurtzia praktikoa da; beraz, biak eduki behar dira, baina zuhurtzia neurri handiagoan. Baina, kasu horretan ere, egon beharko litzateke nolabaiteko arau-emaile bat.

VIII aldatu

Politikagintzak eta zuhurtziak aztura bera dute, baina euren izatea ez da gauza bera. Hiriari dagokion zuhurtzia (25), arau-emailea den aldetik, zuhurtzia legegilea da, eta banakoei dagokienak izen arrunta du, zuhurtzia politikoa, alegia. Hori praktikoa eta deliberatiboa da, lege-dekretua praktikaren azken urratsa baita; horregatik esaten da horiek bakarrik ekiten diotela politikagintzari, horiek bakarrik jarduten baitute eskulangileen moduan. Baina (30) badirudi zuhurtzia gizakiari berari eta banakoari dagokiola bereziki, eta hori da, hain zuzen ere, izen arrunta: zuhurtzia, alegia; gainerakoek, bestalde, ekonomia, legegintza eta politikagintza –eta azken hau deliberatzailea nahiz judiziala– izena dute. Beraz, norberarentzat onuragarria dena jakitean datzan nolabaiteko ezagutza bat egongo da (eta hori oso desberdina da besteei dagokienez); (1142a) eta badirudi bere buruarentzat onuragarria dena dakiena eta horretaz arduratzen dena zuhurra dela; baina politikoak, berriz, muturluzetzat hartzen dira; horregatik dio Euripidesek:

Baina, nola izan nintzatekeen zuhurra ni,

armadaren jendetza handiaren artean zenbaki bat izanik,

nekerik gabe parte berbera har nezakeena? (5)

Gizaki gailenak eta zerbait gehiago egiten dutenak ...[2]

Izan ere, zuhurrek euren onura bilatzen dute, eta hori egin behar dela uste dute. Eta uste horretatik iritsi zaigu horiek zuhurrak direlako iritzia, hain zuzen ere, norberaren ongia, ekonomiarik (10) eta konstituzio politikorik gabe, beharbada ahalezkoa ez den arren. Gainera, iluna da norberarena nola gobernatu behar den, eta hori aztertu behar dugu.

Eta esandakoaren adierazle dugu gazteak geometrialariak eta matematikariak izan daitezkeela horrelakoetan, baita jakintsuak ere; baina zuhurrak, ordea, ez dirudi izan daitezkeenik. Honen kausa zera da: zuhurtziak banako gauzak ere ditu objektu, esperientziaren bidez ezagutzen direnak, alegia (15); baina gazteak, bere aldetik, ez du esperientzia handirik, esperientzia lortzeak denbora luzea behar izaten baitu. Bestalde, norbaitek hausnar lezake haur bat zergatik bilaka daitekeen matematikari, hain zuzen ere, baina ez jakintsu nahiz fisikari; hau ez ote da izango errealitate matematikoak abstrakzioaren bidez lortzen direlako, eta besteen printzipioak, berriz, esperientziaren bidez, eta horietaz gazteek inolako segurtasunik gabe (20) hitz egiten dute, baina haien printzipioen zerkia begi-bistakoa dutelako? Gainera, deliberatzean gerta daiteke akatsa, bai unibertsalari dagokionez, bai banakoari dagokionez; adibidez, ur astun guztiak txarrak direla edo ur jakin hori astuna dela esatean.

Zuhurtzia zientzia ez dela agerikoa da, esan den bezala banakoari –hots, errealitatearen azken muturrari– baitagokio, (25) eta egingarria dena horrelakoa da. Beraz, adimenaren aurrean kokatzen da, adimena arrazoinamendurik ez duten definizioei buruzkoa baita; zuhurtzia, aldiz, beste muturreko gauzei buruzkoa, sentimenaren bidez bereganatu eta zientziarik ez duten horiei buruzkoa, alegia; ez banakoak direnen sentimena, matematiketan azken errealitate jakin hori triangelu bat dela adierazten diguna bezalakoa baizik, prozesua hor ere geldituko baita muga batean, alegia. Baina azken hori, zuhurtzia baino sentimena da, (30) zuhurtziaren espeziea bestelakoa baita.

IX aldatu

Ikertzea eta deliberatzea desberdinak dira, deliberazioa nolabaiteko bilatze bat baita. Baina, deliberazio onari dagokionez ere miatu behar da zer den, zientzia, iritzia, asmamen betea ala beste generoren bat. Ez da zientzia, jakina, ez baita ezagutzen den horretaz ikertzen; eta deliberazio ona deliberazio jakin bat da, eta deliberatzen duenak (1142b) ikertu eta kalkulatu egiten du. Hala ere, asmamen betea ere ez da, asmamen betea arrazoinamendurik gabe eta tupustean eginikoa baita; deliberazioak, aitzitik, denbora luzea behar du, eta esaten da deliberazioz erabakitakoa berehala gauzatu behar dela, (5) baina astiro deliberatu. Halaber, adimen-azkartasuna eta deliberazio ona desberdinak dira: adimen-azkartasuna asmamen bete jakin bat da. Bestalde, deliberazio ona ere ez da inolako iritzia. Hala ere, gaizki deliberatzen duena oker dagoenez, eta ongi deliberatzen duenak zuzen deliberatzen duenez, agerian dago deliberazio ona nolabaiteko zuzentasun bat dela, eta hori ez da zientziaren egokia, ezta iritziarena ere. (10) Izan ere, zientziari ez dagokio zuzentasuna (ezta okerra ere, jakina), eta iritziaren zuzentasuna egia da; bestalde, iritzia ezartzen duen hori guztia zehazturik dago jada. Hala ere, arrazoinamendurik gabe ez dago deliberazio onik. Beraz, pentsamenduaren zuzentasuna izan behar da; hori, hain zuzen ere, oraindik ez da baieztapena, iritzia ere ez baita ikerketa, baizik eta nolabaiteko baieztapen bat dagoeneko, eta deliberatzen duenak, (15) ongi nahiz gaizki deliberatuta ere, bilatu eta kalkulatu egiten du. Baina deliberazio ona deliberazioaren nolabaiteko zuzentasun bat da; horregatik bilatu behar da lehendabizi deliberazioa zer eta zeri buruzkoa den.

Zuzentasunak zentzu bat baino gehiago duenez, agerian dago ez dela edozein zuzentasun, meneraezinak eta ziztrinak harturiko asmoa arrazoinamenduaren ondorioz erdietsiko baitute; beraz, euren deliberazioa zuzena izango da, baina lorturikoa gaizki handi bat; hala ere, badirudi ongi deliberatu izana (20) ongi bat dela; deliberazioaren horrelako zuzentasuna deliberazio ona baita, ongi bat lortzeko gai dena, alegia. Hala ere, ongi bat silogismo faltsu baten bidez ere lor daiteke, hots, egin behar ez dena lortu, ez egiazko termino baten bidez, faltsua den erdiko terminoaren bidez baizik; hortaz, (25) hori ere ez da oraindik izango deliberazio ona, hots, lortu behar dena lortzen den deliberazio onari esker, baina ez egin behar den moduan. Gainera, batek denbora luzez deliberatu eta gero lor dezake ongi bat; beste batek, berriz, berehala; horrenbestez, hura ere ez da oraindik izango deliberazio ona; aitzitik, zuzentasuna onuragarria denari egokitzen zaiona da, objektuari, moduari zein denborari dagokienez. Bestalde, ongi deliberatu izana erabateko zentzuan eta helburu jakin bati begirakoa izan daiteke; beraz, (30) lehenengoa, erabateko helburura eramaten duena da, eta bestea, helburu jakin batera eramaten duena. Beraz, ongi deliberatu izana zuhurrak direnen berezkoa baldin bada, deliberazio ona hauxe izango da: zuhurtzia, egiazko ustea denaren helburuari begira, onuragarria den zuzentasun bat.

X aldatu

Ezagumena eta ezagumen ona –horien arabera gizakiok ezagumentsuak edo ezagumen onekoak direla esaten dugu– (1143a) eta zientzia, edo iritzia, ez dira inolaz ere gauza bera (horrela balitz, denak azkarrak bailirateke), ezta banako zientzia bat ere, medikuntza osasunari edo geometria luze-zabalei dagokien bezala, ezagumena ez baita iraunkor eta (5) mugiezina denari buruzkoa, ezta izatera heltzeko zorian dagoen edozeri buruzkoa ere, aporiak sortu eta deliberazioaren gaia izan daitekeen horri buruzkoa baizik. Horrenbestez, hura eta zuhurtzia gauza berberei buruzkoak dira, baina ez dira gauza bera ezagumena eta zuhurtzia. Izan ere, zuhurtzia arau-emailea da, helburu baitu zer egin behar den, eta zer ez; ezagumena, ostera, (10) judizio-emailea besterik ez da, gauza bera baitira ezagumena eta ezagumen ona, ezagumentsuak edo ezagumen onekoak. Alabaina, ezagumena ez datza zuhurtzia izatean, ezta erdiestean ere; aitzitik, zientziaz baliatzen denean ikasteari ezagutzea esaten zaion bezala, horrela ere, zuhurtziaren berezkoa den horri berari buruz epaitzean (15) eta zuzen epaitzean iritziaz baliatzean, beste gizaki bat mintzatzen denean; ongi epaitzea eta zuzen epaitzea gauza bera baitira. Eta handik etorri da ezagumen izena –honen arabera batzuk ezagumen onekoak direla esan daiteke–, ikastean parte hartzen duen ezagumena, alegia; ezagutzea esaten baitiogu askotan ikasteari.

XI aldatu

Deituriko ulermena –gizaki bat ulermen onekoa dela (20) edo ulermen ona duela esaten dugun horren araberakoa–, zintzoa denaren judizio zuzena da. Horren adierazle hauxe dugu: zintzoa, ulerkor denari esaten diogu gehienbat, eta zintzoa, zenbait gauzari buruz ulerkuntza edukitzeari. Eta ulerkortasuna zintzoa denaren judizio zuzena ematen duen ulermena da; eta zuzena, egiari egokitzen zaiona.

(25) Aztura horiek guztiak objektu berberara bideratzen dira arrazoipean, ulermenaz, ezagumenaz, zuhurtziaz eta adimenaz mintzatzen garenean, ulermena eta adimena dutela egokitzen baitzaie gizaki beraiei, eta zuhurrak direla eta ezagumentsuak direla gaineratzen dugu, ahalmen horiek guztiak muturrei eta banako gauzei buruzko ahalmenak dira; eta (30) gizaki ezagumentsua ulermen onekoa edo ulerkorra izatea zuhurtziari dagozkion objektuei buruz erabakitzeko gai izatean datza, gizaki on guztiek zintzoa den guztia baterako baitute elkarrekiko harremanetan. Baina egingarriak diren gauza guztiak muturretako eta banako gauzen artean daude eta, horrela, gizaki zuhurrak ezagutu behar ditu; bestalde, adimena eta ulermena ere egingarriak diren gauzei buruzkoak (35) dira, eta gauza egingarriak muturrak dira; adimena, bere aldetik, muturrei buruzkoa da bi norabideetan, bai lehenengo bai azkeneko mugetan sena baitago (1143b) eta ez arrazoinamendua; bata, lehenengo eta mugiezinak diren mugen frogapenena da; bestea –gauza praktikoena–, muturra eta gertagarri denarena eta bigarren premisarena da; horiek dira, hain zuzen ere, helburu den horren printzipioak, unibertsaletara (5) banakoetatik iristen baita. Beraz, horietaz izan behar da sentimena, eta hori sena da. Horregatik dirudi ahalmen horiek berezkoak direla, eta berez jakintsua inor ez bada ere, berez ulermena, ezagumena eta adimena, badira. Honen adierazle dugu haiek adin jakin batzuei jarraitzen dietelako ustea, adin jakin batean adimena eta ulermena gertatzen direlakoa, alegia, natura euren kausa balitz bezala. (Horregatik (10) adimena hasiera eta amaiera da, frogapenak haietatik abiatu eta haiei buruzkoak baitira) Horrela, bada, adinekoak eta zuhurrak diren adituen frogarik gabeko adierazpenei eta iritziei ez diegu frogapenei baino jaramon gutxiago egin behar, esperientziatik sortzen den sena izateagatik zuzen ikusten baitute. Esana dago, beraz, zuhurtzia eta jakinduria zer diren, (15) eta zeri buruzkoa diren bata eta bestea, eta bakoitza arimaren alde jakin baten bertute bat dela.

XII aldatu

Bertute haiei dagokienez, baten batek galde liezaioke bere buruari zertan diren baliagarriak, jakinduriak ez baitu gizakia zoriontsua egingo duen ezer aztertzen (20) (ez baita jakinduria inolako sorreraren berezkorik); eta zuhurtzia, hori edukita ere, zertarako da beharrezkoa? Zuhurtzia gizakiarentzat zuzena, noblea eta ona den guztiari buruzkoa bada, eta hori da, hain zuzen ere, gizaki onari egitea dagokiona, hori jakiteak ez gaitu bertuteetan jarduteko gai egingo, (25) bertuteak azturak baldin badira, behintzat –zerbait osasuntsu eta osasungarria dela jakitea ere baliagarria ez den bezalaxe, ez osasuna sortzen duen aldetik, aztura osasuntsuan jatorria duen aldetik baizik; izan ere, medikuntza eta gimnastika edukitzeak ez gaitu haietan jarduteko trebeago egiten. Bestalde, ez bada esan behar gizakia helburu horiei begira zuhurra denik, bertutetsua izatera heltzeko baizik, bertutetsuak direnentzat zuhurtzia ez da batere baliagarria izango, (30) ezta gutxiago ere zuhurtzia ez dutenentzat, haiek beraiek edukitzearen eta zuhurtzia duten besteei men egitearen artean ez baita inolako desberdintasunik izango; eta nahikoa izango genuke osasunari dagokionez egiten dugun bezala jokatu egingo bagenu; izan ere, osasuna izan nahi badugu ere, ez dugu medikuntza ikasi egiten. Honetaz gain, lekuz kanpokoa litzateke jakinduria, nahiz eta bera zuhurtzia baino nagusiagoa izan, horren menpe balego; izan ere, sortzailea den zuhurtziak, hain zuzen ere, agintzen eta manatzen du eginiko gauza bakoitzari dagokionez.

Beraz, (35) gai horiei buruz mintzatu behar da, orain horiei buruzko zalantzak planteatu besterik egin ez baitugu. (1144a) Lehendabizi, esan dezagun, beraz, aztura haiek, nahitaez, berez direla guragarriak, bata eta bestea arimaren bi aldeen bertuteak direlako, nahiz eta ez batak ez besteak ezer sortu ez. Bigarrenez, sortu ere zerbait sortzen dute, ez medikuntzak osasuna sortzen duen bezala, osasunak bezala baizik; horrela, hain zuzen ere, sortzen du jakinduriak zoriontasuna; (5) izan ere, bertute osoaren zati bat denez, hura edukiz eta gauzatuz zoriontasuna sortzen du.

Gainera, gizakiak zuhurtziaren eta bertute moralaren bidez betetzen du eginkizuna, zeren eta bertuteak xedea zuzen egiten baitu, eta zuhurtziak, horretarako baliabideak. Baina (10) arimaren laugarren aldeak, alde elikagarriak, hain zuzen, ez du horrelako bertuterik, egiterik edo ez egiterik ez baitago bere esku.

Zuhurtzia ekintza onak eta zuzenak egiteko gai inolaz ere egiten ez gaituelako esanari dagokionez, pixka bat goragotik hasi behar dugu, abiapuntutzat honako printzipioa hartuz: izan ere, zuzena dena egiten duten gizaki batzuk oraindik ez direla zuzenak esaten dugun bezala –adibidez, (15) legeek agindutakoa nahi gabe, ezjakitez edo beste edozergatik betetzen dutenak, baina ez haiengatik beraiengatik (nahiz eta egin behar dena eta gizaki bertutetsuak egin behar duen guztia, hain zuzen ere, egin)–, horrela ere, dirudienez, badago aztura jakin baten menpe gauza oro egitea, eta horren ondorioz, ona izatea; esan nahi dut, adibidez, hautapenaz eta egindako gauzengatik haiengatik beraiengatik. (20) Beraz, bertuteak hautapena egiten du zuzena, baina horrengatik berez egiten den guztia ez da bertutearen berezkoa, beste ahalmen batena baizik. Etenaldi bat egin behar dugu eta gai horiei buruz argiago mintzatu.

Badago, hain zuzen ere, trebetasun izeneko ahalmen bat; eta hau, hainbestekoa da, non (25) ezarritako xedera abiatzen den hori guztia gauzatu eta erdiets dezakeen. Beraz, xedea ederra bada, ahalmena goresgarria izango da, baina maltzurra bada, azerikeria; horregatik, esaten dugu, halaber, zuhurrak trebeak eta azeriak direla. Zuhurtzia ez da ahalmena bera, baina ahalmen hori gabe, zuhurtziarik ez dago; eta aztura hori, (30) arimaren begi horren bidez osatzen da, baina ez bertuterik gabe, esanda eta agerian dagoenez; izan ere, silogismo praktikoek printzipio bat dute, helburua horrelakoa eta onena denez, alegia, edozer izanda ere (aukera dezagun edozein arrazoinamendu aztertzeko); eta gizakia ona ez bada, helburu hori ez da begi-bistakoa, zitalkeriak (35) usteltzen baikaitu eta ekintzaren printzipioei buruz iruzur eginarazten baitigu. Agerikoa da, beraz, ona ez izanik zuhurra izatea ezinezkoa dela.

XIII aldatu

(1144b) Beraz, bertutea ere ikertu behar dugu berriro; zuhurtzia trebetasunarekiko gertatu bezala –ez direla gauza bera, antzekoak baizik–, bertutean, hain zuzen ere, oso antzeko egoera gertatzen da, berezko bertutea bertute gailenarekiko. Izan ere, denen ustez, norberaren aiurria nola edo hala berezkoa da, (5) zuzenak, neurrizkoak, adoretsuak eta beste gainerako guztia jaiotzetik baikara; baina, hala ere, ongi gorenaren gisa beste zerbaiten bila gabiltza, eta horrelako azturak beste era batean edukitzea bilatzen dugu. Izan ere, badira berezko azturak, bai haurrengan, bai animaliengan, baina adimenik gabe kaltegarriak dira nabari; (10) Dena dela, badirudi honako hau ongi ikusten dela: ikusmenik gabe mugitzen den gorputz indartsu bat, ikusmenik ez izateagatik, bortizki eror daitekeen bezala, kasu horretan ere gauza bera gerta daiteke; baina gizakiak sena erdiesten badu, bere portaeran nabarmenduko da; eta aztura antzekoa izanik, orduan aztura bertute gorena izango da. Horrenbestez, iritziak eratzen dituen arimaren aldean bi forma (15) –trebetasuna eta zuhurtzia, alegia–, dauden bezala, berdin daude arimaren alde moralean ere bi forma, berezko bertutea eta bertute gorena, alegia, eta horien artean, bertute gorena ez da zuhurtziarik gabe sortzen. Horrexegatik esaten dute batzuek bertute oro nolabaiteko zuhurtzia dela; eta Sokratesek, alde batetik, zuzen bilatzen zuen, baina beste aldetik, oker zegoen; izan ere, bertute oro nolabaiteko zuhurtzia delako ustean oker zebilen; baina zuhurtziarik gabe (20) bertuterik ez dagoela esatean eder mintzatzen zen. Eta horren adierazle badago, oraingo gizaki guztiek, bertutea definitu egiten dutenean, bertutearen aztura eta jomugak zehaztuta gero arrazoi zuzenaren arabera eransten baitiote definizioari; eta arrazoi zuzena da, hain zuzen ere, zuhurtziaren araberakoa dena. Badirudi, beraz, nola edo hala, denek asmatzen dutela (25) horrelako aztura dela bertutea, zuhurtziaren araberako aztura, hain zuzen. Baina, bertutearen definizioari dagokionez, pixka bat aurrerago jo behar da; izan ere, bertutea ez da, besterik gabe, arrazoi zuzenaren araberakoa den aztura, arrazoi zuzenarekin batera doana baizik; eta horrelako kontuei dagokienez, arrazoi zuzena zuhurtzia da. Sokratesek, uste zuen, beraz, bertuteak arrazoiak direla (bertute guztiak ezaguera zientifikoak direla uste baitzuen); (30) guk, aldiz, arrazoiarekin batera doazenak.

Esandakoarengatik agerikoa da, beraz, zuhurtziarik gabe ezin daitekeela ona izan zentzu gorenean, ezta zuhurra ere bertute moralik gabe. Baina, horrela, bertuteak elkarren artean bereizita daudela baieztatzen duen arrazoinamendu dialektikoa ere gezurta liteke, gizaki bat berez ez baita bertute guztiak izateko gai, (35) bertute jakin bat du jada jasoa, eta beste bat oraindik ez. Hori, hain zuzen ere, litekeena da berezko bertuteei dagokienez, (1145a) baina ez, berriz, gizaki bati erabateko zentzuan ona esaten zaion bertute haiei dagokienez, zuhurtzia besterik ez edukita ere, denak edukiko baititu. Baina, agerian dago, praktikoa ez balitz ere, beharrezkoa izango litzatekeela, arimaren alde honen bertutea delako, eta zuhurtziarik eta bertuterik gabe, hautapena zuzena izango ez delako, batak helburua ezarri eta besteak (5) helbururantz eramaten duten ekintzak eginarazten baititu.

Halaz ere, zuhurtzia ez zaio jakinduriari nagusitzen, behintzat, ezta alde onenari ere, medikuntza ere osasunari nagusitzen ez zaion bezala; izan ere, ez da horretaz baliatzen; aitzitik, hori nola sortzen den ikusten du. Beraz, zuhurtziak jakinduriarengatik agintzen du, baina ez hura. (10) Gainera, politikagintzak hirian gauza guztiei buruz agintzen duelako, jainkoak gobernatzen dituela esatea bezala litzateke hori esatea.

  1. Margites poema epiko-burleskoa da; ustezko egilea Homero da.
  2. Galdutako Filoktetes tragediaren lerroak.