DIÁLOGO TERCERO
ENTRE LOS MISMOS MAISU JUAN Y PERU
PERU: Eldu gara bada gabiltzan gabiltzan, o adiskidia, neure etxaguntzara ta jakin egizu deritxola Landeta, landa eder baten dagualako. Ezta gizon aldi dakigunian, etxe onetara ezkondu mutil arrotz, edo beste etxetakorik; belaunik belaun gizon etxeko semeetati eldu da nigana; agaiti aldatu ezta niganaño neure izen ondokotzat etxe onen izena; alan derist Peru Landeta-ko. Belutu jaku bidian, baña oraindiño etzirian nire emazte, ume ta otseiñak oera juango. Eztauke nire usterik gaur gabeko. Zurturik geratuko dira nire umiak zu zakusezanian, etorri ez oi dalako ona zu baisen gizon apaindurik; igesko dabee zokonduetara kuijak legez
MAISU JUAN: Peru, atia jo baño leenago esaidazu arren zer da kuija?
PERU: Zubek konejua esaten deutsazuna, ta esaten jako kuija, kui kuika, edo kukuiska legez dabiltzalako emen urten, an sartu, burubak orain agertu ta gero ezkutetan.
MAISU JUAN: Peru, txakur zaunkia da, ta andijarena. Oratuten badeust?
PERU: Ez bildur izan; bakarrik etorri banintz, ez eban zaunka aserre usaiñekorik egingo, ta bai urten bidera pozkariaz alliari eragin ta parlanzuban neugaz ibilteko; egingo zituban pozezko inzirijak. Etzaitu usigiko neugaz zakusazanian, igarriko deutsulako zatozala bakez, ta ez ezer eruatera. Txakurrari dagoka zaunka egitia, ta etxe ur ta inguruban ibiltia. Ogi puska bate gaiti; zelango oniritxi ta asko-guria artuten ezteutsa bere ugazabari? Makillaka banatu arren ugazabak, inziri illetazkuak egingo ditu, ez baña jarki ta aginik erakutsi. To, to bat esan orduko, enzuten dau, ta igarten dau ardi, aunz, idi edo beiren bat dabillela soluan, ta ateraten ditu arin onian. Urtik bat esaten bajako, alde egingo dau maijaren alboti goserik andijena badauka bere; alperrik izango da gosesto salobria. Ipiñi gura zaitut gauza askoren jakitun etxian sartu orduko. Daukat Jangoikuak emonda emazte otzan, baketsu, euli bati bere gatxik egingo ez leuskiona. Azten ditu umiak lotsa onian, mankau baga, ondo esanaz, ta Jangoikuaren bildurra irakatsijaz. Zorionez umiak eurak bere esanekuak dira jatorriz legez; eztakije erremuskada, bekoki illun, ta mustur astinketarik egiten. Eztozu enzungo nire etxian biraorik, ez baralla, ozpe, atralaka, ta iskibidurik; bai berba onak, elessako gauzaak, ta bake betikua. Daukadaz seme bi ta beste ainbeste alaba. Gari ta artuak daukadaz giltz baga ganbara zabalian; bada daukaguzan otseinak bere, azi ditugu geure umiak bagenduz legez, alkar maite dogula. Iñoren basori orri bat kenduten ez jako, bai zaindu ondo geuriak. Orregaitiño Jangoikuak emoten deusku gauzia ugari; topin ona beti izaten da; ilten dogu lauoñeko gizena, idi lodi zezin ederra dabena. Euren denporetan izaten da jan al baño geijago kastaña ta sagar. Urte guztian, esaterako, daukagu eznia ta aurreratuten ditugu dirubak lagunduteko gero umiai, aututen dabeen bizieran. Dakustaz nik iru ta lau etxaguntzaren jaube dirianak, zoorrez beteta, bururik jaso ezinda, gosia emoten deutseela euren ume ta ogitukuai. O zorigaistoko ardantegiak! Eta, zeinbat kalte egiten dozuben! Bizkairik geijenak erriojara darua dabena ta eztabena.
MAISU JUAN: Peru, zorionekua zu! Errege bera ezta zu baño obeto bizi. Guazan laster barrura; jo eizu atia.
PERU: Dran, dran.
ETXEKUA: Nor da?
PERU: Umiak, zeuben aita, edegidazu atia.
ETXEKUA: Bai bai, pozik. Jesus! nor da au?
PERU: Umiak ez igesik egin; gizon ona ta adiskide barri bat da, ezteutsube gatxik egingo. Mun egidazube eskuban besteetan legez, ta gero denda, ta igitu zaiteze apari ta oe garbi on bat iminteko lagun oni. Maisu Juan, guazan eskaratzera, oñak bustiko jatzuzan, ta aldatu egizuz. Eztozu emen ediroko oñetako zorrotzik, bai abarka, edo zapata zapal edo motzak.
MAISU JUAN: Peru, zu bere jausi zara nos edo nos zeure euskeran. Zapatiaren izena erdaldunena da.
PERU: Nik eztakit erdaldunen barririk, baña bai zapatiaren izena euskalerrijetakua dala. Zapatia esaten jako oñetako zoru sendodunari; zapala dalako, edo zapalduteko zerbait, txito adjutuba. Zapua bere esaten deutsagu piztija atsitu zapalari. Ausse badakit, ez ezer geijago.
MAISU JUAN: Issillik nago errazoe orreek enzunda. Ezin atrapau zinaiz zeure euskeran. Ekarri eragizuz bada zeure zapata batzuk, zeintzuk eukiko dituzun gordeta jaiegunetan meza nagusira juateko.
PERU: Bai alan jazoten da aspaldiko urteetan; nekezale guztiak bere badaukez euren zapatak zutoetxubetan, ta kalzerdijak kakuan esegita. Sartu dira kapela kerizgarrijak, ta egal biribil ta luzedunak. Nik enzun neutsan aita asaba bati, antxina andikijak bere ebiltzala abarkakaz, txapel batubaz, zeintzuk obago dirian buruba ta belarrijak berotuteko kerizgarri zuk sonbrellubaren izena emoten deutseezunak baño. Jagiko balira lurpetik antxinako asabak, ez leukee sinistuko bizkaitar, ta euren ondorenguak diriala gaurko jaun, andiki ta andikigurak. Mutillak beti erabillen buruba mutildurik, ta emendi etorkeen euren izena. Gizonak azten eben ulia lepoti beera ezarteko, ta agertuko bazirian gizon artian. Neskatillak erabillezan uliak agirijan euren garbitasunaren igargarritzat. Neska zantar jausi, ta garbitasuna galdubak, zapijakaz estalduta burubak, lotsaturik, atzeratu ditezan bestiak dongaro egitetik. Andra ezkondubak estaldu eruezan burubak, batzuk orain legez, ta etxanderak jira askogaz. Aztu dira asko gaurko egunerako antxinako gure mutil, neskatilla, gizon, ta andreen jaanzi iraunkorrak. Nor nor dan, nok ezagutu? Len ozta ezagututen zan matsardaua. Sagasti asko zirian, ta erriko ardao edo sagardauaz igaroten zirian bizkaitar ta beste euskaldunak. Diruba geratuten zan bertan. Eztago ikusi baño zeinbat tolara topetan dirian etxe zaarretan, ezertako eztirianak gaur. Maisu Juan, zer deritxu? Zer diraustazu? Nortzuk bizi zirian obeto? Aen lautasuna obia etzan, gure egunetako bitxitasunak baño? Galdu gaitube arrotz ta erdaldunak, ta tximino eginik jarraitu gura deutseegu aen asmuei. Nire alabak jazten dira lau lau, astegunetan biar egitiari dagokan legez, ta jai egunari emoten jakola beria. Daukadazan alabak dira bikotxak, edo batera jaijuak, ta etzara onegaz zurtuko zu, dakizulako izan oi diriala nosbait irukotxak bere. Seme bata eskolauba da, liburu-zalia; badaki erdera, ta euskeratuten deuskuz, gaba igaroteko, irakurri dituban ipuinak, baña ipuin onak, garbi, ta iñoren kalte bagakuak. Egoten gatxakoz auak zabalik enzuten, ume txikarrak Peru ta Marijaren ipuin gatz bagaak enzun daruezan garraz. Lengo egun baten berak buruz ikasita, esaeuskun ipuin txito eder abade batek imini ebana berba neurtu ta soñutubaz.
MAISU JUAN: Agindu egijozu arren, esan daigula apaldu baño leenago.
PERU: Txomintxu, esaizu lengo eguneko ipuin abadiak atera, ta irakatsi eutsuna. Ez bildurtu; etxekotzat euki egizu emen dakutsun gizon au.
TXOMIN: Aita, asko da zuk agindutia ta ona bera.
Sagu bi zelai baten
Egozan gauzak esaten,
Bata zan basokua,
Bestia etxekua.
Dirautsa ak oni;
Gurozu neugaz etorri?
Bai ordu onian
Adiskide usainian.
Baña emen kanpuetan
Zelai basuetan
Zer dogu guk jango?
Ezdeustazu emongo
Ona dan gauzarik
Ez koipe, ez eztirik.
Basoko sagubak
Daukaz palagubak
Etxekuari esateko:
Ni baño nor obeto
Bizi da lurrian?
Ez dot neure bizian
Izan nik bildurrik,
Ez ez katigurik.
Nago neure basuan
Atseren osuan;
Ez dot arerijorik,
Ez ta galdu lorik.
Darraiko etxekua
Basoko jatekua
Ikusteko guriaz
Jan barri gosiaz.
Maija imini zan;
Zer ikusi etzan?
Bazkari ugarija
Eder ta garbija.
Sagar eta urrak,
Mispilla ta intxaurrak,
Okaran, ta madari,
Ta sabel gaisuari
Emon al guztia.
O bazkari andija!
Dirautsa etxekuak,
Jaaki ikustekuak,
Niretzat baña otzak,
Argalak eta motzak,
O neure anaija!
Zuri neure maija
Jatort emotia,
Ta eskertsu izatia
Darua bada etxera,
Eta emen emotera
Andiki janarijak,
Aberats ta ugarijak.
Koipia eta eztija,
Gaztae ta urdaija;
Ase zaite emen,
Eztozu alan jan len.
Eztago basuan
Ez zuben kobauan
Onlango aparirik.
Musturrak koipeturik,
Bizarrak miazketan,
Eztarria garbietan,
Ause bai bazkaria!
Arto eta garija
Jan ala ganbaretan;
Gabaz oramaijetan
Ikusten zer daguan.
Ta gura bogu juan
Geroago lotara,
oe utsetara,
Eztago ez itxirik
Guretzat maratillarik,
Ate inzirrikatuba
Da bide adjutuba.
Oneek zituban esaten
Goi ta be erabilten
Etxeko sagubak:
Ta orra nun katubak
Deutseen jarraituten,
Ta atzamarrak ezarten.
Etxekuak iges eban,
Basokuak ezieban
Topau zurkulurik;
Beebillen estuturik
Txillijoka gaisua
Guztija igarua:
Nekez da ezkutetan
Tresna zuluetan.
Dirautsa lagunari;
Zetako nakartzu ni
Leku oneetara?
Nua neure etxera;
Egon zaite zu emen,
Bizarrak koipetuten.
Ez, dino etxekuak
Geitubaz erregubak,
Zagoz aldi baten
Oraindino, bai arren.
Dakit katuben barri,
Iges dodalaze sarri;
Egon zaite jaten zu,
Ni izango natxatzu
Ateen jaolia,
Ta katu begiralia.
Alan jardunakaz
ta berba labanakaz,
Sagutxu basokua
Barriro badua
Billetan jaakija,
Eta zelatarija
Beragaz batera.
Baña juake atera
Giltzera andria;
An da esturia.
Lapiko barruban
Basokua eguan
Guztia sarturik,
Sabela beterik.
Nai dau iges egin,
Baña ezin dau ez arin;
Oñak koipaturik
Bidiak labandurik,
Da bildur ta ikara
Juan ez dedin ara
Etxe giltzeria.
O ze ikaria!
Dago ezkutuban
Lapiko barruban;
Ezta azarturen,
Arnasa artuten.
Bere zorionez
Ez juako ara ez.
Jatorko laguna
Sagu etxe jauna;
Eta onek aserrez,
Zegaiti, dino, iges
Eztozu beinguan?
Zegaiti lapikuan
Zara geratu zu?
Zelan eztakizu
Igesa artuten,
Buruba gordeten?
Basotar gaissuak
Dino, Ze gozuak
Emengo jaakijak
Eta edaarijak!
O adiskidia!
Ah bai ze goria
Dan zure jaana!
Ai baso laztana!
Ai kanpo maitia!
Zein zaran obia!
Estozu ez katurik,
Ez neska giltzerarik
Dator koipe billa;
Gitxiarren ni illa
Iza-ez naz koipetan.
Ez ta basuetan
Onlango arriskurik.
Laguna, niri ez deirik
Geijago iños egin.
Ezta au ez ipuin
Guzurrez asmauba
Bai egijaztuba.
Biotza kezkaturik
Eta arriskuz beterik
Daguan atsegiña
Ezta zindo-piña
MAISU JUAN: Txomintxu, ez juat inos enzun ipuin ain ederrik. Zelan baña imini dabee berso ain luzian? Ze plagak irakasten deutsee euskeraz koplaak egiten? Asto bat naz ni. Ordi sats egiñak bere ateraten jitubek bersuak, eta ezin najaik bat bizitziaren beian.
Eta, zer esan euban abadiak kanta ori irakatsita?
TXOMIN: Ez inos aztuteko. Goguan banerabillen, biziko nintzala ondo; bada bizitza onak ekarrela bijotzeko bakia, ta dongiak, atsakabia ta ikaria. Basoko sagubak esan eutsan egija etxekuari; bijak ebiltzan lapurretan, iñoren gauziari imurtxi egiten. Lapurrak beti bizi dira bildurrian: egun gozo bat ez darue; iñori ezer kendu deutsanak, dauka barruban iraatsita aranza gogorra; lurrian ta zerukuen aldeti da gorrotauba ostuten dabillena, ta beste edozein kalte egiten dabena. Eztago bake iraunkorrik ezpadago Jangoikuaren bildurrik; baña bildur, donga egiteti atzeratuten gaitubana. Au esan euskun guri abade onak, ipuina irakatsi onduan. Lenenguan olgetan ginian asko sagutxuben berbeeta ta jazoerak enzunda; ez genkijan zetara zuzenduten zan ipuina; baña igarri eragin euskunian zetarako zan, ta zer atera biar genduban, geratu zan barria.
PERU: Maisu Juan; badakit erdiz erdi artuten zaitubala ipuin onen esanguriak. Gomutetan jatzu, zer egin zeuntsan atso gaissuari? Zeinbat kalte egin? Zelan zoorra aztuerazo? Nik esaten neutsun ondo etzala; etzeustan jaramonik egin, ta uste zenduban nintzala ni gizon koldar, arima bildurti ta gatz bagako bat. Gurago neuke gauza asko baño geijago, artuko bazendu gogoz ipuin eder au.
MAISU JUAN: Galdu deustazube aita semiok apaitako gogo guztija. Eztot nik zubek legezko misionistarik enzun. Aen diadar guztiak baño geijago zaurituten dabee nire bijotza zuben berbeeta piestaz legez esanak. Agur nire gaurko lua. Etxera nuanian, garbitu biar dot neure arimia kezka guztietarik.
PERU: Neskatillak, ingira; imini egizube maija. Badakizu, Maisu Juan, zelangua oi dan baserri etxeko janlekuba: txisilluban zamauba zabaldu, subaren ondoan egon, lapikua eraz, ta urrian euki; nun, Erregeen jauregijetan bere, mai egoki ta adjutubagorik? Uste bagian legez artu ditugu. Jakin izan baleu Marija nire emaztiak etorteko ziniala zu, ipiniko eutsun apari galanta. Gaur igaroko gara zelan alan. Urdai zielgati ta lukainka-solomuakaz egingo dogu koipatsu; gura badozu ogi erregutakaz, gura badozu arto berozkuakaz. Zeure aukeran eukiko dozu. Erreten dagoz kastañak; egosten dago beisegijaren ezne txito mamintsu ta koipatsuba; lapikuan dagoz urdai ta zezinaz eginiko azaak; erreten sagar mueta asko, berazak, gazaminak, urtebetiak, domentxak, kurkubietak, gorrigarratzak, abapurubak. Burdunzijan dakutsuz ollanda ta usakumiak. Eztogu etxeti urten ezeren billa; usuak azten ditugu emen, ez geuk jaateko, ezpada eruateko artuemona daukagun andiki edo abadeen etxera; ta bai nor edo nor baletor geurera uste uste bagian. Usakume ill barri ta aragi berodunak ez dabee samurtuteko gorde biar egunen bat edo beste, eper, ollagor, ta ollaar irenak legez; ill, lumatu, ta gardostu ezkero sutan luma apurretati garbituteko, eztaukee burdunzijan sartutia baño, samur ta koipatsubak egoteko. Usteko dozu biar bada, eztogula eukiko ardaorik. Badaukagu, ta zer jazuan, edo zer etorrijan beti euki daruagu gordeeta, ez geuk edaateko, baña bai emoteko iñor badator. Jazoten da nos bait etortia andikiren bat edo beste mendi albokuetara, basaurde, eper, edo ollagorren eizara, ta jakinik nasala gizon prestu ta biotz onekua, datoz zerbait artutera lotsa ta atzerakuntza baga, ta egiten deutseegu abegi, gera, ta arrera txito ona; ta nos bait jazoten jakee eguraldi euritsu, ta truju gogorrak artuta, etortia ona gaba igarotera, ta geratuten dira zurturik, iminten jakeelako apari ez txaarra ta oe garbija, ta esan darue, ezebela euren etxeetan obeto apalduko. Agaiti nakusenian errira juanda jai egunetan, alkarren leijan esesten ta ekiten deustee bazkaritara eruateko, ta naukee eurakaz maijan. Eztau etxerik galduten onelango prestutasunak.
MAISU JUAN: Egija dinozu, Peru; baldin bizkaiko baserri etxe guztiak balebitz ain zuzen, zelan zuria, ta nekezale guztiak balira zu baisen begiratubak, urrezko bidiak ikusiko liraatez. Zure etxeau Jangoikuaren grazijaz beterik dago. Nauka zurtuta zure seme alaben lotsa onak ta moduztasunak. Maite dituzu, ta maite zaitube.
PERU: Bai, Maisu Juan; emoten deutsadaz Jangoikuari eskerrak, iraatsi jakeezalako euren bijotzetan nire ta nire emaztiaren berba onak. Datorrenian ona Jangoikuaren deikoren bat, ikusteko ta poztutekua da, zelan, bata baño bestiak aurrerago diriala, daruaken arto zatija edo katillukada saldia, ta nos bait zelatau ditut, ta ikusi artua emon, ta eskuban mun egiten eskale gaissuari; baita bere erregututa ekarten sutondora, otza dan aldijetan, berotu ditezan, ta liortu daijezan abarka bustijak. Zer geijago esango deutsut? Alaba bijen artian gazteenak eztaukaz amazortzi urte baño geijago, ta ez bakarrik susmau, baita bere ziur jakin deutsat, gordeten dabela sarri bere gosaarija, emoteko ezkutuban, bere burubari kenduta, Jangoikuaren deiko lenen datorkonari, esaten deutseela, ez iñori ezer adierazoteko. Baru barurik dago alanguetan egubardiraño, ta eztago orregaitiño atzerena biarrik gogorrenetan. Bere amak dino, topau dabela belaunbiko gabak ordubak emonda, burubari lua kenduta, baztertxu baten. Ezteusku inos txit bat eranzun, ezdogu ikusi aserratuta ez bere nausiaguaz, ez bere nebaakaz. Baña esan biar deutsut egun baten jazo jakona. Etorri zan ona, neu etxian ez nenguala mutil lotsa gaistoko bat. Oles egiebanian, urten eutsan atera esan deutsudan alaba onek. Bere itxura ederrak ikusita beste baga, zoraerazo eutsan mutillari, ta zabaldu zituban besuak laztanen bat egiteko; neskatilla onek atzeratu eban gorputza, baña bai prestau bere besua emoteko belarondoko ain sendo ta zolija, zein da ikariaz, ta uste bagako esku ezartiaz, jausi zan beera; itxi eutsan atia neskatilliak, zirautsala; juaadi lotsabaga ori etorri asan bideetati. Asi zan biraoka, ta araoka mutilla, ta iges eban mandaturik itxi baga. Etorri nintzanian etxera esan eustan bere amak zer jazo zan: ta dei eginda emon neutsazan eskerrak neure alaba onari aserratu zalako, aserratu biar dabenian neskatilla batek. Onetan bardina da nire beste alabia; ez leijo, esaterako, arpegira begiratu gizon bati: mutillok bere ez ditu inok ikusiko neskatilla atzian, ez eurakaz berba bakarrik egiten. Egunak dakaz etxera. Esan daruaket nik; mutillak, aurrerena da Jangoikuaren bildurra; baña zeuben munduko on izatiari begiratuta bere, gorde biar zaree neskatilletarik. Katuba sagubaren zain legez dagoz bat baño geijago, nundi ta zelan atrapau aldaijen mutillen bat. Berba zoro batzuk erasotia asko dabee, buruba agertuteko esan ta banatubaz bazterretan, ezkonduteko itunduta dagozala urlija mutillegaz. Eta enzun dira gauza gaistuaguak eurak ganik; ibilli eurak besteren bategaz gura dabeen gisaan, ta seindun geratuten badira, esarri erruba errurik ezeukanari. Neure mutill onak; iges egizu gaurko neskatilletati. Jangoikuak eukiko dau zubentzat, berak aututen dabena. Etzaite inos ezkondu neskatilla nasai, baldan ta mutilzalegaz aberatsa bada bere. Zuben amak ta nik eukiko dogu zuben arduria, ta bide zuzenez, garbiz ta Jangoikuaren borondatia dan legez, ezkonduten bazaree, zorionekuak zubek. Eztaukat etxe bat baño. Bizkaiko porubak emoten deust eskubidia aututeko zuben artian gura dodana neure oinordekotzat. Guztiak bardin diriala, artuko dot semeen artian lenen jaijua. Zubek buru dongakuak bazinee, autuko neuke alaba nagusija. Ezta ondo gurasuak lotuta eukitia euren eskubak. Seme nagusijak baleki, ta balezau gura ta ez izango dala ondasunen jaube, egin lei otuten jakona; etxeko kaltian dan ezkontzaren bat jaramon baga gurasuai, edo onei euren bai-etz noraezekua eskatuta, negarrez largaten ditubala. Bildurrik ezpaleuke galduko dabeela etxaguntzia, buruko miñ, ta atsakabe asko emon leijue gurasuai; baña oneek daukeenian eskubide ta aukeria emoteko gura dabenari seme-alaben artian, ekarri eragingo deutsee lotsia, ta gordeko dira dongaro bizi izateti. Beti da ondo berez semeren batek eruatia etxia, arrotz ta beste izeneko bat jaubetu baga. Baña guraso onak, bat ondo baño obeto ipintearren, eztau aztu biar guztien gurasua dala. Aituko dozu onenbestegaz zer esan gura dodan.
MAISU JUAN: Peru, ezta mundu guztijan topauko zuk beste zenzun ta argi daben nekezalerik. Apaldu daigun orain, ta apal ostian igaroko dogu denporia alegrija onian.
PERU: Ondo dinozu; baña itxaran egizu puska baten, itaune bat edo beste egin dagijedan artian. Mutillak, bota deutseezu jaatekua idijai? Oinazpijak garbitu jakeez? Beijak sartu dituzube langa arteko ziskubetan?
MAISU JUAN: Esaidazu, Peru, ze ganadu daukazun etxian.
PERU: Daukaguz buztar-idi bi, bata bellegija, bestia zurija. Lau beei; bi buztartutekuak premina danian, edo idijak biar asko eginda arikatu dirianian, nais gaisotu; beste bijak umiak aazteko nekatu baga. Daukaguz bigae bat, bigantxa bi. Badaukaguz oneez ostian zortzi basa-bei, ta basaidisko galant bat, ta isten dot esan baga daukaguzala zezin-idi bi; bata etxerako, ta bestia salduteko.
MAISU JUAN: Zeri esaten deutsazu txaala, ta zeri urruzia? Enzun ditut izen oneek, baña ezdakit zer esan gura dabeen.
PERU: Txaala esaten jako edozein beikumeri, dala arra, dala emia; baña urruzia emiai, ta bardin ardi bildotsetan.
MAISU JUAN: Zer da bei antzituba?
PERU: Txala kenduten jakona.
MAISU JUAN: Eztaukazu ganadu lanadunik?
PERU: Bai; daukaguz larogei giberri; irurogei ardi, aari bi, ta zortzi aunz. Aztuten jatan aitatutia bizartsuba, edo bere izenian aker bat. Ardijakaz ezta asko ateraten: ostuten deuskubez batzuk erri-lapurrak, ta ez gitxi basa-lapurrak. Euri asko, ta otz andijak dirianian, ilten dira bein banaan. Auntzak dira gogorraguak, euri ta otzari obeto jarkiten jakozanak, simaurtijak, eznetsubak, ta atia idigi ezkero, laster topauko dabee zer jan. Baña dira kaltegarrijak, ondo zainduten ezpadira. Zutinduten dira landara gazteen orri samurra jaateko. Eztago eurentzat esi ondo egiñik. Etxian daukadazanak eztabe geure irabazijetati urteten, ta jagoten ditugu aleginez. Baagoz inguruban usa edo erri-basuak, baña aristijak batzuk, bestiak artaadijak, ta ezin leje oneetan kalterik. Baso-lapur, edo azerijak eztira azartuten auntzetara, ardijetara legez; baña bai bildots ta antxumeetara.
MAISU JUAN: Zer? Azerijak azartuten dira bildots ta antxumeetara?
PERU: Zelan bere dirian; baita ardijetara bere badira azeri zar, azi ta bein ardi aragija sabelera dabeenak; ta ikustekua da, damubaz bere, zelan dendatuten dirian zelatetako, bidiak ebagiteko, samapeti oratu ta itoteko. Zati bat janda, darue enparauba dandarras euren abija, edo leza zuluetara. Eta guztiz dira gaistuak umiak daukeezan aldi edo egunetan. Ezin aturau leite eurakaz. Ezpageunka txakur urrineti igarten deutsana piztija asko jakin, ta malmutz onen urebiltia, ta usaatuten ditubana billatu ta jarraitubaz, ezin eukiko genduke ez ardi ez ollorik. Maisu Juan, asko da gaurko berbeeta jakingurakorik. Apaldu daigun ondo, edo emoten jakuna, ta gero bero aldi bat artuta guazan oera, ta bijar jarraituko deutsagu artu dogun lanari. Eruango zaitut errotara, olara, basuetara, ta beste lekutxu batzubetara, ta erakutsiko deutsudaz zuk eztakizuzan, ta jakin gurako dituzun gauza asko.
MAISU JUAN: Ondo derist, ta asko da gaurko konbersazino kontuzkorik.
PERU: Maisu Juan; esaidazu zer gura dozun; zeuk, emaztiak eta neuk bakarrik apaldutia, edo etxeko guztiok aldabatera? Gurian ezta lenengo, ta bigarren mairik; otseiñak bere geugaz iminten ditugu mai baten, ta jaaten dabee geuk jaten dogun guztija. Andi-etxe, ta andikigurakuenetan, otseinak jaten dabee bakarturik, ta ez ugazabak dabeen guztiti. Emen guztijok bardinduten gara.
MAISU JUAN: Damu asko emongo leusket guztiok ez jaatia batera.
PERU: Nok maija bedeinkatuko dau?
MAISU JUAN: Nik ez, ta zeuk gura dozunak.
PERU: Ondo; bada Txomintxu, eskolauba zara, badakizu, ta egizu zeuk.
TXOMIN: Aitiaren, ta Semiaren, ta Espiritu Santubaren izenian...
Se hace la bendicion de la mesa.
PERU: Marija, jarri zaite zu maijan sutondotik urrindu baga. Ortisse aterako dozu saldia, ta ekarriko dozu gero banaan daguana. Maisuba, eztago emen salda garbi, geli ta olluaz eginik. Igaro biarko dozu gaur zelan al dan.
MAISU JUAN: Ezta ardura. Uste dozu neure etxian bere beti artuten dodala salda garbija, ta jan geeli gazitu bagia? Zein gitxi! Eta egija esateko obia da lapiko gaziko salda urdai, ta zezin galantakaz egina, geeli argaltxa, ta txatxarrakaz egiña baño.
PERU: Ondo dinozu, epalla ta aragitegija euren ganera artu daruenak, bein baño geijagotan illdaruez gabaz, edo issillik basa-bei argal, edo idi nekatubaren nekatuz azurra ta azala baño eztaukeenak, erriko zuzentzalliak amar begi ezpadaukez, edo itzaltsu ta asko jakiñak ezpadira. Erri-idijen orde sartu daruez mustur balz, begi zetakadun, edo Asturijakuak, zeintzuben okelia dan ispi luzekua ta zaalagua, ezpadira oneetan kortatu, luzaro egon ta gizenduten
MAISU JUAN: Peru, eztago zuk eztakizun gauzarik. Dakuskun bada ze salda daukazun. Zein eder ta gozua! Zetarako ete dira piper ta azapraez gorrituriko saldaak onelangua euki ezkero? Lotsatuten nozu onenbeste aparigaz. Nok esango leuke Landetako baserrijan imini jatala, uste uste bagian sartuta ollanda ta usakumezko erria; ta emen dakustan beste jaaki? Nok sinistu, aterako zeusteezala iru ardao mueta; txakolina, klareta ta naparra? Emoidazu, Peru, txakolin trago bat... Brindo zure ta familija guzti onen osasunerako.
PERU: On dagizula, Maisu Juan. Esnintzate ondo azija izango, nik bere eranzungo ezpaneutsa zure egitada prestubari. Neure lagun ona, zure osasuna gaiti: urte askotan izan daigula alkarregaz gaur legezko apari bat. Etxatzu aterik itxiko beintzat etxe onetan
MAISU JUAN: Nire ditxia, zertan edo atan serbidu al bazengidaz. Etxe onetakorik gaisotuten bada, ez beste barberurik billatu. Ordu bi bidek ez nau ikaratuko gabaz ta edurretan balitz bere.
PERU: Jangoikuak daigula osasuna; baña iñor gaisotuten bada zu bizi zariala, ez gara beste baten atzian ibilliko. Bedeinkatu dogun legez maija jan aurrian, emon daijoguzan eskerrak Jangoikuari. Artuko dogu beroaldi bat guztiok, esango dogu errosarijua, ta juango gara bakotxa bere gelara. Nik esnaatuko zaitut goisian adiuntzaz urteteko gauzaak ikustera.
MAISU JUAN: Milla esker, Peru, ta agur gois artian; agur jente ona.
PERU: Agur bada, Maisu Juan.