Nere bata ta biya da
somatzen errexa dana,
bara zerorrek dauzkatzu
esku bakoitzian bana.
Bata ta laba da berriz
Gipuzkoa'ko erri bat,
zeñetan arkitutzen dan
beste iñon ez dan arri bat.
Nere iruba ta laba
berekiñ daukan diruba,
ontzat artzia erozeñek
ez da gauza seguruba;
batez ere baldin bada
baliyo aundiko moneda,
ez du gutxik galdetuko
«Au gero fiña ote da?
Ez da txit katolikua;
zer derizkitzu, Inaxi?»
«Neri? Faltsua derizkit».
«Eta zuri, andre Graxi?»
«Arrira bota zazu ta
soñuba egiñ-arazi;
ez badu soñuba fiña,
ganbiyatutzen ez asi.»
Iruba eta bigarrena
da gizonaren desditxa,
ala pegatzen zaiona
nun balitzake tximitxa;
pegatzen da txit errexa,
apartatutzen txit gaitza;
alako asko izatetik
Jaungoikuak libra gaitza.
Zer afariya!! Ogiya,
botilla bat ardo eder,
ta ongi jarriyak lautxo bat
nere iruba bi bider.
Batari eta biyari
laugarrena itxeki-ta,
beste asko're bai baño
donzella da txit polita.
Eta da nere guziya
desiatuba, gauz ona;
indartsu arkituko da
berekiñ naukan gizona.
* * *
Somaketa onentxen itza,
—saiatu zaitezte denak—,
propina asko izango du
zer dan asmatzen dubenak.
Logratzen duben arentzako
daukazkit siñalatubak
loteriyako lau billete...
—oraiñ bi urte artubak—.
Bilintx
* * *
Ez det jarri Bilintx ori, somaketa neronek sortuba
dan patxandiyaz.
Zer erregalua!! Baizik eta jarri det, asmatzia logratu
duben arrek jakin dezan norengana biar duben giyatu,
menturaz nai balu egin billete oien jabe. (1)
Teatroko dendan,
zeiña ikusten dan
aspaldi guziyan
kale nagusiyan,
aurreko etxearen
etxe eder aren
beraren onduan,
paper abek duan
an ematen dira;
ez iritzi mira,
ez milagro egiñ,
egiya da berdiñ.
Eta balitz norbait
badakanik zerbait
duda gauz orretan,
bijua ta bertan
artuko du proga
au ez dala droga,
baizikan egiya,
ta egi garbiya.
Bara au diyonak,
konseju txit onak
txiki-txikitandik
gurasuakgandik
artubak izan-ta,
ez daki saiatzen
iñor engañatzen
gezurrak esan-ta.
(1) Inoxente-egunian emango diyozkat.