Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XII

Arrakasta handiko haren Frantziako Ikastetxeko ikastaroetan, honekin guztiarekin jostatzen zen gizona.

Keinu profesionalen duintasunez, ezin saihestuzko esku adituaz, Proust edo Rimbaud-en barrukoetan xehetasunez arakatzea zuen gustuko eta erakusten zituen guztiz erne zegoen haren entzuleriaren begien aurrean haien ustezko mirariak, haien misterioak, «haien kasua» azaltzen zuen.

Haren begi txiki sarkor eta maltzurraz, haren gorbata huts gabekoa eta haren bizar karratuaz, antz handia zeukan iragarkietan margoturiko Jaunarekin, hatza altxaturik, irribarrez gomendatzen zuena: Saponite —lixiba ona, edo Arrabio eredugarria: ekonomia, seguritatea, erosotasuna.

«Ez dago ezer», zioen hark, «ikustazue, ni neu joan naiz begiratzera, ez baitut laket nahas nazaten, ez dago ezer ere neuk klinikoki makina bat aldiz aztertu, sailkatu eta azaldu egin ez dudanik.

«Ez zaituztete nahaspilatu behar. Kontura zaitezte, nire eskuen artean haur dardarti eta biluzi bezalakoak dira, eta nire eskuaren sakonunean eusten diet zuen aurrean haien egilea, haien aita izango banintz bezala, botere eta misteriorik gabe utzi ditut zuentzat, hesi eta erasotu egin dut haiengan mirakulutsua zena.

«Egun, haien estimatzeko eta lasaitzeko, haietaz ardura nadin, beraien istorio amaigabeen kontatzerat etortzen zaizkidan burutsu horiengandik, zorakilo bitxi eta dibertigarri horiengandik ia ez dira desberdintzen.

«Haien amaren egongelan adiskideei harrera egin, adeitasunez solastatu eta aldameneko gelan nik nire gaixoei esaten diedanaz kezkatu gabe barre egiten duten nire alabek baino gehiago ezin duzue hunkitu.»

Horrela irakasten zuen Frantziako Ikastetxean. Eta inguru guztietan, aldameneko Fakultateetan, literatura ikastaroetan, zuzenbidekoetan, historia edo filosofiakoetan, Institutuan eta Palais-ean, autobusetan, metroetan, administrazio guztietan, gizon zentzudun, gizon normal, gizon erne, gizon prestu eta osasuntsu, gizon sendoak arrakasta zuen.

Gauzaki politez beteriko dendak saihestuz, bai eta trostan erne zebiltzan emaztekiak nola kafe etxetako zerbitzariak, medikuntzako ikasleak, agenteak eta notario idazkariak, Rimbaud edo Proust, bizitzatik erauziak, bizitzatik at egotziak eta sostengurik gabe utziak, kaleetan zehar noraezean ibili behar ziren, edo logaleak egon, burua bular gainean eroria, hautsez estaliriko edozein plazatxotan.