Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XIII

Erakusleihoen luzera osoan ibiltzen ikusten zitzaien, gorputza tente zertxobait aurreratua, haien hankak zurrun, pixka bat aldebanaturik, eta oin ttiki kakotuak sobera altuak ziren orpoetan zeintzuek espaloiaren kontra gogorki jotzen baitzuten.

Euren eskuko poltsarekin besopean, euren eskuzorroak, euren ohiko «txanotxo»-a behar den bezala buruan alderatua, euren betile luze eta zurrunak betazal handituetan josiak, euren begi gogorrak, trostan ibiltzen ziren denden luzera osoan, gelditu egiten ziren bat-batean, ikusmiratu egiten zuten begi gose eta adituaz.

Kementsu, arras iraunekoak baitziren, bazen dagoeneko zenbait egun dendetan zehar bazebiltzana «sport jaka ttiki» baten bila, tweed lodikoa eta irudiduna, «honen bezalako iruditxoa, hain ongi ikusten dut, laukitxo gris eta urdinekoak... Ea! Ez duzue horrelakorik? Non aurki nezake?» eta ibilbideari lotuak ziren berriro ere.

Sport jaka ttiki urdina... jaka ttiki grisa... Haien begi tinkoek horren xerka ikusmiratzen zuten...

Pixkanaka aipatu jakatxoak gero eta indar gehiagoz heltzen zien, nahitaez haietaz jabetzen zen, premiazko bihurtzen zen, jomuga bihurtzen zen, ez zekiten zergatik, baina derrigorrez lortu behar zuten.

Bazihoazen, trostan zebiltzan, ausarki igotzen ziren (ezerk ez zituen geldiaraziko) eskailera ilunetatik, laugarren edo bosgarren solairura, «tweed ingelesa egiten duten etxe espezializatuetara non berau aurkitzea gauza ziurra baita», eta zertxobait nardaturik (nekatzen hasiak ziren, adorea galtzeko zorian), erregutu egiten zuten: «Ez baina, ez, zuk badakizu zer esan nahi dudan, horrelako laukitxotakoa, diagonaletan egindako marrekin... ez baina, ez da hori, inondik ere ez... A! Ez al duzue? Non aurki dezaket baina? Leku guztietan begiratu dut... Ea! Agian hor? Uste al duzu? Beno, joan egingo naiz... Gero arte... Bai, asko sentitzen dut, bai, beste baterako...» eta irribarre egiten zuten dena dela, begikotasunez, ongi heziak, ongi jantziak hainbeste urteren ondoren, euren amarekin joaten zirenetik, konbinatzeko, «hutsetik janzteko», «ezen, egun, neska gazte batek horrenbeste gauza behar duen, eta norberak moldatzen jakin behar baitu».