Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XIV

Nahiz eta beti isilik eta bereiz egon, apalki makurtua, ahopeka puntu berri bat zenbatzen, bi puntu eskuinetara, orain hiru alderantziz eta gero lerro osoa eskuinetara, horren femeninoa, horren ezabatua (ez egin kasurik, oso ondo nago horrela, ez dut niretako ezer ere eskatzen), haiek sentitzen zuten etengabe, haien mamiaren gune sentibera batean bezala, haren presentzia.

Beti harengan fermuki begi emanda, liluraturik bailiran, ikaraz jagoten zuten hitz bakoitza, intonaziorik leunena, ñabardurarik sotilena, keinu bakoitza, begirada bakoitza; oin punttaz egiten zuten aurrera, hotsik txikienarekin buelta ematen zutela, bai baitzekiten alde guztietan leku misteriosak bazeudela, leku arriskutsuak non ez zen behaztopatu behar, ezta arrasetik pasatu ere, bestelaz, ukitze arinenaz, kanpai -loreak, Hoffmann-en ipuin batean bezala, milaka kanpai-lorek haren birjin ahots bezalako nota garbiz — branda joko baitzuten.

Batzuetan baina, aurrez neurri eta ahaleginak gorabehera, ikusten zutelarik lanpara azpian isil egoten, urpeko landare bigun eta hauskorraren pareko bentosa higikorrez zeharo tapizatua, irristatu egiten zirela sentitzen zuten, haien pisuz erori egiten zirela beraien azpian zegoen guztia zapalduz: hauxe irteten zen haiengandik, txantxa memeloak, isekak, gizajaleei gaineko istorio itzelak, horrexek irten eta eztanda egiten zuen haiek geldiarazterik izan barik. Eta andrea emeki biltzen zen — oi! sobera lazgarria zen! — haren gelatxoarekin, berehala joango zen babesleku maitagarriarekin amets egiten zuen, non oheko zerriaren gainean belaunikatuko baitzen, lepo inguruan ehun izurtua zuen atorrarekin, horren haurrena, horren garbia, Lisieux-ko Teresa ttikia, dona Katalina, Blandine... eta, haren eskuan lepoko urrezko katetxoaren estutuz, haien bekatuengatik otoitz egingo zuen.

Batzuetan ere, dena ongi zihoanean, uzkurtu egiten zenean jadanik zeharo erakarria, sentituz horrenbeste gustatzen zitzaizkion gai horietako bati heltzen zitzaiola, eztabaidatzen zelarik zintzotasunez, serioski, haiek izkina egiten zuten pailazo itzulipurdi batez, laxatua aurpegia irribarre tentel, lazgarri batean.