Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XVII

Eguraldi ona egiten hasten zuenean, jai egunetan, aldirietako arboladietan paseatzera joaten ziren.

Bidegurutzeek txara sasitsuak zulatzen zituzten non bidexka zuzenek simetrikoki bat egiten baitzuten. Belarra urri eta zanpatua zegoen, baina abarretan hosto xamurrak hasiak ziren irteten; haien inguruan dirdira apur baten emateko ez ziren gai eta ospitaleko geletan eguzkipean aurpegia tolesten duten irribarre gezaminezko haurrak ziruditen.

Errepide ertzean edo laharrik gabeko agerrunetan esertzen ziren gosaltzeko. Ez zirudien ezer ikusten zutenik, hori dena mendean zuten, txorien oihu zorrotzak, itxura akasduneko kimuak, metaturiko belarra; haien bizitzaren giro lodiak hemen ere inguratuak zituen, haiengandik antzeko lurrun astun eta garratz bat igotzen zen.

Eramana zuten haiekin euren atsedenetako adiskidea, haien haur ttiki bakartia.

Haurrak, haiek aukeratutako lekuan kokatzen hasten zirela ikusten zuenean, haren aulki tolesgarria irekitzen zuen, haien ondoan paratu eta, bertan kokorikatua, lurra zulatzeari, hosto lehorrak eta harritxoak pilatzeari ekiten zion.

Haien hitzek, udaberri hartako lurrin artegagarriekin nahasturik, itzalez beteak non zalantzazko formak mugitzen baitziren, haurra inguratu egiten zuten.

Aire lodia, hauts bustik eta izerdiek likatuxea itsatsi egiten zitzaion, haren larruari, haren begiei zetxekien.

Beste haurrekin zelaian jolasteko haiengandik urruntzeari uko egiten zion. Hantxe geratzen zen, erantsia, eta, irrika goibel batez betea, haiek esaten zutena xurgatu egiten zuen.