Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

III

Kale txiki lasaietan ostatu hartzera ziren etorriak, Panteoi atzean, Gay-Lussac izeneko kale aldean edo Saint-Jacques inguruan, etxarte ilunetara ematen zuten etxebizitzetan, baina guztiz itxuroso eta erosoak zirenak.

Hemen hau eskaintzen zitzaien, hau eta nahi zutena egiteko askatasuna, nahi zuten bezala ibili, edozein jantzirekin, edozein aurpegirekin, kale txiki eta xumeetan zehar.

Hemen ez zitzaien inongo jokamolderik eskatzen, ezta inolako auzolanik ere, ez sentimendurik, ez oroipenik. Soildua eta, aldi berean, babestua zen bizitza eskaintzen zitzaien, aldirietako geltoki hutseko itxarongela bezalako bizitza, gela biluzia, grisa, epela, berogailu beltza erdialdean eta egurrezko aulkiak pareten luzera osoan.

Eta pozik zeuden, lekua gustatzen zitzaien, ia-ia etxean bezala sentitzen ziren, harreman onak zituzten atezain andrearekin, esne-saltzaile andrearekin; garestiena ez zen auzuneko tindategi arduratsuenera eramaten zituzten jantziak.

Ez ziren behin ere saiatzen euren garaiko jokoetako landazabala gogora ekartzen, ez ziren behin ere saiatzen hazi ziren herriaren kolorea eta usaina berriro aurkitzen, ez zuten behin ere ikusten beraiengan sortzen, auzuneko kaleetan ibiltzen zirenean, denda handietako erakusleihoei begiratzen zietenean, atari aurretik pasatzen zirenean eta modu onez atezaina agurtzen zutenean, ez zuten behin ere ikusten beraien gogoan nabarmendua bizitzaz blai egindako irudirik, edo etxarte bateko galtzadarri bizi eta ferekatzailerik, edo haurtzaroan esertzen ziren eskala bateko harmaila leunik.

Noizean behin, etxeko eskaileran «goiko maizterra»-rekin topo egiten zuten, institutuko irakaslea, laurak aldian, haren bi semerekin eskola saioetatik itzultzen zelarik. Begi zurbiletako aurpegi luzeak zeuzkaten hirurek, distiratsuak eta garbiak bolizko arrautzak bailiran. Etxeko atea, une batez, erdi irekitzen zen pasa zitezen. Sarrerako parketean ipinitako feltro lauki txikietan oinak jartzen ikusten zitzaien — eta isiltasunez alde egiten, korridoreko amaiera ilunerantz labaintzen.