Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

IV

Emaztekiek erdi adierazitako kontuak esaten zituzten ahopean, begirada galdua eta barrutik ezin bide azaldu sentimendu sotil eta delikatu bati jarraituz bezala.

Gizonak zirikatu egiten zituen: «Eta zergatik? Eta zergatik? Zergatik ni nerekoia? Zergatik misantropoa? Zergatik hau? Esan, esan!»

Haien baitan, bazekiten, joko bat egiten zuten, amore ematen zuten. Batzuetan, harengan, haien zuzentzeko batuta bat baino ez zuten ikusten, emeki mugitzen zuen batuta, ballet irakaslea izango bailitzan. Hor, hor, hor, dantza egiten zuten, jira eta bira egiten zuten, gogo pixka batez, adimen apur batez, nahi gabe bezala baina, atsekabe lezakeen eremu debekatura inoiz pasa gabe baina.

«Eta zergatik? Eta zergatik? Eta zergatik?» Tira ba! Aurrera! A, ez, ez da hori! Atzera! Atzera! Baina bai, tonu alaiaz, bai, berriro, emeki, oin punttaz, txantxa eta ironia. Bai, bai, saiatzea badago, badoa. Eta orain, latzak irudi zitezkeen egiak esaten ausartzeko era xaloa, berataz arduratzeko, hark horixe maitatzen baitzuen, bera zirikatzeko, joko hori maitatzen zuen. Hor, kasu! emeki, emeki, gero eta arriskutsuagoa, baina badago saiatzea, agian kitzikagarria deritzo, dibertigarria, probokagarria. Orain istorio bat da, eskandalu baten istorioa, ezagutzen dituen pertsonen barru-barruko bizitzarena, euren etxean harrera egiten diotenena eta bera estimuan dutenena. Hori interesatuko zaio, normalean hori gustatzen zaio... Ez ba! Oi! Erokeria zen, ez zaio interesatzen edo ez zaio gustatu: bat-batean betozko jarri da, hau beldurra!, keinu txarrez errieta egitera doakie, purrrustari, zitalgarria den zerbait esango die, jabe daitezen (ez dakite nolaz) haien zatarkeriaz, orain ez bada, aukerarik txikiena izatean behinik behin, haren zeharkako, haren era maltzurrari erantzun ezin izango diotelarik.

Hau nekea, ene Jainkoa! Bai nekea gastu hau, etengabeko jauzitxo hori haren aurrean: atzera, aurrera, aurrera, aurrera, eta atzera berriro, orain bere inguruan jira, eta gero oin punttaz berriro ere, begi bistatik kendu gabe, eta albotik eta aurrera eta atzera, atsegin hau eduki dezan.