Amerikako Demokrazia I/I. Kapitulua

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
[[[Amerikako Demokrazia I/I. Kapitulua|I. Kapitulua: Ipar Amerikaren kanpo-itxura]]
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

I. Ipar Amerikaren kanpo-itxura

Ipar Amerika bi eskualde zabaletan banatua, bata polorantz doana, bestea ekuadorerantz.- Mississippi harana.- Planetak jasandako astinaldien aztarnak.- Kolonia ingelesak ezarri zireneko Atlantiar ozeanoaren itsasertza.- Aurkitu zituzten garaian Hego Amerikak eta Ipar Amerikak zuten itxura ezberdina.- Ipar Amerikako basoak.- Belardiak.- Bertako tribu ibiltariak.- Beraien itxura, ohiturak, hizkuntzak.- Herri ezezagun baten aztarnak.

Ipar Amerikak, bere kanpo-itxurari dagokionez, lehen begiratuan erraz bereiz daitezkeen ezaugarri orokorrak ditu.

Halako ordena metodiko bat egon zen han lehorra eta urak, mendiak eta haranak, banatzerakoan. Antolamendu xume eta handiosoa agertzen da gauzen nahas-mahasiaren eta parajeen ezberdintasun itzelaren erdian.

Bi eskualde zabal eta ia berdinetan banatzen da.

Batak, iparraldetik, arktiar poloa du mugatzat; ekialdean eta mendebaldean bi ozeano handiak. Hegoalderantz luzatzen da, eta triangelu bat eratzen, honen aldeak, irregularki marraztuak, Kanadako laku handiak baino beherago elkartzen direlarik.

Lehenengoa amaitzen den lekuan hasten da bigarrena, eta kontinentearen gainerako guztia hartzen du. Bata polorantz arinki makurtua dago, bestea ekuadorerantz.

Lehen eskualdeko lurrak hain malda arinean jaisten direnez iparralderantz, meseta bat eratzen dutela esan daiteke. Lautada ikaragarri honen baitan ez da mendi garairik ez haran sakonik aurkitzen.

Urak itsumustuan bezala doaz sigi-saga; ibaiak elkarren artean nahasten dira, elkartu eta banatu egiten dira, berriro batu eta milaka paduratan galtzen, etengabe desbideratzen dira beraiek sortutako labirinto hezearen erdian eta kontaezin beste itzulinguru eman ondoren bakarrik iristen dira poloko itsasoetara. Lehen eskualde honen mugako laku handiak ez daude muino edo haitz artean sartuta, Mundu Zaharreko gehienak bezala; ertzak lauak dituzte, uretatik oin batzuk bakarrik gorago. Haietako bakoitza, ertz-ertzeraino betetako kopatzar bat bezalakoa da: planetaren egituran aldaketarik txikienak haien urak polorantz edo tropikoetako itsasorantz bidaliko lituzke.

Bigarren eskualdea malkartsuagoa da, eta hobeki prestatua gizakiaren egoitza iraunkor bilakatzeko. Bi mendi-katea luzek banatzen dute luzera osoan: batak, Alleghany izenekoak, Atlantiar ozeanoaren ertzari jarraitzen dio; bestea Hegoaldeko itsasoarekiko paraleloan doa.

Bi mendi-kateen artean itxitako espazioak 228.843 lekoa karratu ditu3. Haren azalera, beraz, Frantziarena baino sei aldiz handiagoa da gutxi gora-behera4. Hala ere, lurralde zabal honek haran bat bakarra osatzen du, Alleghanyetako tontor biribildutik beheratu eta, inolako oztoporik gabe, berriro Mendi Harritsuen gailurretaraino gora egiten duena.

Haranaren hondoan egundoko ibaia aurkitzen da. Harantz doaz mendietatik behera jaisten diren alde guztietako urak.

Antzina frantsesek San Louis ibaia deitu zuten, urrutiko aberriaren oroitzapenez; eta indioek, beren hizkuntza arranditsuan, Uren Aita edo Mississippi izena eman diote.

Mississippiren sorburua, gorago aipatu ditudan bi eskualde handi horien mugetan, biak banatzen dituen mesetaren gainaldean, dago. Beraren ondoan beste ibai bat5 sortzen da, poloko itsasoetan husten dena. Mississippik berak ere hartu beharreko bideaz zati batean duda-mudatan dabilela ematen du: hainbat aldiz atzera egiten du bere bidean, eta laku eta aintziratan bere ur-lasterra mantsotu ondoren bakarrik hartzen du erabakia eta astiro-astiro hegoaldera bideratzen.

Naturak ireki dion ubide buztintsuan bare-bare, nahiz ekaitzek ur-handitua, Mississippik mila lekoa baino gehiago ureztatzen ditu bere ibilbidean6. Itsasoratu baino seiehun lekoa7 gorago, ibaiak 15 oineko sakonera du batezbeste, eta 300 tonako untziak igotzen dira berrehun lekoa inguruko zati batean gora. Berrogeita hamazazpi ibai handi nabigagarrik ematen diote beren ura. Mississippiren adarren artean daude 1.300 lekoako ibai bat8, 900eko bat9, 600eko bat10, 500eko bat11 eta 200eko lau12, alde guztietatik etorri eta beraren baitan galtzen diren kontaezin beste errekatxo aipatu gabe.

Mississippik ureztatzen duen haranak beretzat bakarrik izan dela eratua ematen du; han bere nahierara banatzen ditu ongia eta gaizkia, eta bertako jainkoa bezala da. Ibaiaren inguruetan, emankortasun agortezina erakusten du naturak; ibaiertzetatik urrundu ahala, landare-indarra ahitu egiten da, lurra elkortu, dena moteldu edo hil. Planetako astinaldiek inon ez dute Mississippi haranean baino arrasto nabariagorik utzi. Lurraldearen itxura osoa da urak egindako lanaren lekuko. Beronen egintza dira hango elkortasuna nahiz joritasuna. Hasierako ozeanoko uhinek landarezko lur-geruza itzelak metatu zituzten haranaren hondoan, hura berdintzeko denbora izan dutelarik. Eskuineko ibaiertzean egundoko lautadak daude, laborariak erroiloa pasatutako soroaren gainazala bezain leunak. Mendietara hurbildu ahala, ordea, lurra gero eta ezberdin eta elkorragoa da; hango lurzorua, nolabait esateko, mila tokitan zulatua dago, eta hasierako harkaitzak agertzen dira han-hemenka, denborak giharrea eta haragia jan dizkion eskeletoaren hezurrak bailiran. Lurgaina granito-hareaz eta irregularki zizelkaturiko harriz estalia dago; oztopo hauen artetik neke handiz azaltzen dituzte ernamuinak landare batzuek; eraikin handi baten hondakinez estalitako soro emankorra dela esan liteke. Izan ere, harri horiek eta harea hori aztertuz, erraza da ohartzea erabateko analogia dagoela berorien osagaien eta Mendi Harritsuetako gailur idor eta hautsiak osatzen dituztenen artean. Lurra haranaren hondora bota ondoren, azkenean harkaitzetako batzuk ere urak berekin eraman zituen dudarik gabe; inguruetako aldapetan behera biribilkarazi zituen, eta, elkarren aurka apurtu ondoren, mendi-barrenean barreiatu zituen gailurretatik kendutako hondakinak (A).

Mississippi harana da, arrazoi guztiengatik, gizakiaren bizileku izateko Jainkoak inoiz prestatu duen egoitzarik zoragarriena, eta hala ere oraindik basa eremu itzela baizik ez dela esan daiteke.

Alleghanyen eki-isuraldean, mendi hauen barrenaren eta Atlantiar ozeanoaren artean, harkaitz eta hareazko zerrenda luzea dago, itsasoak erretiratzerakoan ahaztua dirudiena. Lurralde honek 48 lekoako zabalera du batezbeste13, baina 390 lekoako luzera14. Lurzorua, kontinente amerikarraren alde honetan, neke handikoa da laborariaren lanerako. Landaretza urria eta uniformea da.

Abegi txarreko kostalde honetara bideratu ziren giza lanaren lehenengo ahaleginak. Lur-zerrenda idor honetan sortu eta hazi ziren kolonia ingelesak, egunen batean Amerikako Estatu Batuak izatera iritsiko zirenak. Gaur egun ere han bertan aurkitzen da boterearen muina, eta beraren atzean biltzen dira ia ezkutuan herri handiaren benetako elementuak, herri honi dagokiolarik zalantzarik gabe kontinentearen etorkizuna.

Europarrek, Antilletako itsasertzera iritsi zirenean, eta Hego Amerikako kostaldera geroago, olerkariek ospaturiko alegiazko lurraldeetan zeudela uste izan zuten. Tropikoko su-argiaren distira botatzen zuen itsasoak; ur haien gardentasun paregabeak lehen aldiz uzten zion nabigatzaileari itsas leize sakonak ikusten15. Han-hemenka uharte usaintsuak zeuden, ozeanoko urazal barearen gainean lorez betetako saskitxoak bailiran. Leku xarmangarri haietan ikus zitekeen guztiak gizakiaren beharretarako prestatua zirudien, edo beronen atseginerako pentsatua. Arbolarik gehienak fruitu elikagarriz abailduak zeuden, eta gizakiarentzat onura gutxienekoak begien pozgarri ziren beren koloreen distira eta ñabardurengatik. Limonondo usaintsu, basa pikondo, orri biribileko mitre, arkazia eta heriotzorriek -guztiak liana loretsuz elkarlotuta- eratzen zuten oihanean, Europakoentzat ezezagun ziren hegazti ugariek hego gorrimin eta urdinak distirarazten zituzten, eta beren txorrotxioen kontzertua mugimenduz eta bizitasunez beteriko naturaren harmoniarekin nahasten zuten (B).

Estalki distiratsu honen azpian heriotza zegoen ezkutuan; baina ez zen artean nabaritzen, eta gainera klima haietako giroan bazen nik ez dakit zer-nolako eragin ahulgarri bat, gizakia orainarekin lotzen zuena, etorkizunarekiko axolagabe bihurtuz.

Ipar Amerikak beste itxura bat zuen: han astun, serio eta handia zen dena; esan zitekeen adimenaren esparru bihurtzeko egina izan zela, bestea zentzumenen egoitza izateko bezala.

Ozeano uher eta lainotsuak biltzen zizkion ertzak; granitozko harkaitzak edo hondartzak zeuzkan gerrikotzat; bazterrak estaltzen zizkioten basoek hostaila itzaltsu eta malenkoniatsua hedatzen zuten; pinua, alertzea, artea, basa olibondoa eta ereinotza bakarrik ikusten zen han.

Lehen esparru honetan zehar igaro ondoren, oihan nagusiaren itzalpera sartzen zen; han aurkitzen ziren nahastuta bi hemisferioetan hazten diren zuhaitzik handienak. Platano, katalpa, azukre-astigar eta Virginiako makalaren adarrak haritz, pago eta ezkiarekin zeuden elkarlotuta.

Gizakiaren menpeko oihanetan bezala, hemen gelditu gabe jotzen zuen herioak; baina inor ez zen arduratzen hark eragindako hondakinak erretiratzeaz. Beraz, batzuk besteen gain metatzen ziren: ez zegoen denborarik behar bezain bizkor hauts bihurtzeko eta leku berriak prestatzeko. Baina, hondakin hauen erdian ere, ugalkuntza-lanak etengabe jarraitzen zuen. Landare igokariak eta mota guztietako belarrak irteten ziren aurrera oztopoen artetik; eroritako zuhaitzetan zebiltzan narraska, hauen hondar artean agertzen ziren, artean estaltzen zituen azal ihartua altxarazi eta apurtzen zuten, beren ernamuin gazteei bidea irekiz. Honela, heriotzak biziari laguntzen zion nolabait ere. Bata eta bestea agertzen ziren han, beren egintzak elkar-nahastu nahi izan balituzte bezala.

Iluntasun beltza zeukaten oihan haiek azpian; milaka errekastok, artean giza lanak ukitu gabeko ibilguak zituztenak, etengabeko hezetasuna sortzen zuten han. Nekez ikusten zen loreren bat, basa fruituren batzuk, hegaztiren batzuk.

Denborak eraitsitako zuhaitz baten erorketak, ibai baten urjauziak, bufaloen marrumak eta haizearen ziztu-hotsak bakarrik hausten zuten han naturaren isiltasuna. Ibai handiaren ekialdera, basoak desagertu egiten ziren neurri batean; berauen ordez, belardi mugagabeak hedatzen ziren. Naturak, bere aniztasun amaigabean, zuhaitzen hazia ukatu ote zien landa emankor hauei, ala antzina estaltzen zituen oihana gizakiaren eskuz suntsitua ote zegoen? Ez tradizioek ez zientzi ikerketek argitu ahal izan dute hau.

Hala ere, eremu itzel hauek ez ziren erabat giza presentziarik gabeak; mendeak ziren herri batzuk harat-honat zebiltzala oihaneko itzalpean edo belardietako larreetan. San Lorentzoren bokaletik Mississippiren deltaraino, Atlantiar ozeanotik Hegoaldeko itsasoraino, basati haiek antzeko ezaugarriak zituzten beren artean, jatorri amankomunaren adierazgarri. Baina, bestela, arraza ezagun guztiekiko ezberdinak ziren16: ez ziren zuriak europarrak bezala, ezta horiak ere asiar gehienak bezala, ezta beltzak ere afrikarrak bezala; gorriska zuten larruazala, ilea luze eta distiratsua, ezpainak meheak eta masailalboak oso irtenak. Amerikako basa herriek mintzatzen zituzten hizkuntzek hitzak zituzten beren artean ezberdinak, baina gramatika-erregela berberak zituzten guztiek. Erregela hauek, zenbait puntutan, nahiko urrun zeuden ordura arte gizakien hizkuntz eraketa gidatu zutela ematen zutenetatik.

Amerikarren hizkuntzak konbinazio berrien emaitza ematen zuen; gaur egungo indioek, dirudienez, ez daukaten bezalako adimen-indarra suposatzen zuen hura asmatu zutenengan (C).

Herri haien gizarte-egoera ere zenbait aldetatik ezberdina zen Mundu Zaharrean ikusten zenarekiko: beren eremuetan askatasunez ugaldu zirela esan zitekeen, beraiena baino arraza zibilizatuagoekin harremanik gabe. Ez zegoen, beraz, haien artean ongiaren eta gaizkiaren dudazko nozio inkoherente horietakorik, ezta berriro basati bihurtu diren nazio zibilizatuetan normalean ezjakintasun eta ohitura-zakarkeriarekin nahasten den ustelkeria larririk ere. Indioak bere buruari bakarrik zor zion dena: haren bertuteak, bizioak eta aurriritziak bere egintza ziren; bere naturaren independentzia basatian hazia zen. Jende xehearen zabarkeria, herrialde zibilizatuetan, ez da bakarrik ezjakin eta behartsu izatetik sortzen, baita, horrelakoak izanik, egunero pertsona ilustratu eta aberatsekin harremanetan daudelako ere.

Beren zoritxar eta ahultasuna, beren antzekoen arteko batzuen zorion eta boterearekin egunero kontrastatua, ikusteak, haien bihotzean sumina eta beldurra pizten ditu aldi berean; beren gutxiagotasun eta menpekotasunaren sentipenak amorrarazi eta apaldu egiten ditu. Arimaren barne-egoera hau beraien ohituretan agertzen da, baita hizkeran ere; lotsagabeak eta arruntak dira aldi berean.

Hau egia dela erraz frogatzen da behaketaz. Jendea beste inon baino zabarragoa da herrialde aristokratikoetan, eta hiri oparoetan gehiago landa-herrietan baino. Gizaki oso ahaltsu eta aberatsak dauden leku hauetan, ahulak eta behartsuak beren arrunkeriaz abailduta sentitzen dira; berdintasunera iristeko inolako biderik ikusten ez dutenez, zeharo etsitzen dute beren buruaz eta giza duintasuna baino beherago erortzen dira.

Baldintza-kontrastearen ondorio amorragarri hau ez da aurkitzen basa bizitzan: indioak, denak ezjakin eta behartsu direlarik, aldi berean denak berdin eta aske dira.

Europarrak iritsi zirenean, Ipar Amerikako indigenak artean ez zuen aberastasunen preziorik ezagutzen eta ez zitzaion axola gizaki zibilizatuak horien bidez lortzen duen ongizatea. Hala ere, ez zen harengan inolako zabarkeriarik nabari; aitzitik, bazuen bere portaeran berezko zuhurtasun bat eta halako gizalege aristokratiko bat.

Gozo eta abegikor bakean, errukigabea gerran, giza basakeriari ezagun zaizkion mugak ere gaindituz, indioa gosez hiltzeko prest egoten zen arratsean etxolako atera hurbiltzen zitzaion atzerritarrari laguntzearren, eta bere eskuez zatitzen zituen preso hartutakoaren gorputzatalak, oraindik taupaka ari zirenean. Antzinako errepublikarik ospetsuenek sekula ez zuten ausardia irmoagorik, arima harroagorik eta independentziaren zaletasun setatiagorik miretsi izan, Mundu Berriko oihan basatiek ezkutatzen zutena baino17. Europarrek zirrara txikia eragin zuten Ipar Amerikako itsasertzera iristean; haien agerpenak ez zuen ez inbidiarik, ez beldurrik sortu. Zer konkista egin zezaketen halako gizakien gain? Indioak bazekien beharrizanik gabe bizitzen, kexatu gabe sufritzen eta abestuz hiltzen18. Giza familia handiko beste kide guztiek bezalaxe, basati haiek mundu hobeago batean sinesten zuten gainera eta, izen ezberdinak emanez, Jainkoa, unibertsoaren egilea, gurtzen zuten. Egia intelektual handiei buruz zituzten nozioak xume eta filosofikoak ziren orokorrean (D).

Gu hemen nolako izaera zuen esaten ari garen herriak primitiboa eman arren, ezingo litzateke zalantzan jarri beste herri zibilizatuago bat, hura baino aurreratuagoa gauza guztietan, izan zela lehenago eskualde berberetan.

Tradizio ilun batek, baina Atlantikoaren ertzetako tribu indiar gehienetan zabalduak, erakusten digunez, herri horien berorien egoitza garai batean Mississippiren mendebaldean egon zen. Ohioren ibaiertzetan eta erdiko haran osoan zehar egunero topatzen dira oraindik giza eskuak eraikitako tontorrak. Monumentu hauek erdiraino zulatzen badira, ia beti aurkitzen omen dira giza hezurrak, lanabes bitxiak, armak, metalez egindako mota guztietako tresnak edo egungo arrazek ezagutzen ez dituzten erabilerak gogorarazten dizkigutenak.

Gaur egungo indioek ezin dute herri ezezagun horren historiari buruzko batere berririk eman. Duela hirurehun urte, Amerikaren aurkikuntzakoan, bizi zirenek ere ez zuten ezertxo esan, hipotesiren bat egin ahal izateko. Tradizioek, antzinako munduaren monumentu galkor eta etengabe birsortzen diren horiek, ez dute inolako argitasunik ematen. Han, ordea, gure antzeko milaka bizi izan zen; ez dago horren zalantzarik. Noiz iritsi ote ziren, eta zer jatorri, helburu edo historia izan ote zuten? Noiz eta nola suntsitu ote ziren? Inork ezin du esan.

Gauza bitxia! Herri batzuk hain erabat desagertu direnez lur gainetik, beraien izenaren oroitzapena ere ezabatu egin da; haien hizkuntzak galdu egin dira, haien ospea oihartzunik gabeko soinua bezala desagertu; baina ez dakit bakar bat egongo den hilobi bat gutxienez utzi ez duenik bere igaroaldiaren oroigarri. Hau, gizakiaren egintza guztietatik, bere ezereza eta miseriak hobekien gogorarazten dituena da oraindik ere.

Deskribatu berri dugun herrialde zabalean bertako tribu asko bizi izan bazen ere, aurkikuntza garaian eremu hutsa baino ez zela esan daiteke zuzentasunez. Indioak zeuden bertan, baina ez ziren beraren jabe. Gizakia nekazaritzaren bidez jabetzen da lurzoruaz, eta Ipar Amerikako lehen biztanleak ehizak ematen zienaz bizi ziren. Beraien aurriritzi errukigabeek, grina menperagaitzek, bizioek eta, are gehiago, agian beraien bertute basatiek ezinbesteko suntsipenera zeramatzaten. Herri haien hondamendia europarrak hango itsasertzetara iritsi ziren egunean hasi zen; etengabea izan da geroztik; gure egunotan burutu da. Badirudi Probidentziak, Mundu Berriko aberastasunen erdian kokatzean, gozamen laburra baino ez ziela eman; aberastasun haiek, nolabait ere, itxaroten baino ez zeuden han. Kosta haiek, merkataritza eta industriarako hain ongi prestatuak, ibai sakon haiek, Mississippiko haran agortezin hura, kontinente hura osorik, artean hutsik zegoen nazio handi baten sehaska bezala agertzen ziren.

Gizaki zibilizatuek hantxe saiatu behar zuten gizartea oinarri berrien gain eraikitzen, eta, ordura arte ezezagun edo aplikaezintzat jotako teoriak lehen aldiz aplikatuz, ikuskizun bat eskaintzera zihoazen munduari, zein iraganeko historiak hartarako prestatu gabe baitzeukan.