Amerikako Demokrazia I/II. Kapitulua

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
II. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

II. Abiapuntua eta beraren garrantzia angloamerikarren etorkizunerako

Herrien abiapuntua ezagutzearen onura beraien gizarte-egoera eta legeak ulertzeko.- Amerika da herrialde bakarra, non herri handi baten abiapuntua argi eta garbi hauteman ahal izan den.- Zertan ziren antzeko, Amerika ingelesean bizitzera joan ziren guztiak.- Zertan ziren ezberdin.- Mundu Berriko itsasertzean ezartzera joan ziren europar guztiei aplika dakiekeen oharpena.- Virginiako kolonizazioa.- Id. Ingalaterra Berrikoa.- Ingalaterra Berriko lehen biztanleen jatorrizko izaera.- Berauen iritsiera.- Lehen legeak.- Gizarte-kontratua.- Moisesen legeriatik hartutako kode penala.- Erlijiotasun sutsua.- Izpiritu errepublikarra.- Erlijio-izpirituaren eta askatasun-izpirituaren arteko batasun estua.

Gizon bat jaio da; lehen urteak iluntasunean ematen ditu haurtzaroko atsegin edo nekeen artean. Hazi egiten da; gizontasuna hasten da; munduko ateak zabaltzen dira bera hartzeko; bere antzekoekin hasten da harremanetan. Orduan aztergai bihurtzen da lehen aldiz, eta bere heltzaroko bizio eta bertuteen hastapenak ikusi uste dira berarengan.

Hori, oker ez banabil, ez da batere egia.

Jo atzera; aztertu haurra amaren besoetan dagoenera arte; ikus beraren adimenaren ispiluan, oraindik ilun, kanpoko mundua lehen aldiz isladatzen; behatu beraren begietatik sartzen diren lehen etsenpluak; entzun pentsamenaren ahalmen lokartuek beraren baitan iratzartzen dituzten lehen hitzak; izan, azkenik, berak zertu beharreko lehen borroken lekuko; eta orduan bakarrik ulertuko duzue nondik datozkion bere bizitza menperatuko duten aurriritziak, azturak eta grinak. Gizakia, nolabait esateko, oso-osorik dago bere sehaskako zapien artean.

Antzeko zerbait gertatzen da nazioen artean. Herriei beti erasaten die beren jatorriak. Beraien jaiotzan izan ziren eta garatzen lagundu zieten zirkunstantziek bizitzaren gainerako guztian izaten dute eragina.

Gizarteen osagaietaraino jo eta beraien historiako lehen monumentuak aztertu ahal izango bagenitu, ez dut zalantzarik bertan aurkituko genukeela aurriritzien, azturen, grina nagusien, izaera nazionala deitzen den hori osatzen duen guztiaren lehen kausa. Bertan aurkituko genuke gaur egun ohitura nagusien aurkakoak ematen duten usadioen azalpena; onarturiko printzipioen kontra daudela diruditen legeena; gizartean han-hemenka aurkitzen diren iritzi inkoherenteena, oraindik ere batzuetan eraikin zahar baten gangetatik zintzilika ikusten diren eta jadanik ezeri eusten ez dioten kate zati hautsi horien antzera. Honela esplikatuko litzateke zenbait herriren patua: indar ezezagun bat bezala, beraiek ere ezagutzen ez duten helmugarantz garraiatzen dituena. Baina orain arte egitateek ez dute honelako azterketarik izan; analisi-izpiritua, zahartu ahala bakarrik iritsi zitzaien nazioei, eta azkenean beren sehaskara begiratzea bururatu zitzaienean, ordurako denborak estalia zeukan halako laino batez, eta ezjakintasunak eta harrokeriak kondairaz inguratua, egia atzean ezkutatuz.

Amerika da herrialde bakarra, non behatu ahal izan diren gizarte baten bilakaera natural eta bareak, eta non zehaztu ahal izan den estatuen geroko ibilbidean abiapuntuak izandako eragina.

Europako jende-multzoak Mundu Berriko itsasertzetan jaitsi ziren garaian, ongi finkatuak zituzten beren izaera nazionalaren ezaugarriak; bakoitzak bere fisonomia berezia zuen; eta gizakia bere burua aztertzera eramaten duen zibilizazio-maila horretara iritsiak zirenez ordurako, beren iritzi, ohitura eta legeen egiazko deskribapena utzi ziguten. XV. mendeko jendea ia gure mendekoa bezain ongi ezagutzen dugu. Honela, Amerikak egunargitan erakusten digu lehen aroetako ezjakintasunak edo basakeriak bistatik kendu ziguna.

Gaur egungo gizakia -gizarte amerikarrak sortu ziren garaitik aski hurbil beraien osagaiak zehatz ezagutu ahal izateko, eta behar bezain urruti hastapen haiek eman dutena jadanik epaitu ahal izateko-, badirudi bere aurrekoak baino urrutirago ikusi beharrean dagoela gizakiari gertatutakoetan. Gure arbasoei falta zitzaien zuzi bat jarri digu Probidentziak eskura, eta iraganeko iluntasunak ezkutatzen zizkien lehen kausak bereizteko aukera eman digu, nazioen destinoan. Amerikako historia arretaz ikertu ondoren, hango egoera politiko eta soziala kontuz aztertzen denean, sakon komentziturik gelditzen zara egia honetaz: ez dagoela iritzirik, ez azturarik, ez legerik, ezta gertakaririk ere esango nuke, abiapuntuak erraz esplikatzen ez duenik. Liburu hau irakurtzen dutenek kapitulu honetan aurkituko dute, beraz, ondorengoaren hastapena eta ia obra osoaren giltza.

Gaur egun Batasun amerikarra den lurraldera bolada ezberdinetan iritsi ziren migrariak gauza askotan ziren beren artean ezberdinak; ez zuten helburu berbera, eta printzipio ezberdinetan oinarrituriko gobernua zuten.

Jende hark, halere, ezaugarri komunak zituen, eta antzerako egoeran aurkitzen ziren denak.

Hizkuntzaren lokarria da agian gizakiak elkar ditzakeen sendoena eta iraunkorrena. Migrari guztiek hizkuntza bera hitz egiten zuten; herri bereko seme-alabak ziren guztiak. Hainbat mendez partiduen borrokak asaldaturiko herrialde batean jaioak, bertan alderdiek, txandaka legeen babespean jarri beharrean aurkitu zirelarik, beren heziketa politikoa eskola latz horretan hartua zuten, eta beraien artean Europako herririk gehienetan baino zuzenbidearen nozio gehiago, benetako askatasunaren printzipio gehiago, zegoen hedaturik. Lehen migrazioen garaian, udal-gobernua, erakunde askeen ernamuin emankorra, jadanik sakon ezarria zegoen aztura ingelesetan, eta honekin batera herri-subiranotasunaren dogma Tudortarren monarkian bertan ere sartua zegoen.

Kristaudia astindu zuten erlijio-gatazken erdian zeuden orduan. Ingalaterra suhartsu samar abiatua zen lasterketa berri honetan. Jendearen izaera, beti serio eta gogoetatsua izana, zorrotz eta argudiozale bilakatua zen. Irakaspena asko gehitua zen adimen-borroka haietan; izpirituak hartua zuen kultura sakonagoa. Erlijioari buruz hitz egin bitartean, ohiturak ere garbiago bihurtuak ziren. Nazioaren ezaugarri orokor hauek guztiak, etorkizun berriaren bila ozeanoaz bestaldeko ertzetara joandako seme-alaben fisonomian aurkitzen ziren gutxi gora-behera.

Bada, bestalde, oharpen bat, zeinetara geroago itzultzeko aukera izango dugun, ez dena ingelesei bakarrik aplikatzekoa, baita frantsesei, espainolei eta Mundu Berriko itsasertzetan ezartzera elkarren segidan joandako europar guztiei ere. Kolonia europar berri guztiek zuten demokrazia osoaren, garapena ez bazen ere, bai behintzat ernamuina. Bi kausak eragiten zuten emaitza hori: oro har, esan daiteke, ama aberritik irtetean migrariek ez zutela batzuek besteekiko inolako gehiagotasun-ideiarik. Nekez dira erbesteratzen zoriontsu eta ahaltsuak, eta pobrezia eta zoritxarra dira gizakien artean ezagutzen diren berdintasunaren bermatzaile onenak. Baina gertatu zen zenbaitetan jauntxo handiak ere joan zirela Amerikara liskar politiko edo erlijiosoen ondoren. Han legeak eman ziren hierarki mailak ezartzeko, baina laster ikusi zen lurzoru amerikarrak erabat errefusatzen zuela lur-aristokrazia. Lur lankaitz hura goldatzeko jabearen beraren ahalegin etengabe eta arduratsuak behar zirela ikusi zen. Zorua prestatu ondoren, konturatu ziren emaitzak ez zirela behar hainbat handiak ugazaba eta maizterra aldi berean aberasteko. Beraz, jabeak bakarrik lantzen zituen lursail txikitan zatitu zen terrenoa. Nolanahi ere, lurrari heltzen dio aristokraziak, zoruari atxikitzen zaio eta bertan oinarritzen; ez dira pribilegioak bakarrik aristokrazia ezartzen dutenak, ezta jaiotza ere, herentziaz eskualdatzen den lurjabetza baizik. Nazio batek ikaragarrizko aberastasunak eta lazeria handiak izan ditzake; baina aberastasun horiek ez badira lurrari buruzkoak, izango dira behartsuak eta aberatsak nazio horretan, baina, egia esateko, aristokraziarik ez.

Sortu zirenean, beraz, kolonia ingeles guztiek zuten beren artean famili giro handia. Hasieratik denek ematen zuten askatasunaren garapena bultzatzera bideratuak, ez beren ama aberriko askatasun aristokratikoa, askatasun burges eta demokratikoa baizik, zeinen eredu osorik ez zen artean munduko historian agertzen. Giro orokor horren erdian, ordea, oso ñabardura biziak hautematen ziren, adierazi beharrekoak direnak.

Familia anglosaxoniar handiaren baitan bi ernamuin nagusi bereiz daitezke, gaur arte guztiz bat egin gabe hazi izan direnak, bata hegoaldean, bestea iparraldean. Virginiak hartu zuen lehen kolonia ingelesa. Migrariak 1607an iritsi ziren hara. Garai hartan, herrien aberastasuna urre eta zilar-meategiek ematen zutela pentsatzen segitzen zuen artean Europak; zoritxarreko ideia honek, horretara emandako nazio europarrak gehiago pobretu zituen eta Amerikan jende gehiago suntsitu zuen, gerrak eta lege txar guztiek batera baino. Beraz, urre-bilatzaileak -baliabiderik eta heziketarik gabeak- bidali ziren Virginiara19, eta haien izaera urduri eta asaldatuak koloniaren haurtzaroa20 nahastu zuen eta hango aurrerapenak koloka jarri. Ondoren industriariak eta nekazariak iritsi ziren, moral eta lasaitasun handiagoko jendea, baina Ingalaterrako behe-klaseen maila ia ezertan gainditzen ez zuena21. Batere goiburu bikainik, batere helburu inmaterialik, ez zen izan establezimendu berrien sorreran. Kolonia sortu orduko sartu zen esklabutza bertan22; egitate nagusi honek egundoko eragina izango zuen hegoaldearen izaeran, legeetan eta etorkizun osoan.

Esklabutzak, geroago azalduko dugun bezala, lana desohoratzen du; aisia sartzen du gizartean, eta honekin batera ezjakintasuna eta harrokeria, pobrezia eta luxua. Adimenaren indarrak ahultzen ditu eta giza jarduera moteltzen. Esklabutzaren eraginak, izaera ingelesarekin batera, hegoaldeko ohiturak eta gizarte-egoera azaltzen ditu.

Azpi ingeles beraren gainean oso bestelako ñabardurak ezarri ziren iparraldean. Zilegi bekit hemen xehetasun batzuk ematea. Iparraldeko kolonia ingelesetan, Ingalaterra Berriko estatuak izenaz ezagunagoak direnetan23, uztartu ziren gaur egun Estatu Batuetako gizarte-teoriaren oinarrian dauden bizpahiru ideia nagusiak.

Ingalaterra Berriko printzipioak inguruko estatuetara hedatu ziren lehenik; ondoren, poliki-poliki, urrutikoenetara iritsi ziren eta azkenerako konfederazio osoan sartu ziren, zilegi bazait honela esatea. Printzipio horien eragina beren mugez gaindi esparru amerikar osora iristen da orain. Ingalaterra Berriko zibilizazioa goiuneetako su horiek bezalakoa izan da, berotasuna inguruan zabaldu ondoren, beren argitasuna zerumugako azken bazterretaraino iristarazten dutenetakoa. Ingalaterra Berriaren eraketak ikuskizun berria eskaini zuen; han dena izan zen berezi eta orijinala.

Ia kolonia guztietako lehen biztanleak izan ziren hezigabeak eta baliabiderik gabeak, miseriak eta portaera txarrak jaioterritik kanpora bultzatutakoak, edo espekulatzaile diruzaleak eta industri enpresariak. Badira koloniak antzeko jatorririk ere izan ez zutenak: Santo Domingo itsaslapurrek sortu zuten eta gaur egun Ingalaterrako auzitegiak arduratzen dira Australia jendeztatzeaz.

Ingalaterra Berriko itsasertzetan finkatzera joan ziren migrariak ama aberriko klaserik edukitsuenetakoak ziren guztiak. Amerikako lurretan elkartu zirenean, hasiera-hasieratik, gizarte-fenomeno berezia gertatu zen, han ez baitzegoen ez jauntxo handirik, ez herri xeherik, ezta, nolabait esateko, behartsu eta aberatsik ere. Proportzioan, jende haren artean jakintzargi gehiago zegoen banatuta gaur egun Europako edozein nazioren baitan baino. Guztiak, bakar bat ere salbuetsi gabe agian, nahiko heziketa aurreratuaren jabe ziren, eta haietako batzuk ezagunak ziren Europan beren talentu eta jakintzagatik. Beste koloniak familiarik gabeko abenturariek sortu zituzten; Ingalaterra Berriko migrariek ordena- eta moralitate-elementu miresgarriak eraman zituzten berekin; beren emazte eta seme-alabekin joaten ziren eremu hutsetara. Baina gainerako guztiengandik bereizten zituena eginkizunaren helburua bera zen, batez ere. Ez zituen premiak beren herrialdetik irtetera behartu; bertan gizarte-posizio desiragarria uzten zuten, eta bizibide ziurrak; ez ziren Mundu Berrira beren egoera hobetu edo aberastasunak gehitzeagatik joaten; aberriko gozotasunak baztertzen bazituzten, adimen-mailako beharragatik bakarrik zen; erbesteratzearen ezinbesteko ezbeharretara arriskatzean, ideia baten arrakasta lortu nahi zuten.

Migrariak -edo, beren buruak ongi deitzen zituzten bezala, erromesak (pilgrims)- printzipioen laztasunagatik puritano izena zuen Ingalaterrako sekta horretakoak ziren. Puritanismoa ez zen bakarrik erlijio-doktrina; zenbait puntutan teoria demokratiko eta errepublikarrik absolutuenekin ere bat eginda zegoen. Hortik sortu zitzaizkion areriorik arriskutsuenak ere. Ama aberriko gobernuak pertsegituta, bizi zireneko gizartearen eguneroko martxak beren printzipioen zorroztasunean zaurituta, lurralde basati eta munduak abandonatua nahi zuten puritanoek beren gogara bizi eta Jainkoari askatasunez otoitz egiteko.

Guk geuk erantsi genezakeenak baino hobeto ezagutaraziko dute aipu batzuek abenturari jainkozale haien izpiritua.

Nathaniel Morton-ek, Ingalaterra Berriko lehen urteen historialariak, honela ekiten dio gaiari24: "Beti sinetsi izan dut -dio berak- eginkizun sakratua zela guretzat oroitzapenari idatziz iraunaraztea, gure arbasoek Jainkoaren ontasunaren agerbide ugari eta gogoangarriak hartu baitzituzten kolonia hau ezartzerakoan. Guk ikusi duguna eta gurasoek kontatu zigutena geure seme-alabei jakinarazi behar diegu, etorkizuneko belaunaldiek Jauna goresten ikas dezaten, haren zerbitzari Abrahamen leinua eta haren hautatu Jakoben seme-alabak beti oroit daitezen Jainkoaren mirarizko egintzez (Salmoa 105, 5-6). Beharrezkoa da jakin dezaten Jainkoak nola eraman zuen bere mahastia eremura; nola landatu zuen eta nola urrunarazi paganoak handik; nola prestatu zion lekua, sustraiak sakon lurperatuz eta ondoren zabaltzen eta lurra estaltzen utziz (Salmoa 80, 15.13); eta ez hori bakarrik, baita nola gidatu zuen bere herria tabernakulu santurantz eta bere ondareko mendi gainean ezarri (Ir 15, 13). Egitate hauek ezagutu egin behar dira, Jainkoak zor zaion ohorea izan dezan, eta haren aintzaren izpi batzuk beraren bitarteko izan ziren santuen izen beneragarrien gain jaus daitezen".

Ezinezkoa da hasiera hau irakurtzea, norberak nahi ala ez, zirrara erlijioso itzela sentitu gabe; badirudi bertan antzinako giroa arnasten dela eta halako lurrin bibliko bat.

Idazleak duen uste sendoak beraren mintzaira goraltzen du. Dagoeneko ez dugu ikusten, ezta hark ere, itsasoz harantz aberastasun bila doan abenturari-talde txiki bat; herri handi baten hazia da, Jainkoak aurrez aukeraturiko lurraldean bere eskuz ereingo duena.

Autoreak jarraitu eta honela marrazten du lehen migrarien irteera25:

"Honela -dio- irten ziren beraientzat atseden-leku izan zen hiri honetatik (Delft-Haleft); hala ere, lasai zeuden; bazekiten erromes eta arrotz zirela hemen behean. Ez zituzten beren buruak lurreko gauzei atxikitzen, begiak zerurantz jasotzen baizik, beren aberri maiterantz, non Jainkoak prestatua zien hiri santua. Iritsi ziren azkenik itsasuntzia zain zuten portura. Beraiekin joan ezin zen adiskide askok gutxienez haraino jarraitu nahi izan zien. Lorik gabe igaro zen gaua; adiskidetasun-agerpenetan, jainkozko hitzaldietan, benetako samurtasun kristauz beteriko adierazpenetan igaro zen. Biharamunean untzira sartu ziren; haraino ere joan nahi izan zuten adiskideek; hasperen sakonak entzun ziren orduan, malkoak ikusi ziren begi guztietatik isurtzen, besarkada luzeak eta otoitz sutsuak entzun ziren, arrotzak berak ere hunkitu zituztenak. Irteteko seinalea eman zenean, belaunikatu egin ziren, eta artzainak, malkoz beteta zerurantz begira, Jaunaren errukiari gomendatu zizkion. Azkenik agurtu ziren elkarren artean eta adio esan, haietako askorentzat azkena izango zen adioa".

Migrariak, gutxi gora-behera, ehun eta berrogeita hamarren bat izango ziren, gizon, emakume eta haur. Helburua Hudson-en ertzetan kolonia bat sortzea zen; baina itsaso zabalean noraezean ibili ondoren luzaroan, Ingalaterra Berriko kostalde idorretara joan behar izan zuten, gaur egun Plymouth hiria dagoen lekura. Oraindik ikusgai dago erromesak jaitsi zireneko harkaitza26.

"Baina urrutirago joan aurretik -dio aipatu dudan historialariak- kontuan har dezagun une batez herri gaixo honen egungo egoera, eta mires dezagun salbatu duen Jainkoaren ontasuna27.

"Igaroa zuten ozeano zabala, bidaiaren helmugara iristen ari ziren, baina ez zuten abegi egingo zien adiskiderik ikusten, ezta babestuko zituen bizilekurik ere; negu minean zeuden; eta gure klima ezagutzen dutenek ongi dakite zein latzak diren neguak eta zein hurakan bortitzek astintzen dituzten orduan gure kostaldeak. Urtaro honetan, leku ezagunak zeharkatzea ere zaila izaten da, are gehiago itsasertz berrietan ezartzea. Beraien inguruan eremu beldurgarri eta soila besterik ez zen ageri, piztia eta gizaki basatiz betea, zeinen basakeri maila eta kopurua ezezagunak baitzitzaizkien. Lurra izoztua zegoen; zorua basoz eta sasitzaz estalia. Itxura basatia zuen guztiak. Beren atzean, mundu zibilizatutik banantzen zituen ozeano itzela besterik ez zuten ikusten. Bake eta itxaropen pixka bat aurkitzeko, begiak zerurantz baino ezin zituzten jaso".

Ez da uste izan behar puritanoen jainkozaletasuna espekulatiboa bakarrik zenik, ezta giza gauzen ibileraz arduratzen ez zenik ere. Puritanismoa, gorago esan dudan bezala, teoria politikoa zen ia erlijio-doktrina beste. Nathaniel Mortonek deskribatu berri duen abegi txarreko itsasertz hartan lehorreratu orduko, migrarien lehen ardura gizarte-eraketa da, beraz. Honako hau dioen akta onartzen dute berehala28:

"Guk, geure izenak ondoren ezarri ditugunok, Jainkoaren aintzarako, kristau-fedearen garapenerako eta geure aberriaren ohorerako itsasbazter urrun hauetan lehen kolonia ezartzeari ekin diogunok, elkarren arteko adostasun solemnez eta Jainkoaren aurrean, gizarte politikozko gorputz bihurtzea hitzartzen dugu honen bidez, geure buruak gobernatzeko eta geure asmoak betetzearren lan egiteko helburuaz; eta kontratu honen indarrez, legeak, aktak eta ordenantzak aldarrikatzea hitzartzen dugu eta, beharren arabera, magistratuak eratzea, berauei menpekotza eta obedientzia agintzen dizkiegularik".

Hau 1620an gertatu zen. Ordudanik, migrazioa ez zen jadanik gelditu. Charles I.aren erregetza osoan inperio britainiarra astindu zuten grina erlijioso eta politikoek sektari-talde berriak bidali zituzten urtero Amerikako kostaldeetara. Ingalaterran, puritanismoaren bilguneak erdi-mailako klaseetan jarraitzen zuen; erdi-mailako klaseetatik irteten ziren migrari gehienak. Ingalaterra Berriko biztanleria bizkor ari zen hazten eta, ama aberrian maila-hierarkiak jendea despotikoki sailkatzen zuen bitartean, kolonian gero eta nabariagoa zen bere parte guztietan homogeneoa zen gizartearen ikuskizun berria. Demokraziak, antzinatea amestera ere ausartu ez zena, gizarte feudal zaharraren erditik ihes egiten zuen, handi-handi eta ongi armatua.

Arazo-iturriak eta iraultza berrien elementuak beregandik urruntzeaz pozik, gobernu ingelesak atsekaberik gabe ikusten zuen migrazio ugari hau. Ahal zuen guztiaz lagundu ere egiten zuen, eta beraren legeen gogortasunaren kontra babes bila Amerikako lurraldera zihoazenen destinoaz gutxi arduratzen zela ematen zuen. Ingalaterra Berria irudimenaren ametsetara utzitako eskualdetzat zeukala esan zitekeen, berrizaleen saiakuntza askeetara laga beharreko eskualdetzat, alegia. Kolonia ingelesek, eta hau izan zuten oparotasunaren kausa nagusienetako bat, beste herrialde batzuen koloniek baino barne-askatasun eta independentzia politiko handiagoa izan zituzten beti; baina askatasunaren printzipio hau ez zen beste inon Ingalaterra Berriko estatuetan baino osoago aplikatu. Garai hartan orokorki onartua zegoen Mundu Berriko lurraldeak lehenengo aurkitzen zituen nazio europarrarenak zirela.

Honela, Ipar Amerikako ia itsasertz guztia bihurtu zen ingelesen jabetza XVI. mendearen bukaera aldera. Aginterri berri hauek jendeztatzeko gobernu britainiarrak erabilitako baliabideak izaera ezberdinetakoak izan ziren: kasu batzuetan, erregeak, berak aukeratutako gobernariaren menpe jartzen zuen Mundu Berriko zati bat, eta honek bere izenean eta bere agindu zuzenen arabera administratzeko ardura izaten zuen29; hau Europaren gainerakoan onarturiko sistema koloniala da. Beste batzuetan, pertsona edo konpainiaren bati ematen zion herrialdeko zati jakin batzuen jabetza30. Botere politiko eta zibil guztiak zeuden, beraz, pertsona baten edo batzuen eskuetan bilduta, eta hauek, koroaren begiradapean eta kontrolpean, lurrak saldu eta biztanleak gobernatzen zituzten. Hirugarren sistema, azkenik, migrari-talde bati, ama aberriaren zaindaritzapean, gizarte politikoa eratzeko eskubidea ematea zen, baita beren buruak gobernatzekoa ere legeen aurkakoak ez ziren gauza guztietan.

Kolonizazio-era hau, askatasunaren oso aldekoa, Ingalaterra Berrian bakarrik egikaritu zen31.

1628an32, honelako karta bat eman zien Charles I.ak Massachusetts-eko kolonia sortzera joandako migrariei.

Baina, oro har, Ingalaterra Berriko koloniei kartak ez zitzaizkien eman beraien existentzia atzeraezin bilakatu eta askoz geroago baizik. Plymouth, Providence, New Haven, Connecticut-eko estatua eta Rhode Island-ekoa33 ama aberriak esku hartu gabe, eta nolabait ere jakin gabe, eratu ziren. Biztanle berriek, metropoliaren nagusitasunari uko egin gabe, ez zuten beronen baitatik atera botereen iturria, baizik eta beren buruak eratu zituzten, eta, hogeita hamar edo berrogei urte geroago, Charles II.aren garaian, legeztatu zitzaien izatea errege-karta baten bidez.

Honela, Ingalaterra Berriko lehen monumentu historiko eta legegintzakoak aztertuz, zaila da sarritan migrari haiek arbasoen herrialdearekin duten lokarria aurkitzea. Subiranotasun-egintzak zertzen agertzen dira une oro; beren magistratuak izendatu, bakea eta gerra egin, polizi araudiak ezarri eta beren buruentzako legeak ematen dituzte, Jainkoaren menpe bakarrik baleude bezala34.

Ezer ez da aldi berean bereziago eta argigarriagorik garai hartako legeria baino; bertan aurkitzen da, batez ere, Estatu Batuek egungo munduari aurkezten dioten gizarte-enigma handiaren gakoa.

Monumentu hauen artean, adierazgarrienetakotzat, Connecticuteko estatu txikiak 1650ean bere buruari emandako lege-kodea35 azpimarratuko dugu bereziki.

Connecticuteko legegileak36 lege penalei buruz arduratzen dira lehenik; eta hauek egiteko, testu sakratuetara jotzeko ideia bitxia izan zuten:

"Jauna ez den beste jainkorik gurtzen duenak -diote hasieran- heriotza-zigorra izango du".

Ondoren, antzeko hamar-hamabi xedapen, hitzez hitz Deuteronomioa, Irteera eta Lebitarrak liburuetatik hartuak.

Biraoak, aztikeriak, adulterioak37, bortxaketak heriotza-zigorra izango dute; seme-alabek gurasoei egindako irainak ere zigor berbera du. Honela, herri landugabe eta erdi zibilizatu baten legeria, jakintzaz argituriko izpiritu eta ohitura gozoko gizarte baten baitara eskualdatu zen; horregatik, sekula ez zen heriotza-zigorra legeetan hain zabaldua eta gero hain errudun gutxiri aplikatua ikusi.

Legegileak, lege penalen gorputz horretan, gizartean ordena morala eta ohitura onak mantentzeaz arduratu ziren batez ere; honela kontzientziaren esparruan sartzen dira etengabe, eta ia ez dago bekaturik magistratuaren zentsurapean jartzen ez dutenik. Ohartu ahal izan da irakurlea lege hauek zein zorrotz zigortzen zituzten adulterioa eta bortxaketa. Ezkongabeen arteko harreman hutsa ere gogor zigortzen da. Errudunei hiru zigor hauetakoren bat ezartzeko eskubidea uzten zaio epaileari: isuna, zartailua edo ezkontza38; eta, New Haveneko auzitegi zaharretako erregistroetan dagoena sinestekotan, honelako auziak ez ziren urriak izaten; bada, 1660ko maiatzaren 1eko dataz, neska gazte baten aurkako epaiketa, isun eta zentzarazpenaz, zuhurtzia gutxiko hitzen batzuk esan eta musu bat ematen utzi izanaren akusaziopean39. 1650eko Kodeak prebentziozko neurri ugari du. Nagikeria eta hordikeria zorrotz zigortzen ditu40. Ostalariek ezin diote kontsumitzaile bakoitzari ardo-kantitate jakin bat baino gehiago eman; isunak edo zartailuak zigortzen du gezur hutsa, kaltegarri gertatzen denean41. Beste puntu batzuetan, legegileak, berak Europan eskatzen zituen erlijio-askatasuneko printzipio handiak zeharo ahaztuz, isunaren mehatxupean, elizkizunetara joatera behartzen du42, eta zigor latzak eta sarritan heriotza ezartzeraino iristen da43, berea ez bezalako formularen batez Jainkoa gurtu nahi duten kristauen kontra44. Batzuetan, azkenik, arauketarako duen irrikak berarentzat batere duinak ez diren ardurak hartzeraino eramaten du. Honela, tabakoa erretzea debekatzen duen lege bat dago kode berean45. Gainera, ez da ahaztu behar lege bitxi edo tiraniko hauek ez zirela goitik behera ezarriak; interesatuek berek askatasunez bozkatzen zituzten, eta ohiturak legeak baino ere zorrotzago eta puritanoagoak ziren. 1649an Bostonen elkarte ospetsu bat eratu zen, ile luzearen luxu mundutiarra eragoztea helburutzat zeukana46 (E).

Honelako desbiderapenak zalantzarik gabe lotsagarriak dira giza izpirituarentzat; gure izaeraren askatasuna adierazten dute, egiari eta zuzentasunari tinko atxikitzeko gai ez izanik, bi gehiegikerien artean aukeratzera mugatzen baita sarritan.

Sektakeria estuaz eta pertsekuzioak asaldarazitako eta artean bihotzondoan bor-bor zeuden erlijio-grina guztiez biziki kutsaturiko legeria penal honen ondoan, lege politikoen gorputz bat dago kokatua, eta nolabait ere beraiekin kateatua, duela berrehun urte eratua izan arren, gure garaiko askatasun-izpiritua baino askoz aurrerago dagoela ematen duena oraindik ere.

Konstituzio modernoek oinarrian dituzten printzipio orokorrak -XVII. mendeko europar gehienek ozta-ozta ulertzen zituzten eta orduan Britainia Handian ezosoki nagusitzen ari ziren printzipio horiek-, denak onartu eta ezarri zituzten Ingalaterra Berriko legeek: hango arazo publikoetan eztabaidarik gabe eta egitez ezarri ziren herriaren eskuhartzea, zergak askatasunez bozkatzea, botere-agenteen erantzukizuna, gizabanakoaren askatasuna eta epaimahai bidezko judizioa. Printzipio sortzaile hauek, oraindik Europako nazioak ematen ausartu ez diren aplikazio eta garapenak hartzen dituzte han.

Connecticuten, hautesleria hiritar guztiek osatu zuten hasieratik, eta hau inolako eragozpenik gabe47. Sortzen ari zen herri hartan bazen orduan ia erabateko berdintasuna aberastasunari zegokionean eta are gehiago adimenari zegokionean48.

Connecticuten, garai hartan, botere exekutiboaren agente guztiak hautatu egiten ziren, baita estatuko gobernaria ere49.

Hamasei urtez gorako hiritarrak beharturik zeuden soldadutza egitera; milizia nazionala osatzen zuten, bere ofizialak izendatzen zituena eta herrialdea defendatzera joateko une oroz prest egon behar zuena50.

Connecticuteko legeetan, Ingalaterra Berriko guztietan bezalaxe, udal-independentzia ikusten da sortzen eta garatzen, gaur egun ere askatasun amerikarraren printzipio eta bizia bezala dena.

Europako nazio gehienetan, izate politikoa gizarteko goi-mailetan hasi zen eta poliki-poliki, eta betiere ezosoki, gizarte-gorputzaren beste zatietara iritsiz joan zen.

Amerikan, aitzitik, udalerria konderria baino lehen antolatu zela esan daiteke, konderria estatua baino lehen, estatua Batasuna baino lehen.

Ingalaterra Berrian udalerria zeharo eta behin-betiko eratua dago 1650etik aurrera. Udal-indibidualitatearen inguruan elkartzen eta atxikitzen dira hertsiki interesak, grinak, eginbeharrak eta eskubideak. Udalerriaren barruan benetako bizitza politikoa, aktiboa, guztiz demokratikoa eta errepublikarra ikusten da nagusitzen. Koloniek metropoliaren nagusitasuna aitortzen dute oraindik; monarkia da estatuko legea, baina dagoeneko errepublika bizi-bizirik dago udalerrian. Udalerriak mota guztietako magistratuak izendatzen ditu; bere zergak erabakitzen ditu, berak banatzen eta biltzen ditu51. Ingalaterra Berriko udalerrian ez da onartzen ordezkapen-legea. Plaza publikoan eta hiritarren batzar nagusiaren baitan aztertzen dira, Atenasen bezala, guztien interesari dagozkion arazoak. Errepublika amerikarren lehen garai honetan aldarrikatu ziren legeak arretaz aztertzen direnean, harrigarriak gertatzen dira legegilearen gobernatzeko argitasuna eta teoria aurreratuak.

Nabaria da, legegile hark, gizarteak bere kideekiko dituen eginbeharrez ideia jasoago eta osoagoa duela garaiko legegile europarrek baino, eta beste leku batzuetan artean ez zeuzkan betebeharrak ezartzen dizkiola. Hasieratik, Ingalaterra Berriko estatuetan ziurtatua dago behartsuen zoria52; neurri zorrotzak hartzen dira bideen mantenurako, funtzionariak izendatzen dira hauek zaintzeko53; udalerrietan erregistro publikoak daude eztabaida orokorren emaitzak eta hiritarren heriotzak, ezkontzak eta jaiotzak inskribatzeko54; erregistro hauetaz arduratzeko eskribauak izendatzen dira55; ofizialei ematen zaie oinordetza ordeinugabeak administratzeko ardura; beste batzuei, heredaturiko lursailen mugak zaintzekoa, eta udalerrian baretasun publikoari eustea da beste zenbaiten zeregin nagusia56.

Legea mila xehetasunetan sartzen da gizarte-premia asko aurrikusi eta asetzeko, hauei buruz gaur egun oraindik ere sentipen nahasia baino ez dagoenean Frantzian. Baina hezkuntza publikoari buruzko aginduetan ikusten da argi eta garbi, hasieratik, zibilizazio amerikarraren izaera berezia.

"Kontuan izanik -dio legeak- Satanek, gizadiaren etsaiak, gizakien ezjakintasunean aurkitzen dituela bere armarik ahaltsuenak eta garrantzitsua dela gure gurasoek ekarritako jakintzargiak ez gelditzea haien hilobian sartuta; kontuan izanik haurren hezkuntza dela Estatuaren lehen interesetako bat, Jaunaren laguntzaz57...". Ondoren, udalerri guztietan eskolak sortzen dituzten xedapenak datoz, eta biztanleak, isun handien mehatxupean, zergak ordaintzera behartzen dituzte beroriei eusteko. Era berean, goi-mailako eskolak sortzen dira barrutirik jendetsuenetan. Udal-magistratuek arduratu behar dute gurasoek haurrak eskolara bidal ditzaten; honi uko egiten diotenen kontra isunak jartzeko eskubidea dute; eta hala ere onartzen ez badute, gizarteak, familiaren lekua hartuz, haurraz jabetu eta gurasoei naturak emandako eskubideak kentzen dizkie, hain gaizki erabili dituztelako58. Irakurlea ohartuko zen zalantzarik gabe ordenantza hauen atarikoaz: Amerikan erlijioa da jakintzargietara eramaten duena; jainko-legeak betetzea da gizakia askatasunera eramaten duena.

Honela, 1650eko gizarte amerikarrari begiratu bizkor bat eman ondoren, garai berean Europan, eta batez ere kontinentean, dagoen egoera aztertzen bada, harridura sakona sortzen da. Europako kontinentean, XVII. mendearen hasieran, erregetza absolutua zen alde guztietan nagusi, Erdi Aroko askatasun oligarkiko eta feudalaren hondakinen gainean. Europa distiratsu eta literario honen baitan, agian sekula ez zen hain ezezaguna izan eskubideen ideia; sekula ez zuten herriek gutxiago bizi izan bizitza politikoa; sekula ez zituzten benetako askatasunaren nozioek gutxiago kezkatu gogoak; eta orduantxe, hain zuzen, Europako nazioetan ezezagunak edo gutxietsiak ziren printzipio hauek berauek Mundu Berriko eremuetan aldarrikatzen zituzten eta herri handi baten etorkizuneko ikur bihurtzen ziren. Itxuraz hain apala zen gizarte hartan bakarrik, zeinaz arduratzeko ez baitzegokeen prest inongo estatu-gizonik, gauzatzen ziren giza izpirituaren teoriarik ausartienak; bere izaeraren berezitasunera utzia, gizakiaren irudimenak aurrekinik gabeko legeria asmatu zuen han. Artean ez jeneralik, ez filosoforik, ez idazle handirik eman ez zuen demokrazia ilun haren baitan, gizon batek herri aske baten aurrean altxatu eta askatasunaren defizio eder hau eman ahal izan zuen, guztien txalo hartan59:

"Ez ditzagun geure buruak engaina geure independentziaz ulertu behar dugunaz. Bada, hain zuzen, halako askatasun usteldu bat, abereek nahiz gizakiek erabiltzen dutena, eta gogoak ematen duena egitea da hori. Askatasun hau autoritate guztiaren etsai da; egonezinik jasaten ditu arau guztiak; garena baino gutxiago bihurtzen gara honekin; egiaren eta bakearen etsai da; eta beronen kontra altxatu beharra iruditu zaio Jainkoari! Baina bada askatasun zibil eta moral bat, bere indarra batasunean aurkitzen duena, eta hau babestea da boterearen beraren eginkizuna: on eta bidezko den guztia beldurrik gabe egiteko askatasuna da. Askatasun santu hau okasio guztietan defendatu behar dugu eta, behar izanez gero, geure bizia arriskatu beronengatik".

Dagoeneko nahikoa esan dut zibilizazio angloamerikarraren izaera behar beste argitzeko. Hau (eta abiapuntua etengabe izan behar dugu gogoan) zeharo ezberdin diren bi elementuen emaitza da, beste leku batzuetan sarri elkarren etsai izan arren, Amerikan nolabait ere biak bat egitera eta paregabeki konbinatzera iritsi diren bi elementuren emaitza. Erlijio-izpirituaz eta askatasun-izpirituaz ari naiz.

Ingalaterra Berriaren sortzaileak sektario sutsuak eta aldi berean berritzaile asaldatuak ziren. Erlijio-sineskizun batzuen lokarririk estuenetan harrapatuak, aurriritzi politiko orotatik aske zeuden.

Hortik sortu ziren bi joera ezberdin, baina ez aurkako, eta edonon aurkitzen da hauen arrastoa, ohituretan nahiz legeetan.

Gizon batzuek erlijio-iritzi bati beren adiskide, familia eta aberria sakrifikatzen dizkiote; hain prezio altuan erosi nahi duten adimen-ondasun horren atzetik burubelarri dabiltzala pentsa daiteke. Baina aberastasun materialak eta atsegin moralak grina beretsuaz bilatzen dituztela ikusten da: zerua beste munduan, eta ongizatea eta askatasuna hemengo honetan.

Haien eskuetan printzipio politiko, lege eta giza erakundeek gauza moldagarriak dirudite, nahierara erabili eta konbina daitezkeenak.

Jaio zireneko gizartea preso zeukaten hesiak eraitsi egiten dira beraien aurrean; iritzi zaharrak, aspaldiko mendeotan mundua gidatzen zutenak, desagertu egiten dira; ia mugarik gabeko lasterketa eta ertzik gabeko landa zabala agertzen dira: beronetara oldartzen da giza izpiritua, eta norabide guztietan ibiltzen da; baina, mundu politikoaren mugetara iristean, berez gelditzen da; dardaran, bertan behera uzten du bere ahalmenik beldurgarrienak erabiltzeko aukera; baztertu egiten du zalantza; uko egiten dio berritu beharrari; santutegiko oihal-estalkia ere ez du jaso nahi; begirunez makurtzen da eztabaidarik gabe onartzen dituen egien aurrean. Honela, moralaren munduan, dena sailkatua dago, koordinatua, aurrikusia, aurrez erabakia. Politikaren munduan, dena asaldura da, zalantza, ziurtasunik eza; batean, obedientzia pasiboa, nahiz eta borondatezkoa izan; bestean, independentzia, esperientziaren gutxiespena eta autoritate ororekiko susmo txarra. Elkar kaltetu ordez, bi joera hauek, itxuraz hain aurkakoak, bat eginda dabiltza eta elkarri laguntzen diotela dirudi.

Askatasun zibilean, giza ahalmenen egikaritza bikaina ikusten du erlijioak; politikaren munduan, Egileak adimenaren ahaleginetara lagatako alorra. Aske eta ahaltsu bere esparruan, dagokion postuaz pozik, erlijioak badaki are hobeto ezarria dagoela bere agintea, bere indarrez bakarrik baita nagusi eta inolako laguntzarik gabe menperatzen baititu bihotzak.

Erlijioan, askatasunak bere borroka eta garaipenetako laguna ikusten du, haurtzaroko sehaska, bere eskubideen jainkozko sorburua. Erlijioa ohituren babesletzat hartzen du; ohiturak legeen bermetzat eta bere iraupenaren bahituratzat (F).

Angloamerikarren lege eta ekanduek agertzen dituzten zenbait berezitasunen zergatia Instituzio aristokratiko batzuen aztarnak demokraziarik osoenaren barruan.- Zergatik?.- Arretaz bereizi behar da zer den jatorri puritanokoa eta zer jatorri ingelesekoa.

Irakurleak ez du ondorio orokorregi eta absolutuegirik atera behar aurreko horretatik. Lehen migrarien gizarte-izantza, erlijio eta ohiturek, zalantzarik gabe, eragin ikaragarria izan dute beraien aberri berriaren destinoan. Hala ere, ez zen haien esku egon abiapuntua beraiengan bakarrik izango zukeen gizarte bat eratzea; inor ezin da iraganetik zeharo deslotu; haiei zera gertatu zitzaien: bere-bereak zituzten ideia eta usadioekin, beren heziketa edo beren herrialdeko tradizio nazionaletatik zetozkien beste usadio eta ideia batzuk nahastu zituztela, beren borondatez edo oharkabean.

Gaur egungo angloamerikarrak ezagutu eta epaitu nahi direnean, arretaz bereizi beharra dago zer den jatorri puritanokoa eta zer jatorri ingelesekoa.

Estatu Batuetan sarri aurkitzen dira inguruko guztiarekin kontrastatzen duten lege eta ekanduak. Lege hauek, Amerikako legerian nagusi den izpirituaren aurkako izpirituaz idatziak ematen dute; ohitura hauek gizarte-egoera orokorraren aurkakoak dirudite. Kolonia ingelesak mende ilunbetsu batean sortu balituzte, edo jatorria aspaldiko antzinatean galdua balute, argitu ezina litzateke arazoa.

Adibide bakarra aipatuko dut neure pentsaera ulertarazteko.

Amerikarren legeria zibil eta kriminalak bi ekintza-bide bakarrik ezagutzen ditu: presondegia edo fidantza. Prozedurako lehen ekintza demandatuaren kauzioa lortzea izaten da edo, uko egiten badio, preso sarraraztea; ondoren eztabaidatzen da demandatzeko arrazoien baliotasuna edo karguen astuntasuna.

Garbi dago honelako legeria behartsuaren aurkakoa dela eta aberatsari bakarrik laguntzen diola.

Behartsuak ez du kauzioa beti aurkitzen, ezta arazo zibiletan ere, eta justiziaren zain presondegira joan beharra izaten badu, beharturiko geldialdi horrek berehala uzten du lazerian.

Aberatsak, ordea, beti lortzen du presondegiari ihes egitea arazo zibiletan; are gehiago, delitua egin badu, erraz ihes egiten dio jasan beharko lukeen zigorrari, kauzioa aurkeztu ondoren, desagertu egiten baita. Esan daiteke, beraz, aberatsarentzat legeak ezartzen dituen zigor guztiak isunetara mugatzen direla60. Ba ote horrelako legeria baino aristokratikoagorik?

Hala ere, Amerikan behartsuak dira legea egiten dutenak, eta normalean berentzat gordetzen dituzte gizarteko abantailarik handienak.

Ingalaterran aurkitu behar da fenomeno honen azalpena, aipatzen ari naizen legeak ingelesak baitira61. Amerikarrek ez dituzte aldatu, nahiz eta beraien legeria osoaren eta ideia guztien kontra-kontrakoak izan.

Bere usadioez gain, legeria zibila da herri batek gutxien aldatzen duena. Lege zibilak legelariek bakarrik ezagutzen dituzte, hau da, onak edo txarrak izan, dauden bezala mantentzeko zuzeneko interesa dutenek, menperatzen dituztelako alegia. Nazioaren gehiengoak ia ez ditu ezagutzen; kasu partikularretan izan ezik ez ditu jardunean ikusten, nekez ulertzen du horien joera eta hausnarketarik gabe makurtzen da berorietara. Adibide bat aipatu dut, baina beste asko aipatu ahal izango nituzkeen.

Gizarte amerikarrak ageri duen koadroa geruza demokratiko batez estalia dago, zilegi bazait honela adieraztea, eta horren azpian aristokraziaren antzinako koloreak agertzen dira noizbehinka.