Amerikako Demokrazia I/III. Kapitulua

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
III. Kapitulua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

III. Angloamerikarren gizarte-egoera

Gizarte-egoera normalean egitateren baten ondorio izaten da, baina batzuetan legeena, eta gehienetan bi kausa hauena batera; baina behin badenez gero, nazioen portaera arautzen duten lege, ekandu eta ideia gehienen lehenengo kausatzat har daiteke gizarte-egoera bera. Berak sortzen ez duena, aldatu egiten du.

Herri baten legeria eta ohiturak ezagutzeko, beraren gizarte-egoera aztertzetik hasi behar da, beraz. Angloamerikarren gizarte-egoeraren puntu nabarmenena funtsean demokratikoa izatea da Ingalaterra Berriko lehen migrariak.- Beren artean berdinak.- Hegoaldean sartutako lege aristokratikoak.- Iraultzaren garaia.- Oinordetzako legeen aldaketa.- Aldaketa honek sorturiko ondorioak.- Berdintasuna azken mugetaraino eramana mendebaldeko estatu berrietan.- Adimenen arteko berdintasuna.

Hainbat oharpen garrantzizko egin ahal izango litzateke angloamerikarren gizarte-egoeraz, baina bat beste guztien gainetik dago. Amerikarren gizarte-egoera demokratikoa da batez ere. Koloniak sortu zirenetik izan du izaera hau; are gehiago du gaur egun.

Esan dut aurreko kapituluan berdintasun handia zegoela Ingalaterra Berriko itsasertzean finkatzera joandakoen artean. Aristokraziaren hazia bera sekula ez zen Batasunaren alde horretan erein. Adimenaren eragina bakarrik ezarri ahal izan zen bertan. Herria izen jakin batzuk gurtzera ohitu zen, jakintzaren eta bertuteen ezaugarri gisa. Hiritar batzuen ahotsak halako botere bat lortu zuen herriaren gain, agian arrazoiz aristokratikoa dei zitekeena, gurasoengandik seme-alabengana beti igaro ahal izan balitz.

Hau Hudson ibaiaren ekialdera gertatzen zen; hego-mendebaldera, eta Floridetaraino jaitsiz, bestelakoa zen egoera.

Hudsonen hego-mendebaldera kokaturiko estatu gehienetara, ondasun handien jabeak joan ziren Ingalaterratik. Printzipio aristokratikoak, eta hauekin batera oinordetzari buruzko lege ingelesak, eraman zituzten. Jakinarazi ditut Amerikan inoiz aristokrazia indartsua ezarri ahal izatea eragozten zuten arrazoiak. Arrazoi hauek, Hudsonen hego-mendebaldean ere baziren arren, ibaiaz ekialdera baino indar gutxiago zuten han. Hegoaldean, gizon bakar batek, esklabuen laguntzaz, lursail handia landu zezakeen. Kontinentearen alde honetan lur-jabe aberatsak zeuden, beraz; baina hauen eragina ez zen bereziki aristokratikoa, Europan ulertzen den bezala, ez baitzuten inolako pribilegiorik, eta esklabuen bidezko lur-langintzak ez zien maizterrik ematen, ezta, beraz, eskumenik ere. Halaz guztiz, lur-jabe handiek, Hudsonen hegoaldera, goi-mailako klasea osatzen zuten, bere ideia eta gustuak zituena, eta normalean ekintza politikoa bere baitan biltzen zuena. Nolabaiteko aristokrazia zen, herri-multzoarekiko ez oso ezberdina, beronen grina eta interesak erraz bereganatzen zituena, ez maitasunik eta ez gorrotorik sortarazi gabe; azken finean, ahula eta bizitasun txikikoa. Klase hau izan zen, hegoaldean, altxamenduaren buru jarri zena: Amerikako iraultzak bere gizonik handienak zor dizkio.

Garai hartan, gizarte osoa astindu zen: herriak, zeinen izenean egiten baitzen gerra, ahaltsu bihurtua, bere kabuz jarduteko gogoa izan zuen; sen demokratikoa esnatu zen; metropoliaren uztarria apurtzean, gustu hartu zitzaion independentzi mota orori. Eragin indibidualak, poliki-poliki, gutxituz joan ziren; ohitura eta legeak helburu bererantz abiatu ziren bat eginda.

Baina berdintasunari azken urratsa emanarazi ziona oinordetzari buruzko legea izan zen. Harritu egiten nau antzinako eta egungo publizistek giza arazoen garapenean eragin handiagorik ez egotzi izana oinordetza-legeei62. Egia da lege hauek maila zibilekoak direla; baina erakunde politiko guztien buruan jarrita egon beharko lukete, eragin itzela baitute herrien gizarte-egoeran, eta honen adierazpen baino ez dira lege politikoak. Gainera, legeek era ziur eta uniformea dute gizartean eragiteko; nolabait ere, jaio baino lehen jabetzen dira belaunaldiez. Horiei esker, ia jainkozkoa den ahalmenaz hornitzen da gizakia bere antzekoen etorkizunarekiko. Legegileak behin arautzen du hiritarren oinordetza, eta atseden hartzen du hainbat mendez. Bere egintza abiarazi ondoren, ken dezake eskua; makinak bere indarrez jarduten du, eta bere kabuz bezala bideratzen da aurrez ezarritako helmugarantz. Tankera zehatz batez eratua, bururen baten inguruan biltzen, kontzentratzen, multzokatzen du jabetza, eta laster boterea; lur-aristokrazia sortarazten du nolabait ere. Beste printzipio batzuen gidaritzapean, eta beste bide batetik eramana, are bizkorragoa da berorren ekintza; zatitu, banatu, barreiatu egiten ditu ondasunak eta boterea; orduan, gertatzen da batzuetan izutu egiten duela martxa horren bizkortasunak; abiada hori geldiarazteko itxaropenik gabe, eragozpen eta oztopoak jarri nahi izaten zaizkio aurrean; aurkako ahaleginen bidez orekatu nahi izaten da horren ekintza; alferrikako ardurak! Suntsitu edo lehertarazi egiten du aurrean aurkitzen duen guztia, altxatu eta erori ibiltzen da etengabe, azkenean hauts mugikor eta ukiezina bakarrik gelditzen den arte ikusteko moduan, eta bertan demokrazia ezarria.

Oinordetza-legeak aitaren ondasunak seme-alaba guztien artean berdin banatzen uzten badu, eta are gehiago agintzen badu, bi motakoak izaten dira ondorioak; garrantzizkoa da arretaz bereiztea, helburu bererantz jotzen duten arren.

Oinordetza-legearen indarrez, jabe bakoitzaren heriotzak iraultza sortzen du jabetzan; ondasunak ez dira nagusiz bakarrik aldatzen, baita, nolabait esateko, izaeraz ere; zati txikiagotan banatzen dira etengabe.

Hori da legearen ondorio zuzena eta, nolabait ere, materiala. Legeriak banaketa-berdintasuna ezartzen duen herrialdeetan, ondasunek, lurrari buruzkoek batez ere, murrizteko joera iraunkorra izan behar, beraz. Hala ere, legeari bere kabuz utziko balitzaio, legeria horren ondorioak luzarora bakarrik nabarituko lirateke; zeren eta, familian ez badaude bi seme-alaba baino gehiago (eta Frantzia bezalako herrialde jendetsu bateko familietan batezbeste hiru omen daude), seme-alaba hauek aitaren eta amaren ondasunak banatzean, ez dira hauetako bakoitza banaka baino behartsuago izango.

Baina banaketa berdinaren legeak ez du ondasunen zorian bakarrik eragiten; jabeen ariman ere badu eraginik, eta hauen grinei hots egiten die lagun diezaioten. Horren zeharkako ondorioak dira aberastasun handiak, eta lur-jabetza handiak batez ere, bizkor suntsitzen dituztenak.

Oinordetza-legea primutza-legean oinarritzen den herrietan, lur-jabetzak gehienetan belaunaldiz belaunaldi eskualdatzen dira zatitu gabe. Ondorioz, famili izpiritua lurrean gauzatzen da nolabait ere. Familiak lurra errepresentatzen du, lurrak familia; honen izena, jatorria, aintza, boterea eta bertuteak betikotzen ditu lurrak. Iraganaren lekuko galezina da, eta geroko izatearen berme preziatua.

Oinordetza-legeak banaketa berdina ezartzen duenean, suntsitu egiten du famili izpirituaren eta lurrari iraunaraztearen artean zegoen lotura estua; lurrak ez du jadanik familia errepresentatzen, belaunaldi bat edo biren buruan zatitzea eragotzi ezin denez, garbi baitago etengabe murriztu eta azkenean zeharo desagertuko dela. Lur-jabe handi baten seme-alabek, gutxi badira edo patua alde badute, izan dezakete beren sortzailea baino behartsuago ez izateko itxaropenik, baina ez ondasun berberak izatekoa; seme-alaben aberastasuna gurasoarena ez bezalako elementuz osatuko da halabeharrez.

Nolanahi ere, lur-jabeei sentimendu, oroitzapen, harrotasun edo lurrari iraunarazteko gogoa bezalako interes handi bat kentzen diezun momentutik, ziur egon lehentxeago edo geroxeago lurra saldu egingo dutela horiek, diru-interes handia baitute salmentan, kapital higigarriek besteek baino korritu gehiago ematen dutelako eta momentuko grinak asetzeko askoz egokiagoak direlako.

Behin zatitu ondoren, lur-jabetza handiak ez dira inoiz berrosatzen, proportzioan jabe txikiak etekin handiagoa ateratzen baitio bere landari63 jabe handiak bereari baino; honek baino askoz garestiago saltzen du, beraz. Honela, aberatsa jabetza zabalak saltzera bultzatu duten kalkulu ekonomikoek are arrazoi handiagoz eragotziko diote jabetza txikiak erostea, handiak berrosatzeko.

Famili izpiritua deitzen dena gizabanakoaren berekoikeriaren ilusioan oinarritzen da sarri. Betikotzea eta nolabait ere hilezkortzea lortu nahi izaten da berbilobengan. Famili izpiritua amaitzen den puntuan, bakoitzaren berekoikeria agertzen da bere benetako joerekin. Familia gauza lauso, zehazgabe, ziurgabe bezala agertzen zaionez izpirituari, bakoitza bere orainaren erosotasunaz arduratzen da; ondorengo belaunaldiaren ezarpenean pentsatzen da, baina gehiagorik ez.

Ez da, beraz, familiari iraunaraztea pentsatzen, edo bestela lur-jabetza ez bezalako beste bide batzuetatik betikotu nahi izaten da.

Honela, oinordetza-legeak, jabetzak ukigabe gordetzea zaildu ezezik, horretan saiatzeko gogoa ere kentzen die familiei, eta, nolabait ere, berarekin batera beren hondamendian laguntzera bultzatzen ditu.

Banaketa berdinaren legeak bi bidetatik jokatzen du: gauzaren gain jardutean, gizakiarengan dihardu; gizakiarengan jardutean, gauzara iristen da. Bi era horietan lortzen du lur-jabetzari sakon erasotzea eta familiak nahiz aberastasunak bizkor desagertaraztea64.

Dudarik gabe, ez dagokigu guri, XIX. mendeko frantsesoi, oinordetza-legeak sortarazten dituen aldaketa politiko eta sozialen eguneroko lekuko garenoi, berorren boterea zalantzan jartzea. Egunero ikusten dugu behin eta berriro gure lurretan etengabe pasatzen, bere igarobidean gure egoitzetako hormak eraitsiz eta gure landetako harresiak suntsituz. Baina oinordetza-legeak dagoeneko asko egin badu gure artean, zeregin asko gelditzen zaio oraindik. Gure oroitzapenek, gure iritzi eta azturek oztopo ahaltsuak jartzen dizkiote.

Estatu Batuetan, gutxi gora-behera burutua du bere suntsipen-lana. Han azter daitezke berorren ondoriorik nagusienak.

Ondasun-transmisioari buruzko legeria ingelesa ia estatu guztietan abolitu zen iraultzaren garaian.

Ordezkotzari buruzko legea, ondasunen zirkulazio askean eragozpenik txikiena izateko moduan aldatu zuten (G).

Igaro zen lehen belaunaldia; lurrak zatitzen hasi ziren. Denbora igaro ahala, mugimendua gero eta bizkorragoa zen. Gaur egun, hirurogei urte bakarrik igaro direnean, dagoeneko ezagutezina da gizartearen itxura; lur-jabe handien familia ia guztiak multzo orokorraren baitan irentsita daude. New Yorkeko estatuan, horietako asko zeuden lekuan, ozta-ozta irauten dute bik, irensteko prest dagokien zurrunbiloaren erdian. Hiritar aberats hauen seme-alabak merkatari, abokatu, mediku dira gaur egun. Ilunberik beltzenean jausi dira gehienak. Gizarte-mailen herentziazko bereizketen azken aztarnak suntsiturik daude; oinordetza-legeak alde guztietan pasatu du bere nibela.

Kontua ez da Estatu Batuetan, alde guztietan bezalaxe, ez dagoela aberatsik; ez dut ezagutzen herrialderik diru-zaletasunak giza bihotzean leku gehiago hartzen duenik, ezta ondasunekiko berdintasun iraunkorraren teoria bizikiago gutxiesten denik ere. Baina aberastasunak ikaragarri bizkor zirkulatzen du han, eta, esperientziak erakusten duenez, nekez ikusten dira bi belaunaldi aberastasun horren onurak gozatzen.

Koadro honek, oso koloreztatua imajinatu arren, ez du ideia osoa ematen mendebaldeko eta hego-mendebaldeko estatu berrietan gertatzen denaz.

Joan zen mendearen bukaeran, abenturari ausartak hasi ziren Mississippiko haranetan sartzen. Amerikaren aurkikuntza berri bat bezala izan zen. Laster jo zuten harantz migrari gehienek; bat-batean gizarte ezezagunak sortu ziren eremuan. Estatu berriak, urte gutxi batzuk lehenago izenik ere ez zutenak, sortu ziren Batasun amerikarraren baitan. Mendebaldean ikus daiteke demokrazia bere azken mugetaraino eramana. Estatu hauetan, nolabait ere aberastasunak bat-batean sortaraziak, biztanleak iritsi berri-berriak dira lur horietara. Ia ez dute elkar ezagutzen, eta bakoitzak ez daki bere auzoko hurbilenaren historia. Kontinente amerikarraren alde honetan, jendea ez dago izen handien eta aberastasun handien eraginpean, ezta jakintzargiak eta bertuteak sortzen duten berezko aristokraziaren menpe ere. Han inork ez dauka, beren aurrean ongia egiten bizitza osoa igarotakoaren oroitzapenari jendeak eman ohi dion botere errespetagarri hori. Mendebaldeko estatu berriek jada badute biztanlerik; baina han ez da gizarterik oraindik.

Amerikan, ordea, berdinak ez dira aberastasunak bakarrik; berdintasuna adimenetara ere iristen da neurri batean.

Ez dut uste munduan beste herrialderik dagoenik, biztanleen proportzioan, Amerikan bezain ezjakin gutxi eta jakintsu gutxiago duenik.

Lehen mailako hezkuntza guztien esku dago han; goi-mailako hezkuntza ia inorenean ere ez.

Erraz ulertzen da hau, eta gorago aurreratu dugunaren ezinbesteko ondorioa da, nolabait esateko.

Ia amerikar guztiak bizi dira eroso; beraz, erraz berengana ditzakete giza ezagupenen lehen osagaiak.

Amerikan aberats gutxi dago; beraz, ia amerikar guztiek dute lanbideren baten beharra. Nolanahi ere, lanbide orok ikaskuntza eskatzen du. Beraz, adimena orokorki lantzen bizitzako lehen urteak bakarrik eman ditzakete amerikarrek. Hamabost urterekin, lanbideari ekiten diote; honela, haien heziketa gurea hasten den garaian amaitzen da gehienetan. Aurrerago jarraitzen badu, gai berezi eta irabaziak ematen dituztenetara bakarrik zuzentzen da; lanbide bat hartzen den bezalaxe ikasten da zientzia bat; eta honetan momentuko erabilgarritasuna aitortua duten aplikazioak bakarrik ikasten dira.

Amerikan, aberatsik gehienak behartsu izan ziren hasieran; lanik egin beharrik ez duten ia guztiek, gaztaroan, lanean jardun zuten; horregatik gertatzen da, ikasteko zaletasuna egon zitekeenean, ez zegoela horretarako astirik; eta ikasteko astia lortu denean, jadanik ez dagoela horretarako gogorik.

Amerikan ez dago klaserik adimen-atseginetarako joera oparotasun eta aisiarekin batera herentziaz transmititzen duenik, adimen-lanak ohoragarritzat edukiz. Beraz, lan hauetara dedikatzeko borondatea falta da, baita horretarako ahalmena ere. Amerikan, giza ezagupenetan, halako erdi-maila bat lortu da. Izpiritu guztiak hurbildu dira han: batzuk goratuz, beste batzuk beheratuz.

Jendetza ikaragarria aurkitzen da, beraz, denek gutxi gora-behera nozio beretsuak dituztelarik erlijio, historia, zientzia, ekonomia politiko, legeria edo gobernuaz.

Adimen-ezberdintasuna Jainkoagandik dator zuzenean, eta gizakiak ezin du berorren agerpena beti eragotzi.

Baina, esan berri dugunaren arabera, gertatzen da adimenek -nahiz eta desberdinak izan, Egileak nahi izan duen bezala- baliabide berdinak aurkitzen dituztela eskura. Honela, gaur egun, Amerikan elementu aristokratikoa, beti ahula jaio zenetik, suntsiturik ez baldin badago ere, ahulduta behintzat badago, eta zaila da arazoen martxan inolako eraginik berorri egoztea.

Aitzitik, elementu demokratikoa nagusi ezezik, nolabait esateko, elementu bakar ere bihurtu dute denborak, gertakariek eta legeek. Han ez da nabari inolako famili edo korporazio-eraginik; sarritan ezin da aurkitu ezta eragin indibidual iraunkor samarrik ere.

Beraz, Amerikak fenomenorik arraroena du bere gizarte-egoeran. Han gizakiak beren aberastasun eta adimenetan berdinagoak -edo, beste era batera esanda, beren indarrean berdinagoak- dira, munduko beste edozein herrialdetan diren edo historia oroitzen den neurrian beste edozein mendetan izan diren baino. Angloamerikarren gizarte-egoeraren ondorio politikoak.

Horrelako gizarte-egoeraren ondorio politikoak erraz deduzi daitezke.

Ulertezina da, azkenean, berdintasuna politika-arloan ez sartzea alde guztietan bezalaxe. Ezin da imajinatu gizakiak beren artean betikoz ezberdin izan daitezkeenik puntu bakar batean, eta berdinak beste puntuetan; beraz, denboraldi baten barruan, guztietan berdinak izatera iritsiko dira. Nolanahi ere, bi era bakarrik ezagutzen ditut politika-arloan berdintasuna nagusi izan dadin: hiritar guztiei eman behar zaizkie eskubideak, edo bestela inori ere ez.

Angloamerikarren gizarte-egoera berera iritsi diren herrientzat oso zaila da guztien subiranotasunaren eta bakar baten botere absolutuaren artean erdibide bat imajinatzea.

Ezin da ezkutatu azaldu berri dudan gizarte-egoerak bere bi ondorioetako edozeinetara jo dezakeela ia erraztasun berberaz.

Bada, hain zuzen, berdintasunerako grina indartsu eta bidezkoa, gizaki guztiak ahaltsu eta preziatu izan nahi izatera bultzatzen dituena. Grina honek txikiak handien mailara jasotzeko joera du; baina, halaber, bada giza bihotzetan berdintasunaren gustu gaizto bat, ahulak indartsuak beren mailara erakarri nahi izatera bultzatzen dituena, eta pertsonak desberdintasuna askatasunean baino berdintasuna morrontzan nahiago izatera murrizten dituena. Kontua ez da gizarte-egoera demokratikoa duten herriek berez gutxietsi egiten dutela askatasuna; aitzitik, badute berez eta senez horren zaletasuna. Baina askatasuna ez da horien nahiaren helburu nagusi eta etengabea; betiko maitasunez maite izaten dutena berdintasuna da; bultzada bizkor eta bat-bateko ahaleginez oldartzen dira askatasunerantz eta, ez badute helburua lortzen, etsi egiten dute; baina ezerk ez lituzke aseko berdintasunik gabe, eta hau galtzea baino lehenago onartuko lukete hiltzea. Bestalde, hiritarrei, guztiak gutxi gora-behera berdinak direnean, zaila gertatzen zaie boterearen erasoen aurka beren independentzia defenditzea. Banaka abantailaz borrokatzeko beraietako inor nahikoa indartsu ez denez, guztien indarrak elkartzeak bakarrik ziurta dezake askatasuna. Baina ez da beti horrelako elkartasunik aurkitzen.

Herriek, beraz, bi ondorio politiko handi atera ditzakete gizarte-egoera beretik: ondorio hauek ikaragarri ezberdinak dira beren artean, baina egitate beretik sortzen dira biak.

Angloamerikarrek, azaldu berri dudan alternatiba beldurgarri horren aurrean lehenengo jarriak, botere absolutuari ihes egiteko adina zorte on izan zuten. Zirkunstantziek, jatorriak, jakintzargiak eta, batez ere, ohiturek herri-subiranotasuna oinarritzeko eta mantentzeko aukera eman diete.