Amerikako Demokrazia I/III. Kapitulua (bigarren zatia)

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
III. Kapitulua: Prentsa-askatasuna Estatu Batuetan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

III. Prentsa-askatasuna Estatu Batuetan

Prentsa-askatasuna murrizteko zailtasuna.- Askatasun honi eusteko zenbait herrik dituzten arrazoi bereziak.- Herri-subiranotasunak, Amerikan ulertzen den bezala, prentsa-askatasuna du beharrezko ondorio bat.- Estatu Batuetako aldizkako prentsaren hizkuntz bortizkeria.- Aldizkako prentsak bere joera bereziak ditu; Estatu Batuetako kasuak frogatzen du hori.- Amerikarren iritzia prentsa-delituen errepresio judizialaz.- Prentsak zergatik duen Estatu Batuetan Frantzian baino ahalmen gutxiago.

Prentsa-askatasunak ez du bere boterea iritzi politikoetan bakarrik sentiarazten, baita gizakien iritzi guztietan ere. Legeak ezezik, ohiturak ere aldarazten ditu. Obra honen beste zati batean saiatuko naiz zehazten prentsa-askatasunak zenbaterainoko eragina izan duen Estatu Batuetako gizarte zibilaren gain; ideiei eman dien norabidea bereizten ahaleginduko naiz, baita amerikarren izpirituari eta sentimenduei harrarazi dizkien azturak ere. Une honetan, prentsa-askatasunak politika-arloan sortarazitako ondorioak bakarrik aztertu nahi ditut.

Aitortzen dut ez dudala prentsa-askatasunarekiko sentitzen, beren izaeraz guztiz on diren gauzei berehala ematen zaien erabateko maitasun hori. Maiteago dut eragozten dituen gaitzengatik berak egiten dituen gauza onengatik baino.

Norbaitek pentsamenaren erabateko independentziaren eta morrontza osoaren artean bitarteko jarrera bat, bertan mantendu ahal izateko modukoa, erakutsiko balit, neure egingo nuke beharbada; baina nork aurkituko du bitarteko jarrera hori? Prentsaren lizentziatik abiatu eta ordenaren bidetik joan nahi baduzu, zer egiten duzu? Lehenik idazleak epaimahaien menpe jartzen dituzu; baina epaimahaiek absolbitu egiten dituzte, eta pertsona bakar baten iritzia zena herrialdearen iritzi bihurtzen da. Gehiegi eta gutxiegi egin duzu, beraz; aurrera egin beharra dago. Autoreak magistratu iraunkorren esku uzten dituzu; baina epaileak beharturik daude entzutera kondenatu aurretik; eta liburuan aitortzeak beldurra ematen zuena, zigorgabe aldarrikatzen da alegazioan; kontaketa batean ilunkiro esango zatekeena beste milatan errepikatzen da horrela. Adierazpena kanpo-forma da eta, zilegi bazait esatea, pentsamenduaren gorputza, baina ez pentsamendua bera. Zure auzitegiek gorputza atxilotzen dute, baina arimak ihes egiten die eta sotilki labaintzen zaie esku artetik. Gehiegi eta gutxiegi egin duzu, beraz; aurrera segi beharra dago. Azkenean idazleak zentsoreen esku jartzen dituzu. Ederki! Ari gara hurbiltzen. Baina ez al da aske tribuna politikoa? Ez duzu, beraz, oraindik ezer egin; oker nabil, gaitza areagotu duzu. Bere agenteen kopuruarekin batera hazten diren indar material horietako bat bezala hartuko ote duzu, kasualitatez, pentsamena? Armadako soldaduak bezala zenbatuko ote dituzu idazleak? Indar material guztiak ez bezala, pentsamenaren ahalmena, adierazten dutenen kopuru txikiagatik ere areagotzen da sarri. Gizon ahaltsu baten hitza, bera bakarrik batzar mutu baten grina artean sartzen dena, mila hizlariren oihu nahasiak baino ahaltsuagoa da; eta leku publiko bakar batean gutxi bada ere aske hitz egin badaiteke, herriska bakoitzean publikoki hitz egingo balitz bezala da. Idazteko askatasuna bezalaxe mintzatzekoa ere suntsitu beharra daukazu orduan; oraingoan iritsi zara portura: denak isilik. Baina nora iritsi zara? Askatasunaren abusuetatik abiatu zinen, eta despota baten hankapean aurkitzen zaitut.

Erabateko independentziatik erabateko morrontzara joan zara, pausatu ahal izateko leku bakar bat ere aurkitu gabe hain bide luzean.

Badira herri batzuk, aipatu berri ditudan arrazoi orokorrez aparte, beren arrazoi partikularrak dituztenak prentsa-askatasunari atxikitzeko.

Aske omen diren nazio batzuetan, boterearen agente guztiek hauts dezakete legea zigorgabe, herrialde horietako konstituzioak ez dielarik zapalduei justiziaren aurrean kexatzeko eskubidea ematen. Herri horietan prentsaren independentzia ez da jadanik garantietako beste bat bezala hartu behar, hiritarren askatasun eta segurtasunerako gelditzen den garantia bakartzat baizik.

Beraz, nazio horiek gobernatzen dituztenek prentsari independentzia kentzea aipatuko balute, herri osoak zera erantzun ahal izango lieke: Utziguzue zeuen krimenak epaile arrunten aurrera eramaten, eta agian orduan onartuko dugu guk iritziaren auzitegira ez jotzea.

Herri-subiranotasunaren dogma nabarmenki nagusi den herrialdean zentsura, arrisku bat ezezik, zentzugabekeria handia ere bada.

Gizartea gobernatzeko eskubidea bakoitzari onartzen zaionean, bere garaikideak astintzen dituzten iritzi ezberdinen artean aukeratzeko gaitasuna ere onartu behar zaio, baita zenbait egitate baloratzekoa ere, berauen ezagutzak gida badezake.

Herri-subiranotasuna eta prentsa-askatasuna bi gauza zeharo koerlatibo dira, beraz. Zentsura eta boto unibertsala, aitzitik, kontraesanean dauden bi gauza dira eta ezin dira luzaroan elkarrekin egon herri bereko erakunde politikoetan. Estatu Batuetako lurraldean bizi diren hamabi milioi biztanleen artean, oraindik ez dago bat bakarra ere prentsa-askatasunaren murriztapena proposatzera ausartu denik.

Amerikara iristean nire begien aurrera etorri zen lehen egunkariak ondorengo artikulu hau zeukan, zintzo-zintzo itzultzen dudana:

"Arazo honetan guztian, Jackson-ek (lehendakariak) erabilitako hizkera bihozgabeko despotarena izan da, bere botereari eusteaz bakarrik arduratzen denarena. Gutizia da haren krimena eta bertan aurkituko du zigorra. Azpijokoa du bere bokazioa, eta azpijokoak nahastaraziko dizkio bere egitasmoak eta kenduko bere indarra. Ustelkeriaz gobernatzen du, eta bere azpikeria hobendunek nahastu eta lotsarazi egingo dute. Jokaleku politikoan ahalkerik eta balaztarik gabeko jokalari bezala agertu da. Arrakasta izan du; baina justiziaren ordua hurbiltzen ari da; laster itzuli egin beharko du irabazi duena, beregandik urruti bota dado iruzurlea eta erretiro-etxeren batean bukatu beharko du, bere erokeriaren kontra askatasunez birao eginez; zeren eta damua ez baita beraren bihotzak inoiz ezagutu ahal izango duen bertutea".

(Vincenne’s Gazette.)

Jende askok pentsatzen du Frantzian prentsaren bortizkeriak eragiten dituela gure artean gizarte-egoeraren ezegonkortasuna, gure grina politikoak eta ondoriozko egonezin orokorra. Etengabe espero dute, beraz, gizartea egoera lasai batera iristen den garaian, prentsa ere baretuko dela bere aldetik. Niri dagokidanez, gogo onez egotziko nieke goian aipaturiko kausei prentsak gure gain duen eragin ikaragarria; baina ez dut uste kausa horiek asko eragiten dutenik beraren hizkeran. Aldizkako prentsak bere joera eta grina bereziak dituela iruditzen zait, bere jardueraren inguruko zirkunstantzietatik aparte. Amerikan gertatzen denak frogatu berria dit hori.

Une honetan Amerika da agian bere baitan iraultza-hazirik gutxien duen munduko herrialdea. Amerikan, hala ere, Frantzian bezalakoxe gustu suntsitzaileak ditu prentsak, eta bortizkeria berbera, baina ez sumintzeko kausa berberak. Amerikan, Frantzian bezala, prentsa aparteko indarra da, gauza on eta txarrez oso era bitxian hornitua; bera gabe askatasunak ezin du bizirik iraun, eta berarekin ozta-ozta manten daiteke ordena.

Esan beharra dago prentsak askoz botere gutxiago duela Estatu Batuetan gure artean baino. Hala ere, oso arraroa da herrialde hartan prentsaren aurkako pertsekuzio judizialen bat ikustea. Honen zergatia sinplea da: amerikarrek, herri-subiranotasunaren dogma beren artean onartzean, beronen aplikazio zintzoa egin zuten. Ez zuten, egunero aldatzen diren elementuez, betiko iraupena izango zuten konstituzioak egiteko asmorik izan. Beraz, dauden legeei erasotzea ez da kriminala, berauei bortizkeriaren bidez ihes egin nahi ez bazaie behintzat.

Bestalde, amerikarrek uste dute auzitegiak ez direla prentsa moderatzeko gai, eta, azterketa judizialari etengabe ihes egiten dioten giza mintzairen malgutasunagatik, izaera horretako delituek nolabait ere ihes egiten dutela haiek harrapatzeko luzatzen den eskutik. Prentsaren gain eraginkortasunez jardun ahal izateko, pentsatzen dute auzitegi bat aurkitu beharko litzatekeela, ez bakarrik dagoen ordenari atxikia, baita beraren inguruan astintzen den iritzi publikoaren gainetik jar daitekeena ere; publizitatea onartu gabe epaituko lukeen auzitegi bat, bere epaiak motibatu gabe emango lituzkeena, eta hitzak baino ere gehiago asmoak zigortuko lituzkeena. Honelako auzitegi bat sortu eta mantentzeko ahalmena leukakeenak bere denbora alferrik galduko luke prentsa-askatasuna pertsegitzen; zeren eta orduan gizartearen beraren jaun eta jabe oso izango bailitzateke, eta idazleengandik eta hauen idazkietatik libratu ahal izango litzateke aldi berean. Beraz, prentsa-gaietan ez dago benetan erdibiderik morrontzaren eta askatasun mugagabearen artean. Prentsa-askatasunak ziurtatzen dituen ondasun preziagaitzak jasotzeko, jakin beharra dago berak halabeharrez sortarazten dituen gaitzetara makurtzen. Batzuei ihes eginez besteak lortu nahi izatea, normalean nazio gaixoek -borrokatzeaz nekaturik eta ahaleginengatik aunatuta, lurralde eta aldi berean iritzi etsaiak eta kontrako printzipioak elkarrekin irauteko bideak bilatzen dituztenean- entretenigarri izaten dituzten ilusio horietako batean murgiltzea da.

Amerikan egunkariek duten indar urriak hainbat kausa ditu; hona hemen nagusienak:

Idazteko askatasuna, beste guztiak bezalaxe, zenbat eta berriagoa izan, orduan eta beldurgarriagoa izaten da; estatuko arazoak bere aurrean aipatzen sekula entzun ez duen herriak, agertzen den lehen tribunoari sinesten dio. Angloamerikarren artean askatasun hau kolonien fundazioa bezain zaharra da; bestalde, prentsak, giza grinak pizten hain ongi dakienak, ezin ditu, ordea, berak bakarrik sortarazi. Nolanahi ere, Amerikan bizitza politikoa aktiboa da, bariatua, asaldatua ere bai, baina nekez grina sakonek atsekabetua; arraroa da hauek suspertzea interes materialak ez badaude jokoan, eta Estatu Batuetan interes hauek oparo egiten dute aurrera. Puntu honetan angloamerikarren eta gure artean dagoen ezberdintasuna epaitzeko, aski dut bi herrietako egunkariei begiratu bat ematea. Frantzian, merkatal iragarkiek oso leku murritza hartzen dute, albisteak berak ere urriak izaten dira; egunkari baten funtsezko zatia eztabaida politikoak daudeneko hura da. Amerikan, zeure aurrean daukazun egunkari handiaren hiru laurdenak iragarkiz beteta daude, gainerakoa gehienetan albiste politikoek edo anekdota hutsek hartzen dute; oso noizean behin bakarrik aurkitzen da baztertxo ahazturen batean gure artean irakurleen eguneroko elikagai diren eztabaida sutsu horietakoren bat.

Botere orok bere indarren ekintza areagotu egiten du horien zuzendaritza zentralizatzen duen neurrian; hau naturako lege orokor bat da, azterketak berak behatzaileari erakusten diona, eta are ziurragoa den sen batek beti jakinarazi diena despotarik txikienei ere.

Frantzian bi zentralizazio-mota ezberdin biltzen ditu prentsak.

Horren botere ia guztia leku bat berean dago bildua, eta nolabait esateko esku beretan, berorren organoak oso gutxi baitira.

Nazio eszeptiko baten erdian honela eratua, prentsaren botereak ia mugagabea izan behar du. Arerio bat da, eta berorrekin gobernu batek tregoa luzexeago edo laburxeagoak egin ditzake, baina aurrez aurre jarrita zail zaio luzaroan irautea.

Amerikan ez dago aipatu berri ditudan bi zentralizazio-mota horietako ez bata eta ez bestea.

Estatu Batuek ez dute hiribururik: jakintzargia nahiz boterea sakabanaturik dago eskualde zabal honetako alde guztietan; giza adimenaren izpiak, erdigune komun batetik irten ordez, gurutzatu egiten dira zentzu guztietan; amerikarrek ez dute inon kokatu pentsamenaren zuzendaritza orokorra, ezta negozioena ere.

Hau gizakien esku ez dauden tokian tokiko zirkunstantzien ondorio da; baina hona hemen legeei zor zaizkienak:

Estatu Batuetan ez dago patenterik inprimatzaileentzat, ezta tinbre edo erregistrorik ere egunkarientzat; azkenik, fidantzei buruzko araua ere ez da ezagutzen. Horren ondorioz egunkari bat sortzea eginkizun sinple eta erraza da; harpidedun gutxi batzuk aski dira argitaratzaileak bere gastuak ordaindu ahal izateko. Horregatik, aldizkako edo erdi aldizkako idazkien kopurua zenbatekoa den sinesterik ere ez dago Estatu Batuetan. Amerikarrik ilustratuenek prentsaren indarren barreiaketa ikaragarri honi egozten diote beraren ahalmen eskasa. Zientzia politikoaren axioma bat da Estatu Batuetan, egunkarien efektuak neutralizatzeko bide bakarra berorien kopurua ugaltzea dela. Ezin dut ulertu hain egia nabaria nola ez den gure artean gehiago zabaldu. Iraultzak prentsaren laguntzaz egin nahi dituztenek berari organo ahaltsu batzuk bakarrik eman nahi izatea erraz ulertzen dut; baina ezin dut inola ere ulertu ezarritako ordenaren alde ofizialki daudenek eta legeen berezko eusleek nola sinesten duten prentsaren ekintza berau kontzentratuz gutxitzen dutela. Europako gobernuek prentsaren aurrean antzina zaldunek lehiakideen aurrean bezala jokatzen dutela iruditzen zait: zentralizazioa arma ahaltsua dela ohartu dira esperientziaz eta horretaz hornitu nahi dute arerioa, beroni aurre egiterakoan aintza gehiago lortu ahal izateko, zalantzarik gabe.

Estatu Batuetan ia ez dago herriskarik bere egunkaririk gabe. Erraz ulertzen da hainbeste gudulariren artean ezin dela ez diziplinarik, ez ekintza-batasunik lortu. Horregatik ikusten da nor bere bandera altxatzen. Kontua ez da Batasuneko egunkari politiko guztiak lerrokatu direla administrazioaren alde edo aurka, baizik eta makina bat era ezberdinetan erasotzen eta defendatzen dutela. Beraz, Estatu Batuetan egunkariek ezin dute iritzi-korronte handirik sortu, dikerik sendoenak suntsitzen edo gainditzen dituzten horietakorik, alegia. Prentsaren indar-banaketa honek beste efektu batzuk ere eragiten ditu, aurrekoak bezain ohargarriak: erraza izanik egunkari bat sortzea, mundu guztiak egin dezake hori; bestalde, konkurrentziaren ondorioz egunkari batek ez dezake oso mozkin handirik espero izan; eta honek eragozten die industri gaitasun handikoei honelako enpresatan esku hartzea. Bestalde, egunkariak aberastasun-iturri izango balira ere, ugariegi direnez, talentuko idazleak ez lirateke aski izango horiek zuzentzeko. Kazetariek Estatu Batuetan ez dute, oro har, goi-mailarik gizartean, beraien heziketa oraindik zirriborratua baino ez dago eta dituzten ideien jitea arrunta da sarri. Nolanahi ere, gauza guztietan gehiengoak egiten du legea; berak ezartzen du zenbait jokabide, gero mundu guztiak bere egiten dituenak; aztura komun hauen multzoari izpiritu deritzo: bada foro-izpiritua, auzitegi-izpiritua. Frantzian kazetari-izpiritua estatuko interes handiak bortizki, baina era jasoan eta hitz ederrez sarri, eztabaidatzea da; beti ez bada honela gertatzen, arau orok bere salbuespenak dituelako da. Amerikan kazetari-izpiritua bere irakurleen grinak zabarki, zehar-meharka ibili barik eta arterik gabe, erasotzea da, printzipioak utzi eta pertsonei heltzea, eta hauei beren bizitza pribatuan jarraitzea, berauen ahuleziak eta bizioak agerian jarriz.

Deitoratu beharra dago pentsamenaren horrelako abusua; geroago izango dut aukera egunkariek herri amerikarraren gustu eta moraltasunean zer-nolako eragina duten ikertzeko; baina, berriro diot, une honetan politika-arloaz bakarrik ari naiz. Ezin da disimulatu prentsaren askatasun mugagabe honen efektu politikoek ez dutela zeharka lasaitasun publikoa mantentzen laguntzen. Ondorioz, herrikideen iritzian jadanik goi-maila duten pertsonak ez dira egunkarietan idaztera ausartzen, eta honela herri-grinak beren probetxurako mugiarazteko erabil lezaketen armarik beldurgarriena galtzen dute165. Hortik dator, batez ere, kazetariek adierazitako ikuspegi pertsonalek ez izatea, nolabait esateko, inolako pisurik irakurleentzat. Hauek egunkari batean bilatzen dutena egitateak jakitea da; egitate hauek aldatuz edo desnaturalizatuz bakarrik lor dezake kazetariak bere iritzia eragingarri bihurtzea.

Baliabide bakar hauetara mugatua, hala ere ikaragarrizko boterea zertzen du prentsak Amerikan. Bizitza politikoa zirkularazten du lurralde zabal hartako zati guztietan. Beti erne, berak jartzen ditu etengabe agerian politikaren ezkutuko eragileak, eta iritziaren auzitegira etortzera behartzen ditu gizon publikoak txandaka. Berak biltzen ditu interesak zenbait doktrinaren inguruan eta alderdien programak formulatzen ditu; hauek beraren bidez hitz egiten dute elkar ikusi gabe, eta elkar ulertzen dute harremanetan jarri gabe. Prentsa-organoen kopuru handi batek bide beretik ibiltzea lortzen duenean, hauen eragina ia jarkiezina bihurtzen da luzera, eta iritzi publikoak, beti alde beretik erasoa, azkenean amore ematen die haien kolpeei.

Estatu Batuetan egunkari bakoitzak botere gutxi du banaka; baina aldizkako prentsa da oraindik, herriaren ondoren, botereetan lehena (A).

Estatu Batuetan prentsa-askatasunaren agintepean ezartzen diren iritziak sarri tinkoagoak dira beste alde batzuetan zentsuraren agintepean ezartzen direnak baino. Estatu Batuetan demokraziak jende berria eramaten du etengabe arazo publikoen zuzendaritzara; gobernuak, beraz, jarraipen eta ordena gutxi jartzen du bere neurrietan. Baina gobernu-printzipio orokorrak beste herrialde askotan baino egonkorragoak dira han, eta gizartea arautzen duten iritzi nagusiak iraunkorrago ageri dira. Ideia bat herri amerikarraren izpirituaz jabetu denean, bidezkoa nahiz zentzugabea izan, ez dago hori erauztea baino gauza zailagorik.

Egitate bera nabaritu izan da Ingalaterran, mende batez Europako herrialde honetan ikusi direlarik pentsaera-askatasunik handiena eta aurriritzirik garaitezinenak.

Efektu hau, lehen begiratuan, sortzea eragotzi beharko lukeela ematen duen kausa berari egozten diot, prentsa-askatasunari, alegia. Askatasun hau beren baitan duten herriak uste sendoz bezainbat harrotasunez atxikitzen zaizkie beren iritziei. Maite dituzte, bidezkoak iruditzen zaizkielako, baita berek aukeratu dituztelako ere, eta haiei atxikitzen zaizkie ez egiazko gauza bati bezala bakarrik, baita bere-bere duten zerbaiti bezala ere. Oraindik badira beste arrazoi batzuk ere.

Gizon handi batek esan du zientziaren bi muturretan zegoela ezjakintasuna. Agian egiazkoagoa izango zatekeen esatea uste sakonak bi muturretan bakarrik aurkitzen direla, eta erdian zalantza dagoela. Izan ere, hiru egoera ezberdinetan -eta sarri segidazko diren egoeratan- kontsidera daiteke giza adimena.

Gizakiak tinko sinesten du, sakondu gabe onartzen duelako. Objekzioak agertzean zalantza sortzen zaio. Sarri bere zalantza guztiak argitzea lortzen du, eta berriro sinesten hasten da orduan. Oraingoan ez du jadanik egia ausaz eta ilunbetan hautematen, baizik eta aurrez aurre ikusten du eta beraren argipean joaten da zuzenean166.

Prentsa-askatasunak gizakiak lehen egoeran aurkitzen dituenean, oraindik luzaroan uzten die hausnartu gabe tinko sinesteko aztura hori; baina egunero aldatzen du hausnargabeko sineskizun horien gaia. Adimenaren zerumuga zabalean, giza izpirituak aldi berean puntu bakarra ikusten jarraitzen du, baina puntu hau etengabe aldatzen da. Bat-bateko iraultzen garaia da. Zoritxarrekoak bat-batean prentsa-askatasuna onartzen lehenak diren belaunaldiak!

Laster, ordea, kurritzen da gutxi gora-behera ideia berrien esparrua. Esperientzia iristen da, eta gizakia zalantza eta mesfidantza unibertsalean murgiltzen da. Pentsa daiteke pertsona gehienak bi egoera hauetako batean geldituko direla beti: zergatik jakin gabe sinetsiko dute, edo ez dute zehatz-mehatz jakingo zer sinetsi behar den.

Jakintzatik sortu eta zalantzaren asalduren erdi-erditik goratzen den uste hausnartu eta bere buruaren jabe den beste horretaz, pertsona gutxi batzuen ahaleginari bakarrik emango zaio beti uste sendo hori lortu ahal izatea.

Nolanahi ere, ikusi da erlijio-berotasunezko mendeetan jendeak sineskizunak aldatzen zituela batzuetan, zalantza-mendeetan bakoitzak bereari setati eusten zion bitartean. Honela gertatzen da politikan, prentsa-askatasunaren agintepean. Gizarte-teoria guztiak txandaka eztabaidatu eta eraso ondoren, horietako bati atxikitzen zaionak eutsi egiten dio, ez hainbeste ona dela ziur dagoelako, hoberik dagoen ala ez ziur ez dagoelako baizik.

Mende horietan ez dute hain erraz onartzen beren iritziengatik heriotza jasatea, baina aldatu ere ez dituzte egiten, eta aldi berean martiri eta apostata gutxiago aurkitzen da horrelakoetan.

Erantsi arrazoi honi are indartsuagoa den beste hau: iritzietan zalantza dagoenean, azkenean jendea joera eta interes materialei bakarrik atxikitzen zaie, beren izaeraz iritziak baino askoz nabariago, ukigarriago eta iraunkorragoak direlarik.

Oso arazo zaila da erabakitzea nork gobernatzen duen hobeto, demokraziak ala aristokraziak. Baina garbi dago demokraziak bata gogaitzen duela, eta aristrokraziak bestea zapaltzen.

Hau bere kabuz ezartzen den egia da eta eztabaidarik behar ez duena: zu aberatsa zara eta ni behartsua.