IV. Elkartze politikoa Estatu Batuetan
Elkartzeko eskubideaz angloamerikarrek egunero egiten duten erabilera.- Hiru motatako elkarte politikoak.- Amerikarrek nola aplikatzen dieten elkarteei ordezkapen-sistema.- Hortik Estatuarentzat ondorioztatzen diren arriskuak.- 1831ko konbentzio handia tarifari buruz.- Konbentzio honen izaera legegilea.- Elkartzeko eskubidearen erabilera mugagabea zergatik ez den Estatu Batuetan beste alde batzuetan bezain arriskutsua.- Han zergatik jo daitekeen beharrezkotzat.- Elkarteen ondorio onak herri demokratikoetan.
Amerika da elkartzeari onura gehien atera dion eta ekintza-bide ahaltsu hau helbururik ezberdinenei aplikatu dien munduko herrialdea.
Udalerri, hiri eta konderri izenpean legeak eraturiko elkarte iraunkorrez gain, beste asko daude banakoen borondatez bakarrik sortu eta garatu direnak.
Estatu Batuetako biztanleak jaiotzatik ikasten du bere buruagan oinarritu behar duela bizitzako gaitz eta oztopoen kontra borrokatzeko; gizarte-aginteari mesfidantzaz eta urduritasunez baino ez dio begiratzen, eta besterik ezean bakarrik jotzen du horren aginpidera. Honetaz eskolatik bertatik hasten da jabetzen, non haurrak, jokoetan ere, berek ezarritako arauetara makurtzen baitira eta beren artean zigortzen haiek berek zehazturiko delituak. Gizarte-bizitzako egintza guztietan aurkitzen da izpiritu berbera. Demagun oztopo bat agertzen dela bide publikoan, ezin dela pasatu eta zirkulazioa geldi dagoela; herritarrak berehala bihurtzen dira gorputz deliberatzaile; bat-bateko batzar honetatik gaitzari konponbidea jarriko dion botere exekutiboa sortuko da, interesatuenena baino aurretikoagoko aginpidearen ideia inori bururatu ere egin baino lehen. Dibertitzea bada kontua, festari distira eta erregulartasun gehiago emateko elkartuko dira. Erabat intelektualak diren etsaiei aurre egiteko elkartzen dira azkenik; neurrigabekeriaren aurka ere amankomunean borrokatzen dira. Estatu Batuetan segurtasun publiko, merkataritza eta industria, moral eta erlijiozko helburuekin elkartzen dira. Giza borondateak guzti-guztia lortzea espero du gizabanakoen indar kolektiboaren ekintza askearen bidez.
Aurrerago izango dut aukera elkartzeak bizitza zibilean eragiten dituen ondorioei buruz hitz egiteko. Une honetan politika-arlora mugatu behar dut. Elkartzeko eskubidea onartua dagoelarik, hiritarrak hainbat eratara balia daitezke horretaz.
Elkarte bat, pertsona-kopuru batek doktrina batzuei edo besteei ematen dien atxikimendu publikoan bakarrik datza, eta doktrina horiek nagusi daitezen era jakin batean laguntzeko hartzen duen konpromezuan. Honela, elkartzeko eskubidea ia nahastu egiten da idazteko askatasunarekin; hala ere, prentsa baino ahaltsuagoa da jadanik elkartea. Iritzi bat elkarte batek bere egiten duenean, beharturik dago forma garbi eta zehatzagoa hartzera. Bere aldekoak ditu eta bere kausan konprometitzen ditu. Hauek berauek ikasten dute elkar ezagutzen, eta kopuruarekin batera gogo-berotasuna areagotzen zaie. Elkarteak sorta batean biltzen ditu izpiritu urrunkorren ahaleginak, eta kementsu bultza egiten die berak garbi adierazitako xede bakar baterantz.
Elkartzeko eskubidearen egikaritzan dagoen bigarren maila bildu ahal izatea da. Elkarte politiko bati herrialdeko zenbait toki garrantzizkotan ekintza-guneak jartzen uzten zaionean, beraren jarduera handiagoa izaten da eta eragina zabalagoa. Gune horietan, jendeak elkar ikusten du, egikaritza-bideak konbinatu egiten dira eta pentsamendu idatziak inoiz lortu ezin duen indar eta berotasunarekin garatzen dira iritziak.
Azkenik, elkartzeko eskubidearen egikaritzan bada, politika-gaietan, beste maila bat: iritzi beraren aldekoak hautesle-kolegioak eratuz bil daitezke, eta mandatariak izendatu batzar zentralean beraien ordezkari izateko. Zehatz esanda, ordezkapen-sistema da, alderdi bati aplikatua.
Honela, lehen kasuan, iritzi beraren aldeko direnek adimen-mailako lotura hutsa ezartzen dute beren artean; bigarren kasuan, batzar txikitan biltzen dira, alderdiaren zati bat baino ordezkatzen ez dutenak; hirugarrenean, azkenik, nazioaren baitan aparteko nazio bat bezalakoa osatzen dute, gobernuaren baitan beste gobernu bat. Haien mandatariek, gehiengoaren mandatarien antzekoak, beren aldekoen indar kolektibo guztia ordezkatzen dute berek bakarrik; azken hauek bezalaxe, nazionalitate-itxura bat hartzen dute eta honen ondoriozko indar moral guztia. Egia da ez dutela, besteek bezala, legea egiteko eskubidea, baina badute dagoenari erasotzeko eta gero izan behar duena aurrez formulatzeko ahalmena.
Demagun herri bat ez dagoela erabat ohitua askatasunaz baliatzen, edo herri horretan grina politiko sakonak daudela irakiten. Legeak egiten dituen gehiengoaren ondoan, kontuan hartuzkoez bakarrik arduratu eta xedapenezkoan gelditzen den gutxiengo bat kokatzen bada, derrigorrez sinetsi behar ordena publikoa ezusteko handien arriskupean dagoela.
Lege bat berez beste bat baino hobea dela frogatzearen eta hark beste hau ordeztu behar duela frogatzearen artean tarte handia dago, zalantzarik gabe. Baina pertsona ilustratuen izpirituak oraindik tarte handia ikusten duen lekuan, jendetzaren irudimenak ez du jada ezer hautematen. Gainera, garai batzuetan nazioa bi alderdi ia berdinetan banatzen da, bakoitzak dioelarik gehiengoaren ordezkari dela. Botere gidatzailearen ondoan, ia berak bezain aginpide moral handia duen beste botere bat ezartzen bada, pentsa al daiteke luzaroan mugatuko dela hitz egitera jardun gabe?
Gogoeta metafisiko honen aurrean geldituko ote da beti, alegia, elkarteen helburua iritziak gidatzea dela eta ez ezartzea, legeari aholku ematea eta ez legea egitea?
Zenbat eta gehiago aztertu prentsaren independentzia bere efektu nagusietan, are gehiago komentzitzen naiz modernoen artean prentsaren independentzia funtsezko elementua dela, askatasuna ezartzen duena, nolabait esateko. Aske iraun nahi duen herriak kosta ahala kosta errespeta dezaten eskatzeko eskubidea du. Baina elkartzeko askatasun mugagabea arlo politikoan ezin da erabat nahastu idazteko askatasunarekin. Bata ez da bestea bezain beharrezkoa, baina aldi berean bai arriskutsuagoa. Nazio batek mugak jar diezazkioke, bere buruaren jabe izateari utzi gabe; batzuetan horrela egin behar izaten du existitzen jarraitzeko.
Amerikan helburu politikoekin elkartzeko eskubidea mugagabea da.
Nik erants nezakeen guztiak baino hobeto adieraziko du adibide batek zein mailataraino toleratzen den.
Gogoan izango da tarifaren edo merkatal askatasunaren arazoak noraino astindu zituen izpirituak Amerikan. Tarifak ez zituen iritziak bakarrik bultzatzen edo erasotzen, baita interes material oso ahaltsuak ere. Iparraldeak bere oparotasunaren zati bat egozten zion, Hegoaldeak ia bere ezbehar guztiak. Esan daiteke, tarifak sortarazi izan dituela luzaroan Batasuna astindu duten grina politiko bakarrak.
1831n, liskarra gaiztotuen zegoen unean, Massachusettseko hiritar ilun bati zera bururatu zitzaion, tarifaren kontrako guztiei egunkarien bidez proposatzea diputatuak bidal zitzatela Filadelfiara, guztien artean eztabaidatzeko nola itzuli merkataritzari bere askatasuna. Proposamen honek egun gutxi behar izan zituen Mainetik Orleans Berriraino zabaltzeko inprimategien indarrez. Sutsu onartu zuten tarifaren kontrakoek. Alde guztietatik bildu eta diputatuak izendatu zituzten. Hauetako gehienak pertsona ezagunak ziren, eta batzuk ospetsu izateraino iritsiak. Hego Carolinak, gero kausa beragatik armak hartu zituenak, hirurogeita hiru delegatu bidali zituen bere aldetik. 1831ko urriaren 1ean eratu zen Filadelfian batzarra, amerikar azturaren arabera konbentzio izena harturik; berrehun kide baino gehiago zituen. Eztabaidak publikoak ziren eta lehen egunetik izaera legegilea hartu zuten erabat; Kongresuaren botereen hedadura eztabaidatu zen, merkatal askatasunari buruzko teoriak eta, azkenik, tarifari buruzko xedapen ezberdinak. Hamar egunen buruan, batzarra banatu egin zen herri amerikarrari oroitagiri bat idatzi ondoren. Agiri honetan esaten zen: 1. Kongresuak ez zuela eskubiderik tarifa bat ezartzeko, eta zegoen tarifa konstituziokontrakoa zela; 2.a ezein herrirentzat, eta herri amerikarrarentzat bereziki, ez zela interesgarria merkataritza aske ez izatea.
Aitortu beharra dago elkartzeko askatasun mugagabeak politika-arloan ez duela gaur arte Estatu Batuetan sortu, beste alde batzuetan agian espero zitekeen ondorio gaiztorik. Elkartzeko eskubidea Ingalaterratik eramana dute han, eta betidanik izan da Amerikan. Eskubide honen erabilera gaur egun sartua dago aztura eta ohituretan.
Gure garaian, elkartzeko eskubidea beharrezko garantia bilakatu da gehiengoaren tiraniaren kontra. Estatu Batuetan, behin alderdi bat nagusi bihurtu denean, botere publiko guztia berorren eskuetara pasatzen da; berorren adiskide partikularrek hartzen dituzte postu guztiak eta indar antolatu guztiez baliatzen dira. Kontrako alderdiko pertsonarik garrantzizkoenek, boteretik banatzen dituen hesia gainditu ezin dutenez, kanpoan ezarri behar izaten dute; beharrezkoa gertatzen da gutxiengoak bere indar moral guztia jartzea bera zapaltzen duen indar materialaren kontra. Are beldurgarriagoa den arrisku baten kontra jartzen den beste arrisku bat da, beraz.
Gehiengoaren guztiahala errepublika amerikarrentzat hain arrisku handia iruditzen zaidanez, hori mugatzeko erabiltzen duten baliabide arriskutsua gauza on bat dela iruditzen zait.
Gogoeta bat adieraziko dut hemen, beste leku batean udal-askatasunei buruz esandakoa gogoraraziko duena: alderdien despotismoa edo printzearen nagusikeria eragozteko, elkarteak inon ez dira beharrezkoagoak gizarte-egoera demokratikoa duten herrialdeetan baino. Nazio aristokratikoetan, bigarren mailako gorputzek berezko elkarteak eratzen dituzte boterearen abusuak geldiarazteko. Horrelako elkarterik ez dagoen herrialdeetan, partikularrek ezin badute artifizialki eta momentuan antzeko zerbait sortu, nik ez dut jada hesirik ikusten edozelako tiraniaren aurka, eta herri handi bat zigorgabe zapal dezake fakzioso-taldetxo edo pertsona batek.
Konbentzio politiko (mota guztietakoak baitaude) handi baten bilera, sarri beharrezko neurri bilaka daitekeena, beti da, Amerikan ere, gertakari larri bat, bere herrialdearen alde daudenek beldurrez ikusten dutena.
Hau garbi ikusi zen 1831ko konbentzioan, non batzarkide ziren gizon garrantzizkoen ahalegin guztiak hizkera biguntzera eta helburua mugatzera zuzendu baitziren. Agian 1831ko konbentzioak eragin handia izan zuen, hain zuzen ere, pozik ez zeudenen izpirituetan, eta 1832an Batasuneko merkatal legeen kontra agerian gauzatu zen erreboltarako prestatu zituen.
Ezin da ukatu elkartzeko askatasun mugagabea politika-gaietan, askatasun guztien artetik herri batek jasan dezakeen azkena dela. Anarkian erorarazten ez badu, beronen ondo-ondoan ibilarazten du etengabe. Hala ere, hain arriskutsua den askatasun honek garantiak eskaintzen ditu puntu batean; elkarteak aske diren herrialdeetan, ezezagunak dira ezkutuko elkarteak. Amerikan bada fakziosorik, baina ez konspiratzailerik.
Elkartzeko eskubidea ulertzeko era ezberdinak Europan eta Estatu Batuetan, eta honetaz egiten den erabilera ezberdina.
aldatuBakarrik jarduteko eskubidearen ondoren, gizakiarentzat naturalena bere ahaleginak bere antzekoenekin elkartu eta amankomunean jardutea da. Hortaz, elkartzeko eskubidea bere izaeraz banakoaren askatasuna bezain inorenduezina iruditzen zait. Legegileak ezingo luke suntsitu gizarteari berari eraso egin gabe. Halaz guztiz, elkartzeko eskubidea herri batzuetan ongile eta oparotasun-sortzaile baldin bada ere, beste batzuetan, beren gehiegikeriengatik, desnaturalizatu egiten dute, eta bizi-elementu den zerbait suntsipen-eragile bihurtzen dute. Askatasuna ulertzen den herrialdeetan eta askatasun hori mugagabekeria bihurtzen denetan, elkarteek jarraitzen dituzten bide ezberdinen konparazioa onuragarri izango litzatekeela iruditu zait, bai gobernuentzat, baita alderdientzat ere.
Europarrik gehienentzat oraindik gerrako arma da elkartea, presaka eratzen dena berehala gudu-zelaira joan eta probatzeko.
Egia da hitz egiteko xedeaz elkartzen dela jendea, baina izpiritu guztietan egoten da laster jarduteko ideia. Elkartea armada bat da; hitz egiten da bertan kideak zenbatu eta elkar adoretzeko, eta gero arerioaren aurka joaten da. Elkartea osatzen dutenei baliabide legalak bitartekoak irudi lekizkieke, baina hauek sekula ez dira izaten arrakastarako bitarteko bakarrak.
Ez da honela ulertzen elkartzeko eskubidea Estatu Batuetan. Amerikan gutxiengoa osatzen duten hiritarrak elkartu egiten badira, lehenik beren kopurua konstatatzeko da eta honela gehiengoaren aginte morala ahultzeko; elkartzen direnen bigarren helburua eztabaidatzea da eta honela gehiengoa hunkiarazteko argudiorik egokienak aurkitzea; zeren eta gehiengoa berenganatzeko itxaropena izaten baitute beti, eta gero, beronen izenean, botereaz baliatzekoa.
Elkarte politikoak, beraz, Estatu Batuetan baketsuak dira beren helburuan, eta legezkoak beren bitartekoetan; eta arrakasta legeen bidez bakarrik nahi dutela esaten dutenean, egia diote, oro har.
Puntu honetan amerikarren eta gure artean ikusten den aldeak hainbat arrazoi ditu.
Europan dauden alderdi batzuek hain ezberdinak direnez gehiengoaren aldean, inoiz ezin dute espero izan gehiengo horren laguntza lortzerik, eta alderdi horiek beren burua nahiko indartsu sentitzen dute gehiengoaren aurka borrokatzeko. Honelako alderdi batek elkarte bat eratzen duenean, ez du komentzitu nahi izaten, borrokatu baizik. Amerikan, beren iritziagatik gehiengoagandik oso urruti daudenek ezin dute ezer egin honen boterearen kontra; beste guztiek hau berenganatzea espero dute.
Elkartzeko eskubidearen erabilera, beraz, alderdi handiek gehiengo bilakatzeko duten ezintasunaren proportzioan bihurtzen da arriskutsu. Estatu Batuak bezalako herrialde batean, non iritziak ñabarduretan bakarrik bereizten diren, elkartzeko eskubidea, nolabait esateko, mugarik gabea izan daiteke.
Elkartzeko eskubidean, gobernariei gerra egiteko eskubidea bakarrik ikusarazten diguna, askatasun-kontutan dugun esperientziarik eza da. Alderdi nahiz gizaki bati, indarra etortzen zaionean, lehenengo bururatzen zaion ideia bortxakeriarena da; pertsuasioaren ideia geroago iristen da, eta esperientziatik sortzen da.
Ingelesek, beren artean hain sakon banaturik daudenak, oso nekez abusatzen dute elkartzeko eskubideaz, luzaroagoan erabili baitute.
Gainera, gure artean gerrarako zaletasuna hain bizia denez, ez dago eginkizunik -oso zentzugabea izanda ere, Estatua irauli nahi lukeena bezalakoa- hilik suertatzea goresgarria iruditzen ez zaigunik, armak eskuan ditugula baldin bada.
Baina Estatu Batuetan elkartze politikoaren bortizkeria moderatzen laguntzen duten kausa guztietatik, indartsuena boto unibertsala izango da agian. Boto unibertsala onarturik dagoen herrialdeetan, gehiengoa sekula ez da dudazkoa, zeren eta ez baitago alderdirik botoa eman ez diotenen ordezkari bihurtuko denik, zentzutasunez behintzat. Elkarteek badakite, beraz, eta mundu guztiak daki, eurek ez dutela gehiengoa ordezkatzen. Hau haien izatearen beraren ondorio da; zeren eta, ordezkatuko balute, beraiek aldatuko bailukete legea, eraberritzeko eskatu ordez.
Elkarteen erasopean dagoen gobernuaren indar morala asko areagotzen da horrela; beroriena, berriz, asko ahultzen.
Europan ia ez dago elkarterik gehiengoaren nahiak ordezkatzen dituela uste edo sinesten ez duenik. Uste edo sineskizun honek ikaragarri areagotzen du horien indarra, eta oso ondo balio du horien ekintzak legitimatzeko. Zeren eta, ba al da ezer bortizkeria baino desenkusagarriagorik, zuzenbidearen kausa zapaldua garaile ateratzeko?
Honela, giza legeen konplikazio ikaragarrian, batzuetan gertatzen da erabateko askatasunak askatasunaren abusuak zuzenarazten dituela, eta erabateko demokraziak demokraziaren arriskuak prebenitzen dituela.
Europan, nolabait ere, nazioko kontseilu legegile eta betearazleak balira bezala sentitzen dira elkarteak, nazioak berak ez baitezake bere ahotsa entzunarazi; ideia honetatik abiatuz, jardun eta agindu egiten dute. Amerikan, non guztien begietarako nazioan gutxiengo bat bakarrik ordezkatzen duten, hitz egin eta eskariak egiten dituzte.
Europan elkarteek erabiltzen dituzten bitartekoak beren xedearen araberakoak izaten dira.
Elkarte hauen helburu nagusia jardutea izanik eta ez hitz egitea, borrokatzea eta ez komentzitzea, berez jotzen dute beren buruari batere zibila ez den antolamendua ematera eta beren baitan aztura eta maxima militarrak sarraraztera. Honela, ahal duten neurrian, zentralizatu egiten dute beren indarren zuzendaritza, eta guztien boterea oso kopuru txiki baten esku jartzen dute.
Elkarte hauetako kideek gako-hitz bati erantzuten diote, soldaduek gerra-garaian bezala; obedientzia pasiboaren dogma profesatzen dute, edo, hobeto esanda, elkartzen direnean kolpe batean egiten dute beren bereizmenaren eta aske erabakitzeko ahalmenaren sakrifizioa. Honela, elkarte hauen barruan, berauek erasotzen duten gobernuaren izenean gizartean gauzatzen dena baino tirania jasanezinagoa izaten da sarri nagusi.
Honek asko urritzen du horien indar morala. Horrela, zapalduei zapaltzaileen aurkako borrokan egozten zaien izaera sakratua galtzen dute. Zeren eta zenbait kasutan bere antzekoetakoren batzuei, bere borondatea entregatuz eta bere pentsamena ere horien menpe jarriz, morroi bezala obeditzea onartzen duenak, honek nola esan lezake aske izan nahi duela?
Amerikarrek gobernua ere ezarri dute elkarteen baitan, baina gobernu zibila da, zilegi bazait honela esatea. Independentzia indibidualak bere partea du han. Gizartean bezalaxe, pertsona guztiak doaz han aldi berean helmuga bererantz, baina inor ez dago behartuta juxtu-juxtu bide beretatik ibiltzera. Han ez da bakoitzaren borondatearen eta arrazoimenaren sakrifiziorik egiten, baizik eta eginkizun amankomun batek arrakasta izan dezan erabiltzen dira borondatea eta arrazoimena.