Amerikako Demokrazia I/VI. Kapitulua (bigarren zatia)

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
VI. Kapitulua: Zein diren gizarte amerikarrak demokraziaren gobernutik ateratzen dituen benatako abantailak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VI. Zein diren gizarte amerikarrak demokraziaren gobernutik ateratzen dituen benatako abantailak


Kapitulu hau hasi aurretik, irakurleari gogorarazi beharra sentitzen dut dagoeneko hainbat aldiz adierazi dudana liburu honetan zehar.

Estatu Batuetako konstituzio politikoa demokraziak bere gobernuari eman diezaiokeen formetako bat iruditzen zait; baina erakunde amerikarrak ez ditut jotzen herri demokratiko batek beregana ditzakeen ez erakunde bakartzat, ezta onenentzat ere.

Demokraziaren gobernutik amerikarrek zer gauza on lortzen duten jakinaraztean, ez dut inola ere esan edo pentsatu nahi antzerako abantailak lege berberen laguntzaz bakarrik lor daitezkeenik.

Legen joera orokorra demokrazia amerikarraren menpean, eta aplikatzen dituztenen joera

aldatu

Demokraziaren akatsak berehala ikusten dira.- Abantailak luzarora baino ez dira hautematen.- Demokrazia amerikarra ezegokia da sarri, baina beraren legeen joera orokorra probetxagarria da.- Funtzionari publikoek, demokrazia amerikarrean, ez dute gehiengoarenak ez bezalako interes iraunkorrik.- Honen ondorioak.

Demokraziaren gobernuaren akatsak eta ahuleziak eragozpenik gabe ikusten dira; egitate nabarietan agertzen dira, baina beraren eragin osasuntsua era ohartezinean zertzen da, eta, nolabait esateko, ezkutuan. Beraren akatsez lehen begiratuan ohartzen gara, baina kualitateak luzarora bakarrik aurkitzen.

Demokrazia amerikarraren legeak akastunak edo osagabeak dira sarri; batzuetan jadanik finkatutako eskubideak hausten dituzte, edota arriskutsuak berresten. Onak izanda ere, beraien maiztasuna gaitz handia izango litzateke. Hau dena lehen begiratuan hautematen da.

Orduan, zer dela-eta mantentzen eta aurreratzen dira errepublika amerikarrak?

Legeetan arreta handiz bereizi beharra dago haiek lortu nahi duten helburua eta helburu horretarantz joateko modua, beraien ontasun absolutua eta erlatiboa baino ez dena.

Demagun legegilearen helburua gutxiengoaren interesen alde jokatzea dela, gehiengoaren lepotik betiere; bere erabakiak, ukan nahi duen emaitza ahalik eta denborarik laburrenean eta ahaleginik txikienaz lortzera bideratzen ditu. Legea ongi egina izango da, baina helburua txarra; arriskutsua izango da haren eraginkortasunaren beraren proportzioan.

Demokraziaren legeek, oro har, gehiengoaren ongia izaten dute helburu, hiritarren gehiengotik sortuak baitira; hau egon daiteke oker, baina nekez izango du bere buruaren aurkako interesik.

Aristokraziaren legeek, aitzitik, aberastasuna eta boterea gutxiengoaren eskuetan monopolizatzera jotzen dute, aristokrazia beti gutxiengo bat izaten baita berez.

Hortaz, esan daiteke oro har demokraziaren helburua bere legerian onuragarriagoa dela gizadiarentzat, aristokraziaren helburua berean baino.

Baina hor amaitzen dira demokraziaren abantailak.

Aristokrazia askoz ere iaioagoa da legegilearen zientzian demokrazia baino. Bere buruaren jabe, ez da zirikaldi iragankorren menpe egoten; luzerako egitasmoak izaten ditu, eta beroriek umatzen jakiten du aukera egokia iritsi arte. Zuhurtziaz jokatzen du aristokraziak; ezagutzen du bere lege guztien indar kolektiboa aldi berean eta puntu bat bererantz bideratzeko artea.

Ez da horrela gertatzen demokrazian: honen legeak akastunak edo ezegokiak izaten dira ia beti.

Demokraziaren baliabideak ez dira, beraz, aristokraziarenak bezain biribilak. Sarritan, nahi gabe, bere buruaren kontra jarduten du, baina beraren helburua onuragarriagoa da.

Imajinatu gizarte bat naturak, edo bere konstituzioak, lege txarren eragin iragankorra jasateko moduan antolaturik duena, eta legeen joera orokorraren emaitza itxaron dezakeena desagertu gabe; eta ohartuko zarete, bere akatsak gora-behera, hala ere demokraziaren gobernua dela egokiena gizarte horri aurrera eragiteko.

Horixe da, hain zuzen, Estatu Batuetan gertatzen dena; beste alde batzuetan adierazi dudana errepikatzen dut hemen: amerikarren pribilegio handia hutsegite konpongarriak egin ahal izatea da.

Antzerako zerbait esango dut funtzionari publikoei buruz.

Erraz ikusten da demokrazia amerikarra sarri tronpatzen dela bere boterea hartuko duten pertsonak aukeratzerakoan; baina ez da hain erraza esatea Estatuak zergatik egiten duen aurrera haien eskuetan.

Ohartu, lehenik, estatu demokratikoetan gobernariak ez badira hain zintzo eta hain gaituak ere, gobernatuak ilustratuagoak eta erneagoak izaten direla.

Demokrazietan, herriak, bere arazoez etengabe arduratua eta bere eskubideez jeloskor egoten delarik, ez die bere ordezkariei uzten bere interesak ezartzen dien halako ildo orokor batetik aldentzen.

Ohartu, gainera, magistratu demokratikoak beste batek baino okerrago erabiltzen badu boterea, oro har denbora laburragoan edukitzen duela botere hori.

Baina bada arrazoi bat hori baino orokorragoa, eta gogobetegarriagoa.

Zalantzarik gabe, garrantzizkoa da nazioen onerako gobernariek bertuteak edo talentuak izatea; baina are garrantzizkoagoa da agian gobernariek ez izatea gobernatu gehienen aurkako interesik, zeren eta, kasu honetan, ia alferrikakoak izan bailitezke bertuteak, eta oso kaltegarriak talentuak.

Esan dut garrantzizkoa dela gobernariek ez izatea gobernatu gehienen aurkako interesik, edo interes ezberdinik; ez dut esan gobernatu guztien interesen antzekoak izatea garrantzizkoa denik, ez baitakit hori lortu denik orain arte.

Ez da, gaur arte, gizartea osatzen duten klase guztien garapena eta oparotasuna berdinki bultzatuko duen forma politikorik aurkitu. Klase horiek, nazio berean beste hainbat nazio ezberdin bezala izaten jarraitu dute, eta esperientziak erakutsi du horietako bati besteen zoria erabat ematea bezain arriskutsua zela herri bat beste herri baten destinoen arbitro bihurtzea. Aberatsek bakarrik gobernatzen dutenean, behartsuen interesa arriskuan egoten da beti; eta legea behartsuek egiten dutenean, aberatsen interesak ezusteko handiak jasaten ditu. Zein da, beraz, demokraziaren abantaila? Demokraziaren benetako abantaila ez da, esan izan den bezala, guztion oparotasuna bultzatzea, gehiengoaren ongizatearen zerbitzurako izatea baizik.

Estatu Batuetan arazo publikoak zuzentzeaz arduratzen direnak sarri gaitasun eta moraltasunez kaskarragoak izaten dira aristokraziak agintera eramango lituzkeenak baino; baina haien interesa bat dator beren herrikideen gehiengoarenarekin. Egin ditzakete, beraz, infideltasun ugariak eta hutsegite larriak, baina ez dute inoiz sistematikoki izango gehiengo horren aurkako joerarik; eta ezinezkoa da gobernuari halako jite esklusibo eta arriskutsu bat ezartzea.

Bestalde, magistratu baten administrazio txarra, demokrazian, egitate isolatu bat da, administrazio horren iraupen laburrean bakarrik eragiten duena. Ustelkeria eta gaitasunik eza ez dira pertsonak beren artean iraunkorki elkarlotu ditzaketen interes komunak.

Magistratu usteldu edo gaitasungabeak ez ditu bere ahaleginak beste magistratu batekin konbinatuko, azken hau ere bera bezalaxe ezgai eta usteldua delako arrazoiagatik bakarrik, eta bi hauek ez dute inoiz adostasunean lan egingo ustelkeria eta gaitasunik eza beren ondorengoen artean lorarazteko. Aitzitik, bataren gutizia eta azpikeriak bestea agerian uzteko balioko dute. Magistratuaren akatsak demokrazietan guztiz pertsonalak izaten dira orokorrean.

Baina pertsona publikoek, aristokraziaren gobernupean, klase-interes bat izaten dute, batzuetan gehiengoarenarekin bat etorri arren, sarri ezberdina izaten dena. Interes horrek lotura komun eta iraunkorra sortzen du beraien artean; beren ahaleginak batu eta konbinatzera gonbidatzen ditu, beti gehiengoaren zoriontasuna izaten ez den helburu baterantz. Ez ditu gobernariak bakarrik elkarrekin lotzen, baita hauek gobernatuen arteko multzo handi samar batekin ere; zeren eta hiritar asko, inolako kargurik ez badute ere, aristokraziaren parte baitira.

Beraz, magistratu aristokratikoak etengabeko laguntza aurkitzen du gizartean, gobernuan ere aurkitzen duen aldi berean.

Aristokrazietan, magistratuak bere garaikideetako batzuen interesarekin elkartzen dituen helburu komun honek identifikatu eta, nolabait esateko, geroko belaunaldien menpe ere jartzen ditu. Etorkizunerako lan egiten dute, orainaldirako beste. Hortaz, magistratu aristokratikoari aldi berean puntu bererantz bultza egiten diote gobernatuen grinek, bere grinek eta, ia esango nuke, bere ondorengoen grinek ere bai.

Zergatik harritu ez badu erresistentziarik jartzen? Horregatik ikusten da sarri aristokrazietan, klase-izpirituak usteltzen ez dituenak ere herrestatzen dituela, hauek oharkabean poliki-poliki beren erabilerarako moldatu eta beren ondorengoentzat prestatzen dutelarik gizartea.

Ez dakit inoiz izan den aristokraziarik Ingalaterrakoa bezain liberalik eta, etenaldirik gabe, herrialdeko gobernuari pertsona hain duin eta ilustraturik eman dionik.

Hala ere, erraz ikus daiteke legeria ingelesean behartsuaren ongia azkenean aberatsarenari sakrifikatu izan zaiola sarri, eta gehiengoaren eskubideak batzuen pribilegioei. Honela, gaur egungo Ingalaterrak bere baitan biltzen ditu zoriaren egoerarik muturrekoenak, eta han aurkitzen diren behar gorriak bertako botere eta aintzaren pareko dira ia.

Estatu Batuetan, non funtzionari publikoek ez duten nagusiarazi beharreko klase-interesik, gobernuaren martxa orokor eta iraunkorra ongilea da, nahiz eta gobernariak sarri gaitasungabeak izan, eta batzuetan mesprezagarriak.

Erakunde demokratikoen barrenean bada, beraz, joera ezkutu bat sarritan jendea, bere akats edo hutsegiteak gora-behera, oparotasun orokorra bultzatzera eramaten duena; erakunde aristokratikoetan, berriz, aurkitzen da batzuetan joera ezkutu bat, talentu eta bertuteak gora-behera, beren antzekoen ezbeharrak areagotzera bultzatzen dituena. Horrela, gerta liteke gobernu aristokratikoetan pertsona publikoek nahi gabe gaizkia egitea, eta demokrazietan ongia egitea horretarako asmorik izan gabe.

Izpiritu publikoa Estatu Batuetan

aldatu

Instintuzko aberri-maitasuna.- Hausnarturiko abertzaletasuna.- Horien izaera ezberdinak.- Herriek beren indar guztiz bigarrenerantz jo behar dute lehena desagertzen denean.- Amerikarrek egin dituzten ahaleginak horretara iristeko.- Gizabanakoaren interesa herrialdearenarekin estu lotua.

Bada aberri-maitasun bat bere sorburua, giza bihotza norbera jaio deneko lekuarekin lotzen duen sentimendu hausnargabe, desinteresatu eta zehazgaitz horretan duena, batez ere. Instintuzko maitasun hau antzinako ekanduen zaletasunarekin nahasten da, arbasoenganako begirune eta iraganaren oroitzapenarekin; berau sentitzen dutenek gurasoen etxea maite izaten den bezala maitatzen dute herrialdea. Bertan duten lasaitasuna gustatzen zaie; bertan harturiko aztura baketsuei eusten diete; bertako oroigarriei atxikitzen zaizkie, eta nolabaiteko goxotasuna ere aurkitzen diote han obedientzian bizitzeari. Sarritan abertzaletasun hau erlijio-suak areagotzen du, eta gauza miragarriak egiten ditu orduan. Erlijio-mota bat da bera ere; ez du arrazoitzen, sinetsi egiten du, sentitu, jardun. Aurkitu dira herri batzuk, nolabait ere aberria pertsonifikatu egin dutenak, eta hori printzearengan ikusten dutenak. Hortaz, berarengana eraman dute abertzaletasunaren osagai diren sentimenduen parte bat; beraren arrakastez harrotu izan dira, eta beraren botereaz ere bai. Garai batean, antzinako monarkiaren menpean, frantsesek halako alaitasun bat sentitzen zuten erremediorik gabe monarkaren arbitrariotasunaren menpe zeudela sentitzean, eta harrotasunez esaten zuten:  "Munduko erregerik ahaltsuenaren menpe bizi gara gu".

Grina hausnargabe guztiak bezalaxe, herrialdearen maitasun honek ahalegin iragankor handietara bultzatzen du, ahalegin iraunkorretara baino gehiago. Krisialdian Estatua onik atera ondoren, bake-garaian hondatzen uzten da sarri.

Herriak oraindik beren ohituretan sinpleak eta beren sinesmenean sendoak diren bitartean, gizartea gauzen antzinako ordenan, beronen legezkotasuna zalantzan jarri gabe, gozo-gozo oinarritzen denean, orduan izaten da nagusi instintuzko aberri-maitasun hau.

Bada beste bat hau baino arrazionalagoa; ez da hain eskuzabala, ezta hain sutsua ere, baina bai emankorrago eta iraunkorragoa; jakintzargietatik sortzen da; legeen laguntzaz garatzen da, eskubideen erabileraz hazten da eta azkenerako interes pertsonalarekin nahasten da, nolabait ere. Pertsona batek ulertzen du herrialdearen ongizateak zer-nolako eragina duen bere ongizatean; badaki ongizate hori sortzen laguntzeko aukera ematen diola legeak, eta bere herrialdearen oparotasunaz arduratzen da, lehenik beretzat onuragarri duelako eta gero bere egintza bezala.

Baina batzuetan herrien bizitzan iristen da momentu bat antzinako ekanduak aldatu egiten direnekoa, ohiturak suntsitu, sineskizunak desegin, oroitzapenen prestigioa desagertu, eta hala ere jakintzargiak osagabe gelditzen dira eta eskubide politikoak gaizki ziurtatuak edo murriztuak. Orduan, jendeak argitasun ahul eta zalantzatsuz bakarrik ikusten du aberria; ez dute jadanik zoruan kokatzen, beraientzat lur bizigabe bihurtu baita; ezta arbasoen usadioetan ere, uztarritzat hartzen ikasi baitute; ezta erlijioan ere, zalantzak dituzte eta; ezta legeetan ere, ez baitituzte berek egin; ezta legegilearengan ere, honen beldur izan eta gutxietsi egiten baitute. Ez dute, beraz, inon ikusten, ez berari dagozkion ezaugarriekin, ez beste batzuekin, eta berekoikeria estu eta jakintzargirik gabekora erretiratzen dira. Pertsona horiek aurriritziei ihes egiten diete, arrazoiaren nagusitasuna errekonozitu gabe; ez dute ez monarkiaren instintuzko abertzaletasuna, ez errepublikaren abertzaletasun hausnartua, baizik eta bien artean gelditu dira, nahasmenaren eta ezbeharren erdian.

Zer egin horrelako egoera batean? Atzera egin. Baina herriak ez dira itzultzen gaztaroko sentimenduetara, pertsonak ere txikitako zaletasun inuzenteetara itzultzen ez diren bezalaxe; oroit daitezke etsipenez horietaz, baina ez berpiztarazi. Beraz, aurrera jarraitu behar da eta presaka ibili herriak bat eginda ikus ditzan banakoen interesa eta herrialdearen interesa, zeren eta abertzaletasun desinteresatua ihesi baitoa, itzulerarik gabe.

Nik ez dut inola ere esan nahi emaitza honetara iristeko bat-batean eskubide politikoen erabilera eman behar zaienik gizaki guztiei; baina esaten dut jendea bere aberriaren zoriaz ardurarazteko daukagun bide ahaltsuena, eta gelditzen zaigun bakarra agian, jendeari bere gobernuan parte harraraztea dela. Gaur egun hiritartasun-izpiritua eta eskubide politikoen egikaritza banaezinak iruditzen zaizkit; eta pentsatzen dut aurrerantzean eskubide horien hedapenaren arabera gehitu edo gutxituko dela Europan hiritarren kopurua.

Nondik dator Estatu Batuetan, non biztanleak atzo iritsiak diren bizi direneko lurrera, usadiorik eta oroitzapenik ekarri gabe bertara; non lehen aldiz topo egiten duten elkarrekin aurrez ezagutu gabe; non, hitz batez esateko, ia ezin daitekeen aberri-senik egon; nondik dator guztiak beren udalerriko, kantonamenduko eta estatu osoko arazoez arduratzea beren arazoez bezalaxe? Kontua da bakoitzak, bere esparruan, aktiboki esku hartzen duela gizartearen gobernuan.

Estatu Batuetan herriko jendeak ulertu egin du oparotasun orokorrak norberaren zorionean duen eragina, ideia oso sinplea baina herriak oso gutxi ezagutzen duena. Gainera, ohitua dago oparotasun hori bere egintza bailitzan ikustera. Beraz, zori publikoan berea ere ikusten du, eta Estatuaren onerako lan egiten du, ez bere eginbeharra duelako edo harrotasunez bakarrik, baita gutiziagatik ere egiten duela esango nuke ia.

Ez dago amerikarren erakundeak eta historia aztertu beharrik aurreko hori egia dela jakiteko; ohiturek nahikoa argi uzten dute. Amerikarrak, bertan egiten den guztian esku hartzen duelarik, herrialdea kritika guztietatik defendatu beharra sentitzen du, ez baitzaio orduan herrialdeari bakarrik erasotzen, baita berari ere. Horrela ikusten da haren urguilu nazionala trikimailu guztiez baliatzen dela eta harropuzkeria indibidualaren umekeria guztietara jaisten dela.

Ohiko bizimoduan ezer ez dago gogaikarriagorik amerikarren abertzaletasun amorragarri hori baino. Atzerritarrak pozik onartuko luke herrialde hartako gauza asko goraipatzea, baina gauza batzuk kritikatzen ere utz diezaioten nahiko luke, eta horixe da erabat ukatzen zaiona.

Hortaz, askatasunezko herrialdea da Amerika, non, inor ez mintzeko, atzerritarrak ez duen aske hitz egin behar ez partikularrez, ez estatuaz, ez gobernatuez, ez gobernariez, ez eginkizun publikoez, ezta pribatuez ere; azken finean, han aurkitzen den ezertaz ere ez, klimaz eta lurzoruaz izan ezik. Hala ere, amerikar batzuk prest egoten dira azken hauetako bata nahiz bestea defendatzeko, hauen eraketan ere esku hartu izan balute bezala.

Gaur egun, jakin beharra dago baten edo bestearen alde jartzen eta ausartu beharra dago guztien abertzaletasunaren eta gutxiengoaren gobernuaren artean aukeratzen, ezinezkoa baita aldi berean eskuratzea lehenak ematen dituen gizarte-indar eta -jarduerak, eta bigarrenak batzuetan ematen dituen lasaitasun-garantiak.

Eskubideen ideia Estatu Batuetan

aldatu

Ez dago herri handirik eskubideen ideiarik gabe.- Zein den eskubideen ideia herriari emateko bidea.- Eskubideekiko begirunea Estatu Batuetan.- Nondik sortzen den hori.

Bertutearen ideia orokorraren ondoren, ez dut besterik ezagutzen eskubideena baino ederragorik; edota, hobeto esanda, bi ideia horiek elkarrekin nahasten dira. Eskubideen ideia ez da bertutearen ideia politika-munduan sartuta baino.

Eskubideen ideiaz definitu du gizakiak zer ziren libertinajea eta tirania. Ideia horrek argiturik, bakoitza independente agertu ahal izan da harrokeriarik gabe, eta menperatuta apalkeriarik gabe. Gizakiak bortxakeriari obeditzen dionean bere burua makurtzen eta beheratzen du, baina hurkoari aitortzen dion agintzeko eskubidearen menpe jartzen denean, agintzen dionaren beraren gainetik jartzen da, nolabait ere. Ez dago pertsona handirik bertuterik gabe; eskubideekiko begirunerik gabe ez dago herri handirik; ia esan daiteke ez dagoela gizarterik ere, zeren eta, zer da bada izaki arrazional eta adimendunen elkarte bat, beren lotura bakarra indarra badute?

Neure buruari galdetzen diot zein ote den gaur egun gizakiei eskubideen ideia transmititzeko bidea, eta zentzuetatik sarraraztekoa, nolabait esateko; bat bakarra ikusten dut, alegia, guztiei ematea zenbait eskubideren erabilera baketsua. Ongi ikusten da hau haurren artean, gizakiak direlarik, baina indarrik eta eskarmenturik gabeak. Haurra kanpoko gauzen artean mugitzen hasten denean, eskura aurkitzen duen guztia erabiltzera bultzatzen du senak; ez du besteen jabetzaren ideiarik, ezta existentziarena ere; baina gauzen balioaz jabetu ahala eta berari ere ken diezazkioketela konturatu ahala, zentzudunago bihurtzen da eta berarengan errespeta dezaten nahi duena besteengan ere errespetatuz amaitzen du azkenean.

Haurrari bere jostailuekin gertatzen zaiona gertatzen zaio geroago pertsonari bere gauza guztiekin. Amerikan, demokraziaren herrialdean, zergatik ez zaio inori entzuten jabetzaren aurka oro har Europan sarri entzuten diren kexa horiek? Esan beharra al dago? Kontua da Amerikan ez dagoela proletariorik. Bakoitzak baduenez ondasun partikularren bat defendatzeko, printzipioz onartu egiten du jabetza-eskubidea.

Gauza bera gertatzen da politika-arloan. Amerikan, herriko jendeak eskubide politikoen ideia jasoa du, berak ere badituelako eskubide politikoak; ez die besteenei erasotzen, ez ditzaten berarenak urratu. Eta Europan pertsona horrek berorrek aginpide subiranoa ere onartzen ez duen bitartean, amerikarra murmuriorik gabe jartzen da bere magistratuetariko txikienaren agintepean.

Egia hau herrien bizitzako xehetasunik txikienetan ere agertzen da. Frantzian plazer gutxi dago gizarteko goi-klaseentzat bakarrik gordeta; aberatsa sar daitekeen lekurik gehientsuenetan onartzen dute behartsua ere. Beraz, honek eratasunez jokatzen du eta konpartitzen dituen gozamenetarako balio duen guztia errespetatzen du. Ingalaterran, non aberastasunak baititu alaitasunaren pribilegioa nahiz boterearen monopolioa, behartsuak aberatsaren plazerretarako diren lekuetan ezkutuka sartzea lortzen duenean, kexatu egiten dira alferrikako hondamenak eragitea gustatzen omen zaiolako behartsuari. Zergatik harritzen dira? Ongi arduratu dira behartsuak zer galdurik izan ez dezan.

Demokraziaren gobernuak eskubide politikoen ideia hiritarrik txikienarenganaino iristarazten du, ondasun-banaketak jabetza-eskubidearen ideia oro har pertsona guztien irispidean jartzen duen bezalaxe. Nire iritziz, hori da beraren meriturik handienetako bat.

Ez dut esaten gauza erraza denik pertsona guztiei beren eskubide politikoez baliatzen irakastea; baizik eta diot, hori egingarri denean, ondorengo emaitzak handiak izaten direla.

Eta gaineratzen dut, menderen batean saiatu behar bada horrelako eginkizun bat, gure mendean saiatu behar dela.

Ez al duzue ikusten erlijioak ahultzen ari direla eta eskubideen jainkozko ideia desagertzen? Ez al zarete konturatzen ohiturak aldatuz doazela eta berauekin batera ezabatuz doala eskubideen ideia morala?

Ez al zarete ohartzen alde guztietan sineskizunen ordez arrazoibideak nagusitzen direla, eta sentimenduen ordez kalkuluak? Hondamendi unibertsal honen erdian, ez baduzue lortzen eskubideen ideia interes pertsonalarekin lotzea, hauxe izanik giza bihotzean puntu mugigaitz bakarra, zer geldituko zaizue, bada, mundua gobernatzeko, beldurra baizik?

Esaten zaidanean legeak ahulak, gobernatuak asaldakorrak, grinak biziak eta bertutea botere gabea dela, eta egoera honetan ezin dela imajinatu demokraziaren eskubideak areagotzerik, erantzun ohi dut, nire ustez, gauza horiexengatik, hain zuzen, pentsatu behar dela horretan; eta, egia esateko, pentsatzen dut gobernuek interes gehiago dutela horretarako gizarteak baino, gobernuak desagertu egiten baitira, eta gizartea ezin da hil. Gainerantzean, ez dut abusatu nahi Amerikako adibideaz.

Amerikan herriari eskubide politikoak eman zitzaizkion garaian nekez egin zezakeen horien erabilera txarra, hiritarrak gutxi baitziren eta ohitura xumeak baitzituzten. Haztean, amerikarrek ez dituzte, nolabait esateko, demokraziaren botereak gehitu, baizik eta beronen esparruak hedatu dituzte.

Ezin da zalantzan jarri aurrez izan ez dituen eskubide politikoak herri bati ematen zaizkion momentuan krisia sortzen dela, beharrezko krisia sarri, baina arriskutsua betiere.

Haurrak hil egiten du biziak zenbat balio duen ez dakienean; beste bati gauzak kentzen dizkio, berari ere ken diezazkioketela jakin arte. Herriko jendea, eskubide politikoak ematen zaizkion momentu berean, haurra natura osoaren aurrean bezalakoxe egoeran aurkitzen da bere eskubideei dagokienez, eta kasu horretantxe aplika dakioke esaldi ospetsu hau: Homo puer robustus.

Amerikan bertan aurkitzen da egia hau. Beren eskubideez gozatzen aspaldien hasitako hiritarrak dauzkaten estatuetan jakiten dute gainera eskubide horietaz ongien baliatzen ere.

Ez da inoiz gehiegi errepikatuko: aske izateko artea baino gauza emankorragorik ez dago miragarriak sortzeko; baina askatasunaren ikaskuntza baino gogorragorik ere ezer ez dago. Ez da gauza bera gertatzen despotismoarekin. Jasandako gaitz guztien sendagarri agertzen da despotismoa sarri; bidezko eskubidearen laguntzaile, zapalduen euskarri eta ordenaren oinarri. Herriak lokartu egiten dira despotismoak sortarazten duen momentuko oparotasunaren baitan, eta esnatzen direnean lazerian aurkitzen dira. Askatasuna, aitzitik, ekaitz artean sortzen da normalean, nekez ezartzen da gatazka zibilen artean eta zahartzen denean bakarrik ezagut daitezke beraren onurak.

Legearekiko begirunea Estatu Batuetan

aldatu

Amerikarrek legearekiko duten begirunea.- Berorrekiko sentitzen duten guraso-gisako maitasuna.- Guztiek duten interes pertsonala legearen ahalmena gehitzeko.

Ezin zaio beti herri osoari dei egin, zuzenean edo zeharka, legea egitera; baina ezin da ukatu, hori egin daitekeenean, legeak aginpide handia hartzen duela. Jatorri herritar horrek, sarritan legeriaren ontasun eta jakinduriari kalte egiten badie ere, biziki areagotzen du berorren boterea.

Herri oso baten nahien adierazpenean indar ikaragarria dago. Argi eta garbi agertzen denean, beraren kontra borroka egin nahiko luketenen irudimena bera ere abailduta bezala gelditzen da.

Hau egia dela ongi asko dakite alderdiek.

Horregatik aritzen dira gehiengoa eztabaidatzen, ahal duten alde guztietan. Bozkatu dutenen artean falta zaienean, abstenitu direnen artean ezartzen dute, eta hor ere ihes egiten badie, bozkatzeko eskubiderik ez zutenen artean aurkitzen dute.

Estatu Batuetan, esklabu, morroi-neskame eta udalek mantenduriko behartsuak ezik, ez dago inor hautesle ez denik, eta beraz legea egiten zeharka esku hartzen ez duenik. Legeei eraso egin nahi dietenak, beraz, bi gauza hauetakoren bat nabarmen egitera mugaturik daude: nazioaren iritzia aldarazi behar dute ala beraren nahiak hankapean hartu.

Lehen arrazoi honi erantsi beste hau zuzenagoa eta ahaltsuagoa, alegia, Estatu Batuetan bakoitzak halako interes pertsonal bat aurkitzen duela guztiek legeari obeditzean, zeren eta gaur gehiengoaren parte ez dena bihar berorren barruan egongo baita agian; eta legegilearen borondateari orain dion begirune hori, berearentzat eskatzeko aukera izango baitu laster. Legea oso gogaikarria izan arren, Estatu Batuetako jendea eragozpenik gabe jartzen da berorren menpe, ez bakarrik gehiengoaren egintza delako, baita bere-berea duelako ere; kontratu baten ikuspegitik hartzen du, bera kontratu horretan alderdi bat delarik.

Estatu Batuetan ez da ikusten jendetza handi eta beti asaldaturik, legea berezko etsaitzat daukalako, beldurrez eta susmo txarrez bakarrik begiratzen dion horretakorik. Aitzitik, ezinezkoa da ez ohartzea klase guztiek usteon handia dutela herrialdea arautzen duen legerian, guraso-gisako maitasuna sentitzen dutelarik berorrekiko.

Oker nabil "klase guztiek" esatean. Amerikan Europako botere-eskala alderantzikatua dagoelarik, Europan behartsuek duten egoeraren antzekoa dute han aberatsek; berauek dira sarritan legearekiko mesfidantza dutenak. Esan dut beste nonbait: gobernu demokratikoaren benetako abantaila ez da guztien interesak ziurtatzea, batzuetan esan nahi izan den bezala, baizik eta gehiengoarenak babestea bakarrik. Estatu Batuetan, non behartsuak gobernatzen duen, aberatsak beti dira beldur hark ez ote duen beraien kontra bere botereaz abusatuko.

Aberatsen izpirituaren jarrera honek halako atsekabe sor bat eragin dezake, baina gizartea ez da bortizki asaldatua gertatzen, zeren eta aberatsari bere konfiantza legegileari ematea eragozten dion arrazoi berberak eragozten baitio honen aginduak desafiatzea ere. Ez du legea egiten aberatsa delako, eta ez da legea hausten ausartzen bere aberastasunagatik. Nazio zibilizatuen artean, zer galdurik ez dutenak errebelatzen dira normalean. Honela, bada, nahiz eta beti ez izan errespetagarriak demokraziaren legeak, ia beti errespetatzen dituzte, zeren eta, oro har, legeak hausten dituztenek ezin baitituzte bete gabe utzi berek egindakoak eta beren probetxurako direnak, eta legea hausteko interesa izan lezaketen hiritarrak beren izaera eta jarrerak bultzatzen ditu legegilearen edozelako borondatearen menpe jartzera. Gainerantzean, herriak Amerikan ez dio legeari bere egintza delako bakarrik obeditzen, baita, ausaz kaltegarri gertatzen bazaio, alda dezakeelako ere; lehenik, berak bere buruari ezarri dion gaitz baten menpe bezala jartzen da haren menpe, eta ondoren gaitz iragankor baten menpe bezala.

Estatu Batuetako gorputz politikoaren zati guztietan dagoen jarduera; honek gizartean duen eragina

aldatu

Zailagoa da Estatu Batuetan dagoen jarduera politikoa ulertzea bertan aurkitzen den askatasun edo berdintasuna ulertzea baino.- Legislatiboak etengabe asaldatzen dituen mugimendu handia albo-gertaera bat baino ez da, mugimendu unibertsal horren luzapena.- Bere arazoez bakarrik arduratzeko amerikarrak aurkitzen duen zailtasuna.- Asaldura politikoa gizarte zibilean zabaltzen da.- Amerikarren jarduera industriala, neurri batean kausa horrek eragina.- Demokraziaren gobernutik gizarteak ateratzen dituen zeharkako abantailak.

Herrialde aske batetik aske ez den beste batera igarotzean, aparteko ikuskizun bat gertatzen da harrigarri: han dena da jarduera eta mugimendu, hemen orok lasai eta mugigaitz dirudi. Batean hobekuntza eta aurrerapen-kontua baino ez da; bestean, esan liteke gizarteak, ondasun guztiak lortu ondoren, hauetaz gozatzeko atseden hartzea baino ez duela nahi. Hala ere, zoriontsu izateko hainbesteko asaldura daukan gizartea normalean aberats eta oparoagoa izaten da, bere zoriaz hain asebetea dirudiena baino. Eta bata eta bestea aztertuz, nekez ulertzen da horietako lehenengoan nola sortzen den hainbeste behar berri egunero, bigarrenean hain gutxi sumatzen diren bitartean.

Oharpen hau forma monarkikoa gorde duten eta aristokrazia nagusi duten herrialde askeei aplikagarri bada, are gehiago errepublika demokratikoei. Hauetan, jadanik ez da herriaren zati bat gizartearen egoera hobetzeari ekiten diona; herri osoa arduratzen da horretaz. Kontua ez da klase baten beharrak eta erosotasunak asebetetzea bakarrik, klase guztienak aldi berean baizik.

Ez da ezinezkoa amerikarrek duten askatasun itzela ulertzea; beraien ikaragarrizko berdintasunaz ere jabetu daiteke, baina, lekuko izan gabe ulertu ezin dena, Estatu Batuetan dagoen jarduera politikoa da.

Amerikako zorua zapaldu orduko, nolabaiteko zarraparra baten erdian aurkituko zarete; arrabots nahasi bat entzuten da alde guztietan; mila ahots iristen dira aldi berean belarrira, eta bakoitzak gizarte-premia batzuen berri ematen du. Dena dago mugimenduan, zuen inguruan: hemen, auzo bateko jendea bildurik dago eliza eraiki behar den jakiteko; han, ordezkari bat aukeratzeko ari dira lanean; harago, kantonamenduko diputatuak presaka doaz hirira, zenbait hobekuntza lokal egin dadin gestioak egitera; beste toki batean, herriko laborariek soroetatik aldegin dute errepide edo eskola bat egiteko plana eztabaidatzeko. Hiritar batzuk, gobernuaren martxa gaitzesten dutela adierazteko helburu bakarraz batzartzen dira, eta aldi berean beste batzuk, gobernuan daudenak aberriaren guraso direla aldarrikatzeko biltzen dira. Halaber, beste zenbait, estatuko gaitzen jatorri nagusitzat hordikeria jotzen dutelarik, handikiro konprometitzen dira neurritasunaren etsenplu ematera182.

Legislatibo amerikarrak etengabe asaldatzen dituen mugimendu politiko handia, kanpotik ikusten den bakarra, albo-gertakari bat eta herriaren azken mailetan hasi eta ondoren poliki-poliki hiritar-klase guztiak bereganatzen dituen mugimendu unibertsal horren luzapen-moduko bat baino ez da. Ezin da gogotsuago lan egin zoriontsu izateko.

Zaila da esaten zer leku hartzen duten politika-ardurek Estatu Batuetako pertsona baten bizitzan. Gizartearen gobernuan esku hartzea eta horretaz hitz egitea da gairik nagusiena eta, nolabait esateko, amerikarrak ezagutzen duen plazer bakarra. Bizitzako azturarik txikienetan ere ohartzen da hau: emakumeak berak ere sarri joaten dira batzar publikoetara eta, hitzaldi politikoak entzunez, etxeko lanen nekeari ihes egiten diote. Berauentzat, neurri bateraino klubek ordezten dituzte ikuskizunak. Amerikarrak ez daki elkarrizketan, eztabaidan baizik; ez du pentsatzen, mintzatzen baizik. Batzar bati bezala hitz egingo dizue beti; eta kasualitatez berotu egiten bada,  "Jaunak" esango dio bere solaskide duenari.

Zenbait herrialdetan, jendeak halako higuin batez bakarrik onartzen ditu legeak ematen dizkion eskubide politikoak; interes komunez arduraraztean denbora kentzen diotela iruditzen zaio, eta bere burua berekoikeria estuan ixtea gustatzen zaio, lau zangak eta hesiak osaturiko muga zehatzen barnean.

Aitzitik, amerikarra bere arazoez bakarrik arduratzera mugatuko balute, biziaren erdia kenduko liokete; egundoko hutsunea sentituko luke bere egunetan, eta ikaragarri zoritxarreko izango litzateke183.

Komentziturik nago egunen batean despotismoa Amerikan ezartzera iristen bada, zailtasun handiagoa izango duela askatasunak sortarazitako azturak menperatzen, askatasunaren maitasuna bera gainditzen baino.

Etengabe birsortzen den asaldura hau, demokraziaren gobernuak politika-munduan sartu duena, gizarte zibilera pasatzen da ondoren. Azken finean, ez dakit ez ote den horixe gobernu demokratikoaren abantailarik handiena, eta gehiago goraipatzen dut eragiten duenagatik berak egiten duenagatik baino.

Ukaezina da sarritan herriak oso gaizki zuzentzen dituela arazo publikoak; baina herriak ezin du arazo publikoetan esku hartu bere ideien esparrua hedatu gabe eta bere izpiritua ohiko errutinatik atera gabe. Gizartearen gobernura deitua den herriko jendeak bere buruaren halako estima bat zertzen du. Orduan autoritate bat denez, oso adimen ilustratuak jartzen dira harenaren zerbitzura. Etengabe jotzen dute berarengana laguntza eske eta, mila era ezberdinetan engainatu nahi izatean, ilustratu egiten dute. Politikan, berak asmatu gabeko eginkizunetan esku hartzen du, baina eginkizunetarako zaletasun orokorra sortzen diote. Jabego komunari egin beharreko hobekuntza berriak adierazten zaizkio egunero; eta pertsonalki berea duena hobetu nahia sortzen sentitzen du. Ez da agian ez bertutetsuagoa, ez zoriontsuagoa, baina bai bere aurrekoak baino ilustratuago eta aktiboagoa. Ez dut zalantzan jartzen erakunde demokratikoak, herrialdearen izaera fisikoarekin batera, Estatu Batuetan ikusten den industri mugimendu harrigarriaren kausa direla, ez zuzeneko kausa, hainbestek dioen bezala, zeharkakoa baizik. Ez dira legeak hori sortarazten dutenak, baizik eta legea egitean herria da hori sortzen ikasten duena.

Demokraziaren etsaiek esaten dutenean guztien gobernuak baino bakar batenak hobeto betetzen duela bere ardura, arrazoi dutela iruditzen zait. Bakar baten gobernuak, bi aldeetan jakintzargiak berdin daudela suposatuz, jendetza handiak baino jarraipen handiagoa izaten du bere eginkizunetan; iraunkortasun handiagoa agertzen du, osotasunaren ideia beteagoa, xehetasunetan perfekzio handiagoa, jendea aukeratzerakoan bereizmen zuzenagoa. Gauza hauek ukatzen dituztenek sekula ez dute ikusi errepublika demokratikorik, edota kasu gutxi batzuen gain epaitu dute. Demokraziak, tokiko zirkunstantziek eta herriaren erabakiek irauteko aukera eman arren, ez du izaten gobernuan erregulartasun administratiboaren eta ordena metodikoaren ikuspegirik; hau egia da. Askatasun demokratikoak ez du bere eginkizunetako bakoitza despotismo adimentsuaren perfekzio berberaz burutzen; sarri askotan, bertan behera uzten ditu berorien emaitza jaso baino lehen, edo arriskutsu diren batzuetan murgiltzen da. Baina luzarora emankorragoa da; gauza bakoitza ez du hain ongi egiten, baina gauza gehiago egiten du. Beraren agintepean, azpimarragarria ez da, batez ere, administrazio publikoak gauzatzen duena izaten, baizik eta bera gabe edo beragandik kanpo gauzatzen dena. Beraz, demokraziak ez dio herriari gobernurik trebeena ematen, baina gobernurik trebeenak sarri sortu ezin duena egiten du berak; gizarte-gorputz osoan jarduera geldigaitza hedarazten du, indar lar-ugaria, bera gabe sekula ez dagoen kemena eta, zirkunstantziak aldeko samar izanez gero, mirariak sortaraz ditzakeena. Horiek dira beraren benetako abantailak.

Mende honetan, kristaudiaren destinoek zintzilika diruditelarik, batzuek bizkor erasotzen diote demokraziari, botere etsai balitz bezala, oraindik ere haziz doan bitartean; besteek, jada ezerezetik sorturiko jainko berri bat gurtzen dute berarengan; baina batzuek nahiz besteek ez dute bete-betean ezagutzen gorrotatu edo desiratzen dutena. Ilunpetan borrokatzen dira eta itsumustuan ematen kolpeak.

Zer eskatzen diozue gizarteari eta beraren gobernuari? Ea garbi uzten dugun.

Giza izpirituari halako handitasun bat eman nahi al diozue, mundu honetako gauzei aurre egiteko era eskuzabal bat? Gizakiengan ondasun materialekiko gutxiespena ernearazi nahi al duzue? Ala uste sendoak sortarazi edo mantendu eta sakrifizio handiak prestatzea gura duzue?

Ohiturak bikaintzea, manerak goratzea eta arteak distiraraztea axola al zaizue? Olerkia, ospea, aintza nahi al dituzue?

Zuen asmoa herri bat antolatzea al da, gainerako guztien gain biziki eragingo duena? Eginkizun handietan sar dadin nahi al duzue, eta, bere ahaleginen emaitza nolanahikoa izanik ere, historian arrasto ikaragarria utz dezala?

Hori bada, zuen ustez, jendeak gizartean izan behar duen helburu nagusia, ez aukeratu demokraziaren gobernua; ziur aski ez zintuzkete zeuen helmugara eramango.

Baina gizakiaren jarduera intelektual eta morala bizitza materialeko beharretara bideratzeari eta ongizatea sortzen erabiltzeari egoki baderitzozue; jendearentzat arrazoimena jeinua baino onuragarriagoa iruditzen bazaizue; zuen helburua ez bada bertute heroikoak sortaraztea, aztura baketsuak baizik; gogokoago baduzue bizioak ikustea krimenak baino, eta nahiago izanez gero ekintza handi gutxiago aurkitzea, delituak ere gutxiago izatekotan; gizarte distiratsu baten baitan jardun ordez, gizarte oparo baten erdian bizitzea aski baduzue; azkenik, zuen ustez, gobernuaren helburu nagusia ez baldin bada nazioko gorputz osoari ahalik eta indarrik edo aintzarik handiena ematea, baizik eta gizartea osatzen duen bakoitzari ahalik eta ongizaterik handiena eman eta ahalik eta atsekaberik gehien ekiditea; orduan, berdindu baldintzak eta eratu demokraziaren gobernua.

Dagoeneko ez badago aukera egiteko astirik, eta gizakiaren gainetik dagoen indarren batek, zer nahi duzuen galdetu gabe, bi gobernuetako baterantz herrestatzen bazaituzte, saia zaitezte behintzat egin dezakeen on guztia ateratzen; eta beraren sen onak ezagutuz, baita joera txarrak ere, saia zaitezte bigarrenen efektua murrizten eta lehenengoak garatzen.