Amerikako Demokrazia I/VII. Kapitulua (bigarren zatia)

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
VII. Kapitulua: Zein diren gizarte amerikarrak demokraziaren gobernutik ateratzen dituen benatako abantailak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VII. Gehiengoaren ahalguztiduntasuna Estatu Batuetan eta horren ondorioak


Gehiengoaren berezko indarra demokrazietan.- Konstituzio amerikar gehienek artifizialki gehitu dute berezko indar hau.- Nola.- Aginte inperatiboak.- Gehiengoaren aginte morala.- Beraren hutsezintasunari buruzko iritzia.- Beraren eskubideekiko begirunea.- Hau zerk areagotzen duen Estatu Batuetan.

Gobernu demokratikoen funtsari dagokio gehiengoaren agintea absolutua izatea, zeren eta demokrazietan, gehiengoaz kanpo, ez baitago ezer kontra egingo dionik.

Hala ere, gehiengoaren berezko indar hori artifizialki gehitzen saiatu dira konstituzio amerikar gehienak184.

Botere politiko guztien artean, legislatiboa da gehiengoari gogotsuen obeditzen diona. Legislatiboko kideak herriak zuzenean izendatzea nahi izan dute amerikarrek, eta denboraldi oso laburrerako, horrela behartzeko ez bakarrik ikuspegi orokorren menpe egotera, baita ordezkatuen eguneroko grinen menpe egotera ere.

Klase beretsuetatik hartu eta era berean izendatu dituzte bi Ganbaretako kideak; horrela, gorputz legegilearen mugimenduak batzar bakar batenak bezain bizkorrak eta geldiezinak dira ia.

Honela eraturik legislatiboa, beraren baitan bildu dute ia gobernu osoa.

Legeak, berez indartsu ziren botereen indarra areagotzen zuen aldi berean, gero eta gehiago ahultzen zituen berez ahulak zirenak. Botere exekutiboaren ordezkariei ez zien ez egonkortasunik, ez independentziarik ematen; eta, legislatiboaren kapritxoetara guztiz makurraraztean, gobernu demokratikoaren izaerak egikaritzen utziko ziekeen eragin urria kentzen zien.

Hainbat estatutan, botere judiziala gehiengoaren aukerapean uzten zuen, eta guztietan, botere horren existentzia nolabait ere botere legegilearen menpe jartzen zuen, ordezkariei ematen baitzien epaileen soldatak urtero finkatzeko eskubidea.

Usadioak legeak baino ere urrutirago joan dira.

Estatu Batuetan gero eta gehiago ari da hedatzen, ordezkapenezko gobernuaren garantiak azkenean alferrikako bihurtuko dituen ekandu bat: oso sarri gertatzen da hautesleek, diputatu bat izendatzean, jokaera-plan bat trazatu eta zenbait betebehar positibo ezartzen diotela, hauetatik ezingo delarik inola ere aldendu. Iskanbila salbu, gehiengoak berak plaza publikoan deliberatuko balu bezalaxe da.

Halaber, zenbait zirkunstantzia berezik gehiengoaren boterea, nagusi ezezik, jarkigaitz ere bihurtzen dute Amerikan.

Gehiengoaren aginte morala ideia honetan oinarritzen da neurri batean: jakintzargi eta jakinduria gehiago dagoela bildutako pertsona askoren artean bakar batengan baino; legegileen kopuruan gehiago, aukeratu ahal izatean baino. Berdintasunaren teoria da adimenei aplikatua. Doktrina honek gizakiaren harrotasunari erasotzen dio bere azken babeslekuan: horregatik nekez onartzen du gutxiengoak; luzarora bakarrik ohitzen da horretara. Botere guztiek bezala, eta besteek baino gehiago agian, gehiengoaren botereak iraun beharra dauka legezko dela emateko. Ezartzen hasten denean, bortxaz ezartzen du bereganako obedientzia; beraren legepean luzaroan bizi izan ondoren bakarrik sortzen da begirunea.

Gehiengoak, bere jakintzargiengatik, gizartea gobernatzeko duen eskubidearen ideia Estatu Batuetako lurraldera bertako lehen biztanleek eraman zuten. Ideia hau, bera bakarrik herri aske bat sortzeko nahikoa litzatekeena, ohituretan sartua dago gaur egun, eta bizitzako azturarik txikienetan ere aurkitzen da.

Antzinako monarkiaren garaian, frantsesek arautzat zeukaten erregeak sekula ezin zuela huts egin; eta zerbait gaizki egitea gertatzen bazen, errua beraren kontseilariena zela pentsatzen zuten. Honek ikaragarri errazten zuen obedientzia. Jardun zitekeen marmar legearen aurka, legegileari maitasun eta begirunea izateari utzi gabe. Amerikarrek iritzi bera dute gehiengoaz.

Gehiengoaren aginte morala beste printzipio honetan ere oinarritzen da: gehiengoaren interesak guntxiengoarenak baino lehen jarri behar direla. Nolanahi ere, erraz ulertzen da kopuru handiagoaren eskubidearekiko dagoen begirunea berez gehitzen edo gutxitzen dela, alderdien egoeraren arabera. Nazio bat hainbat interes elkartezin handiren artean banaturik dagoenean, gehiengoaren pribilegioa ez da errespetatzen sarri, neketsuegia gertatzen baita berorren menpe jartzea.

Amerikan egongo balitz hiritar-mota bat, mendeetan zehar edukiriko zenbait abantaila esklusibotatik legegileak gabetu nahi lukeena eta gehiengoaren artera eramateko goi-mailatik jaitsarazi nahi lukeena, baliteke gutxiengoa erraz ez makurtzea berorren legeetara.

Baina Estatu Batuak elkarren artean mailakide zirenek jendeztatu zituztenez, ez dago oraindik desadostasun berezko eta iraunkorrik hango biztanle ezberdinen interesen artean.

Bada gizarte-egoera bat, zeinetan gutxiengoa osatzen dutenek ez dezaketen espero izan gehiengoa erakartzerik, zeren eta honetarako gehiengo honen kontra daramaten borrokaren muina bera baztertu beharko bailukete. Aristokrazia bat, adibidez, ezingo litzateke gehiengo bihurtu bere pribilegio esklusiboak gordez, eta ezingo lituzke bere pribilegioak galdu aristokrazia izateari utzi gabe.

Estatu Batuetan arazo politikoak ezin dira planteatu hain era orokor eta absolutuan, eta alderdi guztiak daude prest gehiengoaren eskubideak onartzeko, guztiek espero baitute egunen batean horiek beren probetxurako erabiltzea.

Estatu Batuetan, beraz, egitate-ahalmen itzela du gehiengoak eta iritzi-ahalmena ere aurrekoa bezain handia ia; eta behin gai bati buruz erabaki ondoren, ez dago, nolabait esateko, eragozpenik, ez dut esango geldiaraziko duenik, baina ezta beraren martxa atzeratuko duenik eta pasatzerakoan zapaltzen dituenen kexak entzuteko astia utziko dionik ere.

Egoera honen ondorioak oso kaltegarriak eta arriskutsuak dira etorkizunerako.

Gehiengoaren ahalguztiduntasunak nola areagotzen duen Amerikan legegintzako eta administrazioko ezegonkortasuna, demokrazietan berezkoa dena

Amerikarrek, legegilea urtero aldatu eta botere ia mugagabeaz hornitzean, nola areagotzen duten legegintzako ezegonkortasuna, demokrazian berezkoa dena.- Ondorio berbera sortzen dute administrazioan.- Amerikan gizarte-hobekuntzei Europan baino askoz ere indar handiagoa ematen zaie, baina ez hain etengabea.

Aurrez hitz egin dut demokraziaren gobernuari berezko zaizkion akatsei buruz; ez dago bat bakarra ere gehiengoaren boterearekin batera hazten ez denik.

Eta guztien arteko nabarienarekin hasiko naiz:

Legegintzako ezegonkortasuna gobernu demokratikoari atxikiriko gaitza da, demokrazien izaerari baitagokio pertsona berriak agintera eramatea. Baina gaitz hau handiagoa edo txikiagoa izaten da, legegileari ematen zaizkion ahalmen eta ekintza-bideen arabera.

Amerikan legeak egiten dituen agintaritzari botere subiranoa ematen zaio. Bizkor eta inork kontra ez egiteko moduan ekin diezaioke bere desira guztiak betetzeari, eta urtero beste ordezkari batzuk ematen zaizkio. Alegia, ezegonkortasun demokratikoa gehien bultzatzen duen konbinazioa onartu da, demokraziari bere borondate aldakorra gauzarik garrantzizkoenetara aplikatzeko aukera ematen diona.

Horregatik, Amerika da gaur egun munduan legeek iraupenik laburrena duten herrialdea. Azken hogeita hamar urteotan konstituzio amerikar gehientsuenek izan dituzte zuzenketak. Ez dago, beraz, estatu amerikarrik denboraldi horretan bere legeen printzipioa aldatu ez duenik.

Legeei berei dagokienez, Batasuneko estatu ezberdinetako artxiboetan begiratu bat egitea aski da Amerikan legegilearen ekintza sekula ez dela geldirotzen komentzi gaitezen. Kontua ez da demokrazia amerikarra bere izaeraz beste edozein baino ezegonkorragoa izatea, baizik eta haren joerek berez duten ezegonkortasunari jarraitzeko bidea eman zaiola legeen eraketan185.

Estatu Batuetan, gehiengoaren ahalguztiduntasunak eta beraren nahiak betetzeko dagoen era bizkor eta absolutuak legea ezegonkor bihurtu ezezik, eragin berbera zertzen dute legea betearazterakoan eta administrazio publikoaren ekintzan ere.

Gehiengoa izanik pozik edukitzea garrantzizkoa den botere bakarra, sugartsu esku hartzen da berak abiarazitako egintzetan; baina beraren arreta beste leku batera aldatzen den momentuan, bertan behera gelditzen dira ahalegin guztiak; Europako estatu askeetan, non botere administratiboak izate independentea eta egoera ziurtatua dituen, legegilearen nahia betetzen jarraitzen da, nahiz eta hau beste gai batzuez arduratu.

Amerikan, zenbait hobekuntzatara askoz gogo-berotasun eta ahalegin handiagoa bideratzen da beste alde batzuetan baino.

Europan, gauza horietan berorietan askoz ere gizarte-indar txikiagoa erabiltzen da, baina jarraituagoa.

Duela zenbait urte, pertsona erlijioso batzuek presondegietako egoera hobetzeari ekin zioten. Publikoa hunkitu egin zen haiei entzutean, eta kriminalen errekuperazioa egintza herrikoi bihurtu zen.

Presondegi berriak eraiki ziren orduan. Lehen aldiz, erruduna eraberritzeko ideia zigorraren ideiarekin batera sartu zen ziegara. Baina zorioneko iraultza hura, publikoak hain sugartsu bereganatua eta hiritarren ahalegin bateratuek geldiezinezko bihurtzen zutena, ezin zitekeen une batean gauzatu.

Presondegi berrien ondoan, zeinen garapena bizkortu egiten baitzuen gehiengoaren nahiak, presondegi zaharrek ere iraun egiten zuten, eta errudun-kopuru handia zegoen beraietan itxita. Hauek gero eta osasungaitz eta ustelgarriagoak ziruditen, berriak eraberritzaile eta osasungarriago bihurtu ahala. Erraz ulertzen da ondorio bikoitz hau: gehiengoak, establezimendu berria sortzeko ideiaz arduratuta, ahaztu egin zuen lehendik zegoena. Hala, nagusiaren begirada erakartzen ez zuen gauzari so egiteari utzi egin ziolarik mundu guztiak, begiraletza amaitu egin zen. Lehenik lasaitu egin ziren eta gero, oso laster, eten egin ziren diziplinaren lokarri osasuntsuak. Eta presondegiaren -gure garaiko gozotasun eta jakintzargien oroigarri iraunkorraren- ondoan, Erdi Aroko ankerkeria gogorarazten zuen ziega zegoen.

Gehiengoaren tirania aldatu

Nola ulertu behar den herriaren subiranotasunaren printzipioa.- Gobernu mistoa zertzeko ezintasuna.- Beharrezkoa da botere subiranoa nonbait egotea.- Beraren ekintza moderatzeko hartu beharreko neurriak.- Neurri hauek ez dira Estatu Batuetan hartu.- Horren ondorioa.

Anker eta nardagarritzat daukat, gobernu-gaietan herri bateko gehiengoak edozer egiteko eskubidea duela dioen maxima hori; eta hala ere, gehiengoaren borondatean ezartzen dut nik botere guztien jatorria. Kontraesanean ote nago neure buruarekin?

Bada lege orokor bat, ez herri bateko edo besteko gehiengoak bakarrik, baizik eta gizaki guztien arteko gehienek egina, edo gutxienez berenganatua dutena. Lege hau justizia da.

Justiziak eratzen du, beraz, herri bakoitzaren eskubidearen muga.

Nazio bat, gizarte unibertsala ordezkatu eta bere lege duen justizia aplikatzeko ardura duen epaimahai bat bezala da. Epaimahaiak, gizartea ordezkatzen duelarik, gizarteak berak baino ere botere handiagoa izan behar ote du, beronen legeak aplikatzen baditu ere?

Hortaz, lege bidegabe bati obeditzeari uko egiten diodanean, ez diot gehiengoari agintzeko eskubidea ukatzen; herriaren subiranotasunetik gizadiaren subiranotasunera jotzen dut bakarrik.

Bada jendea beldur gabe esan duena herria, berari bakarrik interesatzen zaizkion gaietan, ezin dela erabat irten justiziaren eta arrazoimenaren mugetatik, eta, beraz, ez dagoela zertan beldur izan botere osoa herri horren ordezkari den gehiengoari emateko. Baina esklabu-hizkera da hau.

Gehiengoa, kolektiboki hartuta, zer da, bada, bere iritziak eta, sarri, gutxiengo deritzan banako baten kontrako interesak dituen beste banako bat baino? Nolanahi ere, ahalguztiz hornituriko pertsona batek bere etsaien aurka abusatu egin dezakeela onartzen baduzue, zergatik ez onartu gauza bera gehiengoari buruz? Pertsonak, elkartzean, izaeraz aldatzen ote dira? Oztopoen aurrean eramankorrago bilakatzen ote indartsuago bihurtzean186? Nik, behintzat, ez dut sinesten; eta dena egiteko ahalmena, nire hurkoetako bakarrari ukatzen diodana, sekula ez diet hainbati emango.

Ez dut uste, askatasuna gordetzeko, zenbait printzipio gobernu bat berean nahas daitekeenik, benetan elkarren kontra jartzeko moduan.

Mistoa deritzan gobernua kimera bat iruditu izan zait beti. Egia esateko, ez dago gobernu mistorik (hitz honi ematen zaion zentzuan), zeren eta, azkenerako, gizarte bakoitzean aurkitzen baita ekintza-printzipio bat beste guztien gain dagoena.

Joan zen mendeko Ingalaterra, honelako gobernuen adibide gisa bereziki aipatu izan dena, estatu aristokratikoa zen funtsean, nahiz eta demokrazi elementu handiak aurkitu beraren baitan, zeren eta, bertan legeak eta ohiturak ezarrita zeuden moduan, aristokraziak luzarora beti nagusi izan behar baitzuen eta arazo publikoak bere nahierara zuzendu.

Hutsegitea, handien interesak herriarenekin etengabeko lehian ikusiz, borrokan bakarrik pentsatzetik etorri zen, borroka horren emaitzari arreta jarri ordez, benetan hau izanik garrantzizko puntua. Gizarte bat benetan gobernu mistoa edukitzera iristen denean, kontrako printzipioen artean berdin banatua alegia, iraultzan murgiltzen da edo desegin egiten da.

Pentsatzen dut beti ezarri behar dela nonbait gizarte-botere bat, gainerako guztien gainetikoa, baina askatasuna arriskuan dagoela uste dut botere horrek ez badu bere aurrean inolako eragozpenik aurkitzen, bere martxari eutsi eta bere burua moderatzeko astia eman diezaiokeenik.

Ahalguztiduntasuna gauza txar eta arriskutsua iruditzen zait berez. Berorren erabilera gizakiaren indarren gainetik dagoela iruditzen zait, nornahi izanik ere pertsona hori, eta arriskurik gabe ahalguztidun izan daitekeen bakarra Jainkoa dela iruditzen zait, jakinduria eta justizia bere ahalaren pareko baititu beti. Ez dago, beraz, lur gainean aginterik, berez hain errespetagarri edo hain eskubide sakratuz hornitua izanik, kontrolgabe jarduten eta oztoporik gabe nagusi bihurtzen utzi nahiko niokeenik. Hortaz, edozein botereri -berdin zait herria edo erregea, demokrazia edo aristokrazia deitzea, berdin monarkia nahiz errepublika batean erabiltzea- edozer egiteko eskubidea eta ahalmena ematen zaiola ikusten dudanean, esaten dut: tiraniaren hazia dago hor, eta beste lege batzuen menpe bizitzera joaten saiatzen naiz.

Gobernu demokratikoari, Estatu Batuetan antolatua dagoen bezala, gehien aurpegiratzen diodana ez da, Europan jende askok nahi duen bezala, bere ahulezia, baizik eta bere indar jarkigaitza. Eta Amerikan higuingarriena iruditzen zaidana ez da han dagoen erabateko askatasuna, tiraniaren aurkako garantia urria baizik.

Estatu Batuetan pertsona nahiz alderdi batek bidegabekeriaren bat jasaten duenean, hark norengana jotzea nahi duzue? Iritzi publikoagana? Berau da gehiengoa eratzen duena. Gorputz legegileagana? Gehiengoaren ordezkari da eta itsu-itsuan obeditzen dio. Botere exekutiboagana? Gehiengoak izendatzen du eta tresna pasibo bezala erabiltzen. Indar publikoagana? Indar publikoa ez da gehiengoa armatuta baizik. Epaimahaiagana? Epaimahaia, gehiengoa epaiak emateko eskubideaz hornitua da. Epaileak ere, zenbait estatutan, gehiengoak aukeratzen ditu. Oso bidegabe edo zentzugabea izan arren kalte egiten dizuen neurria, beronetara makurtu beharra duzue, beraz.

Imajina dezagun, aitzitik, gorputz legegile bat, gehiengoaren ordezkari, bai, baina derrigorrez berorren grinen esklabu izan gabe osatua; botere exekutibo bat, bere indar propioa duena, eta botere judizial bat, beste bi botereekiko independentea; horrela ere gobernu demokratikoa duzue, baina tiraniarako ia batere aukerarik gabea.

Nik ez dut esaten gaur egun Amerikan tirania sarri erabiltzen denik; diodana da ez dagoela berorren aurka batere bermerik, eta gobernuaren eztitasunaren kausak zirkunstantzietan eta ohituretan aurkitu behar direla han, legeetan baino gehiago.

Gehiengoaren ahalguztiduntasunaren ondorioak funtzionari publiko amerikarren arbitrariotasunean

Lege amerikarrak funtzionariei utzi dien askatasuna, ezarri dien esparruaren barruan.- Berauen boterea.

Ongi bereizi beharra dago arbitrariotasuna tiraniatik. Tirania legearen beraren bidez zertu daiteke eta orduan ez da arbitrarioa; arbitrariotasuna gobernatuen intereserako zertu daiteke, eta orduan ez da tiranikoa.

Tirania arbitrariotasunaz baliatzen da normalean, baina behar izanez gero hori gabe irauten du.

Estatu Batuetan gehiengoaren ahalguztiduntasunak, legegilearen lege-despotismoa errazten duen aldi berean, magistratuaren arbitrariotasuna ere errazten du. Gehiengoak, legea egiteko eta honen betearaztea zaintzeko jaun eta jabe izanik, eta gobernari nahiz gobernatuen gain kontrol berdina duenez, funtzionari publikoak bere agente pasibotzat hartzen ditu eta gogo onez uzten du hauen gain bere egitasmoak betetzeko ardura. Beraz, ez da aurrez sartzen funtzionari horien eginbeharren xehetasunetan eta nekez hasten da horien eskubideak zehazten ere. Ugazabak bere zerbitzariak bezala erabiltzen ditu, beti bere aurrean jardunean ikusi eta horien jokabidea une oroz bideratu edo zuzendu ahal izango balu bezala.

Oro har, legeak, berak ezarritako esparruaren barruan, askeago uzten ditu funtzionari amerikarrak gure funtzionariak baino. Batzuetan gertatzen da gehiengoak utzi egiten diela esparru horretatik irteten. Gehiengoaren iritziaz bermaturik eta beraren laguntzaz indarturik, arbitrariotasuna ikusten ohitua dagoen europarra ere harritu egiten duten gauzak egitera ausartzen dira. Honela, askatasunaren baitan aztura batzuk sortzen dira, egunen batean oso kaltegarri gerta lekizkiokeenak.

Amerikan gehiengoak pentsamenduaren gain zertzen duen boterea aldatu

Estatu Batuetan, gehiengoak gai bati buruzko erabaki errebokaezina hartu duenean, ez da gehiago eztabaidatzen.- Zergatik.- Gehiengoak pentsamenduaren gain zertzen duen botere morala.- Errepublika demokratikoek inmaterializatu egiten dute despotismoa.

Estatu Batuetan pentsamenduaren egikaritza zer-nolakoa den aztertzeari ekiten zaionean, orduan ikusten da garbi asko han gehiengoaren botereak zenbateraino gainditzen dituen Europan ezagutzen ditugun botere guztiak.

Pentsamendua botere ikustezin eta ia ukiezina da, tirania guztiei barre egiten diena. Gaur egun, Europako subiranorik absolutuenek ezin dute eragotzi beren aginpidearen aurkako zenbait pentsaera isil-gordeka ibil dadin beren estatuetan, ezta beren gorte barruan ere. Ez da gauza bera gertatzen Amerikan. Gehiengoa koloka dagoen bitartean, hitz egiten da; baina bere erabaki errebokaezina ematen duen momentuan, guztiak isiltzen dira, eta orduan badirudi adiskide nahiz etsaiak bat eginik atxikitzen zaizkiola gurdi horri. Zergatia ulerterraza da: ez dago monarka hain absoluturik gizarteko indar guztiak bere esku bildu eta kontrako jarrerak gaindi ditzakeenik, legeak egiteko eta betearazteko eskubideaz horniturik dagoen gehiengoak egin lezakeen bezala.

Bestalde, erregeak botere materiala bakarrik du, ekintzetan eragiten duena, baina borondateetara iritsi ezin dena; gehiengoak, ordea, indar material eta aldi berean morala du, ekintzetan bezainbat borondatearen gain eragiten duena, eta aldi berean egitatea eta egiteko nahia eragozten dituena.

Ez dut ezagutzen herrialderik, oro har, izpiritu-independentzia gutxiago eta eztabaidarako benetako askatasun gutxiago duenik Amerikak baino.

Ez dago teoria erlijioso edo politikorik Europako estatu konstituzionaletan askatasunez predikatu ezin denik eta besteetan sartzen ez denik; zeren eta ez baitago Europan herrialderik, botere bakar baten hain menpe dagoenik, egia esan nahi duenak bere independentziaren ondorioetatik babestuko duen laguntza ezin aurkitu izateko modukorik. Gobernu absolutu baten menpe bizitzeko zoritxarra baldin badu, sarri bere alde izaten du herria; herrialde aske batean bizi bada, errege-agintearen atzean babes daiteke, behar izanez gero. Gizarteko zati aristokratikoak lagunduko du eskualde demokratikoetan, eta demokraziak besteetan. Baina Estatu Batuetakoa bezalako demokrazia antolatuaren baitan, botere bakarra aurkitzen da, indar- eta arrakasta-elementu bakarra, eta ezer ez hortik kanpo.

Amerikan gehiengoak ikaragarrizko esparrua mugatzen du pentsamenduaren inguruan. Muga horien barruan, idazlea aske da; baina zoritxarrekoa hortik irteten ausartzen bada! Ez du autofedeen beldur izan beharrik, baina edozelako atsekabe eta etengabeko pertsekuzioei egin beharko die aurre. Itxirik du karrera politikoa, iraindu egin baitu ireki ziezaiokeen botere bakarra. Dena ukatzen zaio, aintza ere bai. Bere iritziak argitara eman aurretik, aldekoak bazituela uste zuen; orain guztien aurrean biluztu denean, jadanik ez dituela iruditzen zaio, zeren eta erruduntzat jotzen dutenak ozen mintzatzen baitira, eta, beraren adorerik izan gabe, berak bezala pentsatzen dutenak isildu eta urrundu egiten baitira. Amore ematen du, azkenerako eguneroko ahaleginaren zamapean makurtu eta isiltasunean murgiltzen da, egia esan izanaren bihotz-zimikoa balu bezala.

Kateak eta borreroak, horiek ziren aspaldi tiraniak erabiltzen zituen tresna zabarrak; baina gaur egun zibilizazioak despotismoa bera ere zibilizatu egin du, jada zer ikasirik ez zuela ematen zuen arren.

Printzeek bortxa materializatua egin zuten, nolabait esateko; gaur egungo errepublika demokratikoek, menperatu nahi duten giza borondatea bezain intelektual bihurtu dute bortxa hori. Bakar baten gobernu absolutuaren menpean, despotismoak, arimara iristeko, gorputza zigortzen zuen zabarki; eta arima, kolpe horiei ihesi, haren gain goratzen zen aintzatsu; baina errepublika demokratikoetan, tiraniak ez du horrela jokatzen; gorputza utzi eta arimara doa zuzenean. Nagusiak ez du jadanik esaten: Pentsa ezazue nik bezala ala heriotza izango duzue. Zera esaten du: Aske zarete nik bezala ez pentsatzeko; zuen bizia, zuen ondasunak, dena gordeko duzue; baina aurrerantzean arrotz izango zarete gure artean. Gordeko dituzue zeuen pribilegioak hirian, baina alferrikako bihurtuko zaizkizue, zeren eta herrikideen botoa erakarri nahi baduzue, ez baitizuete emango, eta beraien estima baino ez baduzue eskatzen, hau ere ukatu egingo baitizuete. Gizakien artean jarraituko duzue, baina zuen gizatasun-eskubideak galduko dituzue. Zeuen hurkoengana hurbiltzen zaretenean, izaki kutsatuengandik bezala ihes egingo dute zuengandik; eta zuen errugabetasunean sinesten dutenek ere bertan behera utziko zaituztete, bestela beraiengandik ere ihes egingo bailukete besteek. Zoazte bakean, bizia uzten dizuet, baina heriotza baino okerragoa uzten dizuet.

Monarkia absolutuek desohoratua zuten despotismoa; ibil gaitezen kontuz errepublika demokratikoek birgaitu ez dezaten eta, batzuentzat astunago bihurtzean, ken ez diezazkioten, gehiengoaren begietarako, bere itxura higuingarri eta izaera doilorgarria.

Mundu Zaharreko naziorik harroenetan garaikideen akats eta barregarrikeriak zehatz-mehatz jasotzeko helburua zuten obrak eman dira argitara; La Bruyère, handikiei buruzko atala idatzi zuenean, Louis XVI.aren jauregian bizi zen, eta Molièrek gortea kritikatzen zuen gortesauen aurrean emanarazten zituen antzeslanetan. Baina Estatu Batuetan nagusi den botereak ez du onartzen berari horrela barre egiterik. Errietarik arinenak mindu egiten du, egia garratz txikienak haserrearazi; eta goraipatu egin behar izaten zaio bere hizkera-formak nahiz bertuterik sendoenak. Ez dago idazlerik, nolanahiko ospea izanik ere, bere herrikideak intzentsatzeko obligazio honi ihes egingo dionik. Gehiengoa, beraz, etengabe bere burua gurtuz bizi da; atzerritarrek edo esperientziak bakarrik helaraz dezakete zenbait egia amerikarren belarrietaraino.

Amerikak ez badu oraindik idazle handirik izan, ez ditugu arrazoiak beste nonbait bilatu behar: ez dago jeinu literariorik izpiritu-askatasunik gabe, eta Amerikan ez dago izpiritu-askatasunik.

Espainian Inkisizioak ezin izan zuen inoiz eragotzi gehiengoaren erlijioaren aurkako liburuak zabaltzea. Gehiengoaren nagusitasunak gauzak hobeto egiten ditu Estatu Batuetan: argitaratzeko pentsamendua bera ere kendu egiten du. Badira fedegabeak Amerikan, baina fedegabetasunak ez du aurkitzen han organorik, nolabait esateko.

Badira gobernuak ohiturak babesten saiatzen direnak liburu lizunen idazleak gaitzetsiz. Estatu Batuetan inor ez dute gaitzesten horrelako obrengatik, baina inork ez du idazteko tentaziorik ere izaten. Hala ere, honek ez du esan nahi hiritar guztiek ohitura garbiak dituztenik, baina gehiengoa arauzkoa da bereetan.

Honetan, zalantzarik gabe, ona da boterearen erabilera, baina botereaz berataz bakarrik ari naiz. Botere jarkigaitz hori egitate etengabea da, eta horren erabilera ona ustegabekoa bakarrik.

Gehiengoaren tiraniaren ondorioak amerikarren izaera nazionalean; gorte-izpiritua Estatu Batuetan aldatu

Gehiengoaren tiraniaren ondorioak orain arte gehiago sentiarazten dira ohituretan gizartearen jokabidean baino.- Pertsonaia handien garapena geldiarazten dute.- Estatu Batuetakoak bezala antolaturiko errepublika demokratikoek gehiengoaren esku jartzen dute gorte-izpiritua.- Izpiritu honen frogak Estatu Batuetan.- Zergatik dagoen abertzaletasun gehiago herriarengan beronen izenean gobernatzen dutenengan baino.

Esandakoaren eragina ahul sentiarazten da oraindik gizarte politikoan; baina horren ondorio kaltegarriak sumatzen dira jadanik amerikarren izaera nazionalean. Uste dut Estatu Batuetan etengabe haziz doan gehiengoaren despotismoaren ekintzari egotzi behar zaiola, batez ere, gaur egun jokaleku politikoan agertzen diren pertsona ospetsuen kopuru urria.

Amerikako iraultza lehertu zenean, saldoan agertu ziren; orduan iritzi publikoak gidatu egiten zituen borondateak eta ez zituen tiranizatzen. Garai hartako pertsona ospetsuek, izpirituen mugimenduarekin aske elkartuz, handitasun propio bat ukan zuten: beren distira nazioaren gain bota zuten eta ez zuten honengandik hartu.

Gobernu absolutuetan, tronutik hurbil dauden handikiek nagusiaren grinak lausengatzen dituzte eta honen kapritxoetara makurtzen dira beren borondatez. Baina nazioaren gehiengoa ez da jopu izateko prest agertzen; sarri ahuleziaz, azturaz edo ezjakintasunez makurtzen da; beste batzuetan erregetzarekiko edo erregeaganako maitasunez. Ikusi izan dira herriak atsegin eta harrotasunez beren borondatea printzearenaren menpe sakrifikatzen, honela nolabaiteko arima-independentzia obedientziaren erdi-erdian ere ezarriz. Herri horietan, miseriak baino askoz degradazio gutxiago aurkitzen da. Alde handia dago, bestalde, onesten ez dena egitearen eta egiten dena onesten delako itxura egitearen artean: bata pertsona ahulari dagokiona, baina bestea morroiaren azturetakoa da.

Herrialde askeetan, non mundu guztia dagoen gutxi ez bada asko estatuko arazoez bere iritzia ematera deitua; errepublika demokratikoetan, non bizitza publikoa etengabe dagoen bizitza pribatuarekin nahastua, non alde guztietatik jo daitekeen subiranoagana, aski delarik ahotsa ozentzea berak entzun dezan, askoz jende gehiago dago subiranoaren ahuleziez espekulatu eta beraren grinen kontura bizi nahi duena monarkia absolutuetan baino. Herrialde horietan jendea ez da berez beste alde batzuetan baino okerragoa, baizik eta tentazioa biziagoa da eta jende gehiagok sentitzen du aldi berean. Ondorioz, arimak askoz gehiago doilortzen dira horietan.

Errepublika demokratikoek gehiengoaren irispidean jartzen dute gorte-izpiritua eta klase guztietan sarrarazten dute aldi berean. Hau da aurpegira dakiokeen gauzarik garrantzizkoenetakoa.

Hau, batez ere, errepublika amerikarrak bezala antolaturiko estatu demokratikoetan da egia, non, gehiengoak hain nagusitasun absolutu eta jarkigaitza duenez, beronek ezarritako bidetik aldendu nahi denean, nolabait ere uko egin behar izaten baitzaie hiritar-eskubideei, eta gizaki-kualitateari, nolabait esateko.

Estatu Batuetan karrera politikoan lehiatzen den jendetza handiaren artean, oso gutxi ikusi ditut beste garai batzuetako amerikarrak sarri bereizi izan zituen xalotasun kementsua, pentsamenaren independentzia sendoa, azaltzen zutenak, hauxe izanik aurkitzen den leku orotan pertsonaia handien ezaugarri nabarmena. Lehen begiratuan, esan liteke Amerikan izpiritu guztiak eredu beraren arabera eratu direla, bide berberetatik ibiltzen baitira beti. Egia esan, batzuetan atzerritarrak aurkitzen ditu formula zorrotzetatik aldentzen diren amerikarren batzuk; hauek legeen akatsak, demokraziaren aldakortasuna eta jakintzargirik eza deitoratzen dituzte; hauek izaera nazionala aldarazten duten akatsak azpimarratzeraino ere iristen dira sarri, eta zuzentzeko hartu ahal izango liratekeen neurriak adierazten dituzte; baina, zuek izan ezik, inork ez die entzuten; eta zuek, beraien gogoeta ezkutuen jakitun zaretenok, atzerritar zarete eta behin-behinean zaudete han. Zuentzat alferrikakoak diren egiak jakinarazten dizkizuete gogotsu, eta plaza publikora jaistean beste hizkera bat erabiltzen dute.

Lerro hauek inoiz Amerikara iristen badira, ziur nago bi gauzaz: lehena, irakurle guztiek ozenki gaitzetsi egingo nautela; bigarrena, beraien arteko askok absolbitu egingo nautela beren kontzientzien barrenean.

Entzun izan dut aberriaz hitz egiten Estatu Batuetan. Benetako abertzaletasuna herriarengan aurkitu dut; sarritan alferrik bilatu izan dut herria zuzentzen dutenen artean. Hau erraz ulertzen da analogiaz: despotismoak askoz gehiago gaiztotzen du berari makurtzen zaiona despotismo hori ezartzen duena baino. Monarkia absolutuetan, erregeak bertute handiak izaten ditu sarri, baina gortesauak doilorrak izaten dira beti.

Egia da gortesauek ez dutela Amerikan Sire (Jauna) eta Maiestate Hori esaten, diferentzia handi eta funtsezkoa; baina etengabe mintzatzen dira beren nagusiaren berezko jakintzargiez; ez dira eztabaidan hasten jakiteko zein den printzearen bertuteetatik miretsiena izatea merezi duena, zeren eta, diotenez, printzeak bertute guztiak baititu, eskuratu beharrik gabe eta, nolabait esateko, nahi ere izan gabe; ez dizkiote beren emazte eta alabak ematen bere maitale-mailara jasotzeari oniritz diezaion, baina, beren iritziak sakrifikatuz, beren buruak prostituitzen dituzte.

Amerikan moralistak eta filosofoak ez daude beharturik beren iritziak alegoriaren estalkietan biltzera, baina egia gogaikarriren bat bota aurretik, esaten dute: "Badakigu entzule dugun herri hau giza ahulezien oso gainetik dagoela, etengabe bere buruaren jabe ez izateko. Ez genuke antzerako hizkerarik erabiliko, beren bertute eta jakintzargiengatik, beste guztien artean aske izateko duin diren bakarrei ez bagintzaizkie zuzenduko".

Nola egin zezaketen hobeto Louis XIV.aren lausengariek?

Nik neuk uste dut gobernu guztietan, nolanahikoak izanik ere, txatxarkeria indarrari atxikiko zaiola, eta lausengua botereari. Eta bide bakarra ezagutzen dut pertsonen degradazioa eragozteko: inori ez ematea, ahalguztiduntasunaz, doilortzeko ahalmen subiranoa.

Errepublika amerikarren arriskurik handiena gehiengoaren ahalguztiduntasunetik dator aldatu

Bere ahalmenaren erabilera txarrez, eta ez bere ezintasunez, daude errepublika amerikarrak galtzeko arriskuan.- Errepublika amerikarretako gobernua zentralizatuagoa eta kementsuagoa da Europako monarkietakoa baino.- Horren arriskua.- Madisonen eta Jeffersonen iritzia gai honetaz.

Gobernuak ezintasun edo tiraniagatik galtzen dira normalean. Lehen kasuan, ihes egiten die botereak; bigarrenean, kendu egiten zaie.

Estatu demokratikoak anarkian erortzen ikustean, estatu horietako gobernua berez ahul eta indargabea zela pentsatu izan du jende askok. Egia zera da, alderdien artean behin gerra piztu ondoren, gobernuak galdu egiten duela bere ekintza gizartean. Baina nik ez dut uste botere demokratikoaren izaerari dagokionik indar eta baliabiderik eza; aitzitik, ia beti bere indarren abusuak eta baliabideen erabilera txarrak galbideratzen dutela uste dut. Anarkia botere horren tirania edo ezgaitasunetik sortzen da ia beti, baina ez ezintasunetik.

Ez da egonkortasuna indarrarekin nahastu behar, gauzaren handitasuna bere iraupenarekin. Errepublika demokratikoetan, gizartea zuzentzen duen boterea187 ez da egonkorra, zeren eta sarri aldatzen baita eskuz eta helburuz. Baina, dagoen tokian dagoela, beraren indarra ia geldiezina da.

Errepublika amerikarretako gobernua Europako monarkia absolutuetakoa bezain zentralizatua eta kementsuagoa iruditzen zait. Ez dut, beraz, ahuleziaz galtzen denik uste188.

Amerikan askatasuna noizbait galtzen bada, gehiengoaren ahalguztiduntasunari egotzi beharko zaio, gutxiengoak etsipenera eraman eta indar materiala erabiltzera behartu dituelako izango da eta. Anarkia agertuko da orduan, baina despotismoaren ondorioz iritsiko da.

James Madison lehendakariak gogoeta berberak egin ditu (Ikus The Federalist, 51. zk.).

"Garrantzi handikoa da errepubliketan, dio berak, ez bakarrik gobernatzen dutenen zapalkuntzaren kontra gizartea babestea, baita gizartearen zati bat bestearen bidegabekeriaren kontra bermatzea ere. Justizia da gobernu orok izan behar duen helburua; pertsonek elkartzean ezartzen duten helburua da. Herriek beti egin izan dituzte eta egingo dituzte ahaleginak helburu horretarantz, bertara iristea lortu edo beren askatasuna galdu arte.

"Balego gizarte bat, non alderdirik ahaltsuena bere indarrak erraz bildu eta ahulena zapaltzeko egoeran legokeen, horrelako gizarte batean anarkia naturako egoeran bezain nagusi dela pentsatu ahal izango litzateke, non ahulenak ez duen inolako garantiarik indartsuenaren bortxaren aurka; eta naturako egoeran bezalaxe, zalantzazko eta badaezpadako zoriaren eragozpenek bultzatzen dute indartsuena, bera nahiz ahulena babesten duen gobernuaren menpe jartzera; gobernu anarkikoan, arrazoi berberek eramango dituzte alderdirik ahaltsuenak alderdi guztiak, indartsuak nahiz ahulak, berdin babes ditzakeen gobernua desiratzera. Rhode Islandeko estatua konfederaziotik bananduta balego eta gobernu herritar baten -muga estuen barnean subiranotasunez egikarituriko baten- esku balego, zalantzarik gabe bertan gehiengoen tiraniak eskubideen erabilera hain koloka jarriko lukeenez, herriagandik guztiz independentea den boterea eskatuko litzateke. Beharrezko bihurtua luketen fakzioek berek joko lukete bizkor horretara".

Halaber, Jeffersonek zioen:  "Gure gobernuan botere exekutiboa ez da bakarra, ezta agian nire arreta-gai nagusia ere. Legegileen tirania da gaur egun, eta urte askotan izango da oraindik, arriskurik beldurgarriena. Botere exekutiboaren arriskua ere iritsiko da bere garaian, baina beranduago189".

Gai honetan oso gogoko dut beste inoren aurretik Jefferson aipatzea, demokraziak inoiz izan duen apostolurik ahaltsuena dela uste baitut.