Amerikako Demokrazia I/VIII. Kapitulua (bigarren zatia)

Amerikako demokrazia I

Amerikako Demokrazia I  (1835-1840)  Alexis Tocqueville, translated by Xabier Mendiguren Bereziartu
VIII. Kapitulua: Zerk moderatzen duen Estatu Batuetan gehiengoaren tirania
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VIII. Zerk moderatzen duen Estatu Batuetan gehiengoaren tirania

Administrazio-zentralizaziorik eza

aldatu

Gehiengo nazionalak ez du dena egiteko ideiarik.- Beharturik dago udalerri eta konderrietako magistratuez baliatzera bere borondate subiranoa betearazteko.

Bi zentralizazio-mota bereizi ditut aurrerago: batari gobernu-zentralizazioa deitu diot, eta besteari administrazio-zentralizazioa.

Lehena bakarrik dago Amerikan; bigarrena ia ezezaguna da bertan.

Gizarte amerikarrak gidatzen dituen botereak bi gobernu-bide horiek bere esku izango balitu, eta dena agintzeko eskubideari dena bere kabuz betearazteko ahalmena eta aztura erantsiko balizkio; gobernu-printzipio orokorrak ezarri ondoren, aplikazioaren xehetasunetan ere sartuko balitz, eta herrialdeko interes handiak arautu ondoren banako interesen mugaraino jaitsi ahal izango balitz, askatasuna laster asko kanporatuko litzateke Mundu Berritik.

Baina Estatu Batuetan gehiengoak, sarritan despotaren zaletasun eta joerak dituenak, ez ditu oraindik tiraniaren tresnarik biribilenak.

Errepublika amerikar guztietan, gobernu zentrala gauza gutxi batzuez bakarrik arduratu izan da beti, beren garrantziagatik begirada erakartzen zioten batzuez, alegia. Ez dio ekin gizarteko bigarren mailako gauzak arautzeari. Ezerk ez du adierazten hori egiteko gogorik ere izan duenik. Gehiengoak, gero eta absolutuago bihurtzean, ez ditu gehitu botere zentralaren eskurantzak; bere esparruan ahalguztidun bihurtzea besterik ez du egin. Honela, despotismoa oso astun izan daiteke puntu batean, baina ezin da guztietara hedatu.

Bestalde, gehiengo nazionalak, bere grinen oso menpe egon arren, bere proiektuekiko oso gogoberotsu egon arren, ezin du lortu alde guztietan, era eta une berean, hiritar guztiak bere nahietara makurrarazterik. Beraren ordezkari den gobernu zentralak subiranoki agintzen duenean, sarritan bere menpe ez dituen eta une oroz gida ez ditzakeen agenteengana jo behar izaten du bere agindua betearazteko. Udal-gorputzak eta konderrietako administrazioak, ezkutuko beste zenbait oztopo bezala dira, herri-nahiaren uhina atzerarazten edo zatitzen dutenak. Legea zapaltzailea izango balitz, hala ere askatasunak aurkituko luke babesik legea betearazteko moduan; eta gehiengoa ezingo litzateke xehetasunetara -eta ausartzen banaiz esatera, ezta tirania administratiboaren umekerietara ere- iritsi. Egin dezakeenik ere ez zaio bururatzen, ez baita bere ahalmenaz erabat jabetzen. Bere berezko indarrak bakarrik ezagutzen ditu oraindik, eta ez daki arteak noraino hedarazi ahal izango lizkiokeen mugak.

Honek merezi du gogoeta egitea. Jadanik bakar baten boterea ezarria eta zentralizazio administratiboa aztura nahiz legeetan sartua lukeen herrialde batean noizbait Estatu Batuetakoa bezalako errepublika demokratiko bat eratuko balitz, ez dut beldurrik esateko, horrelako errepublika batean despotismoa askoz jasangaitzagoa izango litzatekeela Europako edozein monarkia absolututan baino. Asiara joan beharko litzateke antzerako zerbait aurkitu ahal izateko.

Legelari-izpiritua Estatu Batuetan, eta nola balio duen demokraziaren kontrapisu izateko

aldatu

Legelari-izpirituaren berezko joerak zeintzuk diren ikertzearen onura.- Legelariek zeregin garrantzizkoa izango dute jaio nahian ari den gizartean.- Legelariek duten lan-motak nola ematen dien halako kutsu aristokratiko bat beraien ideiei.- Ideia horien garapenari kontra egin diezaioketen kausa akzidentalak.- Aristokraziak aurkitzen duen erraztasuna legelariekin elkartzeko.- Despota bat nola balia litekeen legelariez.- Nola legelariek osatzen duten elementu aristokratiko bakarra, demokraziaren berezko elementuekin konbinatu ahal izateko modukoa.- Legelari ingeles eta amerikarren izpirituari halako kutsu aristokratiko bat eman ohi dioten kausa bereziak.- Aristokrazia amerikarra abokatuen bankuan eta epaileen aulkian datza.- Legelariek gizarte amerikarrean zertzen duten eragina.- Beraien izpiritua nola sartzen den legislatiboen baitan eta administrazioan, azkenerako herriari berari emanez magistratuen joeretako zerbait.

Amerikarrak bisitatu eta haien legeak aztertzen direnean, ikusten da legelariei ematen dieten aginpidea eta gobernuan hartzen uzten dieten eragina direla gaur egun hesirik sendoenak demokraziaren desbiderapenen aurka. Efektu hau kausa orokor batek eragina dela iruditzen zait, eta ikertzea merezi duela, beste edonon ere gerta baitaiteke.

Azken bostehun urteotan legelariak gizarte politikoaren mugimendu guztietan egon dira nahastuta Europan. Batzuetan haiek berak izan dira botere politikoen tresna, beste batzuetan haiek botere politikoak hartu dituzte beren tresnatzat. Erdi Aroan legelariek ikaragarri lagundu zuten erregeen agintea zabaltzen; geroztik, kementsu lan egin dute botere hori berori murrizteko. Ingalaterran, elkartasun estu-estua izan dute aristokraziarekin; Frantzian, beronen etsairik arriskutsuenak izan dira. Legelariak bat-bateko eta momentuko bulkaden menpe egoten ote dira ala, zirkunstantzien arabera, berezko dituzten eta egunero birsortzen diren instintuei obeditzen ote diete gehixeago edo gutxixeago? Puntu hau argitu nahi nuke, zeren eta agian legelariek zeregin nagusia izango baitute jaio nahian ari den gizarte politikoan.

Legeen azterketa berezia egin duten pertsonek lan horietatik ordena-aztura batzuk, formekiko halako gustu bat, ideien kateaketa erregularrarekiko nolabaiteko zaletasun instintiboa atera dituzte, eta hauek guztiek demokraziaren izpiritu iraultzaile eta grina hausnargabeen kontra-kontrako bihurtzen dituzte, noski.

Legea aztertzean legelariek lortzen dituzten ezagupen bereziek aparteko maila bat ematen diete gizartean; halako klase pribilegiatu bat eratzen dute adimendunen artean. Nagusitasun honen ideia egunero berraurkitzen dute beren lanbidea egikaritzean; beharrezko zientzia bateko maisu dira, beronen ezagutza ez dagoelarik zabaldua; arbitroarena egiten dute hiritarren artean, eta auzilarien grina itsuak konponbiderantz zuzentzeko azturak halako mesprezu bat sortarazten die jendearen epaiarekiko. Erantsi horri gorputz bat osatzen dutela berez. Kontua ez da beren artean elkar hartu eta adostasunez puntu bererantz bideratzen direla, baizik eta ikasketa amankomunak eta metodo-batasunak lotu egiten dizkietela izpirituak, interesak beraien borondateak batu litzakeen bezalaxe.

Beraz, legelarien arima barnean ezkutaturik, aristokraziaren zaletasun eta azturetako batzuk aurkitzen dira. Aristokraziak bezalaxe, badute senez ordenarako joera, formekiko berezko zaletasuna; hark bezalaxe, jendetzaren ekintzekiko nazka sentitu eta herriaren gobernua mesprezatzen dute ezkutuan.

Ez dut inola ere esan nahi legelarien berezko joera hauek haiek ezinbestean lotzeko bezain indartsuak direnik. Legelarien artean nagusi dena, gizaki guztien artean bezalaxe, interes partikularra da, eta momentuko interesa, batez ere.

Gizarte batzuetan legegizonek ezin izaten dute politika-arloan bizitza pribatuan dutenaren antzeko mailarik lortu; ziur egon honela antolaturiko gizarte batean legelariak iraultza-agente oso aktiboak izango direla. Baina orduan suntsitzera edo aldatzera bultzatzen dituen kausa, jarrera iraunkor ala behin-behinekotik sortzen zaien ikertu behar da. Egia da legelariek bereziki esku hartu zutela 1789an Frantziako monarkia iraultzen. Jakiteke dago oraindik horrela jokatu baldin bazuten legeak ikasi zituztelako izan zen ala ezin zutelako lege horiek egiten esku hartu.

Duela bostehun urte, aristokrazia ingelesa herriaren buru jarri eta beronen izenean hitz egiten zuen; gaur egun tronuari eusten dio eta errege-agintearen aldeko nagusiena da. Hala ere, aristokraziak baditu bere-bereak dituen sen eta joerak.

Halaber, ez dira inola ere gorputz horretako partaide isolatuak gorputz osotzat hartu behar.

Gobernu aske guztietan, nolanahikoa izanik berorien forma, legelariak aurkituko dira alderdi guztietako lehen lerroetan. Oharpen hau berau aplika dakioke aristokraziari ere. Mundua astindu duten mugimendu demokratiko ia guztiak nobleek zuzendu izan dituzte.

Eliteko gorputz bat sekula ez da aski bere baitan dituen gutizia guztietarako; bere baitan beti izaten dira karguak baino talentu eta grina gehiago, eta beti aurkitzen da jende-kopuru handi bat, gorputz-pribilegioez baliatuz behar hainbat bizkor igo ezin denez, pribilegio horiei eraso eginez igotzen saiatzen dena.

Ez dut inola ere esan nahi legelari guztiek, edo beraien arteko gehienek momentu guztietan, ordenaren adiskide eta aldaketen etsai bezala agertu beharko duten garairen bat iritsiko denik.

Diodana da, legelariek berez dagokien goi-maila aurkakotasunik gabe okupatzen duten gizarte batean, berorien izpiritua nagusiki kontserbadorea izango dela eta demokraziaren aurka agertuko dela.

Aristokraziak bere lerroak ixten dizkienean legelariei, hauek oso etsai arriskutsu bihurtzen zaizkio, beren aberastasun eta botereagatik haren azpitik egon arren, beren lanagatik independente baitira eta beren jakintzargiengatik haren pareko sentitzen baitira.

Baina nobleek beren pribilegioetako batzuk legelariekin banatu nahi izan dituztenean, bi klase hauek erraztasun handiak aurkitu dituzte elkartzeko eta, nolabait esateko, familia berekoak direla ohartu dira.

Era berean uste dut errege bati erraza gertatuko zaiola legelariak bere boterearen tresnarik erabilgarrien bihurtzea.

Berezko kidetasuna askoz ere handiagoa da legegizonen eta botere exekutiboaren artean, haien eta herriaren artean baino, nahiz eta legelariek sarri jo izan duten lehenengoa iraultzera; era berean, nobleen eta erregearen arteko kidetasuna ere nobleen eta herriaren artekoa baino askoz handiagoa da, nahiz eta sarri ikusi diren gizarteko goi-klaseak beste klaseekin elkar hartzen errege-boterearen aurka borrokatzeko.

Gauza guztien gainetik, ordena ikustea da legelariek maite dutena, eta ordenaren bermerik sendoena aginpidea da. Ez da ahaztu behar, bestalde, askatasuna preziatzen badute ere, orokorrean horren oso gainetik jartzen dutela legetasuna; beldur gutxiago diote tiraniari arbitrariotasunari baino, eta, jendeari independentzia kentzeaz arduratuko dena legegilea bera baldin bada, nahikoa pozik egoten dira.

Beraz, indartsu letorkeen demokrazia baten aurrean, printzeak, bere estatuetan botere judiziala eraisten eta legelarien eragin politikoa gutxitzen saiatuko balitz, hutsegite handia egingo lukeela pentsatzen dut. Aginpidearen mamiari jaregingo lioke berorren itzalari heltzeko.

Ez dut zalantzarik onuragarriagoa gertatuko litzaiokeela legelariak gobernuan sartzea. Despotismoaren ardura bortxaren formapean eman ondoren, agian justiziaren eta legearen itxurapean aurkituko luke berriro haien eskuetan.

Demokraziaren gobernua legelarien botere politikoaren aldeko da. Aberatsa, noblea eta printzea gobernutik kanpo uzten direnean, legelariak iristen dira bertara, eskubide osoz, nolabait esateko; zeren eta orduan berauek izaten baitira pertsona ilustratu eta iaio bakarrak, herriak bere baitatik kanpo aukera ditzakeenak.

Legelariek beren gustuengatik aristokrazia eta printzearengana jotzen badute berez, beren interesagatik herriarengana jotzen dute berez.

Honela, legelariek demokraziaren gobernua maite dute, baina honen joerak konpartitu gabe eta ahuleziak imitatu gabe, kausa bikoitza ahaltsu izateko berorrengatik eta berorren gain.

Demokrazian, herriak ez du legelarienganako mesfidantzarik izaten, bai baitaki hauen interesa beraren kausa zerbitzatzea dela; suminik gabe entzuten die, ez baitie azpi-asmorik suposatzen. Izan ere, legelariek ez dute irauli nahi izaten demokraziak bere buruari ezarritako gobernua, baina honena ez den joera bati jarraituz eta arrotz zaizkion bitartekoen bidez gidatzen saiatzen dira etengabe. Legelaria herriaren parte da bere interes eta jaiotzagatik, eta aristokraziaren parte bere aztura eta gustuengatik; bi gauza hauen arteko lokarri naturala bezala da bera, elkartzen dituen eraztuna bezala.

Legelarien gorputzak osatzen du demokraziaren berezko elementuekin esfortzurik gabe nahas daitekeen elementu aristokratiko bakarra, elementu horiekin era zoriontsu eta iraunkorrean konbina daitekeena. Ongi dakizkit zeintzuk diren legelari-izpirituari dagozkion akatsak; legelari-izpiritua izpiritu demokratikoarekin nahastu gabe, zalantza dut demokraziak luzaroan gobernatu ahal izango ote lukeen gizartea, eta ez dut sinesten gaur egun errepublika batek bere izatea luzaroan gordetzea espero dezakeenik, legelariek arazo publikoetan duten eragina ez bada herriaren boterearen proportzioan hazten.

Legelari-izpirituan hautematen dudan izaera aristokratiko hau are biziagoa da Estatu Batuetan eta Ingalaterran beste edozein herrialdetan baino. Honen zergatia ez datza bakarrik legelari ingeles eta amerikarrek legeez egiten duten ikasketan, baita legeriaren izaeran bertan eta interpretari hauek bi herri horien baitan duten posizioan ere.

Ingeles eta amerikarrek aurrekoen legeria gorde dute, hau da, arbasoen iritzi eta erabaki legaletatik jarraitzen dute ateratzen lege-kontuetan izan behar dituzten iritziak eta hartu beharreko erabakiak.

Legelari ingeles edo amerikarrarengan, antzinakoa denari zaion gustua eta begirunea ia beti elkartzen dira arauzkoa eta legezkoa denari zaion maitasunarekin.

Honek badu beste eragin bat ere legelarien irizpidean eta ondorioz gizartearen bilakaeran.

Legelari ingeles edo amerikarrak egin dena ikertzen du, legelari frantsesak egin nahi izan dena; batak epaiak nahi ditu, besteak arrazoiak.

Legelari ingeles edo amerikar bati entzutean, harrigarria gertatzen da besteen iritzia hain sarri aipatzea eta bereaz hain gutxi hitz egitea; gure artean, berriz, guztiz kontrakoa gertatzen da.

Oso txikia izanik ere, ez dago arazorik abokatu frantsesak tratatzea onartuko duenik, berea duen ideia-sistema bat bertan sartu gabe, eta legeen printzipio eratzaileak ere eztabaidatuko ditu helburu bakar batekin, alegia, auzitegiak onets dezala auzipean dagoen soroaren muga eskubete atzeratzea.

Arbasoen irizpidera jotzeko, legelari ingeles eta amerikarrak bere irizpideari egiten dion uko-moduko honek; morrontza-moduko honek, non eutsi behar baitio bere pentsaerari, legelari-izpirituari aztura herabeagoak eman eta joera egonkorragoak harraraziko dizkio Ingalaterran eta Amerikan Frantzian baino.

Gure lege idatziak ulergaitzak dira sarri, baina mundu guztiak irakur ditzake; aitzitik, herri xehearentzat ezer ez dago ilunagorik eta bere eskueratik urrutirago aurrekarietan oinarrituriko legeria baino. Ingalaterran eta Estatu Batuetan dagoen legelari-beharrak, beraren buruargitasunaz eratzen den iritzi jasoak, gero eta gehiago aldentzen dute herriagandik, eta azkenerako aparteko klase bihurtzen. Legelari frantsesa jakintsu bat besterik ez da; baina legegizon ingeles edo amerikarrak Egiptoko apaizen antza du, nolabait ere; haiek bezalaxe, ezkutuko jakintza baten interpretari bakarra da.

Legegizonek Ingalaterran eta Amerikan duten posizioak ere ez du eragin txikiagoa zertzen beraien aztura eta iritzietan. Ingalaterrako aristokraziak, berarekin analogia naturalen bat zuen guztia bere baitara erakartzeaz arduratu denak, itzal eta botere-zati handia eman die legelariei. Gizarte ingelesean legelariak ez daude lehen mailan, baina pozik daude dagokien mailan. Aristokrazia ingelesaren adar gaztea bezala dira, eta maitatu eta errespetatu egiten dituzte zaharragoak, hauen pribilegio guztiak konpartitu gabe. Legelari ingelesek, beraz, beren lanbideko interes aristokratikoekin nahasten dituzte bizi direneko gizartearen ideia eta gustu aristokratikoak.

Honela, batez ere Ingalaterran ikus daiteke nabarmen, nik deskribatu nahi dudan legelari-mota hori. Legelari ingelesak legeak estimatzen baditu, ez da hainbeste onak direlako, zaharrak direlako baizik; eta, denborarekin gizarteek jasan behar izaten dituzten aldaketetara moldatzeko, punturen batean legeak aldatu beharrean aurkitzen bada, sotiltasunik sinesgaitzenetara jotzen du, arbasoek egindakoari zerbait eranstean, haien pentsaera garatu eta haien lanak osatu baino ez dituela egiten komentzitzeko. Ez espero izan berritzaile dela aitortuko duenik; lehenago onartuko du absurdutasuneraino iristea bere burua hain krimen handiaren errudun aitortu baino lehen. Lege-izpiritu hori -alegia, gauzen mamia ez zaiola axola, letraz bakarrik arduratzen dela eta arrazoi eta gizatasunetik legetik baino lehenago irtengo litzatekeela ematen duen izpiritu hori- Ingalaterran sortu zen.

Legeria ingelesa antzinako zuhaitz bat bezala da, beraren gain legelariek etengabe kimurik arraroenak txertatu dituztelarik itxaropen batekin, alegia, kimu horiek, fruitu ezberdinak eman arren, gutxienez beren hostaia euskarri duten enbor beneragarriarekin bat egingo duten itxaropenarekin.

Amerikan ez dago noblerik, ez literaturgilerik, eta herria ez da aberatsez fido. Legelariek osatzen dute, beraz, klase politiko gorena eta gizarteko zatirik intelektualena. Horregatik, galdu baino ez lukete egingo zerbait berritzerakoan: honek interes kontserbadorea eransten dio ordenarekiko duten berezko zaletasunari.

Aristokrazia amerikarra non kokatzen dudan galdetuko balitzait, aberatsen artean ezetz erantzungo nuke zalantzarik gabe, ez dutela elkar litzakeen lokarri komunik. Aristokrazia amerikarra abokatuen bankuan eta epaileen aulkian datza.

Zenbat eta gehiago hausnartu Estatu Batuetan gertatzen dena, orduan eta komentzituago nago herrialde hartan legelarien gorputza dela demokraziaren kontrapisu ahaltsuena eta, nolabait esateko, bakarra.

Estatu Batuetan ohartzen da eragozpenik gabe zenbateraino den legelari-izpiritua bere kualitateengatik, eta bere akatsengatik ere baietz esango nuke, herri-gobernuari dagozkion bizioak neutralizatzeko egokia.

Herri amerikarra bere grinek mozkortzen edo bere ideiek arrastaka eramaten dutenean, abiada mantsotu eta geldiarazten duen galga ia ikustezina sentiarazten diote legelariek. Herriaren instintu demokratikoei, joera aristokratikoak kontrajartzen dizkiete ezkutuan; haren berrikuntza-zaletasunari, antzinakoari dioten begirune superstiziosoa; haren egitasmoen zabaltasunari, ikuspegi estuak; hark arauekiko duen mesprezuari, formenganako gustua; eta haren suhartasunari, astiro jokatzeko aztura.

Auzitegiak dira legelarien gorputzak demokraziaren gain eragiteko erabiltzen dituen organorik agerikoenak.

Epailea legelari bat da, legeak ikasterakoan bereganatu duen ordena eta arauekiko zaletasunaz gain, bere funtzioen mugiezintasunetik ere egonkortasunaren maitasuna ateratzen duena. Bere lege-ezagupenek dagoeneko ziurtatua zioten goi-maila bere hurkoen artean; bere botere politikoak aparteko maila batean kokatzen du azkenean, eta klase pribilegiatuen instintuak ematen.

Legeak konstituziokontrakotzat deklaratzeko eskubideaz horniturik, magistratu amerikarra etengabe sartzen da arazo politikoetan190. Ezin du herria legeak egitera behartu, baina bere legeekiko leial eta bere buruarekin bat izatera behartzen du gutxienez.

Badakit Estatu Batuetan badagoela ezkutuko joera bat herria botere judiziala murriztera daramana; estatu-konstituzio partikular gehienetan, gobernuak, bi Ganbaren eskariz, aulkia ken diezaieke epaileei. Konstituzio batzuek auzitegietako kideak hautatu beharra ezartzen dute, eta sarri-sarri berrautatuak izatera behartzen. Berrikuntza hauek lehentxeago edo geroxeago emaitza kaltegarriak izango dituztela iragartzera ausartzen naiz, eta egunen batean ohartuko direla, magistratuen independentzia horrela gutxituz, ez zaiola botere judizialari bakarrik eraso egin, baita errepublika demokratikoari berari ere.

Gainerantzean, ez da sinetsi behar Estatu Batuetan legelari-izpiritua auzitegien esparruan bakarrik dagoenik itxita; harantzago ere hedatzen da.

Legelariak, herriak mesfidantzaz ikusten ez duen klase ilustratu bakarra izanik, funtzio publiko gehienak betetzera deitzen dituzte naturalki. Batzar legegileak betetzen dituzte, eta administrazioen buru aurkitzen dira; eragin handia dute, beraz, legeak sortzerakoan eta hauek betearazterakoan. Hala ere, legelariak beharturik daude arrastaka eramaten dituen iritzi publikoaren korronteari amore ematera; baina erraza da aske izango balira egingo luketenaren aztarnak aurkitzea. Amerikarrek, beren lege politikoetan hainbeste berritu dutenek, aldaketa arinak bakarrik sartu dituzte, eta nekez gainera, beren lege zibiletan, nahiz eta lege hauetako batzuk oso higuingarriak izan beraien gizarte-egoeran. Hau gertatzen da zuzenbide zibileko gaietan gehiengoa beharturik dagoelako beti legelariengana jotzera; eta legelari amerikarrek, beren aukeramenaren arabera, ez dute ezer berritzen.

Oso bitxia gertatzen da frantses batentzat, legelarien izpiritu kontserbadorearen eta ezarritakoaren alde horiek dituzten aurriritzien aurka Estatu Batuetan sortzen diren kexak entzutea.

Legelari-izpiritua nik ezarri berri ditudan muga horiek baino urrutirago ere hedatzen da.

Estatu Batuetan ia ez dago arazo politikorik lehentxeago edo geroxeago arazo judizial bihurtzen ez denik. Hortik sortzen da alderdiek beren eguneroko eztabaidetan ideiak eta hizkera justiziatik hartzeko duten obligazioa. Pertsona publiko gehienak legelari direnez edo izan direnez, bere-bereak dituzten usadio eta ideia-motak pasarazten dituzte arazo publikoen tratamendura. Azkenerako, epaimahaiek oso ezagun bihurtzen dituzte klase guztien artean. Honela, hizkera judiziala nolabait ere hizkera arrunt bihurtzen da; legelari-izpiritua, eskola eta auzitegien barnean sartua, bere esparrutik kanpo hedatzen da poliki-poliki; gizarte osoan infiltratzen da, nolabait esateko, azken mailetaraino iristen da, eta azkenerako herri osoak bereganatzen du magistratuaren aztura eta gustuen parte bat.

Estatu Batuetan, beldur gutxi sortzen duen botere bat osatzen dute legelariek: nekez hautematen dena, bandera propiorik ez duena, denboraren eskakizunetara malgutasunez makurtzen dena eta bera gizarte-gorputzaren mugimendu guztiek eraman dezaten uzten duena, erresistentziarik gabe; baina gizartea oso-osorik biltzen du, osatzen duen klaseetariko bakoitzean sartzen da, ezkutuan landu, berorren gain oharkabean etengabe jardun eta azkenerako bere nahien arabera moldatzen du.

Epaimahaia Estatu Batuetan erakunde politikotzat hartua

aldatu

Epaimahaia, herri-subiranotasunaren moduetako bat, subiranotasun hori ezartzen duten beste legeekin erlazioan jarri behar da.- Epaimahaiaren osaera Estatu Batuetan.- Epaimahaiak izaera nazionalean eragindako ondorioak.- Herriari ematen dion heziketa.- Nola jotzen duen magistratuen eragina ezartzera eta legelarien izpiritua hedatzera.

Nire gaiak berez Estatu Batuetako justiziaz hitz egitera eraman nauenez, ez dut gai hau utziko epaimahaiaz jardun gabe.

Bi gauza bereizi behar dira epaimahaian: erakunde judiziala eta erakunde politikoa.

Epaimahaiak -eta, batez ere, epaimahaiak gai zibiletan- justiziaren administrazio onerako balio ote duen jakitea izango balitz kontua, horren onuragarritasuna dudazkoa dela aitortuko nuke.

Epaimahaiaren erakundea gutxi aurreratutako gizarte batean sortua da, non egitate-arazo sinpleak bakarrik eramaten baitziren auzitegietara; eta ez da eginkizun erraza hori herri oso zibilizatu baten beharretara moldatzea, jendearen arteko harremanak bereziki ugaritu direnean eta jakinduriazko eta adimenezko izaera hartu dutenean191.

Nire helburu nagusia, une honetan, epaimahaiaren alderdi politikoa aztertzea da: beste bide batek aldendu egingo ninduke neure gaitik. Epaimahaiaz, baliabide judizialtzat harturik, bi hitz baino ez ditut esango. Ingelesak, epaimahaiaren erakundea hartu zutenean, herri erdi barbaroa ziren; geroztik, munduko naziorik ilustratuenetako bat izatera iritsi dira, eta epaimahaiarekiko atxikimendua beren jakintzargiekin areagotuz joan zaiela dirudi. Beren lurraldetik irten eta mundu osoan zehar zabaldu dira: batzuek koloniak sortu dituzte, beste batzuek estatu independenteak; nazioaren gorputzak erregea gorde du, migrarietako batzuek errepublika ahaltsuak sortu dituzte; baina alde guztietan ingelesek era beretsuan bultzatu dute epaimahaiaren erakundea192. Alde guztietan ezarri dute, edota bizkor berrezarri. Mende luzeetan zehar herri handi baten sufragioak honela bereganatzen dituen erakunde judiziala, zibilizazioko garai orotan, klima guztietan eta gobernu-era guztien menpean sutsu birsortzen dena, ezin izan justiziaren izpirituaren kontrako193.

Baina utz dezagun gai hau alde batera. Epaimahaia erakunde judizialtzat hartzera mugatzea, beraren kontzeptua oso murriztea izango litzateke; zeren eta, prozesuen zorian eragin handia zertzen badu, are handiagoa zertzen baitu gizartearen destinoetan beretan. Epaimahaia, beraz, erakunde politikoa da, batez ere. Eta erakunde hori epaitzeko, ikuspuntu honetan jarri behar da beti.

Epaimahaitzat hiritar-kopuru bat ulertzen dut, ausaz hartua eta epaitzeko eskubideaz hornitua momentu batez.

Krimenen errepresiora epaimahaia aplikatzea, gobernuan oso errepublikarra den erakunde bat sartzea iruditzen zait. Orain azalduko dut:

Epaimahaiaren erakundea aristokratikoa edo demokratikoa izan daiteke, epaimahaikoak zein klasetatik hartzen diren kontuan izanda; baina izaera errepublikarra gordeko du beti, gizartearen benetako zuzendaritza gobernatuen edo hauen arteko batzuen esku jartzen baitu, eta ez gobernarien esku.

Indarra sekula ez da arrakasta-elementu iragankorra baizik: beraren ondoren zuzenbidearen ideia etortzen da berehala. Gobernu bat, bere etsaiak gudu-zelaian bakarrik borrokatzera mugatua badago, laster suntsituko dute. Lege politikoen benetako santzioa, beraz, lege penaletan datza, eta, onespenak huts egiten badu, lehentxeago edo geroxeago legeak bere indarra galtzen du. Beraz, kriminala epaitzen duen pertsona da benetan gizartearen jabe. Nolanahi ere, epaimahaiaren erakundeak herria bera jartzen du, edo hiritarren klase bat behintzat, epailearen aulkian. Hortaz, epaimahaiaren erakundeak herriaren edo klase horren esku jartzen du benetan gizartearen zuzendaritza194.

Ingalaterran, epaimahaia nazioaren zati aristokratikotik ateratzen da. Aristokraziak egiten ditu legeak, berak aplikatzen ditu legeak, eta bai lege-hausteak epaitu ere (B). Dena bat dator; honela, egia esan, errepublika aristokratiko bat eratzen du Ingalaterrak. Estatu Batuetan sistema bera herri osoari aplikatzen zaio. Amerikako hiritar bakoitza hautesle, hautagarri eta epaimahaiko da (C). Epaimahaiaren sistema, Amerikan ulertzen den bezala, herri-subiranotasunaren dogmaren ondorio iruditzen zait, sufragio unibertsala bezain ondorio zuzeneko eta muturrekoa. Bata bestea bezain baliabide ahaltsua da, gehiengoa nagusi izan dadin lortzeko.

Beren boterearen sorburuak beren baitatik atera eta, gizarteak gida ditzan onartu ordez, gizartea berek gidatu nahi izan duten subirano guztiek suntsitu edo ahuldu egin dute epaimahaiaren erakundea. Tudortarrek presondegira bidaltzen zituzten kondena-epaia eman nahi ez zuten epaimahaiak, eta Napoleonek bere agenteen bidez hautarazten zituen.

Oso nabariak izan arren aurreko egia horietako gehienak, ez dituzte izpiritu guztiek ulertzen, eta sarritan, gure artean ere, ideia nahasia baino ez dago epaimahaiaren erakundeaz. Epaimahaikoen zerrenda zer-nolako elementuz osatu behar den jakin behar bada, partaide izan behar dutenen jakintzargiak eta gaitasuna zelakoak diren eztabaidatzera mugatzen dira, erakunde judiziala baino izango ez balitz bezala. Egia esan, arazoaren zatirik txikienaz arduratzea iruditzen zait hori; epaimahaia erakunde politikoa da, batez ere; herri-subiranotasunaren modu bat bezala hartu behar da; herri-subiranotasuna errefusatzen denean, zeharo errefusatu behar da, edo subiranotasun hori ezartzen duten beste legeekin erlazioan jarri. Epaimahaia legeen betearaztea ziurtatzeko ardura duen nazio-zatia da, Ganbarak legeak egiteko ardura duten nazio-zatia diren bezalaxe; eta gizartea era finko eta uniformean gobernatua izan dadin, beharrezkoa da epaimahaikoen zerrenda hautesleenarekin batera zabaldu edo murriztea. Ikuspegi hau da, nire ustez, legegilearen arreta nagusia bereganatu behar duena. Gainerakoa osagarria da, nolabait esateko.

Epaimahaia batez ere erakunde politikoa dela hain komentziturik nagoenez, horrela hartzen dut gai zibiletan aplikatzen denean ere.

Legeak beti egoten dira koloka ohituretan oinarritzen ez diren bitartean; ohiturek osatzen dute herri batean botere sendo eta iraunkor bakarra.

Epaimahaia arazo kriminaletara bakarrik mugatzen denean, herriak oso noizean behin eta kasu partikularretan bakarrik ikusten du jardunean; bera gabe moldatzera ohitzen da bizimodu arruntean, eta beste bitarteko bat bezala hartzen du eta ez justizia lortzeko bitarteko bakartzat195.

Aitzitik, epaimahaia gai zibiletara hedatzen denean, berorren aplikazioa begien bistan egoten da etengabe; interes guztiak ukitzen ditu orduan; guztiek esku hartzen dute beraren ekintzan; bizitzako usadioetan ere sartzen da horrela; giza izpiritua bere formetara makurtzen du eta justiziaren ideiarekin berarekin bat egiten du, nolabait esateko.

Beraz, epaimahaiaren erakundea, arazo kriminaletara mugatua, arriskuan dago beti; behin gai zibiletan sartuz gero, aurre egiten die denborari eta gizakien ahaleginei. Epaimahaia ingelesen ohituretatik beraien legeetatik bezain erraz kendu ahal izan balitz, Tudortarren menpe jausiko zatekeen erabat. Epaimahai zibila izan da, hortaz, Ingalaterrako libertateak benetan salbatu dituena.

Epaimahaia nolanahi aplikaturik ere, eragin handia zertzen du nazio-izaeran; baina eragin hau mugarik gabe hazten da gai zibiletan barrurago sartu ahala.

Epaimahaiak, eta epaimahai zibilak batez ere, hiritar guztien izpirituari epailearen izpirituaren azturetako batzuk emateko balio izaten du; eta aztura hauek dira, hain zuzen, herria ongien prestatzen dutenak aske izateko.

Epaitutako gauzarekiko begirunea eta zuzenbidearen ideia hedatzen ditu klase guztietara. Ken itzazue bi gauza hauek eta independentziaren maitasuna grina suntsikor bat baino ez da izango.

Ekitatearen praktika erakusten die gizakiei. Bakoitzak, bere hurkoa epaitzean, bera ere epai dezaketela pentsatzen du. Hau arlo zibileko epaimahaiaz da, batez ere, egia. Ia inork ez du egunen batean prozesamendu kriminalen bat jasan dezakeen beldurrik, baina mundu guztiak izan dezake auziren bat.

Epaimahaiak pertsona guztiei beren egintzen aurrean atzera ez egiten erakusten die; jarrera adoretsu hau gabe, ez dago bertute politikorik.

Nolabaiteko magistratura batez hornitzen du hiritar bakoitza; gizartearekiko betebeharrak dituztela sentiarazten die guztiei, eta partaide direla berorren gobernuan. Jendea bere arazoak ez diren beste zerbaitez arduratzera behartzen duenez, norberekoikeriaren kontra borrokatzen da, gizarteen herdoila bezala den norberekoikeriaren kontra.

Epaimahaiak ikaragarri balio du herriaren bereizmena eratzeko eta berezko jakintzargiak areagotzeko. Hori da, nire iritziz, bere abantailarik handiena. Dohaineko eta beti zabalik dagoen eskolatzat hartu behar da: bertara jotzen du epaimahaiko bakoitzak bere eskubideen berri izateko, bertan sartzen da egunero komunikazioan goi-klaseetako kiderik ikasien eta ilustratuenekin, eta bertan legeak era praktikoan irakatsi eta lege horiek bere adimenaren irispidean jartzen zaizkio abokatuen ahalegin, epailearen iritzi eta auzi-alderdien grinen bidez. Uste dut amerikarren adimen praktikoa eta zentzu politikoa, arlo zibilean epaimahaiaz egin duten erabilera luzeari egotzi behar zaiola, batez ere.

Ez dakit epaimahaia onuragarria den prozesuak dituztenentzat, baina ziur nago oso onuragarria dela epaitzen dituztenentzat. Gizarteak herria hezitzeko erabil dezakeen baliabiderik eraginkorrenetako bat iruditzen zait.

Aurreko hori nazio guztiei aplikatzen zaie, baina hona hemen zer den berezia amerikarren kasuan, eta herri demokratiko guztien kasuan, oro har.

Esan dut gorago demokrazietan legelariek, eta hauen artean magistratuek, eratzen dutela herriaren mugimenduak modera ditzakeen gorputz aristokratiko bakarra. Aristokrazia honek ez du inolako botere materialik, izpirituen gain bakarrik zertzen du bere eragin kontserbadorea. Nolanahi ere, epaimahai zibilaren erakundean aurkitzen ditu bere boterearen iturburu nagusiak.

Prozesu kriminaletan, non gizartea pertsona baten aurka borrokatzen den, epaimahaiak gizarte-boterearen tresna pasiboa ikusten du epailearengan eta ez da fidatzen honen iritziez. Are gehiago, prozesu kriminalak egitate sinpletan oinarritzen dira guztiz, zentzuak erraz balora ditzakeenak. Alor honetan, epailea eta epaimahaia berdinak dira.

Ez da gauza bera gertatzen prozesu zibiletan; orduan, epailea arbitro desinteresatu gisa agertzen da alderdien grinen artean. Epaimahaikoek konfiantzaz ikusten dute, eta begirunez entzuten; zeren eta gai hauetan epailearen adimenak zeharo menperatzen baitu epaimahaikoena. Berak garatzen ditu epaimahaikoen aurrean hauen oroimena nekarazi duten argudioak, eta eskutik hartzen ditu prozeduraren zoko-mokoetan aurrera gidatzeko; bera da gertatutakora mugarazten dituena eta zuzenbide-arazoari eman beharreko erantzuna erakusten diena. Ia mugagabea da beraren eragina epaimahaikoengan.

Ba al dago esan beharrik zergatik hunkitzen nauten hain gutxi epaimahaikoek arlo zibilean omen duten ezgaitasunetik ateratako argudioek?

Prozesu zibiletan, egitatezko arazoak aztergai ez diren guztietan behintzat, gorputz judizial baten itxura baino ez du epaimahaiak.

Epaileak proposatu dien epaia erabakitzen dute epaimahaikoek. Epai horri, ordezkatzen duten gizartearen aginpidea ematen diote beraiek, eta epaileak, arrazoiarena eta legearena (D).

Epaileek Ingalaterran eta Amerikan prozesu kriminalen zorian duten eragina bezalakorik sekula ez du ezagutu epaile frantsesak. Erraz ulertzen da ezberdintasun honen zergatia: magistratu ingeles edo amerikarrak arlo zibilean ezarri du bere boterea, eta beste esparru batean egikaritzea besterik ez du egiten gero; baina lortu, ez du hemen lortzen.

Badira kasuak, eta garrantzizkoenak dira sarri, non epaile amerikarrak berak bakarrik duen erabakitzeko eskubidea196. Orduan, behingoz, epaile frantsesa normalean aurkitzen den egoeran aurkitzen da hura; baina haren botere morala askoz handiagoa da: epaimahaiaren oroitzapenek jarraitu egiten diote oraindik, eta beraren ahotsa gizartearena bezain indartsua da ia, honen organo zirelarik epaimahaiak.

Beraren eragina auzitegien esparrutik kanpora ere hedatzen da: bizitza pribatuko atsedenaldietan nahiz bizitza politikoko nekeetan, plaza publikoan nahiz legislatiboen barnean, epaile amerikarrak etengabe aurkitzen ditu inguruan adimen handiagokoa balitz bezala begiratu ohi dioten pertsonak; eta, prozesuetan egikaritu ondoren, berarekin batera epaitzen esku hartu dutenen izpirituaren aztura guztietan eta ariman bertan ere sentiarazten da haren boterea.

Epaimahaiak, magistraturaren eskubideak murriztu egiten dituela eman arren, benetan oinarritu egiten du honen agintea, eta ez dago epaile ahaltsuagorik duen herrialderik herriak epaileen pribilegioak konpartitzen dituzteneko haiek baino.

Magistratura amerikarrak arlo zibilean epaimahaiak ematen dion laguntzaz sarrarazten du, batez ere, legelari-izpiritua deitu dudana gizarteko azken mailetaraino.

Honela, epaimahaia, herriari agintea emateko baliabiderik indartsuena izanik, agintzen irakasteko baliabiderik eraginkorrena ere bada.