Hitzaurrea
I. Arrazoimen hutsaren kritikaren egitura eta gai nagusiak
aldatuArrazoimen hutsaren kritika bi zatik osatzen dute aurkibideak dioenaren arabera: osagaien irakaspen transzendentalak eta metodoaren irakaspen transzendentalak. Bitariko zatiketa honek, ordea, ez du ukitzen liburuaren mamia, aurkibide berak erakusten duen moduan: osagaien irakaspena (73-525 orr.) orrietan aurki daiteke eta metodoaren irakaspena (529-611 orr.) orrietan1. Lehen zatiak 700 orrialde inguru betetzen ditu, bigarrenak, berriz, 150 besterik ez. Filosofikoki esanguratsuagoa beste zatiketa bat da, sentimena adimenaren aurrean jartzen duena, edo sentimena adigaiaren aurrean, edo bestela esanda, sentimena pentsatzearen aurrean jartzen duen zatiketa. Jatorria Filosofiaren hasieran bertan duen zatiketa honek gaurkotasun berezia zuen Kanten garaian, Descartes, Spinoza, Leibniz eta beren eskolen Metafisika, eta John Locke, George Berkeley eta, last but non least, David Humeren enpirismo ingelesaren arteko aurkakotasunean adierazten baitzen. Aurkakotasun hau Kantek osagaien irakaspenaren barnean jasotzen du, zeinak Estetika transzendentala izena duen sentimenaren eta begiespenaren teoria batekin hasiz Logika transzendentala izena jasotzen duen pentsatzearen edo adimenaren teoria batekin jarraitzen duen. Estetika transzendentalaren arabera espazioa eta denbora ez dira objektu absolutuak, ezta berbaitango gauzen arteko harremanak ere, baizik gure formak, hau da, subjektu ezagutzailea den gizakiaren formak, hots, objektuak gugandik at espazioan diren moduan eta denboran aldatzen diren moduan begiesten dituzten formak. Teoria hau Kantek jadanik 1770ean garatu zuen eta bere katedraren irekiera-hitzaldian De mundi sensibilis atque intellegibilis forma et principiis izenburupean aurkeztu zuen sentsuen munduaren formaren eta printzipioen teoria gisa, geroago pentsatu zuen Arrazoimen hutsaren kritika baten proiektuarekin zerikusirik izan gabe. Lan hau historikoki ez ezik sistematikoki ere Arrazoimen hutsaren kritikaren benetako muinera iristeko aurre-jolasa edo prestaketa da, hau da, pentsatzearen forma hutsen irakaspena den Logika transzendentalera iristeko prestaketa, eta honen bitartez guk:
* Sentimenean ematen zaigun anizkunkia determinatua den zerbait gisa, hau da, objektu gisa aditzen dugu.
* Horrela, objektu gisa determinatutako anizkunkia beste anizkunkiekin bateratzen dugu adimenaren erregelen arabera, hura objektu enpiriko edo agerpenen mundu bihurtzearren, hau da, izadi bihurtzearren, izadia legezko sistema batean biltzen diren objektuen elkarketa den aldetik.
* Objektu hauen osoki absolutua inferitzen dugu arrazoimenaren bidez determinatutako batasun absolutu gisa.
Logika transzendentala bera ere, bestalde, bitan zatitzen da. Hau lehenik Analitika transzendentala da, «egiaren Logika» bat, beraz; bigarrenik, Dialektika transzendentala da, eta Kantek Dialektikaz itxuraren Logika ulertzen du, eta itxura honen aurkikuntza, kritika eta gaindipena dira Dialektika transzendentalaren egitekoak2.
Sailkaketa honen arabera honela uler daiteke laburki Kanten Filosofia transzendentala: Analitika transzendentala pentsatzearen forma hutsen teoria positiboa da, hau da, egiazkoak ez ezik, egiazko ezagutza ororen baldintzak ere badiren formen teoria. Forma hauek adimen hutsaren adigaiak eta judizioak dira, hots, adimenaren adigai hutsak edo kategoriak eta adimen hutsaren oinarri-esakuneak izendatzen direnak. Aditzearen forma huts gisa aurkezten diren hauek sentimenean emandako anizkunkia determinatzen dute, honela hau objektu gisa edo objektuen mundu gisa aditzearren. Oinarrizko adigai hauetatik gainera adimen hutsaren oinarri-esakuneen sistema ere erator daiteke, eta oinarri-esakune hauen bidez mundu honen oinarrizko egiturak legeen sistema baten gisa ulertzen ditugu eta izadia osotara kausa mekanikoen arabera eta legeen arabera konplituki determinatuta ezagutzen dugu.
Analitika transzendentalak adimen hutsaren adigaiak eta judizioak barnebiltzen ditu, zeinak sentimenarekin, begiespenarekin eta esperientziarekin halako moldez jar daitezkeen harremanean, non adigaien eta judizioen Logika egiaren Logika bihurtzen baita; baina harreman hau ezinezkoa gertatzen zaie arrazoimen hutsaren adigaiei, judizioei eta inferentziei, zeren hauek ezin baitute loturarik lortu sentimenean emana den anizkunkiarekin, ezta objektu begiesgarriekin edo hautemangarriekin ere, edo ezta objektu enpirikoekin ere eskuarki. Izan ere, arrazoimen hutsaren adigaiak edo «ideiak»3 begietsi ezin den, hauteman ezin den eta esperientzian eman ezin den Zerbaiten adigaiak baitira. Horrelako Zerbaiten lehenengo adibidea giza arima da, bigarrena mundua, osoki absolutu gisa, eta hirugarrena Jainkoa. Arrazoimen hutsak arimaren adigaitik abiatuta arimaren substantziatasuna, batasuna eta hilezkortasuna inferitzeko egiten duen saialdiak inferentzia okerren sistema bat sortzen du4. Munduaren mugatasuna edo mugagabetasuna, materiaren zatigarritasuna edo zatiezintasuna, eta munduko kausalitate osoa edo munduaren lehen sortzaile bat frogatzeko saialdiek arrazoimen hutsa antinomia batean nahasten dute munduaren kontzeptuari dagokionez, antitekika edo kontraesanen sistema batean nahasten dute, beraz5. Azkenik, Jainkoaren izatea frogatzeko saialdia itxurazko jakintza kaskala besterik ez dela gertatzen da6; arrazoimenaren printzipio espekulatiboetatik abiatzen den Teologia kritikari menperatzen zaio halabeharrez. Kasu hauetan guztietan (Psikologia metafisiko edo arrazionalean, Kosmologia metafisiko edo arrazionalean eta, azkenik, Teologia metafisiko edo arrazionalean) arrazoimen-inferentzien Logika edo Dialektika hau itxuraren Logika bat da. Helburutzat itxurazko jakintza hori argitara ekartzea eta gainditzea duen Kanten Dialektika transzendentala aldi berean ordu arteko Metafisika ororen gaitzespena da. Horrela, Arrazoimen hutsaren kritikaren zati positiboak, hots, Estetika transzendentalak eta, bereziki, Analitika transzendentalak, «zientzia gisa agertu nahi duen etorkizuneko edozein Metafisikaren»7 aurrekariak edo propedeutika garatzeko egitasmoa jasotzen du; aitzitik, Kant deuseztailearen Dialektika transzendentala ordu arteko Metafisika ororen ezeztapena da, Metafisika hau itxurazko jakintza soila den heinean.
Arrazoimen hutsaren kritikaren gai, interesgune, tesi eta asmo nagusien gainbegirada hau honela laburtzen dut bukatzeko: Arrazoimen hutsaren kritikak Estetika transzendentalean espazioa eta denbora beren baitan existitzen diren gauzak edo gauzen arteko harremanak ez direla, baizik gizakiok gauzak begiesteko ditugun formak edo moduak direla dio; Analitika transzendentalean Arrazoimen hutsaren kritika pentsatzearen forma hutsak, adimenaren adigaiak eta oinarri-esakuneak daudela dioen irakaspena da, zeinek sentsuen arabera ematen zaigun anizkunkia determinatzen duten, honela guk hau objektu determinatu gisa8, legeen multzo gisa, izadi gisa eta agerpenak diren objektuen mundu gisa begiesteko eta aditzeko; horrekin batera, Analitikaren irakaspenak zera dio: gure pentsatzearen eta begiestearen forma hauek ez direla esperientziaren baldintzak soilik, esperientzia gizakien ezagutza-modu bat den aldetik, baizik esperientziaren objektuen ahalgarritasunaren baldintzak berak direla. Azkenik, Arrazoimen hutsaren kritika Dialektika transzendentalean arrazoimena epaitzen duen eta esperientziaren eta sentsuen bidez ematen zaigun anizkunkiaz goiti doazen adigaiak eta inferentziak itxurazko jakintza gisa azaltzen dituen epaitegia da, hau da, giza arimari dagozkion inferentzia okerren sistema gisa azaltzen dituena; bestalde, munduaren adigaiari dagokion antinomia gisa, non arrazoimena munduaren mugei, hasierari eta amaigabetasunari buruzko kontraesanetan gertatzen den; gainera, Jainkoaz diharduen itxurazko zientzia gisa, Jainkoaren existentzia frogatzeaz harrotzen den Teologia espekulatiboa den heinean, hori egiatan ezinezkoa izaki.
Arrazoimen hutsaren kritika hau, beraz, Kanten «esperientziaren teoria» da9, «esperientziaren Metafisika»10, Metafisikaren arazoarekin eta arazoekin jardunaldia11, eta beraz, Kantek arrazoimenaren eta sentimenaren mugak12 determinatzeko egiten duen saialdia. Liburua 1781ean agertu zen lehenengo aldiz eta 1787an berriz hobetutako argitaraldi batean, bai egileak, baita publikoak ere lana zailegitzat eta ilunegitzat jo zutelako. Ordutik aurrera Arrazoimen hutsaren kritika 200 urte luzeetan behin eta berriz argitaratua izan da eta munduko hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, orain lehenengo aldiz euskarara.
Zer da, bada, liburu zail, sakon eta ilun hau hain jatorri eta interes ezberdinak dituzten hainbat gizakirentzat hain erakargarria bihurtzen duena? Lehen erantzun bat hau izan liteke: liburu honekin Kantek Filosofia ez ezik, izadiaren eta munduaren ulermena, hots, gure mundu-ikuskera ere hankaz gora jarri duela eta horrekin batera honi oinarritzapen irmoa eman diola. Nola ulertu behar da paradoxa hau?
II. Filosofiaren iraultza kopernikarra
aldatuKantek berak bere Filosofia eta bereziki Arrazoimen hutsaren kritika iraultza-ekintza gisa ulertu zuen, eta horrela aurkeztu zien bere irakurle eta garaikideei13. Orduan, galdekizuna berriro ere agertzen zaigu: nolako iraultza da hau? Zer esan nahi du «iraultza» hitzak hemen oro har? Eta zer da hemen iraultzen dena batez ere? Zein dira iraultza honen emaitzak? Galdekizun hauei erantzun asko eman dakizkieke, adibidez, ondorengoak:
*Iraulia dena –eta honek hankaz gora jarria esan nahi du– Metafisika bera da. Iraultza honen emaitza positiboa Metafisikaren oinarritzapen berri baten saialdia da, hots, idealismo transzendental edo kritiko baten printzipioetan funtsatzen diren Izadiaren Metafisikaren14 eta Ohituren Metafisikaren15 oinarritzapen-saialdia. Honek galdekizun berri batera bidaltzen gaitu: zer dira printzipio transzendentalak eta zer da idealismo transzendentala? Iraultza honen emaitza negatiboa ordu arteko metaphysica generalis edo Ontologia, h. d., izatearen irakaspena, adimen hutsaren analitika apalago batez ordezkatzeko ekintza da16. Ordu arte dena menperatzen zuten Metafisikaren hiru eremu nagusiek, Psikologia arrazionalak, Kosmologia arrazionalak eta Teologia arrazionalak, arrazoimen hutsaren inferentzia okerretan oinarrituak daudela dioen epaia jasotzen dute, eta gainera, ezinezkoak direla dioen epaia ere bai, bereziki Kantek arrazoimenaren printzipio espekulatiboetatiko Teologia orori egiten dion kritikarentzat balio duen epaia.
*Beste erantzun bat, hain abstraktua ez den erantzuna, hau litzateke: Kantek gure ezagutzaren eta izatearen adigaiak irauli ditu. Espazioa eta denbora, adibidez, Kanten aurretik, edo objektu absolutuak ziren, hots, espazio eta denbora absolutuak ziren, edo gauzen arteko harremanak ziren, egoera, urrunera eta antzekoen gisa. Kanten arabera ez dira ez bat ez bestea, baizik beste zerbait, erabat berria den zerbait, hots, formak dira, guk objektuak gugandik at espazioan eta gugan denboran begiesteko ditugun formak, eta objektuak berak espazioan determinatutako objektu gisa (adibidez, hiru dimentsiotako, bi dimentsiotako edo dimentsio bakarreko objektuak) eta beren aldaketak denboran determinatutako aldaketa gisa begiesteko formak. Hala ere, Kantek ez ditu espazioa eta denboraren adigaiak soilik irauli, baizik gauzen oinarrizko adigaiak berak ere bai, objektu edo gauzaki baten adigaia oro har, eta bereziki izadiaren adigaia, non guk begietsi, hauteman, ikertu eta ezagutu nahi eta ahal ditugun gauza guztiak bateratzen diren. Horrela, begiespenen kantitatea eta kualitatea, beren substantziatasuna edo iraunkortasuna, beren kausazko harremana, kausa eta efektua diren aldetik, eta, azkenik, beren arteko elkarreragina gauzen oinarrizko adigaiak dira17, ez gauzak beren baitan diren aldetik, hau da, beraiek begiesteko eta aditzeko gure eratik beregainki, baizik guretzat diren moduan soilik, hau da, agerpenak diren heinean, errepresentazioak diren heinean. Honek esan nahi du adigaiok direla guk zerbait gauza gisa pentsatzeko baliabidea, eta beraz, handitasun determinatu edo kantitate gisa, substantzia edo akzidente gisa, kausa edo efektu gisa, elkarreragin osoan dauden substantzia gisa pentsatzeko baliabidea direla, eta adigai hauei esker sentsuen bidez ematen zaigun anizkunkia objektu gisa determinatzen dugu eta horren bitartez zerbait oro har lehendabizikoz gauza gisa, objektu gisa sortzen dugu.
*Hala eta guztiz ere, Kantek adigaiak soilik ez ditu iraultzen; hauekin batera judizioak ere iraultzen ditu, gizaki guztiek adigaiok beraietan erabiltzen baitituzte: adigai hauek judizioetan elkarlotzea gure errepresentazioen multzoan ordena eta legezko batasuna sortzeko eta horrela errepresentazio subjektibo soilak direnetatik abiatuta esperientzia objektiboa eta edonorentzat baliogarriak diren esperientziaren judizioak sortzeko baliagarriak dira. Gure errepresentazioen anizkunkia elkarlotzen duten oinarrizko erregela hauek, beraz, gure kontzientziaren eta autokontzientziaren batasunean aldi berean legeak dira, gure adimenak izadiaren lege orokor eta transzendental gisa ezartzen dituenak18. David Humek izadiaren legeen apriorizko ezagutzaren deuseztapenari emandako erantzuna diren lege hauek izenburu hauekin aurkezten dira: begiespenaren axiomak eta hautemapenaren aitzinapenak, zeinek Matematikak Natur Zientzietarako duen balioa oinarritzen duten, Matematika begiespenen Matematika den aldetik; eta gainera, esperientziaren hiru analogiak, izadiko substantziaren kantitate osoaren gordeketa, kausalitatearen legea eta izadiko substantzia ororen arteko elkarreragina a priori frogatu behar duten analogiak.
Honela iraultzen ditu Kantek Filosofiaren oinarrizko adigaiak, eta gainera Matematika eta Natur Zientziaren adigaiak, baita oro har zientzia guztienak ere, printzipio metafisiko zaharren ordez printzipio eta adigai transzendental berriak ezartzen dituen heinean. Ezagutza iraultzen du, beraz, giza ezagutzaren osagaiak eta funtsezko emaitzak oro har, baina hauekin batera objektuen, gauzen, izadiaren izatea, ez hauek beren baitan diren moduan, baina bai guretzako objektuak diren aldetik, objektu enpirikoak, alegia, eta beraz, agerpenen mundu oso bat iraultzen du, eta adimenak berak eskuratzen ditu agerpen hauen oinarrizko adigaiak eta oinarrizko legeak, zeinen indarrez geuk sortzen, gauzatzen eta produzitzen ditugun objektu hauek, baita mundu hau ere, agerpenen mundua den heinean:
«Izadia deitzen diogun agerpenen ordena eta erregulartasuna geuk sortzen dugu...» (171 or.).
Hain ausarta, mutiria, kitzikatzailea, «gehiegizkoa» bada ere, baita «zentzugabea bada ere esatea: adimena bera dela izadiaren legeen iturburua, eta beraz, izadiaren batasun formalaren iturburua, hain zuzena eta gaiari, hots, esperientziari egokia da era berean halako baieztapena» (173 or.). Hau da Kanten kopernikar biraketa deitzen zaionaren funtsezko unea. Izan ere, Kant berak Arrazoimen hutsaren kritikaren bigarren argitaraldiko aitzinsolasean Metafisikaren bere iraultza eta Kopernikok sortutako astronomiaren iraultza alderatzen baititu:
«Ene iduriko, orain direna bat-batean buruturiko iraultza baten bitartez bihurtu ziren Matematika eta Natur Zientzia hain onurazkoa suertatu zaien pentsakeraren eraldaketaren funtsezko puntuaz gogoetatzeko adibide aski ohargarriak lirateke, baita haiek imitatzeko ere, saialdi gisa bederen, arrazoimenaren ezagutzak diren hauek Metafisikarekin duten analogiak baimentzen duen neurrian. Gaurdaino gure ezagutza orok objektuen arabera ibili behar zuela onartzen zen; halere, aurresuposizio honi jarraiki, objektuoi buruzko gure ezagutza heda zezaketen adigaien bidez zerbait a priori erabakitzeko egin diren saialdi guztiek porrot egin dute. Horregatik, saia gaitezen behin ikusten ea ez ote dugun aurrerapauso handiagorik emango Metafisikaren arazoetan objektuek geure ezagutzaren arabera ibili behar dutela suposatuz –objektuen apriorizko ezagutza irrikagarri baten ahalgarritasunarekin hobeto bateratzen den suposizioa–, ezagutza hau guri objektuak eman aurretik hauetaz zerbait finkatzeko gai izan behar duena izaki. Hemen Kopernikoren lehen pentsamenduekin bezala gertatzen da: izarren armada osoa ikuslearen inguruan jiraka zebilela suposatuz zeruko higiduren azalpenean aurrera egin ezin zuenez gero, orduan saiatu zuen ea ez litzatekeen hobe izango ikuslea jirarazi eta, alderantziz, izarrak geldirik utziko balitu. Metafisikan ere antzeko zerbait egiten saia gaitezke...» (41-42 orr.).
Kanten kopernikar biraketa honek hainbat alde ditu. Izan ere, hasteko Kantek jakintzaren garapena sail guztietan –Logikatik hasi eta Matematikatik igaroz Fisikaraino eta Kimikaraino– «hastamuska soilik» ibiltzetik «zientziaren ibilera segurura» doan igarobide gisa ulertzen du, aurretik marraztutako egitasmoaren eta metodo segurtatuaren araberako igarobide gisa. Bigarrenik, igarobide hori ia kasu guztietan gizaki bakan baten burutazioari egozten dio, eta beraz, bere burua hartzen du Filosofian halako iraultza sortu duen pertsona bakantzat, Talesek Matematikan edo Kopernikok Astronomian egin zuten bezala. Hirugarrenik, kopernikar biraketa pentsakeraren iraultza gisa ulertzen du, honela gauzen mundua bere bereizgarritasunean geuk sortu bagenu bezala hautemateko eta aditzeko, eta horrekin batera, geu ere judizio askearen eta kritikoaren eta autodeterminazio askearen subjektu gisa ulertzeko.
III. Iraultza honen historiaurrea eta aurrebaldintzak
aldatuNola lortu zuen Kantek kopernikar biraketa honen ideia, hots, mundua gure begieste hutsaren eta pentsatze hutsaren formen bidez sortutako agerpenen mundu gisa ulertzen duen ideia?
Immanuel Kant, 1724an jaioa, izadiaren filosofo gisa hasi zen lanean. Horrela, 1746ko bere lehen lanean orduan gaurkotasun handia zuen gatazkan sartu zen19, indar hil eta bizien arteko gatazkan hain zuzen; 30 urte bete zituenean Izadiaren historia orokorra eta zeruaren teoria idatzi zuen20, hurrengo urtean eterrari buruzko lantxoa21, eta hurrengoan oraindik materia dinamikoaren teoria bat, laburrean Monadologia physica izenburua duen teoria. Metafisikaz nahiko berandu jardun zuen lehenengo aldiz, 1755 urtean, eta gainera kritikoki ere hasi zen, nahiz ez ondoren Arrazoimen hutsaren kritikan egin zuen bezain zorrozki. Metafisikari buruzko lehen lan honen izenburuak erakusten du Kanten norabidea: ezagutza metafisikoen lehen printzipioen oinarritzapen berri bat da bere asmoa22. Hemen leibniziar-wolffiar eskolari atxiki zaio, bere heziketan ikasi zuen Filosofiari, beraz, baina jadanik zentzu kritiko zehatz batean atxiki zaio. Gorago jadanik aipatu den Monadologia physicaren izenburu osoak erakusten du23 zein den Kant gaztearen jarrera kritikoaren bereizgarritasuna: bere monadologia physicarekin Metafisika eta Geometria, hau da, leibniziar Filosofia eta newtondar Natur Zientzia batzen saiatzen da modu eredugarrian. Kantek bere bizitza osoan zehar atxiki zuen jarrera hau, baina jarrera berak Kanten garapenean zehar hainbat aldaketa jaso zituen, berak aipatzen duen moduan24. Aldaketa hauen artean garrantzitsuena 1760ko hamarkadan gertatzen da, David Humeren eszeptizismo erradikalaren eraginpean dagoen unean eta Metafisikari bizkarra ematen dion unean. Horrela, 1766an egoera hau adierazten duen Espiritu-ikusle baten ametsak, metafisikaren ametsen eskutik argituak lana idazten du. 1769/1770 inguruan itzultzen da Kant indarberritua aurreko proiektura: zientzia, hau da, newtondar Natur Zientzia bereziki edo zientzia enpirikoa oro har, eta Metafisika bateratzera. Hala ere, jadanik 1765eko abenduaren 31n Lamberti «Metafisikaren metodo propioa eta, ondorioz, Filosofia osoa» landu behar zuen idazkia iragarri bazion ere, eta ondoren 1772an Sentimenaren eta arrazoimenaren mugak izenburuarekin arrazoimen hutsaren kritika gisa aurkeztu zuen lana hiru hilabete barru bukatuko zuela uste izan bazuen ere, lana bera, Arrazoimen hutsaren kritika, hamaika urte beranduago soilik argitaratu zen Rigan azkenik 1781ean.
Garapen honen testuingurua ikusita berriro galdetzen bada ea nola lortu duen Kantek Kopernikoren ereduaren arabera «pentsakeraren iraultza» bat abiaraztea, zeina «arrazoimen espekulatibo hutsaren zeregina den, horrela ordu arteko Metafisikaren jardunbidea aldatzeko eta bera iraultzeko»25, orduan Kanten kokalekua, Locke eta Humeren enpirismoa eta eszeptizismoa eta Leibnizek eta Wolffek sortutako pentsatzearen eta ezagutzaren oinarritzapen metafisikoaren artean dagoen kokalekua, bere pentsamenduaren honelako garapenaren emaitza da: hasiera batean Kantek Natur Zientzia eta Metafisika bateratzeko, hau da, Newton eta Leibniz bateratzeko egiten duen saialdiak porrot egiten du erabat. Hasieran, Humek burutzen duen Metafisikaren kausalitate-legearen oinarritzapenaren deuseztapena da egia Kantentzat. Hala ere, hasiera-hasieratik legeen bilkura bat den izadiari buruz filosofatu duen Kantek, zeinentzat Newtonen Mekanikak eredu nagusia izaten dirauen, ezin du utzi Natur Zientzia enpirismoaren edo eszeptizismo erradikalaren eskutan. Ezin da, ezinezkoa da eguneroko eguzkiaren agertzea sinesmen soilaren kontua izatea. «Gertatzen den orok zerbait aurresuposatzen du, zeinari erregela baten arabera jarraiki zaion»26; hau Humeren aurka frogatzea, hots, Hume kausalitate-legearen apriorizko frogaren bidez errefusatzea da Kanten helburu nagusia.
Areago, Arrazoimen hutsaren kritika «Humeren arazoaren egikaritzapena da bere zabalpen ahalbait handienean»27. Kantek Hume ondorengoa erakutsiz errefusatu nahi du: kausalitatearen legeak –«Aldaketa guztiak kausa eta efektuaren elkarketaren legearen arabera gertatzen dira»28– eta izadiaren beste oinarrizko legeek –«Begiespen guztiak handitasun hedatuak dira» (195 or.); «Agerpen guztietan errealkiak handitasun intentsiboa du, hau da, maila bat du» (198 or.); «Agerpenen aldaketa orotan substantziak irauten du eta bere kantitatea ez da gehitzen, ezta gutxitzen ere izadian» (208 or.); «Substantzia guztiak elkarreragin osoan aurkitzen dira, espazioan aldi berean hautemanak diren heinean» (227 or.)– esperientziaren ahalgarritasunaren eta esperientziaren objektuen ahalgarritasunaren baldintza gisa balio dute29, hau da, orokorki balio dute. Honek esan nahi du esperientzia orotarako balio dutela, zientzia enpiriko orotarako salbuespenik gabe. Izan ere, guretzat objektu enpirikoa den edo noizbait izan daitekeen oro lege horien bitartez determinatua baitago. Esperientzia –baita Humek Metafisikaren aurka erabili zuen esperientzia ere– baldintza horien arabera soilik da ahalgarria, hau da, enpirikoak ez diren legeen arabera, eta beraz, esperientzia orotan oinarri determinatzaile gisa barnebilduak dauden legeen arabera.
IV. Kanten iraultzaren ondorioak
aldatuLortu ahal du Kantek bere pentsakeraren iraultzaren bidez Humeren eszeptizismoa errefusatzea, hau da, banako agerpenak eta agerpenen osotasuna adimen hutsaren legeen bitartez determinatutako izadi Baten eta agerpenen mundu Baten gisa ulertzea? Hasiera-hasieratik zalantzan jarri zen bere asmoen lorpena, besteren artean Maimonen edo Schulzeren aldetik. Agian Jacobik adierazi du modu zehatzenean Kanten egitasmoa ulertzeko zailtasuna. Honen arabera bera behin eta berriro nahastu izan duena honako hau izan da: berbaitango gauzek edo objektu transzendentalak sentsuen gain inpresioa egiten dutela dioen aurresuposiziorik gabe ezin dela Kanten sisteman sartu, baina era berean aurresuposizio horrekin ezin dela bertan geratu30. Arazo hauek zirela eta, Fichte eta Schelling azkar aldendu ziren Kantengandik, hasiera batean idealismo transzendental kritikoaren jarraitzaile gisa lan egin zuten arren. «Kantek emaitzak eskura eman dizkigu, oinarriak jartzea da oraindik egiteko geratzen dena», idazten dio Schellingek Hegeli 1795eko urtarrilaren 6an. Filosofia kritikoa edo transzendentala oinarri sendoen edo egiazko premisen gainean oinarritzeko eta Kanten emaitzak hortik eratortzeko saialdian bi filosofo hauek, eta ondoren Hegelek, orain alemaniar idealismoa deitzen zaiona garatu zuten: nia edo oinarrizko subjektibitatetik, subjektu-objektutik, adigai absolututik eta ideia absolututik abiatzen diren sistema berriak, Kanti jarraituz baina era berean honen jatorrizko jarrera klasikoa errotik aldatuz objektuen munduaren, izadiaren eta askatasunaren dedukzioaren ikuspegi berriak garatu zituzten sistemak.
Kantek sortu zuen Filosofiaren iraultzak porrot egin du, beraz, Kantek ez baitu lortu bere helburua, hots, zientzia bat osatzen duen Metafisikaren oinarritzapen berria sortzea, alegia, betiko berdin iraun beharko lukeen Metafisikaren oinarritzapena.
Guztiarekin ere, Kantek pentsakeraren iraultza bat sortu du Filosofian: Kanten arabera Metafisika ezin da ordu arte bezala dogmatikoki kritikarik gabe aurkeztu, oro har oraindik ere ahalgarria bada eta aurkeztua izan bada. Galdu ez dena, bereziki, mundu-ikuskeraren kopernikar iraultzak osatzen duen funtsezko erdigunea da. Objektutasuna eta objektibitatea munduaren pentsatzearen eta begiestearen gure formek sortzen dutela Kanten ondorengo Filosofia gehienen aurresuposizioa da, aurresuposizio eztabaidagarria den arren, eta hainbat modutan eraldatua izan den arren. Kanten ondoren kopernikar iraultza honetara jo gabe filosofatzea XX. mende honen bukaeran ere apenas da egingarria edo ezinezkoa da erabat. Hau da Arrazoimen hutsaren kritikaren sekretua. Bere argiketan sakontzea irakurleari dagokion lana da, orain euskaraz ere bai.