Bide Barrijak/Gaste gexua
←Abaua | Bide Barrijak (1931) Gaste gexua |
Iluntzeko-ixarra→ |
Gaste gexua
Mendi-ertzeko gastia arratsak dakar geldiro;
udazken ori barnera sartuten yako leunkiro.
Zugatzen orri zimelak lurrera datorz axian
eta ametsezko zerrija zabaltzen dabe bidian.
«Samiñez nator zeugana, maite zaitudan basua:
orbelen jauste mindubak diraust erijotz arua.
Abi utz orreik zeuriak, zeuria zarba zimela.
baña neure soin gaxua luzaro bixi daitela.
Gastia nazan ezkero oraindik eztot il-gura.
Bekoki onek dagerren maitasunezko lilura
ezin illundu dagike erijotzaren laztanak.
Ariñik duaz obira zerubak maite dauzanak!
Nik barriz nasai lo-dagit itxaruaren azpijan.
Itun dagozan bijotzak poztu egixuz ludijan
edo bixitzaz mindubai itzalez itxi begijak.
Ustege dagon batentzat eskei zugatzan, lokijak.
Mendiko magal ertzian daguan areitz zimela
aizkora kazka zorrotzaz lurrera jausi daitela,
baña iraun begi lerdentsu emaitz betezko zugatzak.
Bere orrijen itzalik ez bei apurtu ekatxak.
Mitxeletatxu sorgiñez eta larrosaz josita
orril-begijan baitago neure loragu polita.
Barne barnetik kantari, egun sentiko argira,
urrezko larratxorijak egaz dagije ortzira.
Enara batek bezela gastetasunak narua
eta eguak zabalik gorantza juat gogua.
Oraindik eztot il-gura, bixitzau yatan leguna!
Maite dau bijotz gaxuak ene aberri kutuna;
maitatzen ditu lagunak eta guraso tximurrak
baita zeu bere, ene neskutza, ta zeure begi samurrak.
Laguntza orrein eztija mustau nai dot il-artian.
Bildurrik gabe nor dua illobiko itzal bidian?
Atsegiñen mai alaira didar dagiste gustijak;
dastatu barik ostera itxiko dodaz jakijak?
Esku arteko usuilla edariz daukot beterik,
baña lorazko espanok eztodaz busti oraindik...
Jolas zaratak neugana dakarz axetxu zolijak,
maitati bere atiak zabaltzen daustaz ludijak.
Mosuba erdi egiñik itxi biarra, bai ituna!
Bijarkuak beti dakar geure zalian zoruna.
Oraindik bixi gura dot, ludija yatan ederra.
Itunak poztu egiten bua arin gexo ankerra!
Negarrak ondo dirudi aguren begi minduban,
baña mosuba ederren maite diranen abuan.
Zarrak il beitez, oroyak-arren eztogu ayolik,
itxaropenak galtziak eztauko barriz neurririk.
Negubai otzak yagokez, udabarrijai lilijak.
Obijan soilik apurtu larrosa bageko ontzijak».
Olan iñardun gastiak orbel betezko bidian;
azken orrija dardarka lurreratu zan axian...
Baso aldetik betiko juan zan mutil gexua
ta itxaro illaren antzean itun lotu zan basua.
Negarrak ez eben lotu gexo ankerran zaurija
ta lorak, arren, betiko apurtu zan lorontzija.
Barriz eldu zan mendira udabarrijan laztana
eta lilijen usañak alaitu eban oyana,
Baña ostroen dardarak eta txorijen txijuak
Iñor ez eben idoro alai egiten basuak.