V. Legeen iluntasuna
Azkenengo gogoeta hauen ondorioetako bat zera da: gizarte batek ez duela inoiz gobernu-forma zehatz bat hartuko gauzak idatzita ez badira jartzen, eta horrela indarra guztiaren eta ez parteen emaitza izango da, eta legeak, —aldaezinak, denen oniritziarekin ez bada— ez dira hondatuko interes pribatuen eraginez. Esperientziak eta arrazoiak garbi erakutsi digute giza tradizioen itxura eta mamia alferrik galduz doazela iturritik urrundu ahala. Gizarte-itunaren irudi egonkorrik ez baldin badago, legeek nola egingo diote aurre denboraren eta grinen indar saihestezinari?
Honetan ikusten dugu zein baliagarria den inprenta, jendea lege santuen jagole egiten duena, eta ez gutxi batzuk, eta ikusten dugu tresna honek nola uxatu duen azpijoko eta aztikeriazko espiritu iluna; hau desagertu egin da argien eta zientzia itxura batera mespretxatuen eraginez, zientziei mesprezioa baino gehiago beldurra dietelarik iluntasunaren jarraitzaileek. Hau dela eta, ikusten dugu delituen ankerkeria apaldu egin dela Europan, gure arbaso zaharrak dardaraz egoten hauen erruz, eta aldi berean esklabo eta tirano bihurtzen ziren. Duela bi edo hiru mendeko historia eta gaurkoa ezagutzen dituenak ikus dezake nola luxuaren eta nagitasunaren baitatik sortu ziren bertuterik gozoenak: gizatasuna, onegintza, giza akatsen tolerantzia. Ikus dezagun orain zeintzuk izan ziren antzinako xalotasun eta fede on gaizki deiturikoen emaitzak: gizadi negartsua sineskeria gupidagabearen mende, zekenkeria, gutxi batzuen handinahia erregeen urre-kutxak eta tronuak giza odolez tindatzen, isileko traizioak, ageriko txikizioak, noble oro herri xehearen tirano, egia ebangelikoaren ministroak, otzantasunaren Jainkoa egunero ikutzen zutenak, eskuak odolez zikinduta. Hauek ez dira zenbaitek usteldua dagoela dioen mende argitu honen emaitzak