VI. Delituen eta zigorren arteko oreka
Ezin dira ezbehar guztiak aurreikusi gizakiaren grinen aurkako gatazka unibertsalean. Biztanleria hazi ahala eta interes partikularrak gurutzatu ahala gehitzen dira hauek, ezin baitira geometrikoki zuzendu onura publikorantz. Zehaztasun matematikoaren ordez probabilitate-kalkulua sartu behar da aritmetika politikoan. Historiari begiratu bat botatzen badiogu, ikusiko dugu bidegabekeriak nola ugaritzen diren inperioaren mugak hazi ahala, eta nola neurri berean gutxitzen den sentimendu nazionala, eta nola delituen erakarmena handitzen den bakoitzaren bidegabekeria-zaletasuna handitzen den neurrian: horregatik izaten da gero eta handiagoa zigorrak gogortzeko premia.
Grabitate-indarraren antzekoa da gure ongizateari tiraka ari dena, eta honi ezin zaio eutsi oztopoak jarri ezean. Indar honen ondorio da giza ekintzen multzo nahasia: ekintza hauek elkarrekin talka egiten badute, eta arazoekin, zigorrekin, alegia, aurkitzen badira (nik oztopo politikoak deitzen diet), ondorio txarra eragotziko da, kausa eragilea desegin gabe, hau berezkoa eta alboraezina baitu gizonak; legegileak arkitekto trebeak bezala jokatzen du, honen lanbidea grabitatearen indar hondatzaileari aurre egin eta eraikuntzaren sendotasuna bermatzea baita.
Gizakien elkartasun-beharra kontuan hartuta, interes partikularren talkatik ezinbestean sortzen diren hitzarmenak kontuan hartuta, bidegabekeria-eskala bat sortzen da, eta horren lehen mailan daude gizartea berehala desegiten dutenak, eta azkenengoan gizarte horretako kide pribatuei egindako injustizia txiki-txikiak. Bi muga hauen artean daude onura publikoaren kontrako ekintza guztiak, delitu esaten zaienak, eta denak mailaka joaten dira, handienetik txikienera apalduz. Geometria egokitu ahal izango balitz giza ekintzen aukera kontaezin eta ilunetara, gogorrenetik ahulenera jaisten den zigor-eskailera bat egongo litzateke; baina aski izango zaio legegile jakintsuari punturik garrantzitsuenak seinalatzea, ordena aldatu gabe, eta lehen mailako delituei azkenengoaren zigorrak ezarri gabe. Delituen eta zigorren eskala unibertsal bat balego, tirania-eta askatasun-mailak neurtzeko modu frogagarri eta komun bat izango genuke, nazio desberdinen gizatasun eta gaiztotasun-ondarea nolakoa den neurtuko lukeena.
Aipaturiko bi mugen artean ez dagoen edozein ekintzari ezin zaio delitu izena eman edo delitutzat zigortu, izen hori emateko interesa dutenen aldetik ez bada. Muga horiek zehaztu gabe egoteak legeriarekin kontraesanean dagoen morala sortu du nazioetan; gaur eguneko legeriak elkarren guztiz ezberdinak dira; gizonik jatorrena zigorrik ankerrenaren arriskupean jartzen duen lege mordoa dago, eta, ostera, bizio eta bertute izenak ilun eta aldakor bihurtu dira; norberaren existentziari buruzko zalantza sortu da, gorputz politikoetan lozorro kaltegarria eragin duena. Nazioetako kodeak eta historia-liburuak begi filosofikoz irakurtzen dituen edonork ikusiko du bizio eta bertute, hiritar jator edo errudun izenak nola aldatu diren behin eta berriro mendeetako iraultzekin; eta ez herrien gorabeheretan gertatu ohi diren aldaketen eraginez, eta, beraz, interes komunaren mesedetan, baizik eta legegile desberdinen grina eta bata bestearen ondorengo hutsegiteengatik. Sarri ikusiko du mende batean grinatzat hartzen direnak hurrengo mendeen oinarri morala direla; grina indartsuak, fanatismoaren eta berotasunaren seme-alabak, moteldu eta ihartu egiten dira, nolabait esateko, eta, gertakari fisiko eta moralen orekatzaile den denboraren eraginez, poliki-poliki mendearen zuhurtzia bihurtzen dira, eta tresna erabilgarri indartsuaren eta zuhurraren eskuetan. Horrela jaioko dira bertute eta ohore nozio txit ilunak, eta ilunak dira aldatuz doazelako denboraren jirabirekin, eta gertatu ohi da izenak irauten duela izanak baino gehiago, aldatu egiten direla ibai eta mendiekin batera, zeintzuk izaten baitira sarri askotan ez bakarrik geografia fisikoaren mugak, baizik eta baita geografia moralarenak ere.
Atsegina eta mina baldin badira izaki sentikorren motorrak, sariak eta zigorrak jarri baldin bazituen legegile ikustezinak gizona jokaera bikainenetara erakartzeko, hauek oker banatzen badira, banaketa txar honetatik sortuko da kontraesan hura, zenbat eta ohikoagoa orduan eta oharkabeagoan pasatzen dena: zigorrek zigortzen dituztela zigorrok sortu dituzten delituak. Zigor berdina jartzen bazaie gizartea modu ezberdinean samintzen duten bi delituri, gizakiak ez du handiena egiteko eragozpen berezirik aurkituko, harekin onura handiagoa lortzen badu.