VII.Hutsegiteak zigorrak neurtzeko orduan
Beste batzuek gehiago neurtzen dute delitua samindutako pertsonaren duintasunaren arabera, onura publikoarentzat duen inportantziaren arabera baino. Delituen benetako neurria hau izango balitz, izakien Izakiari egindako irreberentzia bat monarka baten erailketa baino gogorrago zigortu beharko litzateke; izan ere, izaeraren handitasunak modu infinitoan orekatuko luke irainaren desberdintasuna.
Azkenik, zenbaitek pentsatzen du bekatuaren larritasunak zerikusia duela delituak neurtzerakoan. Iritzi honen faltsutasunari berehala igarriko dio gizonen arteko harremanak eta gizonek Jainkoarekin dituztenak hotzean aztertzen ohituta dagoenak. Lehenengoak berdintasunezko harremanak dira. Beharrizan hutsak eraginda, pasioei uko egitetik eta interesen arteko talkatik sortu da onura komuna-ren ideia, giza justiziaren oinarria. Bigarrenak, Izaki perfektu eta sortzaile batenganako menpetasun-harremanak dira, aldi berean epaile eta legegile izateko eskubidea bere buruari bakarrik eman dion Izakia, hori bera baino ezin izan daitekeelako arazorik gabe. Zigor betierekoak daude izendatuak haren ahalguztiduntasuna obeditzen ez duenarentzat. Nor izango da Jainkoaren justizia ordezkatzera ausartuko den zomorroa, nor izango da bere buruaz aski duen Izakia mendekatu nahiko duena, gauzengandik ez atsegin eta ez samin zirrararik jaso ezin duena, izaki guztien artean erreakzioz jokatzen ez duen izaki bakarra? Bekatuaren larritasuna bihotzaren gaiztakeria igarriezinaren araberakoa da. Izaki mugatuek ezin dute hau jakin errebelaziorik gabe. Nola egingo dute, orduan, honetatik arau delituak zigortzeko. Orduan gerta liteke gizonak zigortzea Jainkoak barkatzen duenean, eta barkatzea Jainkoak zigortzen duenean. Gizonak kontraesanean egon badaitezke Jainkoarekin hura iraintzen dutenean, berdin-berdin egon daitezke zigorra ipintzerakoan.