Orain arte hemen azaldutako egiak aztertzea aski da garbi ikusteko zigorren helburua ez dela izaki sentikor bat jipoitzea eta samintzea, eta ezta jada egindako delitu bat desegitea ere. Erabil al dezake grinak eraginda jokatu ezin duen gorputz politiko batek, bera baita bakoitzaren grinen baretzaile lasaia, erabil al dezake, diot, haserrearen, fanatismoaren eta tirano makalen fruitu den alferriko ankerkeria hau? Dohakabearen garrasiek jada egindako ekintzak eskatzen al dizkiote, menturaz, itzultzen ez den denborari? Helburua, beraz, honakoa da, besterik gabe: errudunari beste gaitz berri batzuk egiten ez uztea, eta beste hiritar batzuk uxatzea gaitz berdinak egitetik. Beraz, oreka gordez, gizonen gogoan eragin handiena eta iraunkorrena duten zigorrak eta betetzeko erak aukeratu beharko dira, eta errudunaren gorputzari minik txikiena ematen diotenak