Delituez eta zigorrez/XIII. Testigantzez

Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XIII.Testigantzez
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XIII. Testigantzez

Legeria on batean oso puntu garrantzitsua da testigantzak sinesgarriak izatea eta delituen frogak garbi zehaztea. Edozein gizon zentzudun, hots, bere ideiak taxuz lotzen dakiena eta gainontzeko gizonen sentikera berdintsua duena, izan daiteke testigu. Haren sinesgarritasunaren benetako neurria, egia esateko edo ez esateko duen interesa da. Horregatik, arinkeria da emakumeei ahul fama egoztea, umekeria lehendik ere heriotza zibilaren jabe diren kondenatuei benetako heriotzaren ondorioak ezartzea, eta zentzugabekeria famarik gabeei fama txarra leporatzea, gezurra esateko inolako interesik ez dutenean. Sinesgarritasuna, beraz, gutxitu egin behar da pertsona baten eta epaituaren arteko gorroto, adiskidetasun, edo harreman estuen arabera. Beharrezkoa da lekukotasun bat baino gehiago izatea; izan ere, batek baietz esaten duen bitartean besteak ukatu egiten badu, ez dago gauza ziurrik, eta, horregatik, bermatu egin behar da bakoitzaren ustezko errugabetasuna. Zenbat eta handiagoa delituaren basatikeria9 eta gorabeheren sinesgaiztasuna, orduan eta txikiagoa testiguen sinesgarritasuna; horrelakoak dira, esate baterako, magia eta alferriko ankerkeria erakusten duten ekintzak. Honelakoetan, litekeenagoa da lehen akusazioan jende askok gezurra esatea, errazagoa baita ezjakintasunak eragindako lilura edo gorroto erasotzailea gizon askorengan elkartzea, norbait erabiltzen ari delako Jainkoak inori eman gabeko edo sortutako izaki orori kendutako gaitasun bat. Bigarrenean ere gauza bera, gizona ez delako berez ankerra, bere interesen neurrian ez bada, duen gorrotoaren eta beldurraren neurrian. Ez da alferriko sentimendurik gizonarengan. Hauek bere zentzumenetan zirrarek eragindako emaitzen araberakoak izaten dira beti. Modu berean, inoiz testigutza baten sinesgarritasuna gutxitu egingo da, agian, berau elkarte pribatu bateko kide batena denean, elkartearen ohiturak eta jokalegeak gutxi ezagunak edo ageriko besteen ezberdinak direnean. Horrelako gizaki batek ez ditu bere grinak bakarrik izaten, besteenak ere bai.

Azkenik, sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa da hitzak direnean delitugai; izan ere, tonuak, keinuak, gizonek bere hitzei eta ideiei atzetik eta aurretik eransten dieten guztiak, aldatu eta desitxuratu egiten du gizon batek esan duena, hainbesteraino non ia ezinezkoa izaten baita gauzak esan ziren bezala berresatea. Ekintza bortitz edo ezohikoek, benetako delituak direnak, beren aztarnak hainbat gorabehera eta ondoriotan uzten dituzten bezala, hitzak ez dira entzuleen oroimenean baino geratzen, eta gauza jakina da gehienetan hau ez dela batere zintzoa eta fidagarria. Horregatik da askoz ere errazagoa gezurra esatea gizon baten hitzei buruz, ekintzei buruz baino; izan ere, azken hauetan, zenbat eta frogatzeko gauza gehiago ekarri, orduan eta bitarteko gehiago ematen zaio epaituari bere burua zuritzeko.