XV. Isilpeko salaketak
Nork egin diezaioke aurre kalumniari, hau sekretuaz, tiraniaren ezkutu gogorrenaz, armatua dagoenean? Zer nolako gobernu-mota da agintariak bere menpeko bakoitzean etsaia susmatzen duena, eta, lasaitasun publikoaren izenean, hiritarra lasaitasunik gabe utzi beharren aurkitzen dena?
Zeintzuk dira salaketa eta zigor sekretuak justifikatzeko arrazoiak? Osasun publikoa, segurtasuna eta gobernukeraren iraupena? Baina zein konstituzio bitxik, indartsua eta bere buruaz iritzi ona duena bada behintzat, dio beldur hiritar orori? Salatzaileak kalterik ez jasatea? Orduan legeek ez dute aski defendatzen. Eta soberanoa baino indartsuagoak diren menpekoak dauden seinale! Salatzailearen ospe txarra? Isilpeko salaketa onartzen da orduan, eta publikoa zigortzen! Delituaren nortasuna? Baldin eta inportantziarik gabeko ekintzei edota jendearentzat onuragarriak direnei delitu deitzen bazaie, salaketak eta epaiketak ez dira sekula aski sekretuak izango. Litekeena al da gauza bat delitu izatea, irain publikoa, alegia, eta aldi berean jendeaurreko agerpenik, epaiketarik komeni ez izatea? Nik gobernu guztiak errespetatzen ditut, eta ez naiz gobernu jakin batez ari. Batzuetan, gorabeheren izaeragatik, gauza kaltegarri bat nazio baten sistematik kentzea izugarrizko galera dela pentsa daiteke, nazio honek hau bere-berea duenean. Baina unibertsoko edozein bazter galdutan lege berriak eman beharko balira, eskuak dardara egingo lidake horrelako ohitura bat baimendu baino lehen, eta geroaldi guztia sentituko nuke begira.
Montesquieu jaunak esan zuen salaketa publikoak hobeto dagozkiola errepublikari monarkiari baino, errepublikan onura publikoak izan behar duelako hiritar ororen gogoa, eta monarkian, berriz, sentimendu hau oso ahula denez gobernuaren izaera beragatik, onena komisarioak izendatzea delako, lege-hausleak sala ditzaten herriaren izenean10. Baina gobernu orok, errepublikar zein monarkiko, kalumniatzaileari ezarri behar dio akusatuari egokituko zitzaiokeen zigorra.