XIV. Aztarnak eta epaitzeko erak
Bada teorema orokor bat oso egokia gertaera baten benetakotasuna kalkulatzeko, delitu baten aztarnen indarra, adibidez. Gertaera baten frogak bata bestearen menpe badaude, aztarnak beren artean baino ez badira frogatzen, alegia, zenbat eta froga gehiago ekarri, orduan eta txikiagoa da gertaeraren probabilitatea, froga-aurrekariak falta diren kasuetan, ondorenkariak ere faltako direlako. Gertaera bateko froga guztiak froga bakar baten menpe badaude, froga-kopuruak ez du ez gehitzen eta ez gutxitzen gertaeraren probabilitatea, guztien balioa bakar haren balioaren araberakoa delako. Frogak euren artean independenteak direnean, aztarnak bere baitatik at frogatzen direnean, alegia, zenbat eta froga gehiago ekarri, orduan eta handiagoa da gertaeraren probabilitatea, froga bat faltsua izateak ez dakarrelako besteak ere izatea. Zigorra merezitzeko benetakoak izan behar duten delituen probabilitateaz ari naiz ni. Baina ziurtasun morala, estu hartuta, probabilitate bat besterik ez dela pentsatzen duenari, desegin egingo zaio paradoxa; hau ziurtasuna deitzen zaion probabilitate morala baita, zentzuneko pertsona orok onartzen duelako jardun beharretik sortutako ohitura dela, eta espekulazio guztien aurretikoa; norbait errudun jotzeko behar den ziurtasuna, edozein gizonek bizitzako jokabide inportanteenetan behar duenaren parekoa da. Delitu baten frogak akasgabeak eta akasdunak izan daitezke. Akasgabeak esaten diet epaitu bat errudun ez izateko aukerarik uzten ez dutenei, eta akasdunak aukera uzten dutenei. Lehenengoetarik, bakar bat nahikoa da zigorra emateko, bigarrenetarik, akasgabe bat osatzeko hainbat froga bildu behar dira; horietako bakoitza aintzat hartuta, esan daiteke litekeena dela aski ez izatea errudun jotzeko, baina denak pertsona berean batzen direnean, ezinezkoa dela ez izatea. Esan behar da, erruztatu batek froga akasdun baten aurkako garbitasun egokirik ematen ez duenean, froga hau akasgabe bihurtzen dela. Baina frogen ziurtasun moral hau errazagoa da sentitzen, zehatz definitzen baino. Horregatik, pentsatzen dut lege onena epaile nagusiari laguntzaileak izendatzen dizkiona dela, zozketaz eta ez aukeraz, honelakoetan fidagarriagoa delako sentimenduz epaitzen duenaren ezjakintasuna, irizpidez juzgatzen duenaren jakinduria baino. Legeak argiak eta zehatzak diren lekuan, epailearen lanbidea gertaerak ziurtatzea da soil-soilik. Delitu baten frogak aurkitzeko trebetasuna behar baldin bada, emaitzak aurkezteko argitasuna eta zehaztasuna behar baldin badira, epaia emateko aski da zentzun arrunt eta xaloa, askoz ere fidagarriagoa izaten dena ohiko epaile errudun-bilatzailearen jakinduria baino, honek guztia beren ikasketetatik ateratako sistema artifizial batera murrizten baitu. Zoriontsua legea zientzia ez den nazioa! Bada gizona bere berdinak juzgatu behar duela esaten duen lege oso egoki bat; izan ere, hiritar baten askatasuna eta ondasunak jokoan daudenean, isildu egin behar dira desberdintasunak sortzen dituen sentimenduak. Zorionekoak zorigaitzekoari begiratzeko moduan agertzen duen gehiagotasunak, edo behekoak goikoari dion bekaitzak ezin dute eraginik izan epaiketa batean. Baina delitua hirugarren baten aurkako iraina denean, epaile erdiak erruztatuaren mailakoak izan beharko dute eta beste erdiak irainduarenak. Horrela, nahi gabe ere gauzen itxura aldatzen duten interes pribatuak orekatzen direnean, legeak eta egiak mintzatzen dira bakarrik. Ez da justiziaren aurkakoa erruztatuak susmagarri zaizkion testigu guztiak baztertu ahal izatea puntu bateraino. Eta hau aurkaririk gabe geratzen bada denbora batez, epaituak bere burua kondenatzen duela ia emango. Izan bitez agerikoak epaiketak eta agerikoak delituen frogak, modu horretara iritziak, agian gizartearen zutabe bakarra denak, indarrari eta grinei galga jar diezaien, eta herriak esan dezan: «gu ez gara esklaboak, eta babestuta gaude»; adorea ematen duen sentimendua da hau, eta zerga-dirua bezalakoa bere interesak ulertzen dituen soberano batentzat. Ez naiz luzatuko horrelako erakundeei dagozkien beste xehetasun eta gorabehera batzuekin. Ezer ez nuen esango, dena esatea beharrezkoa izango balitz.