I. Kapitulua
Balioaz
I
Merkantzia baten balioa, edo berorrengatik ganbiatuko den edozein merkantziaren kopurua, beronen ekoizpenean erabili behar den lan-kantitate erlatiboaren menpe dago eta, inola ere ez, lan honengatik ordaintzen den konpentsazio handi edo apalagoaren menpe
Adam Smithek aipatzen zuenez, "balio hitzak bi adiera desberdin ditu. Batzuetan objektu jakin baten baliagarritasuna adierazten du, eta besteetan, hori edukitzeak beste gauza batzuk erosteko ematen duen ahalmena". Lehenengoari erabiltzeko balio deitzen zaio; eta bigarrenari ganbio-balio. Gauzek, -jarraitzen du- erabiltzeko balio handia dutenean, normalki, ganbio-balio txikiena edo inolako baliorik ez dute izaten; bien bitartean, ganbio-balio handia dutenek, baliagarritasun-balio txikiena edo batere baliorik ez dute izaten. Ura eta airea oso erabilgarriak dira; berauek behar-beharrezkoak dira bizitzeko, baina baldintza normaletan, ezer gutxi erdiets daiteke hauen truke. Urrea, aldiz, nahiz eta aire edo urarekin alderatuz baliagarritasun txikia izan, beste gauza ugariz ganbiatu ahal izango da.
Beraz, baliagarritasuna ez da ganbio-balioaren neurria, nahiz eta guztiz funtsezkoa izan honetarako, hots, ganbio-balio izateko. Merkantzia batek inolako erabilgarritasunik ez balu -edo bestela esanda, gure nahiak inola ere asetuko ez balitu- ez luke ganbio-baliorik izango; beraz, urria izan arren, edo hura lortzeko beharrezko kantitatea edozein izanik ere, ez luke ganbio-baliorik izango.
Baliagarritasuna edukiz, merkantziei bi iturritatik datorkie ganbio-balioa: bere urritasunetik eta beraiek erdiesteko behar den lan-kantitatetik.
Badago, egon ere, zenbait merkantzia, zeinen balioa, beren urritasunak bakarrik erabakitzen duen. Lanak ezin dezake ondasun horien kantitatea gehitu, eta beraz, beren balioa ezin daiteke gutxitu eskaintza inkrementatuta. Hauen artean honako hauek egon daitezke: pintura eta estatua bitxi batzuk, liburu eta txanpon urriak, lur berezi eta urritasun handiko mahatsez egindako ardo bereziak; ondasun hauek guztiak sar daitezke lehenago aipaturikoen artean. Merkantzia hauen balioa, berez ekoizteko behar den lan-kantitatearekiko guztiz independientea da, eta hauek eskuratu nahi dituztenen aberastasunaren eta jarreren arabera aldatzen da beraien balio hori.
Merkantzia hauek, ordea, egunero merkatuan ganbiatzen direnen zati txiki bat suposatzen dute. Halaber, honela desiratzen diren ondasun gehienak lanaren bidez eskura daitezke; eta inolako esleipen-mugarik gabe biderkatuak izan daitezke, ez bakarrik lurralde batean, askotan baizik, baldin eta ondasun horiek lortzeko behar den lana egiteko prest bagaude.
Merkantziez, beren balioaz, eta berauen prezio erlatiboak determinatzeko legeez mintzatzen garenean, beti, zera adierazi nahi dugu, alegia, giza jarduera erabiliz merkantzia hauen kopurua inkrementa daitekeela eta, bestalde, beren ekoizpenean lehiak etengabe eragiten duela.
Gizartearen lehenengo garaietan, merkantzia hauen ganbio-balioa, edo bat erdiesteko bestetik zenbat ondasun eman behar diren finkatzen duen araua, bakoitzaren ekoizpenean gastatutako lan-kantitatearen menpe egoten da gehien bat.
"Edozein gauzaren prezio erreala" dio Adam Smithek, "hori eskuratzea gizakiari benetan kostatzen zaiona, berau erdiesteko jasan behar dituen neke eta arazoetan datza. Ondasun bat erdietsi eta horretaz baliatu edo beste batez ganbiatu nahi duenarentzat duen balio erreala, hori egiteak berari aurreztuko dion eta besteei eragingo dien neke eta arazoetan datza". "Lana, gauza guztiak ordaintzeko jatorrizko erosketa-dirua, lehen prezioa, izan zen". "Historia aurreko gizartean, kapital-metaketa eta lurraren jabetzapena gertatu aurretik, beharrezko lan-kantitateen proportzioek erabakitzen zituzten objektu ezberdinen ganbio-arauak. Adibidez, ehiztari-nazio batean, normalki, kastorea hiltzeak ematen zuen lana oreina hiltzeak ematen zuenaren bikoitza bazen, kastorea bi oreinez trukatuko zen, edo bere balioa, haren bikoitza izango zen. Ondasun bat ekoizteko bi egun edo bi orduko lana egin behar bada, eta beste bat ekoizteko egun bat edo ordu batekoa, guztiz normala da batek bestearen balio bikoitza izatea, lan-denbora ere horrelakoa baita1.
Hau da, izan ere, lanaren bidez inkrementa ezin daitezkeen ondasunak kenduz gero, gauza guztien ganbio-balioaren benetako oinarria, eta beraz, garrantzi ezin handiagoa duen kontzeptua Ekonomia politikoan. Balioaren kontzeptua argi ez edukitzearen ondorioz, errore anitz egin izan dira zientzia honen bidean.
Ganbio-balioa merkantzietan gauzatutako lan-kantitateak erregulatzen badu, lan-kantitatearen edozein gehikuntzak, dagokion merkantziaren ganbio-balioa handitu egingo du, eta edozein murrizketak ganbio-balio hori txikitu.
Adam Smith, ganbio-balioaren jatorrizko iturria horren zorrotz definitu zuen hori, gauzak balio handiago edo txikiagokoak bihurtzea, beren ekoizpenean erabiltzen den lana gehitu edo gutxitzearen araberakoa zela defenditzera behartuta zegoen. Berak, honez gain, beste balio-neurri bat ere definitu zuen eta gauzen balio handiago edo txikiagoa, neurri estandar honen kantitate gehiago edo gutxiagoko proportzioan ganbia daitekeenaren araberakoa dela zioen. Kasu batzuetan laborea erabiliko du neurri estandar bezala eta beste batzuetan lana; baina ez edozein objektu ekoizteko behar den lan-kantitatea, merkatuan erabilgarria dagoena baizik: bi espresio hauek baliokideak bailiren erabiltzen ditu, eta beraz, gizaki batek lanaren eraginkortasuna bikoiztuko balu, gizaki honek merkantzia baten kantitate bikoitza ekoizteagatik, ondorioz, lehen ganbiatzen zuen kantitatearen bikoitza eskuratuko ahal izango balu bezala.
Hau benetan egia balitz, lan-saria beti egin duenaren proportziokoa balitz, merkantzia bat ekoizteko egindako lan-kantitatea, eta merkantzia horrekin eros daitekeen lan-kantitatea berdinak izango lirateke eta biek, zehazki, neurtu ahal izango lituzkete gainontzeko gauzen aldaketak; baina biak ez dira berdinak. Lehena, baldintza askoren menpe, estandar aldagaitza da eta gainontzeko gauzen aldaketak zuzen adierazten ditu; baina bigarrenak, berarekin alderatzen diren merkantziek dituzten fluktuazio berberak ditu. Adam Smithek gainontzeko gauzen balio aldakorra kalkulatzeko urrea eta zilarra bezalako neurri aldakorren ezintasuna trebezia handiz frogatu ondoren, haiek bezain aldakorrak diren neurriak hautatu zituen: laboreak eta lana, alegia.
Urrea eta zilarra, zalantzarik gabe, ez dira fluktuazioetatik at geratzen, meategi berri eta aberatsagoak aurki baitaitezke; baina honelako aurkikuntzak oso arraroak dira, eta berauen ondorioak, indartsuak izan arren, denboraldi laburretara mugatzen dira. Berauek ere fluktuazioen menpe daude koalifikazio eta makineriaren hobekuntzak ezartzen direnean meategietan; hobekuntza hauek direla eta, ondorioz, kantitate handiagoak erdiets daitezke lan berarekin. Gerora, fluktuazioak egongo dira, meategietan emankortasuna gutxitzen denean, hauek agortuz joaten baitira denbora luzean zehar mundua hornitu ostean. Baina, zein fluktuazio-iturritatik ihes egin dezake laboreak? Alde batetik, nekazaritzako makinerian eta erabilitako lanabesetan hobekuntzak egon direlako, edota beste herrialdetan landu daitezkeen eta inportazioak libre diren merkatu guztietan, laborearen balioari eragingo dioten lur emankorragoak aurkitu direlako, ez ote da, bada, balio hori ere aldatuko? Ez al da, bestalde, laborearen balioa garestituko, inportazioak galarazi edo populazio eta aberastasuna inkrementatu direlako, eta eskaintza gehitzeko aurkitzen diren oztopoen eraginez edo lan-kantitate gehiago behar izateagatik, lur kaskarragoak landu behar direlako? Ez al da lanaren balioa bera ere aldakorra? Edozein gauzaren balioa bezala, lanaren balioa ere eskari eta eskaintzaren proportzioaren araberakoa izango da, hau da, komunitatean uniformeki gertatzen den edozein baldintzaren aldaketen menpekoa, baita janari eta beste oinarrizko ondasun-prezioaren aldaketen araberakoa ere; azken finean, ez al dira lan-alokairuak gauza hauetan gastatzen?
Herrialde berean eta une jakin batean, beste garai batean behar izan zitekeena baino lan-kantitate bikoitza behar izan daiteke emandako janari- eta oinarrizko ondasun-kantitatea ekoizteko; bien bitartean, gerta liteke langileen saria zertxobait txikiagoa izatea. Lehenengo denboraldiko langilearen saria janari- eta oinarrizko ondasun-kopuru jakin bat izan bazen, langile honek, ziur aski, ez zuen bizirauterik izango, eskuratutako kopuru hori gutxitu izan bazen. Janariek eta oinarrizko ondasunek, kasu honetan, ehuneko 100 igo beharko zuten, berauek ekoizteko egindako lan-kantitatean neurtzen badira; bien bitartean, ez da erraza izango balioa igotzea, horiekin ganbiatuko den lan-kantitatearen arabera neurtuz gero.
Ohar bera egin beharko litzateke bi edo herrialde gehiago kontuan hartuta. Amerika eta Polonian ustiatutako azken lursailetan, langile-kopuru jakin batek ekoiztutako laborea askoz ere gehiago izango da urte batean, lursail hori Ingalaterran egongo balitz baino. Dena den, hiru herrialde horietan gainontzeko oinarrizko ondasun guztiak, neurri berean direla merkeak suposatzen bada, ez al litzateke astakeria handia izango, labore-kantitatetan neurtutako langile bakoitzaren saria, herrialde bakoitzeko ekoizpen-erraztasunaren proportziotan egiten dela ondorioztatzea?
Makineria hobetu ondoren, langilearen oinetakoak eta arropa ekoizteko behar den lana, lehen behar zenaren laurdena bada, ziur aski, beren balioa ehuneko 75 eroriko litzateke; baina egiatik urrun ibiliko ginateke esango bagenu langileak posible izango zukeenik, iraunkorki, lau beroki edo lau oinetako-pare kontsumitzea, horietatik bana kontsumitu ordez; probabilitate asko dago, konkurrentziaren ondorioz, luze baino lehen langile horien alokairuak doituak izan daitezen, eta populazioak gehitzeko izango duen pizgarriaren bidez, alokairu horiek gastatu diren beharrizanen balio berriei egoki aurre egin diezaien. Aipatutako hobekuntza horiek langilearen kontsumorako diren ondasun guztietara hedatuko balira, guk langile hau urte gutxiren buruan, ziurrenik, gozamen gutxirekin aurkituko genuke, baten bat eskuratzekotan, nahiz eta merkantzia hauen ganbio-balioak, fabrikazioan inolako hobekuntzarik izan ez duten beste edozein merkantziarenarekin alderatuta, beherakada aipagarria izan; eta nahiz eta ondasun horiek ekoizteko, nabarmen, lan-kantitate gutxiago behar izan.
Beraz, ezin daiteke zuzena izan Adam Smithek zioena, alegia, "lanak, batzuetan, ondasun-kopuru handiagoa eta beste batzuetan txikiagoa eros dezakeenez, ondasun hauen balioa da aldatzen dena, eta ez ondasun horiek erosten dituen lanaren balioa"; beraz, "lan horrek, berak bakarrik, ez du inolako aldaketarik izaten bere balioan, eta azken finean, jatorrizko neurri estandar erreala da, eta ondorioz, merkantzia guztiak lanaren arabera neurtu eta alderatuko dira edozein toki eta garaitan". Aitzitik, zuzena da lehenago Adam Smithek zuhurki zioen bezala, honakoa esatea: "objektu ezberdinak erdiesteko beharrezko lan-kantitateen arteko proportzioak dirudi, objektu hauek elkartrukatzeko arauren bat eman dezakeen zirkunstantzia bakarra"; edo beste hitz batzuetan, lanak ekoiztuko duen merkantzi kantitate konparatiboa dela, hain zuzen, egungo eta iraganeko balioa erabakitzen duena, eta ez langileari bere lanaren truke eman zaizkion merkantzi kantitate konparatiboak.
Bi merkantzien balio erlatiboak aldatzen dira eta bietako zeinek izan duen benetako aldaketa jakin nahi dugu. Guk gaur egungo merkantzia baten balioa oinetako, galtzerdi, kapela, burdina, azukre eta gainontzeko merkantzien balioarekin alderatzen badugu, berau, lehen bezala, merkantzia haien kopuru berarekin ganbiatuko dela ikusiko dugu. Bigarren ondasuna aipatutako merkantzia berarekin alderatzen badugu, haiekiko guztiekiko aldatu egin dela ikusiko dugu: guk, orduan, probabilitate handi baten barruan, aldaketa merkantzia honetan izan dela ondorioztatuko dugu, eta ez alderatu ditugun beste merkantziatan. Merkantzia hauen guztien ekoizpenarekin lotuta dauden zirkunstantziak xehetasun bereziarekin aztertzen baditugu, zehatz-mehatz, oinetako, galtzerdi, kapela, burdina, azukre eta abar ekoizteko lan- eta kapital-kantitate berdina erabili dela aurkituko dugu; baina balio erlatiboan aldaketa izan duen merkantzia ekoizteko ez dela lehen behar zen kantitatea behar, eta beraz, probabilitatea ziurtasun bihurtzen da, eta ziur jakingo dugu aldaketa merkantzia horretan bakarrik eman dela: aldaketaren zergatia ere aurkituko dugu horrela.
Nik ontzurre bat goian aipatutako merkantzia guztien kantitate txikiagoz eta beste askoz ganbiatuko litzatekeela aurkitzen badut, eta gainera, meategi berri eta emankorragoa aurkitu delako edo makineria egokiagoa ipini delako, urre-kantitate jakin bat lan-kantitate gutxiagorekin erdiets daitekeela ikusten badut, orduan, urrearen balioak gainontzeko merkantziekiko aldaketa erlatiboa jasan duela esan eta justifikatuko nuke, eta aldaketa hau, urrearen ekoizpena erraztu delako edota bera erdiesteko beharrezko lan-kantitatea gutxitu delako izan dela. Era berean, gainontzeko gauzekin alderatuta, lanaren balioa nabarmen erortzen bada, eta bide batez, langilearentzat labore eta beste oinarrizko ondasunen ekoizpena asko erraztu delako, erorketa hori eskaintza ugariren ondorioa izan dela aurkitzen badut, zuzena izango litzateke esatea, nire ustez, labore eta oinarrizko ondasunen balioak erori egin direla eta lan-kantitate urriagoa behar dela berauen ekoizpenerako; eta langilearen sostengurako dagoen horniketa-erraztasun honen ondorioz, lanaren balioa erori egin dela. Ezetz diote Adam Smith eta Malthus jaunek; urrearen kasuan arrazoi zenuen -diote-, honen aldaketa bere balioaren jaitsieratzat hartzean; izan ere, laboreak eta lana aldatu ez diren bitartean, orain, urre-kopuru berarekin urre-ekoizpenean aldaketak eman aurretik baino labore eta lan gutxiago eros daitekeenez, gainontzeko ondasunekin gertatzen den bezala, zuzena da ondasun guztien balioak finko mantentzen direla eta urrearena aldatu dela defenditzea. Baina laboreak eta lana balioz erortzen direnean, berauek izanez neurri estandar gisa aukeratu ditugun merkantziak, aldaketa sortu duena edozein izanda ere, gauza bera defenditzea ez litzateke guztiz bidezkoa izango; adierazpen zuzena, laborea eta lana finko mantendu direla esatea izango litzateke, eta gainontzeko ondasunen balioek igoera izan dutela.
Nik, orain, adierazpide honen aurka protestatzen dut. Zehazki, nire ustez, urrearen kasuan lez, labore eta beste gauzen arteko aldaketaren zergatia, laboreak ekoizteko behar duen lan-kantitate urriagoan datza, eta beraz, arrazoiketa zuzen baten ondorioz, behartuta nago laboreetan eta lanean jazotako aldaketa hauen balioaren jaitsieragatik izan dela esatera, eta ez hauekin aldatzen diren gauzen balioek igoera izan dutelako. Langile bat astebeterako kontratatu behar badut, eta 10 shilling-en ordez 8 ordaintzen badizkiot, diruaren balioa aldatzeke, gerta daiteke langile honek elikagai eta oinarrizko ondasun gehiago eskuratzea orain 8 shillingekin lehen 10ekin baino; baina hau ez da izango bere alokairuaren balio errealak gora egin duelako, baizik eta Adam Smithek esaten duen moduan eta berriki Malthus jaunak baieztatu bezala, alokairuak gastatzen direneko gauzen balioek behera egin dutelako; beraz, gauza guztiz desberdina. Alabaina, honi alokairuen balio errealaren beherakada deitzen diodanean, hizkera berri eta arraroa erabiltzen dudala esaten didate, zientziaren egiazko printzipioekin bat etor ez daitekeena, alegia. Nire irudirako, ni ez naiz hizkera arraroa erabiltzen ari, bai ordea nire arerioak, ohartzeke erabiltzen duten arren.
Demagun langile bati bushel bat labore ordaintzen zaiola astebeteko lanagatik eta laurden bat laborearen prezioa 80 shillingekoa dela, eta bushel eta laurden bat ordaintzen zaiola prezioa 40ra jaisten denean. Demagun ere, langile honek eta bere familiak, astean, batezbeste, bushel erdi bat labore kontsumitzen dutela eta gainontzeko laboreak beste gauza batzuekin ganbiatzen dituztela, ikatza, xaboia, kandela, tea, azukrea, gatza, eta abar eskuratzeko adibidez. Geratzen zaizkion bushelaren hiru laurdenen laboreagatik, kasu batean, eskuratzen duen ondasun-kopurua, bestean bushel erdiarekin erdiesten zuena baino txikiagoa bada, handitu ala gutxitu egin da lanaren balioa? Adam Smithek handitu egin dela esan beharko du, bere neurria labore-kopurua delako, eta nekazariak, orain, gari gehiago eskuratzen du lan-kantitate berdinaren truke, hau da, astebeteko lanaren truke. Gutxiagotu egin dela esan beharko du Adam Smithek, "gauza baten balioa, gauza hori edukitzeak beste gauzak erdiesteko ematen duen ahalmenaren araberakoa baita" eta lanak eskuratze-ahalmen txikiagoa izango du.
II
Kualitate ezberdinetako lanek sari ezberdinak dituzte. Hau ez da merkantzien balio erlatiboaren aldaketa-zergatia.
Lana balio guztien funtsa edo oinarria dela, eta merkantzien balio erlatiboa, gehienbat, lan-kantitate erlatiboak erabakitzen duela adierazteak, ez du esan nahi lan-kualitate guztiak ordu bateko edo egun bateko lana lanpostu batean edo denbora berdineko lana beste enplegu batean erkatzeko dauden zailtasunak kontuan hartzen ez ditudanik. Lan-kalitate ezberdinen garrantzia, berehala geratzen da doituta merkatuan, nahiko zehatz eta helburu praktiko guztietarako gainera; azken batean, langilearen trebezia erlatiboaren eta gauzatutako lanaren intentsitatearen menpe baitago. Eskala eratuz gero, aldaketa gutxi izango du. Bitxigile baten egun bateko lana langile arrunt baten egun batekoa baino baliagarriagoa izango da, baina erlazio hori, aspaldidanik doituta egongo da merkatu guztietan eta balio-eskaletan bere benetako posizioetan kokatuta2.
Beraz, denboraldi ezberdinetako gauza beraren balioak alderatzen baditugu, gauza hori ekoizteko enplegatu den lanaren trebeziak edo lan-intentsitateak, ez du kontuan hartzea merezi, zeren eta denboraldi bietan berdin eragiten baitu. Lanaren deskripzioa berdina da bi garaietan; ekoizpeneko lan-kantitatea, hamarren, bosten edo laurden bat gehitu edo gutxitzen bada, merkantziaren balio erlatiboari gauza bera gertatuko zaio, harekin proportzionalki lotuta baitago.
Ehun-zati baten oraingo balioa lientzo batenaren bikoitza bada eta hemendik hamar urte barruko ohiko ehunaren balioa lau lientzo-zatirena baldin bada, ehuna ekoizteko lana gehitu edo lientzoa egitekoa gutxitu, edota biek eragin dutela ondoriozta dezakegu.
Azterketa honen bidez irakurlea merkantzien balio erlatiboaren aldaketez ohartarazi nahi dudanez, eta ez bere balio absolutuarenaz, garrantzi txikia du giza lan ezberdinek duten garrantzi-maila aztertzeak. Guk zuzen ondoriozta dezakegu edozein izanda ere hastapeneko desberdintasuna, edozein izanda ere trebezia edo ofizioa ikasteko beharrezko denbora, ofizio batean edo bestean, hauek, normalki, berdintsuak izaten jarraitzen dutela belaunaldi batetik bestera; edo gutxienez, aldaketa ez dela oso nabaria izaten urte batetik bestera, eta beraz, aldaketa hauek merkantzien balio erlatiboaren gain efektu txikiagoa izaten dutela denboraldia laburra denean.
"Lan eta kapitalaren enplegu diferenteetako alokairu- eta irabazi-tasa ezberdinen arteko proportzioan, ez dirudi asko eragiten duenik, jadanik ikusi denez, gizartea aberatsago edo txiroago izateak, edo gizarte horren izaera aurrerakoiago, egonkorrago edo atzerakoiagoa izateak. Izan ere, gizarte-ongizatearen aldaketa horiek, nahiz eta alokairu- eta irabazi-tipo orokorrei eragin, azken finean, eragin bera izango dute enplegu guztietan. Horregatik, berauen arteko proportzioak berdin mantenduko dira, eta ondorioz, ezingo dira aldatu, denbora batez behintzat, honelako iraultzak direla eta"3.
III
Merkantzien balioa ez du zuzeneko lanak soilik eragiten; lan hori egiteko lagungarri diren lanabes, erreminta eta eraikinek ere eragiten dute
Adam Smithek aipatzen digun hasierako gizarte hartan ere, ehiztariak bere ehizagaia hiltzeko zenbait kapital beharrezkoa zuen, nahiz eta ehiztari berak egin edo metatua izan. Inolako armarik gabe ezin zezakeen harrapatu edo hil, ez oreinik, ezta kastorerik ere; eta beraz, animalia hauen balioa erregulatzeko, ez ziren nahikoak beren suntsipenerako behar ziren lana eta denbora, baita ehiztariaren kapitala sortzeko behar zen lana ere, hau da, animalia akabatzeko erabili zen arma ekoizteko egindakoa.
Demagun kastorea hiltzeko behar zen arma ekoizteko, oreina hiltzeko behar zena ekoizteko baino lan gehiago egin behar zuela, kastorearengana hurbiltzea zailago zenez, arma finagoa behar baitzen; arrazoi horregatik zehazki, kastore baten balioa bi oreinena baino handiagoa izango zen, orokorki, lan gehiago egin beharko baitzen bera suntsitzeko. Edo demagun, lan bera behar zela bi arma horiek ekoizteko, baina biak iraupen ezberdinekoak zirela; iraupen luzeagoko armak lan gutxi transferituko lioke berari dagokion merkantziari, hots, harrapatzen den ehizagaiari eta, bien bitartean, iraupen laburreko armak lan gehiago transferituko lioke berari dagokion ehiza-ondasunari.
Kastorea eta oreina akabatzeko erabilitako lanabes guztiak gizaki-klase batenak izan daitezke eta suntsitzeko egindako lana beste klase batek horni dezake; kasu honetan, oraindik ere, prezio erlatiboak gaur egun enplegatzen den lanaren proportzioan egongo lirateke, beti ere biak kontuan hartuta, hau da, animaliak suntsitzeko zuzenean enplegatutako lana eta kapital horren eraketan behar dena. Kapitalaren oparotasun edo urritasuneko zirkunstantzia berezietan, lanarekin alderatuta, gizonak bizirauteko elikagai edo oinarrizko ondasunen oparotasun edo urritasuneko zirkunstantzia ezberdinetan, enplegu baterako edo besterako kapital berdina hornitzen dutenek, erdietsitako ekoizpenetik erdia, laurdena edo zortzirena erdiets lezakete eta gainontzekoa lana hornitzeko ordaintzen diren alokairuetarako geratuko da; hala ere, banaketa honek ezin diezaioke animalien balio erlatiboari eragin, nahiz eta kapitalaren irabaziak handiagoak edo txikiagoak izan, berauek ehuneko 50, 20 edo 10 izan, edo lanaren alokairuak altuak edo apalak izan, nolanahi ere, bi enpleguetan berdin eragingo lukete; eta balio erlatibo berdina izango lukete bi enplegu horietan.
Demagun gizartearen betebeharrak zabaldu egiten direla, eta batzuek kanoak eta arrantza-tresnak hornitzen dituzten bitartean, beste batzuek haziak eta antzinako nekazaritzan erabiltzen zen makineria zaharra hornitzen dutela; kasu honetan ere, lehen aipaturiko printzipio berak balioko luke, hau da, ekoiztutako ondasunen ganbio-balioa, orain ere, ekoizteko gastatu den lanaren araberakoa izango da: ez bakarrik zuzenean erabili den lanarena, baita ekoizpen partikular honetan erabilitako lanabesek edo makinek erantsi dioten lanarena ere.
Arteak eta merkataritza garatu diren eta aurreratuagoa den gizarte baten egoerari begirada bat ematen badiogu, hemen ere, merkantzien balioa printzipio honen arabera aldatzen da: galtzerdien ganbio-balioa zenbatesterakoan, adibidez, aurkituko dugu, berauen balioa, gainontzeko gauzekin alderatuta, berauek ekoizteko eta merkatura eramateko behar den lan-kantitatearen menpe dagoela. Lehenbizi, kotoia lantzeko lursailean egin den lana dago; bigarrenik, galtzerdiak ekoiztuko diren herrialdera eramateko gastatzen den lana dago, kontuan hartu behar delarik, bere proportzio egokian, garraioa egingo duen untzia eraikitzeko gastatutako lana, zein pleiten ordainketaren bidez islatzen den; hirugarrenik, irule eta ehulearen lana dago; laugarrenik, ingeniari, arotz eta zurginaren lanaren proportzioa, eraikinak eta makineria eraiki baitituzte galtzerdien ekoizpenari lagun diezaioten; bosgarrenik, saltzaile eta aipatzeke geratuko diren bitartekari guztien lana. Lan ezberdin hauen guztien batuketa agregatuak erabakiko du galtzerdi hauen truke ganbiatuko den gauzen kopurua, eta bien bitartean, kontsiderazio bera eginez, gauza hauek daukaten lan-kantitate ezberdinek gobernatuko dute galtzerdien truke emango diren gauzen proportzioa.
Ganbio-balioaren benetako oinarria aipatu dugun hau denaz geure buruak konbentzitzekotan, suposa dezagun edozein prozesutan hobekuntza bat sartu dela, lehengaiak galtzerdi bihurtu aurretik, gero, hauek merkatura eraman eta zenbait gauzaren ganbioan eman ahal izateko; eta ikus dezagun hobekuntza honen ondorioak zeintzuk diren. Gizaki gutxiago behar bada kotoia lantzeko, edo marinel gutxiago nabigatzeko, edo langile gutxiago garraiatzeko untziak eraikitzeko; pertsona gutxiago enplegatzen badira eraikinak eta makineria egiteko, eta behin hauek eraikita, eraginkorragoak bihurtzen badira, zalantzarik gabe, galtzerdien balioa jaitsi egingo litzateke, eta ondorioz, berauen truke gauza gutxiago eskuratu ahal izango litzateke. Galtzerdiak ekoizteko beharko litzatekeen lan-kantitatea txikiagoa litzatekeenez, jaitsi egingo litzateke hauen balioa, eta beraz, beste ondasunen kopuru txikiagoren truke ganbiatuko lirateke, beste hauen ekoizpenean ez baita egon lan-kantitatearen murrizketarik.
Eskulanaren aurrezkiak, beti, gauzaren balio erlatiboa gutxitzen du, bai beronen ekoizpenerako beharrezko lana murrizten delako, bai beronen ekoizpenean laguntzeko erabiltzen den kapitalaren eraketan denbora gutxiago igarotzen delako. Kasu bietan, galtzerdien balioa jaitsi egingo litzateke; hau da, berdin izango da zuritzaile, irule eta ehuleen kopurua gutxitzea, zein marinelena, ingeniariena edo arotzena izan jaisten dena, nahiz eta hauek zeharkako lana egin. Lehenengo kasuan, eskulanean aurreztutako guztiak galtzerdien balioaren gain zuzeneko eragina izango luke, beren ekoizpenean zuzenki enplegatutako pertsonak baitira; bigarren kasuan, aldiz, aurreztutakoaren proportzio bat besterik ez litzateke joango galtzerdietara, gainontzekoa, eraikin, makineria eta untzi horien bidez ekoizten diren merkantzia guztietara igorriko baita.
Demagun gizartearen hastapeneko ehiztariaren arkuak eta geziek zuten balioa eta iraupena, arrantzalearen kanoak eta lanabesek zuten balio eta iraupen berdinekoak zirela, bi kapital-multzoek beren ekoizpenean lan-kantitate berdina behar izateagatik. Honelako baldintzetan, oreinaren balioak, ehiztariaren egun bateko ekoizpenak, arrainaren balio berdina izango luke, zehazki, arrantzalearen egun bateko lanaren ekoizpena. Arrain eta ehizatutako oreinaren balio alderatua, gauzatutako lan-kantitateak erregulatuko luke erabat, edozein izanda ere alokairu edo irabazien ekoizpen-kopurua. Demagun arrantzalearen kanoa eta lanabesen balioa 100£koa, eta iraupena 10 urterako kalkulatua izanik, 10 gizaki enplegatzen zituela, eta urte bakoitzeko alokairu-kostua 100£koa zela, egunero 20 izokin harrapatzen zituztelarik. Bestalde, ehiztariak erabilitako armen balioa ere 100£koa eta beren iraupena 10 urterako kalkulatua izanik, 10 gizaki enplegatuz gero urte bakoitzeko 100£ko alokairu-kostuaz, egun bakoitzean 10 orein harrapatzen bazituzten, orduan, orein bakoitzaren prezio naturala bi izokinen parekoa izango zen, edozein izanda ere ekoizpen orotik gizaki horiek eskuratutako proportzioa. Hain zuzen ere, proportzio honek izugarrizko garrantzia du irabaziak zehaztean; horregatik, berehala ikusten da irabaziak garaiak direnean alokairuak apalak direla eta alderantziz, hau da, alderantzizko proportzioan daudelako; baina honek ezin zezakeen aldatu, inola ere, arrain eta oreinaren arteko balio erlatiboa, nahiz eta alokairuak garaiagoak edo apalagoak izan denbora berean eta bi lanbideetan. Ehiztariak argudiatuko balu bere ekoizpenean proportzio handia ordaintzen dela, edo bere ehizaren proportzio handia alokairuetara doala eta horregatik arrantzalea konbentzitu nahi izango balu oreinaren truke arrain gehiago eman liezaion, arrantzaleak ere argudio bera erabil lezake, arrazoi berdinak eragingo bailioke; beraz, nahiz eta alokairu eta irabazien arteko aldaketak egon eta kapital-metaketaren ondorio guztiak ezagutu, egun bakoitzeko lanarekin lortutako arrain- eta ehiza-kopurua berdinak izaten jarraitzen duen bitartean, ganbio-tasa erreala, orein bat bi izokinen trukekoa izango da.
Lan-kantitate berdinarekin arrain-kantitate gutxiago edo ehiza-kantitate gehiago lortzen bada, arrainaren balioa igo egingo da ehizakoarekin alderatuta. Alderantziz, lan-kantitate berdinarekin ehiza-kantitate gutxiago edo arrain kantitate gehiago erdiesten bada, ehiza igo egingo da arrainarekin alderatuta.
Balio aldagaitza duen merkantziarik balego eta arrain eta ehizaren balioa merkantzia estandar onenarekin alderatuko balitz, orduan jakin ahal izango genuke zenbatekoa izan den arrainaren balioak eragin duena eta zenbatekoa ehizarenak.
Demagun moneta dela merkantzia hori. Izokin batek 1£ balioko balu eta orein batek 2£, orein batek bi izokin balioko lituzke. Baina gerta liteke orein baten balioa hiru izokinen balioa bihurtzea, oreina harrapatzeko lan gehiago behar izateagatik, edo gutxiago izokina eskuratzeko, edota bi gertakizun hauek batera eman litezkeelako. Guk, aipatutako estandar aldagaitza bagenu, erraz jakin ahal izango genuke zein mailatan eragiten duen batak edo besteak. Izokina 1£n saltzen jarraitzen bada, oreinak 3£ balio dituen bitartean, oreina harrapatzeko lan gehiago behar dela ondoriozta genezake. Oreinaren prezioak berdin jarraitzen badu, hau da, 2£, eta izokina 13 shilling eta 4d.n saltzen bada, orduan, gu ziur geundeke izokin bat lortzeko lan gutxiago beharko litzatekeela; eta oreina 2£ 10s.ra igotzen bada eta izokina 16s 8d.ra jaitsi, orduan, gu konbentzituta egongo ginateke bi zergatien ondorioz eman direla merkantzien balio erlatiboen aldaketak.
Alokairuen inolako aldaketak ezingo luke bi merkantzia hauen balio erlatiboan aldaketarik sortu; demagun alokairuak igotzen direla bi merkantzien ekoizpenean; baina honek ez luke inolako lan-kantitate gehikuntzarik suposatuko beren ekoizpenean, nahiz eta lana gehiago ordaindu, eta beraz, beren prezioak igotzeko arrantzale eta ehiztariek dituzten arrazoi berberak bultzatuta, urre-meategiko jabeak ere gauza bera egingo luke, hau da, bere urrearen prezioa altxatu. Kausa hauek une berean gertatzen badira, hasierako egoera erlatibo berdinera iritsiko da, prozesua bukatzen denean, hau da, alokairuak igoz gero, ehiza, arrantza eta urregintzako balio erlatiboak hasieran bezala geratuko lirateke, aldatzeke. Alokairuak ehuneko 20 igo daitezke eta hauen ondorioz, proportzio handiago edo txikiagoan, baita irabaziak ere, baina hala ere, merkantzia hauen balio erlatiboa ez litzateke aldatuko.
Demagun orain, lan eta kapital finko berdinarekin arrain gehiago harrapa litekeela, baina ez da gauza bera gertatzen ehiza eta urrearen kasuan, orduan, arrainaren balio erlatiboa eroriko litzateke urre edo ehizaren balioarekin alderatuta. Hogei izokinen ordez hogeita bost harrapatuko balira egun bakoitzean, orduan, izokinaren prezioa 16 shillingekoa izango litzateke libera baten ordez eta bi izokin beharrean, bi izokin t’erdi emango dira orein baten truke, oreinaren prezioak 2£ izaten jarraituko balu ere, lehen bezala. Era berean, lan eta kapital berdinarekin arrain gutxiago harrapatuko balira, orduan, arrainaren balio erlatiboa igo egingo litzateke. Beraz, arraina ganbio-balioan igo edo jaisteko arrazoi bakarra, kopuru berdina eskuratzeko lan gehiago edo gutxiago behar izatea litzateke, eta inoiz ez litzateke igo edo jaitsiko, ekoizteko behar den lan-kantitatearen igoera edo jaitsieraren proportzioa baino gehiago.
Beste merkantzien aldaketak neurtu ahal izateko neurri aldagaitza bagenu, azken muturreko mugara etengabe igo litekeen neurria, merkantziaren ekoizpenean behar den lan-kantitate gehigarriarekiko proportzionala dela ikusiko genuke, beti ere suposatu ditugun baldintzen barruan ekoiztuta; eta bere ekoizpenerako lan-kantitate gehiago beharko ez balitz, bere balioa ez litzateke igoko. Alokairuen igoerak ez luke diruzko moneta-balioa igoko, ezta beste merkantziekiko erlatiboki ere, merkantzia hauek beren ekoizpenetan lan-kantitate gehiagorik behar ez, eta kapital finko eta zirkulatzailearen proportzio berdina enplegatuko luketelarik, iraupen berdineko kapital finkoa izanez, gainera. Gainontzeko merkantzien ekoizpenerako lan-kantitate gehiago edo gutxiago beharko balitz, jadanik esana dugunez, honelako egoera batek, berehala, balio erlatiboaren aldaketa ekarriko luke, baina aldaketa hau ekoizpenean behar den lan-kantitateak emana dator, eta ez alokairuen igoerak.
IV
Merkantzien ekoizpenean enplegatutako lan-kantitateak bere balio erlatiboa erregulatzen duela adierazten duen printzipioa, asko aldatzen da makineria edo beste kapital finko edo iraunkorra enplegatzean.
Aurreko atalean izokina eta oreina harrapatzeko lanabes edo armek iraupen berdina zutela, eta lan-kantitate bera erabiltzen zela suposatu dugu, eta ikusi dugu orein eta izokinaren balio erlatiboaren aldaketak, soilki, berauek erdiesteko beharrezkoa den lan-kantitatearen aldaketaren menpe daudela; baina gizartearen egoera historiko bakoitzean, jarduera desberdinetan enplegatzen diren erremintek, lanabesek, eraikinek eta makineriak, normala denez, iraupen desberdinak dituzte eta era berean, kapital hau ekoizteko lan proportzio diferenteak izaten dituzte. Lanari lagunduko dion kapitala ere proportzio desberdinetan egon daiteke eta antzeko zerbait gerta daiteke erreminta, makineria eta eraikinetan ere, hauen ekoizpenean enplegatzen den kapitalak ere konbinaketa anitz izan baititzake. Kapital finkoaren iraupen desberdinak eta bi kapital-motak konbinatzeko modu ezberdinak, merkantzien balio erlatiboaren aldaketak sorrarazten dituzten beste zergatiak dira, lehenago aipatu dugunaz gain, hain zuzen, merkantzien balio erlatiboaren aldaketak, beren ekoizpenean behar den lan-kantitate gehiago edo gutxiaren menpe daudenak.
Langileak kontsumitutako arropa eta elikagaiak, lana egiten dueneko eraikinak, bere lanean erabiltzen dituen lanabesak, guztiak, suntsikorrak dira. Hala ere, iraupen guztiz desberdina dute kapital ezberdin hauek; lurrun-makinak untziak baino gehiago irauten du; untziak langilearen arropak baino gehiago; langilearen arropak beronek kontsumitzen dituen elikagaiak baino gehiago.
Kapitala, suntsitu eta maiz berrekoiztu behar bada, edo astiro kontsumitzen bada, bi horietakoa izatearen arabera, kapital zirkulatzaile edo finko gisa sailkatuko dugu4. Garagardo ekoizleak, bere eraikin eta makineria baliagarri asko baditu, kapital finkoaren proportzio handia duela esango da; aldiz, oinetakogileak bere kapitala, hein handi batean, alokairuak ordaintzeko erabiliko du, gero langileak elikagaiak eta arropa erosten gastatuko duena; hauek denak merkantzia suntsigarriak direnez gero, kapital zirkulatzailearen proportzioa handia dela esango da.
Ikusi behar da ere, kapital zirkulatzaileak oso epe ezberdinetan zirkulatzen duela edo itzul dakiokeela enplegatzaileari. Nekazariak erosten duen garia kapital finkoa da okinak ogia egiteko erosten duenarekin alderatzen badugu. Lehenak, garia erein eta errendimendua hurrengo urtean eskuratuko du; besteak, berriz, xehetuta irin bihurtuko du eta bezeroei ogi moduan salduko die; aste baten buruan beste negozioren bat hasteko edo lehengoarekin jarraitzeko moduan edukiko du bere kapitala.
Bi jarduera hauek kapital-kopuru berdina enplega dezakete; baina kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzioa desberdina izan daiteke.
Industria batean oso kapital gutxi enplega daiteke kapital zirkulatzaile moduan, hau da, zuzeneko lanaren euskarri gisa, eta bereziki makineria, lanabes eta eraikinetan inbertituta egon daiteke, bestea baino kapital finko eta iraunkorragoan, alegia. Beste industria batean kapital-kopuru berdina erabil daiteke, baina bereziki kapital gehiena zuzeneko lan gisa inbertitua egonez, eta oso kapital gutxi lanabesetan, eraikinetan eta makinerian. Alokairuak igotzen badira, egoera batean eta bestean era desberdinez eragingo du igoera honek merkantzien gain, oso zirkunstantzia ezberdinetan ekoiztuak izan direlako.
Halaber, bi enpresarik kapital finkoaren eta kapital zirkulatzailearen kopuru berdina enplega dezakete; baina kapital finkoen iraupena arras desberdina izan daiteke. Batek 10.000£ko lurrun-makina izan dezake eta besteak balio berdineko untziak.
Ekoizleek makineriarik erabili gabe, lana besterik ez balute enplegatuko, eta denbora berdina hartuko balute merkantzia horiek merkatura iristen, orduan, ondasun horien ganbio-balioa, zehazki, enplegatutako lan-kantitatearen proportzioan egongo litzateke.
Biek balio berdineko kapital finkoa enplegatuko balute, biena iraupen berdinekoa izanik, orduan, ekoiztutako merkantzien balioa berdina izango litzateke eta berauen arteko aldaketa, beren ekoizpenean enplegatutako lan-kantitate gehiago edo gutxiagoren araberakoa izango litzateke.
Baina antzeko zirkunstantziatan ekoiztutako merkantzien balio erlatiboa, bakarrik, beren ekoizpenean enplegatzen den lan-kantitate gehiago edo gutxiago behar dutelako aldatzen bada, edozein izanda ere eragin duen zergatia, orduan, kapital finkoaren kantitate-proportzio berdinaz ekoizten ez diren ondasunekin alderatuta, nik lehen aipatutako zergatiaren ondorioz aldatuko da; hau da, eskulanaren igoera emateagatik, nahiz eta ondasun bata edo bestearen ekoizpenean lan-kantitate gehiago edo gutxiago ez egin. Garagarrak eta oloak bata bestearekiko erlazio berdina mantentzen jarraituko dute edozein alokairu-aldaketa izanda ere. Kotoizko ondasun eta arroparen artean gauza bera gertatuko da, baldin eta bien ekoizpena antzeko zirkunstantziatan ematen bada; baina, orain, alokairuen igoera edo jaitsierarekin, garagarrak balio handiagoa edo apalagoa izan lezake kotoizko ondasunekin alderatuta, eta gauza bera oloak, arroparekin alderatuta.
Demagun bi enpresarik, bakoitzak ehun langile enplegatuz, urtebetean bi makina ekoizten dituztela; eta nekazari batek ehun gizon enplegatzen dituela laborea lantzeko. Makina bakoitzak urtearen amaieran bildutako laborearen balio berdina izango du, hiru gauzak ekoizteko lan-kantitate berdina behar baita. Demagun orain makina horietako jabe batek, hurrengo urtean, ehun langileen laguntzaz arropa egiteko erabiltzen duela, eta beste makinaren jabeak ere beste ehun langileen laguntzaz kotoizko ondasunak egiten dituela, nekazariak lurra lantzen jarraitzen duen bitartean bere ehun langileekin. Bigarren urtean, enpresari bakoitzak lan-kantitate berdina enplegatuko du, baina lehen enpresariaren ehuna eta makineria urteko berrehun pertsonen lan-kantitatearen emaitza izango da; berdin gertatzen da bigarren enpresariaren kasuan ere; edo hobeto esanda, ehun langileen bi urteko lana. Bien bitartean, laborea urte osoan ehun langilek ekoiztuko dute; ondorioz, laborearen balioa 500£ bada, ehule eta makinaren balioaren baturak 1.000£koa izan beharko du eta berdin kotoizko ondasun eta makinaren balioak ere, honek laborearen bikoitza balioko baitu. Baina laborearen balioa bikoiztuta baino handiagoa izan behar du ehulearenak zein kotoi-enpresariarenak, zeren eta ehulearen kapitalak eta bestearenak lehenengo urtean emandako irabaziak beraien kapitalei erantsi behar baitzaizkie, nekazariarena gastatua eta gozatua izan den bitartean. Beraz, kapitalaren iraupen-gradu ezberdinak kontuan hartuta, edo bestela esanda, merkatura eraman aurretik denbora luzeago edo laburragoa behar izan dutelako, aipatu merkantziak ez dira zehaztasunez baloratuko bere ekoizpenean enplegatutako lan-kantitatearen proportzioan. Erlazioa ez da 2:1 izango, zertxobait handiagoa baizik; balio handienekoa merkaturaino iritsi arte beharko duen denbora luzeagoa nolabait konpentsatu behar baita.
Demagun langile bakoitzari urtean 50£ ordaintzen zaizkiola alokairu gisa, edo 5.000£ko kapitala erabiltzen dela eta irabaziak ehuneko 10ekoak direla. Orduan, makina bakoitzaren balioa eta laborearena, lehenengo urtearen amaieran, 5.500£koa izango litzateke. Bigarren urtean, enpresariek eta nekazariak, bakoitzak, berriro 5.000£ erabiliko dituzte alokairuak ordaintzeko, eta beraz, beraien ondasun guztiak 5.500£n salduko dituzte; baina lehenengo bi enpresariek nekazariaren parean egoteko, ez dituzte 5.500£ bakarrik eskuratu behar alokairuak ordaintzeko erabili duten 5.000£ko kapital berdinengatik, baita beste 550£ko (5.500£ren %10) kopuru gehigarria, makinerian 5.500£ inbertitu baitira, eta ondorioz, hauen ondasunak 6.050£n saldu behar dira. Hemen, beraz, beren ekoizpenetan urtero lan-kantitate berdina enplegatzen duten kapitalak ditugu, eta hala ere, kapital horiekin ekoizten diren merkantzien balioak desberdinak dira, kapital finkoaren edo jarduera bakoitzean enplegatutako lan metatuaren kopuruak diferenteak baitira. Oihal eta kotoizko ondasunek balio berdina dute, berauek lan-kantitate berdinarekin eta kapital finkoaren kantitate berdinarekin ekoizten baitira; baina laboreak ez du merkantzia horien balio berdina, kapital finkoari dagokionez baldintza desberdinetan ekoizten delako.
Baina nola eragin lezake lan-balioaren igoerak, merkantzien balio erlatiboaren gain? Garbi dago oihal eta kotoizko ondasunen arteko balio erlatiboek ez dutela inolako aldaketarik izango, ondorio berdina jasango baitu ondasun batek zein besteak aipatutako baldintzetan; gari eta garagarraren balio erlatiboek ere ez dute inolako aldaketarik izango, lehen aipatutako zirkunstantzia berdinak mantentzen badira, kapital finko eta zirkulatzaileari dagokienez; baina labore eta oihal edo kotoizko ondasunen arteko balio erlatiboa aldatu egingo da lanarena handitu delako.
Ezin daiteke lan-balioaren igoerarik egon irabaziak erortzeke. Laborea nekazari eta langilearen artean banatu behar bada, zenbat eta proportzio handiagoa eman bigarrenari, orduan eta gutxiago geratuko da lehenengoarentzat. Horregatik, oihal edo kotoizko ondasunak langile eta ugazabaren artean zatitzen badira, gero eta gehiago jaso lehenengoak, orduan eta gutxiago izango du bigarrenak. Demagun, orduan, alokairuak igo direla eta irabaziak ehuneko 10etik ehuneko 9ra jaisten direla. Merkantzien prezio arruntari (5.500£) 550£ erantsi ordez kapital finkoaren irabaziak direla eta, enpresariek, ehuneko 9 besterik ez diote erantsiko, 495£ alegia, eta beraz, prezioa 5.995£ izango da 6.050£ren ordez. Laborea 5.500£n saltzen jarraituko denez, ekoiztutako ondasunek kapital finko gehiago enplegatzen dutenez, erlatiboki jaitsi egingo dira laborearen balioarekiko edota kapital finkoaren proportzio txikiagoa sartzen deneko beste edozein ondasunen balioarekiko. Ondasunen balio erlatiboen aldaketa-maila, lanaren igoera edo jaitsiera dela eta, kapital finkoak enplegatutako kapital guztiarekiko duen proportzioaren menpe egongo litzateke. Edozein ondasun balio handiko makinerian ekoizten bada, edo balio handiko eraikinetan, edo denbora asko hartzen badu merkatura iritsi aurretik, balio erlatibo txikiagoa izango luke eta bien bitartean, ondasun horien ekoizpenean gehien erabiltzen dena lana bada, edota merkatura fite eraman badaitezke, balio erlatiboa igo egingo litzateke.
Hala ere, irakurleak kontuan izan behar luke zergati honek oso eragin apala duela merkantzien prezio-aldaketaren gain, ondorioek honela adierazten dutenez. Irabaziak ehuneko bat jaitsarazteko gai diren alokairu-igoeren bidez, nik suposatu ditudan baldintzetan ekoiztutako merkantzien prezio erlatiboa ehuneko bat soilik aldatuko da; irabazien tamaina bereko jaitsierarekin bere prezioa 6.050£tik 5.995£ra jaitsiko da. Ondasun hauen prezio erlatiboetan alokairu-igoerak eragin dezakeen gorakada handienak ezin du ehuneko 6 edo 7koa baino handiagoa izan, irabaziek ezin izango bailukete, inola ere, depresio orokor eta iraunkorragoa onartu.
Ez da gauza bera jazotzen merkantzien balioaren aldaketa hauek beste arrazoi garrantzitsuagoek eragiten dituztenean; hau da, berauek ekoizteko beharrezko lan-kantitatea gehitu edo gutxitzen denean. Laborea ekoizteko ehun langileren ordez laurogei lagun beharko balira, laborearen balioa ehuneko 20 eroriko litzateke, edo 5.500£tik 4.400£ra. Oihala ekoizteko ehun gizakien lanaren ordez laurogeiena nahikoa balitz, oihala 6.050£tik 4.950£ra eroriko litzateke. Irabazi-tasaren aldaketa iraunkorra, neurri nabari batean, urteetako eraginaren ondorioz ematen da, baina merkantziak ekoizteko beharrezko lan-kantitatearen aldaketak egunero jazotzen dira. Makineriak, erremintek, eraikinek, lehengaien ekoizpenak izandako edozein hobekuntzak, beti, lana aurreratzen du eta hobekuntza horrek guri merkantzia honen ekoizpena errazten digu, eta ondorioz, bere balioa aldatu egiten da. Beraz, merkantzien balio-aldaketen zergatiak zenbatesterakoan, oker egongo litzateke lanaren ordainketaren igoera edo jaitsierak izandako eragina kontuan ez hartzea, baina ez litzateke zuzena izango ere eragin horri garrantzi gehiegi ematea; eta ondorioz, liburu honen ondorengo kapituluetan, noizbehinka aldaketa-zergati hau aipatu dudan arren, gauzen balio erlatiboetan gertatutako aldaketa handi guztiak, horiek ekoizteko behar den lan-kantitate handiago ala txikiagoak sortutakoak direla kontsideratuko dut.
Ez dago esan beharrik ekoizteko lan-kantitate berdina behar duten merkantziek ganbio-balio diferentea izango dutela, baldin eta merkatura heltzeko denbora desberdinak behar badituzte.
Demagun hogei langile enplegatzen ditudala urteko 1.000£ko gastua eginez merkantzia bat ekoizteko, eta urtearen amaieran beste hogei langile hartzen ditudala 1.000£ko gastu berria eginez, merkantzia bera bukatzeko edo hobetzeko, eta gero merkantzia hori bi urteren buruan eramaten dudala merkatura; irabazi-tasa ehuneko 10ekoa bada, nire merkantzia 2.310£n salduko da; lehenengo urtean 1.000£ erabili ditut eta 2.100£ bigarrenean. Beste pertsona batek lan-kantitate berdina enplegatzen du, baina dena lehenengo urtean; honek berrogei langile enplegatzen ditu 2.000£ gastatuz eta lehenengo urtearen amaieran eransten dion irabazi-tasa ehuneko 10ekoa bada, merkantzia 2.200£n salduko du. Hemen bi merkantzia dauzkagu eta bietan lan-kantitate berdina enplegatu da, eta hala ere, bata 2.310£n saltzen da eta 2.200£n bestea.
Kasu hau eta aurrekoa desberdinak direla dirudi; baina zehazki berdinak dira. Bi kasuetan merkantzia baten prezioa handiagoa da denbora gehiago behar duelako merkatura iritsi aurretik. Lehenengo kasuan, makineria eta oihalaren balioa laborearen balioaren bikoitza baino handiagoa zen, nahiz eta, doi-doi, lan-kantitate bikoitza enplegatu bi merkantzia haietan. Bigarren kasu honetan, merkantzia batek besteak baino balio handiagoa du, nahiz eta bere ekoizpenean lan gehiago enplegatu ez. Balioen arteko diferentzia hau, irabaziak kapital bezala metatu direlako izan da, eta beraz, irabaziak denbora luzeagoan gorde direnez, prezio altuagoarekin konpentsatzen da.
Argi dago, beraz, industria desberdinetan erabilitako fondoen kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzio desberdinak, ekoizpenean ia erabat eskulana erabiltzen denean aplikazio unibertsala duen honako araua aldatu egiten duela, alegia, gauzen balioa ez dela aldatzen, horiek ekoizteko behar den lan-kantitatea handiagoa ala txikiagoa izan ezean. Atal honetan, lan-kantitatearen aldaketarik ez badago, horren balioaren igoerak, ekoizteko kapital finkoa erabiltzen deneko ondasunen ganbio-balioaren jaitsiera besterik ez duela eragingo egiaztatu da: kapital finkoa zenbat eta handiagoa izan, jaitsiera are eta handiagoa izango da.
V
Balioa ez duela alokairuen igoerak edo jaitsierak aldatzen, kapitalaren iraupen desberdinek eta ugazabari hori itzultzeko azkartasunak ere aldatzen dutela dioen printzipioa.
Aurreko atalean, bi okupazio desberdinetan erabilitako kapital berdinek, kapital finko eta zirkulatzaileen proportzio desberdinak zituztela suposatu dugu; demagun orain biek proportzio berdina, baina iraupen desberdina dutela. Kapital finkoak zenbat eta iraupen laburragoa izan, orduan eta gehiago hurbiltzen zaio kapital zirkulatzaileari. Kapital hori kontsumitu egingo da eta bere balioa denbora laburragoan berrekoiztuko da, enpresariaren kapitala manten dadin. Ikusi dugu industria batean kapital finkoaren proportzioa nagusia bada, alokairuak igotzen direnean, industria horretan ekoiztutako merkantzien balioa, erlatiboki apalagoa dela kapital zirkulatzailea nagusi den industrian ekoiztutako merkantzien balioarekin erkatuta. Iraupen laburragoko kapital finkoak, zenbat eta kapital zirkulatzaileari gehiago hurbildu, ondorio bera izango du.
Kapital finkoa iraupen luzekoa ez bada, urtero lan-kantitate asko beharko du hasierako eraginkortasun maila mantenduko badu; baina, honela enplegatutako lana, ekoiztutako merkantzian gastatu dela kontsidera daiteke eta horregatik, merkantzia honen balioak lan horren proportzioa eraman behar du. Nik 20.000£ balio duen makina badut eta makina horrekin lan gutxi beharko balitz merkantziak eraginkorki ekoizteko, makina horren narriadura arbuiagarria balitz eta irabazi-tasa orokorra ehuneko 10ekoa, nire ondasunen prezioari ez nioke 2.000£ baino askoz gehiago erantsi beharko ekoizpen horretan makina hori enplegatu dudalako; baina makinaren narriadura handia balitz, makina hori egoera egokian mantentzeko urtero berrogeita hamar langile behar balira, nik neure merkantzien prezioari kopuru gehigarria erantsi beharko nioke eta gehigarri hau, berrogeita hamar pertsona enplegatzen dituen enpresariak, makinarik gabe, bere merkantziei ipiniko dien kopuru berdina izango litzateke.
Baina alokairuen igoerak ez die berdin eragingo merkantziei, hauek iraupen luzeko makinerian edo iraupen laburrekoan ekoiztuak izan. Baten ekoizpenean, lan-kopuru handia, etengabe transferituko litzaioke ekoiztutako merkantziari, bestean oso gutxi ordea. Edozein alokairu-igoerak edo, gauza bera dena, edozein irabazi-jaitsierak, kapital iraunkorragoarekin ekoiztutako merkantzien balio erlatiboa jaitsaraziko luke, eta galkorragoa den kapitalarekin ekoiztutako merkantziena proportzionalki igoaraziko luke. Alokairu-beherakadak alderantzizko ondorioa sortuko luke.
Jadanik esan dut kapital finkoak iraupen-gradu ugari duela. Demagun, orain, makina batek, industria partikular batean, urte batean, ehun langilek egiten duten lana burutzen duela eta, bakarrik, urtebete iraun dezakeela. Demagun ere, hori 5.000£ kostatu dela, eta ehun langileri urtean ordaindutakoa 5.000£ direla; kasu honetan ekoizleari berdin litzaioke makina hori erosi edo ehun langileak enplegatu. Baina orain, demagun eskulanaren prezioa igo egiten dela, eta ondorioz, ehun langileen urtebeteko alokairuak 5.500£ra igotzen direla; orain argi dago, ekoizleak honelako egoera baten aurrean zalantzarik ez duela izango eta beraz, makina erosteko interesa izango lukeela, bere lana 5.000£z burutzeko. Baina, ez al da makina ere garestituko, ez al da eskulanaren prezioa igo dela eta, makinaren prezioa ere 5.500£ra igoko? Makinaren prezioa hori egiteko kapitalik enplegatuko ez balitz, eta bere egileari irabazirik ordaindu beharko ez balitzaio, igo egingo litzateke. Adibidez, makina ehun langileren lanaren parekoa balitz, urtebetean lan egin ondoren bakoitzari 50£ ordainduz, makinaren prezioa 5.000£ izango litzateke; alokairu hauek 55£ra igoko balira, makinaren prezioa 5.500£ izango litzateke. Baina kasu hau ezin liteke izan. Ehun langile baino gutxiago enplegatzen dira edo, bestela, ezin daiteke 5.000£n saldu, zeren eta 5.000£ horietatik kapitalaren irabaziak ordaindu behar baitira. Demagun bakarrik laurogeita bost pertsona enplegatzen direla, bakoitzarekin 50£ gastatuz, edo 4.250£ urteko, eta 750£ direla makina eraikitzeko langileei alokairuak ordaindu ostean geratzen den soberakina, ekoizleak kapitalarekin lortzen duen irabazia hori izanik. Alokairuak ehuneko 10 igotzen direnean, ekoizleak 425£ko kapital gehigarria enplegatu beharko du, eta 4.675£ enplegatuko ditu 4.250£ren ordez; orduan, bere kapitalari, besterik gabe 325£ko irabazia aterako dio, baldin eta makina 5.000£n saltzen jarraitzen badu; baina kasu hau da, hain zuzen, ekoizle eta kapitalista guztiena; alokairu-igoerak guztiei eragiten die. Beraz, makinaren egileak, alokairuak igo direla eta, berau garestituko balu, kapital gehigarria era honetako makinak eraikitzeko enplegatuko litzateke, beren prezioak ohiko irabazi-tasa barneratu arte5. Ikusi dugu, beraz, alokairu-igoeraren ondorioz, makinen prezioak ez lukeela igoerarik izango.
Hala ere, ekoizleak, alokairu-igoera orokor baten aurrean bere merkantzien ekoizpen-kostuak igoko ez dituen makina berri bat eskuratu eta bere ondasunen prezioak berdin mantentzea lortuko balu, egoera abantailatsuaz gozatuko luke; baina jadanik ikusi dugunez, bere merkantziak merketu egin beharko lituzke edo, bestela, kapitalak industria horretara etorriko lirateke, irabaziak maila orokorrera berriro erori arte. Beraz, honela profitatzen da makineriaz: eragile mutu hauek, beti, ordezkatzen dituztenek baino lan-kantitate gutxiago behar izaten dute, nahiz eta diruzko balio berdina izan. Horren eraginez, alokairuak igoko lituzkeen oinarrizko ondasunen prezioaren inkrementuak, pertsona gutxiagori eragingo die; aurreko adibidean bezala, ehun lagunengana ordez laurogeita bostengana helduko da, eta ondorioz, lortuko den aurrezkia ekoiztutako merkantzien prezioan islatuko da. Ez makinen, ezta ere berauekin egindako merkantzien balio errealak, ez dira igotzen, baina makinekin egindako merkantzia guztiek balio txikiagoa izango dute, eta hori beren iraupenaren proportzioan emango da.
Ikusten denez, gizartearen lehen garaietan, iraupen luzeko makineria erabiltzen hasi aurretik, kapital berdinekin ekoiztutako merkantziek ia balio berdina zuten, eta beren balio erlatiboa igo edo jaistea, horiek ekoizteko lan gehiago edo gutxiago behar izatearen arabera gertatuko zen; baina ekoizpenean lanabes garesti eta iraunkorragoak sartu ostean, kapital berdinekin honela ekoiztutako merkantziek balio desberdina izango dute, eta oraindik ere, igoera edo jaitsiera erlatiboa, beren ekoizpenean behar den lan gehiago edo gutxiagoren eraginez ematen den arren, beste aldaketa bati ere lotuko zaio, hau da, alokairu eta irabazien igoera edo beherakadari, nahiz eta honen eragina txikiagoa izan. Gerta daiteke 5.000£n saldu diren ondasunak eta 10.000£n saldu diren beste batzuk, kapital berdin-berdinarekin ekoiztuak izatea. Hala ere, beraien ekoizpenean erdietsitako irabaziak berdinak izango dira. Alabaina, irabazi hauek desberdinak izango dira merkantzien prezioak irabazi-tasaren igoera edo beherakadarekin batera aldatzen ez badira.
Ikusten da ere, edozein ekoizpen-motatan enplegatutako kapitalaren iraupenaren arabera, kapital iraunkor hori enplegatu deneko merkantzien prezio erlatiboak, alokairuekiko alderantzizko proportzioan aldatuko direla; alokairuak igo ahala prezio erlatiboak jaitsi egingo dira, eta igo alokairuak jaitsi ahala. Aldiz, prezioa zenbatesteko erabiltzen den neurria baino kapital finko gutxiagorekin edo iraupen laburragoarekin eta nagusiki eskulana erabiliz ekoiztutako ondasunenak, alokairuak igo ahala, igo egingo dira, eta haiek jaitsi ahala, jaitsi ere.
VI
Balioaren neurri aldaezinaz
Merkantzien balio erlatiboek aldaketarik izaten dutenean, desiratzekoa izango litzateke, zeinen balio erreala izan den erori dena eta zeinena igo dena jakiteko bitartekoak izatea, eta hori, gainerako gauzei eragiten dieten inolako gora-beheren menpe ez legokeen balio aldaezineko neurriren batekin behin eta berriro erkatuz besterik ez daiteke lor. Honelako merkantzia existitzea ezinezkoa da, ez baitago berez aldaketa-arriskurik ez duen merkantziarik, neurtu behar ditugun merkantzien balioek ez duten bezala, hauek etengabe aldatzeko arriskua baitute; hau da, ez dago merkantziarik ekoizteko lan gehiago edo gutxiago eskatzen ez duenik. Baina neurri estandar honen aldaketak eragiten dituzten zergatiak ezabatu ahal balira, -hori ahalgarria balitz, adibidez, gure diruaren ekoizpenak, beti, lan-kantitate berdina eskatuko balu-, oraindik ere ez litzateke balioa neurtzeko estandar perfektu eta aldagaitza izango, zeren eta lehen esplikatzen saiatu naizenez, edozein aldaketa erlatiborekin aurkituko bailitzateke; izan ere, aldaketa erlatibo hauek alokairuen gorakadak edo beherakadak sortuko lituzke, edota dirua ekoizteko behar diren kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzioa aldatzeak, edo aldaketak neurtu nahi dizkiegun merkantzien ekoizpenean enplegatzen den kapital finko eta zirkulatzailearen arteko proportzioak aldatzeak. Aldaketa hauek ere lotuta egon litezke diruaren ekoizpenean enplegatzen den kapital finkoaren iraupen-gradu desberdinak daudelako, -baita berarekin erkatu behar diren merkantzietan ere-, edo merkatura heltzeko merkantziek behar duten denbora luzeago edo laburragoa delako, balio erlatiboa determinatu nahi diegun merkantziek behar dutena baino; zirkunstantzia hauek guztiek ezinezkoa egiten dute neurri egoki eta perfektuko merkantzia hori aurkitzea.
Adibidez, neurri estandar gisa urrea hautatu nahi izango bagenu, argi dago metal honek, gainontzeko edozein merkantzia bezala, lana eta kapital finkoa eskatzen dituela ekoizteko. Beste edozein merkantziatan bezala, bere ekoizpenean lana aurrezteko hobekuntzak sar daitezke, eta ondorioz, beste ondasunekiko bere balio erlatiboa jaitsi daiteke, hain zuzen, berorren ekoizpenerako erraztasunak handitu direlako.
Aldaketa honen zergatiak desagertzen direla suposatzen badugu, eta urre-kantitate berdina lortzeko beti lan-kantitate berdina behar dela, oraindik urrea ez litzateke gainontzeko ondasun guztien aldaketa zehatzak ezagutzeko balio-neurri perfektua izango, zeren eta urrea ez bailitzateke lehengo kapital finko eta zirkulatzailearen arteko konbinaketa berdinaz ekoizten jarraituko, gainontzeko merkantziek egingo ez duten bezala; eta ez bailuke ere, merkatura heltzeko denbora berdina beharko: Zehazki, bera bezalako zirkunstantzia berezietan ekoizten diren ondasun guztientzat neurri ezin hobea izango da, baina ez besteentzat. Adibidez, oihala eta kotoizko ondasunak ekoizteko suposatu ditugun zirkunstantzia berak ematen badira, ondasun hauentzat balio-neurri perfektua izango litzateke, baina ez laborea, ikatza, eta beste merkantzientzat, hauen ekoizpenean kapital gehiago edo gutxiago erabiltzen bada; ikusi dugunez, irabazi-tasa iraunkorreko edozein aldaketak bere eragina izango luke ondasun horien guztien balio erlatiboan, beren ekoizpenean enplegatutako lan-kantitatean edozein aldaketa izanda ere. Urrea laborea ekoizten den baldintza berdinetan egingo balitz, nahiz eta hauek inoiz aldatuko ez direla suposatu, arrazoi beragatik, ez litzateke oihal eta kotoizko ondasunen balioarentzat neurri perfektua izango. Ez urrea, ezta beste edozein merkantzia ere, inoiz ezin daitezke ondasun guztientzat balio-neurri perfektua izan; baina nik jadanik azpimarratu dut irabazien aldaketak ondasunen prezio erlatiboen gainean sortutako ondorioa, konparatiboki txikia dela, ondorio garrantzitsuenak, ekoizpenean eskatutako lan-kantitatearen aldaketak sortzen baititu; eta beraz, aldaketa-arrazoi garrantzitsu hori urre-ekoizpenetik desagertzen dela suposatzen badugu, ziur aski, balio-neurri estandar horretara hurbilduko gara, nahiz eta bakarrik teorikoki pentsatua izan daitekeen. Ezin al daiteke suposa, urrea gauza gehienak ekoizteko erabiltzen diren bi kapital-moten proportziotara hurbilduko den tamainan ekoiztuko dela? Ezin al daiteke pentsa, proportzio hauek bi muturretatik, hau da, kapital finko gutxiena enplegatzen duenetik eta lan gutxiena enplegatzen duenetik distantzia berdinera daudela, eta bien artean batezbesteko proportzio zehatza osatu?
Beraz, neurri estandarretik nahikoa hurbil dagoen balio-neurria badaukadala suposa badezaket, beste ondasun guztietan ematen diren balio-aldaketez ziur mintzatzeko gai izango naiz, prezioak eta balioak determinatzeko estandarrak aldaketarik izan dezakeen ala ez aldiro aztertzen aritu gabe.
Orduan, azterketa honen objektua errazteko, urrezko dirua gainontzeko ondasunen aldaketekin lotuta dagoela ohartzen naizen arren, hala ere, aldagaitza dela suposatuko dut, eta beraz, edozein merkantziaren prezio aldaketak, beren balio-aldaketek sortu dituztela suposatuko dut.
Gai hau utzi aurretik, egokia izan daiteke aipatzea Adam Smithek eta bere idazlanen jarraitzaile guztiek, salbuespenik gabe nik dakidanez, mantentzen zutena, hau da, lanaren prezioaren igoerak merkantzia guztien igoera uniformea ekarriko lukeela. Espero dut iritzi honen oinarri eza frogatu izana, eta beraz, prezio igoera hori izango duten merkantziek, balio estandarrak duen batezbesteko kapital finkoa baino txikiagoa izan beharko dute; eta kapital finko hori handiagoa badute, alokairuak igotzen direnean prezioa erori egingo da. Alderantziz, alokairuak erortzen badira, balio estandarra ekoizteko enplegatzen den kapital finkoaren proportzioa baino txikiagoa erabilita ekoizten diren merkantzien prezioa jaitsiko da; proportzio hori handiagoa duten guztiek prezio-igoera izango dute.
Azpimarratu behar dut nik ez dudala esan merkantzia batek behar duen lana 1.000£ kostatu delako eta 2.000£ beste batena, batak 1.000£ko balioa izango duela eta 2.000£koa besteak; nik esan dudana, bata bestearekiko balio-erlazioa bitik baterakoa dela da, eta proportzio honetan ganbiatuko direla. Doktrina honentzat ez du garrantzirik merkantzia bat 1.100£n saltzen bada eta bestea 2.200£n, edo bata 1.500£n eta 3.000£n bestea; arazo hau ez dut ikertzen; nik honako hau baieztatu nahi dut: merkantzien arteko balio erlatiboak beren ekoizpenean erantsitako lan-kantitate erlatiboek gobernatzen dituztela6.
VII
Diruaren balioan izandako aldaketek sortzen dituzten efektu desberdinak,-diruaren balioa izanez, beti, prezioa adierazteko neurria-, edo diruz erosten diren merkantzien balioan emandako aldaketek sortutakoak.
Jadanik adierazi dudanez, diruaren balioa aldagaitza dela kontsideratu dudan arren, gainontzeko merkantzien balioan kausatzen diren aldaketa erlatiboak ahal den gardenkien azaltzeko asmoz, egokia izan daiteke ohartzea zeintzuk izango diren ondasunen prezio-aldaketek sortarazitako efektu desberdinak, hain zuzen, nik jadanik aipatutako zergatiek eragindakoak; hau da, ondasun horiek ekoizteko behar diren lan-kantitate desberdinak eta diruaren balioa alteratu delako sortutako aldaketak.
Dirua merkantzia aldaezina izanik, diruzko alokairuen igoera, normalki, diruaren balioa erori egin delako izango da. Zergati honek sortutako alokairu-igoera, nahitaez, merkantzien prezioan emango den gorakadarekin batera gertatuko da; baina kasu horietan aurkituko dugu lanak eta merkantziak, batak bestearekiko, ez dutela aldaketarik izan, eta aldaketak, bakarrik, diruan eman direla.
Dirua etengabeko aldaketekin lotuta egotearen arrazoiak anitzak dira: atzerrian erdietsitako merkantzia izatea, herrialde zibilizatu guztien arteko ganbio-neurri orokorra izatea eta merkataritza eta makinerian sartutako hobekuntzak direla eta, herrialdeen arteko diruaren banaketa-proportzioak, beti, aldatzen aritzea, eta populazio-gehikuntza dela eta elikagaiak eta oinarrizko ondasunak erdiesteko zailtasunak gehitzea. Ganbio-balioa eta prezioa erregulatzen dituzten printzipioak azaltzerakoan, derrigorrez, merkantziak berez dituen aldaketak eta balio-neurria zenbatesten edo prezio-neurria azaltzen duenak eragindakoak berezi behar ditugu.
Alokairuen igoerak, diruaren balio-aldaketak bultzatu badu, efektu orokorra sortzen du prezioan, eta arrazoi horregatik ez du inolako eraginik irabazietan. Aldiz, alokairu-igoera hori langilea gehiago saritzeko bada, edo oinarrizko ondasunak eskuratzen alokairuak gastatzeko zailtasun gehiago dagoelako bada, salbuespen batzuk eginez gero, ez du prezio-igoerarik eragiten, baina irabaziak beheratzen izugarrizko eragina du. Lehenengo kasuan, herrialde honetan ez da urteko lanaren proportzio handiagorik erabiltzen langileak mantentzeko; bigarrenean bai ordea, proportzio handiagoa erabiltzen da.
Irabazi, errenta eta alokairuen artean igoera edo beherakadarik eman den epaitu ahal izateko, etxalde bateko ekoizpen osoa hiru klaseen artean banatuta hartu beharko da, hau da, lurjabe, kapitalista eta langilearen artean; eta ezingo dugu erabili ekoizpen honen balioa zenbatesteko erabiltzen den neurria, dakigunez, neurri hori aldakorra baita.
Irabazi-, errenta- eta alokairu-tasa, ekoizpen hori erdiesteko beharrezkoa den lan-kantitateak zehaztuko dizkigu zuzenki, ez ordea edozein klasek eskuratzen duen ekoizpen-kantitate absolutuak. Nekazaritza eta makineria hobetuz ekoizpen osoa bikoitz daiteke; baina alokairuak, errentak eta irabaziak bikoizten badira, hiru klase hauek lehengo proportzioak mantenduko dituzte, eta ezin izango da erlatiboki aldatu direnik esan. Baina alokairuek ez balute inkrementu honetan parte hartuko, bikoiztu ordez, ehuneko 50 besterik ez balira igoko, errenta ere bikoiztu ordez ehuneko 75 igoko balitz, eta gainontzeko inkrementu guztia irabazira joango balitz, zuzen nengoke errenta eta alokairuak erori eta irabaziak igo direla esatean; ikusi ahal izango genuke ere, ekoizpen honen balioa neurtzeko estandar aldagaitza bagenu, langile- eta lurjabe- klaseentzat balio gutxiago legokeela, eta klase kapitalistarentzat, gehiago, lehenago lortzen zutenarekin erkatuta. Aurkituko genuke ere, adibidez, merkantzien kantitate absolutua bikoiztu den arren, lehengo lan-kantitate berdinaz ekoiztu direla. Ekoiztutako ehun kapela, traje eta labore laurden bakoitzeko:
- Langileek lehen 25
- Lurjabeak lehen 25
- Kapitalistak lehen 50
100 eskuratzen bazuten.
Eta behin merkantzia hauen egun bakoitzeko kantitatea bikoiztu ondoren:
- Langileek orain 22
- Lurjabeak orain 22
- Kapitalistak orain 56
100 eskuratzen badute.
Kasu honetan nik esango nuke alokairuak eta errentak erori diren bitartean irabaziak igo egin direla, nahiz eta klase guztiek merkantzia gehiago eskuratu; izan ere, langile eta lurjabeei ordaindutako kantitatea 25etik 44ra igo da, proportzioa txikiagoa bada ere. Alokairuak bere balio errealean zenbatetsi behar dira, hau da, beraiek ekoizteko enplegatzen den lan- eta kapital-kantitatearen arabera, eta ez bere balio nominaletan, hau da, kapelatan, trajetan, dirutan, edo laboretan. Nik suposatu ditudan egoeretan, merkantziak bere lehengo balioen erdira eroriko dira, eta dirua aldatu ez bada, baita lehengo prezioen erdira ere. Beraz, neurri honen balioa erortzeke mantenduz gero, langileen alokairuak erori egingo dira, baina ez da beherakada erreala izango, zeren eta alokairu txikiago horiekin langileak merkeago diren merkantzi kantitate handiagoa eskuratuko baitu, lehengoekin erkatuta.
Diruaren balio-aldaketak, nahiz eta oso handia izan, ez du irabazi-tasen gaineko eraginik; demagun fabrikante baten ondasunak 1.000£tik 2.000£ra igotzen direla, hau da ehuneko 100; erabiltzen duen kapitalaren balioak ere, diru-aldaketak direla eta, ekoizpeneko balioaren efektu berdina badu, eta beraz, makineria, eraikinak eta merkatal kapitala ehuneko ehun igotzen badira, fabrikante horrek irabazi-tasa berdina izango du eta herrialde horretako lanaren ekoizpen-kantitate berdina eskuratuko du, ez gehiago.
Balio jakineko kapitalarekin, eskulana aurreratuz, ekoizleak ekoiztutako kantitatea bikoiztu ahal badu, eta ondorioz, merkantziak lehengo prezioaren erdira jaisten badira, ekoizpen honek kapitalarekiko lehengo proportzio bera mantenduko du, eta ondorioz, irabazi-tasa ere ez da aldatuko.
Kapital bera enplegatuz ekoizten den kantitatea bikoizten bada eta diruaren balioak, edozein gora-behera dela eta, lehengoaren erdia balio baldin badu, ekoizpen horren diruzko balioa bikoiztu egingo da; baina ekoizpenean enplegatzen den kapitala ere lehengoaren bikoitza izango da, eta beraz, kasu honetan ere, lehengoan bezala, ekoizpenaren balioak kapitalaren balioarekiko duen proportzioa mantendu egingo da: nahiz eta ekoizpena bikoiztu, errenta, alokairuak eta irabaziak, hiru klaseen arteko banaketa-aldaketen araberako proportziotan besterik ez dira aldatuko.