Estetika brebiarioa/Zer da artea?

Estetika brebiarioa  (1912)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
I. Zer da artea?
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

I. Zer da artea?



"Zer da artea?" galderari erantzuteko, txantxa txiki bat erabil genezake (txantxa hori ez litzateke zentzugabea izango, ordea): alegia, mundu guztiak dakien horixe dela. Eta, egiatan, nola edo hala ez bageneki zer den, ezingo genuke ezta galdera hori egin ere, zeren eta galdera orok berez baitarama galdegaiaren berri izatea nolabait, galderan bertan adierazia eta, horregatik, kalifikatua eta ezaguna. Hori, berez, gaitzetsita agertzen zaigu artea dela eta ez dela sarritan, filosofian eta teorian aditu ez direnen ahotan, profanoen ahotan, arrazoitzea maite ez duten artisten, pertsona lañoen bai eta herritar xumeen ahotan ere entzuten diren ideia zuzen sakonetan: ideia horiek, batzuetan, berez aurkitzen ditugu artelan bakanei buruzko iritzietan, baina, beste batzuetan, berriz, aforismo edo definizio moduan ere agertzen zaizkigu. Artearen izaera  "aurkitu" duela uste duen filosofo harroa nahi adina aldiz jar genezake lotsa-gorritan -pentsatzen da batzuetan-, libururik arruntenetan idatzitako perpausak begien aurrean jarriz eta elkarrizketarik ohikoenetako esaldiak entzunaraziz, eta erakutsiz nola agertzen duten horiek, erarik argienean agertu ere, haren aurkikuntza ospatua.

Eta kasu horretan lotsagorritzeko motiboa edukiko luke, bai, filosofoak, inoiz burutik pasatu balitzaio bere irakaskuntzen bidez berak guztiz asmatutako zerbait sortzea giza kontzientzia arruntean, kontzientzia horrentzat arrotz den edozer gauza, mundu guztiz berri bat agertzea. Bera, ordea, ez da aztoratzen eta lehengo lepotik jarraitzen du, ondo baitaki artea zer den galderak (errealitatearen izaerari buruzko edozein galdera filosofikok edo, oro har, jakintza-eskari orok bezalaxe, bestalde), erabiltzen diren hitzen arabera ere, behin-betiko konpondu nahi den erabateko auzi orokor baten itxura hartu arren, aldian aldiko esanahia duela beti, pentsamenduaren historiako une berezi bakoitzean azaltzen diren oztopo bereziei dagokiena, hain zuzen. Noski, egia kaleetatik ibiltzen da, errefrau frantses ezaguneko esprit hura bezala, edota Montaignek bere  "chambrière"aren  "babil"ean antzematen zuen metaforan, erretorikoen arabera "tropoen erregina" den horretan. Baina neskamearen metafora adierazpen-arazo baten konponbidea da, une horretan neskamea aztoratzen duten sentimenduena, hain zuzen; eta, zuzenean edo zeharka, artearen izaeraz oraindik ere entzuten diren baieztapen errazak arazo logikoen konponbide dira, hots, filosofo lana egiten ez duen, baina, gizona izanik, nolabait filosofoa ere baden pertsona bati edo besteari agertzen zaizkion arazoen konponbidea. Eta neskamearen metaforak, poetarenaren aldean, sentimendu sorta urri eskas bat adierazi ohi duen bezala, filosofoa ez denaren baieztapen errazak arazo arina konpontzen du, filosofoak proposatzen duenaren aldean. Artea zer den galderari emandako erantzuna antzekoa izan daiteke itxuraz kasu batean eta bestean, baina bere barne-muinaren aberastasun desberdinagatik bereiztu egiten da kasu bakoitzean; ezen filosofoaren -baldin eta izen hori merezi badu- erantzunak zer eta une horretara arte historian zehar artearen izaeraz sortutako arazo guztiak behar ditu egokiro konpondu; eta profanoarena, aldiz, askoz esparru itxiagoan mugitzen denez, alferrekoa gertatzen da muga horietatik kanpo. Horren froga ditugu, izatez, betiereko ihardunbide sokratikoaren indarra eta doktrinatuek beren galdera zorrotzen bitartez doktrinagabeak nahasturik eta aho zabalik uzteko duten erraztasuna; azken hauek, hasieran ondo hitz egin arren, galdeketa bitartean haien jakintza apur hori ere galtzeko arrisku handian jartzen dira, eta azkenerako babesbide bakarra geratzen zaie, hots, beraien zulora itzultzea,  "huskeriak" ez dituztela maite esanaz.

Beraz, horra hor non koka daitekeen bakar-bakarrik filosofoaren harrotasuna: bere galderen eta bere erantzunen zolitasun handiagoaz jabetuta egotean; harrotasun horri ez zaio apaltasunik falta, ondo baitaki filosofoak bere esparrua zabalagoa izanik ere, edota ahalik eta zabalena halako une batean, mugak ere badituela, une hartako historiak jarritakoak hain zuzen, eta ezin duela osotasun-baliorik amestu edo, esan ohi den bezala, behin-betiko konponbide-baliorik. Izpirituaren geroagoko bizitzak, auziak berrituz eta ugalduz, faltsu ez baina bai desegoki bilakarazten ditu aurreko konponbideak, haien arteko batzuk jakintzat ematen diren egia horien multzoan erortzen direlarik eta beste batzuek, aldiz, berrartuak eta integratuak izan behar dutelarik. Hona hemen, bada, zer den sistema bat: etxe bat, eraiki eta apaindua izan ondoren, mantenu-lan trinko edo ez hain trinkoak baina bai usuak behar dituena (elementuen honda-lana jasaten baitu), eta halako batean berritu eta habetzea merezi ez eta lurrera bota eta zimenduetatik berregin behar dena. Baina alde nabari batekin: pentsamenduaren lanean, etxe etengabe berriari zaharrak eustea etengabe, azken honek, magiaz bezala, berrian dirauelarik. Jakina den bezala, magia horren berri ez dakitenak, adimen axal edo lañoak, izutu egiten dira horrekin; hainbesteraino ere non filosofiaren kontrako haien lelo aspergarrietako bat baita filosofiak etengabe desegiten duela bere lana eta filosofoek aurka egiten diotela elkarri: ez al ditu, bada, gizakiak beti egiten, desegiten eta berregiten bere etxeak?; ondorengo arkitektoak ez al dio aurka egiten aurrekoari?; eta etxeak egin, desegin eta berregiten direlako, arkitektoek elkarri aurka egiten diotelako, etxeak eraikitzea alferrekoa dela atera behar ote dugu, bada, ondorioz?

Zolitasun handiagoaren abantaila eta guzti, filosofoaren galde-erantzunek oker handiagoa egiteko arriskua ere badaramate beren baitan, eta sarritan zentzu onik ezaren antzeko gaitza izaten dute, zein, kultur esfera goragoko batekoa izanik, eta gaitzesgarria izan arren, halako izaera aristokratikoa baitu, izaera hori, erdeinatua eta laidoztatua izan arren, mirestua eta inbidiatua ere badelarik. Horretan oinarritzen da jende arruntaren buru-orekaren eta filosofoen xelebrekerien arteko aldea, hainbatek atsegin handiz nabarmenarazten dutena; argi egonik zentzu oneko gizaki bakar batek ere ez lukeela esango, esate baterako, artea sen sexualaren oihartzuna denik, edota ondo gobernatutako errepublikek legez kanpo jartzea merezi duen zerbait kaltegarria denik: zentzugabekeria horiek, aldiz, filosofoek, bai eta filosofo handiek ere, esan egiten dituzte. Baina zentzuzko gizakiaren xalotasuna pobrezia da, basatien xalotasuna; eta, nahiz basatiaren bizimodu xaloa sarritan goretsia izan, edo filosofien bidez zentzu ona salbatzeko erreparoa aipatua izan, bistan da izpirituak, bere garapenean, adorez egiten diela aurre -beste aukerarik ez baitu- zibilizazioaren arriskuei eta zentzu ona une batez galtzeari. Filosofoak artearen inguruan egiten duen ikerlanak okerbideetatik ibili behar du egibidea aurkitzeko, zeina ez baita beste horiek ez bezalakoa, baizik eta haiek berak, labirintoa menderatzeko aukera ematen duen hari batez zeharkatuak.

Horra hor zergatik sortzen den okerraren eta egiaren arteko lokarri estua: alegia, halako oker huts bat pentsaezina delako, eta, pentsaezina izanik, horrelakorik ez delako existitzen. Okerra bi ahotsez mintzo da: batak faltsukeria baieztatu egiten du, baina besteak gezurtatu; baiezkoek eta ezezkoek topoz topo egiten dute, eta horri kontraesana deritzo. Horregatik, gogoeta orokorretatik halako teoria bat, okertzat jotakoa, haren zatietan eta berezitasunean aztertzera jaisten denean, haren baitan aurkitzen da haren okertasunaren sendagaia, hots, egiazko teoria, okerraren lubeltzean ernatzen dena. Eta ikusten da artea sen sexualaren mailara mugatzen dutenek berek, haien tesia frogatzeko, artea eta sen hori lotu beharrean bereiztu egiten dituzten argudio eta bitarteak erabiltzen dituztela; edota ondo eratutako errepubliketatik poesia egozten zuena bera dardarka aritzen zela, eta ekintza horretan halako poesia berri bat, ezin ederragoa, sortzen zuela. Garai historiko batzuetan, arteari buruzko doktrinarik bihurri eta zakarrenak izan ziren nagusi; eta horrek ez zuen eragozten, ezta garai haietan ere eta erarik seguruenean, edertasuna eta itsustasuna behar bezala bereiztea, eta fintasun handiz haiei buruz arrazoitzea, teoria abstraktua ahaztu ondoren kasu berezietara iristean. Okertasuna beti da gaitzesten, ez epailearen ahotik, baizik eta ex ore suo.

Okerrarekiko lokarri estu horrengatik, egiaren baieztapena borroka-prozesua izaten da beti, zeinen bidez egia hori okerrean okerretik libratzen baita; hor beste nahikunde errukitsu baina ezinezko bat dago, hots, egia hori zuzenean azaldu behar izatea, eztabaidarik edo ika-mikarik gabe, maiestatetsuki agertzen utziz, bakarrik: antzezlekuko agerraldi horiek egiaren sinbolo egokia balira bezala, egia pentsamendua bera izanik, eta, hortaz, ekinean eta lanean beti. Izan ere, inork ezin du halako egia bat azaldu, ezpada egia horrek aipatzen duen auziaren konponbide desberdinen kritikari esker; eta ez dago zientzia filosofiko bati buruzko azterlan ziztrinik, ez dago eskola-liburutxorik ez eta ihardunaldi akademikorik ere buru-buruan jartzen ez duenik edo bere baitan ez daukanik historikoki emandako edo ideialki daitezkeen iritzien aipamenik, dela iritzi horiek ukatzeko edo dela zuzentzeko. Horrek, askotan, norberaren aukeraren arabera eta nahasian egiten den arren, argi uzten du zilegizkoa dela eskatzea, halako arazo bati ekitean, historian saiatu diren edo ideiaren arabera (hots, oraingo unean, baina beti historian) saia daitezkeen konponbide guztiak jorratzea, konponbide berriak giza izpirituaren aurreko langintza izan dezan bere barruan.

Baina eskari hori eskari logikoa da, eta, izatez, gogoeta baten funtsean dagoena eta hartatik bereiztu ezina; eta ez da nahastu behar azalkera literario batekin, ez erortzeko ertaroko eskolastikoak eta hemeretzigarren mendean Hegelen eskolako dialektikoak ospetsu bihurtu zituen pedantekerian, berau sineskeria formalistaren antzeko samarra izanik, azalpen filosofikoaren halako tankera ez-berezko eta mekaniko baten bertute miragarrian sinesten baitu. Hortaz, funtsezko zentzuan behar da ulertu, ez axalekoan, izpiritua errespetatuz eta ez letra, eta askatasunez aritu norbere gogoeta azaltzean, garai, leku eta pertsonen arabera. Hartara, nik, artearen arazoak jorratzeko moduari buruzko orientabide gisa eman nahi dituzten hitzaldi azkar hauetan, ahaleginak egingo ditut pentsamendu estetikoaren historia ez kontatzeko (beste nonbait egin baitut hori) edo arteari buruzko gogoeta okerretatik -pobreenetatik hasi eta, gorantza igoz, aberatsenetaraino- askatzeko prozesu osoa dialektikoki ez azaltzeko (beste nonbait egin baitut hori ere); eta urrutira botako dut, ez nigandik, irakurleengandik baizik, haiek gero, txori-hegaldian zeharkaturiko herrialdearen bistak hartarako gogo emanik, haren alderdi batean edo bestean bidaia bereziagoak egiteari edo alderik alde osorik ibiltzeari ekiten diotenean bizkarreratuko duten ekipaiaren parte bat.

Hala ere, ezinbesteko hitzaurre honi (ezinbestekoa, handiuste itxura guztiak eta, aldi berean, nire ihardunaren ezdeuskeriaren akatsa ere kentzeko) bide eman dion galderara itzuliz -artea zer den-, bizkor esango dut, modurik errazenean, artea ikuspen edo intuizio dela. Artistak irudi edo mamu bat eragiten du; eta artea maite duenak artistaren hatzak seinalatu dion puntura zuzentzen du begia, besteak zabaldu dion zirrikitutik begiratu eta bere baitan birsortzen du irudi hori. "Intuizioa", "ikuspena", "behapena", "irudikapena", "fantasia", "itxurapena", "errepresentazioa" eta abar, arteaz ihardutean behin eta berriro, sinonimo moduan ia, agertzen diren hitzak dira, eta denek adigai berera edo adigai-esfera berera goratzen dute gure gogoa, adostasun orokorraren seinale.

Baina nire erantzunak (hots, artea intuizio dela) inplizituki ukatzen eta artetik apartekotzat ematen duen guzti horretatik bertatik hartzen du esanahi eta indarra, aldi berean. Zein ukapen sartu dira hor? Nagusienak edo, gutxienez, guretzat, gure kultur unean, garrantzi gehien dutenak zehaztuko ditut.

Ezer baino lehen, artea egitate fisikoa dela ukatzen du: adibidez, halako kolore batzuk edo kolore-nahasketa batzuk, halako gorputz tankera batzuk, bero edo argindar fenomeno batzuk, hots,  "fisiko" gisa izendatzen den edozein gauza dela. Pentsamendu arruntean bertan aurkitzen da artea zerbait fisikotzat jotzeko oker hori, eta xaboi burbuila ukitzen duten eta ortzadarra ukitu nahi luketen umeen antzera, giza izpiritua, gauza ederrak mirestean, bere kasa hasten da haien kanpoko izaeraren zergatiak bilatzen, eta eder irizten die -edo horren beharra duela iruditzen zaio- halako kolore batzuei eta itsusi beste batzuei, eder halako gorputz tankera batzuei eta itsusi beste halakoei. Baina ahalegin hori, ganoraz eta metodoaz, hainbat aldiz egin da pentsamenduaren historian: hor daude artista eta teorilari grekoek eta Berpizkunde Arokoek gorputzen edertasunaz finkatu  "kanonak", irudi eta soinuetan antzeman daitezkeen erlazio geometriko eta numerikoei buruzko espekulazioak, edota hemeretzigarren mendeko estetikalarien ikerketak (Fechner-enak, esaterako) eta gure egunotan, filosofia, psikologia edo natur zientziei buruzko biltzarretan, aditu ez direnek fenomeno fisikoen eta artearen arteko harremanen inguruan aurkezten dituzten "komunikazioak". Eta, galdetzen bada zergatik artea ezin den egitate fisikoa izan, ezer baino lehen erantzun behar da egitate fisikoek ez dutela errealitaterik, eta artea, zeini hainbatek eskaintzen baitiote beren bizitza osoa, eta zeinek jainkozko loriaz betetzen baitu mundu guztia, guztiz erreala dela; beraz, ezin da egitate fisikoa izan, hori zerbait irreala delako. Ezbairik gabe, hau paradoxala gertatzen da berehalakoan, ez baitago ezer herri xeheko gizakiari sendo eta seguruagoa iruditzen zaionik mundu fisikoa baino; baina, egia esanda, ez dago gure esku arrazoi onetik urrundu eta haren lekuan hain ona ez den beste bat aukeratzea, lehenak gezur antza duelako soilik; gainera, egia horren bitxitasuna eta gogortasuna gainditzearren, geure burua hartara ohitzearren, gogoan izan dezakegu mundu fisikoaren irrealtasunaren frogapena ezinbestez filosofo guztiek (materialista porrokatuak ez direnek eta materialismoaren kontraesan kirrinkarietan erortzen ez direnek) onartu dutela eta orain ere onartzen dutela, eta, gainera, fisikalariek berek ere aitortzen dutela, haien zientziarekin nahasten dituzten filosofia-zirriborroetan, fenomeno fisikoak esperientziatik aldentzen diren printzipioen, atomo edo eterraren sorkaritzat edo halako Ezagutezin baten agerpentzat hartzen dituztenean: materialisten Materia bera ere printzipio materiaz-gainekoa da, bestalde. Hortaz, egitate fisikoak, beren barne-logikatik eta adostasun orokorraz, errealitatea ez, baizik gure adimenak zientzi-helburuetarako osatzen duen eraikuntza baten antzeko gertatzen da. Ondorioz, artea egitate fisikoa ote den galderak arrazionalki beste esanahi hau bereganatu behar du: artea fisikoki eraikigarria ote den. Hau posiblea da egiatan, eta horixe egin ere egiten dugu, esaterako, halako poesia batek dituen hitzak kontatzen edo silabatan eta hizkitan banatzen dugunean, poesiaren zentzutik urrunduz eta hartaz gozatzeari uko eginez, edota, halako estatua bat neurtzen eta pisatzen dugunean, haren eragin estetikoa ahaztuz: azken jokaera hau oso baliagarria da estatua-enbalatzaileentzat, hala nola aurrekoa baliagarria baita poesia-orriak  "moldatu" behar dituzten tipografoentzat; baina guztiz alferrekoa, aldiz, arte mireslearentzat eta ikertzailearentzat, hauei ez baitzaie komeni, ez eta zilegi ere, beren miresgaitik edo ikergaitik "urruntzea". Nolanahi ere, bigarren esanahi horretan ere artea ez da egitate fisikoa; hau da, haren izaeran eta iharduteko moduan barnatu nahi dugunean, alferrik dugu hura fisikoki eraikitzea.

Badago beste ukapen bat artea intuiziotzat jotzen duen definizioan: alegia, artea intuizioa bada, eta intuizioa teoria bada so egitearen jatorrizko zentzuan, orduan artea ezin daiteke ekintza erabilgarria izan; eta, ekintza erabilgarria beti halako plazer bat lortzera eta beraz halako oinaze bat urruntzera zuzentzen denez gero, arteak, bere funtsean, ez dauka zerikusirik, berez, baliagarritasunarekin, plazerrarekin eta oinazearekin. Izan ere, onartuko da, gehiegizko borrokarik gabe, halako plazer bat, edonolako plazerra, ez dela berez artistikoa, plazerra den neurrian: ez da artistikoa egarria kentzen digun ur zurrutadaren plazerra, hanka-besoak bizkortzen eta odola arinagotzen dizkigun aire zabaleko ibilaldiarena, bizimodu egokia ematen digun lanbidea eskuratzearena, etab. Baita artelanen eta geure artean finkatzen diren erlazioetan ere begietaratzen zaigu plazerraren eta artearen arteko aldea, ezen litekeena da errepresentaturiko irudia atsegingarria izatea guretzat eta oroitzapenik eztienak ernaraztea, baina, halere, koadroa itsusia izatea; edo, alderantziz, koadroa ederra izatea eta errepresentaturiko irudia, ordea, gorrotagarria gure bihotzarentzat; edota koadroak berak, eder irizten badiogu ere, amorrua eta ondamua piztea gure barruan, gure aurkari edo arerio baten lana delako, eta onura eta indar berria ekarriko diolako horri: gure interes praktikoak, dagozkien plazer-oinazeekin nahaspilatu eta matazatu egiten dira noizean behin, asaldatu egiten dute gure interes estetikoa, baina harekin inoiz ere bat egin gabe. Gehienez ere, balio osoz artea atseginbide bezala definitu ahal izateko, oro har atseginbide ez, baizik eta atseginbide mota berezi bat dela baieztu beharko da. Baina murrizketa hori jadanik ez da babesbide, eta bai ordea tesi horren ukapena, zeren eta, arteari plazer mota bat irizten diogularik, haren izaera bereizgarria ez bailuke atseginbideak emango, baizik eta atseginbide hori beste atseginbideetatik bereizten duen zer horrek, eta gure ikerlana osagai bereizgarri -atseginbide baino areagokoa edo bestelakoa den- horretara zuzentzea komeniko bailitzateke. Hala eta guztiz ere, artea atseginbide bezala definitzen duen doktrinak izendapen berezia dauka (Estetika hedonista), eta gora-behera ugari eta korapilatsuak doktrina estetikoaren historian: mundu greko-erromatarrean bertan azaldu zen, nagusi izan zen xviii. mendean, berriz loratu zen xix.eko bigarren zatian eta ospe handia dauka oraindik ere, eta estetikan hasberri direnen artean bereziki dauka harrera ona, liluratuta baitaude arteak plazerra eragiten duelako kontu horrekin. Doktrina honen bizitzaren funtsa hauxe izan da: aldi bakoitzean halako edo holako plazer mota bat proposatzea, edo mota batzuk aldi berean (goreneko zentzuen plazerra, jokoaren plazerra, norbere indarraren jakitun izatea, erotismoa, etab.), edota atseginbidea ez beste osagai batzuk ere eranstea horri, esaterako baliagarritasuna (atseginbidetik apartekotzat jotzen zenean), ezagutzazko, moralezko eta antzeko beharren asetasuna. Eta aurrerakuntza kezka horren medioz garatu da hain zuzen, bai eta ere haren altzoan irakiten utziz ere kanpoko osagaiak, doktrinak berak aintzat hartuak bere burua artearen errealitatearekin nolabait adosteko beharragatik, horrela iritsi delarik doktrina hedonistiko bezala berez deuseztatzera eta oharkabean doktrina berri bat bultzatera edo, gutxienez, horren beharra sentiaraztera. Eta oker orok bere egiazko motiboa duenez gero (doktrina fisikoarena ikusi da: artea, beste edozein egitate bezala, fisikoki  "eraikitzeko" aukera, alegia), doktrina hedonistak ere badu bere betiereko motibo egiazkoa: nabarmen uztea iharduera estetikoak eta gogo-iharduera mota orok hedonismoa dutela lagun, plazerra alegia, zeina ez baita inondik ere ukatu nahi, artearen eta atseginbidearen arteko lotura etsi-etsian ukatzen denean edo artea atseginbidetik bereizten denean, intuizio bezala definituz.

Artea intuizio bezala definituz hirugarren ukapen bat gertatzen da, hots, artea ekintza morala dela: hau da, ekintza praktikoa, derrigorrez baliagarritasunarekin, plazerrarekin eta oinazearekin bat egin arren berehalakoan baliagarria eta hedonistikoa ez dena eta goragoko izpiritu-esfera batean mugitzen dena. Baina intuizioa, ekintza teoretikoa izanda, edozein praktikaren aurkakoa da. Eta, egiatan, artea, antzina-antzinatik jakina denez, ez da sortzen borondatearen eraginez: borondate onak, gizon prestua definitzen duenak, ez du artista definitzen. Eta, borondatearen eraginez sortzen ez denez gero, edozein bereizketa moraletatik aldentzen da, ez ordea salbuespen-pribilegioa onartu zaiolako, ezpada, bakar-bakarrik, bereizketa moralak ez duelako aurkitzen hari ezartzeko modurik. Halako irudi artistiko batek moralaren aldetik goresgarri edo gaitzesgarria den irudi bat agertuko du; baina irudia bera, irudia baino ez izanik, ez da moralki goresgarria ez eta gaitzesgarria ere. Ez dago kode penalik halako irudi bat giltzapera edo heriotzara kondena dezakeenik; eta ez hori bakarrik: ez dago inolako epai moralik, pertsona arrazoizko batek emandakorik, bere objetu bihur dezakeenik: hori Danteren Francesca inmoraltzat eta Shakespeareren Cordelia moraltzat jotzea bezala litzateke (eginkizun artistikoa baino ez dute, eta Danteren edo Shakespeareren arimaren nota musikalak-edo dira), edota laukia inmoraltzat eta triangelua moraltzat jotzea bezala. Beste alde batetik, artearen teoria moralista ere irudikatuta dago doktrina estetikoen historian, eta egunotan ere ez dago erabat hilik, nahiz eta iritzi gehienen arabera nahikoa galduta eduki bere ospea: ospea galdu du, ez bakarrik bere berezko desmerezimenduagatik, baizik eta, nolabait, gaur egungo joera batzuen desmerezimendu moralagatik, erraztu egiten baitute, gogaipen psikologikoari esker, arrazoi logikoengatik bakarrik egin beharko litzatekeen -eta hemen egiten dugun- ezespena. Eta doktrina moralistaren ondorena da arteak duen helburu aurrefinkatua: alegia, ontasunera zuzenduta egotea, gaiztasuna gorrotatzea, ohiturak zuzendu eta hobetzea; bai eta artistei eskatzen zaiena ere: hots, beren ahaleginekin laguntzea herri xehearen heziketa zibilean, herriaren izpiritu nazional edo borrokazalea indartzen, bizimodu apal eta lantsuaren idealak zabaltzen, etab. Gauza horiek guztiak ezin ditu egin arteak, geometriak ere ezin egin dituen bezalaxe, zeinek, halere, bere ezintasun horrengatik ez baitu ezertan ere galtzen bere errespetagarritasuna, eta ez da ikusten, beraz, arteak zergatik galdu beharko lukeen. Eta ezin egin ditzakeela, estetikalari moralistek berek ere ikusten zuten nolabait; eta horregatik nahiko gogo onez ematen zioten amore, moralak ez ziren plazerrak ere eragitea onartzen ziotelarik, baldin eta nabarmenki desonestuak ez baziren, edo eskatzen ziotelarik helburu onarekin erabiltzeko arteak bere indar hedonistaren bidez arimaren aldean daukan nagusitasuna, eta okerrak estaltzeko, gozokiz basitzeko sendagai mingotsa daukan edalontziaren ertzak, eta, laburtuz, kortesanarenak egiteko (antzinako eta sortzezko bizioari uztea lortzen ez zuelako), bai, baina Eliza santuaren eta moralaren zerbitzuan. Eta beste batzuetan irakasteko tresna bezala erabiltzea pentsatzen zuten, ezen bertutea ezezik, zientzia ere bada gauza latza, eta arteak laztasun hori kendu eta atsegingarri eta erakargarri bihur dezake zientziaren palazioan sartzea, edo, are gehiago, gizakiak bertaratu Armidaren lorategi batean barrena bezala: alai eta boluptatez, haiek ezertan ere ohartu gabe eskuratzen ari diren gozamen handiaz eta beren buruei prestatzen ari zaizkien eraberritze-krisiaz. Guk, orain, teoria hauetaz ari garelarik, nekez eutsiko diogu irribarreari; baina ez dugu ahaztu behar gauza serioa izan zirela eta artearen izaera ulertzeko eta haren kontzeptua goraltzeko ahalegin serio bati erantzun ziotela, eta sinesle izan zituztela (literatura italiarretik irten gabe) nor eta Dante eta Tasso, Parini eta Alfieri, Manzoni eta Mazzini. Eta artearen doktrina moralista onuragarria izan zen, da, eta izango da beti ere bere kontraesanengatik berengatik; eta ahalegin bat -ondikozko samarra- izan zen, da, eta izango da artea atseginbide hutsetik banantzeko, harekin nahasten baita inoiz, eta leku duinagoan jartzeko; eta horrek ere badu bere egiazko alderdia, ezen, artea moralaz harantzago badago ere, artista ez dago ez harantzago ez honantzago, haren nagusitasunaren pean baizik, gizakia baita, giza eginbeharrei ihes egin ezin diena eta artea bera -moral ez den eta sekulan izango ez den artea- misiotzat hartu eta halako apaizgo baten antzera erabili behar duena.

Hondarrean (eta hau dugu azkena, eta beharbada garrantzitsuena, honi dagokionez gogoratzea komeni zaizkidan ukapen orokorren artean), artea intuizio bezala definituz ukatu egiten da ezagutza kontzeptual izaera duela. Ezagutza kontzeptuala, bere forma hutsean, filosofian alegia, errealista da beti, eta errealitatea irrealitatearen aurka finkatzea bilatzen du, edo irrealitatea azpiratzea, berau errealitatean sartuz haren mendeko mementu bezala. Baina, hain zuzen ere, intuizioak errealitatearen eta irrealitatearen arteko bereizketarik eza esan nahi du, irudia irudi hutsaren balioaz, irudiaren ideialtasun hutsa; eta, ezagutza intuitibo edo sentigarria ezagutza kontzeptual edo adigarriari eta estetika noetikari kontrajartzean, ezagutza mota bakun eta elementalago horren beregaintasuna aldarrikatzea bilatzen da, ezagutza hori konparatua izan delarik bizitza teoretikoaren ametsarekin (ametsarekin, eta ez loarekin), zeinen aldean filosofia esnaldia izango bailitzateke. Eta, egiatan, nork ere galdetzen baitu, artelan baten aurrean, artistak adierazi duena metafisikoki eta historikoki egiazkoa ala gezurrezkoa ote den, esanahirik gabeko galdea egiten du, eta moraltasunaren epaitegiaren aurrean fantasiaren irudi airezkoak itzuli nahi dituenaren errakuntzaren antzeko okerrean erortzen da. Esanahirik gabekoa, egiazkoa eta gezurrezkoa bereizteak errealitate-baieztapen bat eskatzen du, epai bat alegia, baina ezin da erori irudi baten aurkezpenean, edo, ez kalifikaziorik ez predikaturik ez izanik epaigai ez den sujetu huts baten gainean. Alferrik da kontra egitea, esanez irudiaren banakotasunak ez duela irauterik unibertsalarekiko erreferentziarik gabe, irudia haren alde bat baita; ezen hemen ez da ukatzen unibertsala alde orotan dagoela eta dena animatzen duela, Jainkoaren izpiritua bezala, eta bai, aldiz, intuizioan, intuizioa den aldetik, unibertsala logikoki esplizitatua eta pentsatua dagoela. Eta alferrik da, orobat, izpirituaren batasunaren printzipioa aldarrikatzea, ez baita inolaz ere astinduta gertatzen, eta bai aldiz indarberrituta, fantasia eta gogoeta argi eta garbi bereiztean, bereizketatik soilik sortzen delako aurkakotasuna eta aurkakotasunetik batasun konkretua.

Idealtasuna da (horrelaxe ere deitu izan zaio intuizioa kontzeptutik, artea filosofiatik eta historiatik, unibertsalaren baieztapenetik eta gertatuaren somaketatik edo kontaketatik bereizten dituen ezaugarri honi) artearen ondorengo bertutea: idealtasun horretatik hausnarketa eta epaia atera orduko, artea haizatu eta hil egingo da: artistaren baitan hiltzen da, artista zena bere buruaren kritikalari bihurtzen baita; ikusle edo entzulearen baitan hiltzen da, arte-begiratzaile liluratua zena bizitza-begiratzaile gogoetatsu bilakatzen baita.

Baina artea filosofiatik (azken hau bere zabalean ulertuz, hau da, errealitateari buruzko gogoeta oro kontuan izanik) bereizteak beste bereizketa batzuk dakartza berekin, haien artean, lehen-lehenik, artea mitotik banantzen duena. Izan ere, mitoa, hartan sinesten duenari, errealitatearen azalpen eta ezagutza bezala agertzen zaio irrealitatearen kontra, sineste ezberdinak ondotik kanporatuz, faltsuak edo lilurazkoak direlako. Arte bilaka daiteke, baina bakar-bakarrik hartan sinesten ez duenarentzat, eta mitologia metafora moduan, jainkoen mundu larderiatsua mundu eder baten moduan, eta Jainkoa gorentasun irudi moduan erabiltzen dituenarentzat. Haren jatorrizko errealitatean aintzat harturik, mitoa erlijio da eta ez fantasia huts, sineslearen ariman, ez ordea sinesgabearenean; eta erlijioa filosofia da, lantzen ari den filosofia, filosofia betegina edo ez, baina filosofia, hala nola filosofia erlijio baita, gutxi gora-behera purifikatua eta landua, etengabe lantzen eta purifikatzen ari dena, baina erlijio edo Absolutuaren eta Betierekoaren pentsamendu. Mito eta erlijio izateko, arteari pentsamendua falta zaio hain zuzen, bai eta hartatik sortzen den fedea ere; artistak ez du sinesten ez eta des-sinesten ere bere irudian: sortu egiten du. Bestelako arrazoi batengatik, artea intuiziotzat hartzen duen kontzeptuak kanpo uzten du artea klase, mota, espezie edo generotzat hartzen duen irizpidea, edo, baita ere (matematiko eta filosofo handi batek musikaz esan zuen bezala), oharkabeko aritmetika-ariketatzat hartzen duena; esan nahi baita, artea zientzia positiboetatik eta matematiketatik bereizten du, bi horietan aurkitzen delarik forma kontzeptuala, baina izaera errealistarik gabe, eta irudikapen orokor edo abstrakzio huts gisa. Horrela, idealtasun hori, zientzia natural eta matematikoak berebaitaratzen bide duena filosofiaren, erlijioaren eta historiaren munduaren aurrean, eta artera hurbiltzen bide duena (eta zeinengatik zientzilari eta matematikoak gogo handiz harrotzen baitira, gure egunotan, mundu-sortzaile, fictio-sortzaile izateaz, poeten fikzio edo irudikapenen antzeko direlarik baita izendatzen dituen hitzean ere), pentsamendu konkretuari uko eginez irabazten da, orokortze edo abstrakzio bati esker, berauek gurariak, nahiaren erabakiak eta ekintza praktikoak izanik, eta, ekintza praktiko diren heinean, arrotz eta etsai artearen munduan. Horrela, beraz, gertatzen da arteak askoz higuin handiagoa diela zientzia positibo eta matematikoei, ezen ez filosofiari, erlijioari eta historiari, zeren hauek teoriaren eta ezagutzaren mundu bereko herkide bezala azaltzen baitzaizkio, non eta beste haiek, praktikak so egitearekiko duen zakartasunaz, iraintzen duten lekuan. Poesiak eta sailkapenak eta, are okerrago, poesiak eta matematikak askoz urrunago dirudite elkarrengandik, suak eta urak elkarrengandik baino: esprit mathématique eta esprit scientifique deitzen direnek esprit poétique delakoaren etsairik porrokatuenak; natur zientziak eta matematika nagusi diren garaiek (xviii. mende adimenzaleak, adibidez), antzuenak poesiarako.

Artearen alogikotasunaren aldarrikapen hau, esan dudan bezala, arte-intuizio formulan sartutako eztabaidagairik zail eta garrantzitsuena da; izan ere, artea filosofia bezala, erlijio bezala, historia bezala eta zientzia bezala eta, neurri txikiagoan, matematika bezala azaldu nahi duten teoriek lekurik handiena hartzen dute zientzia estetikoaren historian, eta filosoforik handienen izenez apaintzen dute beren burua. xix. mendeko filosofian, Schelling eta Hegelek eskaintzen dizkigute artea erlijioarekin eta filosofiarekin bat egin edo nahasten duten adibideak; Tainek, aldiz, natur zientziekin nahasten dutenak; berista frantsesen teoriek, behaketa historiko eta dokumentalarekin; eta matematikarekin nahasten dutenak, herbartiarren naturalismoak. Baina alferrekoa litzateke autore horietan edo gogora litezkeen besteetan bilatzea oker horien adibide hutsak, okerra inoiz ez baita  "hutsa", hori izaterik edukiko balu, egia izango litzateke-eta. Eta horregatik, baita labur beharrez  "kontzeptualista" deituko ditudan arteari buruzko doktrinek ere badituzte beren baitan osagai suntsigarriak ere, are ugari eta eraginkorragoak zenbat eta kementsuagoa izan doktrina horiek defenditzen zituen filosofoaren izpiritua; eta horregatik beste inorengan baino ugari eta eraginkorragoak Schelling eta Hegelengan, zeinek artegintzaren halako kontzientzia bizia edukita, haien sistemen egitekoan dagoenaren aurkako teoria iradoki baitzuten beren oharpenen eta haien garapen berezien bitartez. Bestalde, teoria kontzeptualistek berek, goragoko maila batekoak izateaz gain -artearen izaera teorikoa aitortzen dutelako- lehenago aztertutakoak baino, haien ekarpena ematen diote egiazko doktrinari, fantasiaren eta logikaren, artearen eta gogoetaren artean halako erlazio batzuk (bereizketa baina, orobat, batasuna) egotea exijitzen baitute.

Eta hortxe ikus daiteke nola  "artea intuizioa da" formula ezin sinpleagoa -beste hitz sinonimo batzuetara itzulita (adibidez,  "artea fantasiaren lana da") entzuten dena arteaz ihardun ohi dutenen ahotan, eta hitz zaharragoekin ( "imitazioa", "fikzioa", "alegia", etab.) liburu zahar askotan aurkitzen dena-, mintzaldi filosofiko baten kontestuan ezpainetaratua, halako eduki historiko, kritiko eta eztabaidagarri batez betetzen den, zeinen aberastasunaz saiakera banakaren bat baino ez baita moldatu. Eta inor ez da gehiago harrituko filosofia formula horretaz jabetzea neke pila izugarri handia kostatu izanaz, ezen jabetze hori gerlan luzaroan borrokagai izandako muino batean oina jartzea bezalakoa da, muino horrek guztiz bestelako balioa izanik bake garaian ibiltari kezkagabeak arin igarotzen duenean: jadanik ez da ibilaldi bateko atsedenleku hutsa, baizik eta armada baten garaipenaren sinbolo eta ondorio. Estetika-historiariak aurreramendu neketsuaren etapei jarraitzen die, zeinetan (eta hona hemen gogoetaren beste magia bat) garailea, indarra galdu ordez etsaiak emandako kolpeengatik, indarberritu egiten baita kolpe horiekin, irrikatutako tontorrera iristen delarik etsaia atzeraraziz eta, halere, haren ondoan. Nik, hemen, bidenabar baino ezin dut gogora ekarri nolako garrantzia duen mimesiaren kontzeptu aristotelikoak (poesiaren gaitzespen platonikoaren aurka sortuak), eta filosofo berak poesia historiatik bereizteko egin zuen saioak: kontzeptu hori ez zegoen behar bezain garatuta, eta agian ezta oso umotuta ere haren gogoan, eta horregatik gaizki ulertua izan da luzaroan, baina garai modernoetan, mende askoren buruan, pentsamendu estetikoaren abiapuntua izan da. Halaber, bidenabar gogoraraziko ditut, alde batetik, logikaren eta fantasiaren, iritziaren eta gustuaren, adimenaren eta jeinuaren arteko desberdintasunaren kontzientzia gero eta handiagoa, xvii. mendean barrena bizkortzen hasia, eta bestetik Vicoren Scienzia nuova-n Poesiaren eta Metafisikaren arteko bereizketak hartutako tankera arranditsua; edota Aesthetica baten egitura eskolastikoa, Logica ez bezalakoa, gnoseologia inferior eta scientia cognitionis sensitivae bezala, Baumgarten-ek sortua; berau, bestalde, harrapatuta geratu zen arteari buruzko ulerbide kontzeptualistan eta bere lanaz ez zuen moldatu eratua zuen helburua; eta Kantek Baumgarteni eta leibniztar eta wolftar guztiei egin zien kritika, argi utzi zuena intuizioa intuizio dela eta ez, ordea,  "kontzeptu nahasi" bat; eta erromantizismoa, zeinek arteari buruzko ideia berria, Vicok iragarria, garatu baitzuen bere arte-kritikaren eta bere istorioen bidez, bere sistemen bidez baino hobe beharbada; eta, azkenik, Italian, Francesco de Sanctisek, utilitarismo, moralismo eta kontzeptualismo guztien kontra artea forma huts bezala (berak erabilitako hitza), hots, intuizio huts bezala finkatu zuenak inauguratutako kritika.

Hortaz, "kimu baten gisa" -dio aita Danteren terzetoak- sortzen da zalantza, giza adimena  "hara eta hona" eramaten duena, hain zuzen ere. Artea intuiziotzat, fantasiatzat, formatzat hartzen duen doktrinak ondorengo (eta ez dut esango  "azkenengo") arazo bat dakarkigu, ez ordea fisikatik, hedonismotik, etikatik eta logikatik bereiztu eta haiei kontrajarri beharrari dagokiona, ezpada irudien alorraren beraren barrukoa; eta, zalantzan jarriz irudia nahikoa dela artearen izaera definitzeko, egiatan benetako irudia sasikotik bereizteko moduaren inguruan mugitzen da eta bide horretatik irudiari eta arteari buruzko kontzeptua aberasten du. Zein langintzak (galdetzen da) eduki dezake giza izpirituan irudi hutsezko mundu bat, balio filosofiko, historiko, erlijioso edo zientifikorik ez duten eta baita balio moral edo hedonistikorik ere ez duten irudi hutsez eginikoa? Ba al dago ezer begiak zabalik amestea baino alferrekoagorik, begiak ezezik adimena ere zabalik eta izpiritua gertu edukitzera behartzen gaituen bizitza honetan? Irudi hutsak! Baina irudi hutsez elikatzeak izen ez oso ohoretsua dauka,  "txakur-ametsak egitea" alegia, eta askotan  "alferreko" izenlaguna eransten zaio, gainera: nahiko gauza hutsal eta geza. Hori ote da artea? Noski, batzuetan atsegin zaigu abentura-elaberritxoren bat irakurtzea, zeinetan irudiak irudien atzetik agertzen baitzaizkigu modurik ugari eta ustekabekoenean; baina nekaldietan atsegin zaizkigu, hau da, denbora pasatzera behartuta gaudenean, eta zehatz-mehatz dakigularik gauza hori ez dela artea. Kasu horietan, denborapasa eta jokoa baino ez da; baina artea joko eta denborapasa balitz, doktrina hedonisten beso zabal eta hura beti hartzeko gertuetan eroriko litzateke. Eta beharrizan utilitario eta hedonista batek bultzatzen gaitu batzuetan adimenaren eta borondatearen arkua laxatzera eta etzatera, irudiak bata bestearen ondoren ibiltzen utziz gure oroimenean edo bitxiro nahastekatuz gure irudimenarekin, nolabaiteko lo-ernai batean, zeinetatik esnatzen baikara atsedenaldia bete eta berehala: eta esnatu, gainera, batzuetan, hain zuzen ere artelanari ekiteko, zeini ezin baitio ekin etzanda dagoenak. Hartara, edo artea ez da intuizio huts, eta doktrinek adierazitako exijentziak, gorago ustez ezetsita geneuzkanak, ase gabe geratzen dira, eta horregatik doktrina horien ezespena zalantzaz asaldatzen da, edota intuizioa ezin da irudikatze hutsa izan.

Arazo hori zehatz eta zailago bihurtzeko, erantzun erraza duen zatia kendu beharko zaio berehala, nik ahaztu nahi izan ez dudana, askotan horri erantsita eta berarekin nahastuta agertzen delako. Egia esanda, intuizioaren sortzailea irudia da, eta ez ordea irudi pila itxuragabe bat, lehenagoko irudiak gogoratuz, nahikunde hutsagatik bata bestearen ondotik sortzen utziz, antzeko nahikundeagatik bata bestearekin konbinatuz lortzen dena, giza buruari zaldi-garondoa erantsirik eta haur-joko bat eginik. Intuizioaren eta irudikeriaren arteko bereizketa hau azaltzeko, antzinako Poetikak batasunaren kontzeptua erabiltzen zuen batik bat, baldintza bezala jarriz ezen, edonolako artelana eginda ere, horrek simplex et unum izan behar zuela; edota beste antzeko kontzeptu bat, ugaritasunaren barruko batasuna, hots, irudi ugariek haien erdigunea aurkitu eta irudi orokor batean bildu behar dutela; eta xix. mendeko estetikak helburu horretxekin fantasiaren (ahalmen artistiko berezia litzateke hau) eta irudimenaren (hau, aldiz, arteaz kanpoko ahalmena) arteko bereizketa asmatu zuen, haren filosofo askotxoren baitan aurkitzen dena. Irudiak pilatu, aukeratu, zatitu eta konbinatzeak izpirituan irudi sinpleak sortu eta edukitzea esan nahi du; eta fantasia sortzaile da, irudimena parasito eta konbinaketa ez-berezkoak egiteko eta ez ordea organismoa eta bizitza sortzeko gauza baino ez den lekuan. Hauxe da, beraz, lehenagoko aurkezpenean erabili dudan formula azaleko samarraren azpian datzan arazorik sakonena: alegia, zein eginkizun dagokio irudi hutsari izpirituaren bizitzan?, edo (funtsean, balio bera duena) nola sortzen da irudi hutsa? Artelan bikain guztiek imitatzaile-ilara luzea eragiten dute, artelan hori errepikatu, zatitu, konbinatu, mekanikoki exajeratu eta irudimena fantasiarantz edo fantasiaren aurka irudikatzen dutenak. Zein da, bada, gero, (ospe-seinale!) hainbeste triskantza jasan behar duen lan bikainaren zuribidea edo sorrera? Puntu hau argitzeko, fantasiaren eta intuizio hutsaren izaeran sakontzen jarraitu beharra dago.

Sakontze hori prestatzeko modurik onena dugu intuizio artistikoa eta irudimen moldagabe hutsa bereizten (errealismoan edo kontzeptualismoan berriz ez erortzen saiatuz) ahalegindu diren teoriak gogoratu eta kritikatzea, batasunaren printzipioa zertan datzan finkatzea eta fantasiaren produktibotasuna justifikatzea. Irudi artistikoa (halaxe esaten da) horixe bera da, sentigarritasunari adigarritasuna lotu eta ideia bat errepresentatzen duenean. Orduan, "adigarri" eta "ideia" hitzek kontzeptu esanahia baino ezin dute eduki (eta ez dute bestelako esanahirik eduki doktrina honen sustatzaileentzat); esan nahi baita, kontzeptu zehatz edo ideia, goi mailako espekulazio filosofikoari dagokiona eta kontzeptu abstraktutik eta zientzien kontzeptu errepresentatibotik bereizten dena. Baina, nolanahi ere, kontzeptu edo ideiak beti lotzen dio adigarritasuna sentigarritasunari, eta ez artean soilik, zeren eta kontzeptuari buruzko kontzeptu berriak, Kantek inauguratu eta pentsamendu moderno osoan inmanente (nolabait esateko) denak, mundu sentigarriaren eta mundu adigarriaren arteko etena sendatzen baitu, kontzeptua epaitzat hartuz, eta epaia a priori-ko sintesitzat, eta a priori-ko sintesia haragitu den berbotzat, historiatzat. Horrela, artearen definizio hark, bere helburuaren kontra, fantasia logikara eta artea filosofiara zuzentzen ditu; eta eraginkor azaltzen da zientziari buruzko ulerbide abstraktuaren aurrean gehienez ere; ez ordea artearen auziarekiko (Kanten Judizioaren kritika estetiko eta teologikoak izan zuen betekizun historikoa, hain zuzen ere, Arrazoi hutsaren kritika-n gelditzen zen abstrakzioa zuzentzea izan zen). Alferrikakoa litzateke kontzeptuarentzat osagai sentigarri bat eskatzea, berez duenaz aparte, kontzeptu zehatza den neurrian, eta hura adierazteko erabiltzen diren hitzez aparte. Eskari horri eutsiz, irteten gara, bai, artea filosofiatzat edo historiatzat hartzen duen ulerbidetik, baina artea alegoriatzat hartzeko besterik ez. Eta ondo ezagunak dira alegoriaren eragozpen gaindiezinak; ezaguna eta orokorki jakina den bezala haren izaera hotz eta antiartistikoa. Alegoria bi egitate izpiritualen -kontzeptu edo gogoeta baten eta irudi baten- batasun ez-berezkoa da, hots, haien uztartze konbentzional eta arbitrarioa, zeinen bidez ulertzen baita irudi horrek kontzeptu hori errepresentatu behar duela. Eta haren bitartez ez bakarrik ez da azaltzen irudi artistikoaren batasuna, baizik eta, gainera, halako bitasun bat finkatzen da derrigor, esan dugun uztartze horretan gogoeta gogoeta gelditzen delako eta irudia irudi, haien arteko harremanik gabe; halako moldez non, irudiari begira gaudelarik, kontzeptua ahazten baitugu inolako kalterik hartu gabe, eta bai ordea onura, eta kontzeptuaz pentsatzen dugunean alferreko irudi gogaikarria haizatzen dugu, onuraz hori ere. Alegoriak ospe handi samarra izan zuen Ertaroan, germaniartasun eta erromatartasunez, barbarokeria eta kulturaz, fantasia oparo eta hausnartze meharrez eginiko nahas-mahas hartan; baina Ertaroko arteari buruzko aurriritzi teorikoa izan zen hura, eta ez haren egiazko errealitatea, ezen artea dagoen lekuan, bere ondotik bota edo bere baitan konpontzen du alegorismoa. Eta bitasun alegorista hori konpondu beharrak, hain zuzen, hobetu egiten du intuizioa ideiaren alegoriatzat jotzen duen teoria, intuizioa sinbolotzat hartzen duen teoriara ekarriz; izan ere, sinboloan ideia ez dago jada berez, irudikapen sinbolizatzailetik aparte pentsagarri, eta azken hau ere ez dago berez, modu bizian errepresentagarri sinbolizaturiko ideia gabe. Ideia osorik urtzen da irudikapenean, basokada bat uretan urtzen den azukre-koskorra bezala (horixe esaten zuen Vischer estetikariak, gehienez ere auzi bai poetiko, bai metafisiko batean horrelako konparazio laua egitea bakarrik leporatu ahal zaiolarik). Horrela, bada, ideia, desagertu dena, osorik irudikapen bihurtu den ideia, jada ideia moduan antzeman ezin den ideia (non eta ez den ateratzen azukrea azukre-uretik ateratzen den bezala) ez da gehiago ideia: eta irudi artistikoaren batasunaren printzipio oraindik aurkitu gabearen seinalea baino ez da. Jakina, artea sinbolo da, osorik sinbolo, hots, osorik adierazle; baina zeren sinbolo?, zein gauzaren adierazle? Intuizioa egiatan da artistikoa, egiatan da intuizio, eta ez irudi-metaketa nahasi hutsa, halako printzipio bizigarri bat daukanean, berarekin bat eginez bizten dena; baina zein da printzipio hori?

Galdera honen erantzuna, esan daiteke artearen alorrean inoiz egin den joera-kontrakotasunenik handiena izan denaren azterketatik ateratzen dela ondorioz (baina ez da agertzen izena eman zion eta nagusitasunean egon zen garaian bakarrik): erromantizismoaren eta klasizismoaren arteko kontrakotasuna. Oro har hitz eginez, komeni den bezala, eta albo batera utziz zehaztapen txikienak eta zeharrekoenak, erromantizismoak arteari eskatzen diona grinak, maitasunak eta gorrotoak, bihotz-esturak eta pozaldiak, etsipenak eta goraldiak berez eta indarrez kanporatzea da batez ere; eta askiesten ditu, gogo onez, irudi lauso zehaztugabeak, estilo eten eta zirriborratuak, iradokizun lañoz, gutxi gora-beherako esaldiz eta zirriborro ahaltsu eta nahasiz moldatuak; klasizismoak, aldiz, aldarte lasaia, marrazkera jakintsua, irudiak beren izaeran ondo aztertuak eta lerro zehatzekoak, neurria, oreka eta garbitasuna ditu maite; eta, etsi-etsian, irudikapenerako joera du, besteak sentimendurako duen bezala. Eta ikuspuntu bata edo bestea hartzen duenak horren aldeko arrazoi ugari aurkitzen ditu, bai eta kontrako ikuspuntuari kontra egiteko ere: ezen (erromantikoek dioten bezala), zertarako balio du arteak, irudi gardenez beterik egon arren bihotzari ez badio hitz egiten?; eta, hitz egiten badio bihotzari, zer axola du irudiak gardenak ez badira? Besteek, ordea, hauxe diote: zertarako balio du grinak inarrosteak, izpirituak ez badu atsedenik aurkitzen irudi eder batean?; eta irudia ederra bada, gure gustua ase badago harekin, zer axola du horrelako inarrosaldiak ez badira gertatzen, kontuan izanda edozeinek aurki ditzakeela artetik kanpo, eta bizitzak berak baita nahi genukeen baino ugariago ere eskaintzen dizkigula, huts egin gabe? Hortaz, ikuspuntu partzialetako baten alde antzuki iharduteagatik nekea somatzen hasten denean, edo, batez ere, begirada aldatzen dugunean eskola erromantikoaren eta klasikoaren artelan arruntetatik, grinak inarrosten dituzten obretatik eta hoztasunez apain diren horietatik, ez eskolakideen baizik maisuen lanetara, ez erdipurdiko baizik puntako artisten lanetara, orduan horien arteko kontrakotasuna urrun aienatzen da eta ez da aurkitzen modurik eskola-joera bata edo bestea aukeratzeko: artista handiak, lan handiak, edo lan horien zati handiak ezin dira deitu ez erromantiko, ez klasiko, ez grinatsu, ez eta errepresentagarri ere, aldi berean klasiko eta erromantikoak direlako, sentimendu eta irudikapen: sentimendu segaila, irudikapen ezin gardenago bilakatua. Horrelakoak dira, nabarmenki, arte helenikoaren obrak eta, halaber, Italiako arte eta poesiarenak: Ertaroko traszendentzia tinko agertzen da Danteren tertzetoen brontzean; malenkonia eta ametsaldi emea Petrarcaren soneto eta kantuen gardentasunean; bizitzako esperientzia jakintsua eta iraganeko iruzurrenganako iseka Ariostoren oktaba garbian; heroitasuna eta herio-gogoeta Foscoloren endekasilabo solte bikainetan; osotasunaren hutsalkeria amaigabea Giacomo Leopardiren kantu soil eratsuetan. Baita egunotako eta nazioarteko dekadentismoaren animaliazko sentsualtasun eta errefinamendu boluptatetsuek ere (esan bedi parentesi artean eta hona ekarri ditugun beste adibideekin parekatzeko asmorik gabe) italiar baten hitz lauzko eta hitz neurtuzko lanetan izan dute beren adierazpenik onena: D’Annunzioren lanetan. Poeta haiek guztiak arima osoki grinatsuak ziren (denak, baita Ludovico Ariosto narea bera ere, hain maitakorra, hain samurra, eta askotan inarrosaldiari irribarreaz gogor egiten ziona); eta haien artelanak haien grinetan ernatu zen betiereko lorea dira.

Esperientzia hauek eta iritzi kritiko hauek honako formula honetan laburbil daitezke teorikoki: sentimenduak ematen diola koherentzia eta batasuna intuizioari; intuizioa intuizio da halako sentimendu bat irudikatzen duelako, eta sentimendu horretatik bakarrik eta hartan oinarrituta bakarrik sor daiteke. Ez ideiak, baizik sentimenduak inguratzen dio arteari sinboloaren arintasun airezkoa: irudikapen batean itxitako arnasartze bat, horixe da artea; eta artean, arnasartzea irudikapenagatik bakarrik dago eta irudikapena arnasartzeagatik bakarrik. Epika eta lirika, edo drama eta lirika, banaezina denaren banaketa eskolastikoak dira: artea sentimenduaren lirika da beti, edo, nahi bada, epika eta drama. Artelan jatorrizkoetan miresten duguna aldarte batek hartzen duen tankera fantastiko bikaina da; eta horri deitzen diogu artelanaren bizitza, batasuna, trinkotasuna, betegintzarrea. Faltsu eta marketsetan gogaitzen gaituena aldarte ugariren kontrajartze batugabea da, haien geruzaketa edo nahasketa, edo haien ibilera kordokatua, egilearen nahiak ematen diolarik halako batasun-itxura bat, horretarako grina-inarrosaldi estraestetiko batez edo eskema edo ideia abstraktu batez baliaturik. Irudi-sorta hori osatzen dutenek, banan-banan, ebidentziaz oparo dirudite, baina gero etsita eta fidakaitz uzten gaituzte, ez ditugulako ikusten aldarte batetik, "mantxa" batetik (pintoreek esan ohi duten eran), motibo batetik sortzen, eta entonazio zuzenik gabe, erdigunetik datorren azentua gabe elkarri segitu eta pilatzen direlako. Eta zer da koadro baten irudia, koadro horren hondotik moztu edo beste hondo baten gainera aldatzen denean? Zer da drama edo elaberri bateko pertsonaia, beste pertsonaia guztiekiko bere erlaziotik eta ekintza orokorretik kanpo? Eta zer balio du ekintza orokor horrek, ez bada egilearen izpirituaren ekintza? Irakasgai onak dira, honi dagokionez, dramaren batasunari buruz mendez mende egindako eztabaidak, ezen batasun hori denboraren eta lekuaren zehaztapen ez-berezkotik  "ekintza"ren batasunera ekarri zen, eta hau azkenik  "interesa"ren batasunera, eta interesa, aldiz, poetaren izpirituaren interesean, haren bultzagarri den idealean urtu beharko zen. Eta, ikusi den bezala, irakasgai onak dira klasizisten eta erromantikoen arteko eztabaida handiaren emaitza kritikoak, zeinetan ukatu baitzen sentimendu abstraktuaz, sentimenduaren indarkeria praktikoaz eta behapen bihurtu ez den sentimenduaz bihotz-arimak inarrosi eta irudiaren akatsari buruz engainatzen ahalegintzen den artea, bai eta azaleko argitasunaz, marrazki sasi-zuzenaz, hitz sasi-zehatzaz haren irudigintza zuribidetzeko arrazoi estetikorik ezari buruz eta sentimendu eragilearen akatsari buruz engainatzen ahalegintzen dena ere. Kritikari ingeles batek asmatu eta jadanik kazetaritzako formulatxoen artera igaro den esaera ospetsu baten arabera,  "arte guztiek musikaren jitea hartzeko joera dute"; zehazkiago, arte guztiak musika direla esan beharko litzateke, baldin eta era horretan nabarmendu nahi bada irudi artistikoen sorrera sentimenduan datzala, haien artetik kanpo utziz mekanikoki eraikitakoak edo errealistikoki astunak direnak. Eta ospe gutxiago ez duen beste esaera batek, erdi-filosofo suitzar batek asmatu eta arrunt bilakatzeko zorte on edo txar berbera eduki duenak,  "paisaia oro aldarte bat dela" dio: zalantzarik gabeko gauza, ez ordea paisaia paisaia delako, baizik paisaia arte delako.

Intuizio artistikoa intuizio lirikoa da beti, beraz: liriko hitza, alabaina, ez dago hor aurrekoaren adjetibo edo izenlagun bezala, ezpada sinonimo bezala, orain arte gogora ekarri ditudan eta intuizioa izendatzen duten beste guztiei gehitu dakiekeen beste sinonimo bat bezala. Eta, batzuetan sinonimo horrek adjetibo itxura gramatikala hartzen badu, bakar-bakarrik da argi uzteko zeinen desberdinak diren, alde batetik, intuizio-irudia edo irudi-uztartzea (ezen irudi deitzen den hori irudi-uztartzea da beti, ez baitago irudi-atomorik, gogoeta-atomorik ere ez dagoen bezalaxe), intuizio egiazkoa, organismo bat dena, zeinen bizi-abiaburua organismoa bera baita, eta bestetik sasi-intuizioa, irudi-pilaketa dena, jostatzeagatik, kalkuluagatik edo beste helburu praktiko batengatik antolatua, eta zeinen uztartzea, praktikoa izanik, organikoa ez, baizik mekanikoa gertatzen baita ikuspuntu estetikotik begiratuz. Baina eginkizun adierazgarri eta eztabaidagarri berezi honetatik aparte, "liriko" hitza erredundantea litzateke; eta artea ezin hobeki definituta geratzen da intuizio bezala definitzen denean.