Bosgarren liburua
KAPITULUAK
aldatu1. JAKINDURIA AURKITU ZUENAK ZERES, LIBER ETA HERKULESEK BAINO ON GEHIAGO EGIN DIELA GIZAKIEI
59. ARIMAK HASIERA DAUKALA
64. MUNDUAZ
76. EGUZKIAREN ETA ILARGIAREN IBILBIDEAZ
91. ITSASOA, ZERUA ETA LURRAK HILKORRAK DIRELA
132. ARIMAK ETA GOGOAK EZIN DUTELA GORPUTZ GABE IZAN
146. MUNDUA EZ DELA JAINKOEK EGINA IZAN
200. LURRAREN ZATIKUNTZA EDO AKATSA
240. HASIERADUN ZATIAK DITUEN OSOA HASIERADUNADELA
251. LURRAZ
261. URAZ
273. AIREAZ EDO HATSAZ
281. SUAZ ETA EGUZKIAZ
294. LANPARAZ ETA ZUZIAZ
306. ERAIKINAK ZER HILKORRAK DIREN
324. ZERGATIK DENA HASIERA DAUKAN
351. ZERGATIK BETIERA BADAITEKEEN
376. ETA HASIERADUNA IZAN
396. EGUZKIAREN SEME PHAETONEZ
419. MUNDUAREN ETA DENAREN HASIERA
471. EGUZKIAREN ETA ILARGIAREN TAMAINAZ
564. EGUZKIAREN TAMAINAZ
575. ILARGIAZ
590. EGUZKIAREN BEROAZ
621. DEMOKRITOEN EGUZKIAZ
629. ILARGIAREN IBILBIDEAZ
663. IDATIK EGUZKIA NOLA IKUSTEN DEN
680. EGUN LUZEAZ ETA GAU LABURRAZ
705. ILARGIAREN ARGIAZ
737. URTAROEZ
751. EKLIPSEAZ
774. EGUZKIA ETA ILARGIA NOLA ILUNTZEN DIREN
780. MUNDUAREN GAZTETASUNAZ ETA BERTAN DIREN GAUZEN KOKAERAZ
878. ZENTAUROEZ
892. ESZILAZ
901. KIMERAZ
916. NOLA EZ ZITEKEEN EZ KIMERARIK EZ ESZILARIK, EZ ANTZEKORIK SOR
1161. NOLA GIZAKIEK BEREZKO DUTEN JAINKOENGAN SINISTEA
1241. URREA, ZILARRA ETA BERUNA NOLA AURKITU ZITUZTEN
1281. BURDINA NOLA ASMATU ZUTEN
BOSGARREN LIBURUA
aldatuNork lezake, bere gogo ahaltsuz, naturaren maiestateari eta aurkikunde hauei dagokien poema bat eraiki? Nork dauka etorria, bere talentuan erditu eta argituriko hainbeste ondasun utzi zigunak merezi dituen gorantzak kantatzeko? Gorputz hilkordun inork ere ez, nik uste. Zeren, gauzen maiestateak eskatu bezala hitz egin behar bada, jainko huraxe izan zen, -jainkoa, ene Memmio-, guk orain jakinduria deritzogun bizi-arrazoia lehenen aurkitu zuena eta bere trebetasunez bizitza hain ekaitz eta ilunpe handietatik halako lasaitasun eta argitasun garbian paratu zuena. Aldera itzazu, horrela, beste batzuek antzina egindako aurkikunde jainkozkoak. Zeresek garia eta Liberrek mahats uretik harako likorea lantzen irakatsi ei zien hilkorrei; hala ere, biziak hauek gabe iraun zezakeen, gaur ere zenbait jende bizi ei den legez: baina bihotz garbirik gabe ez zegoen ondo bizitzerik; bidezkoago da, beraz, gogoa lasaitzen duten pozkari gozoen, gaur ere laterri handietan zabal direnen, emailea jainkotzat jo dezagun. Zeren Herkulesen egintzak handiagotzat badauzkazu, egiatik oso urrun zabiltza. Orain zer kalte egingo liguke, izan ere, Nemeako lehoi haren ahotzarrak edo Arkadiako basurde ile-zorrotzak?
Hainbeste traba egingo ote ligukete Estinpalako bizilagun hegaztiek? Zer lezake, halaber, Kretako zezenak edo hidra zital suge pozointsuz inguratuak? Zer, Gerion hirukoitzaren eta Diomedesen zaldiek, Trazia eta Bistoniar hondartzen eta Ismaro inguruan sudurretatik sua darienek, edo Hesperideen urrezko sagar distiratsuen jagoleak, begirada oker eta gorputz izugarriko dragoi ohil zuhaitz-gerriari besarkatuak zer kalte egin liezaguke Atlasko itsasertzean eta gutar inor hurreratzen ez barbarorik ausartzen ez den itsaso gaiztoan zehar? Honelako beste munstro jadanik hilek, menperatuak izan ez balira ere, zer txar egingo ligukete bizioi? Bat ere ez, nik uste: oraintxe ere lurra piztiaz ezin josiago eta izu dardaratiz betea dago baso eta mendi garai eta oihan sakonetan zehar; lekuok ekiditea gehienik geure esku dago. Bihotza garbi ez badago, ostera, zenbat burruka eta arriskuri ez ote diogu gogo txarrez aurre egin behar! Zer kezka ziztariek eta nolako beldurrek ez ote dute urratzen irritsaren mende dagoen gizakumea! Eta harrokeriak, lizunkeriak eta lotsagabekeriak? Zenbat hondamen ez ote dakarte! Eta luxuak eta alferkeriak? Hauek guztiok menperatu eta gogotik hitzez, ez armaz, iraizi dituena ez al da egoki izango, nahiz gizakia izan, jainkoen mailara jaso dezagun? Batez ere jainko hilezkorrez eurez hain hitz eder eta jainkozkoak jaulki eta bere esanetan gauzen izaera osoa agertu zuelarik.
Nik, oinatzei jarrai, haren arrazoiak azaltzen ditut eta bertsoz irakasten gauzak zer legez sortuak izan diren, nola hartara makurtu beharra daukaten eta ezin duten denboraren agindu bortitzik hautsi; honela, batez ere aurkitu dugu gogoa lehenik jaiotzadun gorputzetik sortua izan zela eta ezin duela denbora luzean bere hartan iraun, eta gogoa simulakroek engainatzen dutela ametsetan, biziak alde egin ziona ikusi uste dugularik.
Gainerakoan, orain arrazoiaren ordenak irakastera naroa mundua gorputz hilkorrez egina eta, halaber, jaiotzaduna dela; eta nola materiaren pilatze hark funtsatu zuen lurra, zerua, itsasoa, izarrak, eguzkia eta ilargiaren globoa; gero zeintzuk bizidun irten ziren lurretik eta zeintzuk ez ziren sekula jaio; nola hasi zen gizateria hizkuntza aldakorra elkar trukatzen gauzen izenen bitartez; eta nola sartu zen bihotzetan jainkoen beldur hura, lurbiran zehar tenplu santuak, lakuak, basoak, aldareak eta jainkoen irudiak jagoten dituena. Gainera, naturak nolako indarrez gidatzen eta gobernatzen dituen eguzkiaren joana eta ilargiaren ibilera azalduko dut; ez uste hauek, aske eta euren kabuz, ortzi-lurren artean betirako martxan dihardutenik, landareak eta animaliak atseginez haz daitezen, edo jainkoen gurariren bategatik mugitzen direla pentsa ez dezagun. Zeren jainkoek bizimodu segurra daramatela ondo ikasi zutenei harrigarri zaie gero gauza bakoitza nola gerta daitekeen, batez ere eter aldeetan norbere buru gainean ikusten diren gauzetan, eta gizarajoek antzinako erlijioetara eta dena dezaketela uste duten jaun ankerretara jotzen dute, zer daitekeen eta zer ez daitekeen, hitz batez, zer legek eta zer xedarri sakon sartuk bakoitzaren ahala mugatzen duen ez dakitela.
Aurrera eginik, aginduetan luza ez nakizun, begira lehenik itsasoak, lurrak eta ortzia; hauen izaera hirukoitza, hiru gorputzok, Memmio, hiru itxura guztiz ezberdinok, delako hiru ehundurok, egun bakar batek akabatuko ditu, eta hainbeste urtetan zutik egondako mundu puska eta makina honek gainbehera egingo du. Eta kargutzen naiz zer gauza berria eta gogoarentzat harrigarria den zeru-lurren akabatu behar hori eta zer zaila den niretzat hitzez frogatzea; belarriek inoiz entzun gabeak jaulkitzean gertatzen den bezala, begien bistara ekarri edo eskuar ipini ezin duzunean, bide hauxe baita gizakien bihotzera eta gogoaren barrutietara sinespidea eroan ohi duen hurbilena. Mintzatuko naiz, hala ere. Beharbada errealitateak berak emango die hitzei sinespidea, eta zeuk dakusu nola lurrikara izugarriek denbora laburrean dena hondatzen duten; horrek aparta beza gugandik urrun patu gidaria eta errealitateak barik arrazoiak berak konbentzi zaitzala dena bentzuturik honda daitekeela, abarrots lazgarrian.
Pitiak tripodetik eta Feboren ereinotzetik jaulkitzen dituenak baino santuago eta segurrago diren patuaren orakuluei ekin aurretik, oso kontsolagarri izango zaizkizun arrazoi jakintsu batzuk azalduko dizkizut; erlijioak beldurturik, ez dezazun pentsa lurrak, eguzkiak eta zeruak, itsasoak, izarrek eta ilargiak gorputz jainkozkoa daukatela eta beti irautekoak direla, eta, beraz, euren arrazoiarekin munduaren harresiak hautsi eta zeruko eguzki distiratsua itzungi gura dutenek, Erraldoien antzera, gaizkile gisan zigortuak izatea merezi dutela, zer hilezkorrei hitz hilkorrak ezarriz; baina horiek jainko izaeratik hain dagoz urrun, jainkoen artekotzat jotzeko hain dira ezduin, ezen pentsatzekoa baita bizi mugidarik eta sentimenik gabea zer den antzemateko gehiago balio dutela. Ez dago, egon ere, pentsatzerik gogoa eta adimena edozein gorputzetan egon daitezkeenik; zuhaitzik eterrean egoterik ez dagoen bezalaxe, ez hodeirik itsas lautada gazian, ez arrainik soroan bizitzerik, ez odolik zurean, ez zukurik haitzean. Zer bakoitza non hazi eta bizi finkaturik eta erabakirik dago. Honela, gogoaren izaerak ezin du gorputz gabe bakarrik sortu, ez nerbioetatik eta odoletik aparte izan. Hau ahal izatera, arrazoi gehiagoz ahalko luke gogoaren indarrak buruan edo sorbaldetan edo beheko orpoetan izan eta hauetako edozein aldetan jaio, azkenean gizaki berarengan eta ontzi berean iraungo luke eta. Baina, geure gorputz barruan ere, arima eta gogoa non izan eta haz daitezkeen finkaturik eta erabakirik dagoela ikusten denez gero, are gehiago ukatu behar da gorputzetik eta bizidun formatik at iraun dezaketela, soroetako zokil xehatuetan edo eguzkiaren suan edo urean edo eterleku garaietan. Hauek ez dagoz, noski, jainko adimenez hornituak, ezin baitute biziz animatuak izan.
Jainkoen egoitza santuak munduan inon dagozenik ere ezin duzu sinestu. Jainkoen izaera xumea eta gure sentimenetatik oso apartea baita, gogoak nekez ezagutzekoa; eskuen ukitu eta kolpeari itzurtzen baitzaio, ezin du guretzat ukigarri den ezer ukitu: berez ukigarri ez denik ezin baitu ukitu. Horregatik jainkoen egoitzek gure egoitzen ezberdinak izan behar dute, euren gorputzak bezain xumeak; hau geroago arrazoi ugariz frogatuko dizut. Bestalde, jainkoek munduaren izaera argitsu hau gizakien onerako moldatu zutela eta horregatik jainkoen lan goragarritzat laudatzea eta hilezkor eta betikotzat jotzea bidezko dela esatea eta ez dela zilegi jainkoen antzinako asmoak gizateriarentzat betidanik fundaturiko mundu honen oinarriak ezein indarrez lokatzea ez hitzez erasotzea ez izadia barrenetik azpikoz goratzea, honelako gauzak bururatzea eta pilatzea zorakeria da, Memmio. Zeren gure esker onak izaki hilezkor eta dohatsuei zer eskura diezaieke, gure onerako ezer egitera bultzatzeko? Edo zer berrik tenta zitzakeen, hainbeste denboran lasai egonik, aurreko bizitza aldatu nahi izateko? Gauza berriekin poztea aurrekoen desatseginari dagokiola baitirudi; baina iraganean ezer okerrik gertatu ez zaionari eta bizitza ederra eraman duenari, zerk piz ziezaiokeen halako berri nahia? Eta guretzat zer zeukan txarrik ez sortuak izateak? Gure bizitza ilunpean eta nahigabean ote zegoen, ba, gauzen sorteguna argitu arte? Jaiotako denek bizitzan iraun nahia behar baitute, atsegin bigunak eusten dieno: bizi gogorik inoiz gozatu ez bizidunen artean inoiz izan ez denari, ostera, zer kalte dakarkio sortu ez izanak? Gainera, jainkoek mundua sortzeko adibidea eta gizakien notizia bera ere nondik itsatsia zeukaten, zer egin nahi zuten jakiteko eta hura gogoan ikusteko, edo nola zekiten lehenkien indarraren berri eta hauek, elkarren arteko ordena aldatzez, zer egin zezaketen, naturak berak sortzeko eredurik eman ez bazien? Zeren betieratik hamaika eratara talkaz astinduriko eta pisuz arrastaturiko hamaika lehenki elkartu izan da era guztietara eta probatu izan du elkartzetik sor zezaketen dena, hala nola ez baita harritzekoa oraingo izadiak diharduen eta haiekin berritzen den antolakerak eta mugida egokiak ere asmatu izana.
Gauzen lehenkien berri ez baneki ere, zeruko fenomenoen eta beste hainbat gauzen aztertze soiletik baiesten ausartuko nintzateke gauzen izaera ez dutela jainkoek gure onerako sortu: hainbeste akatsez jantzia bera. Lehenik, ortziaren indar eskergak estaltzen duenetik, parterik estimagarriena piztien mendi eta oihanek betetzen dute, harkaitzek eta zingira hedatsuek, eta lur bazterrak hain apartaturik dauzkan itsasoak. Hirutik bi, gainera, bero itogarriak eta izozgintza etengabeak kentzen diete gizakiei. Langarri geratzen dena bera ere naturak berez arantzez jantziko luke, giza ekinak aurre egingo ez balio, bizi beharrez goldera auhen egiten eta, nabarra sakon, lurra ildotzen ohiturik. Zokor emankorrak goldez irauli eta, ernamuinak azaleratzeko, lurzorua zehetu ezik, eurenez ezingo lukete aura garbietara irten; hala ere, sarritan, hainbeste lan kosta eta gero, soroetan hostotu eta denak loratu direnean, edo eguzki etertarrak bero gehiegiz kiskaltzen ditu, edo bat-bateko erauntsiek eta izotz zuriek hondatzen dituzte, edo haizeteek oldar bortitzean erauzten. Gainera, piztien enda beldurgarria, gizateriaren arerioa, zergatik elikatzen eta hazten du naturak itsas-lehorretan? Urtaroek zergatik dakartzate gaixotasunak? Zergatik dabil inguruan heriotza goiztarra? Haurra ere, uhin ankerrek jaurtitako marinela bezala, lurrean biluzik datza, hitzik gabe, bizi laguntza oroz gabetua, naturak hainbeste kostata amaren sabeletik argi zelaira irtenarazi duenean, eta ingurua intziri goibelez betetzen du, bizitzan hainbeste gaitz igaro beharra geratzen baitzaio. Deneriko animaliek, ostera, basek zein etxekoek, ez dute sonailurik behar, ez inude samurraren xuxurla bigunik, ez dute eguraldiaren arabera jantzirik aldatu beharrik, ez daukate, ondasunak zaintzeko, armen eta harresi garaien premiarik, lurrak berak eta natura artatsuak denei denetik oparo ematen baitie.
Lehenik, lurraren gorputza eta ura eta auren hats xumeak eta suaren baporeak, zeintzuekin egina dirudien gauzadi honek, denak jaiotz-heriotzadun gorputzez osatuak direnez gero, munduaren izaera osoa ere halakoxea izan dela pentsatu behar da. Izan ere, bere parteak eta atalak gorputz jaiotzadun eta figura hilkordunak direla dakusgun mundua bera ere hilkorra eta jaiotzaduna dela argi dago. Beraz, munduaren atal eta parte handienak nola desegiten eta birjaiotzen diren ikusita, zeru-lurrek ere hasiera izan eta azkena izango dutela ateratzen dut.
Honetan, lurra eta sua hilkorrak direla eta ura eta airea ere duda barik hilko direla eta berriro jaioko eta haziko direla esan dudalako, arinkiegi jokatu dudala pentsa ez dezazun, lehenik lur zati dezente samarrak, etengabeko eguzkiak kiskaliak, hamaika oinek zapalduak, hauts lainoa eta hodei hegalariak exhalatzen ditu, haize indartsuek egurats osoan zabaltzen dituztenak. Era berean, zokilen zati bat eurien eraginez desegitera dator eta ibai igurzleek bazterrak jaten dituzte. Gainera, elikatzeko eta hazteko balio duen guztia itzuli egiten da, zer bakoitzaren arabera; eta denen ama lurra bera gauzen hilobi dela dudarik ez dagoenez gero, lurra agortzen eta berriro hazten eta handitzen ari zaizu, beraz.
Bestalde, itsasoak, ibaiak, iturriak beti ur berriz gainezka dagozela eta etengabeko jarioan dihardutela esan beharrik ez dago: uraren ugaritasun handiak nonahi erakusten du. Baina urak apurka-apurka galduz doaz eta izadian ez da batere humorerik gainezkatzen, batetik itsasoa garbitzen duten haize indartsuek gutxitzen eta eguzki etertarrak bere izpiekin desegiten duelako, bestetik lur guztien azpitik zabaltzen delako: ur masak mingostasuna iragazten du, itzultzen da, erreken bururantz jotzen du denak eta handik lurrean zehar olde gozoan isurtzen da eta uhinak lehenago ere euren oin gardenez ireki zuten bidetik jaisten dira.
Orain aireaz mintzatuko naiz, gorputz osoa orduz ordu kontaezinki aldatzen duen horretaz. Gorputzei darien guztia airearen itsaso zabalera baitoa beti; honek gauzei euren gorputza bihurtuko eta jariotakoak berrituko ez balitu, dagoeneko denak deseginik eta aire bihurturik leudeke: airea etengabe ari da gauzetatik sortzen eta berriz gauzetaratzen, argi baitago zer guztiek jario etengabean dihardutela.
Argi gardenaren iturri oparoak ere, eguzki etertarrak, ortzia etengabe distira berriz irrigatzen eta argia bet-betan argi-berritzen du.
Bere izpiak banan-banan hiltzen ari baitira, jausten diren lekuan. Honetantxe hauteman dezakezu hori, hots, hodeiak eguzkira hurreratzen eta argi izpiak erdibitzen bezala hasi baikoz, hodeien azpikaldea berehala hiltzen da eta lurra iluntzen, hodeipeak hartzen duen guztian; ikus dezazun gorputzek beti argi berria behar dutela, izpiak jaurti ahala hiltzen direla eta bestela ez legokeela gauzak eguzkitan ikusterik, argi iturria bera etengabe hornitu ezik. Geure lurreko eta gaueko argiak ere, kriseilu eskegiak eta ke ugariko argi zalanzkorrez dizdiz egiten duten zuzi erretxinatsuak, berdin saiatzen dira, sua lagun, argi berria hornitzen, garrak etengabe dardar, eta argiak, etenka bezala, ez dio gelak argitzeari uzten: su guztiek horrexen agudo ezkutatzen dute argiaren akabera, argiaren jaiotza bizkorrez. Honela pentsatu behar da, beraz, eguzkiak, ilargiak eta izarrek bata-bestearen atzeko igorreretan jaurtitzen dutela argia eta garrak sortu ahala galtzen direla beti; ez uste hauen indarra suntsigaitza denik.
Azkenik, ez al dakusu denbora harriei ere nagusitzen, dorre garaiak jausten eta harkaitzak hausten, jainkoen tenpluak eta irudiak zaharraren zaharrez pitzatzen, jainkoen ahal santuak patuaren mugak haragotzerik, ez naturaren legeei kontra egiterik ez duela? Ez al dakusgu, azkenik, gizaundien monumentuak higatzen direla, eurok ere zahartzen direnik sinesten ez ote dugun galdetzen digutela, eta mendi garaietatik erauzitako haitzak gainbeheratzen direla, denboraren eta patu mugatuaren erasoei eutsi ezinik? Ez lirateke, noski, tanpez erauzirik jausiko, denbora infinitutik hona adinaren zartada guztiei haustura gabe eutsi izan baliete.
Begira, azkenik, goi eta behe besarkaturik, lur osoa hartzen duen zeru horri: dena bere baitatik ugaltzen eta desegindakoan berriz hartzen badu, batzuek diotenez, bera ere gorputz jaiokor eta hilkorrez eginda dago dena. Zeren bere baitatik beste izaki batzuk elikatzen eta handitzen dituenak txikitu eta, gaia berreskuratzean, bersortu egin behar baitu.
Gainera, zeru-lurrek hastapen sortzailerik inoiz ezagutu ez badute eta beti eternalak izan badira, zergatik ez zituzten poetek, Tebasko gerratearen eta Troiako galmenaren aurretik, beste egintza batzuk ere kantatu? Non jausi zen gizaundien hainbeste balentria eta nola ez da inon loratu, ospearen monumentu eternaletan irarrita? Egia esan, nik uste, izadia gaztea eta munduaren izaera oraintsukoa da eta ez zuen hastapena antzina izan. Horregatik arte batzuk gaur ere hobetuz, gaur ere haziz doaz; gaur itsasgintzan aurreratze handiak ari dira, organo joleek oraintsu asmatu dituzte doinu eztiak, azkenik gauza hauen izaera eta arrazoia ere oraintsu aurkitua da, eta gaur neu naiz denen artean gauzok aberri hizkuntzan azaltzeko gauza den lehenengoa. Eta beharbada uste baduzu gauza guztiok lehen ere izan zirela, baina gizaldiak sutan kiskaldurik hil zirela, edo hiriak munduaren astindu izugarrian erori zirela, edo eurite etengabetik lurretan zehar herriak estali zituzten ibai harrapariak irten zirela, hainbat arrazoi gehiagoz aitortu beharko duzu zeru-lurrek azkena ere gainean dutela. Zeren munduari, hainbesteko gaitzek eta hainbesteko arriskuek jota, istripu larriagorik gertatu balitzaio, suntsipen osoan eta hondamen izugarrian jausiko baitzen. Eta beste ezergatik ez gara hilkorrak garenik ohartzen, naturak bizitzatik apartatu zituenen gaitz berberekin gaixotzen garelako ez bada.
Gainera, eternal dirauten gauzek nahitaez behar dute edo kolpeak ezetsi, gorputz trinkodunak direlako, eta ez utzi barne-atal batuak, euren izaera lehen azaldu dugun materiaren lehenkiak direlakoak, banatzeko ezer sar dakien, edo bestela sekularioan irauteko gauza izan, kolpeetatik libre dagozelako, halanola hutsunea, ukigaitz dirauena eta kolpeak fitsik eragiten ez diona, edo baita inguruan ez dagoelako inolako lekurik, non gauzak nolabait bazter edo disolba daitezkeen, izadien izadia eternala den bezala, zeinatik at ez dagoen parteak nora aldendurik, ez gainera jausiko zaien eta kolpe bortitzez desegingo dituen gorputzik. Esana dudanez, ostera, munduaren izaera ez da gorputz trinkoduna, gauzetan hutsunea nahasturik baitago, ezta hutsunea bezalakoa ere, eta ez da falta infinitutik honako gorputzik, gauzadi hau zirimola bortitzean eraisteko edo talkan beste hondamenen bat ekartzeko gauza denik, ezta leizerik eta espaziorik ere, bertan munduaren murruak hedatzekorik edo beste indarren batek jota hiltzekorik. Heriotzaren atea, beraz, ez dago itxita zeruarentzat, ez eguzkiarentzat, ez lurrarentzat, ez itsaso sakoneko uhinentzat, aitzitik aho itzel eta izugarriarekin aurrez aurre itxaroten die. Hauek ere, beraz, jaiotzadunak direla aitortu behar; zeren gorputz hilkorra daukatenek ezingo baitzioten denbora infinitutik orain arte denbora amaigabearen indar bortitzei albo egin.
Azkenik, munduko handienak elkarren artean hain suharki burrukatzen direnez gero, erruki gabeko gerran sarturik, ez al dakusu euron dema luzea noizbait buka daitekeela, beharbada eguzkia eta berotasun osoa, ur guztiak edandakoan, nagusituko delako? Horretantxe dihardute, artean ez dute ahaleginik burutu baina; hain handia da ibaien ugaritasuna, ezen dena urperatzeko mehatxuan baitagoz, itsasoaren barrenetik gainezkaturik: alferrik, ostera, haize garbitzaileek eta etertar eguzkiaren izpi desegileek itsas lautadak txikitzen baitituzte, eta biak harrotzen dira urak bere ahalegina burutu aurretik lehortu ahal izateaz. Halako lehian beroturik, hik bai nik bai, kausa handi bategatik elkarren artean dihardute, behin sua garaile izan zela, behin ura, diotenez, soroetan nagusi zela. Suak irabazi egin baitzuen eta bazterrak mihizka erre baitzituen, eguzkiaren zaldien indar sutsuak Faetonta desbidatu eta eter osoan eta lur guztietan zehar arrastatu zuenean: aita oroahaltsuak, ostera, sumin biziak jota, Faetonta bihoztuna bat-bateko oinaztu kolpe batez zaldietatik eraitsi zuen eta Eguzkiak, jaustunari bidera irtenik, munduko lanpara eternala hartu zuen eta zaldi itsutuak bildu eta dardar uztartu zituen eta euren bidetik bergidatu, dena gobernatuz, greziar poeta zaharrek kantatu zutenez. Hori egiazko arrazoitik urrunegi dago, ostera. Sua garaile izan baitaiteke, bere materiaren gorputz gehiago infinitutik sartzen den lekuan; gero indarra moteltzen zaio, beste arrazoiren batek menperaturik, edo gauzak akabatzen dira, haren aura kiskalgarriek irentsita. Ura ere behinola biltzen eta nagusitzen hasi ei zen, gizakien hainbat hiri estali zuenean, eta gero, beste arrazoiren batek infinitutik harako masa haren indarrari atzera eragin zionean, euriak atertu ziren eta ibaien indarra txikitu zen.
Baina materiaren biltze hark zeru-lurrak eta itsas hondoak, eta eguzki-ilargien orbitak nola sortu zituen ordenan azalduko dut. Zeren gauzen lehenkiak ez baitziren, noski, beren-beregi eta adimen argiz paratu bakoitza bere lekuan eta ez zuten elkar hartu nolako mugidak egin, baina lehenkiak kontaezinak direnez eta, denbora infinitutik kolpeka astindurik eta euren pisuek arrastaturik, mugitzen eta mugitzen eta era guztietara konbinatzen eta euren elkartzeetatik sor zitekeen guztia entseiatzen aritu direnez gero, hortik etorri da ezen, denbora luzean sakabanaturik egonik, elkartze eta mugida mota guztiak probatu ondoren, azkenean batu egin direla, euren elkartzetik gauza handiak, lurra, itsasoa, ortzia eta espezie bizidunak, abiarazteko moduan.
Orduan ez zen oraindik ikusten eguzkiaren gurpil argitsurik hegan, ez itsasorik, ez ortzirik, ezta, noski, lurrik ez airerik ere, eta ez zen gureen antzeko gauzarik bat ere ageri, baina ekaitz eta multzo berriak osatzen ziren deneriko lehenkietatik, zeintzuon diskordiak distantziak, norabideak, konexioak, pisuak, talkak, elkartzeak eta mugidak nahasten zituen etengabeko gatazkan, forma desantzekoak eta itxura ezberdinak zirela bide, honela ezin baitzuten lehenkiek elkarturik iraun, ez elkarri mugida egokirik eman. Gero parteak banatzen hasi ziren eta berdinak berdinekin batzen eta mundua irekitzen eta lohadarrak bereizten eta parte handiak ordenatzen, hots, ortzi garaia lurretik banatzen eta itsasoa apartatzen, ura bere gisara zabaltzeko, eta eterreko su garbiak eta bakunak ere apartatu egin ziren.
Izan ere, lehenik lurraren lehenkiak, astunak eta batuak zirelako, erdian pilatzen eta denak hondoan kokatzen ziren; eta elkarren artean zenbat eta batuago eta pilatuago egon, hainbatago oldartzen ziren itsasoa, izarrak, eguzkia, ilargia eta munduaren murru handiak egitera; hauek guztiak hazi leunagoz eta borobilagoz eta lurrarenak baino askoz txikiagoz osatzen baitira. Hala, lurraren zirritu bakanetan zehar masatik aldenduz, lehenik eter suduna goratu zen eta bere arinean su asko jaso zituen berarekin, ez oso bestela nola, ihintzak perlaturiko belarretan, goizeko lehen eguzki izpi urrezkoak argi gorritan islatzen diren eta lakuek eta ibai taigabeek lainoa exhalatzen duten eta lurrak berak ere inoiz ketan dirudien; hauek denek, han goian batzean eta gorputzak kondentsatzean, zerua lainoz ehotzen dute. Honela orduan eter arin eta hegazkorrak, gorputza kondentsatzean, mundu guztia inguratu eta hesitu zuen eta, alde guztietarantz urrun hedaturik, besarkada leratsuan gainerako guztia hesitu zuen. Honi eguzki-ilargien sorrerak jarraitu zion, zeintzuen globoak bitarteko auretan biratzen diren; horiek ez zaizkio ez lurrari ez eter amaigabeari eransten, ez baitira hondoratzeko bezain astunak, ez goi ertzetarantz lerratzeko bezain arinak, eta, hala ere, hortxe dagoz bitartean eta gorputz bizi gisan biratzen dira eta mundu osoaren parteak dira; geuregan ere lohadar batzuk geldi egon daitezkeen bezala, beste batzuk mugitzen ari direla. Elementu hauek erretiraturik, lurra, orain amaigabeko itsasgain urdinkara hedatzen den lekuan, bat-batean hondoratu zen eta leizeak uhin gaziz urperatu zituen. Eta egunez egun, eter zirimolek eta eguzki izpiek, muturreko ertzen gaineko zigortze etengabez, lurra alde guztietatik erdian kondentsatzera eta bere masa estutzera zenbatago behartzen zuten, haren gorputzetik harako izerdi gaziak hainbat indartsuago ugaltzen zituen itsas zelai flotakorrak eta hainbatago eskapatzen eta hegatzen ziren su eta aire gorputz asko, lurretik urrun ortzi goreneko tenplu distiratsuak trinkotzen zituztenak. Zelaiak apaltzen eta mendi garaiak luzatzen ziren; haitzek ezin baitzuten hondoratu, ez alde guztiek era berdintsuan lautu.
Honela, beraz, lurraren pisua, gorputza kondentsaturik, geratu egin zen eta, munduaren lokatza bailitzan, hondora joan zen astunki eta hondarrak bezala jalki; gero itsasoa, gero airea, gero eter sutsua bera, euron gorputz bigunei esker, guztiz garbi geratu ziren, bata aurrekoa baino arinago, eta bigunena eta garbiena den eterra airezko auretan flotatzen da eta bere gorputz biguna ez du aire korronte gerakaitzetan nahasten; zirimola bortitz hauek dena inarros dezaten, ekaitz aldakorrek asalda dezaten uzten du, berak lerrarazten ditu bere suak abio segurrean. Zeren eterra era neurtuan eta ahalegin uniformean erion daitekeela Pontok erakusten baitu, korronte finkoz erioten den itsasoa berau, bere joanean beti erritmo berdina daroana.
Kanta dezagun orain zein den izarren mugimenduen arrazoia. Lehenik, zeruaren esfera handia biratzen bada, esan behar dugu aireak polo bietatik sakatzen eta kanpotik eusten diola eta bietatik ixten duela; gero beste aire bat goitik erioten da, mundu eternaleko izar birakariek dirdir egiten duten alde bererantz bultzatzen duena; edo beste bat azpitik, esferari kontrarantz eragiten diona, ibaiak gurpilak eta pegarrak birarazten dituen bezala. Baliteke ortzi osoa geldi egotea ere, izar argiak aurrera doazen bitartean; dela eurekin batera eter korronte bizkorrak barruan doazelako eta, bidea egin ahala, zirkuluan biratzen eta ortzi sapaia osatzen duten suak arrastatzen dituztelako; dela kanpo aireak, beste nondibait joez, suak joanarazten dituelako; dela eurak direlako bakoitzaren larreak deitzen dien eta joatera gonbidatzen dituen lekura arrastatzeko gauza, euren gorputz gartsuak ortzian zehar bazkatuz. Zaila baita mundu honetan hauetako zeinek daragoion ziur ezartzea; baina izadiko mundu ezberdin eta asmo ezberdinez sortuetan zer daitekeen eta zer gertatzen den, horixe irakasten dut eta izadian zehar astroen mugidak eragin ditzaketen kausa anizkunak erakusten; hauen artean nahitaez egon behar du hemen ere izarren mugimendua bultzatzen duen bat; baina kausa hori zein den zehazterik ez dagokio kontuz-kontuz aurrera doanari.
Eta, lurra munduaren erdigunean geldi egon dadin, pisua txikitzea eta apurka-apurka ezabatzea komeni da, eta azpian beste substantziaren bat egotea, sorreratik berarekin lotua eta munduaren airezko parteekin, non bera kokatzen den, bat egina. Horregatik lurrak ez du pisurik egiten ez aurarik zapaltzen; gizakiari lohadarrek pisatzen ez dioten eta burua ere lepoari astun ez zaion eta, hitz batez, gorputzaren pisu guztia oinetan datzanik sentitzen ez dugun bezalaxe; kanpotik datozen eta ezartzen zaizkigun pisuek, ostera, sarritan askoz txikiagoek, sakatu egiten digute. Horrexenbeste axola du zer bakoitzak nolako ahala duen. Honela, bada, lurra ez zen zer arrotz gisan tanpez sartua eta beste nondibait aire arrotzera jaurtia izan, aitzitik airearekin batera sortua izan zen munduaren hasieratik eta beronen atal jakina da, gorputzatalak gureak diren bezala. Bestalde, trumoi handi batek bat-batean astintzen duen lurrak bere gainean dagoen guztia astintzen du berak ere; hori ezingo luke inola ere egin, munduko aireguneekin eta zeruarekin bat eginik ez balego: denboren hasieratik elkarren artean sustrai komunez atxikirik eta batasunean loturik baitagoz. Ez al dakusu zer pisu handiko gorputzari eusten dion gure arimaren indar xume-xumeak ere, hain elkarturik eta batasunean loturik egoteagatik? Azkenik, zerk jaso dezake gorputza jauzi azkarrean, lohadarrak gobernatzen dituen arimaren indarrak ez bada? Ba al dakusu, beraz, izaera xume batek zenbat dezakeen, gorputz pisuarekin baturik dagoenean, airea lurrarekin eta arima gurekin baturik dagoen bezala?
Eguzkiaren gurpila eta beroa ez daiteke askoz handiagoa ez txikiagoa izan, gure sentimenei iruditzen zaiena baino. Zeren, suak argia bidaltzen eta bere lohadarren beroa ematen diguna denik urrunen bada ere, bitarteko distantziak ez die garrei ezer kentzen, ez suaren irudirik txikitzen. Beraz, eguzkiaren beroa eta zabaltzen duen argia gure sentimenetara heltzen eta bazterrak argitzen dituenez gero, eguzkiaren forma eta ingerada ikusi behar ditugu, egitan ezer kentzerik ez gehitzerik ez daukagula gure sentimenetara heltzen eta bazterrak argitzen.
Ilargia ere, bai bere ibilbidea inoren argiz egiten duela, bai argia bere gorputzetik igortzen duela, delakoa dela, gure begiek dakustena baino batere handiagoa ez den tamainarekin dabil. Zeren oso urrunera, bitartean aire asko dela, ikusten ditugun zer guztietan, itxura ingerada txikitu baino lehenago nahasturik ikusten da. Horregatik ilargiak, itxura argia eta figura zehatza ematen duenez gero, kanpo ertzek, direnak direla, dioten modukoa izan behar du eta hemendik han goian daukan tamaina berarekin ikusi behar dugu. Azkenik, lurrean ikusten ditugun su guztiak, euron dizdiza eta bero distiratsua ikusten deno, oharkabean, gehiago-gutxiago, urrunaren arabera, ingerada aldatzen dutela dirudienez gero, hemendik ikusten dituzun eterreko su guztiek oso apur bat txikiagoak edo oso apur-apur bat handiagoak izan daitezkeela atera behar da.
Ez da harritzekoa hain eguzki niminoak lurrera hainbeste argi bidaltzea, ezen itsasoak eta lur guztiak eta ortzia gainezkatzen baititu eta dena jario beroz bainatzen hemendik han goian daukan tamaina berarekin ikusi behar dugu. Zeren baliteke mundu guztiaren argi iturri bakarra hantxe irekitzea eta argitasun ugari zabaltzea, beroaren elementuak mundu guztitik hantxe batzen eta haraxe jotzen dutelako, beroa sorburu bakar hartatik erion dadin. Ez al dakusu batzuetan zer ur turrusta mehea behar den, landa zabalak ureztatzeko eta zelaiak blaitzeko? Baliteke baita eguzkiaren su ez hain handitik harako beroak airea bere lamaz isiotzea, baldin airea berotasun txikien kolpera suhartzeko moduko prestasun egokian badago; honela inoiz uztak eta galburuak txinpart bakarretik sutean isiotzen ikusi ohi ditugu. Beharbada arrosa-lanparaz goian dizdiz egiten duen eguzkiak ere ikusten ez den su piloa edukiko du bere inguruan, inolako distiran agertu ez arren, beroa emanez, izpien kolpea hainbeste gehitzen duena.
Eguzkiaren arrazoi bakar eta zuzenik ere ez dago argi, zergatik doan, udako aldeak utzirik, kaprikornioaren neguko tropikora eta nola, han eurt eginik, kantzerraren solstizioa duen berriz helburu; eta nola ilargiak hilabetean egiten duen eguzkiak urtebeteko denbora behar duen espazioa.
Ez dago, esan bezala, gertakari hauentzako arrazoi bakarrik. Lehenik, bai bailiteke Demokrito gizasemearen doktrina santuak dioen bezala gertatzea, hots, zenbat eta izarrak lurretik hurrago egon, hainbat gutxiago eroan ditzakeela ortziko zirimolak; honen indar bizkorra eta bortitza ezabatzen eta gutxitzen delako eta horregatik eguzkia ondorengo zeinuen artean apurka-apurka atzeratzen delako, izar goriak baino askoz beherago egotearren. Eta areago ilargia: bere ibilbidea zenbat eta beheragokoa den, zerutik urrunduz eta lurrera hurbilduz, hainbat gutxiago egin dezake ibilibide hori izarrekin batera. Eta arrastatzen duen zirimola, eguzkiarena baino txikiagoa, zenbat eta ahulagoa izan, aisago harrapatzen eta aurrea hartzen diote izar guztiek. Horrexegatik dirudi berau itzultzen dela azkarrago izarretara, izarrek bera berriro harrapatzen dutelarik. Baliteke baita bi aire ezberdinek denbora jakinean txandaka jotzea munduaren muturreko aldeetatik, batetik eguzkia udako zeinuetatik jaurti eta neguko tropikora eta gogortasun izoztura bultz egingo diona eta bestetik hotzaren geriza izoztuetatik udako eremuetara eta zeinu gorietara itzularaziko duena. Euren orbita luzeak korritzeko urte handiak darabiltzaten ilargi eta izarrei ere era berdinean bultz egiten dietela pentsa daiteke txandako aireek txandako norabideetan. Ez al dakusu nola hodeiak ere, kontrako haizeen eraginez, goikoak behekoen kontrako norabidean joan ohi diren? Zergatik ezin dituzte izarrok, eterreko orbita itzeletan zehar, korronte ezberdinek eroan?
Gauak, ostera, lurra laino trinkoan ehorzten du, bai eguzkiak, ibilera luzearen ondoren, ortziko azken muturrak jo eta, ahiturik, bere suak, bidaian kolpatuak eta aire ugarian makalduak, puzka jaurti dituelako, bai lurren gainetiko orbitan bultz egin zion indar berak lurren azpitiko ibilbidera makurrarazten duelako.
Era berean, Goizek denbora jakinean egunsenti arrosatua eterrean zehar zabaltzen du eta argia irekitzen, bai eguzkiak berak, lurraren azpiko ibileratik bueltan, ortzian aurrea hartzen duelako, izpiz isiotzen saiatuz, bai denbora jakinean suak eta bero hazi asko batzen direlako, egunero eguzki berria jaioarazten dutenak; horrela Idako mendi garaietatik argisentian su dispertsoak ikusten ei dira eta gero globo bakarrean bezala batzen eta diskoa osatzen ei dute. Eta honetan ez dago harrigarritzat jo beharrik suzko hazi horiek hain denbora jakinean bat egin eta eguzkiaren distira berritu ahal izatea. Arlo guztietan gauza asko ikusten baitugu, denbora jakinean gertatzen dena. Zuhaitzak denbora jakinean loratzen eta denbora jakinean loregabetzen dira: eta ez ditu adinak denbora ez-jakinagoan hortzak jausarazten eta nerabea bilo bigunez janzten eta halaber haren masailetan bizar biguna ernearazten. Azkenik, oinaztuak, elurra, euriak, hodeiak, haizeak nahikoa erregular gertatzen dira urtaroetan zehar. Eta, kausen lehen hastapenak horrela izan eta gauzak munduaren hasieratik horrela gertatu zirenez gero, orain ere horrelaxe errepikatzen dira ordena jakinean.
Egunak luzatuz eta gauak laburtuz doaz eta gaua handitu ahala argia gutxituz, bai eguzkiak berak, bere ibilbidean lurraren gainetik eta azpitik arku ezberdinak eginez, eter eremua erdibitzen eta orbita zati ezberdinetan banatzen duelako eta alde batari kendu diona bueltan besteari gehituz hornitzen duelako, urtearen giltzak gaueko gerizak eta eguneko argiak berdintzen dituen zeruko zeinu hartaraino iritsi arte; zeren, akiloitik austrorako bide erdian, zeruak distantzia berdinera mantentzen baititu tropikoak, zodiako osoaren posturagatik, zeina kurritzen eguzkiak urtebete egiten duen, zeru-lurrak argi zeiharrez garbitzen dituela, zeruko toki guztiak, bakoitza bere ikurrez ordenan jarririk, markatu dituztenen kalkuluek dioten bezala. Bai airea alde batzuetan trinkoagoa delako eta lurraren azpian eguzkiaren distira tremulua atzeratzen eta ekialderantz jotzea eta igotzea eragozten duelako; horregatik neguko gauak luzatzen eta atzeratzen dira, egunaren ezaugarri argitsua etorri arte. Edo baita, urtaroen arabera txandaka, leku jakinean eguzkia sortzen duten suak arinago edo astiroago elkartzen direlako, eta horregatik egia diotela dirudi [gertaera honen kausa bakarrik ematerik ez dagoela diotenek].
Ilargia baliteke eguzkiaren izpiek jota argitzea eta egunez egun bere argia, eguzkiaren diskotik urrundu ahala, gureganantz gehiago bihurtzea, harik eta, beronen aurrez aurre, osorik argiztatu eta, ostertzaren gainera irtenik, beronen sarrera ikusi arte; gero, apurka-apurka, bere argia ezkutatzen bezala joan behar du, ortziaren beste aldetik zodiakoan zehar berriro eguzkiaren surantz hurreratu ahala; ilargia eguzkiaren azpitik beronen norabidean doan pilota bezalakoa dela pentsatzen dutenek diotenez. Baita pentsa daiteke argi propioz biratzen dela eta bere distiraren forma ezberdinak ematen dituela; beste gorputz bat egon baitaiteke, hark arrastaturik doana eta hamaika eratara oztopatuz geriza egiten diona, berau ikusgaitza izanik, argi gabe mugitzen delako. Biratu ere egin daiteke, erdia zuri biziz tindaturiko pilotak, biratzean, forma aldakorrak ematen dituen bezala, harik eta argiztaturik dagoen alde hura osoan gure begietarantz itzuli arte; gero apurka-apurka atzerantz okertzen eta alde argiduna pilotaren masatik apartatzen du; Babiloniako Kaldearren doktrinak astrologoen zientzia errefutatu nahi duen moduan, bakoitzak defendatzen duena ezinezkoa balitz edo azalpen bata zein bestea onartzeko arrazoi gutxiago balego bezala. Azkenik, zergatik ez daitekeen egunero ilargi berria sortua izan, formen segida jakinez eta figura jakinekin, eta sortua egunero hil eta leku berean beste batek ordeztua izan, zaila da arrazoi sendoz frogatzea, hainbeste gauza sortua izan baitaiteke ordena jakinaren arabera. Badatoz Udaberri eta Venus eta Venusen aurretik lumadun iragarlea, eta ama Florak, Zefiroren urratsei jarrai, bide guztia kolore eta usain zoragarriz jazten du. Ondoren Uda bero dator, ondoan Zeres haustuna eta akiloiaren ufa etesioak lagun dituela. Gero Udazken heldu da eta berarekin Bako, aupaka. Jarraian beste aro eta haize batzuk, Volturno goi-trumoia eta Austro tximist-jauna. Azkenik, neguko solstizioak elurrak dakartza eta lei kixkorrak berritzen ditu; badator Negu, haginak hotzez dardar. Ez da, beraz, hain harritzekoa ilargia denbora jakinean sortzea eta berriro denbora jakinean desegitea, hainbeste gauza izan baitaiteke denbora jakinean egina.
Eguzkiaren eklipseak eta ilargiaren ezkutatzeak, halaber, kausa ezberdinek eraginak direla pentsatu behar duzu. Zeren, zergatik dezake ilargiak eguzkiaren argia mozt eta bere buru gailena haren eta lurraren bitartean ezar, bere disko iluna izpi goriei jarkiz, aldi berean zeruan lerratzen den beste gorputz beti argigabe batek hori bera egin dezakeela ez pentsatzeko moduan? Eta eguzkiak berak ez al dezake, indarge, denbora jakinean sua gal eta argia bersor, auretan zehar suak itzungi eta hilarazi zituzten garren eremu gupidagabeak jotzen dituenean? Eta, zergatik dezake lurrak, halaber, ilargia argigabetu eta, bera gainean dela, eguzkia geldi atxiki, hilero konoaren itzal barruan zorrotz dabilen bitartean; eta zergatik aldi berean ezin zaio beste gorputz bat ilargiari jarki edo eguzkiaren diskoaren paretik lerratu, haren izpiak eta argiaren zabaltzea moztuz? Eta bestetik, ilargiak distira propioz argi egiten badu, zergatik ez daiteke ortziko hain unetan iraungi, bere argi propioaren arerio diren lekuetatik pasatzean?
Eta, mundu handiaren oskarbietan zer bakoitza zergatik gertatzen den erabakia dudanez gero, orain, eguzkiaren ibilbide eta ilargiaren mugida aldakorrak zer indarrek eta kausak eragiten dituen eta nola, argia itzungitzean, desager daitezkeen eta lurra ezustean ilunpez estal dezaketen, begiak nolabait itxi-irekirik, euren argi gardenari esker distiratzen den guztia berriro hautematen dutenean, hori dena uler dezagun, munduaren gaztaro eta lurraren soro bigunetara itzuliko naiz eta azalduko dut zer fruitu berri zuten lehenen argi zelaira eman eta haize badaezpadakoen esku jartzen ausartu.
Hasieran, lurrak distira berdeko pentzez inguratu zituen munoak eta jantzi zelai guztiak, landa loretsuak kolore mardulez distiratu ziren eta deneriko zuhaitzei bide eman zitzaien, aske eta airea zulatuz,zein luzeagoka haz zitezen. Eta lauhankakoen lohadarretan eta hegaztien gorputzean, lehenen lumak eta biloak eta zurdak sortzen direnez, lur gazteak ere berdin eman zituen lehenen belarrak eta zuhaiskak, eta gero espezie hilkorrak sortu zituen, askotarikoak, era askotara eta arrazoi askotarikoz jaio zirenak. Animaliek ezin baitute zerutik jausiak izan, ez lehorrekoek ur gazietatik irtenek. Lurrak benetako ama izena merezi izatea baino ez da geratzen, lurretik sortua izan baita dena. Oraintxe ere animalia asko sortzen da lurretik, euriek eta eguzkiaren berotasunak eraginda; gutxiago harritzekoa da, beraz, gehiago eta handiagoak sortu izatea, lurra gazte eta eterra heldua zenean. Hasieran, enda hegodunak eta txori koloretsuak arraultzatik zetozen, udaberrian kanporatuz, orain txitxarrek soineko biribilak udan euren kabuz uzten dituzten bezala, janari eta bizi bila. Orduantxe eman zizun lurrak lehenik hilkorren enda. Soroak hezez eta beroz gainezka baitzegozen, non toki egokia gertatu, han hazten ziren lurrean sustraituriko umetokiak; zeintzuok, denborak betetakoan, umeen sakadak irekitzen zituenean, hezetik ihesi eta aire gose eurok, naturak harantz bihurtzen zituen lurraren poroak eta zain irekietan zehar esne antzeko zukua isurrarazten zien, orain emakume erditua esne gozoz betetzen den bezala, elikuaren bulkada hura guztia bularretan batzen delako. Lurrak haurrei jana zemaien, beroak jantzia, belarrak bilo ugari eta samurreko ohea. Bestetik, munduaren gaztaroak ez zuen hotz minik sortzen, ez bero handiegirik, ez haize bortitzegirik. Gauza guztiak berdintsu hazten eta indartzen baitira.
Beraz, berriz diot, lurrak merezita dauka eman zaion ama izena, berak sortu baitzuen giza enda eta mendi zabaletan jauzika barreiatzen diren ia animali mota guztiak eta forma askotariko aire hegaztiak ere berak eman zituen denbora jakinean. Baina, emankortasunak ere amairen bat behar zuenez gero, utzi egin zion, urteen kargak agorturiko emakumeak bezala. Denborak mundu osoaren izaera aldatzen baitu, egoera bati nahitaez beste bat darraiolako beti eta ezerk ez dirauelako bere buruaren berdin: dena da igarokor, naturak dena aldatzen eta bilakarazten du. Zeozer usteltzen, makaltzen eta adinez ahitzen denean, beste bat da ordez hazten eta gutxiespenetik irteten. Honela, bada, denborak mundu osoaren izaera aldatzen du eta lurra egoera batetik bestera igarotzen da; ahal zuenik ezin du eta lehen ezin zuenak ahal du.
Lurra ahalegindu zen hainbat munstro sortzen ere, aurpegi eta gorputzadar bitxiz eginak, hala nola androginoa, erdi gizon erdi andre, bien ezberdin, edo animalia behin hankagabeak, behin eskugabeak, baita aho gabeko mutuak ere, edo itsu aurpegigabeak, edo lohadar guztiak gorputzean itsatsita edukitzeagatik ezinduak, ezin zutelarik ezer egin, ez mugitu, ez gaitzetik alde egin, ez behar zutenik hartu. Honelako beste munstro eta izugarri batzuk ere sortzen zituen, alferrik, naturak ez baitzien hazten utzi, eta ezin izan zuten adin-lore desiaturik erdietsi, ez janik aurkitu, ez Venusen egintzan elkartu. Izan ere, gauza askok bat egin behar duela ikusten dugu, espezieak ugal eta zabal daitezen; lehenik larreak behar dira, gero lohadar lasatuetatik gorputzean zehar hazi genitala nondik erion eduki behar da; baita, emea arrei lot dakien, elkarren artean atsegina nola trukatu ere.
Nahitaezkoa da animalia espezie asko orduantxe iraungi zedin eta ez zezan, ugalduz, ondorengorik izan ahal. Bizi auretatik elikatzen ikusten dituzun guztiek badute, izan ere, edo maltzurkeria edo indarra edo, nolanahi ere, mugikortasuna, hasieratik espeziearen babesle eta gordetzaile. Badira asko, euren onuragatik, gure esku utziak, gure ardurapean jarriak. Lehenik, lehoien enda bortitza eta espezie ankerra bipiltasunak gorde du, azeria maltzurtasunak eta oreina ihesak. Lo arineko eta bihotz leialeko txakurrak eta zamarien hazitik sorturiko espezie guztiak eta artiledun aziendak eta idi adar-haundiak, ostera, gizakion ardurapean jarriak izan dira denak, Memmio; piztiengandik pozik ihes egin baitzuten, bakearen eta neke gabe lorturiko bazka mardulen, euren onuraren saritzat ematen dizkiegunen bila, hain zuzen. Baina naturak honelako dohainik eman ez zienak, euren kabuz bizi ezin zutenak eta guri onurarik ere, zeinaren ordainez haien espezieari jana eta segurantza eskainiko genien, eman ezin zigutenak, haiek denak, bistan da, besteen harrapakin eta mozkin gelditu ziren, euren moztasun fatalek eragotziak, naturak espezie hura akabura eroan arte.
Baina ez Zentaurorik izan zen, ez natura bikoitzeko eta gorputz bikoitzekorik izan daiteke inoiz, lohadar heterogeneoz osaturik, enda bietatik jaio eta ahalmenak orekan egoteko moduan. Hau bururik kamutsenak ere uler dezake honakotik. Lehenik, zaldi suharra hirugarren urte inguruan heltzen da, ez, ostera, haurra, adin horretan ametsetan oraindik maiz bilatu ohi baitu edoski zuen bularra. Gero, zaldiarengan zahartzaroak indarra eta kemena makaltzen dituenean eta lohadar indargetuek, biziak ihes egitean, huts egiten diotenean, haurrentzat orduantxe hasten da, hain zuzen, gaztetasunaren lore aroa eta matrailak bizar xumez jazten zaizkie. Ez pentsa, beraz, Zentauroak gizakia eta zaldien hazia nahastetik etor daitezkeenik,ez txakur oldartiz inguraturiko gorputz erdi itsastarreko Eszilarik izan daitekeenik, ez atal elkargaitzez ikusten dugun beste antzekorik; atalok ez batera loratzen dira, ez batera sendotasuna hartzen, ez zahartzean batera uzten, ez Venus berarekin gartzen dira, ez ohituretan bat datoz, ez lohadarretan atsegin berdinak dituzte.
Sarritan ikusten baita, izan ere, gizakientzat pozoin gogorra den astaperrexilez bizardun aziendak gizendu egiten direla. Bestetik, berriz, garrak lehoien gorputz gorriska, lurrean den beste edozein haragi eta odol bezala, erre eta kiskaltzen duenez gero, nola zitekeen gorputz hirukoitzean bakarra zenak, burua lehoi, isatsa dragoi eta enborra Kimera edo Ahuntz zuenak berak, gorputzeko gar biziak ahotik jaurtitzea? Honela, lurra berria eta zerua oraintsukoa zela eta halako animaliak sortu ahal izan zirela uste duenak, munduaren gaztetasunaren arrazoi zuntzun horretan funtsaturik, nahi beste ergelkeria jaulki dezake, hala nola, lurrean zehar urrezko ibaiak zihoazela eta zuhaitzak diamantez loratu ohi zirela, edo halako luzerako gizakia jaio zela, ezen oinak itsasoaren hondoan jar eta eskuekin zeru osoa bere buruaren inguruan biraraz baitzezakeen. Lurrak lehenengoz animaliak sortu zituen garaian, zelaietan hazi ugari egoteak ez baitu esan nahi izaki mistoak sor, ez animalia ezberdinen atalak bil zitezkeenik, zeren oraintxe ere lurretik ugari datozenak, belar motak eta laboreak eta zuhaitz mardulak, ez baitago elkarren nahastean sortzerik, aitzitik zer bakoitzak bere erara dihardu eta denek eusten diote natur lege jakinaren araberako diferentziari.
Eta lursailetan bizi zen giza enda hura gogorragoa zen, bidezko denez, lur gogorrak sortzen baitzuen, eta hezur handiago eta sendoagoek sostengatzen zuten, erraiak nerbio indartsuz loturik, ez zitzan ez beroak, ez hotzak, ez janaren berritasunak, ez inolako gorputz ajek aisa harrapa. Ortzian zeharreko eguzkiaren itzul-ibil ugarietan, piztien era nahaskorrean arrastatu zuten bizia. Ez zegoen golde kurboaren eroale indartsurik, ez inork sororik burdinaz harrotzen zekien, ez sastrakarik lurperatzen, ez zuhaitz garaien adarrik aihotzez inausten.
Eguzkiak eta euriak ematen zuena, lurrak bere kabuz sortzen zuena bazen nahikoa dohain, haien bihotzak asetzeko. Gehienik, ezkurrez beteriko arteetatik elikatzen ziren; eta neguan heltzen eta purpura kolorez tindatzen ikusten dituzun gurbitzak orduan askoz gehiago eta handiagoak ematen zituen lurrak. Munduaren gaztetasun loretsuak bazka sendo asko sortu zuen orduan, hilkor errukarrientzat nahikoa. Errekek eta iturriek egarria asetzera deitzen zuten, orain mendi garaietatik behera datorren urak pizti aldra egartsuei urrundik garbiro hots egiten dienez. Azkenik, euren hara-honetan aurkituriko harpe basatietara jotzen zuten, haitz hezeak urlaster ugariz garbitzen zituzten latsak haietatik lerratzen zirela jakinik, haitz hezeak, goroldio berdez tantaka, eta zelai lauan sortzen eta erioten ziren iturrietara. Oraindik ez zekiten sua tratatzen, ez larruaz baliatzen, ez piztien hondakinez gorputza jazten, aitzitik basoetan eta mendiko haitzuloetan eta oihanetan bizi ziren eta euren gorputz mengelak adar artean babesten zituzten, haize eta euri erauntsiek ezkutatzera behartzen zituztenean. Ez ziren on komunari begiratzeko gauza eta ez zekiten elkarren artean ezein ohituraz edo legez gobernatzen. Bakoitzak fortunak jarritako ehizakia jango zuen, norbere kabuz eta gogora moldatzen eta bizitzen ikasita. Eta Venusek maitaleen gorputzak oihanetan biltzen zituen; elkarrenganako irritsa nagusitzen baitzen, edo gizonezkoaren indarra eta grina bortitza, edo saria, ezkurrak eta gurbitzak edo madari hautatuak. Eskuen eta zangoen indar harrigarriaz fidaturik, basapizti aldren atzetik jotzen zuten, harrika eta mazo astunez joka. Asko harrapatzen zituzten, nahiz eta batzuengandik gordelekuetan ezkutatzen ziren. Basurde zurdatsuen antzeko, euren basa gorputz biluziak lurrean etzaten zituzten, gaua gaineratzean, adarrez eta orbelez baturik. Baina gauez ez ziren hara-hona deihadar handian ibiltzen, ikaraturik, egunari eta eguzkiari deika, aitzitik, isilik eta lotan ehortzirik, eguzkiak bere arrosa aurpegiz ortzia argizta zezan itxaroten zuten; umetatik argi-ilunak beti txandaka ikusten ohituak zirenez, ez zegoen hartaz harritu beharrik, ez beldurtu beharrik, gau eternoak lurra estali eta eguzkiaren argia betiko kenduko ote zien. Ardura areago zen piztien erasoek sarritan gizarajoen atsedena arriskutsu egiten zutela; eta etxetik jaurtirik, haitzezko harpeetara ihes egiten zuten, basurde lerdetsuaren edo lehoi indartsuaren etorreran, eta gauerdian, izuturik, ostalari ankerroi uzten zizkieten orbelezko etzalekuak.
Eta hilkorrek, ez orain baino gehiago orduan ere, auhenka uzten zuten biziaren argi gozoa. Baten bat, noski, piztien harrapakin, maizago izango zen haien bazka bizi, hagin artean zehatua, eta basoak eta mendiak eta oihanak auhenez beteko zituen, bere errai biziak hilobi bizian ehorzten ikusiz. Eta ihesean, gorputza erdi janda, salbatzen zirenek gero, esku dardartiekin zauri izugarriak igurtziz, ikaragarrizko oihuekin Orkori deitzen zioten, harik eta, laguntzarik gabe, oinaze zorrotzek bizia kendu arte, zauri haiek zer behar zuten ez zekitela. Ostera, egun bakarrak ez zituen milaka gizon, banderapean eramanak, heriotzaratzen, ez itsasoko ur nahasiek ere untziak eta gizonak haitzen kontra apurtzen. Aitzitik, ordea, itsasoa alferrik haserretzen zen, alferrik astindurik, eta astiro-astiro mehatxu hutsalei lagatzen zien, eta itsaso jabalaren lausengu traidoreak ezin zuen inor erakarri bere uhin irrigileen engainura: orduan itsasgintza negargarria ezezagun zetzan. Orduan janaren urritasunak hilarazten zituen gorputzatal makalduak, orain, ostera, ugaritasunak akabatzen. Sarritan, ezjakinean, pozoina isurtzen zioten elkarri, orain berriz, ikasiago, beste batzuei damaiete.Gero, bordak eta larruak eta sua atondu zutenean, eta emakumea, gizonaren lagun, bakarrari eman zitzaionean ezkon-legeak ezagutu zituztenean, eta seme-alabak eurengandik sortuta ikusi zituztenean, giza enda orduantxe hasi zen lehenengoz gizakortzen. Suak egin baitzuen haien gorputz hotzakilek ez zezaten ortzipean hotzik jasan, Venusek ere indarra ematu zuen eta umeen losintxek aisa makurtu zuten gurasoen jenio burgoia. Orduan, elkarren auzo, adiskidantza egiten eta minik ez hartzen ez ezartzen hasi ziren, eta umeak eta emakumeak elkarren esku jarri zituzten, euren zakarrean hitz eta keinuz erakutsiz bidezko zela denak ahulez errukitzea. Hala ere, gogobatasunak ez zeukan era guztietakoa izaterik, baina zati on eta handi batek itunak zintzo betetzen zituen; bestela, gizateria orduan bertan desegingo zen eta ondorengoek ezin izango zuten ugaldu.
Baina naturak hizkuntzaren hots ezberdinak sortarazi zituen eta premiak gauzen izenak adierazi zituen, ez beste arrazoi bategatik nola berbetan ez dakien haurra keinuz baliatzen den eta aurreko gauzak hatzez seinalatzen dituen. Bakoitza ohartzen baita bere indarra nola erabili behar duen: txahalaren bekokian adarrik agertu aurretik, eurekin jotzen eta erasotzen saiatzen da, haserretzean. Eta panterakumeak eta lehoikumeak erpeka eta haginka defendatzen dira, kasik haginik eta erperik irten aurretik. Hegazti mota guztiak ere hor ikusten ditugu hegoekin fidatzen eta lumei laguntza oraindik dudazkoa eskatzen. Horrela, norbaitek orduan gauzei izenak ipini zizkiela eta lehen hitzak gizakiek hortik ikasi zituztela pentsatzea zorakeria da. Zeren, norbait hura gauza guztiak euron hotsekin izendatzeko eta hizkuntzako soinu ezberdinak emititzeko gauza izan bazen, zergatik pentsatu behar da besteek ezin izan zutela aldi berean hori bera egin? Bestalde, besteek euren artean hots horiek erabili ez balituzte, nondik etorri zitzaien euren balioaren ezaguera, eta, lehenengoari nondik eman zitzaion zer egin nahi zuen jakiteko eta bere gogoan aurreikusteko ahalmena? Bakarrak ezin zuen hainbeste lagun gauzen izenak ikasi gura izatera behartu eta, menperaturik, makurrarazi. Eta erraza ere ez da gorrei behar dena irakastea eta pertsuaditzea: ezingo bailukete jasan, ez inola ere eraman ahalko, belarriak luzaroago kolpatzerik inoiz entzun gabeko hitzen soinu alferrekoz. Azkenik, hainbesteko miraria al da gizateriak, hotsaren eta hizkuntzaren jabe, sentipen ezberdinen arabera, gauzak hots ezberdinez izendatzea? Azienda mutuek ere, baita basapiztiek ere, hots ezberdinak eta askotarikoak jaulki ohi dituzte, beldurrak ala minak ala pozak jotzen dituenean. Hau guztiau gertakari nabarietan ikustekoa da. Txakur Molosoen ezpain handi eta malguak, haserretzean, hagin sendoak urrumaka erakusten dituztenean, haien amorruak oso soinu ezberdinez mehatxu egiten du, inguruak zaunka hotsez betetzen dituztenaren aldean; eta mihi bigunez umeak mihizkatu nahi dituztenean, eta hankekin hara-hona jaurtiz eta haginka egiteko mehatxuz, irents plantak, haginik estutu barik, samurki egiten dizkietenean, haien marmar ferekatiak oso ezberdinak dira etxean bakarrik uzten dituzteneko zaunken aldean, edo, gorputza tatarrez, makiladetatik ihesean daramatzaten auhenen aldean. Ez al zaizkizu, halaber, irrintzi ezberdinak iruditzen, lore adinera hel berri den zaldia, maitasun hegodunaren ezproiak sastaturik, behor artean berotzen denean eta, sudurrak zabal-zabalik, armetara orro egiten duenean, edo beste zerbaitegatik, lohadarrak dardaran, irrintzia jaurtitzen duenean? Azkenik, hegazti eta txori koloretsuen endak, gabiraiek, ugatzek eta
itsas uhin gazietan jan eta bizi bila diharduten uherroiek, beste noiznahai oso hots bestelakoak jaulkitzen dituzte, janagatik burrukan eta harrapakiagatik teman dabiltzanaren aldean; beste batzuek, sasoiaren arabera, euren ahots erlatsaren kantuak aldatu egiten dituzte, halanola bele txikien enda zaharrak edo bele aldrek ura eta euriak eskatzen omen edo haizeak eta ekaitza iragartzen omen dutenean. Sentipen diferenteek, beraz, animaliei, mutuak izan arren, hots ezberdinak igorrarazten badizkiete, zer bidezkoagorik, orduko hilkorrek gauza ezberdinak hitz ezberdinez izendatu ahal izana baino!
Honetan, isilean galdezka ari ez zaitezen, hilkorrentzako lehen sua oinaztuak lurreratu zuen eta handik zabaldu zen suaren goritasun guztia; gauza asko dakusgu, izan ere, gar zerutarrek eraginda suhartzen, oinaztuak bere beroa eman ondoren. Zuhaitz hostotsu bat, ostera, haizearen sakadaz balantzaka, astitzen eta beste zuhaitz baten adarren gainera etzaten denean, kolpearen indarrak barruko sua ateratzen du, eta batzuetan garraren distira bizia lehertzen da, adarrek eta enborrek elkar igurzten duten bitartean. Bi hauetariko edozeinek eman ziezaiekeen sua hilkorrei. Gero eguzkiaren beroak irakatsi zien jana egosten eta garraren beroan biguntzen, bazterretan hainbat frutu heltzen ikusten baitzuten, izpien ukaldien eta beroaren mende.
Hala, sua eta asmakuntza berriak bide, buruz eta bihotzez gailentzen zirenek arteko bizimodua egunez egun nola hobetu erakusten zuten. Erregeak hiriak fundatzen eta babes eta abaro izango zitzaizkien gotorlekuak ezartzen hasi ziren eta abereak eta lurrak banatu zituzten, bakoitzaren edertasun, indar eta talentuaren arabera; ederrak balio handia eta indarrak ospea baitzeukan. Gero jabegoa asmatu eta urrea aurkitu zuten, zeinak ederrari eta indarrari aisa kendu baitzien ohorea; indartsuak eta gorputz ederrekoak gehienean aberatsagoen segizioan sartzen baitira. Nahiz eta, egiazko doktrinaren arabera jokatzera, gizakien aberastasun nagusia neurrian eta aldarte berdintsuan bizitzea litzatekeen; eza inoiz ez baita lotsagarri. Baina gizakiek ospetsu eta ahaltsu egin nahi izan zuten, fortunak oinarri tinkoan iraun zezan eta eurak ugaritasunean ederki bizi ahal zitezen, alferrik ordea, ohorearen gailurra harrapatzeko borrokan, bidea arriskuz bete baitzuten; eta, gailurra jota ere, bekaitzak, oinaztuak bezala, zart eraisten eta Tartaro beldurgarrira lotsagarriro jaurtitzen zituen, zeren bekaitzak, oinaztuak bezala, gailurrak eta besteen gainetik goratzen den zernahi gogozago kiskaltzen baitu; lasai obeditzea askoz hobe da, beraz, inperioa gobernatu eta aginteaz jabetu guran ibiltzea baino. Utz, bada, alferrik nekaturik, odolez izerdizta daitezen, anbizioaren bide estuko deman; inoren ahotik areago dastatzen eta entzunetik areago gidatzen baitira euren sentieratik baino, eta hau honelaxe da gaur eta izango, lehen izan zen bezala.
Honela, erregeak erahilik, tronuen lehen maiestatea eta zetro harroak lurjota zeutzan eta goren buruaren intsignia distiratsuak negar zegion populuaren oinpean odoldurik zekusan ohore handiari; lehen beldur izan zaiona gogoz zapaltzen baita. Horrela gizartea beherengo hondarrera eta jendailara itzuli zen eta bakoitzak beretzat nahi zuen aginpidea eta goren postua. Orduan batzuek magistratuak sortzea eta zuzenbidea eraikitzea bultzatu zuten, legepean ibiltzea hauta zezaten. Gizateria, indarkerian bizitzen nekaturik, etsaigoetan higatzen ari baitzen; horregatik hainbat gehiago makurtu zen bere kabuz legeetara eta araubide estuetara. Izan ere, bakoitza bere haserrean oraingo lege zuzenek uzten duten baino zorrozkiago mendekatzeko prestatzen zen eta gizakiak horrexegatik higuindu ziren bizimodua indarkerian eroatez. Harrezkero zigorren beldurrak bizitzaren alde onak hondatzen ditu. Zeren indarrak eta zernahikeriak bere sarepean harrapatzen baitu norbera ere, eta norengandik sortua den, huraxe jotzen du gehienean, eta bere egiteekin bakearen arau komunak bortxatzen dituenak ez dauka erraz bizitza gozoa eta lasaia eroaten. Zeren, jainkoak eta gizakiak engaina balitza ere, bere baitan beti horrela izango denik ezin du ziur egon; eta asko izan ei dira, ametsetan hitz eginez edo gaixoaldian deliratuz, gordean zeuzkaten hobenak kanporatu eta jakinarazi dituztenak.
Eta orain, jainkoen ideia nazio handietan zergatik hedatu zen eta hiriak zergatik aldarez bete ziren eta gaur egun okasio handietan eta leku ospetsuetan elizkizun solemneak zergatik ezarriak diren, oraindik ere zertatik erroturik dagoen hilkorrengan beldurra, zeinak lurbira osoan zehar jainkoentzako santutegi berriak eraikiarazten eta jaiegunetan bisitarazten dizkieten, horren guztiaren arrazoia ematea ez da zaila. Izan ere, gizaki hilkorrek, nahiz itzarrik egon, dagoeneko orduan ere ikusten zituzten euren gogoan jainkoen irudi bikainak, batez ere ametsetan gorputz itzela zeukatenak. Hauei, berriz, sentimena erantsi zieten, lohadarrak mugitzen bide zituzten eta hitz gurenak jaulkitzen, euren aurpegi ederraren eta indar izugarriaren araberakoak. Eta bizitza eternala eransten zieten, haien irudiek beti jarraitzen baitzuten eta formak berdin irauten baitzuen, eta batez ere, hainbesteko indarrez hornituak zirela, beste ezein indarrek menperatu ezinekotzat jotzen baitzituzten. Zorionean ere askoz goragokotzat zeuzkaten, heriotzaren beldurrak ez zuelako haietako inor kezkatzen, baita ametsetan mirari asko egiten eta inolako nekerik ez jasaten ikusten zituztelako ere. Bestalde, zeruaren egitura ordena zehatzean eta urtaro ezberdinen segida ikusten zuten eta ezin zuten asmatu zer kausek egiten zuten hura guztia. Beraz, irtenbide bakarra zen dena jainkoen esku uztea eta dena haien keinuz bira zedin egitea. Jainkoen egoitzak eta elizak zeruan jarri zituzten, eguzkia eta ilargia zeruan biraka ikusten direlako, ilargia, eguna eta gaua eta gaueko zeinu galantak, zeruko gau-zuzi deslaiak eta gar hegalariak, hodeiak, eguzkia, euriak, elurra, haizeak, tximistak, txingorra eta orroe bortitzak eta mehatxuzko marmar itzelak.
Oi, giza enda dohakabea, jainkoei halako egintzak erantsi eta haserre gubidagabeak esleitu zizkiena! Zenbat auhen eurentzat, zenbat gaitz guretzat, zenbat malko gure ondorengoentzat sortu zuten orduan! Pietatea ez da inola ere noiznahi, buru estalian, harri baterantz makur ikusia izatea, ez aldare guztietara hurreratzea, ez, lurrean ahozpez etzanik, eskuak santutegien aurrean zabaltzea, ez aldarea abereen odol ugariz bustitzea, areago gauza guztiak gogo barez hautematea baizik. Zeren, mundu galanteko tenplu zerutarrei eta izar distiratsuz jositako eterrari begira, eguzkiaren eta ilargiaren joan-etorriak pentsatzen ditugunean, orduan beste gaitz batzuek gure bularrean itota zeukaten larritasun hura itzartzen eta burua jasotzen saiatzen da, ea ez ote dugun beharbada jainkoen ahalmen neurrigabea onartu behar, izar argiak mugimendu ezberdinez ibilarazten dituena. Arrazoi jakinik ezak gure gogo zalanzkorra tentatzen baitu eta galdearazten ea munduak sorrerarik izan zuen eta berdin amairik izango duen eta munduaren harresiek noiz arte eutsi ahalko dioten mugimendu isil honen nekeari, ala, jainkoek izate betikoa emanik, denboraren joate betikoan lerratzen eta aldi neurrigabearen indar bortitzei aurre egiten jarraitu ahalko ote duen. Gainera, nori ez dio jainkoen beldurrak gogoa kikiltzen, nori ez zaizkio lohadarrak izuz gogortzen, oinaztuaren zartada ikaragarriak lur kiskalia dardaratzen duenean eta zeru zabala orroeka hasten denean? Ez al dira herriak eta jendea dardaratzen, errege gailenei ez al zaie gorputza jainkoen beldurrez zirraratzen, pentsatzean ez ote den euren egintza zantarrak eta berba harroak kitatzeko ordu larria iritsi? Eta haize bortitzaren goren indarrak itsas lautadan untziteria bateko almirantea, bere legio suhar eta elefanteekin batera, ekortzen duenean, ez al du jainkoen ongura bila jotzen eta, izuturik, haizeen bakea eta haizekirri aldekoa eskatzen? Alferrik, zeren sarritan, zirimola indartsuak arrastaturik, ezerk ez baitu salbatzen heriotzaren haitzak jotzetik. Indar ezkuturen batek era horretantxe txikitzen ditu giza asmoak eta badirudi gozatu egiten duela makila sorta ederrak eta aizkora ankerrak destainaz zanpatzen. Azkenik, norbere oinpean lur osoa dardaratzen eta hiriak jausten edo jaustear direnean, harritzekoa al da giza endak bere burua txikiestea eta dena gorbernatzen duten jainkoen ahal handia eta indar txundigarria aitortzea?
Bestalde, brontzea, urrea eta burdina, baita zilar astuna eta berunaren ahalmena ere, suak mendi handietan oihan izugarriak erretzean aurkituak izan ziren, bai oinaztua zerutik jausita, bai gizonek, oihanean guduka, etsaiei beldurra sartzeko, sua jaurti zutelako, bai, lurraren ontasunak tiraturik, arlo emankorrak luberritu eta zelaiak belardi bihurtu, edo piztiak hil eta ehizakiz aberastu nahi zutelako. Lakioz eta suz ehizatzea oihana inguratzeko sareak eta txakur aldrak baino lehenagokoa baita. Nolanahi ere, zena zelako kausagatik, su gartsuak bere zarata beldurgarrian oihanak sustraien hondoraino irensten zituenean eta suak lurra egosi-egosi egiten zuenean, urre eta zilar, brontze eta berunezko uhola erioten zen zain gorietatik lurraren sakonguneetara. Gero, gogortzean, lurrean kolore argiz dizdiz egiten zutela ikusirik, jaso egiten zuten, haien xarma garden eta leunak liluraturik, eta ikusten zuten bakoitza nolako zuloan egona, halakoxe forman moldatua zela. Orduan pentsatu zuten metal haiek, sutan urturik, gauzen edozein forma eta itxura har zezaketela eta, forjaturik, punta edo aho bihurtzeraino zorroz eta mehe zitezkeela, armaz hornitzeko eta basoak mozteko, zura arbastatzeko eta oholak karraskatzeko, leuntzeko, zulatzeko, husteko eta perforatzeko. Lehenengotan lan hauetarako, brontze indartsua eta gogorra bezala, urre-zilarrekin ere saiatu ziren, baina alferrik, ahalmen bentzutuak amore ematen baitzuen, eta ezin zioten, brontzeak bezala, hain lan gogorrari eutsi. Hala, brontzea askoz estimatuago zen eta urrea alferrekotzat arbuiaturik zetzan, bere punta zapal kamutsez; orain brontzea dago apal eta urreak goren estimua atzeman du. Honela denbora gurpilkorrak gauzen zoria aldatzen du; preziatua zenak orain ez dauka bat ere estimurik; beste gauza batek ordeztu du eta hau, arbuiotik irtenda, egunean baino egunean estimatuago da eta, behin aurkiturik, gorespenean loratzen da eta hilkorren artean aipu txundigarria dauka.
Orain burdinaren izaera nola aurkitu zuten zuk zeurez ere aisa jakin dezakezu, Memmio. Armarik antzinakoenak eskuak, atzazalak eta hortzak izan ziren, harriak eta baita zuhaitzen adar zatiak ere, eta garrak eta sua, ezagun egin zirenetik. Geroago burdinaren eta brontzearen indarra aurkitu zuten. Eta brontzearen erabilera burdinarena baino lehenago ezagutu zuten, berez moldagarriago eta ugariago zelako. Lurzorua brontzez lantzen zuten, brontzez irabiatzen zituzten gerra olatuak eta zauri itzelak ereiten, eta lursailak eta abereak eurenganatzen, biluziek eta armagabeek aisa uzten baitzuten dena armadun haien esku. Gero astiro-astiro burdinazko ezpata agertu zen eta brontzezko aihotza izen txarrera jausi zen eta lurzorua burdinaz apurtzen hasi ziren eta gerra insegurreko burrukak berdindu egin ziren.
Eta zaldira armaturik igo eta berau bridaz gidatzea eta eskuinez burrukatzea lehenagokoa izan zen, zaldi biko gurdian gerraren arriskuak tentatzea baino. Eta zaldi bikoa bi-bikoak eta igitaidun gurdietako gerlariak baino lehenagokoa izan zen. Gero kartagotarrek elefante bizkar dorredun, izugarri, suge-eskudunei, gerrako zauriak pairatzen eta Martitzen andana handiak asaldatzen irakatsi zieten. Hala, etsaigo tamalgarriak asmakari berriak sailean sortu zituen, gerran gizakientzat zein baino zein beldurgarriago izateko, eta egunero gehitzen zion zeozer gerraren lazturari.
Zezenak ere probatu zituzten gerrako zerbitzuan eta basurde ankerrak etsaien aurka bidaltzen ere saiatu ziren. Batzuek lehoi odolzaleak ere bota zituzten aurretik hezle armatu eta irakasle zorrotzekin, haiek moderatu eta katepean edukiko zituztenekin, baina alferrik, zeren, sarraski nahasi hartan beroturik, tropak batere bereizpen gabe basaki asaldatzen zituzten, euren galpar beldurgarriak noranahi astinduz, eta zaldunek ezin zuten orroek iztuturiko zaldirik lasaitu ez bridaz etsaien aurka itzularazi. Lehoieme amorratuek gorputza betean noranahi saltatzen zuten, aurre egiten zietenen aurpegira oldartzen ziren edo ezustean atzetik harrapatzen zituzten eta heldu eta bertan lurreratzen zaurien mende, hagin indartsuak eta erpe makoak ezarrita. Zezenek euren aldekoak aireratzen eta hankaperatzen zituzten eta adarrak zaldien saihets eta sabeletan sartzen eta lurra mehatxuzko bekokiz azterkatzen. Basurdeen letagin bortitzek ere euren aldekoak txikitzen zituzten eta gorputzean sartzen zitzaizkien azkonak, euren odolez tindatuak, amorruz apurtu eta zaldizkoak zein oinezkoak berdin akabatzen zituzten. Zaldiek alboka ihes egiten baitzien piztien hagin amorratuei edo, hanka-goran, haizea ostikatzen zuten, alfer-alferrik, han ikusiko baitzenituen, belaunburuak apurtuta, lurjotzen eta jauskera astunean zorua estaltzen. Batzuen batzuek aurretik etxean nahikoa hezita zeuzkatela uste bazuten, burrukan bertan sumindu egiten zitzaizkien, zaurien, oihuen, hanka-jokoaren, izuaren, kalapitaren ondorioz, eta ez zegoen haietako bakarrik ere dominatzerik; pizti mota ezberdinak alde guztietarantz sakabanatzen ziren, gaur ere sarritan burdinak sastaturiko elefanteak noranahi zabaltzen direnez, euretarren artean triskantza galantak egin ondoren. Baldin benetan hori egin bazuten. Nekez sines dezaket aurrez ezin zutela kalkulatu nolako hondamen lazgarria gaineratuko zitzaien denei. Hori unibertsoan, era anitzez sorturiko mundu anitzetako batean, gertatu dela pentsatzea bidezkoago duzu, dena delako lurbira jakin eta bakarrean baino. Baina hori egin nahi izan zuten, ez hainbeste irabazteko itxaropenez, etsaiei garraisibidea emateko baizik, nahizta eurak bertan hil, kopuruaz fidatzen ez zirelako edo armarik ez zeukatelako. Soineko txirikordatuak estalki ehoak baino aurreragokoak izan ziren. Ehunak burdinaren ondorengo dira, ehundegiak burdinaz egiten baitira, eta ez dago irazki-hariak, anezkak eta ardatz kantariak bezalako tresna hain xumeak beste inola egiterik. Eta naturak gizonezkoak andrezkoak baino lehenago pilatu zituen artilegintzan (gizon enda, oro har, askoz artosoago eta trebeago baita), nekazari lantsuek lotsaritzat hartu eta lan hura emakumei pozik utzi arte, ehuleek ere neke gogor bera jasan zezaten eta langintza zakarrean gorputza eta eskuak zail zitzaten.
Baina, gauzen sortzaile den natura bera izan zen ereintzaren eta txertakuntzaren lehen adibide, haziek eta ezkur zaharrek ernamuin pilo berria ematen baitzuten zuhaitzaren orpoan; hortik bururatu zitzaien adarretan menduak txertatzea eta zelaietan zehar hesi landareak sartzea. Gero euren lursail maitean laborantza berriak probatzen joan ziren eta ikusten nola basa fruituak gozotzen ziren, bigun eta laztanki tratatuz. Egunetik egunera basoei mendirantz eragiten zieten eta zelaiak laborantzarako utzarazten, belardi, urtegi, urmael, labore eta mahasti alaiek munoak eta zelaiak bete zitzaten eta olibondo iladak, euren gris-urdin berezian, aldatz, ibar eta zelaietan zabal zitezen,orain dakusun aniztasun xarmagarria bezalakoa dena, hain eder jantzia, fruta-arbolen lerroetan banaturik eta zuhaitz emankorrez hesiturik.
Gizakiek txorien txorrotxio gardena askoz lehenago imitatu zuten, bertso samurren kantuz belarriak gozatzen ikasi baino. Eta, kainabera hutsetan zehar, zefiroaren txistuak irakatsi zuen lehenen xaramel hustuetatik putz egiten. Gero, astiro-astiro, kantarien hatzek jotako xirulak, baso eta oihan ezkutuetan, artzainen inguru bakartietan eta aisia jainkozkoetan aurkituak hedatzen zituen auhen xarmagarriak ikasi zituzten. Hauek denek haien gogoa liluratzen eta alaitzen zuten, nahikoa jandakoan; orduan dena baita hunkigarri. Eta sarritan, belar bigunean elkarrekin eserita, erreka ondoan, zuhaitz garai baten gerizpean, ugaritasun handirik gabe gozatzen zituzten gorputzak, batez ere zeruak irribarre egiten zuenean eta urtaroek belar berdea lorez pintatzen zutenean. Orduan ziren txantxak, orduan solasak, orduan barre gozoak; orduan loratzen baitzen basa musa. Orduan dibertsio alaiak burua eta sorbaldak lorez eta hostoz ehotako girlandaz jazteko eskatzen zien, gorputzadarrak konpasik gabe mugituz aurreratzeko eta oin astunez ama lurra astunki kolpatzeko; hortik barreak eta algara gozoak sortzen ziren, hau guztia hain berri eta miragarri baitzitzaien orduan. Eta, itzarrik, hona zer zuten loguraren alaigarri: era askotako ahotsak atera eta doinuak kantatzea eta ezpain estutuak xaramelean kurritzea; gauzainek oraintxe ere eusten diete ohitura hauei eta konpas motak eramaten ikasi dute, baina ez pentsa basa enda lurkume hark baino gozamen handiagoa hartzen dutenik. Zeren eskuar daukaguna, aurretik zeozer eztiagorik ezagutu ez badugu, lehenengotan laket baitzaigu eta nagusitzen bide baita, baina gero gauza hobea aurkitzeak hura baztertu eta lehengoarekiko sentimena aldatu egiten du. Honelaxe hasi ziren ezkurrei muzin egiten, honelaxe gelditu ziren bertan behera belarrez eta hostoz eginiko oheak. Pizti larruz eginiko soinekoa ere arbuiaturik jausi zen, zeinak, asmatu berritan, hain bekaitz handia zabalduko zuen, ezen hura lehenen jantzi zuena ziur bainaiz enboskadan hil zutela eta ez ziotela etekinik atera, harrapakin odoltsua euren artean banatzeko urratuko baitzuten. Beraz, orduan larruak eta orain urreak eta purpurak giza bizitza antsiaz betetzen eta gerraz ahitzen dute; eta horretan gu errudunago garela uste dut. Zeren, larrurik gabe, hotzak lurkume biluziak oinazetzen baitzituen; guri, ostera, ez digu ezertan kalterik egiten urrez eta bordatu galantez lodituriko purpura-jantzirik ezak, babesgarri arrunt bat daukaguno. Giza enda, bada, alferrik eta hutsalki saiatzen da beti eta huskerietan xahutzen du bizitza, segurrenik ez dakielako non dagoen edukitzearen muga eta noraino haz daitekeen benetako gozamena; hauxe da bizitza astiro-astiro itsasora eroan eta gerraren zirimola bortitzak barrenetik atera dituena.
Baina munduko begiraleek, gaineko sapai handia argi eginez kurritzen duten eguzkiak eta ilargiak, gizakiei irakatsi zieten urtaroek elkarri darraiotela eta gauza guztiak arrazoi jakinez eta ordena ziurrez gertatzen direla.
Dagoeneko dorre sendoen babesean bizi ziren eta lurra laborantzarako zatiturik eta banaturik zegoen, dagoeneko itsaso sakona belaontzi hegalariz loratua zen; dagoeneko bazituzten laguntzak eta lagunak itun eta hitzarmenei esker, poetak egindako balentriak kantuz ematen hasi zirenean; eta idaztea ez zuten asko lehenago asmatu. Horregatik gure aldiak ezin du aurretik zer gertatu den jakin, zentzunak erakusten dituen aztarrenez harago.
Itsasgintza eta lurlantza, gotorlekuak, legeak, armak, bideak, jantziak eta honelako beste enparauak, baita bizitzako atseginak eta luxu guzti-guztiak ere, poemak, pinturak eta artez landuriko irudiak, hauek denak apurka-apurka, urratsez urrats, erabilerak eta gogo ekilearen esperientziak irakatsi zituen. Honela denborak, astiro-astiro, gauza guztiak bistara ateratzen ditu eta arrazoiak argitan ipintzen; gauzak nola gogoan bata-bestearen atzean argitzen zitzaizkien ikusten baitzuten, trebetasunari esker goren tontorreraino iritsi arte.