Gauzen izaeraz/Lehen liburua

Gauzen izaeraz  (K.a. I. mendea)  Lukrezio, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Lehen liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Lehen liburua

KAPITULUAK

aldatu

44.     ZORIONA ETA USTELEZINA

62.     ASMATZAILEAREN GORAIPUA

84.     ERLIJIOAREN ADIBIDEA

107.   MINAREN AMAIA

112.   ARIMAZ

150.   EZEREZETIK EZ DATORRELA EZER

215.   EZER EZ DOALA EZEREZERA

269.   IKUSTEN EZ DIREN GORPUTZAK

277.   HAIZEAZ

298.   USAINAZ, BEROAZ, HOTZAZ, HOTSAZ

305.   JANTZIEN HEZEA ETA LEHORTZEA

311.   HATZEKO ERAZTUNAZ ETA BESTEZ

334.   HUTSUNEAZ

370.   URETAKO ARRAINEZ

418.   GAUZEN IZAERA GORPUTZA ETA HUTSUNEA DIRELA

430.   GAUZEK HIRUGARREN IZAERARIK EZ DAUKATELA

498.   SOLIDOAREN IZAERA

551.   ZATIGARRITASUN MUGAGABEAREN AURKA

565.   URAREN, AIREAREN ETA BESTEREN IZAERA BIGUNAZ

635.   HERAKLITOREN AURKA

705.   EZ SUA EZ AIREA ETA URA EZ DIRELA   PRINTZIPIOAK

716.   ENPEDOKLESEN AURKA

830.   ANAXAGORASEN AURKA

951.   UNIBERTSO AMAIGABEA, BERAZ, HEDADURA       AMAIGABEKOA

1051. MUGIMENDU ZENTRIPETUA

LEHEN LIBURUA

aldatu

Eneastarren ama, gizakien eta jainkoen gozotasun, Venus elikatzaile, ortziko zeinu lerrakorren azpian, itsaso ontzitsua eta lehor fruitutsua hanpatzen dituzuna! Bizidunen izate oro zuri esker sortzen eta eguzki printzak begiestera altxatzen denez gero: zure aurrean eta zure heleran haizeak ihesi doaz, lur artatsuak azpian lore leunak zabaltzen dizkizu, itsas lautadek irribarre dagizute eta ortzi bareak argi hedatuan dizdiz. Zeren, udaberriak bere itxura erakusten dueneko eta fabonioaren arnasa irekia eta sortzailea indartzen deneko, lehenik aireko hegaztiek agurtzen zaituzte, oh jainkosa, eta zure helera diragarte, bihotzak zure indarrez dardar. Gero piztiak eta abereak ikotika hasten dira larre marduletan eta ibai azkarrak zeharkatzen dituzte: horrela, zure lilurak atzemanik, joranez jarraitzen dizute gidatu nahi dituzun noranahi. Azkenik, itsaso eta mendi eta ibai oldartsuetan, hegaztien etxe hostotsu eta zelai berdetsuetan zehar, bular guztietan maitasun biguna sartuz, belaunaldiak joranez ugalarazten dituzu, espezieka. Gauzen izaera zeuk gobernatzen baituzu, eta zu gabe ez baita ezer argitara irteten, ez ezer alairik ez maitagarririk gertatzen, laguntzaile nahi zintuzket, gauzen izaeraz ondu nahi ditudan bertsook gure Memmiorentzat idaztean, zeina zuk, ene Jainkosa, aldi oro dohain oroz apaindua nahi izan duzun. Horregatik areago, emaiezu bertsooi, ene jainkozko, xarma betikorra. Egizu bitartean gerralan orok, lokarturik, atseden har dezan itsas-lehorretan. Izan ere, zeuk bakarrik sosega ditzakezu hilkorrak bake lasaiz, gerralan ohilak Martitz armajaunak baitaramatza, zure altzoan etzan ohi dena bera, maitasunaren zauri eternalak abaildurik, eta, lepondo biribila eratzanik, zuri begira eta zutaz liluraturik, bere begi goseak maitasunez bazkatzen baititu, bere arnasa zure begietatik dilindan. Ingura ezazu, ene jainkosa, zure gorputz donean pausatzen den hori, eta isur zure ahotik hitz gozoak, Erromatarrentzat, ene andreguren, bake nasaia eskatuz. Izan ere, aberriarentzat garai gaiztoan, ez nik jardun dezaket gogo barez, ez Memmiotarren azkazi gailenak huts egin diezaioke, halako unean, osasun komunari. Zeren jainkoen izate guztiak bere baitan eta bakerik gorenez behar baitu bizitza eternala gozatu, gure arazoetatik bereiz eta urrun aldendurik. Zeren, samin oroz at, arriskuetatik libre, bere baitan ahaltsu, gure beharrizanik gabe, ez ongintzen menpe baitago, ez suminak jotzen baitu.

Gauzak honela, jar belarri irekia eta gogo ernea, arduretatik libratua, egiazko doktrinari, fintasun leialez eskaintzen dizkizudan dohainok arbuioz laga ez ditzazun, ulertu aurretik. Zeren ortziaren eta jainkoen azken arrazoia azaltzera eta gauzen lehenkiak agertzera bainoakizu, zeintzuokin naturak gauza oro sortzen, handitzen eta elikatzen duen, eta zeintzuotara berriz ere, desegindakoan, itzularazten dituen; zeintzuoi, geure doktrina azaltzean, materia, gorputz genitalak edo gauzen haziak deitzen diegun, baita lehen gorputzak ere esaten diegun, eurotatik, lehenkiotatik, baitator dena.

Giza bizia begien aurrez lurrean trakeski zetzanean, erlijio astunak zapaldua, zeinaren burua itxura beldurgarrian ortzi inguruetatik hilkorren gainera erortzear ageri baitzen, greziar gizon bat ausartu zen lehenen, bere begi hilkorrak altxatzen eta aurka egiten. Ez zuen geldiarazi ez jainkoen ospeak, ez oinaztuek, ez ortziak bere urruma mehatxatiz, aitzitik, ordea, are biziagotu zuen haren gogo indarra, naturaren ate sarraila estuen lehen bortxatzailea izateko irrikan. Hala, haren gogoaren oldar bizia garaile izan zen, eta urrun jo zuen, munduko eremu gartsuaz harago, eta, bere sen eta gogoz, orotasun neurrigabea oinkatu zuen, eta handik garaile dakarkigu berria, zer sor daitekeen eta zer ez, zergatik daukan, azken batean, gauza bakoitzak ahalmen mugatua eta zedarri sakon atxikia. Horrela erlijio noizbait menperatua oinpean datza eta garaipenak ortziarekin berdintzen gaitu.

Honetan, beldur naiz ez ote duzun usteko zientziaren elementu inpioetan abiatu eta gaizkintza bidean sartzen ari zarela. Aitzitik, ordea, erlijioa bera da sarritan gaizkintzak eta inpiokeriak eragin dituena. Horrela Auliden, Danautarren buruzagi hautek, gizontasunaren eredu haiek, Hirubideko Birjinaren aldarea Ifianassaren odolez dorpeki orbaindu zuten. Haren kopeta birjinalak batzen zituzten xingolak matrail bietan behera erdi-banan jausi zirenean eta aldare aurrean bere aita nahigabetua zegoela eta beronen ondoan abadeek burdina gordetzen zutela eta hiritarrei, bera ikustean, malkoak zerizkiela hauteman zuenean, lurra belauniko jo zuen, ikaraz mutu. Kinka larri hartan gajoari ez zion balio izan erregea aita izenez dohaitu zuen lehenengoa izanak. Gizonek, eskuetatik heldurik, aldarera eraman zuten dardaraz, ez, ohitura sakratuaren solemnea amaiturik, Himeneoa joez lagundua izateko, baizik nubilaroan bertan, bera hain garbia eta hain ezgarbiro, aitak inmolaturik, biktima samintsu eror zedin, ontziteriak irteera dohatsu eta oparoa izatearren. Horrexenbesteko txarkeriak eragin ditu erlijioak.

Zeuk ere noizbait guregandik aldentzera joko duzu, aztien hitz beldurgarriek menperaturik. Izan ere, zenbat ameskeria asma dezaketen, zure bizikera aldarazteko eta zure zori osoa beldurrez lokatzeko! Eta bidezko da, zeren, gizakiek euren nahigabeen amai ziurrik ikusiko balute, nolabaiteko arrazoia bailukete erlijioei eta aztien mehatxuei aurre egiteko. Orain, ostera, ez dago ezelako arrazoirik ez ahalik, heriotzan betiko zigorren beldur izan behar delako. Ez baitakite arimak zer izaera daukan, berezkoa den ala, aitzitzik, jaiotakoan barneratzen eta, heriotzak desegitean, gurekin hiltzen den, ala Orkoren ilunpeak eta haitzulo hedatsuak bisitatzera doan, ala jainkoaren eraginez beste animalia batzuetan sartzen den, gure Enniok kantatu zuenez, lehenengoa berau, Helikon aberatsetik hosto iraunkorreko koroia ekarri zuena, bere ospea italiarren artean ozenki entzun zedin. Nahiz eta, egia esan, Enniok berak ere bertso eternaletan aldarrikatzen duen badirela Akeronteko barrunbeak, nora ez den ez gure arimarik ez gorputzik sartzen, zurbiltasun bitxiko halako geriza batzuk baizik. Handixek agertu omen zitzaion Homero beti loretsuaren irudia eta, malko garratzak zerizkiola eta bertsotan, gauzen izaera azaltzen hasi omen zitzaion.

Beraz, goiko gauzei buruzko jakiterik edukitzekotan, hots, zergatik gertatzen diren eguzkiaren eta ilargiaren ibilerak, eta zer bakoitzak zeren indarrez diharduen lurrean, orduan adimen zoliz aztertu beharra daukagu zerez osatua den arimaren eta gogoaren izaera, eta zer den itzarrik gaisotasunak jota edo loaren golkoan gagozela datorkigun gogo izuarazle hori, heriotzaz handikoak, euren hezurrak lurrak besarkatzen dituenak, entzuten eta aurrez aurre ikusten ditugula iruditzeraino.

Badakit grekoen aurkikunde ilunak latinezko bertsoz argitzea zaila dela, batez ere sarritan hitz berri asko sortu behar baita, hizkuntzaren urritasuna eta gaien berritasuna bide, baina, hala ere, zure merezimenduak eta zure adiskidantza gozoaren atsegin itxaronak edozein lantegi harrarazten eta gau lasaiak ernai pasarazten dizkit, zure gogoa argiztatzeko hitzen eta bertsoen bila, horrela gauzarik ezkutuenak hondoraino araka ahal ditzazun.

Gogoaren izu eta ilunpeok ezabatu behar dituzte, beraz, ez eguzkiaren izpiek ez egunaren gezi argitsuek, naturaren behaketak eta zientziak baizik. Honetan, gure lehen printzipiotzat jotzen dugu ezer ez dela inoiz hutsetik sortu jainko eraginez. Hilkor guztiak beldur horrexen mende dagoz egon ere. Euren zergatiak inola ere ulertzen ez dituzten fenomenoak gertatzen ikusten dituzte zeru-lurretan eta jainko-ahalmenak eginak direla uste dute. Honela, hutsetik ezer kreatzerik ez dagoela ikusitakoan, orduan bila gabiltzana zuzenago hautemango dugu, zer bakoitza zertatik kreatua izan daitekeen eta zer bakoitza nola gertatzen den jainkoen eraginik gabe.

Izan ere, hutsetik sor balitez, edozer edozertatik jaio ahalko litzateke, ezerk ez luke hazirik beharko. Itsasotik lehenbizi gizakiak sortu ahalko lirateke, ezkatadun familia lehorretik eta hegaztiak bat-batean ortzitik. Abereek eta gainerako animaliek, mota guztietako basapiztiek, ezustean jaiorik, soroak eta mortuak beteko lituzteke. Fruituak ere, zuhaitzetan berdin iraun beharrean, aldatu egingo lirateke, denek dena sortu ahalko lukete. Zeren, zer bakoitzak bere gorputz sortzaileak eduki ezik, zein izan daiteke zer bakoitzaren ama ziurra? Orain, ordea, zer bakoitza, hazi jakinetik datorrenez gero,

bakoitzaren materia eta lehen gorputzak dagozen lekuan bertan jaiotzen eta argitara irteten da. Eta honegatik dena ez daiteke denetik sor, gauza jakin bakoitzari bere ahalmen ezkutua dagokiolako. Gainera, zergatik dakusgu arrosa udaberrian, garia berotan, mahatsa udazken limurtzailean heltzen, ez bada, gauzen haziak sasoi jakinean elkartu zirenez gero, sortua izan dena bistaratzen delako baino, urtaroak diraueno eta lur bizitsuak gauza xamur horiek argitara segurki ateratzen ditueno? Izan ere, hutsetik eginak balira, tanpez azalduko lirateke, uste gabeko lekuan eta kontrako urte garaian, ez bailegoke lehenkirik euron elkartze sortzailea kontrako sasoiak eragotziko lukeenik. Ezta gero, gauzen garapenean ere, eperik beharko litzateke, euren haziak elkartzeko, hutsetik hazterik balute. Zeren haurtxoak tanpez gazte bihurtuko lirateke eta zuhaitzak bat-batean sorturik kanporatuko lirateke lurretik. Argi dago honelakorik ez dela ezer gertatzen, gauza guztiak, bidezko denez, hazi jakinetik hazten baitira astiro-astiro, eta haztean, euren endari eusten baitiote. Hortik atera dezakezu gauza bakoitza bere materiatik hazten eta elikatzen dela. Honez gainera, urteko eurialdi jakin batzuk gabe, lurrak ezingo luke fruitu gozorik eman, eta animaliek ere, jana kenduz gero, ezingo lukete euren endarik zabaldu ez biziari eutsi. Hitzei hizkiak dagozkien moduan, gauza askori dagokion gorputz asko dagoela lehenago pentsatuko duzu, beraz, ezer lehenkirik gabe izan daitekeela baino.

Izan ere, naturak zergatik ezin izan ditu itsasoak oinez zeharkatzeko eta menditzarrak eskuz erauzteko eta bizidunen gizaldi mordoa bizirik gainditzeko moduko gizakumeak sortu, jaio beharreko gauza bakoitzari bere materia jakina eman zaiolako eta bakoitzetik zer sor daitekeen erabakita dagoelako ez bada? Aitortu beharra dago, beraz, ezer ez daitekeela hutsetik sor, gauza orok hazia behar baitu, hartaz sorturik, aireko aura bigunera jalgi ahal izateko.

Azkenik, lur landuek landugabeei aurrea hartzen dietela eta eskuen lanez emaitza hobeak dakartzatela ikusten dugunez gero, argi dago lurrean lehenkiak dagozelako dela, zeintzuen jaiotza eragiten dugun sokil emankorrak goldatuz eta lur zorua zehatuz. Horiek ez balegoz, edozein soro, gure lanik gabe, berez-berez, askoz oparoago egiten ikusiko zenuke.

Honez gainera, naturak zer bakoitza berriro bere elementuetara disolbatzen du, baina ez du ezer hutseraino ezerezten. Zeren bere zati guztietan zeozer hilgarria balego, gauza guztiak, gure bistatik erauziak, bat-batean hilko lirateke. Inolako indarrik ez litzateke beharko euren zatiak sakabanatzeko eta loturak desegiteko. Baina, jakina, gauzak hazi eternalez osatuak dagozenez gero, bere zartadaz banatuko dituen edo bitarteetatik barruratu eta disolbatuko dituen indarrik heltzen ez deno, naturak ez du ezeren deusezpenik ikusten uzten.

Gainera, baldin denborak, adina bide, ezabatzen duen dena erabat suntsitzen bada, materia guztia janda, Venusek zertatik berrekartzen ditu animalien enda ezberdinak biziaren argira, edo berrekarriak zerez elikatzen eta handiarazten ditu lur artatsuak, bakoitzari bere bazka eskainiz? Zertatik hornitzen dira itsasoko barne iturriak eta urrundiko kanpo ibaiak? Eterrak nondik bazkatzen ditu izarrak? Denbora joanak eta egun infinituek jadanik ahitua behar baitzuten gorputz hilkorra daukan dena. Denbora eta aro iragan horretan guztian, gauzadi hau osatzen eta berritzen duten gaiak izan badira, izate hilezkorrez jantziak dagoz baiki. Ezerk ez dauka, beraz, hutsera itzultzerik. Azkenik, indar eta kausa berak dena nolanahi desegingo luke, bere baitan lotura estu samarreko materia eternalak eutsiko ez balio. Bestela, ukitze soila heriotzaren aski eragile litzateke, ez bailegoke gorputz iraunkorreko ezer, zeinaren bilbea indar aparteko batek desegin beharko lukeen.

Orain, ostera, lehenkien loturak ezberdinak direnez eta materia eternala denez, gauzek euren gorputz osoan diraute, haien uztardura desegiteko bezain indar bortitzak jo arte. Ezertxo ere ez da, beraz, hutsera etortzen, denak, banaturik, materiaren lehenkietara itzultzen baizik.

Azkenik, euria ere hil egiten da, aita eterrak ama lurraren sabelera jaurti duenean; baina uzta bikainak sortzen dira eta adarrak berdatzen zuhaitzetan, eurok ere hazten eta fruituz zamatzen dira; hortik elikatzen da halaber gure eta animalien enda, hortik dakutsagu hiri alaiak umez loratzen eta oihan marduletan txori berrien kantua nonahi entzuten; hortik eratzaten dituzte abereek euren gorputzak larre alaietan, gizenez astundurik, eta esne zuria erioten errape handituetatik; hortik jostatzen dira ume berriak, zango ahulekin saltari, belartza gurietan, euren burutxo bigunak esne hutsean xoraturik. Ez da, ez, dirudien guztia erabat hiltzen, naturak bata-bestetik berritzen baititu, eta ez baitu uzten ezer sortzen, besteren heriotzak lagunduta ez bada.

Adi, ordea, orain. Gauzak hutsetik ezin direla sortu eta, sortutakoan, ezin direla berriro hutseratu erakutsi dizudala-eta, agian, lehenkiak begiz ikusterik ez dagoelako, hitzez mesfidatzen ez zaitezen has, utzidazu beste gorputz batzuk aipatzen, nahitaez badirela aitortu beharrekoak eta ikusi ezinekoak. Lehenik, haizearen indar suminduak itsasoa astintzen eta ontzi eskergak iraultzen eta hodeiak sakabanatzen ditu; halaber, zirimol oldartsuan korrituz, tantai handiak zelaietan eraisten ditu eta mendi tontorrak bere putz oihan apurtzailez astintzen: horrelaxe haserretzen da haizea marruma bortitzez eta ankertzen murmurio mehatxatiz. Dudarik gabe, beraz, haizea gorputz ezkutua da, itsas-lehorrak, baita ortziko hodeiak ere, arrastatzen eta bat-bateko zirimolean andarka daramatzana, eta hauen lasterra eta hondamengintza uraren izate gozoaren antz-antzekoa da, hau bat-batean uhol gainezkatuan abiatzen denean eta, euri ugarian handiturik, mendi goietatik urjauzi handian oldartzen denean, oihan zatiak eta zuhaitz osoak aurrean eramanez, zubirik sendoenek ere datorren uraren bat-bateko indarrari eutsi ezin diotela: honela ibaia, euriteek uhertua, dikeen kontra indar izugarriz oldartzen da, hondamen burrunbatsua daragi eta bere uhinpean harri itzelak iraulkatzen ditu, uholaren aurrean jartzen zaion edozer erauziz. Honelaxe jokatu behar du haizearen putzak ere, zeinak, ibai indartsu gisan zernahi jotzen duela, dena aurrean hartzen eta bulta etengabez eraisten baitu, edo zirimol bihurrian dena erauzten eta azkarki eramaten baitu uhol birakarian. Haizea, beraz, berriro esanda, gorputz ezkutua da, baina egitez eta izaeraz gorputz ageria daukaten ibai handien antzekoa.

Honez gainera, gauzen usain ezberdinak hartzen ditugu, sudurreratzen inoiz ikusi gabe; berotasunik ere ez dugu ikusten, ez hotzik begiekin atzematen ahal, ez ahotsik hautematen; hala ere, zer guztiok izaera gorpuztuna eduki behar dute nahitaez, sentimenei eragiteko gauza baitira. Gorputzaz bestek ezin baitu ez ukitu ez ukitua izan.

Azkenik, bazter uhin-hauslean eskegitako jantziak hezatu egiten dira; eguzkitan zabaldurik, ordea, lehortu. Baina ez dugu ikusi hezetasuna nola sartu zaien, ez gero nola berotan ihes egin duen. Ura, beraz, begiek inola ere ikusi ezineko zati txikietan banatu da. Areago oraindik, eguzkiaren urte-itzuli askorekin, eraztuna barrutik mehetu egiten da darabilen hatzean, tantaren erorrerak harria zulatzen du, burdinazko golde-nabar okerra soroetan txikitu egiten da ezkutuki, eta harri-bideak jendearen oinetan higaturik dakutsagu; halaber ate ondoetan, brontzezko irudiek agurtzaileen pasaerako igurtziarekin mehetuz doazkien eskuinak erakusten dituzte. Hauek denak higatu ahala txikitzen dakutsagu.

Baina une bakoitzean zer gorputz aldentzen den ikustea natura jeloskorrak galarazten digu. Azkenik, begirik zorrotzenak ere ez dezake ikus denborak eta naturak gauzei zer eransten dien, emeki-emeki hazaraziz, ez adinak eta ahuleriak zer kentzen dien; ez haitzek, itsasoan zintzilik, uneoro zer galtzen duten, gatz hozkariak janda. Naturak, beraz, gorputz ezkutuekin moldatzen ditu gauzak. Hala ere, dena ez dago denean, izaera konpaktuan trinkotua, gauzen barruan hutsunea baitago. Hau jakiteak gauza askotarako balioko dizu, ez baitizu utziko zalantzan galtzen, beti izadiaz galdetzen eta nire hitzez mesfidatzen. Badago, beraz, leku bat ukigabea, hutsa eta librea. Berau ez balitz, gauzek ezingo lukete inola mugitu; zeren gorputzari dagokion eginkizunak, talkatzeak eta jarkitzeak, noiznahi zernahi joko bailuke; ezerk ezingo luke, beraz, aurrera egin, ezerk ez bailuke atzera egingo. Orain, ostera, itsas-lehorretan eta zeru gailurretan hamaika gauza dakusgu hamaika era eta norabidetan begi aurrean mugitzen; hauek, hutsunerik ez balitz, mugimendu etengabe horretaz gabetuak ez ezik, sortuak ere ezingo zuten izan, nonahi pilaturiko materia geldi bailegoke. Gainera, gauzak solidoak direla eman arren, hemendik ikusi ahalko duzu gorputz apatza daukatela. Harpeetako haitzetatik uraren hezetasun likidoa sartzen da,eta denei tanta mardulak darizkie. Janaria bizidunen gorputz osoan zabaltzen da. Zuhaitzak hazten eta sasoian fruitua ematen dute, janaria barrenengo sustraietatik enbor eta adarretan zehar denera zabaltzen delako. Hotsak murruak zeharkatzen ditu eta etxe hormetan barna hegatzen, hotz bizia hezurretan sartzen da, eta hau dena ez zenuke inola ere gertatzen ikusiko, gorputzak handik pasatzeko hutsunerik ez balitz. Azken

batez, nola dakusgu gauzak elkarri pisuan nagusitzen, tamainuan handiagoak izan gabe? Zeren, artile harilean altzairuan besteko gorputza badago, biek berdin pisatu behar dute, gorputzen eginkizuna denari beherantz sakatzea delako; berez hutsune denak, ostera, pisu gabe dirau. Beraz, handian berdina izanik, arinagoa bada, argi dago honek hutsune gehiago daroala beragan; astunagoak, berriz, adierazten du gorputz gehiago dagoela beragan eta barruan askoz hutsune gutxiago daukala. Dudarik gabe, beraz, adimen zorrotzez bilatzen dugun zerbait badago gauzetan nahasia, hutsunea deritzoguna.

Honetan, egiatik aldendu ez zaitzan, batzuek asmatu duten zerbaitetik jagon gura zintuzket. Urak amore ematen eta bide likidoak zabaltzen omen dizkie ezkatadun distiratsuei, arrainek atzean tokiak uzten baitituzte, eurok aldendu ahala ura etor dadin. Beste gorputzak ere halaxe mugi eta tokiak elkartruka omen ditzakete, denak trinkoak izan arren. Hau, ostera, arrazoi faltsuetan datza dena. Zeren nondik aurrera jo dezakete ezkatadunek, urak tokirik utziko ez balie? Uhinak, halaber, nondik itzul daitezke, arrainek joaterik ez badute? Beraz, edo gorputz guztiei mugimendua kendu behar zaie edo hutsunea gauzetan nahasia dagoela onartu behar da, handik gauza bakoitzak mugitzen hasteko modua izan dezan. Azkenik, bi gorputz lauk elkar jo eta berehala zatikatzen badira, aireak nahitaez bete behar du gorputzen artean geratzen den hutsune guztia. Honek, ostera, birundarik azkarrenez inguratzen bada ere, ezingo du espazio guztia une bakarrean bete; zeren leku hura zatika hartuz joan beharko baitu, gero dena betetzeko. Norbaitek beharbada uste badu, gorputzak zatikatzean, airea kondentsatzen delako gertatzen dela hori, oker dago; zeren orduan lehen ez zegoen hutsunea egiten eta, halaber, lehen hutsik zegoena betetzen baita, eta aireak ezin du horrela trinkotu, eta, ahal izanik ere, ezingo luke, nik uste, bere burua uzkurtu eta zatiak bakarrera ekarri. Beraz, nahi adina oztopoz tematzen bazara ere, nahitaez aitortu beharko duzu gauzetan badela hutsunea.

Gainera, hamaika argumentu aipa nezake zugandik nire esanekiko fedea lortzeko. Baina gogo argiari aztarna txiki hauek aski zaizkio, zeintzuen bidez gainerakoa zuk zeuk ezagutu ahalko duzun. Horrela, txakurrak sarritan, behin lorratz ziurra hartutakoan, piztia menditar baten atsedenlekua, hostotzan ezkutatua, usnaz aurkitzen duen bezala, halaxe ahalko duzu, gauza hauetan, bata bestetik zeuk ikusi eta gordeleku ilun guztietan sartu eta handik egia atera. Geldotzen eta apur bat lanari uzten badiozu, hauxe aginduko dizut argi, Memmio: nire mihi leunak nire bular oparotik egia parrasta hain ugariak isuriko ditu, ezen beldur naiz zahartzaro nagia ez ote zaigun lohadarretara zabalduko eta guregan dagozen bizi giltzak askatuko, zure belarrietara gauza bakar bati buruzko argumentu piloa bertsotan helarazi aurretik.

Baina orain, hasitako azalpenari jarraituz, natura osoa, bere baitan den aldetik, bi gauzaz osatzen da; bai baitira gorputzak eta hutsunea, non haiek kokatzen eta hara-hona mugitzen diren. Gorputza bere baitan badela sen onak erakusten du. Honekiko lehen fede sendoak balio izan ezik, gauza ezkutuetan ez legoke ezer, arrazoia bertan oinarriturik, ziurtasuna ukan dezagun. Bestalde, hutsunea deritzogun lekurik eta espaziorik ez balego, gorputzek ezingo lukete inon kokatu, ez hara-hona batere mugitu. Lehentxoago azaldu dizudana da hau.

Aurrera joz, ez dago ezer bat ere gorputzik gabea eta aldi berean hutsuneaz bestelakoa dei dezakezunik, hirugarren izaera berri bat bezalakoa litzatekeenik. Zeren baden zernahik bere baitan zerbait izan behar baitu, tamainu handi edo txikikoa noski, badeno. Eta arinena eta xumeena bada ere, ukitzekoa bada, gorputzen kopurua gehituko du eta haien batura osatuko. Baldin ukigaitza, ezein gorputzi bere baitako inondik pasatzen galerazi ezin diona, bada, orduan hori hutsunea deitzen duguna dateke. Gainera bere baitan den guztiak edo zerbaiti eragingo dio eta beste eragileena beragan jasango du edo gauzak beragan izateko eta gertatzeko modukoa izango da. Baina gorputzik gabe ezerk ezin du eragin ez jasan, ez hutsa eta librea ez den lekurik eskaini. Hutsuneaz eta gorputzaz gainera, beraz, ez da geratzen bere baitan den hirugarren gauzen izaerarik, inoiz gure sentimenen pean aurkitzekorik, ez arrazoibidez atzemana izatekorik.

Izan ere, izena duten guztiak edo bi gauza horiei dagozkienak edo euron gertakariak direla ikusiko duzu. Propietatea haustura hondagarri gabe ken ez erants daitekeena da, hala nola pisua haitzetan, beroa suan, hezetasuna urean, ukimena gorputz guztietan, ukiezina hutsunean. Ostera, esklabutza, txirotasun, aberastasun, askatasun, gerra, bake, euren etortzez edo joatez izaera aldagabe uzten duten gainerako guztiei, bidezko denez, gertakariak deitzen diegu.

Denbora bera ere berez ez da existitzen; gauzek eurek sentiarazten dute zer burutu zen iraganean, zerk dirauen eta zerk jarraituko duen. Aitortu beharra dago inork ez duela denbora bere hartan sentitzen, gauzen mugidatik edo gelditasun masaletik berex. Hala, Tindaride bahitua edo troiar herria gerrak menperatua izan zela diotenean, kontua behar dugu horiek euren baitan existitu zirela ez pentsatzeko, zeren gertakarion jabe izan ziren gizaldi haiek dagoeneko irentsiak baititu iragan itzulgaitzak.

Zeren gertatutako guztia edo lurren edo herrialdeen euren gertakaria dela esan baitaiteke. Honela, bada, ez gauzen materiarik, ez gauza bakoitza bertan gertatzeko lekurik ez espaziorik ez balego, Tindarideren ederrak inoiz ez zuen Alexander frigiarraren paparra maitasun sutsuz beteko, ez zituen ankerraren gudu argitsuak isiotuko, ez zurezko zaldiak, troiarrengandik ezkutuan, Pergamo sutuko zuen, grekoen gaueko erditzez. Hortik ikus dezakezu gertatutako gauza guzti-guztiak ez direla euren baitan gorputz gisan bilakatzen ez existitzen, ez direla azaltzen hutsunea bilakatzen den era berean, baizik zuzenago duzula gorputzaren eta zer bakoitza bertan sortzeko espazioaren gertakariak deitzea.

Aurrerago joz, gorputzak edo gauzen lehenkiak dira, edo lehenkion elkartzez osatuak. Baina ezein indarrek ezin du gauzen lehenkirik desegin, euron gorputz trinkoa nagusitzen baita. Nahiz eta zaila dirudien gauzetan gorputz trinkoko zerbait egon daitekeela sinestea. Oinaztuak etxeen hormak zeharkatzen baititu, hotsak eta harrabotsak bezala; burdina sutan goritzen da eta haitza kraskatzen, bapore sutsuaren suminez. Urrearen gogortasun bigundua berotan funditzen da eta brontze hotza garrak bentzuturik urtzen. Beroak zilarra barnatzen du, berdin hotz sarkorrak, eta biak nabaritzen ditugu, edontzia ohi bezala eskuan dugula, edari gozoa bertara isurtzen dutenean. Badirudi, bai, gauzetan ez dagoela ezer trinkorik. Baina egiazko arrazoiak eta gauzen izaerak agintzen dutenez gero, adizu bertso gutxitan azalduko dudana, ezen badirela gorputz trinkoz eta betikoz osatzen direnak. Horiek gauzen haziak eta lehenkiak direla diot, zer kreatu guztien batura osatzen dutenak.

Lehenik, gauza bi hauen, gorputzaren eta zer guztiak bertan gertatzen diren lekuaren izaerak oso ezberdinak direla garbi dagoenez gero, biek eurenez eta euren baitan bakun existitu beharra daukate. Zeren, hutsunea deritzogun espazioa nonahi libre dela, han ez baitago gorputzik; gorputzak bertan diraueno, berriz, han ezin du hutsune librerik egon. Badira, beraz, lehen gorputz solidoak eta hutsune gabeak. Gainera, hutsuneak, gauza sortuetan badenez gero, materia solidoz inguraturik egon behar du; eta arrazoi zuzenez ezin da pentsatu ezein gauzak bere gorputzean hutsunea gordetzerik eta barruan edukitzerik, daukana solidoa dela onartzen ez baduzu. Baina dena ere ez daiteke gauzen hutsunea biltzeko gai den materiaren elkartzea baino izan. Gorputz solidoz osatzen den materia eternala izan daiteke, beraz, gainerako guztia desegiten dela. Bestalde, hutsunea deitzeko moduko ezer ez balego, dena solidoa litzateke; alderantziz, lekuak betetzeko eta edukitzeko gorputz jakinik ez balego, den guztia espazio hutsa eta librea litzateke. Argi da, beraz, gorputza eta hutsunea elkarrengandik berex txandatzen direla, ez baitago guztizko betetasunik ez hustasunik. Badira, beraz, gorputz jakinak, espazioa huts-betez bereiz dezaketenak. Hauek ezin dira kanpotiko kolpez desegin, ez barrutik inola ere hondatu, ez beste ezein arrazoik erasota zalantzatu; dagoeneko azaldua dizut hau lehentxoago. Izan ere, hutsune gabe ez da ikusten nola daitekeen ezer kanka, ez hauts, ez bitan ebaki, ez hezetasunik har, ez dena suntsitzen duen hotzik ez surik barnera. Eta zenbat eta gauza batek barruan hutsune gehiago eduki, hainbat makalago da gauzen erasoekiko. Beraz, irakatsi dizudanez, lehen gorputzek, solidoak eta hutsune gabeak badira, eternalak izan behar dute. Gainera, materia eternala ez balitz, honezkero gauza guztiak erabat ezereztuak ziratekeen eta dakusgun dena ezerezetik bersortua zatekeen.

Baina ezerezetik ez daitekeela ezer sor ez sortutakorik ezerezera itzul arestian azaldu baitizut, gorputz hilezkorreko lehenkiek egon behar dute, zer guztiak azken orduan eurengan disolbatzeko modukoak, gauzen berrikuntzarako materia gera dadin. Lehenkiak, beraz, solidoak eta bakunak dira, bestela ezingo baitzuten, mendeetan zehar mugagabeko denboratik iraunik, gauzarik berritu.

Azkenik, naturak gauzen apurtzeari mugarik jarri ez balio, materiaren gorputzak hain legozke iragan mende apurtzaileen eraginez murrizturik, ezen hauetatik sorturiko ezerk ezingo bailuke, epe jakinean, bizitzaren goren mugarik jaritsi. Zeren edozer ere azkarrago desegin daitekeela ikusten baitugu atzera berregin baino. Horrela, egunen luzera amaigabean, iragan denbora osoak orain arte apurtuko zukeena, ezabatuz eta disolbatuz, gainerako denboran ezingo litzateke sekula berritu. Argi dago, ordea, apurtzeko muga jakin bat ezarrita dagoela, ikusten baitugu zer guztiak berreginez doazela eta aldi berean gauza mota bakoitzari denbora mugatu bat esleitu zaiola, biziaren lorera iristeko.

Honez gainera, materiaren gorputzak guztiz trinkoak izan arren, ulertzekoa da, hala ere, gorputz bigunak, airea, ura, lurra, sua, nola sortzen eta bakoitzak nolako indarra daragien, hutsunea gauzetan nahasturik baitago. Gauzen lehenkiak bigunak balira, ostera, ezingo litzateke arrazoitu nondik sortzen diren haitz gogorrak eta burdina; natura osoa lehen oinarri gabea bailitzateke erabat. Euren bakuntasun trinkoagatik dira, beraz, indartsuak, eta hauen elkartze estuagoz bat egiten dute eta sendotasun bortitza erakusten.

Bestalde, gauzei zatitzeko mugarik ezarri ez balitzaie, betidanik oraintxe arte iraun izan beharko zuten oraindik inolako arriskurik jasan gabeko gorputzek. Baina izaera hauskorrekoak direnez gero, ezin da ulertu nola iraun ahal izan duten denbora eternalean, mendeetan zehar talka amaigabeek astinduta.

Honela, gauza mota bakoitzari hazteko eta biziari eusteko muga bat esleitu zaionez, eta bakoitzak zer dezakeen eta zer ez dezakeen natur legeek erabakita dagoenez gero, eta nola ezer ez den aldatzen, aitzitik denak irauten, hegazti ezberdin guztiek, belaunez belaun, euren motaren orbainak gorputzean eramateraino, orduan argi dago materia aldagaitzeko gorputza daukatela. Zeren gauzen lehenkiek, beste arrazoi batek eraginda, aldatzerik balute, zer jaio daitekeen eta zer ez jakiterik ez bailegoke, alegia, zergatik gauza bakoitzak ahal mugatua eta mugarri sakon sartua daukan, eta belaunaldiek ezingo lituzkete espezie bakoitzean hain jarraian berritu gurasoen izaera, ohiturak, bizitza eta mugidak.

Aurrera jorik, gure sentimenek ikusi ezineko gorputz bakoitzak azken mutur bat daukanez gero, argi dago hau zatigabea eta izaera minimoduna dela, eta inoiz ez dela bere baitan berex izan, ezta izango ere, bera baita beste zer baten lehen zatia eta bakarra; hortik antzeko beste eta beste zati batzuek gorputzaren izaera ordenan osatzen dute lerro estuan. Zatiok, eurenez izaterik ez dutenez gero, inola ere handik erauzi ezineko zerbaiti atxiki behar zaizkio. Badira, beraz, bakuntasun solidoko lehenkiak, zati minimoetan estuki bateginak, eta ez hauen biltzetik bateratuak, bakuntasun eternaletik indartuak baizik. Naturak ez du uzten ezer ken dakien ez ezertan txiki daitezen, gauzen hazitzat gorderik.

Gainera, minimorik izan ezik, gorputzik txikienak zati mugagabez osatuko dira, erdi bakoitzak beste erdi bat edukiko baitu beti eta ezerk ez baitu mugatuko. Zer dago, beraz, handi-txikienen artean? Ezeren alderik ere ez; zeren, handien guztia denik mugagabeena izan arren, diren txikienak ere zati mugagabez berdin osaturik baitagozke. Hau, ordea, arrazoi zuzenak muzintzen eta gogoarentzat sinestu ezinekotzat ukatzen duenez gero, aitortu beharra dago, bentzuturik, badirela inolako zatiz hornitzen ez diren eta izaterik txikienez osatzen diren gorputzak. Eta, badirenez gero, solidoak eta eternalak direla ere aitortu beharra daukazu. Azken batez, gauzen kreatzaileak, naturak, dena zatirik txikienetan disolbaraziko balu, haiekin ezingo luke gero ezer berririk egin, zeren, inolako zatiz osatu gabeak izanik, ezin baitute materia sortzaileak behar duena eduki, hots, gauza guztien eragile diren lotura ezberdinak, pisuak, kolpeak, talkak, mugidak.

Horregatik, gauzen materia sua dela eta izadia su hutsez egina dela pentsatu zutenak egiazko arrazoitik nabarmen lerratu zirela argi dago. Euren buruzagi Heraklito abiatu zen lehenen teman, hizkuntza iluna bide, burugabeen artean ospetsuago, egia bila diharduten greko zentzundunen artean baino. Izan ere, ergelek gehiago miresten eta maitatzen dute hitz bihurrien azpian ezkutatzen den guztia, eta belarria dotore jotzen duena eta hots gozoz apaindurik datorrena egiatzat hartzen dute. Zeren nola litezke gauzak hain ezberdinak izan, galdetzen dut, su bakar eta hutsetik sortuak izan badira? Ezertarako ez bailuke balioko su beroa kondentsatzeak ez xumetzeak, suaren parteak su osoak daukan izaera bera baleuka. Zeren, parteak uzkurturik, berotasuna biziagoa bailitzateke, eta motelagoa, berriz, banaturik eta sakabanaturik.

Hortik aurrera, ez duzu pentsatuko ezer izan daitekeenik horrelako kausetatik eta are gutxiago gauzen hainbesteko aniztasuna su dentsoetatik edo xumeetatik izaterik. Gainera, sua kondentsatzeko edo xumetzeko ere, gauzetan hutsunea nahasturik dagoela onartu behar da. Baina, Musek kontrako hainbat gauza ikusarazten dietenez gero eta gauzetan hutsune garbia jartzeari muzin dagiotenez gero, malkarren beldurragatik, orduan egibidea galtzen dute eta ez dakuste, gauzetan hutsunea kenduta, dena kondentsatzen dela eta dena gorputz bakar bilakatzen dela, bere baitatik at ezer bortizki egozterik ez duelarik; su biziak argia eta beroa egozten dituenez, zati trinkoetatik harakoa ez dela ikus dezazun. Zeren, uste badute sua, beste nolabait konbinatzean, itzungi eta alda daitekeela, hori inolako mugarik gabe gertatzen dela, orduan argi baitago su guztia erabat ezereztuko dela eta berriro sortu beharrekoak hutsetik sortuko direla. Zeren edozer, aldaturik, bere mugetatik irten badadi, horrek berehala aurrez izandako bestearen heriotza baitakarke. Zerbaitek, beraz, aurreko haietatik osorik iraun behar du, gauza guztiak ez dakizkizun erabat deusez eta hutsetik birsor eta sendo. Honela, bada, beti izaera berari eusten dioten gorputz oso jakinak dagozenez gero, zeintzuen alde egitez edo inguratzez edo ordena aldatzez gauzek euren izaera aldatzen duten eta gorputzak eboluzionatzen diren, bistan da gauzen gorputzok ez direla suzkoak. Ez bailuke axolarik batzuen urruntzeak eta alde egiteak zein beste batzuen etorrerak edo leku-aldatzeak, hala ere denek beroaren izaerari eutsiko baliote;  honek beti ere sua sortuko bailuke. Egia, nik uste, hauxe da: badira gorputzak, zeintzuen bilkurek, mugidek, ordenak, kokapenak, figurek sua egiten duten; ordena aldatzean, izaera aldatzen dutenak eta ez daukatenak ez suaren antzik, ez gure sentimenei gorputzak bidaltzeko eta igurtziaz gure ukimenari eragiteko gai den ezeren antzik.

Gainera, gauza guztiak su direla eta suaz beste ezerk egiazko izaterik ez daukala esateak, honek beronek egiten duenez, zorakeria hutsa dirudi. Zeren, sentimenetatik abiaturik, sentimenak eurak muzintzen baititu eta sineste orori eusten dion eta berak ere sua deritzon zer guztia hondatzen baitu. Sentimenek sua benetan ezagutzen dutela uste baitu eta gainerakoa ez, nahiz eta argitasun gutxiagokoa ez izan inola ere. Honi hutsalkeria deritzot, areago oraindik, zentzugabekeria. Zertara joko dugu orduan? Zer izan dakiguke sentimenak eurak baino ziurrago, egia ala gezurra bereizteko? Gainera, zertarako behar dugu dena kendu eta suaren izaera bakarrik uzten saiatu, sua badela ukatu eta beste gauza bat utzi beharrean? Zorakeria berdina baitirudi bata nahiz bestea esateak. Horregatik, gauzen materia sua dela eta izadia su hutsez osa daitekeela pentsatu zutenak, eta gauzen printzipio sortzailetzat airea ezarri zutenak, edo urak berez egiten dituela gorputzak edo lurrak dena sortzen eta gauzen izaera guztietara aldatzen duela pentsatu zutenak, argi dago egiatik oso urrun aldaratu zirela. Gehi itzazu gauzen lehenkiak binakatzen dituztenak ere, airea suarekin eta lurra urarekin baturik, eta dena lau gauzatatik etor daitekeela uste dutenak, sutik, lurretik, airetik eta uretik.   

Hauen artean lehenengoa Agrigentoko Enpedokles dugu, lurren ertz triangeluarreko irlak sortu zuena, zeina Jonio itsasoak, bihurkera handietan igeri, uhin berdeen garraztasunez bustitzen duen eta non itsas uhin azkarrek, zintzur estuan barrura, Eoliako lur bazterrak irlaren mugetatik bereizten dituen. Hementxe dago Karibdis irenskorra, eta Etnaren urrumak hementxe ari dira mehatxuka, haren garren sumina berriro pilatzeko eta su bortxaz egotzia ahutzetatik okaztatzeko eta garrezko tximistak berriro zerura jaurtitzeko. Ostera, nahiz eta berau alde askotatik gizateriari hain handi eta miresgarri iruditu eta bisitagarritzat hartua izan, ondasunetan aberats, gizonen indar handiz zaindua, hala ere, ez bide du inoiz ezer ospetsuago, ez santuago, ez miragarriago, ez kutunagorik eduki gizon hauxe baino. Haren bular jainkozkotik harako bertsoak nonahi aldarrikatzen dira eta aurkipen bikainak azaltzen dituzte, giza endatik sortua dela nekez sinesteraino.

Honek, ostera, eta arestian aipatuek, berau baino alde askotatik apalagoek eta askozaz mendreagoek, nahiz eta, aurkikuntza asko zuzen eta jainko arauz eginik, euren bihotzaren santutegitik erantzun santuago eta askoz ere ziurragoak eman zituzten Pitiak tripodetik eta Feboren ereinotzetik jaulkitzen dituen guztiak baino; hala ere, gauzen printzipioetan oker nabarmena egin zuten, eta zenbat eta eurak handiago, hainbat eta jauskera handiago eta larriagoa izan zuten. Lehenik, gauzei hutsunea kenduta mugimendua ezartzen dutelako eta gauza beratzak eta astinak onartzen dituztelako, alegia, airea, hezetasuna, sua, lurrak, animaliak, landareak, euron gorputzean hutsunerik nahasi gabe. Gero, honela gorputzen banakuntzan ez delako mugarik egongo, ez zatiketaren gelditzerik, ez gauzetan inolako minimorik; nahiz eta guk gauza guztietan badela ikusi sentimenei minimoa iruditzen zaien mutur bat, eta hortik atera dezakezu ikusi ezinekoetan ere badela mutur bat, euron minimoa izan beharrekoa. Horrez gainera, gauzen lehenkitzat jaiotzen eta hiltzen ikusten ditugun gorputz bigunak hartuz gero, izadi osoak hutsera itzuli behar du eta gauza guztiak hutsetik birjaio eta hazi. Biok ere egiatik zer urrun dagozen laster jakingo duzu. Gainera gorputzok alde askotan etsai dira, baita elkarren pozoin ere. Horregatik, edo elkartzean hil egingo dira, edo barreiatu, ekaitzak jotzean, oinaztuak eta euria eta haizeak barreiatzen ikusten ditugunez.

Azkenik, dena lau gauzatatik sortzen eta dena berriro gauza horietan disolbatzen bada, zergatik behar da gauzen lehenkiak horiek direla esan eta ez, alderantziz, gauzak direla horienak pentsatu? Zeren aldizka jaiotzen baitira eta kolorea eta izaera osoa betiraunean trukatzen baitiote elkarri. Baina, nonbait uste baduzu suaren eta lurraren gorputza eta airearen aurak eta uraren jariotasuna elkarkuntzan euren izaera batere ez aldatzeko moduan batzen direla, ezingo zaizu haietatik ezein gauza sortu, ez animadunik ez zuhaitza bezalako gorputz animagaberik. Izan ere, multzo ezberdin horren bilkuntzan, bakoitzak bere izaera agertuko du eta airea lurrarekin nahasirik ikusiko da eta beroa urarekin irauten. Baina gauzen sorkuntzan lehenkiek izaera isila eta ezkutua gorde behar dute, kontra egingo duen eta sortutako edozeri propioki izaten utziko ez dion ezer nagusitu ez dadin.

Areago oraindik, ortzira eta bertako suetara jotzen dute eta lehenbizi sua airearen aura bihurtzen omen, hemendik euria eta euritik lurra sortzen eta lurretik atzera dena berritzen, lehenbizi ura, gero airea eta azkenik beroa, eta hauek etengabe omen dihardute elkarrekin mutatzen eta ortzitik lurrera eta lurretik munduko astroetara ibiltzen. Hau lehenkiek ezin dute inola ere egin. Nahitaezko da, beraz, zerbait aldagaitzak irautea, gauza guztiak erabat ezerezera itzul ez daitezen. Zeren, aldaturik, bere mugetatik irteten den edozer aurretik izan zenaren heriotza baita berbertan. Horregatik, arestian esan ditugunak elkarrekin trukatzen direnez gero, inoiz aldatu ezin dutenekin osaturik egon behar dute, gauza guztiak erabat ezerez ez dakizkizun. Zergatik ez areago onartu badirela halako izaeradun gorputzak, sua sortu duten bezala, zer txikiak ken-ezarriz, ordena eta mugida aldatuz, airearen aurak ere eragin ditzaketenak, honela bata bestetik gauza guztiak mutatuz?

«Bai, baina -esango duzu- guztiz gauza nabaria da zer guztiak lurretik elikatzen eta hazten direla airearen auretarantz; eta, sasoia une egokian euriz onberatzen ez bazaie, zuhaitzak lainoen zamaz lokatzeraino, eta eguzkiak bere aldetik laztantzen eta beroa ematen ez badie, uztek, zuhaitzek eta animaliek ez daukate hazterik”. Baita, janari lehorrak eta ur samurrak lagundu ezik, gure gorputz akabatuan ere bizi orok nerbioetatik eta hezurretatik ihes egingo luke. Izan ere, inolako dudarik gabe, gauza jakinekin baliatzen eta elikatzen gara, zer bakoitza beste zer jakin batetik bezala. Eta hori bistan dago gauzen lehenki asko, gauza askoren komunak, gauzetan era askotara nahasturik dagozelako dela eta horregatik zer ezberdinak zer ezberdinez elikatzen direla. Eta sarritan behinena da lehenki berak zeintzuekin eta zer ordenatan batzen diren eta elkarren artean nolako mugidak eragiten eta hartzen dituzten. Zeren zeru-lurrak, itsas-lehorrak, ibaiak eta eguzkia osatzen dituztenek eurek osatzen baitituzte uztak, zuhaitzak, bizidunak, nahiz eta era ezberdinetan nahasi eta mugitu. Geure bertsootan eurotan ere erruz ikusiko duzu hitz askori dagokion hizki asko, nahizta, hala ere, aitortu beharra dagoen bertsoak eta hitzak esanahian eta hotsean elkarrengandik urrun dagozela. Horrexenbeste dezakete hizkiek, ordena aldatze hutsez. Gauzen lehenki direnek, ordea, era gehiago eskain dezakete euretatik gauza ezberdin guztiak sortzeko.

Orain azter dezagun Anaxagorasen homeomeria, grekoek hala deritzotena eta guri aberri hizkuntzaren txirotasunak geure mintzairan esaten uzten ez diguna, nahiz eta zera bera zer den hitzez azaltzea erraza den. Lehenik, gauzen homeomeria da, adibidez, hezurrak hezur txiki-txikiz eta niminoz eta giharreak giharre txiki-txikiz eta niminoz eginda dagozela eta odola odol tanta piloa bateratzetik sortzen dela, urrea ere urre hautsez osatzen dela uste du eta lurra zokor txikietatik handitzen dela, sua sutik, ura uretik, eta gainerako guztia era berean uste du. Hutsuneari, ostera, ez dio gauzetan inolako tokirik ematen ez gorputzen zatikuntzari mugarik. Horregatik arestian aipatu ditugunak bezalaxe erratzen dela iruditzen zait arrazoi bietan. Pentsa, gainera, lehenki ahulegiak irudikatzen dituela; pentsa nola izan daitezkeen gauzen euren izaera berarekin eginda dagozen lehenkiak, berdin pairatzen eta hiltzen direnak, zeintzuen suntsitzerik ezerk geratu ezin duen. Zeren abornada bortitz batean, eurotariko zeinek iraun behar du, heriotzari Herioren hortzetatik bertatik ihes eginik? Suak ala urak ala aireak? Eurotariko zeinek? Suak ala hezurrek? Ezerk ere ez, neuk uste, zeren gure begietatik, bortxaren baten mende, argi-argi ezabatzen ikusten ditugunak bezain hilkorrak izango baitira gauza guztiak arrazoi berdin-berdinez. Baina ezerk hutsera birjausterik ez hutsetik sortzerik ez daukanez gero, lehenago emaniko frogei nagokie. Gainera, gorputza janak elikatzen eta hazten baitu, pentsa genezake zainek, odolak eta hezurrek osagai ezberdinak dituztela. Edo, diotenez, janari guztiak gorputz konposatuzkoak badira eta eurengan nerbio zatitxoak eta hezurrak eta, oro har, zainak eta odol ttanttak badauzkate, gertatuko da ezen janari oro, gogor nahiz likido, gauza heterogeneoz osatutzat jo behar dela, hezurren eta nerbioen eta odolaren eta odoltxarren nahaste bat. Gainera lurretik harako gorputz guztiak lurrean badagoz, lurrak beragandik sortzen diren zer heterogeneo guztiekin osaturik egon behar du. Beste arloetan ere, hitz berak erabil ditzakezu. Zurean garra eta kea eta hautsa gordeta badagoz, zurak zer heterogeneoz osatua behar du. Gainera lurrak gorputz guztiak elikatzen, hazten ditu, eta [[berak ere, beraz, denak

eduki behar ditu, baita]] zuretik datozen gai heterogeneoak ere.

Badago hemen ihesbide txiki bat, Anaxagorasek beragantzen duena, gauza guztiak gauza guztietan ezkutaturik dagozela jotzen baitu, baina bakarrik agertzen dela nahastean ugarien dena eta bistaren eta aurrenen kokaturik dagoena. Hau, ostera, egiatik oso urrun dago. Zeren horrela gariak ere sarritan, harriaren indar beldurgarriak ehotzen duenean, odol zantzuak edo gure gorputzetik bazkatzen den zerbait erakutsi behar luke. Antzeko arrazoiz, belarrak ere, harriarekin harriaren kontra jotzen dugunean, odola isuri behar luke. Eta urak ere errapetik harakoak bezain tanta gozoak eta zapore berdintsukoak eman behar lituzke, eta berdin, soroetako zokilak xehatzean, belar mota guztiak eta aleak eta hostoak ikusi behar lirateke, lurrean zati txikietan zabaldurik; azkenik, zura moztean, kea eta hautsa ikusi behar lirateke, eta bertan ezkutaturiko gar niminoak. Esperientziak honelakorik ezer ez dela gertatzen dioenez gero, gauzak ez dagozela gauzetan horrela nahastuak atera behar da, aitzitik, ordea, gauza askori dagozkien hazi komunak dauzkatela barruan, hamaika modutara nahastuak.

«Baina mendietan maiz gertatzen da -esango duzu- zuhaitz garaien kukula hurbilek elkar jotzen dutela, austro bortitzek hartara beharturik, garrezko lore irekian distiratu arte”. Hala ere, horrek ez du esan nahi zuraren barruan sua dagoenik; egitan dagoena suaren hazi asko dira, elkar joz bat egitean, oihanetan suteak sortzen dituztenak. Zeren, oihanetan gar eginak ostendurik balegoz, suak ezingo luke denbora izpirik ere ezkutuan egin, oihanak nonahi suntsituko lituzke, zuhaitzak erreko lituzke. Ba al dakusu orain, lehentxoago esana dugunez, zenbat axola duen lehenki berak zeintzuekin eta zer ordenatan batzen diren eta elkarren artean zer mugiera ematen eta hartzen duten eta nola, elkar trukatze txiki batez, eurek berek sortzen dituzten garrak eta enborrak? Hitzek eurek ere horrelaxe jokatzen dute, hizkiak apur bat trukatuz,izen ezberdinez «su» eta «zur» deritzegunak. Azkenik, gauza agerietan ikusten dituzunak, gorputzak materiaren izaera berdinez hornitutzak jo ezik, ezinezkoak direla uste baduzu, doktrina horrekin gauzen lehenkiak ezabatuak zaizkizu: gertatuko da ezen barre algaraka dardaratuko direla eta aurpegia eta matrailak malko gaziz beratuko dituztela.

Segi orain geratzen dena ikasten eta entzun erneago. Badakit zer kontu ilunak diren; baina aintzaren itxaropen handiak tirso zorrotzez zauritu dit bihotza eta aldi berean nire paparrean Musen maitasun leun bat ezarri du, zeinak kinaturik Pierideen bazter lekuak, aurretik inor ibili gabeak, gogo biziz oinkatzen ditudan. Maite dut iturri ukigabeak aurkitu eta bertatik zurrut egitea, eta maite dut lore berriak jaso eta haiekin Musek sekula inor estali ez duten koroa bikainez neure burua jaztea; lehenik, gauza gurenak irakasten ditudalako eta gogoa erlijioen korapilo estuetatik askatzen saiatzen naizelako; gero, hain gai ilunari buruz hain bertso argitsuak jartzen ditudalako, denak musen gozotasunez zipriztindurik. Ez dirudi gainera arrazoigabea denik, zeren aitzitzik medikuek ere, haurrei asentsio belar higuingarria eman nahi dietenean, edontzi ertzak ezti likore gozoz eta beilegiz gantzutzen dituzten bezala, haurren adin xaloa ezpainetan bada ere engainatzeko, asentzio ur mingotsa edaten duten bitartean, engainuz baina ez kalterako, erremedio horrekin berritu eta sendotu daitezen baizik, halaxe nik ere orain, hartan aritu gabeei gehienean gure doktrina garratzagoa iruditzen zaienez gero eta jendeak beldurturik atzera egiten duenez gero, gure doktrina Pierideen hizkuntza ahogozagarrian azaldu eta Musen ezti gozoz gantzutu bezala egin nahi izan dizut, ea horrela zure gogoa nire bertsoei atxikia eduki ahal dudan, gauzen izaera guztia nola osatua den eta nolako itxura duen ikus dezazun arte.

Baina, materiaren gorputz guztiz solidoak mendeetan zehar jarraiki eta menperagaitz hegatzen direla erakutsi dizudanez gero, segi orain eta azter dezagun haien baturak mugarik baduenez; halaber aurkitu dugun hutsunea ere, dena bertan gertatzen den lekua edo espazioa alegia, ikus dezagun ea dena mugatua den berez ala zer neurrigabe eta sakontasun mugagaberantz zabaltzen den.

Ba, unibertsoa ez dago ezein aldetarantz mugatua; mutur bat eduki beharko baitzukeen. Baina argi dago ezeren muturrik ez daitekeela izan, mugatuko duen zerbait harago izan ezik; gure begiak urrunago jarraitzerik ez daukala ikusteko moduan. Orain, unibertsoaz harago ezer ez dagoela argi dagoenez gero, ez dauka muturrik eta, beraz, ez dauka mugarik ez neurririk. Ez dio ardura bere zein aldetan aurkitzen zaren; hain ez dio ardura ezen, bakoitza dagoen lekuan dagoela, unibertso berdin infinitua hedatzen baita norabide guztietarantz. Bestalde, den espazio guztia mugatua dela jorik, norbait azken mutur ertzeraino lasterkatuko balitz eta azkon hegalari bat jaurti, hura indar bortitzez egotzitako lekura joango litzatekeela ala zerbaitek eragotzi eta bidea itxiko liokeela uste duzu? Bata ala bestea aitortu eta hautatu beharra baitaukazu. Batak zein besteak irteera itxi egiten dizu, ordea, eta unibertsoa mugagabe hedatzen dela onarrarazten dizu. Jaurtitakoa helburura iristea eta bertan jostea eragotz eta oztopa dezan zerbait badagoela nahiz kanporatu egiten dela eman, ez baita azkengunetik irten. Honelaxe jarraituko dut eta, bazterra nonahi jartzen duzula, azkona azkenean zertan den galdetuko dut. Inon ezingo zaiola mugarik jarri gertatuko da, eta ihesak ihesbidea luzatu egingo du beti.

Gainera, unibertso osoaren espazio guztia nonahitik ertz jakinez itxia eta mugatua balitz, dagoeneko materiaren kopurua, solidoen pisuz, hondoan baturik zegokeen, eta ezer ezingo litzateke ortzi sapaiaren azpian sortu, egon ere ez legoke ortzirik, ez eguzkiaren argirik, materia guztia pilaturik bailetzake, denbora mugagabearen jalkin.

Hona, ordea, printzipioen gorputzei ez zaiela inolako atsedenik ematen, inon ez baitago erabateko hondorik, han batu eta bertan egoitza jartzeko modukorik. Den guztia mugimendu etengabean dabil; alde guztietatik eta beherengoetatik, materiaren gorputzak azkar txandatzen dira, infinitutik.

Azkenik, begien aurrean gauzek gauzen mugatzaile dirudite; aireak mendiak xedatzen ditu eta mendiek airea; lehorrak itsasoa eta itsasoak, berriz, lehor oro bereizten du; orotasunaz harago, ostera, ez dago mugarik jar dezakeen ezer. Halakoa da, beraz, lekuaren izaera eta sakonaren espazioa, non ibilera amaigabeko oinaztu distiratsuek ere, mendeetan lerraturik, ez bailukete hura kurritzerik, ezta joan ahala gutxiago geldi dadila egiterik ere. Horrexenbestean irekitzen da gauzetara espazio eskerga, mugarik gabe eta alde guztietara.

Gainera, gauzen baturak berak ere ezingo lioke bere buruari neurririk ezarri, naturak eragozten eta behartzen baitu gorputza hutsuneak eta hutsunea gorputzak mugatzera, horrela alternoki orotasuna infinitu bihur dadin; eta euretariko batak bestea mugatuko ez balu, bakarra izaeraz neurrigabea litzateke. Horrela ez izanik, ez itsaso, ez lehor, ez ortzi sapai argitsuek, ez hilkorren endak, ez jainkoen gorputz santuek iraun ahalko lukete une batez. Zeren materiaren kopurua, bere baturatik sakabanatua, hutsune eskergan zehar aske eramana bailitzateke, edo, hobeto esanda, inoiz ez zen ezer sortzeko trinkotuko, ezingo baitzen sakabanatzetik bildu. Izan ere, gauzen lehenkiak ez ziren berariaz eta adimen argiz paratu bakoitza bere ordenan [[ez elkarrekin bakoitza nola mugitu era- baki]], baina, betiraun guztitik hartutako kolpeen eraginez,

hainbeste izan eta hainbeste aldakuntza jasanik, era guztietako mugidak eta elkartzeak esperimentatuz, azkenik gauzadi hau sortzeko eta irauteko moduko egituretara iritsi dira, eta, behin gauzadia mugida egokietara jaurtia izan denean, urte mordo luzez eusten dio, eta egiten du ezen ibaiek euren urtza ugariz itsaso egarbera horni dezaten eta lurrak eguzkiaren igurtzi beroz uzta guztiak berri ditzan eta bizidunen belaunaldiak lora daitezen eta eterraren su lerratiak bizi daitezen; hau guztiau inola ere ezingo litzateke, baldin materiaren kopurua infinitutik ez baletor galera guztiak garaiz erreparatzera. Zeren bizidunen izaerak, jana kenduta, mehartu eta gorputza galtzen duenez, halaxe behar du denak disolbatu, zerbaitegatik bide okerretik jo duen materiak elikatzeari uzten badio. Kanpotik datozen edonondiko kolpeek ere ezin dute kontserbatu bildutako gauzadi guztia. Badezakete, noski, jo eta zati bat iraunaraz, beste batzuk etorri eta gauzadi osoa hornitu arte, baina bitartean errebotatzera beharturik dagoz eta gauzen printzipioei ihes egiteko espazioa eta denbora ematen diete, baturatik libre ibil daitezen. Beraz, behin eta berriro, printzipio horiek erruz agertu behar dute. Eta areago, kolpeak eurak ere behar adina izateko, nondinahi materia kopuru infinitua behar da.

Honetan, ez dezazula inondik ere sinets, Memmio, zer guztiek gauzadiaren erdigunea deritzonerantz jotzen dutenik eta horri esker munduaren izaerak kanpotiko talkarik gabe dirauenik eta ezerk ezin duenik ez goitik ez behetik inora alde egin, denak erdirantz jotzen duela-eta (zerbait bere baitan koka daitekeela sinesten baduzu, jakina), eta lurraren barrenean diren pisudunak berriro gorantz jotzen dutenik eta lurrean goikoz behera pausa-

tzen direnik, orain uretan ikusten ditugun gauzen irudiak bezala.

Eta era berean animaliak buruz behera dabiltzala tematzen dute eta hain ezinezko omen dute ortziaren azpiko aldeetara erortzea, nola gure gorputzek ezin duten eurenez ortziko sapaietara hegatu. Eurek eguzkia ikustean, guk gaueko izarrak ikusten omen ditugu eta urtaroak gurekin txandaka banatzen omen dituzte, eta haien gauak gure egunei omen dagozkie. Baina hauek errakuntza hutsalak ergelei pentsarazi dizkien irudikeriak dira, arrazoi zentzugabeari heldu diotelako; ez baitaiteke erdigunerik izan, espazioa infinitua izanez gero. Eta erdigunerik balitz ere, ezerk ezingo luke bertan gelditzera jo, beste arrazoiren bategatik urruntzera baino gehiago. Zeren hutsunea deritzogun leku eta espazio orok, erditik zein ez erditik, pisudunei berdinki pasatzen utzi behar baitie, mugimenduek eragiten dieten noranahi. Ez dago lekurik, non, gorputzak, hara heltzean, pisua gal eta hutsunean koka daitezkeen. Hutsune denak ere ez dio ezein gorputzi eutsi behar, pasatzen utzi baizik, bere izaerak agintzen duenez. Gauzek ezin dute, beraz, horrela baturik iraun, erdiranzko grinak menperaturik.

Bestalde, ez zaie iruditzen gorputz guztiek erdirantz tiratzen dutenik, lurrekoek eta urezkoek baizik, eta lurrezkoa bezalako bilkinean dagozenek, itsasoko urak eta mendietatik beherako uhin indartsuek; aitzitik, ordea, airearen aura xumeek eta berdin gar beroek erditik ihes egiten omen dute; eta denetik inguratzen gaituen eterra horrelaxe omen da izarrez dizdizkatzen eta eguzkiaren garra ortzipean bazkatzen, erditik ihes egindako beroa hantxe biltzen omen baita; eta zuhaitzetan ere goren adarrak ezingo omen lirateke hostotu, lurretik gora apurka-apurka doakien jakia...1 

Bai espazioak eta bai materiak infinituak izan behar dute, beraz, munduaren murruek bat-batean, gar hegalari gisan, ihes egin ez dezaten, hutsunean disolbaturik, eta gainerakoek ere berdintsu segi ez diezaieten eta zeruko tenplu trumoilariak eror ez daitezen eta lurrak oinpetik tanpez alde egin ez dezan eta, ortziaren eta gauzen hondaki

1 Hemen zortzi bertso jatorrizko galduak dira.