Idazkuntzaren zero gradua-Testuaren atsegina/Bigarren partea

Idazkuntzaren zero gradua/ Testuaren atsegina

Idazkuntzaren zero gradua/Testuaren atsegina  (1953 eta 1973)  Roland Barthes, translated by Juan Garzia Garmendia
Bigarren partea
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Bigarren partea

Idazkuntza burgesaren garaipen eta haustura

aldatu

Bada, Literatura klasikoaurrekoan, idazkuntza-aniztasun baten itxura; baina barietate horrek ez dirudi hainbesterakoa, lengoai arazooi egitura diren aldetik ekiten bazaie, eta ez arte diren aldetik. Estetikoki, xvi. mendeak eta xvii. mendearen hasierak literatur lengoaien oparotasun aski librea erakusten dute, artean ere Naturaren ezagupidea baitute gizonek ardura eta xede, eta ez giza esentziaren adierazpidea; karia horrez, Rabelais-en idazkuntza entziklopedikoak zein Corneille-ren idazkuntza preziosistak -momentu tipiko bi baino ez ematearren- berez munduaren zabaltasun osoari aplikatzen zaion ikerbide halakoa den lengoaia bat dute forma amankomuna, nahiz lengoaia horren apaingarria ez den artean errituala. Horrek ematen dizkio idazkuntza klasikoaurreko horri ñabarduraren jite petoa eta askatasun baten euforia. Irakurle moderno batentzat, barietate-sentsazioa are bortitzagoa da kontuan harturik hizkuntza artean egitura egongaitzak saiatzen edo dituela eta ez duela behin-betiko finkatu bere sintaxiaren izpiritua eta bere hiztegiaren hazkuntzaren legeak.  "Hizkuntza"ren eta  "idazkuntza"ren arteko bereizkuntzara itzulirik, esan daiteke 1650 ingurura arte frantses Literaturak ez zuela artean gainditu lengoaiari buruzko auzi halako bat, eta horregatik beragatik ezezagutzen zuela idazkuntza. Hain zuzen ere, hizkuntza bere egituraz beraz zalantzan dabilen bitartean, ezinezkoa da lengoaiaren moral bat izatea; idazkuntza ez da agertzen harik eta hizkuntza, nazionalki eraturik, negatibitate halako bat bilakatzen den arte, debekatua dena eta zilegi dena bereizten duen horizonte halako bat, tabu horren jatorriaz edo justifikazioez bere buruari galdetzeari utzirik. Hizkuntzaren arrazoi denboragabe bat sorturik, gramatikalari klasikoek lengoai arazo oroz askatu dituzte frantsesak, eta hizkuntza araztu hori idazkuntza bilakatu da, hots, lengoai balioa, koiuntura historikoak tarteko, ber-bertatik unibertsaltzat ezarria.

Dogma klasikoaren barneko  "genero"en desberdintasuna eta estiloen mugimendua datu estatistikoak dira, ez egiturazkoak; ez batak eta ez besteak ez dute ilusiorik sortarazi behar: idazkuntza bakar bat izan da noski, aldi berean instrumentala eta apaingarrizkoa, ideologia burgesa garaile eta gailen izan den denbora guztian frantses gizarteak bere esku izan duena. Idazkuntza instrumentala, zeren azaleko forma mamiaren zerbitzuan egon behar zuela suposatzen baitzen, algebra-ekuazio bat eragiketa jakin baten zerbitzuan dagoen bezala; apaingarrizkoa, zeren tresna hori bere funtziotik ateko, lotsarik gabe Tradiziotik mailegaturiko halabeharrezko zerez dekoraturik baitzegoen; alegia, idazkuntza burges horrek, idazle desberdinen eskuetatik pasaturik, ez zuen inoiz bere heredentziagatiko higuinik sortzen, ez baitzen pentsamenduaren egintza altxatzen zeneko dekoratu zoriontsua baino. Idazle klasikoek ere ezagutu dute noski formaren auzirik, baina eztabaidagaia ez zen inondik ere idazkuntzen barietate eta zentzua, are gutxiago lengoaiaren egitura; auzigai bakarra erretorika zen, hots, pertsuasio xedez pentsaturiko diskurtsoaren ordenua. Idazkuntza burgesaren bakartasunari erretoriken aniztasuna zegokion, beraz; batekoz beste, erretorika-tratatuek interesa galdu duten unean berean gertatzen da, xix. mendearen erdi aldera, idazkuntza klasikoak unibertsal izateari utzi eta idazkuntza modernoak sortzea.

Idazkuntza klasiko hori klase-idazkuntza da, bistan denez. xvii. mendean sortua boterearen inguruan zuzenean biltzen zen jende-taldean, erabaki dogmatikoz tankeratua, herriko gizon arruntaren berezko subjetibitateak landu zitzakeen prozedura gramatikal guztiez bizkor garbitua, eta aitzitik definizio-eginkizun batera zuzendua, idazkuntza burgesa, hasieran, lehen garaipen politikoek ohi duten zinismoarekin, klase minoritario eta pribilegiatu baten lengoaiatzat agertu zen; 1647an, Vaugelas-ek egoerari men egin beharrez gomendatzen du idazkuntza klasikoa, ez bidezkotasun-legez; argitasuna ez da artean gorteko usadioa baino. 1660an, aldiz, Port-Royal-eko gramatikan adibidez, lengoaia klasikoa unibertsaltasunaren ezaugarriez jantzirik ageri da eta argitasuna balio bihurtzen da. Izatez, argitasuna atributu soil-soilik erretorikoa da, ez da lengoaiaren kualitate orokor bat, garai guztietan eta toki guztietan posible dena, baizik diskurtso jakin baten eranskin ideala soilik; pertsuasio-intentzio etengabe batera menderaturik dagoen diskurtso horrexena, hain zuzen. Garai monarkikoetako aurre-burgesiak eta garai post-iraultzaileetako burgesiak, idazkuntza beraz baliaturik, gizonaren mitologia esentzialista bat garatu baitute, horrexegatik utzi du alde batera idazkuntza klasikoak, bat eta unibertsal izaki, abar-dardara oro, jarraibide baten faboretan, zeinaren atal bakoitza aukera baitzen, hots, lengoaiaren posible ororen deuseztapena. Autoritate politikoa, Izpirituaren dogmatismoa eta lengoaia klasikoaren batasuna mugimendu historiko baten beraren figurak dira, beraz.

Hala, ez dago zer harriturik Iraultzak deus ez aldatu izana idazkuntza burgesean, eta alde guztiz txikia baino ez egotea Fénelon baten eta Mérimée baten idazkuntzen artean. Ezen ideologia burgesak pitzadurarik gabe iraun du 1848ra arte, iraultzaren pasadizoak den gutxienean ere iharrosi gabe, iraultza horrek botere politiko eta soziala eman baitzion burgesiari, eta ez inondik ere botere intelektuala, hura aspaldi luzean baitzeukan bere esku. Laclos-etik Stendhal-era, idazkuntza burgesak ez du izan, istiluek beharturiko opor laburraren gainetik, lehengo hariari eutsi eta jarraitzea baino. Iraultza erromantikoak, berriz, formaren gatazkarako joera hain nabarmena izanik itxuraz, zuhurki eutsi dio bere ideologiaren idazkuntzari. Generoak eta hitzak nahastuz botatako lastre pixka bati esker, lengoaia klasikoan esentziala dena bere baitan gorde ahal izan du, hots, instrumentaltasuna: tresnak gero eta "presentzia" handiago hartzen du noski (Chateaubriand-en kasuan bereziki), baina goratasunik gabe eta lengoaiaren bakardade oro ezezagutuz erabiltzen da. Soilik Hugo, bere iraupenaren eta bere espazioaren izari haragizkoetatik hitz-gai berezi bat aterarik, zeina ez baitzitekeen irakur tradizioaren ikuspegitik, baizik bere existentziaren ifrentzu itzelarekiko erreferentzia hutsez, soilik Hugo-k egin ahal izan du, bere estiloaren pisuz, idazkuntza klasikoaren gainean presio, eta eztanda baten bezperara eraman. Hala, Hugo-ren mespretxuak mitologia formal bera bermatzen du, zeinaren babesean idazkuntza hemezortzigarrendar hori bera baita beti ere, arrandikeria burgesen lekuko izanik, gisa oneko frantsesaren araua izaten segitzen duena; lengoaia hertsi, gizartetik literatur mitoaren trinkotasun guztiaz bereizi hori, idazlerik desberdinenek lege estu nahiz plazer gozagarri gisa bere eginiko idazkuntza sakratu halako hori, frantses Literatura deritzan misterio prestigiotsu horren tabernakulua.

Alabaina, 1850 inguruko urteek hiru gertakari historiko berri handiren batetortzea dakarte: Europako demografiaren gainazpikatzea; ehungintzaren ordez burdingintza nagusitzea, hots, kapitalismo modernoaren sorrera; frantses gizartea hiru klase etsaitutan zatitzea (48ko ekaineko gertakariek burura eramana), hots, liberalismoaren ilusioen hondamen behin-betikoa. Koiuntura horiek egoera historiko berri baten aurrean jartzen dute burgesia. Ordura arte, ideologia burgesak berak ematen zuen bere baitan unibertsala zenaren neurri betea, ez baitzuen aurka egingo zionik; idazle burgesa, beste gizonen zorigaitzaren epaile bakar, begiratuko zion beste inor ez baitzuen aurrez aurre, ez zegoen bere izate sozialaren eta bere bokazio intelektularen artean erdibiturik. Handik hara, ideologia hori bera ez da ageri beste posible batzuen arteko ideologia baten gisa baino; ezin dio eutsi unibertsaltasunari, bere burua kondenatuz baizik ezin du bere burua gainditu; anbiguitate baten atzaparretan harrapaturik dago horrenbestez idazlea, zeren bere kontzientziaren estalkia ez baitzaio dagoeneko zehazki egokitzen bere izaerari. Horra sortua Literaturaren tragikotasun halako bat.

Orduan hasten dira idazkuntzak ugaltzen. Aurrerantzean bakoitza -landua, populista, neutroa, mintzatua- idazlearen abiapuntuzko ekintza da, zeinaren bidez bere izate burgesa bere egin edo arbuiatzen baitu. Bakoitza Forma modernoaren auzi orfeotar horri erantzuteko saio bat da: literaturarik gabeko idazleak. Ehun urtetik hona, Flaubert, Mallarmé, Rimbaud, Goncourt anaiak, surrealistak, Queneau, Sartre, Blanchot edo Camus izan, denek marraztu dituzte -marrazten dituzte oraindik- literatur lengoaiaren zenbait integrazio-, eztanda- edo naturalizazio-bide; baina trabesa ez da formaren halako abentura, erretorika-lanaren halako lorpen edo hiztegiaren halako ausardia. Idazleak hitz-antolaketa bat tankeratzen duen bakoitzean, Literaturaren existentzia bera da auzitan jartzen dena; bere idazkuntzen aniztasunean modernitateak irakurtzera ematen duena bere Historia propioaren aurrera egin ezina da.

Estiloaren artisautza

aldatu

"Forma garesti ordaintzen da", zioen Valéry-k, galdetzen zitzaionean ea zergatik ez zituen argitara ematen Collége de France-ko bere ikastaroak. Alabaina, izan da aro oso bat, idazkuntza burges garailearena, forma gutxi gora-behera pentsamenduaren salneurria kostatzen zena; haren ekonomiaz, haren eufoniaz arduratzen zen bat, baina forma inondik ere gutxiago kostatzen zen, idazlea ordurako eratua zen tresna batez baliatzen baitzen, zeinaren mekanismoak inolako berritasun-obsesiorik gabe beren hartan iragaten baitziren belaunez belaun; forma ez zen jabegogai; lengoaia klasikoaren unibertsaltasuna ondasun amankomuna izatetik zetorren, soilik pentsamendua baitzegoen bestetasunak jorik. Esan liteke ezen, garai hartan guztian, formak erabilera-balioa zuela.

1850 aldera, bada, ikusi dugunez, justifikazio-arazo bat planteatzen hasten zaio Literaturari: idazkuntzak aitzakiak bilatzen ditu; eta hain zuzen duda baten itzala haren erabilera iluntzen hasia delako, tradizioaren erantzukizuna hondo-hondoraino bere gain hartzeko ardura izango duen idazle klase oso batek idazkuntzaren erabilera-balioa lan-balio batez ordezkatuko du. Idazkuntza ez da salbatuko bere xedearengatik, kostatutako lanarengatik baizik. Orduan lantzen hasten den iruditeriak langile bat bere lantegian bezala leku legendario batean ixten den idazle-artisau bat aurkezten digu, zeinak bere langaia landuz baitoa, finduz, ebakiz, leunduz, apaingarriak josiz, hilarrigin batek materiatik artea erauzten duen modu berberean, bakardade eta esfortzuz beteriko ordu luzeak emanik lan horri egunean-egunean: Gautier (Letra Ederren maisu akasgabe hori), Flaubert (Croisset-en bere esaldiak saiatzen eta fintzen), Valéry (bere langelan goizean goizetik) edo Gide (bere pupitrearen aurrean lanmahai baten aurrean bezala zutik), halako idazleek frantses Letren laguntzar-elkarte halako bat osatzen dute, zeinean korporazio baten zeinu eta jabetza baita formaren lanketa. Lan-balio horrek jeinu-balioaren lekua hartzen du nolabait; halako koketeria moduko bat darabil idazleak, esanez asko eta luze lantzen duela forma; batzuetan are labur-esatearen preziosismo halako bat sortzen du bere beharretarako (materia bat lantzea, hura murriztea da eskuarki), preziosismo barrokoaren (adibidez Corneille-ren) handitasunaren beste muturrean; bataren kasuan, Naturaren ezagutza-moduak lengoaiaren zabalpena dakar berekin; besteak, berriz, literatur estilo aristokratiko bat sortzeko ahaleginean, krisi historiko baten baldintzak ezartzen ditu; hain zuzen ere, xede estetiko bat lengoaia anakroniko horren konbentzioa justifikatzeko aski ez den egunean lehertuko da krisi hori, hots, Historiak idazlearen bokazio sozialaren eta Tradizioak haren esku jarri duen tresnaren arteko bereizketa begibistako bat dakarkeen egunean.

Flaubert-ek finkatu zuen, ordenu gehienaz, idazkuntza artesau hori. Haren aurretik, burgesen kontuak pintoreskotasunari edo exotismoari zegozkion; ideologia burgesak unibertsaltasunaren neurria ematen zuen eta, gizon puru baten existentzia posibletzat baitzeukan, halako ikuskari bere baitan mugagabe-bikaintzat jo zezakeen burgesa, euforiaz. Flaubert-entzat, burgestasuna gaitz sendaezin bat da, idazleak erabat itsatsia duena, eta argi-ernetasun osoz bere eginez baino ezin dio hark aurre egin, sentimendu tragiko bati doakionez. Frédéric Moreau-ri, Emma Bovary-ri, Bouvard-i eta Pécuchet-i dagokien Ezinbeste burges horrek, aurrez hartzen jasaten den unetik, bere baitan ezinbeste bat daraman, Lege batez armaturik dagoen arte bat eskatzen du berak ere. Flaubert-ek idazkuntza arauemaile bat sortu du, paradoxaz pathos baten erregela teknikoak bere baitan dituena. Alde batetik, esentzia-segidez eraikitzen du bere kontaera, eta inondik ere ez ordenamendu fenomenologiko baten arabera (Proust-ek egingo duenez); erabilera konbentzional batean finkatzen ditu aditz-denborak, Literaturaren zeinutzat funtziona dezaten, bere artifizialtasunaz ohartaraziko lukeen arte baten etsenpluz; idatzizko erritmo bat lantzen du, sorgin-xarma halako bat eragiten duena, zeinak, ahozko elokuentziaren arauetatik urrun, literario hutsa den eta Literatur ekoizle eta kontsumitzaileen barnean dagoen seigarren zentzumen bat ukitzen baitu. Beste alde batetik, berriz, literatur lanaren kode horrek, idazkuntzaren eginbehar neketsuen bilduma horrek, zuhurtzia halako bat sustengatzen du, nolabait esateko, eta era berean tristura halako bat, gauzak garbi aitortzearekin zerikusia duena, zeren arte flaubertianoak bere maskara atzamarraz seinalatuz egiten baitu bere bidea. Literatur lengoaiaren kodifikazio gregoriano horren helburua, idazlea izaera unibertsal batekiko bakeak egitea ez bazen, idazle horri gutxienez bere formaren erantzukizuna ematea zen noski; alegia, Historia haren eskuetara ekarritako idazkuntza arte bihurtzea, hots, konbentzio argi bat, gizonari zentzu-lotura beterik gabeko natura batean kokaleku familiar bat aurkitzeko modua emango dion itun zintzo bat. Idazleak arte aitortu, ageriko bat ematen dio gizarteari, bere arauetan edonork antz emateko modukoa, eta gizarteak trukean idazlea onar dezake. Hala Baudelaire bere poesiaren prosaismo miragarria Gautier-ekin lotzen saiatzen zen bere adierazpenetan, hura forma landuaren fetitxe moduko bat balitz bezala, dudarik gabe jardunbide burgesaren pragmatismotik at, baina hala ere lan familiarren sailean zegoen eginbide bat, haren baitan ez bere ametsak baina bai bere metodoak hautematen zituen gizarte batek kontrolatua. Literatura Literaturaren beraren baitatik garaitzerik ez zegonez, ez ote zen hobe hura eragozpen-aitzakiarik gabe onartzea, eta, literatur presondegi horretara kondenaturik,  "taxuzko lana" egiten saiatzea bertan? Hala, idazkuntzaren flaubertizazioa idazleen berrerospen orokorra da, bai hartara biltzeko eragozpenik ez duten asmo-laburrekoenen kasuan, eta bai izate fatal baten aitorpen batera bezala hartara itzultzen diren puruenen kasuan ere.

Idazkuntza eta iraultza

aldatu

Estiloaren artesautzak azpi-idazkuntza bat sortu du, Flaubert-etik eratorria, baina eskola naturalistaren xedeetara egokitua. Maupassant-en, Zola-ren eta Daudet-en idazkuntza hori, idazkuntza errealista dei lekiokeena, Literaturaren zeinu formalen (iragan burutua, zehar-estiloa, idatzizko erritmoa) eta errealismoaren zeinu ez gutxiago formalen (herri-hizkeratik mailegaturiko aleak, hitz gogorrak, dialektalak, eta abar) arteko konbinatu bat da, halako moldez non ezein idazkuntza ez den artifizialagoa Natura hurbilenetik pintatu nahi izan duen hori baino. Dudarik gabe porrota ez da soilik formaren mailakoa, baizik teoriaren mailakoa ere bai: estetika naturalistan errealtasunaren konbentzio bat dago, idazkuntzaren fabrikazio bat dagoen bezala. Paradoxa zera da, gaien apaltzeak ez zuela inondik ere ekarri formaren atzera-egiterik. Idazkuntza neutroa oso kontu berantiarra da, eta errealismotik urte luzeetara baino ez zen gauzatu, Camus bezalako egileen eskutik, eta ez hainbeste babeslekuaren estetika baten eraginpean, baizik eta finean errugabe izango zen idazkuntza baten bilaketarengatik. Idazkuntza errealista neutroa izatetik urrun dago; aitzitik, fabrikazioaren zeinu ikusgarri-nabarmenenez kargaturik dator.

Hala, degradatuz, errealtasunari zeharo arrotz litzaiokeen Natura hitzezko baten eskakizuna alde batera utzi bai, baina bizkitartean Natura sozialaren lengoaia aurkitzeko asmorik gabe -Queneau-k egingo duenez-, eskola naturalistak, paradoxalki, literatur konbentzioa ordura arte ezezaguna zen ostentazio batez aditzera eman duen arte mekaniko bat ekoiztu du. Idazkuntza flaubertiarrak sorgin-lilura bat lantzen zuen apurka-apurka; oraindik posible da Flaubert-en irakurketa batean galtzea, lehenaz gainerako ahotsez beteriko natura batean bezala, non zeinuek beren egia sinestarazi egiten baitute, deus adierazi baino areago; idazkuntza errealistak, berriz, ezin du inoiz konbentzitu; pintatze soil-soilera kondenaturik dago, dogma dualista ezagunaren arabera errealitatea "adierazteko" forma hoberen bakar bat baino ez baitago, objetu bat bezain ahalgabea baita errealitate hori, eta idazleak ez baitu haren gainean ahalmenik, ez bada zeinuak antolatzeko bere artearen bitartez.

Estilorik gabeko egile horiek -Maupassant, Zola, Daudet eta haien epigonoak- estetika soilik pasibo batetik ohilduak uste zituzten artisau-eragiketen babesleku eta erakusketa izan zitzaien idazkuntza bat praktikatu dute. Ezagunak dira Maupassant-ek formaren lanketari buruz egindako adierazpenak, eta Eskolaren prozedura inozo guztiak, zeinei esker bere xede soilik literarioaren testigantzara -hots, kasu horretan, kostatu den lanaren testigantzara- bideraturik dagoen esaldi artifizial bilakatzen baita esaldi naturala. Jakina da Maupassant-en estilistikan arte-intentzioa sintaxiari dagokiola soilik, lexikoak Literaturatik honago geratu behar duela. Ongi idaztea -aurrerantzean literatur eginbidearen zeinu bakar- konplementu bat lekuz aldatzea da, hitz bat  "balioztatzea", horren bitartez erritmo  "adierazkor" bat lortzen dela usterik. Adierazkortasuna, alabaina, mito bat da: adierazkortasunaren konbentzioa baino ez da.

Idazkuntza konbentzional hori beti izan da aukerako leku kuttuna testuaren prezioa hura kostatu den lan begibistakoaren arabera neurtzen duen eskola-kritikarentzat. Alabaina, ezer ez da ikusgarriagoa konplementu-konbinazioak saiatzea baino, langile batek pieza delikatu bat bere lekuan ezartzen duen modura. Maupassant baten edo Daudet baten idazkuntzan eskolak miresten duena zera da, finean bere edukitik askatu den literatur zeinu bat, zeinak anbiguitaterik gabe kokatzen baitu Literatura beste lengoaia-motekiko loturarik gabeko kategorien mailan, eta horren ondorioz gauzen ulergarritasun ideal bat eratzen. Kultura orotatik bazterturiko proletargo baten eta dagoeneko Literatura bera auzitan jartzen hasia den intelligentsia baten artean, lehen eta bigarren zikloko eskoletako bezeria batez-bestekoak -hots, oro har, burgesia-txikiak- bere identitatearen zeinu distiratsu eta ulergarri guztiak dituen irudi pribilegiatu bat kausituko du idazkuntza artistiko-errealistan (molde horretan eginak izango dira eleberri komertzial asko eta asko). Kasu horretan, idazlearen funtzioa ez da hainbeste obra bat sortzea, nola urrutitik ikusten den Literatura batez hornitzea.

Idazkuntza burges-txiki hori idazle komunistek hartu dute berentzat, ezen, gaur-gaurkoz, proletalgoaren arau artistikoak ezin dira izan burgesia-txikiarenen desberdin (dotrinarekin ongi datorren kontua, bestetik), eta errealismo sozialistaren dogmak berak idazkuntza konbentzional batera behartzen du erremediorik gabe, hots, hura identifikatuko duen formarik gabe inposatzeko gauza ez den eduki bat ageri-agerian seinalatzeko eginkizuna duen idazkuntza batera. Hortik uler liteke idazkuntza komunistaren paradoxa ezaguna, zeinaren arabera idazkuntza horrek Literaturaren zeinurik nabarmenenak ugaltzen baititu, eta forma azken finean -iraganean bederen- tipikoki burges batekin haustetik urrun, idazteko arte burges-txikiaren ardura formalak erreserbarik gabe hartzen baititu bere gain (oinarrizko eskolako idazlanek ordurako balioetsia dute idazkera hori publiko komunistaren aurrean).

Errealismo sozialista frantsesak, bada, errealismo burgesaren idazkuntza bere egin du, artearen zeinu intentzional guztiak frenugabe mekanizatuz. Hona, adibidez, Garaudy-ren eleberri bateko lerro batzuk:  "…buru-sorbaldak makurturik, linotipoaren teklatuaren gainean gorputz eta arima murgildurik… poza kantari zebilkion giharretan, atzak dantzari, arin eta indartsu… antimonioz pozoituriko lurrunak…lokiak taupaka jartzen zizkion eta zainek odola kolpatzen zioten, bere indarra, bere haserrea eta bere asaldua suharragoturik." Errepara gaitezen ez dela hor deusik metaforarik gabe emanik, ezen aspertzeraino seinalatu behar zaio irakurleari  "ongi idatzia" dela (hots, kontsumitzen ari dena Literatura dela). Aditzik xumeena ere harrapatzen duten metafora horiek ez dira inondik ere sentsazio baten berezitasuna sentiarazi nahian dabilen umore baten intentzioa, baizik lengoaia bat kokatzen duen marka literario bat soilik, etiketa batek salneurri baten berri ematen duen modu berberean.

"Makinaz idatzi",  "taupaka hasi" (odolaz mintzo) edo  "lehen aldiz zoriontsu izan" lengoaia erreala dira, ez lengoaia errealista; Literaturarik izan dadin, zera idatzi behar da: "linotipoa tekleatu", "zainek odola kolpatzen zuten" edo  "bere bizitzako lehen minutu zoriontsua estreinatzen zuen". Idazkuntza errealistak ezin du, bada, Preziosismo batera baino eraman. Garaudy-k dio:  "Lerro bakoitzaren ondoren, linotipoaren beso mengelak bere matriz dantzari xorta eramaten zuen berekin" edota: "Haren hatzen fereka bakoitzak nota zorrotzezko euri halako batean lerrakietan erortzen diren kobrezko matrizen kariloi alaia iratzarri eta dardararazten du." Hizketamodu sorberri hori Cathos-ena eta Madelon-ena da.

Bistan dena, mediokritate maila ere kontuan hartu behar da; Garaudy-ren kasuan ikaragarria da. André Stil-en idatzietan askoz prozedura diskretuagoak topatuko ditugu, baina haiek ere ez diete ihes egiten idazkuntza artistiko-errealistaren erregelei. Kasu honetan, metaforak ez du izan nahi lengoaia errealean alde-aldean erabat integraturiko klixe bat baino gehiago, gastu handirik gabe Literatura seinalatzen duena:  "iturriko ura bezain argi",  "hotzak pergamu-larru bihurturiko eskuak", eta abar; preziosismoa lexikotik sintaxira alboratzen da, eta konplementuen ebakera artifiziala da, Maupassant-en kasuan bezala, Literatura inposatzen duena ( "esku batez, belaunak goratzen ditu, bitan tolestua"). Konbentzioz saturaturiko lengoaia horrek ez du ematen erreala kakotx artean baino: hitz populistak erabiltzen dira, esapide zabartxoak, literario huts-hutsa den sintaxi baten erdian: "Egia da, bullaka dabil, xelebrezko bullak gero, haizea", edo are hobeki:  "Haize zabalean, txapel-kapeluak begien gainetik iharrosiak, jakingura ez gutxiz begiratzen diote" ( "ez gutxi" familiarra partizipio absolutu baten ondotik dator, lengoaia mintzatuan arras ezezaguna den figura baten ondotik, alegia). Jakina, alde batera utzi beharra dago Aragon-en kasua, haren literatur herentzia guztiz bestelakoa baita. Aragon-ek nahiago izan du hemezortzigarrendar kolore arin batez tindatu idazkuntza errealista, Zola-ri Laclos pixka bat nahastuz. Iraultzaileen idazkuntza zuhur horretan, ber-bertatik idazkuntza bat sortzeko ezintasun baten sentimendua atzeman daiteke beharbada. Beharbada, idazle burgesek bakarrik senti dezakete idazkuntza burgesaren konprometatze hori: literatur lengoaiaren eztanda kontzientzia mailako gertaera izan da, ez iraultza mailakoa. Bestetik, kontuan hartu behar da noski ideologia stalinianoak problematika ororen izua ezartzen duela, are -eta batez ere- problematika iraultzailearena: arrisku gutxiagokotzat jotzen da, azken finean, idazkuntza burgesa bere horretan hartzea, nork bere burua (idazkuntza barne) auzitan jartzea baino. Hala, idazle komunistak bakarrak dira zirkinik ere gabe eusten diotenak idazle burgesek berek aspaldian kondenatu zuten idazkuntza burges horri. Aspaldi hori, idazle burgesok idazkuntza burgesa beren ideologiaren inposturetan konprometaturik sentitu zuten egun berean hasten da, hots, marxismoa justifikatua gertatu den egun berean.

Idazkuntza eta isiltasuna

aldatu

Idazkuntza artisauak, ondare burgesaren bihotzean kokaturik, ez du ezein ordenu hankazgoratzen; bestelako borrokez gabeturik, bera justifikatzeko aski den grina bat du idazleak: formari sorbide ematea. Literatur lengoaia berri bati jare egiteari uko egiten badio, bere esku du gutxienez zaharrean indar berria jartzea, intentzioz kargatzea, preziosismoz, distiraz, arkaismoz, lengoaia aberats eta hilkor bat sortzea. Idazkuntza tradizional handi horrek, Gide-renak, Valéry-renak, Montherlant-enak, are Breton-enak, aditzera ematen du forma, bere astunean, bere janzkera beregainekoan, Historiarekiko transzendentea den balioa dela, apaizen lengoaia errituala izan daitekeen moduan.

Idazkuntza sakratu hori, beste idazle batzuen ustetan, ezin zen exorzizatu hura trokatuz baino; hartarako, bada, minatu egin dute literatur lengoaia, uneoro eztanda eragin diote klixeen, azturen, idazlearen iragan formalaren oskol berpiztaileari; formen kaosean, hitzen basamortuan, Historiaz guztiz gabeturiko objetu bat iritsi uste izan dute, lengoaiaren izamolde berri baten freskura. Nahaste horiek, ordea, ildo zurrunak markatzen dituzte berek ere azkenean, beren lege propioak sortzen. Letra Ederrek mehatxupean jartzen dute hizketa sozialean soilik oinarritzen ez den lengoaia oro. Desordenuaren sintaxi baten aitzinean beti harago ihesi, lengoaiaren desintegrazioak idazkuntzaren isiltasun batera baino ezin du eraman. Rimbaud-en edo horrexegatik ahanzturan dautzan zenbait surrealisten akaberako agrafiak, Literaturaren hondoraketa erdiragarri horrek, erakusten du ezen, zenbait idazlerentzat, lengoaiak, mito literarioaren lehen eta azken irtenbide izaki, berrosatu egiten duela ihes egin nahi zion horixe, ez dagoela bere buruari iraultzaile izaten eutsiko dion idazkuntzarik, eta formaren isiltasunak ez duela saihesten inpostura erabateko mututasun batez baino. Mallarmé-k, idazkuntzaren Hamlet halako horrek, ederki adierazten du Historiaren une hauskor hori, non literatur lengoaiak ez dion bere buruari eusten bere hil-beharra hobeki kantatzeko baino. Mallarmé-ren agrafia tipografikoak hitz arrarotuen inguruan halako zona huts bat sortu nahi du, zeinaren barnean hizketak, bere harmonia sozial eta errudunez askaturik, ez dezan gehiago -zorion tenore- durundi egin. Hitz-alea, ohiko klixeen mea-abarretik eta idazlearen erreflexu teknikoetatik bereizirik, testuinguru posible guztiekiko erantzukizunik gabea da orduan, zeharo; egintza labur, bakan bat izatetik hurbil dago, zeinaren matetasunak bakardade bat baieztatzen duen, eta, beraz, errugabetasun bat. Arte horrek suizidioaren egitura bera du: bi geruzaren artean txertaturiko denbora poetiko homogeno bat da bertan isiltasuna, eta, kriptograma baten zati baten modura baino areago, argi baten, huts baten, hilketa baten, askatasun baten modura eragiten dio eztanda hitzari. (Jakina da zenbat zor dion Maurice Blanchot-i Mallarmé lengoaia-hiltzaile baten hipotesi horrek.) Lengoaia mallarmetiar hori harako Orfeo hura da, zeinak uko eginez baino ezin baitu salbatu maite duena, eta hala ere apur bat itzultzen baita; Lur prometatuaren ateetara eramaniko Literatura da, hots, literaturarik gabeko mundu baten atarira, zeinaren testigantza ematea, hala ere, idazleen esku legokeen.

Literatur lengoaia bere loturetatik askatzeko ahalegin horretan berean, hona beste soluzio bat: idazkuntza zuri, lengoaiaren ordenu markatu baten morrontza orotatik aske bat sortzea. Lengoaiaritzatik mailegaturiko konparaketa batek lagunduko digu agian gertakari berri hori azaltzen: jakina da zenbait lengoaiarik hirugarren termino bat ezartzen dutela -termino neutroa edo zero terminoa- polaritate baten bi terminoen artean (singular-plural, iragan-orainaldi); hala, modu subjuntiboaren eta inperatiboaren artean, indikatiboa forma amodaltzat jotzen dute. Aldeak alde, zero graduko idazkuntza funtsean idazkuntza indikatiboa da, edo nahi bada amodala; bidezko litzateke esatea kazetari-idazkuntza dela, ez balitz kazetaritzak oro har justuki forma optatibo edo inperatiboak (hots, patetikoak) baliatzen dituelako. Idazkuntza neutro berria oihu horien eta judizio horien artean kokatzen da, haietako ezeinetan parte hartu gabe; haien ausentziaz egina da, hain zuzen; ausentzia hori, ordea, erabatekoa da, ez du inplikatzen ezein babesleku, ezein sekretu; ezin esan daiteke, bada, soraio dela idazkuntza hori; bai, inondik ere, errugabea. Kontua zera da, Literatura gainditzea, lengoaia bizietatik eta literatur lengoaia peto-petotik, bietatik berdin urrundurik dagoen oinarrizko lengoaia halako bati fidaturik. Camus-en Arrotzak inauguratzen duen hizkera horrek ausentziaren estilo halako bat gauzatzen du, zeina estiloaren ausentzia ideal bat den ia; idazkuntza modu negatibo halako batera mugatzen da horrenbestez, zeinaren baitan lengoaiaren ezaugarri sozial nahiz mitikoak formaren izamolde neutro eta ahalgabe baten faboretan deusezten diren; hala pentsamenduak bere erantzukizun guztiari eusten dio, bestelako estalkirik gabe, hots, berea ez duen Historia bati atxikitzeak lekarkiokeen lotura erantsi hori baztertuz. Flaubert-en idazkuntzak lege bat badu bere baitan, Mallarmé-renak isiltasun bat postulatzen badu, beste batzuek -Proust-enak, Céline-renak, Queneau-renak, Prévert-enak-, zeinek bere erara, natura sozial baten existentzian oinarritzen badira, idazkuntza horiek guztiek formaren opazitate bat inplikatzen badute, lengoaiaren eta gizartearen problematika bat suposatzen badute (artisau baten, mago baten edo idazlari baten, eta ez intelektual baten esku egon behar duen langaitzat jorik hizketa), idazkuntza neutroak arte klasikoaren abiapuntuko izate-baldintza hura kausitzen du berriro: instrumentaltasuna. Aldi honetan, ordea, tresna formala ez dago jadanik ideologia garaile baten zerbitzuan; idazlearen egoera berri baten modua da, isiltasun baten existitzeko era; bere gogoz uko egiten dio dotoreziarako nahiz apaindurarako joera orori, bi izari horiek berriro sartuko bailukete idazkuntzaren baitan Denbora, hots, potentzia desbideratzaile, Historia-eramale bat. Idazkuntza benetan neutroa bada, lengoaia, egintza gogaikarri eta hezkaitz bat izan beharrean, ekuazio puru bat izatera iristen bada, algebra batena baino trinkotasun handiagorik ez dukeena gizonaren hutsunearen aurrean, orduan Literatura garaiturik dago, giza problematika agerian dago eta kolorerik gabe emana, eta idazlea bueltarik gabeko gizon prestua da. Zoritxarrez, ez dago ezer infidelagorik idazkuntza zuri bat baino; lehen askatasun bat aurkitzen zen leku berean mamitzen dira automatismoak; forma gogor-zurrunduzko sare batek gero eta gehiago itotzen du diskurtsoaren abiapuntuko freskura; idazkuntza bat pizten da, lengoaia zehazgabe baten lekuan. Idazlea, klasikotasunera iritsirik, hasierako bere sortze-lanaren epigonoa bilakatzen da, gizarteak manera bihurtzen du haren idazkuntza, eta bere mito propioen giltzapean gatibu ezartzen idazlea.

Idazkuntza eta hizketa

aldatu

Duela ehun urte baino gehixeago, idazleek ez zekiten, oro har, frantsesez mintzatzeko era bat baino gehiago zegoenik (eta arras desberdina bakoitza). 1830 aldera, burgesia, on-puska izaki, bere azalaren muga-mugan -hots, bohemioei, atezainei eta lapurrei partekatzeko ematen dien gizarte-zati murritzean- dagoen guztiaz dibertitzen zen unean, behe-lengoaietatik harturiko ale batzuk txertatzen hasi zitzaizkion zehazki literatur lengoaia deritzan horri, mailegaturiko aleok nabarmen eszentrikoak izan behar bazuten ere (bestela, mehatxagarri ziratekeen noski). Hizkera berezitu pintoresko horiek egitura mehatxatu gabe apaintzen zuten Literatura. Balzac, Süe, Monnier, Hugo, ebakeraren eta hiztegiaren forma aski itxuragabe zenbait islatzen laketu ziren; lapurren hizkera berezia, baserritarren patois delakoa, aleman bazter-hizkera, atezain-lengoaia. Lengoaia sozial horrek, ordea, esentzia bati erantsiriko antzerki-jantzi halako horrek, ez zuen inoiz hartan mintzo zenaren osotasuna harrapatzen; grinek hizketaren gainetik funtzionatzen jarraitzen zuten.

Proust arte itxaron behar izan da, agidanez, idazleak zenbait gizon beren lengoaiarekin guztiz bat egin zitzan eta ez zitzan eman bere sorkariak espezie puruz baino, haien hitz trinko eta koloreztatuaren bolumenez. Balzac-en sorkarien kasuan ez-bezala, adibidez, zeinak ez baitira eskuarki -ordain algebraikoen moduan- gizartearen funtzio hutsa besterik, hots, gizarte horren indar-erlazioak, Proust-en pertsonaia bat lengoaia berezi baten opakotasunean kondentsatzen da, eta maila horretan ez bestetan integratzen eta ordenatzen da haren egoera historikoa: haren lanbidea, haren klasea, haren fortuna, haren heredentzia, haren biologia. Hor hasten da Literatura gizartea Natura gisa ezagutzen eta Natura horren fenomenoak bere gisa emateko modua ikusten. Idazleak lengoaia benetan mintzatuen haritik diharduen une horietan (ez dagoeneko pintoreskotasun-kariaz, baizik gizartearen eduki guztia ahitzen duten objetu esentzialak diren aldetik), idazkuntzak gizonen hizketa erreala hartzen du bere erreflexuen jokalekutzat; literatura ez da gehiago urguilu bat edo babestoki bat, informazio egintza erne-argi bilakatzen hasten da, alegia bere gisa emanez jabetu behar balu bezala desberdintasun sozialaren xehetasunaz; bere buruari ezartzen dion eginbidea zera da, beren klaseko, beren eskualdeko, beren lanbideko, beren heredentziako zein beren historiako lengoaian hesituriko gizonen egoeraren berri zuzen-zuzena, beste mezu ororen aurretiazkoa, ematea.

Alde horretatik, hizketa sozialean oinarrituriko literatur lengoaiak ez du inoiz gainetik kentzen bere mugak markatzen dituen bertute deskribatzaile halako bat, zeren hizkuntza baten unibertsaltasuna -gizartearen egungo egoeran- entzumenezko kontua baita, ez inondik ere elokuziozkoa: frantsesa den bezalako arau nazional baten barnean, hizketa-moduak desberdinak dira talde batetik bestera, eta gizon bakoitza bere lengoaiaren gatibu da: bere klasetik kanpo, lehendabiziko hitzak gizon hori seinalatu egiten du, hura erabat kokatu eta bere historia guztiarekin erakusten du. Gizona estalki gabe emana da, bere lengoaiaren bitartez, bere gezur interesatu nahiz eskuzabalei ihes egiten dien egia formal batek traizionaturik. Lengoaien desberdintasunak Ezinbeste baten gisa funtzionatzen du, bada, eta horrexegatik sortzen du tragikotasun bat.

Hala, lengoaia mintzatua islatze hori, hasieran pintoreskotasunaren mimetismo dibertigarriaren baitan irudikatu bazen ere, kontraesan sozialaren eduki guztia adieraztera iritsi da azkenean: Céline-ren obran, adibidez, idazkuntza ez dago pentsamendu baten zerbitzuan, dekoratu errealista ongi lortu baten gisara, azpiklase sozial baten pinturari gainezarririk bezala; aitzitik, deskribatzen duen giza izatearen opakotasun itsaskorrean idazleak eginiko murgilpena adierazten du zinez. Adierazpen bat da oraindik ere noski, eta Literatura ez dago horrenbestez gainditurik. Baina onartu beharra dago ezen, deskriba-bide guztietatik (eta egungo egunera arte Literaturak hori izan nahi zuen batez ere), lengoaia erreal bat atzematea literatur egintza gizatiarrena dela idazle batentzat. Eta Literatura modernoaren zati handi bat amets horren litsek zeharkatzen dute, nahiz ez den beti zehaztasun berdinez ageri amets hori: gizarte-lengoaien naturaltasuna bereganatua lukeen literatur lengoaia bat. (Egunotako adibide ezagun bat emateko, aski da Sartre-ren eleberrietako elkarrizketak gogora ekartzea.) Pintura horien arrakasta gora-behera, ordea, inoiz ez dira birsorpenak baino, idazkuntza zeharo konbentzional baten errezitatibo luzeen marko zabalean tartekaturiko aria modukoak.

Queneau-k zera erakutsi nahi izan digu, hain zuzen, diskurtso idatziaren kutsadura mintzatua posible zela diskurtso horren parte guztietan, eta idazle horren kasuan literatur lengoaiaren sozializazioak idazkuntzaren geruza guztiak hartzen ditu: grafia, lexikoa -eta garrantzizkoagoa dena, nahiz ez hain ikusgarria izan-, mintzamoldea. Bistan dena, Queneau-ren idazkuntza hori ez da kokatzen Literaturatik kanpo, ezen, hura ere gizartearen zati mugatu batek baino ez baitu kontsumitu, ez darama bere baitan halako unibertsaltasun bat, baizik eta esperientzia bat eta olgeta bat soilik. Gutxienez, lehen aldiz, ez da idazkuntza literarioa dena; Literatura Formatik alboraturik dago: kategoria bat baino ez da; Literatura da orain ironia dena, eta lengoaia esperientzia sakona da kasu honetan. Edo, hobeki esanik, estalkirik gabe eramaten da Literatura lengoaiaren problematika batera; izan ere, hori izatea beste erremediorik ez du.

Humanismo berri baten esparru posible bat itxuratzen da horrenbestez gure begien aurrean: literatura modernoan ibilbide guztian zehar lengoaiak jasan behar izan duen mesfidantza orokorraren ondotik, idazlearen mintzoaren eta gizonen mintzoaren arteko adiskidetze halako bat letorke orain. Orduan bakarrik jo lezake idazleak bere burua erabat engaiatutzat, noiz eta haren askatasun poetikoa gizartearen -eta ez konbentzio baten edo publiko baten- mugak dituen hitzezkotasun baten barnean kokatuko bailitzateke: bestela, engaiamenduak nominala izaten jarraituko du; kontzientzia baten salbaziorako bide izan liteke, baina ez ekintza baten oinarri. Lengoaiarik gabeko pentsamendurik ez dagoelako da Forma erantzukizun literarioaren lehen eta azken jokalekua, eta gizartea adiskideturik ez dagoelako eratzen du lengoaiak -ezinbestekoa eta ezinbestean norabide batera zuzendua izaki- izamolde urratu halako bat idazlearentzat.

Lengoaiaren utopia

aldatu

Egungo gizartean idazkuntzak ugaldu egin baitira, horrek aukera bat egitera behartzen du idazlea, jokabide bilakatzen du forma, eta idazkuntzaren etika bat eragiten. Literatur sorkuntza tankeratzen zuten izari guztiei, sakonera berri bat gehitzen zaio aurrerantzean, forma ere bere gisa funtzio intelektualaren mekanismo bizkarroi halako bat izatera baitator. Idazkuntza modernoa benetako organismo independentea da; literatur egintzaren jiran hazten da, bere intentzioari arrotz zaion balio batez apaintzen du egintza hori, existentzia-modu bikoitz batera etengabe behartzen du, eta beren baitan lehenaz gainerako historia bat, konprometatze bat edo berrerospen bat daramaten zeinu opako batzuk gainezartzen dizkio hitzen edukiari, halako moldez non pentsamenduaren egoerari formaren patu gehigarri -sarritan dibergente eta beti gogaikarri- bat nahasten zaion.

Alabaina, literatur zeinuaren fatalitate horrek, zeinak ez baitio uzten idazle bati hitz bat idazten lengoaia modaz pasatu, anarkiko edo imitatu, edonola ere konbentzional eta gizaz besteko baten jarrera hartu gabe, justu funtzionatzen du une berezi horretan zeinean Literaturak, den mito burgesa izateari uzteko ahalegin aspergabean, gizonaren irudian Historia integratzera iritsi den humanismo baten egiteko nahiz testigantzen eskakizunei jaramon egin nahi dien. Hala, literatur kategoria zaharrek, kasurik onenetan beren edukiaz husturik (zeina gizonaren esentzia denboragabe baten adierazgarri baitzen), forma espezifiko batean, ordenu lexiko edo sintaktiko, dena esateko lengoaia baten itxuran baino ez diraute: idazkuntzak xurgatzen du aurrerantzean obra baten identitate literario guztia. Sartre-ren eleberri bat ez da eleberri, ez bada kontaera-tonu halako batekiko atxikimenduarengatik (zeina intermitentea baita, bestetik), zeinaren arauak eleberriak aurretik dakarren geologia oso baten ibilbidean zehar finkatu baitira; hain zuzen ere, errezitatiboaren idazkuntza da, eta ez haren edukia, eleberri sartrianoa atzera Letra Ederren kategorian kokatzera behartzen duena. Are gehiago, Sartrek eleberriaren iraupena hausten saiatzen denean eta, errealitatearen ubikuotasuna adierazteko, bere kontaera bitan banatzen duenean (Le Sursis en), idazkuntza narratua da gertakarien aldiberekotasunaren gainetik Denbora bakar eta homogeno bat berrosatzen duena, Narratzailearena, alegia, zeinaren ahotsak, aise antz emateko moduko gorabeherek definitzen duten ahots berezi batek, batasun bizkarroi batez eragozten baitu Historia bere biluzian ager dadin, eta apika faltsua den testigantza baten anbiguotasun bat ematen eleberriari.

Hortik atera daiteke maisu-lan moderno bat ezinezkoa dela, irtenbiderik gabeko kontraesan batean jartzen baitu idazlea bere idazkuntzak: edo obraren xedea formaren konbentzioekin bat dator inozoki, literaturak gor dirau gure Historia presentearen aurrean, eta mito literarioa ez da gainditzen; edo idazleak mundu presentearen freskura zabala aitortzen du, baina, haren berri emateko, ez dauka bere esku hizkuntza bikain bezain hil bat baino; orri zuriaren aurrean, zintzotasun osoz Historian zein lekutan kokatzen den seinalatu eta datuak bere gain hartzen dituela munduaren aurrean azalduko duten hitzak aukeratzeko unean, desadostasun tragiko bat hautematen du egiten duenaren eta ikusten duenaren artean; haren begien azpian, mundu zibilak benetako Natura bat osatzen du orain, eta Natura horrek hitz egiten du, lengoaia biziak lantzen ditu, zeinetatik idazlea bazterturik baitago: Historiak, aitzitik, tresna apaingarrizko eta konprometagarri bat jartzen du haren atzamar artean, aurreragoko Historia batetik heredatua, Historia desberdin batetik, zeinaren erantzule ez baita bera, nahiz erabil dezakeen bakarra izan. Hala sortzen da idazkuntzaren tragikotasun bat; iragan arrotz baten hondotik, Literatura erritualtzat, eta ez etsaien adiskidetzetzat, inposatzen dioten zeinu arbasotiar eta guztiahaldunen aurka borrokatu behar du aurrerantzean idazle ohartuak.

Hala, non eta ez dioten uko egiten Literaturari, idazkuntzaren problematika horren soluzioa ez dago idazleen esku. Sortzen den idazle bakoitzak irekitzen du bere baitan Literaturaren auzia; kondenatzen badu, ordea, gerokotze bat ezartzen du beti bere epaian, eta hartaz baliatzen da Literatura atzera idazlea konkistatzeko; alferrik sortuko du lengoaia aske bat: fabrikatua itzuliko zaio, luxua ez baita inoiz errugabea: eta hartan mintzo ez diren gizon guztien bultzada eskergak gogor-zurrundu eta hertsiriko lengoaia horixe erabiltzen jarraitu beharra dauka. Bada, beraz, idazkuntzaren aurreraezin bat, eta gizartearen beraren aurreraezina da: egungo idazleek sentitu egiten dute aurreraezin hori: haientzat, ez-estilo baten bilaketa, edo ahozko estilo batena, idazkuntzaren zero gradu baten edo mintzozko gradu baten bilaketa, gizartearen egoera erabat homogeno baten aurreigarpena da azken batean; gehienek ulertzen dute ezin dela lengoaia unibertsalik egon mundu zibilaren unibertsaltasun konkretu -eta ez mistiko edo nominal- batetik at.

Postulazio bikoitz bat atzeman daiteke, beraz, idazkuntza ororen baitan: haustura baten mugimendua, batetik, eta zerbait berriaren etorrerarena, bestetik; horra, horrenbestez, iraultza-egoera ororen eskema bera, non oinarrizko anbiguotasuna zera baita, suntsitu nahi duen horrexetatik atera behar duela noski Iraultzak berak jabetu nahi duenaren irudi petoa. Arte modernoak bere osotasunean bezala, literatur idazkuntzak Historiaren alienazioa eta Historiaren ametsa daramatza batera bere baitan: Ezinbeste den aldetik, agerian jartzen du lengoaien urradura, zeina klaseen urraduratik bereizi ezina baita: Askatasun den aldetik, urradura horren kontzientzia eta hura gainditu nahi duen ahalegina bera da. Bere bakardadeaz etengabe errudun sentiturik, hitzen zoriontasunaren gose-egarri asegaitzez dagoen irudimen bat ere bada hein berean; lengoaia amestu baterantz lehiatzen da, zeinaren freskurak, aurreigarpen ideal halako baten bitartez, lengoaia jadanik alienaturik ez legokeen mundu adamiko berri baten perfekzioa irudikatuko lukeen. Idazkuntzen ugaltzeak Literatura berri bat erabidetzen du, Literatura horrek bere lengoaia proiektu bat izateko baino asmatzen ez duen neurrian: lengoaiaren Utopia bilakatzen da Literatura.