Idazkuntzaren zero gradua-Testuaren atsegina/Itzultzailearen aitzin-oharra

Idazkuntzaren zero gradua/ Testuaren atsegina

Idazkuntzaren zero gradua/Testuaren atsegina  (1953 eta 1973)  Roland Barthes, translated by Juan Garzia Garmendia
Itzultzailearen aitzin-oharra
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Itzultzailearen aitzin-oharra

Barthes-en testu biok, garai eta eite desberdinetakoak izanik, idazkeraz ere aski desberdinak diren arren, zenbait idatz-joera berezi erakusten dituzte biek ere, irakurleari hasieratik bertatik aski bistakoa gertatuko zaionez. Sintaxiari dagozkionak, aldeak alde, ahal izan den hurbilenetik ematen saiatu naiz, testuaren jario eta ulergarritasunaren kaltetan zihoazela iruditu ez zaidan kasuetan salbu.

Horrekin loturik, puntuazioaren auziarekin egin dut topo. Azkenik frantses konbentzioak ahalbait gure ohikoetara ekartzea erabaki badut ere, badira zenbait kasu salbuespen nahiz lizentziatzat jo beharko direnak (gure arauak garbi dauden heintxo horretan, noski).

Lehenik eta behin, perpaus barneko lokailuak ez ditut beti (neure idazkera-arauen kontra) koma artean eman ( "hala ere",  "bederen",  "alegia"…), testuaren bihurriak puntuazio-sasiarte handiegi batera eramango ninduelakoan, jatorrizkoaren isuriaren aurka.

Komen kontutik irten gabe, asindeton sarriak errespetatzen saiatu naiz, "eta" juntagailuz itxi gabe. Horrek nahasteren bat sor lezake (jatorrizkoa bera ere ez da makala!), baina alternatibak okerragoak iruditu zaizkit (jatorrizkoaren zentzuari traizio egitea, hiru puntuz ordezkatzea guztiak (!)…)

Oraingo honetan egiten ari naizen bezala, parentesi, kakotx eta abarren barruko puntua aski jo dut esaldia amaitzeko, jarraian beste punturik idatzi gabe (horretan pisu berdintsua izan dute jatorrizko testuak eta gure -ustezko- arau zehatzaren ezak).

Puntu hori formal hutsa da, noski, baina beste bat bada aipatu beharrekoa, bestelako garrantzia duena: bere horretan utzi ditut jatorrizkoan marra luze (-) bakar bat baino ez zuten batzuk. Formalki, ustez, marra hori beste batez ixtea zegokion gure arauz, nahiz puntuaren aurrean gertatu (-.) marra hori. Bide hori baztertzeko arrazoia ez da -gorroto ditut  "estetika" komunikazio-arauaren gainetik jartzen dutenak- itsusi deritzodala edo, baizik (joskera arazoak aipatzeke), hor ere ez dagoela guztiz garbi beti gure bi marren baliokide denik marra hori. Ordaina areago legoke askotan hiru puntuen eta bi puntuen artean, nahiz ez izan doi-doi ez bata eta ez bestea (bestela, hala agertuko ziren noski). Hiru puntuak ez datoz ondo gehienetan, eta bi puntuak bestela ere -beste zerbaitetarako noski- erruz darabiltza Barthes-ek testuan. Noraezean, bada, bere horretan utzi dut halako zenbait.

Letra larrien erabilera berezietan, berriz, jatorrizkoak errespetatzen saiatu naiz, adierazgarriak baitira kasu gehienetan. Hala ere, halako adierazgarritasunik ez bide dutenak, frantsesaren arau orokorrari dagozkion konbentzio hutsak, alegia (nondar-deikerak, adibidez), aldatu egin ditut.

Izen berezietan, zenbaiten ohituraren -ezen ez, ustez, inolako arauaren- kontra, marraz bereizi ditut sistematikoki. Gainerakoan, letrakera etzanez, komatxoz eta abarrez bereizitako hitzetan ere, delako nabarmentze-prozedura dagokion zatia eta atzizkia bereiztera jo dut, zehaztasunik handienaren amorez.

Hortik aurrerakoan, terminologiazko gora-behera batzuk testuaren luze-zabalean argituko ahal dira. Tamalez, horretan ahalegindu arren, ezinezkoa gertatu da frantses-euskara hitz-korrespondentziak guztiz biunibokoak izatea beti. Hala ere, aldez edo moldez konpentsatzen saiatu naiz (natura eta izatea biak batera erabiliz, adibidez,  "nature" itzultzeko). Nahikoa buruhauste eragin didan bat aipatzearren: "épais(se)",  "épaissir",  "épaississement",  "épaisseur"… seriea lodi, trinko, usu…erroetara barreiatu da ezinbestean, testuinguru guztietarako ordain zehatz bakarraren faltan. Anekdotikoa dirudi, baina irakurlea berehala jabetuko da halako metaforek Barthes-en pentsamenduan duten garrantziaz. Hori baino  "terminologikoago" iruditu zaizkidanetan, beharrik, finkoagoa da ordain-sistema:  "langage"-lengoaia, "langue"-hizkuntza,  "parole"-hizketa

Izenburuetako batean ere aukera egin beharra zegoen (atsegin/plazer), eta orokorren eta zabalduenaren alde egin dut; besteak beste, gehienetan zentzu erotikoa edo nagusitu arren, beste adiera arruntagoetan ere agertzen delako maiz jatorrizkoan.

Ez ahal nuen neure hau, asmoak asmo, testu bien nahastez, atseginaren zeru graduko mordoilo bihurtuko! Hala bada, enea da hobena. Eta ez bada, guztiona gozamena.