Idazkuntzaren zero gradua-Testuaren atsegina/Sarrera

Idazkuntzaren zero gradua/ Testuaren atsegina

Idazkuntzaren zero gradua/Testuaren atsegina  (1953 eta 1973)  Roland Barthes, translated by Juan Garzia Garmendia
Sarrera
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Sarrera

Hébert-ek ez zuen hasten sekula Père Duchêneren ale bat, tartean zenbait  "izorrai!" eta zenbait  "alu hori!" sartu gabe. Gordinkeriok ez zuten deus esan nahi, baina zerbait seinalatu bai. Zer? Egoera iraultzaile oso bat. Horra, bada, adibide horretan, idazkuntza bat, zeinaren funtzioa ez baita dagoeneko bakarrik konunikatzea edo adieraztea, baizik lengoaiaz-haraindi halako bat inposatzea, zeina aldi berean Historia eta norberak bertan hartzen duen alderdia baita.

Ez dago lengoaia idatzirik nabarmentasunik ez duenik, eta hori egia bada Père Duchêneren kasuan, orobat da Literaturari buruz. Literaturak ere zerbait seinalatu behar du, bere edukiaren eta bere forma indibidualaren desberdina den zerbait, eta zerbait hori bere hesitura propioa da, Literaturatzat inposarazten duena, hain zuzen. Hortik, bada, zeinu multzo bat, ez ideiarekin ez hizkuntzarekin ez estiloarekin zerikusirik ez duena, zeinuon xedea adierazpide posible guztien usutasunean lengoaia erritual baten bakartasuna finkatzea baita. Idatzizko Zeinuen ordenu elizbidezko horrek erakundetzat kokatzen du Literatura, eta, bistan dena, hura Historiatik abstraitzera jotzen du, zeren inolako hesitura ez baita eratzen betiraunde-ideiarik gabe; alabaina, ukatzen den puntuan ageri da argien Historiaren ekinbidea; posible da, beraz, literatur lengoaiaren historia bat tankeratzea, ez hizkuntzaren historia, eta ez estiloena ez dena, baizik Literaturaren Zeinuen historia soilik, eta fida gaitezke historia formal horrek bere erara, zeina ez baita argitasun gutxienekoa, agerian utziko duela Historia sakonarekin duen lotura.

Lotura horren forma, jakina, Historiarekin berarekin alda daiteke; ez dago determinismo zuzen batera jo beharrik, Historia idazkuntzen zorian presente sentitzeko: gertakariak, egoerak eta ideiak denbora historikoan zehar eramaten dituen fronte funtzional halako horrek, efektuak baino areago, aukera baten mugak proposatzen ditu. Hala, lengoaiaren moral batzuen arteko hautapen ezinbesteko bat bere egin behar halako bat da Historia idazlearen aurrean; Historiak zerera behartzen du idazlea, hark bere eskumeneko ez dituen posible batzuen arabera adieraztera Literatura. Ikusiko dugu, esate baterako, burgesiaren batasun ideologikoak idazkuntza bakar bat sortu duela, eta garai burgesetan (hots, klasiko eta erromantikoetan) forma ezin zela urratua izan, kontzientzia urraturik ez zegoelako; eta, aitzitik, idazleak lekuko unibertsal bat izateari utzi eta kontzientzia zoritxarreko bilakatu den unetik (1850 inguru), haren lehen jestua bere formaren engaiamendua aukeratzea izan dela, dela bere eginez, dela ukatuz bere iraganeko idazkuntza. Idazkuntza klasikoak eztanda egin du, beraz, eta Literatura osoa, Flaubert-ekin hasi eta gure egunetara arte, lengoaiaren problematika bihurtu da.

Une horretantxe gertatu da Literatura (hitza lehentxeago sortua da) behin-betikoz objetutzat konsakratua. Arte klasikoa ezin zen lengoaia sentitu, lengoaia zen, hots, gardentasun, hondar-abarrik gabeko zirkulazio, Izpiritu unibertsal baten eta usutasunik eta erantzukizunik gabeko zeinu apaingarrizko baten batetortze ideala; lengoaia horren hesitura soziala zen, eta ez naturazkoa, izatezkoa. Gauza jakina da xviii. mendearen amaiera aldera gardentasun hori nahasten hasi zela; literatur formak ahalmen lehenaz gainerako, bere ekonomiatik eta bere eufemiatik independente bat garatzen du; liluratu egiten du, nahastarazi, xarmatu, pisu bat du; Literatura ez da gehiago sozialki pribilegiaturiko zirkulazio modutzat sentitzen, baizik eta lengoaia trinko, sakon, sekretuz betetzat, aldi berean amets eta mehatxu gisa emana.

Berez dator ondorioa: aurrerantzean literatur formak objetu ororen hutsuneari datxezkion sentimendu existentzialak eragin ditzake: egundo ikusi gabearen sentsazioa, familiartasuna, gogaitura, laketasuna, higadura, hilketa. Hala, ehun urtetik hona, idazleak bere bidean fatalki aurkitzen duen, so egin, aurpegi eman, bere egin behar duen eta bere burua idazletzat suntsitu nahi ez badu sekula suntsitzerik ez daukan Forma-Objetu hori bezatzeko nahiz arbuiatzeko ariketa halako bat da idazkuntza oro. Forma zintzilik geratzen da, suspentsioan, objetu gisa begiratze horren aurrean; zernahi egiten dela, eskandalua da: bere eder-bikainean, modaz pasatua ageri da; anarkikoa denean, berriz, asoziala da; denborarekiko nahiz gizonekiko berezia, zeinahi ere moldez bakartasun da.

XIX. mende osoak ikusi du gauzatze-fenomeno dramatiko horren aurrerabidea. Chateaubriand-en kasuan, ez da artean hondar-abar mengel bat baino, lengoaiaren euforia baten pisu arina, narzisismo halako bat, zeinean idazkuntza doi-doi banatzen den bere funtzio instrumentaletik eta bere buruari begiratu baino ez duen egiten. Flaubert-ek -prozesu horren une tipikoak baino ez seinalatzeagatik hemen- objetu-izaera eman dio behin-betikoz Literaturari, lan-balio bat egotzi diola: forma  "fabrikazio" baten bururapena bilakatu da, lurrezko txarro bat edo bitxi bat bezala (horrenbestez irakurri behar da delako fabrikazio hori "adierazia" izan zela, hots, lehen aldiz ikusgarritzat eman eta inposatua). Azkenik, Mallarmé-k gailurreraino eraman du Literatura-Objetuaren eraikuntza hori, objetibazio guztien azken ekintzaren bitartez, hilketaren bitartez, alegia: gauza jakina da Mallarmé-ren ahalegin guztia lengoaiaren suntsipen halako batera zuzendua egon dela, zeinean Literatura ez litzatekeen lengoaiaren gorpua edo baino.

Pentsamendua hitzen dekoratutik zorionean altxatzen zela zirudieneko ezerez batetik abiaturik, idazkuntzak solidifikazio progresibo baten maila guztiak zeharkatu ditu horrenbestez: aurrena begirada baten objetu, gero egite batena, eta azkenik hilketa batena, egun azken bilakaera baten aurrean dago: ausentzia: hemen "idazkuntzaren zero gradua" deituriko idazkuntza neutro horietan, aise bereiz daiteke ezeztapen baten mugimendu petoa, eta iraupen batean hura burutzeko ezintasuna, alegia Literaturak, mende batetik hona bere kanpo-azala heredentziarik gabeko forma bilakarazteko egin duen bidean, purutasuna gaurgero zeinu ororen ausentzian baino aurkituko ez balu bezala, eta amets orfiko horren gauzatzea proposatuko: Literaturarik gabeko idazle bat. Idazkuntza zuria, Camus-ena, Blanchot-ena, Cayrol-ena esate baterako, edo Queneau-ren idazkuntza mintzatua, horra hor idazkuntzaren Pasio baten azken pasadizoa, urratsez urrats segitzen baitu idazkuntzak kontzientzia burgesaren urramendua.

Honen xedea zera da: lehenengo eta behin, lotura horren nondik-norakoak zirriborratzea; bigarrenik, lengoaiatik eta estilotik independentea den errealitate formal baten existentzia baieztatzea; hirugarrenik, Formaren hirugarren izari horrek, berak ere -eta ez lehenaz gainerako tragikotasun bat gabe-, idazlea eta haren gizartea lotzen dituela erakusten saiatzea; eta laugarren eta azkenik, lengoaiaren Moral bat gabe Literaturarik ez dagoela sentiaraztea. Saiakera honen muga materialek (orrialdeotako batzuk Combaten argitaratu ziren, 1947an eta 1950ean) aski adierazten dute honek ez duela izan nahi Idazkuntzaren Historia izan litekeenerako atariko bat baino.