Korridorean eseritako gizona 7

Korridorean eseritako gizona  (2021) 
Marguerite Duras, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador




Hitz egiten diot eta gizonak egiten duena esaten diot. Berau zertan den esaten diot ere. Ikus dezan, hau da nahi dudana.

Gizonak, bere oinarekin, emakumearen forma birarazten du harrizko bidetik. Aurpegia lurraren kontra dago. Itxaron egiten du eta gero hasten da berriro, gorputza harat honat ibiltzen du, basakeriari nekez eutsita. Zenbait segundo ematen ditu geldirik lasaitasuna berreskuratzearren, gero hasten da berriro. Gorputza urruntzen du harengana hurbiltzeko gero leuntasunez. Gorputza otzana da, moldekagarria, tratu horietara eskaintzen da kordegaberik bailitzan, haiek sentitu gabe esango genuke, harrien gainetik itzulikatzen da eta iristen den lekuan gelditzen da mugimendua geratzean harturiko posean.

Bat-batean hori eten egin da.

Forma hori hor da, zarpail, harengandik urrun. Gizonak so egin eta hurbildu egiten da. Orduan, harat honat birarazten jarraitzeko prest balego bezala, gizonak bere oina haren gainean jartzen du eta bat-batean gelditu egiten da.

Bere oin biluzia jarriko zukeen formaren gainean ausaz, bihotz aldera, eta bat-batean geldituko zatekeen. Bularren haragia leun eta epela da, bertan harrapatua geratzeko modukoa. Gizona ez da mugitzen.

Burua altxatu eta ibairantz begiratuko zukeen. Eguzkia finko eta gogorra da. Gizonak arreta handiz ikusi gabe haren aurrean agertzen denari begiratzen dio. Zera badio:

— Maite haut. Hi heu.

Oinak gorputza estutuko zukeen.

Tarte bat zabaltzen da, badu eremu zabal neurrigabearen batasun hori. Gizonak ez zukeen beldurrik sentituko. Bere begien aurrean agertzen denari ikusi gabe jarraitzen du begiratzen, argiaren liluramendua, aire dardartia.

Emakumea haren azpian da, arreta guztiz, antza, gertatzen ari denari. Keinurik gabe, ahoa jantziaren zetan geldiriko besoari atxikia, progresioaz ohartua izango zen, oinaren presioa bihotzaren gainean. Begiak berriro itxiak ziratekeen erdi ikusitako berde kolorearen gainean. Oin biluziaren azpian zingira bateko lohia badago, irakinaldia, gorra, urruna, etengabea. Forma deseginda dago, ahul, puskatua bezala, inertzia ikaragarri batek joa. Oinak gehiago sakatzen du. Hondoratu egiten da, bular kaiolara iristen da, sakatu egiten du oraindik ere.

Emakumeak oihu egin du. Gizonak oihu bat aditu du. Oihua gelditzen ez dela aditzeko astia badu, baita ahuldu egiten dela aditzeko ere. Eta hautatzeko betarik oraindik ere baduela uste duen bitartean, oina duda mudan da, eta astun gorputzetik askatzen da, bihotzetik aldentzen da oihuaren eraginpean.


Gizona berriro jausiko zatekeen korridore iluneko besaulkian.

Emakumearen hankak bereiziak ziratekeen eta berriro ere eroriak, indargetuak. Gorputza birarazten du bere baitan, oihu egiten du berriro ere eta, izu-ikara luze eta motelen artean, borroka egiten du. Bere auhenak oihu eta negar egiten du, deiadar egiten du berriro libratzearen alde, etor dadila, eta bat-batean gero, eten egiten da.


Eguzkia gizonaren gerri aldean izango zatekeen. Bere forma korridorean ikusten dut, itzalpean da, ia inongo kolorerik gabe. Bere burua besaulkiko bizkarraldean erori da. Maitasunak eta desirak leher eginda dagoela ikusten dut, izugarri zurbil dagoela eta bere bihotzak gorputz osoaren gainazalean taupadatzen dela. Ikusten dut dardarka ari dela. Ikusten dut korridorearen aurrean hark begiratu ez eta halere igarri eta ikusi egiten dena, muino eder horiek ibaiaren