I
aldatuJakinduria printzipioei buruzko zientzia bat dela argi ateratzen da hasierako ikerketetatik55; hauetan, printzipioei buruz besteek 20) esandakoak sortzen dituen aporiak aztertu ditugu. Baina aporia hau sor daiteke: jakinduria zientzia bakar bat ulertu behar ote den ala zientzia asko. Izan ere, zientzia bakartzat hartu behar bada, zientzia bakar bat izango da beti kontrakoena; baina printzipioak ez dira kontrakoak. Eta zientzia bakar bat ez bada, zein dira onartu behar diren zientzia horiek?
Gainera, printzipio erakusleak ikastea, zientzia bati ote dagokio, 25) ala zientzia bat baino gehiagori? Izan ere, zientzia bakar bati badagokio, zergatik zientzia honi eta ez beste edozeini? Eta zientzia bati baino gehiagori badagokio, zein dira pentsatu beharreko zientzia horiek?
Bestalde, substantzia guztiak izango ditu aztergai, ala ez? Izan ere, substantzia guztiak ez badira aztergai, zaila izango da adieraztea zein diren. Baina substantzia guztiena zientzia bakar bat baldin bada, iluna da zientzia bera nola izan daitekeen aztergai askorena. Gainera, substantziei buruzko 30) demostrazioa besterik ez al da, ala akzidenteei buruzkoa ere bai? Izan ere, akzidenteei buruz demostrazio bat, behintzat, baldin badago, orduan ez da substantziei buruz demostraziorik izango. Baina zientzia desberdinak baldin badira, zein da bata eta zein bestea, eta biotatik zein jakinduria?
Erakusle den aldetik, hain zuzen ere, akzidenteei buruzkoa izango da jakinduria; baina gauza lehenei buruzkoa den aldetik, substantziena. 35) Alabaina, ez da pentsatu behar bilatzen ari garen zientzia Fisikan56 aipatutako kausei buruzkoa denik, ez baitu helburu den hori ikertzen (hau, hain zuzen ere, Ongia da, eta Ongia ekintzetan eta mugimenduan dauden gauzetan ematen da; eta hau mugiarazle lehena da -honelakoa baita helburua-, baina mugiarazle lehena ez dago geldiak diren gauzetan).
1059b) Eta, orokorrean, aporia hau sor daiteke: orain bilatzen ari garen zientzia, ea sentimenezko substantziei buruzkoa ala bestelako zenbaiti buruzkoa den. Izan ere, bestelako errealitateei buruzkoa izatez gero, Formei buruzkoa edo Errealitate Matematikoei buruzkoa izango da. Hala ere, argi dago Formarik ez dagoela (eta hauek badirela izan suposatzen 5) baldin bada ere, Forma duten gainerako gauzekin Errealitate Matematikoekin bezala zergatik ez den gertatzen azaltzerakoan sortzen da aporia; esan nahi dut Errealitate Matematikoak Formen eta sentimenezko gauzen bitartean kokatzen dituztela, Formez eta hemengo gauzez aparteko hirugarrenak izanik; baina Gizakiaz eta Zaldiaz Beraz eta Banakoez aparte ez dago hirugarren gizakirik, ezta hirugarren zaldirik ere. Baina, bestalde, esaten duten bezala 10) ez bada, zertaz arduratzen ote da matematikaria? Hemengo gauzez ez, jakina, hauetako bat bera ere ez baita zientzia matematikoak ikertzen duena bezalakoa). Baina Errealitate Matematikoei buruzkoa ere ez da bilatzen ari garen zientzia (haietako bat bera ere ez baita banangarria). Eta sentimenezko substantziei buruzkoa ere ez, ustelgarriak direlako.
15) Eta, orokorrean, aporia hau sor liteke: zein zientziari dagokio Errealitate Matematikoen materiaren inguruko arazoak aztertzea? Izan ere, ez dagokio Fisikari, fisikariaren iharduera osoa bere baitan mugimenduaren eta gelditasunaren printzipio bat duten gauzei buruzkoa delako; ezta 20) demostrazioa eta ezagutza aztertzen dituenari ere, beraren ikerketa genero honi berari buruzkoa baita. Beraz, proposaturiko filosofiari dagokio haiei buruzko ikerketa egitea.
Bestalde, aporia hau sor liteke: onartu behar ote da bilatzen dugun zientzia batzuek "osagaiak" deituriko printzipioei buruzkoa denik? Denek baieztatzen dute printzipio hauek osatuak diren gauzetan bere baitakoak 25) direla; hala ere, badirudi bilatzen ari garen zientzia unibertsalei buruzkoa izan beharko litzatekeela, bereziki, definizio oro eta zientzia oro unibertsalei buruzkoa baita, eta ez errealitate azkenei buruzkoa. Horrela, bada, genero lehenei buruzkoa litzateke, hauek Den-a eta Bata izanik, hauek bereziki har baitaitezke den guztiaren errealitate biltzailetzat eta 30) printzipio nagusitzat, naturaz lehenak izateagatik. Izan ere, hauek ustelduz gero, besteak ere suntsitzen dira aldi berean, dena baita den zerbait eta bat den zerbait. Baina Den-a eta Bata generotzat hartzen badira, desberdintasunek parte hartuko dute haietan, nahitaez, generoan desberdintasun batek berak ere parte hartzen ez duen arren; hau dela eta, 35) badirudi ez direla generotzat edo printzipiotzat hartu behar. Gainera, sinpleago dena, honen sinplea ez dena baino neurri handiagoz baldin bada printzipio, espezie azkenak generoak baino sinpleagoak direnez (espezieak zatiezinak diren bitartean, generoak zenbait espezie desberdinetan zatitzen baitira), badirudi espezieak generoak baino neurri handiagoz izango direla printzipioak.
Baina generoekin batera espezieak suntsitzen diren aldetik, generoek antzekotasun handiagoa dute printzipioekin, printzipioaren 1060a) suntsidurak bestearen suntsidura ekartzen baitu. Horrela, bada, hauek eta honelako beste batzuk dira gai aporetikoak.
II
aldatuGainera, bilatzen ari garen zientziaren aztergaia hauek direlarik, onartu behar ote da banakoez aparte zerbait dagoela, ala ez? Baina hauek 5) amaigabeak dira; hala ere, banakoez aparte generoak eta espeziak daude, eta bilatzen ari garen zientzia ez da ez lehenengoena, ez besteena ere. Hau zergatik den ezinezkoa esana dago57. Eta orokorrean, aporia hau sortzen da: mundu honetako sentimenezko substantziez aparte banangarri den substantziaren bat dagoela suposatu behar ote den ala ez, haiek den guztia 10) eta jakinduriaren aztergaia direlarik. Badirudi, hain zuzen ere, bestelako bat bilatzen ari garela, eta interesatzen zaiguna hau da: berez banangarri den baina sentimenezko gauzetan ematen ez den zerbait dagoen ala ez ikustea.
Bestalde, sentimenezko substantziez aparte bestelako substantziaren bat baldin badago, substantzia hau zein sentimenezko 15) gauzatatik izango da banandua? Izan ere, zergatik suposatu behar da substantzia hau gizakiengandik edo zaldiengandik dela banandua, eta ez gainerako animaliengandik edo, orokorrean, bizigabeetatik? Hala ere, sentimenezko eta ustelgarri diren substantzia adina betiereko diren substantziak ezartzea ez litzateke arrazoizkoa. Baina bilatzen ari den 20) printzipioa gorputzetatik banandua ez bada, zein beste printzipio ezarriko litzateke, materia ez bada? Hau, hain zuzen ere, ez da egintzan, baina bai potentzian; beraz, baliteke forma eta konfigurazioa hau baino printzipio nagusiagoa iruditzea. Hala ere, materia ustelgarria da; beraz, ez dago inolaz ere berez eta banandua den betiereko substantziarik. Baina hau zentzugabekeria da, 25) agerikoa omen baita eta, dudarik gabe, dohainduenek bilatua, halako printzipio eta substantzia dagoelakoan. Izan ere, nola izango ote litzateke ordenarik betiereko, banandu eta iraunkor den ezer ez badago?
Gainera, bilatzen ari garen substantzia eta printzipio hauek bezalakorik baldin badago naturaz -hau gauza guztietarako printzipio bakarra eta betiereko diren gauzetarako eta ustelgarri direnetarako 30) printzipio bera izanik-, aporia hau sortzen da: printzipio bera izanda, printzipioaren menpe dauden gauzen artean, zergatik dira batzuk betierekoak eta beste batzuk, ez? (Hau, hain zuzen ere, zentzugabekeria da) Eta ustelgarri diren gauzena printzipio bat eta betiereko direnena beste printzipio bat izanez gero, aporia bera sortuko da, ustelgarri diren gauzen printzipioa ere betierekoa baldin bada (izan ere, printzipioa betierekoa 35) baldin bada, honen menpe dauden gauzak ere zergatik ez dira betierekoak?), eta printzipioa ustelgarria baldin bada, printzipio honen beste printzipio bat izango da, eta azken printzipio honen beste bat, eta prozesua amaigabea izango da.
Bestalde, geldien omen direnak -Den-a eta Bata- printzipiotzat 1060b) hartzen badira, lehenengoz batak eta besteak, ez zehaztua den ezer, ezta substantziarik ere adierazten ez badute, nola izango dira bananduak eta berezkoak? Hala ere, halakoak dira bilatzen ari garen printzipio betierekoak eta lehenak. Eta batak eta besteak zehaztutako zerbait eta substantzia bat adierazten badute, den guztia izango da substantzia, Den-a gauza guztiez 5) predikatzen baita (eta zenbait gauzaz Bata ere bai). Baina den guztia substantzia dela faltsua da.
Gainera, nola izango da egia Bata printzipio lehena eta substantzia bat dela esaten dutenena, Batetik eta materiatik zenbaki lehena sortarazten eta hau substantzia bat dela baieztatzen dutenena, alegia? Izan ere, nola 10) pentsatu behar da Diada eta osatuak diren gainerako zenbakiak bat direla? Honi buruz, hain zuzen ere, ez dute ezer esaten, eta ez da erraza esatea. Hala ere, lerroak eta hauen ondorengo irudiak (luze-zabalera lehenak, alegia) hartzen badira printzipiotzat, hauek, behintzat, ez dira substantzia bananduak, 15) mozketak eta zatiketak baizik -batzuk luze-zabalerarenak, beste batzuk gorputzenak (eta puntuak lerroenak)-, baita irudi hauen beraien mugak ere; gauza hauek guztiak beste gauza batzuetan ematen dira, eta bat bera ere ez da banandua.
Gainera, nola suposatu behar da Bataren eta Puntuaren substantzia bat dagoela? Substantzia orok, hain zuzen ere, badu generazioa, baina puntuak ez, puntua zatiketa bat baita.
20) Bestalde, zientzia oro unibertsalena eta koalitate zehatz bat duen horrena da, baina substantzia ez da unibertsal bat, zehaztua eta banandua den zerbait baizik; beraz, printzipioei buruzko zientzia bat baldin badago, nola suposatu behar da printzipioa substantzia bat dela? Zirkunstantzia honek aporia sortzen du.
Gainera, ba al dago ezer osatuaz aparte (materia eta honekin batera 25) ematen dena, alegia), ala ez? Ezer ez badago, materian ematen den guztia ustelgarria izango da; baina zerbait baldin badago, hau forma eta konfigurazioa izango da. Hala ere, hau zein gauzatan ematen den eta zein gauzatan ez den ematen zehaztea zaila da. Zenbait gauzatan agerian dago forma ez dela banangarria, etxe batean, adibidez.
Gainera, espezifikoki ala aritmetikoki dira berak printzipioak? 30) Izan ere, aritmetikoki bat baldin badira, gauza guztiak izango dira gauza bera.
III
aldatuFilosofoaren zientziak Den-a den aldetik aztertzen duenez, unibertsalki aztertuko du eta ez zati bati begira; baina Den-a zentzu askotan esaten da eta ez modu bakar batean; beraz, izenkidetasunez esaten bada eta ez baterako duten ezeren arabera, zentzu hauek guztiak ez zaizkio zientzia 35) bakar bati egokituko, genero berekoak ez direlako. Baina baterako duten zerbaiten arabera esanez gero, zientzia bakar bati egokituko zaizkio. Hala ere, badirudi azaldutako moduan esaten dela, "sendagarri" eta "osasuntsu" bezala, bi hauetako termino bakoitza ere zentzu askotan esaten baitugu. Eta 1061a) termino bakoitza modu honetan esaten da, medikuntza, edo osasuna, edo bestelako zerbait, nolabait aipatzeagatik, termino bakoitzak aipaturikoa gauza bera izanik.
"Sendagarri", hain zuzen ere, arrazonamenduari eta bisturiari esaten zaie, batari medikuntzatik sortzeagatik, besteari, honetarako 5) baliagarri izateagatik. Eta antzeko moduan esaten da "osasuntsu": honi, osasunaren seinale delako; hari, ekoiztu egiten duelako. Eta gainerako kasuetan ere gauza bera esan daiteke.
Beraz, modu berean esaten da errealitate guztiak "direla", hauetako bakoitza den-aren afekzioa, edukia, antolakuntza, mugimendua edo halako beste zerbait izateagatik esaten baita "dela".
10) Eta den guztia bat eta baterakoa den zerbaitera murrizten denez, kontrakotasun bakoitza ere den-aren kontrakotasun eta desberdintasun lehenetara izango da murriztua, den-aren desberdintasun lehenak Aniztasuna eta Batasuna, Antzekotasuna eta Desberdintasuna nahiz beste edozein badira ere. Hala ere, ikertutzat eman ditzakegu gai hauek.
15) Baina den-aren biderapena den-era izatea edo bat den horretara izatea ez da ezertan bereizten; eta hauek gauza bera ez badira, bestelakoak baizik, biak erabil daitezke, behintzat, bat dena, nolabait, den zerbait baita, eta den-a, bat den zerbait.
Eta kontrako guztiak ikertzea bat eta bera den zientzia bati 20) dagokionez, eta haietako bakoitza <bere kontrako> ezari lotuta esaten denez -bitartekoren bat duten zenbait kontrako ezari lotuta esatea (zuzena eta zuzengabea, adibidez) aporetikoa bada ere- kasu hauetan guztietan eza ezarri behar da, ez esakune osoarena, azkeneko formarena baizik. Adibidez: pertsona zuzenak joeraren bati jarraiki legeen esana betetzen badu, 25) zuzengabea ez da esakune osoaren guztiz faltan egongo; hau legeen esana betetzeko arduragabea izango da nolabait, eta hau dela eta, eza emango da bere baitan; eta berdin gainerako kasuetan ere.
Eta matematikariaren ikerketa errealitate abstraktuei buruzkoa 30) da (sentimenezko koalitate guztiak -hots, pisua eta arintasuna, gogortasuna eta bere kontrakoa, baita beroa eta hotza eta gainerako sentimenezko kontrakotasunak ere- ezabatu ondoren ikertzen du, eta kantitatea eta jarraia besterik ez du uzten -bai batean, bitan edo hiru dimentsiotan-, eta errealitate hauen afekzioak ere ikertzen ditu, 35) kantitate eta magnitude jarraiak diren aldetik, eta ez beste inolako zentzutan; eta zenbait gauzatan elkarrekiko kokapenak eta hauetan ematen 1061b) dena hartzen ditu kontuan, beste zenbaitetan neurgarritasuna eta neurrigabetasuna, eta beste zenbaitetan, proportzioak, baina, hala ere, gauza hauek guztiak bat eta bera den zientzia bati dagokiola baieztatzen dugu: geometriari, hain zuzen); eta Den-ari dagokionez gauza bera gertatzen da, beraren akzidenteak eta kontrakotasunak, "den" aldetik, Filosofiaren ikergai 5) baitira, eta ez bestelako zientzia batenak. Fisikaren ikergaitzat ere har litezke, baina "diren" aldetik ez, mugimenduan parte hartzen duten aldetik baizik.
Bestalde, Dialektikak eta Sofistikak diren gauzen akzidenteak dituzte aztergai, baina diren aldetik, ez; eta Den-a bera den aldetik, ere ez. 10) Beraz, filosofoa izango da esandako gauzak, diren aldetik, ikertuko dituena.
Eta den guztia, zentzu askotan esanda ere, bat eta baterako den zerbaiten arabera esaten denez, eta berdin kontrakoak (Den-aren kontrakotasun eta desberdintasun lehenetara murrizten baitira), eta 15) honelako gauzak zientzia baten menpe izan daitekeenez, orduan hasieran aipaturiko aporia konpon daiteke, hots, zientzia bakar bati nola egokituko zaizkion generoz desberdinak diren gauza anitz.
IV
aldatuMatematikariak ere axiomak berezko modu batez erabiltzen dituenez, hauen printzipioak ikertzea ere Filosofia lehenari egokituko 20) omen zaio. Izan ere, kopuru berdinei kopuru berdina kenduta ondoren suertatzen diren kopuruak berdinak izatea baterako du kantitate den orok; baina matematikak bere berezko materiaren zatiren bati buruz egiten du ikerketa; adibidez, lerroak, angeluak, zenbakiak edo bestelako kantitateren bat, diren aldetik ez, hauetako bakoitza jarraia den aldetik 25) baizik, batean, bitan edo hiru dimentsiotan.
Filosofoak, berriz, ez ditu banakoak ikertzen hauetako bakoitza akzidenteren bat duen aldetik; aitzitik, Den-a ikertzen du, haietako bakoitza den aldetik.
Eta Fisikari buruz ere, Matematikari buruz esandako horixe bera esan daiteke, Fisikak diren guztien akzidenteak eta printzipioak, 30) mugimenduan dauden aldetik, ikertzen baititu, baina ez ditu diren aldetik ikertzen (baina esana dugu Zientzia Lehena errealitate hauen zientzia dela, hauek "diren gauzak" diren aldetik, eta ez bestelako zerbait diren aldetik). Horregatik baieztatu behar da Fisika eta Matematika ere Jakinduriaren zati direla.
V
aldatuDiren guztietan badago printzipio bat zeinari buruz engainatua 35) izaterik ez dagoen; aitzitik, nahitaez kontrakoa egiten da beti, egia aurkitu, hain zuzen ere. Adibidez, "gauza bera aldi berean izatea eta ez 1062a) izatea ezinezkoa da", eta berdin beraien baitan honelako kontrajarritasunak dituzten gainerako baieztapenak.
Honelako printzipioei buruz ez dago erabateko demostraziorik, baina bai kontrakoaren gezurtapena. Izan ere, printzipio hau bera ez dago printzipio konbentzigarriago batetik silogistikoki deduzitzerik, absolutuki 5) frogatzeko hau beharrezkoa izanik. Baina baieztapen kontrajarriak egiten dituenaren kontra, honek esandakoa faltsua dela frogatu nahi duenak, "gauza bera aldi berean izatea eta ez izatea ezinezkoa dela" baieztatzen duen axioma bezalako zerbait proposatu behar du, baina gauza bera ez balitz 10) bezala, horrela bakarrik gezurtatuko baitu subjektu berari buruzko kontrajarritako baieztapenak egia izan daitezkeela esaten duenaren kontra.
Horrela, bada, eztabaida batean parte hartu nahi dutenek bat etorri behar dute zerbaitetan. Izan ere, hau gertatu ezean, nola hartuko dute parte elkarrekin eztabaida batean? Beraz, hitz bakoitzak ulergarria izan 15) behar du eta zerbait adierazi behar du, esanahi bakar bat, hain zuzen ere, eta ez asko. Eta esanahi bat baino gehiago izatekotan, argitu behar da hauetako zeini dagokion hitza. Horrela, bada, "hau bada eta ez da" esaten duenak baieztatzen duen hori ukatu egiten du; beraz, hitzak adierazten duena adierazten ez duela baieztatzen du, eta hau ezinezkoa da. Beraz, "hau izateak" zerbait adierazten badu, ezinezkoa da kontrako esakunea egia izatea.
20) Gainera, hitzak zerbait adierazten badu eta hau egia bada, hau nahitaez izan behar da; baina nahitaezkoa dena ezin da inoiz ez izan. Beraz, ezinezkoa da gauza berari buruz kontrajarritako baieztapenak eta ezeztapenak egia izatea.
Gainera, baieztapena ezeztapena baino egiazkoagoa ez baldin bada, "hau gizaki bat da" esatea ez da "hau ez da gizaki bat" esatea baino 25) egiazkoagoa izango. Hala ere, pentsa daiteke "gizaki bat ez da zaldi bat" esaten duenak "gizaki bat ez da gizaki bat" esaten duenak baino zentzu handiagoz esaten duela egia, edo ez zentzu gutxiagoz, behintzat; beraz, "gizaki bat zaldi bat da" esaten badu ere egia esango du (kontrajarritako esakuneak bezain egiazko omen ziren). Kontua da, orduan, subjektu bera gizakia eta zaldia, edo gainerako beste edozein animalia dela.
30) Horrela, bada, ez dago printzipio hauen inolako demostrazio absoluturik, baina bai halako gauzak baieztatzen dituenaren kontrako gezurtapena. Eta norbaitek horrela galdetu izan balu, Heraklito bera behartuko zukeen berehala onartzera gauza berei buruz kontrajarritako 35) baieztapenak egia izatea guztiz ezinezkoa dela. Baina berak esaten zuena ulertu ere egin gabe ontzat eman zuen. Dena dela, berak esandakoa egiazkoa baldin bada, hau bera ere ez litzateke 1062b) egiazkoa izango, hots, gauza bera eta aldi berean izan eta ez izan daitekeela. Izan ere, bata eta bestea bananduta, baieztapena ezeztapena baino 5) neurri handiagoz egiazkoa ez den bezala, era berean, bien batasuna eta lotura baieztapen bakar batean ematen bada, honen ezeztapena ere ez da baieztapentzat hartutako esakune osoa baino neurri handiagoz egiazkoa izango.
Gainera, egiaz ezer baieztatzerik ez badago, hau bera ere litzateke faltsua, egiazko baieztapenik ez dagoela esatea, alegia. Baina egiazko 10) baieztapenen bat baldin badago, halako zailtasunak aurkezten dituztenek eta elkarrizketa erabat deuseztatzen dutenek esandakoa gezurtaturik geratzen da.
VI
aldatuProtagorasek esandakoa ere azalduriko iritzietatik gertu dago. Honek, hain zuzen ere, gizakia gauza guztien neurria dela esan zuen, hau 15) da, norberari iruditzen zaiona, horixe dela egiatan. Baina hau horrela izanez gero, gauza bera badela eta ez dela suertatzen da, eta txarra eta ona dela, eta baieztapen kontrajarrietan agerturiko gainerako predikatuak, -sarritan honelako bat batzuei ederra iruditzen zaielako eta beste batzuei, kontrakoa-, neurria norberari iruditzen zaiona delarik. Hala ere, aporia hau 20) konpon daiteke iritzi honen abiapuntua nondik etorri zen kontutan hartzen bada: batzuen ustez, hain zuzen ere, fisiologoen iritzitik da sortua, eta beste batzuen ustez, gauza berei buruz denen ezagutza bera ez izatearen zirkunstantziatik, batzuei gauza hau gozoa iruditzen baitzaie, eta beste batzuei, kontrakoa.
25) Izan ere, ez-denetik ezer sortzen ez dela eta den guztia den-etik sortzen dela, Natura ikertzen duten filosofo gehienen baterako iritzia da.
Horrela, bada, guztiz zuria dena -eta inolaz ere ez-zuria- zuria izateko bilakatzen ez denez, zuria izatera iritsi dena zuria ez-denetik sortuko da. Beraz, haien ustez, ez-denetik sortuko da, gauza bera zuria eta ez-zuria ez bada, behintzat.
30) Baina aporia hau konpontzea ez da zaila: Fisikan58, hain zuzen ere, esana dago sortuak diren gauzak zein zentzutan sortzen diren ez-denetik eta zein zentzutan den-etik. Bestalde, haien artean bat ez datozenen iritziak eta fantasiak modu berean kontutan hartzea lelokeria da, argi 1063a) baitago haietako batzuk oker daudela nahitaez. Eta hau agerikoa da sentimenezko pertzepzioan gertatzen denarengatik, gauza bera iruditzen baitzaie batzuei gozoa eta beste batzuei, kontrakoa, bakar batzuek aipaturiko zaporeak sentitzen eta bereizten dituen ahalmena usteldurik edo hondaturik ez badute, behintzat. Eta hau horrela bada, onartu beharko da batzuk neurria direla, eta onartu beharko da besteak ez direla. Eta onari eta 5) txarrari, ederrari eta itsusiari eta gainerako ezaugarriei buruz ere gauza bera esan daiteke. Izan ere, hau ontzat ematea eta hatzaz begi azpian sakatzen dutenei iruditzen zaiena onartzea ez da ezertan bereizten; hauek, hain zuzen ere, gauza bakar batetik bi gauza agerrarazten dute, eta bi gauza agertzen direnez, bi gauza izan behar dira. Baina, aldi berean, gauza bakar bat izan behar da, begia sakatzen ez dutenei gauza bakar bat dena gauza bakar bat dela iruditzen baitzaie.
10) Orokorrean, lekuz kanpokoa da egiari buruzko iritzia beren egoeran inoiz irauten ez omen duten hemengo gauza aldakorretatik osatzea, egia beti egoera berean aurkitu eta inolako aldaketarik jasaten ez duten gauzetan bilatu behar baita. Eta honelakoak dira gorputz zerutarrak. 15) Gorputz hauek, hain zuzen ere, ez dira agertzen batzuetan honelako ezaugarriekin eta berriro beste horiekin; aitzitik, beti berdin eta inolako mugimendutan parte hartu gabe.
Gainera, mugimendurik baldin bada, mugitzen den zerbait ere bada, eta mugitzen den guztia zerbaitetik eta zerbaitera mugitzen da. Beraz, mugitzen dena bere mugimenduaren sorburu den horretan egon behar da 20) eta horretan bertan egon behar ez, eta horko horretarantz mugitu eta horretan agertu; eta hau guztia kontraesanak aldi berean egiazkoak izan gabe, haiek uste bezala.
Eta hemengo gauzak kantitateari dagokionez etengabe aldatu eta mugituz gero -eta hau egia ez bada ere norbaitek onartuko balu-, zergatik ez iraun koalitateari dagokionez? Dirudienez, gauza berari buruz esakune kontraesankorrak predikatzen dituzte, gorputzetan kantitateak irauten ez 25) duela uste dutelako; eta hau dela eta, gauza bera lau ukondoko dela eta ez dela baieztatzen dute. Baina substantzia koalitatearen araberakoa da, eta hau zehazturiko izaerakoa da; kantitatea, ordea, izaera zehaztugabekoa da.
Gainera, sendagileak jaki jakin bat hartzeko agintzen duenean, 30) zergatik hartzen da? Eta honako hau, zergatik da ogia eta ez ez-ogia? Ondorioz, jatea eta ez jatea ez lituzke ezerk bereiziko. Baina honi buruzko egia onartzen dutenez eta agindu zaien jakia hau dela dakitenez, jakia hartzen dute. Hala ere, ez lukete hartu behar izango, sentimenezko gauzetan inolako izaerak tinko irauten ez duelako; aitzitik, denak mugitu eta aldatzen dira etengabe.
35) Gainera, etengabe aldatzen bagara eta inoiz irauten ez badugu gu geu izaten, zergatik harritu gauzak inoiz ez bazaizkigu berak iruditzen, gaixoei gertatzen zaien bezala? (Hauei, hain zuzen ere, osasuntsu zeudeneko egoera berean ez 1063b) aurkitzeagatik sentimenezko gauzak ez zaizkie berdin iruditzen; baina sentimenezko gauzek ez dute, arrazoi horrengatik, behintzat, inolako aldaketatan parte hartzen, nahiz eta gaixoei bestelako sentsazioak eragin eta 5) ez berak. Eta, ziurraski, gauza bera gertatzen da nahitaez aipaturiko aldaketa ematen denean). Baina aldatzen ez bagara, baizik eta gu geu izaten jarraitzen badugu, irauten duen zerbait izango da.
Aipaturiko aporiak hitzezko argumentuetan oinarritzen dituztenen aurrean, aporiak ez dira konpontzen errazak, ez baitute ezer onartzen, ezta arrazoirik eskatzen ere, argumentu oro eta demostrazio oro 10) horrela sortzen delarik. Hala ere, haiek ezer onartzen ez dutenez, elkarrizketa ezabatzen dute eta, orokorrean, arrazoibidea. Beraz, hauen aurrean ez dago arrazoitzerik; tradiziozko aporiek harrituak daudenei, berriz, erraz erantzuten zaie, eta erraz ezabatzen dira beraiengan aporia sortarazten duten arazoak; eta hau argi dago esandakoarengatik.
15) Beraz, agerian dago esandakoarengatik gauza berari buruzko esakune kontrajarriak ezin direla aldi berean egiazkoak izan, ezta kontrakoak ere, kontrakotasun oro ezaren arabera esaten baita; hau agerikoa da kontrakoen nozioak beren printzipiora murrizten badira. Era berean, bitartekoak ezin dira bat eta bera den subjektuaz predikatu, subjektua zuria 20) izanda "ez da ez zuria, ez beltza" esaten badugu, gezurra esango baitugu; kasu honetan, hain zuzen ere, subjektua zuria izango litzateke eta ez litzateke zuria izango, subjektu berari buruzko adierazpen osoaren predikatu bat egiazkoa izango baita, eta hau zuriaren kontraesana da.
Horrela, bada, Heraklitoren iritzia onartzen dutenek ezin dute 25) egia esan, ezta Anaxagorasena onartzen dutenek ere; bestela, subjektu berari buruz kontrakoak predikatzen direla gertatuko da.
Izan ere, Anaxagorasek denetan denetik dagoela esaten duenean, neurri handiagoz gozoa edo mikatza edo beste edozein kontrako koalitatezko den ezer ez dagoela esan nahi du, dena denetan potentzian eman ez ezik, 30) egintzan eta bereizita ere ematen baldin bada, behintzat. Era berean, esakune guztiak gezurra izatea ezinezkoa da, baita egiazkoak izatea ere, baieztapen honek bestelako arazo larri ugari ekartzeagatik eta arazo hau sortzen duelako: esakune guztiak faltsuak baldin badira, hau baieztatzen duenak ere ez du egia esango; baina egiazkoak baldin badira, esakune 35) guztiak faltsuak direla esaten duenak ere ez du gezurrik esango.
VII
aldatuZientzia orok bilatzen du dagokion ikergai bakoitzerako zenbait printzipio eta kausa, adibidez, Medikuntzak, Gimnastikak eta beste 1064a) gainerakoek, ekoizleek zein matematikoek. Hauetako bakoitzak, hain zuzen ere, genero bat bere baitarako mugatu eta gero, berau ikertzen du, den zerbait eta ematen den zerbait dela kontuan harturik; baina zientzia bakoitzak ez du generoa ikertzen generoa den zerbait den aldetik, den-a den aldetik ikertzen duena bestelako zientzia bat baita, zientzia haietaz apartekoa.
5) Aipaturiko zientzia hauetako bakoitza, genero bakoitzean zerkia nolabait hartu eta gero, gainerakoa erakusten saiatzen da, zorroztasun gehiagoz ala gutxiagoz. Eta zerkia, batzuek sentsazioaren bidez hartzen dute, eta besteek, hipotesien bidez. Horregatik, indukzio honetatik ere agerian geratzen da substantziaren eta zerkiaren demostraziorik ez dagoela.
10) Bestalde, Naturari buruzko zientzia bat dagoenez, agerian dago zientzia hau praktikoen eta ekoizleen desberdina izango dela. Zientzia ekoizleari dagokionez, mugimenduaren printzipioa ekoizlearen baitan dago, eta ez emaitzan, printzipioa arteren bat edo beste potentziaren bat delarik. Era berean, zientzia praktikoari dagokionez ere, mugimendua ez 15) dago ekintzan bertan, egileen baitan baizik. Fisikariarena, berriz, mugimenduaren printzipioa beren baitan duten gauzen zientzia da. Horrela, bada, agerian dago esandakoarengatik zientzia fisikoa, nahitaez, ez dela ez praktikoa, ez ekoizlea, teoretikoa baizik (genero hauetako batean suertatu behar baitu). 20) Eta zientzia orok, nolabait, zerkia ezagutu eta printzipio gisa erabili behar duenez, beharrezkoa da ez ahaztea fisikariak nola definitu behar duen eta substantziaren definizioa nola hartu behar duen, zapala dena bezala edo bestela, ahurra dena bezala. Izan ere, zapala denaren definizioa gauzaren 25) materiarekin batera esaten da, eta ahurra denaren definizioa, berriz, materiarik gabe; zapaltasuna, hain zuzen ere, sudurrean ematen da, eta horregatik hartzen da sudurrarekin batera beraren definizioa, "zapala dena" "sudurmotza" baita. Beraz, agerian dago haragiaren definizioa, begiarena eta gainerako atalena materiarekin batera eman behar direla beti.
Bestalde, Den-aren zientzia bat dagoenez -Den-a den eta banandua 30) den aldetik- aztertu behar da hau eta Fisika berdintzat jo behar ote diren ala, aitzitik, bestelakoa den. Hau dela eta, Fisika mugimenduaren printzipioa beren baitan duten gauzen zientzia den bitartean, Matematika bananduak ez diren gauza iraunkorren zientzia teoretikoa da. Beraz, 35) bestelako zientzia batek ikertzen du banandua eta geldia dena, honelako substantziarik -banandua eta geldia, alegia- baldin badago, behintzat. Hauxe da frogatu nahi duguna.
Eta diren guztien artean honelako izaeraren bat baldin badago, 1064b) ziurraski hor izango da jainkozkoa, eta hura izango da printzipio lehena eta gorena.
Argi dago, bada, zientzia teoretikoen generoak hiru direla: Fisika, Matematika eta Teologia. Horrela, bada, generorik onena teoretikoena da, eta hauen beraien artean, azkenean aipaturikoa, diren guztietan gauzarik 5) gorena ikertzen baitu, eta <zientzia> bakoitza bere berezko ikergaiaren arabera da hobea edo okerragoa.
Bestalde, aporia hau sor liteke: Den-a den aldetik ikertzen duen zientzia, unibertsaltzat hartu behar da, ala ez? Izan ere, zientzia matematiko bakoitza genero zehatz batez arduratzen da; unibertsala, ordea, 10) genero guztiez. Horrela, bada, substantzia fisikoak diren guztietan lehenak badira, Fisika ere zientzia lehena izango da; baina, banandua eta geldia den beste izaera eta substantzia bat baldin badago, zientzia hau bestelako bat izango da nahitaez, Fisikaren aurrekoa eta, lehena izateagatik, unibertsala.
VIII
aldatu15) "Den-a", besterik zehaztu gabe, zentzu askotan esaten denez, eta hauetako bat "akzidentalki" dela esatea denez, orduan den-a zentzu honetan aztertu behar da lehenengoz. Akzidenteaz ohiko zientzia bat bera ere arduratzen ez dela agerikoa da (Arkitekturak, hain zuzen ere, ez du kontuan hartzen etxean bizi izango direnei akzidentalki gertatuko zaiena; 20) adibidez, desgogora bizi izango diren ala kontrakoa; eta ehungintzak, larrugintzak eta sukaldaritzak ere ez, zientzia hauetako bakoitzak berez dagokiona besterik ez baitu kontuan hartzen, bere berezko helburua, alegia. Eta zientziatzat harturiko horietako batek berak ere -Sofistika izan ezik- ez ditu ikertzen musikariaren eta gramatikariaren arteko harremanak, ezta ondorengo argumentua ere: musikaria dena, gramatikari izatera iritsi 25) zelako, biak batera izango da, lehenago ez izan arren; hala ere, den hori, beti izan ez bada izatera iritsi denez, orduan aldi berean iritsi zen musikaria izatera eta gramatikaria izatera. Akzidentala denaz, hain zuzen ere, Sofistika bakarrik arduratzen da. Horregatik ez zebilen oker Platon Sofistikak ez-denari buruz eztabaidatzen duela esan zuenean59)
30) Akzidentearen zientzia bat izatea ezinezkoa dela agerikoa izango da akzidentea zer den ulertzen saiatu direnentzat. Gauza oro, edo beti eta nahitaez da (ez indarrez hartutako nahitaezkoa, demostrazioetan erabiltzen dugun hori baizik), 35) edo gehienetan, edo ez gehienetan, ezta beti eta nahitaez ere, halabeharrez baizik; adibidez, udabetean hotza egin dezake, baina hau ez da beti eta nahitaez gertatzen, ezta gehienetan ere, noizean behin baizik. 1065a) Horrela, bada, akzidentea suertatu egiten dena da, baina ez beti, ez nahitaez ezta gehienetan ere.
Beraz, esana dago akzidentea zer den; eta argi dago honen 5) zientziarik ez dagoela. Izan ere, zientzia oro beti edo gehienetan denaz arduratzen da, baina akzidentea ez da ez batean, ez bestean egokitzen. Bestalde, argi dago akzidentalki denak ez duela berez denak dituen kausa eta printzipio bezalakorik; bestela, gauza guztiak nahitaez gertatuko lirateke. Esate baterako, honako hau horko hori izaten denean izaten bada eta horko hori hango hura izaten denean, eta hango hura halabeharrez gertatu ez 10) bazen, nahitaez baizik, orduan hori zeinaren hango hura kausa zen ere nahitaez izango da, azkeneko ondoriora heldu arte (akzidentalki omen zena, alegia); beraz, gauza guztiak nahitaez izango dira, eta zerbait bi moduotan halabeharrez gertatzea, baita sortzeko eta ez-sortzeko posibilitatea ere, erabat ezabatuta geratzen dira sortuak diren gauzen artean. Eta kausa oraindik ez dela, baizik eta sortzen ari dela suposatzen bada, gauza bera 15) gertatuko da, gauza oro nahitaez sortuko baita.
Izan ere, biharko eklipsea hau gertatzen bada gertatuko da, eta hau beste hori gertatzen bada, eta beste hori beste edozer gertatzen bada. Eta horrela, une honetatik bihar arteko denbora mugatuari denbora kenduz, jadanik den horretaraino iritsiko da noizbait; beraz, hau baldin bada, honen 20) ondorengo gauza guztiak nahitaez sortuko dira, hots, gauza guztiak nahitaez sortuko dira.
Egiazkotzat hartutako denari eta akzidentalki denari dagokienez, bata pentsamenduaren konbinazio batean ematen da eta honen afekzio bat da (horregatik ez dira zentzu horretan denaren printzipioak bilatzen, kanpotiko eta banandua denarenak baizik), eta bestea -akzidentalki dena, 25) alegia- ez da beharrezkoa, zehazgabea baizik, eta beraren kausak nahasiak eta amaigabeak dira.
Bestalde, helburu dena naturaz edo pentsamenduaz sortzen diren gauzetan ematen da, eta hauetako gauza bat akzidentalki sortzen denean halabeharra ematen da. Izan ere, den-a berez nahiz akzidentalki den bezala, 30) kausa ere bai. Eta zoria kausa akzidentala da helburu direnak aukeratu ondoren sortzen diren gauzetan; horregatik dira gauza berei buruzkoak zoria eta pentsamendua, pentsamendurik gabe aukerarik ez baitago.
Bestalde, halabeharrez sortzen diren gauzak sortaraz ditzaketen kausak amaigabeak dira, eta hau dela eta, zoria ilun egiten zaio giza pentsamenduari, eta akzidentalki da kausa, baina zentzu absolutuan ez da 35) ezeren kausa. Eta zoria ona edo txarra da ongi bat edo gaizki bat 1065b) suertatzen denean; eta zorte ona edo zorte txarra ongia eta gaizkia handiak direnean.
Akzidentalki dena berez denaren aurrekoa ez denez, kausa akzidentala ere ez. Beraz, zoria eta bat-batekotasuna ortziaren kausa balira ere, aurrekoak lirateke adimena eta natura.
IX
aldatu5) Zenbait gauza egintzan bakarrik ematen dira, beste zenbait, potentzian eta beste zenbait, potentzian eta egintzan, den-aren, edo kantitatearen, edo gainerako beste kategoria baten arabera. Bestalde, gauzetatik kanpo ez dago mugimendurik, aldaketa den-aren kategorien arabera ematen baita beti, eta kategoriek baterako duten guztia kategoriaren batean ematen da. Hala ere, gauza guztietan kategoria bakoitza bi modutan 10) ematen da (adibidez, "honako hau", alde batetik forma da, eta beste aldetik beraren eza; eta koalitatearen arabera, zuria eta beltza; eta kantitatearen arabera, betea eta osagabea; eta translazioaren arabera, gorantz eta beherantz, edo arina eta astuna). Horrela, bada, mugimenduaren eta aldaketaren espezieak den-aren espezie adina dira.
15) Eta potentzian dagoena eta entelekian dagoena genero bakoitzaren arabera bereizten direnez, potentzian -potentzia den aldetik- dagoenaren egintzaratzeari mugimendu deitzen diot. Eta egia esaten dugula ondorengoan argitzen da: eraikigarri dena -honelakoa dela esaten dugun 20) aldetik- egintzan dagoenean, eraikia da, eta hau da eraikitzea; eta berdin ikastea, sendatzea, ibiltzea, salto egitea, zahartzea eta heltzea. Eta mugimendua, entelekia bera ematen denean gertatzen da, ez lehenago edo geroago. Horrela, bada, mugimendua potentzian dagoenaren egintzaratzea da, entelekian izanda egintzaratzen denan, ez hura bera den aldetik, mugikorra den aldetik baizik. "Den aldetik" honela ulertzen dut: brontzea, 25) hain zuzen ere, giza irudia da potentzian; hala ere, brontzearen entelekia -brontze den aldetik- ez da mugimendua, brontzea izatea eta potentziaren bat izatea ez baitira gauza bera. Izan ere, definizioaren arabera guztiz gauza bera balira, brontzearen entelekia mugimendu bat izango litzateke. Baina ez dira gauza bera (eta hau argi dago kontrakoetan: sendatu 30) ahal izatea eta gaisotu ahal izatea ez dira gauza bera -sendatzea eta gaixotzea gauza bera izango bailirakete-; baina subjektua, osasuntsu nahiz gaixorik, humoretik zein odoletik, bat eta bera da). Eta gauza bera ez direnez -kolorea eta ikusgarri dena ere gauza bera ez diren bezala-, mugimendua da ahalezko -ahalezko den aldetik- denaren entelekia. Horrela, bada, agerikoa 35) da mugimendua hau dela, eta mugitzea entelekia bera ematen denean -eta ez lehenago edo geroago- gertatzen dela.
1066a) (Izan ere, gauza bakoitza batzuetan eman daiteke egintzan eta beste batzuetan, ez, adibidez, eraikigarria, eraikigarri den aldetik; eta eraikigarri denaren egintza -eraikigarri den aldetik- eraikuntza da, egintzaratzea, eraikitzea edo etxea baita. Baina etxea eraikita dagoenean, jadanik ez da eraikigarria, eraikigarri 5) dena eraikitzen baita. Beraz, egintzaratzea eraikitzea da nahitaez, eta eraikitzea nolabaiteko mugimendua da. Eta azalpen berak balio du gainerako mugimenduetarako).
Argi dago esandakoa zuzena dela, hau mugimenduari buruz besteek esaten dutenagatik eta bestela definitzea erraza ez izateagatik. Izan 10) ere, ezin liteke beste generoren batean egokitu, eta hau argi dago esaten dutenagatik: batzuek, hain zuzen ere, "bestelakotasuna" eta "desberdintasuna" eta "ez den zerbait" definitzen dute mugimendua; hala ere, kontzeptu hauek ez dute nahitaez inplikatzen mugimendua, eta, bestalde, aldaketa ez da ez haietarantz, ez haietatik ere bideratzen beraien kontrajarrietatik baino neurri handiagoz. Bestalde, kontzeptu hauetan 15) kokatzen da, mugimenduak zehazgabe den zerbait dirudielako, eta beste zutabeko printzipioak, ezak izateagatik zehazgabeak dira; izan ere, hauetako bat bera ere ez da ez "hau", ez "horrelakoa", ezta bestelako kategoriaren bat ere. Eta mugimenduak zehazgabea dirudi, bera ez dagoelako diren guztien ez potentzian, ez egintzan ere kokatzerik. Izan ere, kantitatea izan 20) daitekeena ez da nahitaez mugitzen, ezta egintzan den kantitatea ere, eta mugimenduak nolabaiteko egintza bat dirudi, baina osagabea, potentzia -zeinaren egintza mugimendua den- osagabea delako.
Eta horregatik da zaila mugimendua zer den ulertzea, ezen edo potentzian edo egintza hutsean kokatu behar baita nahitaez, honek ezinezkoa badirudi ere.
25) Beraz, esandakoa behar da: egintza eta ez egintza, azaldu dugun moduan, hots, ikusten zaila baina litekeena dena.
Bestalde, argi dago mugimendua mugitua den gauzaren baitan ematen dela, honen entelekia baita, mugitzeko gai denaren eraginpean; eta honen egintza ez da bestelako bat, honek bataren eta bestearen entelekia izan behar baitu. Izan ere, mugitzeko gai da mugitzeko potentzia duelako 30) eta mugiarazten du ekinean delako; baina mugitua denaren egintzalea da; beraz, batarena eta bestearena egintza bera da, batetik birako tartea eta bitik baterakoa tarte bera diren moduan, edo aldapa gora eta aldapa behera. Baina bere izatea ez da bat. Gauza bera gertatzen da mugiarazten duenaren eta mugitua denaren kasuan.
X
aldatu35) Amaigabea da, edo zeharka ezin daitekeena beraren izaerak onartzen ez duelako -ahotsa ikustezina den moduan-, edo amaigabeko bidea duena, edo nekez zeharkatzen dena, edo biderik edo mugarik ez duena, naturaz egokitu arren. Gainera, amaigabea gehiketaz, murrizketaz edo bi 1066b) modu hauez izan daiteke.
Horrela, bada, ez da posible banandua den zerbait izatea. Izan ere, baldin eta magnitude bat ez bada, ez zenbaki bat, eta amaigabea bera substantzia bada, eta ez akzidentea, orduan zatiezina izango da ( "zatigarria", 5) edo magnitude bat, edo zenbaki bat baita). Alabaina, zatiezina bada, ez da amaigabea izango, ahotsa ikustezina den moduan ez bada, behintzat. Baina amaigabea ez dute zentzu honetan hartzen, zeharkaezina den neurrian baizik.
Gainera, amaigabea nola izan daiteke berez, zenbakia eta magnitudea ere berez ez badira, eta amaigabea hauen afekzioa izanik? Bestalde, akzidentalki bada, amaigabe den aldetik ez da diren guztien 10) osagaia izango, ahotsa ikustezina den arren, "ikustezina" hizkuntzarena izango ez den bezala.
Eta argi dago amaigabea egintzan ezin eman dela, beraren edozein zati hartuz gero amaigabea izango baita (amaigabea substantzia bat baldin bada eta subjektu batez predikatzen ez bada, amaigabearen izatea eta amaigabea gauza bera izango baitira); beraz, edo 15) zatiezina izango da edo, zatiduna izatekotan, zati amaigabetan zatigarria. Baina gauza berak amaigabe anitz izatea ezinezkoa da (aire zati bat airea den bezala, amaigabe den zati bat amaigabea izango da, substantzia eta printzipioa bada). Beraz, zatirik gabea eta zatiezina da. Hala ere, entelekian dena amaigabea izatea ezinezkoa da (kantitatea izan behar baita nahitaez); beraz, akzidentalki ematen da. Baina horrela bada, esana dago ezin duela 20) printzipioa izan; aitzitik, printzipioa izango da hori, non amaigabea akzidentalki ematen den, hots, Airea edo Bikoitia.
Orain arte orokorki garatu dugu ikerketa hau. Baina amaigabea sentimenezko gauzetan ematen ez dela argi dago ondorengoarengatik: gorputzaren definizioa "gainazalez mugatua dena" bada, ez da gorputz amaigaberik izango -ez sentimenezkorik, ez adimenezkorik-, ezta 25) bananduriko zenbaki amaigaberik ere, zenbakia, edo zenbakiduna, neurgarria baita.
Amaigabearen izaera kontuan hartuz gero, argi dago ondorengoarengatik: amaigabea, hain zuzen ere, ezin da izan ez konposatua, ez bakuna. Izan ere, ez da gorputz konposatua izango beraren osagai-kopurua mugatua bada (kontrakoak berdinduta egon behar baitira, eta hauetako bat bera ere ezin da amaigabea izan; hau dela eta, gorputz baten potentzia bestearena baino txikiagoa bada, mugatua amaigabeak ezabatuko 30) du. Baina, bestalde, gorputz guztiak amaigabeak izatea ezinezkoa da, gorputza norabide guztietarako zabalera duena baita, eta amaigabea, mugarik gabe zabaltzen dena; beraz, gorputz bat amaigabea baldin bada, norabide guztietarako amaigabea izango da). Bestalde, amaigabea ezin da 35) gorputz bakarra eta bakuna izan; ezta, batzuek dioten bezala, berak sorturiko osagaiez aparte egon ere (osagaiez aparteko honelako gorputzik ez baitago. Izan ere, gauza oro desegiten da bere osagaietan, eta ez 1067a) dirudi gorputz bakunez aparte hori dagoenik); eta sua ere ezin da izan, ezta gainerako osagairen bat ere. Izan ere, hauetako baten bat amaigabea izatea ezinezkoa izateaz gain, ezinezkoa da Osotasuna, mugatua izan arren, haietako bat izatea edo bihurtzea, Heraklitok -gauza guztiak 5) noizbait su bihurtzen direla esaten duenak- baieztatzen duen bezala. Eta gauza bera esan daiteke fisikariek osagaiez aparte jartzen duten Bataz, gauza oro kontrako batetik aldatzen baita, adibidez, bero izatetik hotz izatera.
Gainera, gorputz sentikorra nonbait badago, eta osatuaren eta zatiarena leku bera da, adibidez, lurrarena; beraz, espeziekidea baldin bada, 10) edo geldirik, edo beti mugimenduan egongo da. Baina hau ezinezkoa da. (Izan ere, zergatik beherantz, eta ez gorantz, edo beste edozein norabiderantz? Adibidez, zokor bat balitz, non mugituko edo geldituko litzateke? Genero bereko gorputzaren lekua, hain zuzen, amaigabea da. Orduan, leku osoa beteko du? Nola, baina? Zein izango da, bada, geldialdia eta mugimendua? Edo nonahi geldituko da -beraz, ez da mugituko-, edo nonahi mugituko da -beraz, ez da geldituko-).
15) Baina Osotasuna heterogeneoa baldin bada, lekuak ere heterogeneoak izango dira eta, hasteko, Osotasunaren gorputza ez da bat izango, elkar-ukitzez ez bada; eta, gainera, beraren zatiak mugatuak edo espezifikoki amaigabeak izango dira. Hala ere, ezin dira mugatuak izan (Osotasuna amaigabea bada, batzuk amaigabeak izango dira, baina beste batzuk, ez, sua edo ura, adibidez; baina halako osagaiak kontrakoen 20) suntsidura ekarriko luke). Baina amaigabeak eta bakunak badira, lekuak ere amaigabeak izango dira, eta amaigabeak izango dira osagaiak. Hala ere, hau ezinezkoa bada eta lekuak mugatuak badira, Osotasuna ere mugatua izango da nahitaez.
Laburbilduz, gorputz sentikor orok pisua edo arintasuna badu, gorputz bat amaigabea izatea ezinezkoa izango da, baita gorputzen lekua 25) amaigabea izatea ere, gorputza erdirantz edo gorantz mugituko baita. Baina amaigabea -osoa nahiz erdia- bi modu hauek afektatua izatea ezinezkoa da. Izan ere, nola zatituko da? Edo amaigabeak nola izango du goiko eta beheko alderik, edo erdirik edo muturrik? Gainera, gorputz sentikor oro leku batean dago, eta leku-espezieak sei dira; baina hauek 30) gorputz amaigabe batean ematea ezinezkoa da. Eta, laburbilduz, leku amaigabe bat izatea ezinezkoa bada, gorputz amaigabe bat izatea ere bai, leku batean dagoena nonbait baitago, hots, goian, behean edo beste kokaguneren batean, eta hauetako bakoitza muga bat da.
Bestalde, ez dira gauza bera magnitudeari dagokion amaigabea, mugimenduari dagokiona eta denborari dagokiona, izaera bakar bat balitz 35) bezala; aitzitik, ondorengo dena aurreko denaren arabera esaten da; adibidez, mugimendua, lekualdatzearen, aldaketaren edo handitzearen magnitudearen arabera, eta denbora, mugimenduaren arabera.
XI
aldatu1067b) Aldatzen dena, zenbaitetan, akzidentalki aldatzen da; adibidez, musikaria dabilela esaten denean. Beste zenbaitetan, aldatu egiten dela baino ez da esaten, subjektuaren zerbait aldatzen delako; adibidez, subjektuaren zatiren bat aldatzen denean (begia sendatzen denean gorputza 5) sendatzen baita); gainera, badago berez lehendabizi mugitua dena, hau da, berez mugikor dena. Eta berdin gertatzen da mugiarazten duenarekin, honek akzidentalki, edo bere zatiren baten arabera, edo berez mugiarazten baitu.
Badago, orduan, lehendabizi mugiarazten duen zerbait eta, bestalde, mugitua den zerbait; eta, gainera, denbora, zeinean zehar mugitzen 10) den abiapuntu den hori eta helmuga dena. Baina formak, afekzioak eta lekua -mugitua denaren helmugak diren horiek- geldiak dira; adibidez, zientzia eta beroa: mugimendua ez baita beroa, berotze-prozesua baizik. Eta akzidentalki ematen ez den aldaketa ez da gauza guztietan ematen, baizik eta kontrakoetan, bitartekoetan eta kontraesanetan. Honen demostrazioa 15) indukzioz egin daiteke. Izan ere, aldatzen dena, edo subjektutik subjektura, edo ez-subjektutik ez-subjektura, edo subjektutik ez-subjektura edo ez-subjektutik subjektura aldatzen da (subjektua baieztapen baten bidez adierazten dena izanik); beraz, hiru izango dira, nahitaez, aldaketa-mota; izan ere, ez-subjektutik ez-subjektura ez dago aldaketarik, ez baitago ez 20) kontrakorik, ez kontraesanik, kontrakotasunik ez dagoelako. Horrela, bada, ez-subjektutik subjektura zuzentzen den aldaketa -hauen arteko kontraesanaren bidez ematen dena- genesia da, hau erabatekoa izanik baldin eta aldaketa erabatekoa bada, eta partziala aldaketa partziala bada. Bestalde, subjektutik ez-subjektura zuzentzen dena suntsidura da, hau erabatekoa aldaketa erabatekoa baldin bada, eta partziala aldaketa partziala baldin bada.
25) Beraz, "ez den-a" zenbait zentzutan esaten bada, eta konposiziotzat edo zatiketatzat harturikoa ezin bada mugitu, ezta zentzu absolutuan den-ari kontrajartzen zaion potentziatzat harturikoa ere (ez-zuria edo ez-ona dena akzidentalki mugi omen daiteke, ez-zuria dena gizaki bat izan baitaiteke; baina "hau" zentzu absolutuan ez dena, ezin da inolaz 30) ere mugitu), ez-dena mugitzea ezinezkoa da (eta hau horrela bada, genesia mugimendu bat izatea ere bai, ez-dena sortzen baita; eta, azken finean, akzidentalki sortuko balitz ere, absolutuki sortzen den horretan ez-dena ematen dela esatea egia izango da).
Eta berdin gertatzen da egonkortasunarekin; beraz, hauek dira suertatzen 35) diren zailtasunak, eta hauez gain, beste hau: mugitzen den oro leku batean dago, eta ez-dena, berriz, ez dago leku batean, nonbait egongo bailitzateke. Horrela, bada, usteldura ere ez da mugimendua. Izan ere, mugimendu baten kontrakoa beste mugimendu bat da, edo gelditasuna, baina genesiaren kontrakoa suntsidura da.
1068a) Baina mugimendu oro aldaketaren bat denez, eta aipaturiko hiru aldaketa-mota horietatik genesiaren eta ustelduraren araberakoak -kontraesanaren bidez ematen direnak, alegia- mugimendu ez direnez, subjektutik subjektura ematen dena izango da, nahitaez, 5) mugimendu bakarra. Subjektu hauek, edo kontrakoak, edo beren bitartekoak dira (eza ere kontrakotzat har daiteke), eta baieztapen baten bidez adierazten dira; adibidez, "biluzik", "horzgabetua" eta "beltza".
XII
aldatuKategoriak substantzian, koalitatean, edukitzean edo jasatean, erlazioan eta kantitatean bereizten direnez, mugimendu-motak hiru izango 10) dira nahitaez: koalitate, kantitate eta leku-mugimenduak. Baina ez dago substantziaren araberako mugimendurik -substantziak kontrakorik ez duelako-, ezta erlazioaren araberakorik (bi terminoetako bat aldatuz gero, baliteke bestea faltsua izatea, ezertan aldatu ez arren, eta horrela beraien mugimendua akzidentala izatea), ez egilearen eta jasalearen araberako mugimendurik, ezta mugiarazlearen eta mugitua denaren araberakorik ere, 15) mugimenduaren mugimendurik ez dagoelako, ezta genesiaren genesirik ere: orokorrean, ez dago aldaketaren aldaketarik.
Izan ere, bi modutan eman liteke mugimenduaren mugimendua: edo mugimendua bera subjektu bezala (adibidez, gizakia mugitu egiten da beltza izatetik zuria izatera aldatzen denean; beraz, honela, mugimendua berotu edo hoztu ere egiten da, edo lekualdatzen da, edo handitzen da; 20) baina hau ezinezkoa da, mugimendua ez baita subjektua), edo beste subjekturen bat mugimendu batetik beste forma batera aldatzeagatik; adibidez, gizaki bat gaixotasunetik osasunera aldatzean. Baina hau ere ezinezkoa da, akzidentalki ez bada,mugimendu oro gauza batetik beste gauza batera aldatzea baita; eta berdin 25) genesia eta usteldura, hauek eta mugimendua termino kontrajarrietarantz modu desberdinez jo izan ezik. Horrela, bada, aldi berean aldatzen da osasunetik gaixotasunera, eta aldaketa honetatik beste batera. Beraz, agerian dago gaixotu egin bada beste edozein aldaketatara aldatu izana beharko dela (aldatu gabe jarrai bailezake), eta, gainera, beti 30) ezustekoa ez den aldaketa batera, eta hau ere gauza batetik beste gauza batera izango da; beraz, aldaketa kontrajarria suertatuko da -sendamena, alegia-, baina akzidentalki, egoera hauen subjektua ahaztetik oroitzera aldatzen den bezala aldatzen delako, batzuetan ezagutza aldera eta beste batzuetan, ezjakintasunera.
Gainera, aldaketaren aldaketa eta genesiaren genesirik baleude, amaigabeko prozesua suertatuko litzateke; izan ere, ondorengoa sortuko 35) balitz, lehenengoa ere sortuko litzateke nahitaez. Adibidez, zentzu 1068b) hertsian harturiko genesia noizbait sortu bazen, beraren genesia ere sortu zen; beraz, ez zen izango zentzu hertsian sortu zena, sortzen ari zen zerbaiten genesia baizik; baina hau ere noizbait sortu zenez, zentzu hertsian sortu zena oraindik ez zen izango. Eta amaigabeko prozesuek termino 5) lehenik ez dutenez, ez da lehenengorik izango eta, orduan, ondorengorik ere ez. Horrela, bada, ezinezkoa izango da ezer sortzea, mugitzea edo aldatzea.
Gainera, subjektu berari dagozkio mugimendu bat eta kontrakoa (geldialdia), genesia eta usteldura; beraz, sortzen dena bere genesia sortzearekin batera usteltzen da, ez sortzerakoan, ezta geroago ere. Izan ere, usteldu egiten denak existitu behar du.
10) Gainera, sortzen eta aldatzen denaren azpian materia bat izan behar da. Orduan, zein izango da, gorputz aldakorra edo arima bezala, mugimendu edo genesi bilakatzen den hori? Are gehiago, zer ote da haien mugimenduaren helmuga den hori? Izan ere, hau zerbaitetik zerbaitera zuzentzen den zerbaiten mugimendu bat edo genesi bat izan beharko da. Nola, baina? Ikaskuntzaren ikaskuntzarik ezinezkoa da; beraz, genesiaren genesia ere bai.
15) Eta substantziaren mugimendurik ez dagoenez, ez erlazioarenik ezta edukitzearen edo jasatearenik ere, mugimendua koalitatearen, kantitatearen eta lekuaren araberakoa izatea gertatzen da (hauetako bakoitzean kontrakotasuna ematen baita); baina koalitateaz hitz egiten dudanean ez naiz substantzian ematen denaz ari (desberdintasuna ere koalitate bat baita), afekzio denaz baizik; honen arabera, hain zuzen ere, esaten da zerbait afektatua dela ala ez.
20) Bestalde, mugiezina ondorengoari esaten diot: inolaz ere mugi ezin daitekeenari, denbora luzean zehar nekez mugitzen denari edo mugitzen astiro hasten denari, eta izaeraz mugikorra eta mugitzeko gai izanda, dagokion aldera, dagokionean eta dagokion moduan mugitzen ez denari. Eta mugiezintasun-egoera hauetatik, azkenekoari bakarrik esaten diot "gelditasuna", gelditasuna mugimenduaren kontrakoa baita eta, beraz, 25) mugitzeko gai den subjektuaren eza bat da [ezintasun bat da].
"Lekuaren arabera elkarren ondoan" daude leku bakar batean segituan dauden horiek, eta bananduta, beste leku batean dauden guztiak. "Elkar-ukitzean" daude muturrak elkarren ondoan dituzten horiek. "Bitartekoa" da hori, nora aldatzen dena bere aldaketa jarraiaren berezko amaierara iritsi aurretik naturaz iristen den.
30) "Lekuaren araberako kontrakoa" da lerro zuzenean urrutien dagoena. Eta zerbaiti "segidakoa" esaten zaio hasierako termino baten atzean delarik eta posizioz, espeziez edo beste modu batez definitua izanda, termino honen eta aurrekoaren artean genero bereko bitartekorik ez dagoenean;adibidez, lerroak lerro artean, monadak monaden artean edo etxe bat etxe artean (hala ere, ez du ezerk eragozten beste genero bateko bitartekoak 35) izatea). Izan ere, segidakoa zerbaiten atzean dago eta honen 1069a) ondorengoa da; horrela, bada, bata ez da biaren segidakoa, ezta lehenengo ilberri-eguna bigarrenarena ere.
Bestalde, "ondokoa" da zerbaiten segidan izanda <aurrekoarekin> elkar-ukitzean dagoena. Baina aldaketa oro kontrajarrietan ematen denez, eta hauek kontrakoak eta kontraesanak direnez, eta kontraesanak bitartekorik ez duenez, argi dago kontrakotasuna kontrakoetan ematen dela.
5) Bestalde, "jarraia" ondokoa den zerbait da, eta "jarraia" esaten dut elkar-ukitzean eta jarraian dauden bi gauzen muga bat eta bera izaten denean; beraz, jarraian izango dira gauza horiek, zeinetatik elkar-ukitzearen bidez batasun naturala sortzen den. Eta lehendabizikoa segidakoa dela argi dago (segidakoa izateak ez baitu elkar-ukitzerik suposatzen; eta jarraia baldin bada, elkar-ukitzea ematen da, baina elkar-ukitzeak ez du 10) jarraitasunik suposatzen; eta elkar-ukitzean ez dauden gauzen artean ezin da natura-batasunik eman). Beraz, puntu bat eta monada bat ez dira gauza bera, haietan elkar-ukitzea baitago, baina hauetan ez, segidan badaude ere; eta haien artean bitartekoren bat eman daiteke, baina hauen artean, ez.