Metafisika/Hamabigarren liburua (L)

Metafisika  (K.a. IV. mendea)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Hamabigarren liburua (L)
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Ondorengo azterketa substantziari buruzkoa da, substantzien printzipioak eta kausak bilatzen baitira. Izan ere, Ortziaren gauzek osotasun 20) bat osatzen badute, substantzia zati lehena izango da. Eta Ortzian jarraian ematen diren gauzak baino ez bada, orduan ere lehenengoa izango da substantzia, gero koalitatea eta, ondoren, kantitatea. Aldi berean, azken hauek, gainera, ez dira substantziak zentzu absolutuan, nolabait esateagatik, nolakotasunak eta mugimenduak baizik;bestela, ez-zuria eta ez-zuzena ere izango lirateke, hauetaz ere esaten baitugu badirela, adibidez "bada zerbait ez-zuria" esaten dugunean. Bestalde, 25) gainerako guztiak ez dira banangarriak; antzinakoek ere horrela adierazten dute egitez, substantziaren printzipioak, osagaiak eta kausak bilatzen baitzituzten. Gaur egungoek, ordea, nahiago dute unibertsalak ezarri substantziatzat (unibertsalak generoak baitira, eta hauei neurri handiagoz dagokiela printzipioak eta kausak izatea esaten dute, beraien ikerketa logikoa baita); antzinakoek, ordea, banakoak hartzen zituzten substantziatzat -sua eta lurra, esate baterako-, baina ez baterako dena: Gorputza.

30) Substantziak hiru dira. Bat sentimenezkoa da, betierekoa edo ustelgarria; azken hau -landareak eta animaliak, adibidez- denek onartzen dute; [ bestea betierekoa da] eta honen osagarriak -bat izan edo anitz izan- ezagutu behar dira. Hirugarrena geldia da, eta badira hau bananduta dagoela esaten dutenak: batzuek bitan banatzen dute; beste batzuek Formak eta Errealitate Matematikoak natura bakar batean biltzen dituzte; eta beste 35) batzuek Errealitate Matematikoak bakarrik onartzen dituzte. Lehenengo biak Fisikari dagozkio (mugimenduz ematen baitira), baina hirugarrena beste zientzia bati egokituko zaio, baldin eta guztiei dagokien 1069b) baterako printzipiorik ez badago.

Bestalde, sentimenezko substantzia aldakorra da. Eta aldaketa kontrajarrietatik sortzen bada, edo bitartekoetatik, baina ez edozein kontrajarritatik (soinu artikulatua ere ez-zuria baita), kontrakotik baizik, nahitaez izango da kontrakorantz aldatzen den azpigairen bat, kontrakoak ez baitira aldatzen.

Gainera, bada irauten duen zerbait, baina kontrakoak ez du irauten; beraz, kontrakoez gain, hirugarren bat ere badago: materia.

Beraz, aldaketak lau badira -zerkiaren, koalitatearen, 10) kantitatearen eta kokapenaren araberakoak- eta genesia eta usteldura zentzu absolutuan "honako honen" arabera ematen badira, handitzea eta gutxitzea kantitatearen arabera, aldakuntza koalitatearen arabera eta lekualdaketa kokapenaren arabera ematen badira, aldaketak banako bakoitzari dagokionkontrakorantz gertatuko dira. Ondorioz, materia izango da, nahitaez, aldatzen dena, potentzian bi kontrakoak delarik.

15) Eta "den-a" bi modutan ematen denez, aldaketa oro potentzian izatetik egintzan izatera ematen da (adibidez, zuria potentzian izatetik zuria egintzan izatera, eta berdin handitzeari eta gutxitzeari dagokienez); beraz, ez-den zerbaitetik akzidentalki sortzea litekeena izan ezezik, den zerbaitetik dena sortzea ere litekeena da, hots, potentzian den eta egintzan ez-den 20) zerbaitetik. Hau da Anaxagorasen Bata; hau dela eta,  "den guztia batera" (eta Enpedoklesen eta Anaximandroren nahastura eta Demokritok esandakoa) baino hobea da  "den guztia batera potentzian, baina ez egintzan" esatea. Filosofo hauek, beraz, nolabaiteko materia batez jabetu ziren.

Eta aldatzen den orok badu materia, baina desberdina; baita 25) genesirik ez duten betiereko gauzek ere: hauek bertako mugimendua dutelarik ez dute, haatik, sortzeko materiarik, lekualdatzekoa baizik.

[Ez-dena hiru zentzutan esaten denez, galde genezake nolako  "ez-denetatik" eman daitekeen genesia]. Eta potentzian dagoen zerbaitetik sortzen bada, ez da, alabaina, edozeretatik, potentzian desberdinak direnetatik gauza desberdinak sortzen direlako. Eta ez da nahikoa esatea 30) gauza guztiak batera zeudela, materiaz desberdintzen baitira; bestela, zergatik sortu ziren gauza anitz eta ez bakar bat? Izan ere, Adimena bat da eta, ondorioz, materia ere bat bakarra balitz, egintzan emango zatekeen materiak potentzian sor zezakeen bakarra.

Horrela, bada, hiru dira kausak eta hiru dira printzipioak: bi kontrakotasunari dagozkio -bata, kontrakotasunaren esakunea eta forma da; bestea, haren eza-. Hirugarrena materia da.

35) Ondoren, esan dezagun ez dela sortzen ez materia, ez forma; materia eta forma azkenez ari naiz. Izan ere, aldatzen den oro bada zerbait, 1070a) zerbaitek eraginda eta zerbaiterantz zuzendua. Aldaketa eragiten duen hori, mugiarazle lehena da; aldatzen dena,materia da; hura, norantz zuzentzen den, forma da. Eta prozesua amaigabea izango da brontzea borobil egitea ezezik, brontzea edo borobiltasuna ere egiten bada. Beraz, ezinbestekoa da eten egitea.

Ondoren, esan dezagun substantzia bakoitza izenkide den 5) zerbaitetik sortzen dela (bai naturaz direnak substantzia, bai bestelakoak), artez, edo naturaz, edo halabeharrez edo automatikoki sortzen direlarik. Horrela, bada, artea, beste batean dagoen printzipio bat da; natura, ordea, bere baitan dagoen printzipio bat (gizakiak gizakia sortzen du) eta gainerako kausak aipaturiko hauen eza dira.

Substantziak hiru dira: materia, zehaztutako zerbaiten itxura dena 10) (elkar-ukitzez -eta ez naturaz- lotutako gauzak materia eta azpigaia dira-eta); natura, zehazturiko zerbait eta generazioaren helburu dena; eta hirugarrena, aurreko biez osaturiko banakoa, Sokrates edo Kalias, esate baterako.

Kasu batzuetan, hain zuzen, ez dago substantzia osatuaz aparteko  "zehaztutako zerbait" -etxe baten forma, adibidez-, artea izan ezik (eta forma horien generazio zein usteldurarik ere ez; aitzitik, materiarik gabeko etxea, 15) osasuna eta arteari dagokion guztia beste modu batez dira eta ez dira); baina aparte izatekotan, naturaz ematen direnetan bakarrik izango litzateke. Horregatik ez zebilen oker Platon esan zuenean naturazko substantzia adina Forma dagoela, baldin eta hauetaz aparteko Formarik badago, hots, sua, haragia, burua. Izan ere, hauek denak dira materia, eta materia gertua, 20) substantziarena, bereziki.

Bestalde, mugiarazle diren kausak aurrekoak dira, eta forma bezalakoak direnak, berriz, aldi berean ematen dira, gizakia sendatzen denean osasuna ere orduantxe ematen baita. Eta brontzezko esferaren figura eta brontzezko esfera ere aldi berean ematen dira. [Ondoren ikertu beharko da zerbaitek irauten duen ala ez: zenbait kasutan ez du ezerk 25) horrelakorik eragozten, adibidez, arimaren kasuan; baina ez arima osoa, Adimena baizik. Oso-osorik irautea izango da, agian, ezinezkoa].

Beraz, arrazoi hauengatik, behintzat, agerikoa da ez dagoela Ideiak izateko inolako beharrik. Izan ere, gizakiak gizakia sortzen du, banako jakin batek beste banako bat. Eta berdin arteei dagokienez, sendagile-artea 30) osasunaren kontzeptua baita.

Desberdinak diren gauzen kausak eta printzipioak desberdinak dira, zentzu batean; baina beste zentzu batean, unibertsalki eta analogiaz hitz eginez gero, berak dira gauza guztienak. Izan ere, galde liteke ea berak ala beste batzuk diren substantzien eta erlazioen printzipioak eta osagaiak, eta 35) berdin kategoria bakoitzarenak.

Baina zentzugabekeria litzateke diren guztienak berak izatea, 1070b) erlazioek eta substantziak osagai berak izango lituzketelako. Eta zein ote osagai hau? Izan ere, substantziaz eta gainerako kategoriez aparte ez dago baterako ezer, eta osagaia berak osatutakoaren aurrekoa da. Baina substantzia ere ez da erlazioen osagaia, ez eta hauetako bat bera ere 5) substantziarena. Gainera, nola liteke gauza guztiek osagai berak izatea? Izan ere, ezinezkoa da osagai bat eta osagaiez osatutakoa bera izatea; adibidez, B edo A eta BA ez dira gauza bera [eta adimenezkoen artean ere ez dago osagarririk, esate baterako,  "den-a" edo  "bata", hauek osaturikoetan ere ematen direlako]. Beraz, <osagarri> horietako bat bera ere ez da, ez substantzia, ez erlazio izango. Baina izan beharko litzateke. Ondorioz, diren 10) guztien osagaiak ez dira osagai berak.

Alabaina, esan bezala, hauek badira zentzu batean eta beste zentzu batean, ez; adibidez, agian beroa sentimenezko gorputzen formatzat har daiteke eta hotza, berriz, haren ezatzat; eta materia, bestalde, hauetan potentzian lehenengoz eta berez ematen dena, eta substantziak berauek izango dira, baita hauetatik -hauek printzipioak izanik- sortzen direnak ere, edo berotik eta hotzetik bat den zerbait sortzen bada -haragia edo hezurra, 15) adibidez-, desberdinak izan behar direlako, nahitaez, sorturikoa eta printzipioak.

Horrela, bada, <sentimenezko gorputzen> osagaiak eta printzipioak berak dira (gauza desberdinenak, berriz, desberdinak), baina ezin esan gauza guztiez honela, analogiaz baizik, printzipioak hiru direla esan litekeen antzera: forma, eza eta materia. Haatik, hauetako bakoitza 20) desberdina da genero bakoitzarentzat; adibidez, kolorearentzat, zuria, beltza eta azalera; argia, iluntasuna eta airea, eguna eta gaua sortzeko.

Gainera, bere baitako direnak ezezik, kanpoaldeko batzuk ere -mugiarazlea dena, esaterako- dira kausa; beraz, argi dago printzipioa eta osagaia desberdinak direla, biak ala biak kausa badira ere [eta printzipioa bietan banatzen da <bere baitako zein kanpoaldeko direnetan>], eta mugiarazlea nahiz geldiarazlea nolabaiteko printzipio bat eta substantzia bat 25) direla. Beraz, osagaiak hiru dira analogiaz, eta kausak eta printzipioak, lau. Eta desberdinak diren gauzetan, hauek ere desberdinak dira, eta kausa mugiarazle lehena desberdina da desberdin direnetan. Osasuna, gaixotasuna, gorputza: mugiarazlea Medikuntza da; Forma, honelako desordena, adreiluak: mugiarazlea Eraikuntza da [eta hauetan banatzen da printzipioa].

Gero, naturazkoetan, adibidez, gizakiaren kasuan, mugiarazlea 30) gizakia denez, baina arrazoizkoetan <mugiarazlea> forma edo kontrakoa denez, kausak, zentzu batean, hiru izango dira, baina beste zentzu batean, lau. Izan ere, Medikuntza, nolabait, osasuna da; Eraikuntza, etxearen forma,eta gizakiak gizakia sortzen du. Eta kausa hauetaz gain, ororen mugiarazle lehena.

Gauza batzuk bananduta ematen dira eta beste batzuk, banandu 1071a) gabe; beraz, lehenengoak dira substantziak. Eta horregatik dira hauek gauza guztien kausa, substantziarik gabe ez dagoelako ez afekziorik, ez mugimendurik. Gainera, kausa hauek, agian, arima eta gorputza izango dira, edo adimena, desira eta gorputza.

Honez gain, baina beste zentzu batean, berauek dira printzipioak 5) analogiaz; adibidez, egintza eta potentzia. Alabaina, hauek gauza desberdinetan desberdinak izan ezezik, modu desberdinez ere ematen dira. Zenbait kasutan gauza bera, hain zuzen, batzuetan egintzan eta beste batzuetan potentzian izaten da; adibidez, ardoa, edo haragia, edo gizakia.

(Egintza eta potentzia ere aipaturiko kausen artean kokatzen dira; izan ere, forma egintzan ematen da, banangarria baldin bada, eta formaz eta materiaz osaturikoa ere bai; eza, berriz, iluntasuna eta gaixotasuna bezalakoa da. 10) Baina materia potentzian dago, berau baita biak izatera irits daitekeena). Baina beste modu batez ere bereizten dira egintzaz eta potentziaz materia berekoak ez diren gauzak, espezie berekoak ez direnak, bestelakoak direnak; horrela, bada, gizakiaren kausa osagaiak dira -sua eta lurra, hauek materia diren aldetik- eta berezko duen forma; baita kanpoko eragileren bat ere, aita, 15) esate baterako; eta hauetaz gain, Eguzkia eta Ekliptika, hauek ez materia, ez forma, ez eza, ezta espeziekide ere ez direlarik: kausa mugiarazleak dira.

Gainera, kontuan hartu beharrekoa da gauza batzuk unibertsalki izan daitezkeela, baina beste batzuk, ez. Gauza guztien printzipio lehenak lehenengo  "honako hau" dira egintzan, eta potentzian den beste zerbait; 20) horrela, bada, unibertsal haiek ez dira existitzen, banakoa banakoen printzipioa baita.

Izan ere, gizakia da gizaki unibertsalaren printzipioa, baina ez dago honelakorik; aitzitik, Peleo da Akilesena, zure aita, zeurea eta B jakin hau, BA honena, nahiz eta B, orokorrean, BA silabarena izan. Gainera, substantzien kausak <gauza guztienak> diren arren, hala ere, esan bezala60, kausak eta printzipioak desberdinak dira genero berekoak ez 25) diren gauza desberdinetan -koloreak, soinuak, substantziak eta kantitatea, esate baterako-, analogiaz ez bada. Eta espezie berekoenak desberdinak dira, ez espezifikoki, banako bakoitzarenak desberdinak direlako baizik, zeure materia, zeure forma eta zeu mugiarazten zaituena eta neureak, nozio unibertsalari dagokionez, berberak diren arren.

Bestalde, substantzien, erlazioen eta koalitateen printzipioak eta 30) osagaiak zein diren aztertzeari dagokionez -ea berak ala beste batzuk diren-, argi dago banako bakoitzarenak berak direla, hauek zentzu askotan esaten diren aldetik; baina zentzu hauek bereiziz gero, ez dira berak, beste batzuk baizik, baina gauza guztienak berak direlarik honako modu hauetaz: modu batez, analogiaz, berak dira, materia, forma, eza eta mugiarazlea direlako; beste modu batez, substantzien kausak gauza guztien kausak diren 35) aldetik, lehenengoak ezabatuz gero dena ezabatzen delako; gainera, entelekian dagoen lehena. Beste modu batez, ordea, desberdinak dira kausa lehenak: kontrako direnak -ez genero bezala, ez zentzu askotan esaten ez 1071b) direnak- eta, hauez gain, materiak ere bai.

Honela, bada, esana dago zein eta zenbat diren sentimenezko gauzen printzipioak eta zein zentzutan diren printzipio berak eta zein zentzutan diren beste batzuk.

Substantziak hiru zirenez -bi, naturazkoak eta bat, geldia dena-, azken honi buruz esan behar da nahitaezkoa dela betiereko den substantzia 5) geldiren bat izatea. Izan ere, diren guztien lehenak dira substantziak, eta denak ustelgarriak balira, diren guztiak ustelgarriak lirateke.

Baina ezinezkoa da mugimendua (betidanik existitu izan baita) zein denbora, edo sortzea edo usteltzea, denbora existitu ezean aurrekoa eta ondorengoa ezin izango liratekeelako. Eta mugimendua, hain zuzen, 10) denboraren modura da jarraia, denbora, edo gauza bera, edo mugimenduaren afekzio bat baita. Alabaina, ez dago jarraia den mugimendurik, bertakoa izan ezik, eta bertakotik, zirkularra.

Bestalde, mugiarazle edo eragile den zerbait baldin badago, baina ezer ekoizten ez badu, ez da mugimendurik izango, litekeena baita potentzia duenak ez ekoiztea. Beraz, betiereko substantziak ezarriko 15) bagenitu ere, ez genuke ezer lortuko, Formak ezarritzen dituztenak kasu, aldaketak eragiteko gai den printzipioren bat ez badago. Baina hau ere ez litzateke nahikoa, ezta Formez aparteko bestelako substantzia bat ere, honek ekoizten ez badu ez baita mugimendurik izango; are gehiago, ekoiztuko balu ere, beraren substantzia potentzia baldin bada, betiereko mugimendua izango ez litzatekeelako. Izan ere, litekeena da potentzian 20) dena ez izatea. Beraz, beharrezkoa da bere substantzia egintzan duen printzipioren bat izatea.

Gainera, substantzia hauek materiarik gabeak izan behar dira, betierekoak izan behar direlako, baldin eta betiereko den bestelako zerbait badago. Egintza dira, beraz.

Baina aporia hau sortzen da: badirudi ekoizle orok, hain zuzen, potentzia duela, baina potentzia duen orok ez duela ekoizten eta, ondorioz, potentzia aurrekoa dela. Alabaina, hau honela balitz, ez litzateke diren 25) guztietatik bat bera ere existituko, litekeena baita izan daitekeen zerbait oraindik ez izatea. Eta teologoek esaten duten moduan balitz -hauek Gautik sortarazten dute dena-, edo naturaren filosofoek diotenaren arabera balitz ere - "gauza guztiak batera zeuden"-, ezintasun bera sortuko litzateke. Bestela, nola izango da mugimendua egintzan dagoen kausaren bat egon ezean?

Izan ere, materiak, behintzat, ez du bere burua mugiarazten, 30) eraikitzeko arteak mugitzen du; eta hilekoak edo lurrak ere ez, haziek eta sortzapenak baizik. Hau dela eta, batzuek betiereko ekoizpena suposatzen dute; esate baterako, Leuzipok eta Platonek, hauek mugimendua beti izaten dela esaten baitute. Baina ez dute esaten zergatik eta nolakoa den, ezta honelakoa edo horrelakoa izatearen kausa ere; izan ere, ez dago halabeharrez mugitzen den ezer, beti izan behar da 35) arrazoiren bat; adibidez, orain naturaz mugitzen da honela, baina indarrez edo adimenez edo bestelako eragile baten eraginez, horrela mugitzen da. Gainera, nolakoa da mugimendu lehena? (Honek berebiziko garrantzia du). Bestalde, Platoni ere honetan ez zaio zilegi batzuetan ezarri 1072a) ohi duen printzipioa, hau da, bere burua mugitzen duena, Arima ondorengoa baita eta Ortziarekin batera sortua, berak esaten duenez.

Potentzia egintzaren aurrekotzat hartzea zuzena da zentzu batean, baina beste zentzu batean, ez. (Esana dago zein zentzutan61). Egintza 5) aurrekoa dela adierazi dute Anaxagorasek (Adimena egintza baita) eta Enpedoklesek -Maitasuna eta Gorrotoa ezarriz-, baita mugimendua betirekoa dela esaten dutenek ere, Leuzipok, kasu.

Beraz, egintza potentziaren aurrekoa baldin bada, ez ziren denboraldi mugagabean emango Kaosa eta Gaua; aitzitik, gauza berak beti, periodikoki edo beste modu batez <emango zen>. Eta gauza bera periodikoki ematen bada beti, izan beharko da beti egintzan eta berdin 10) ekoizten irauten duen zerbait. Eta genesia eta usteldura eman behar badira, izan beharko da beti egintzan baina modu desberdinez ekoizten duen zerbait: honela, berez; horrela, beste zerbaiti jarraiki. Beraz, bestelako den zerbaiti jarraiki edo errealitate lehenari jarraiki. Horrela, bada, honi 15) jarraiki ekoiztu behar du, nahitaez, hau baita kausa beste horientzat. Beraz, hobea da kausa lehena. Izan ere, hauxe da beti eta berdin ekoizten duenaren kausa, eta modu desberdinez ematen denarena, berriz, beste bat da; halaber, biak ala biak dira, argi eta garbi, beti eta modu desberdinez ematen denarenak.

Honelakoak dira, bada, mugimenduak. Orduan, zergatik bilatu behar bestelako printzipiorik?

Honela gertatzea litekeena denez, eta honela izan ezean dena 20) gautik, gauza guztien nahasturatik eta ez-denetik sortuko litzatekeenez, beude aporia hauek guztiak konponduta. Eta badago beti etengabeko mugimenduz mugitzen den zerbait, eta mugimendu hori zirkularra da (hau arrazonamenduaz ezezik, egitez ere bistakoa da). Beraz, lehenengo Ortzia ere betierekoa izango da eta, ondorioz, mugiarazten duen zerbait ere badago.

Eta mugimenduan dagoena eta mugiarazten duena bitartekoa denez, bada zerbait mugimenduan egon gabe mugiarazten duena, hain zuzen, hau 25) betierekoa, substantzia eta egintza delarik.

Alabaina, honela mugiarazten dute desiragarri denak eta ulergarri denak, beraiek mugitu gabe mugiarazten dutenak. Eta denetan ulergarrienak eta desiragarrienak berberak dira. Izan ere, desiragarria da ona dirudiena, baina adimenaren nahiarentzat, ordea, lehenengoz, ona dena. Horrela, bada, desiratzen dugun hori, ontzat hartzen dugulako da, neurri 30) handi batean, ez desiratzen dugulako ontzat hartu, ulermena printzipioa baita. Bestalde, ulergarri denak mugiarazten du adimena, eta berez da ulergarria zutabe bietako bat, zeinaren termino lehena substantzia den eta honetatik, bakuna eta egintzan dagoena. (Bestalde, "bat" eta  "bakuna" ez dira gauza bera,  "batek" neurria adierazten duelako eta "bakunak" hori bera nolakoa den).

Baina ongia eta berez hautagarri dena zutabe berean aurkitzen 35) dira; eta lehena beti izaten da onena edo onenaren antzekoa. Bestalde, 1072b) geldiak diren gauzetan "helburu den hori" existitzen dela agerian uzten du honako bereizketa honek:  "helburu den hori" zerbaiterako da eta zerbaitena da; azkeneko kasu honetan,  "helburu den hori" izan daiteke geldien diren gauzetan, baina bestean, ez. Eta maitatua den aldetik mugiarazten du; gainerakoek, ordea, beraiek mugituak diren aldetik mugiarazten dute.

Horrela, bada, mugitzen den zerbait baldin badago, litekeena da 5) hau beste modu batez izatea; beraz, egintza bertako mugimendulehena baldin bada, mugitzen den neurrian izan daiteke beste modu batez lekuari dagokionez, substantziari dagokionez aldatu gabe.

Gainera, mugiarazten duen zerbait dagoenez, bera geldia eta egintzan delarik, ezinezkoa da hau beste modu batez izatea, inondik inora. Izan ere, aldaketetan lehena translazioa da eta hauetan, mugimendu zirkularra: hau da, hain zuzen, geldia den mugiarazleak sorturikoa. Beraz, 10) beharrezkoa den zerbait da. Eta beharrezkoa den aldetik, ezin hobea da, eta horrela da printzipioa. Izan ere, "beharrezkoa" honako zentzu hauetan guztietan esaten da: indarrez egiten dena, joeraren kontrakoa izanik; hori, zeinaren ezak ongia eragozten duen; eta beste modu batez izaterik ez duena, dena absolutuki baizik.

Horrela, bada, honelako printzipio batetik zintzilik daude Ortzia eta Natura. Eta printzipio horren egitekoa guk denboraldi labur batean egin 15) dezakegun onena bezalakoa da, hura beti baitago berdin (eta hau, guretzat, ezinezkoa da), haren egintza plazerra delako (horregatik dira hain atsegingarriak esna egotea, sentsazioa eta ulertzea, eta hauei jarraiki, itxaropenak eta oroitzapenak). Bestalde, berezko ulertzea berezko onenaz arduratzen da, eta Ulertze Gorena, onenetan onenaz.

Eta adimenak ulergarri dena bereganatuz ulertzen du bere burua, 20) bereganatuz eta ulertuz suertatzen baita ulergarri; beraz, adimena eta ulergarria gauza bera dira.

Adimena da, hain zuzen, ulergarria dena -substantzia, alegia- jasotzeko gaitasuna, baina egintzan dagoela jasotzen du; beraz, egintzari dagokio bereziki adimenak omen duen jainkozko den hura, eta kontenplazioa da ezin hobea den egintza atsegingarriena.

Horrela, bada, Jainkoa beti egoten bada gu batzuetan egoten garen 25) bezain ongi, zoragarria da; baina oraindik hobeto egoten bada, are zoragarriago. Eta honela egoten da. Eta bizirik dago, adimenaren egintza bizia baita, eta Jainkoa eta egintza gauza bera dira. Eta beraren egintza da, berez, ezin hobea eta betierekoa den bizia. Beraz, Jainkoa ezin hobea eta betierekoa den biziduna dela baieztatzen dugu; ondorioz, Jainkoari dagokio jarraia eta betierekoa den bizialdia: hauxe baita Jainkoa.

30) Bestalde, oker daude ederrena eta ezin hobea dena printzipioan ez dagoela uste dutenak -Pitagorikoak eta Espeusipo, adibidez-,hauen ustez landareen eta animalien printzipioak ere kausak baitira, baina ederra eta burutua dena haietatik sortuak direnetan aurkitzen da. Izan ere, hazia aurrekoak eta burutuak diren beste batzuetatik sortzen da, eta 35) lehenengoa ez da hazia, burutua dena baizik; adibidez, esan liteke 1073a) gizakia haziaren aurrekoa dela, baina ez hazi honetatik sortuko den gizakia, hazi hau sortarazi duen gizakia baizik.

Esandakoarengatik agerian dago badela betierekoa, geldia eta 5) sentimenezko gauzetatik bereizia den substantziaren bat. Gainera, substantzia honek inolako magnituderik ez duela ere frogatuta dago62: ez du zatirik eta zatiezina da. (Izan ere, denbora amaigabez mugitzen du, eta amaiera duen ezerk ez du potentzia amaigaberik; gainera, ezin du ez magnitude amaigabe, ez amaiera duen magnituderik izan, ez baitago inolaz 10) ere magnitude amaigaberik). Eta honekin batera, ikaragaitz eta aldaezina dela ere frogatuta dago, gainerako mugimendu guztiak bertako mugimenduaren ondorengoak baitira.

Begi-bistakoa da, beraz, gauzak honelakoak direla.

Honelako substantzia bat ala bat baino gehiago -eta zenbat- ezarri 15) behar den ez da ahaztu beharreko kontua; aitzitik, gogoratu behar da besteen adierazpenek ez dutela ezer garbirik esan aniztasun horretaz. Izan ere, Ideiei buruzko nozioak ez du horren inguruan ezer berririk adierazten (Ideiak baieztatzen dituztenek Ideiak zenbakiak direla esaten dute, baina zenbakiei buruz, batzuetan amaigabeak balira bezala hitz egiten dute eta, 20) beste batzuetan, berriz, dekadara mugatuko bailiran; baina zenbakien aniztasunaren muga honen kausaz ez da ezer zorroztasun erakuslez gehitzen). Guk, gure aldetik, jadanik ezarritako eta definitutako gauzetan oinarritu behar dugu.

Horrela, bada, Printzipioa, diren guztien lehena, geldia da, bai 25) berez, bai akzidentez, baina mugimendu lehena -betirekoa eta bakarra den mugimendua- sortuz mugitzen du. Gero, mugitzen dena zerbaitek mugiarazia behar denez eta mugiarazle lehena berez geldia behar denez, eta betiereko 30) mugimendua betiereko den mugiarazle batek sortua behar denez eta, bestalde, geldia den substantzia lehenak eragindako Oroaren translazio sinpleaz gain betiereko diren bestelako translazioak -planetenak, hain zuzen ere- (mugimendu zirkularra duen gorputza betierekoa eta etengabea da; honen demostrazioa Fisikan dago63) ikusten ditugunez, nahitaezkoa da translazio hauetako bakoitza ere berez geldia den substantzia betiereko 35) batek mugitua izatea. Izan ere, astroen natura betiereko substantzia bat delarik, mugiarazten dituena ere betierekoa eta mugitua denaren aurrekoa da, eta substantziaren aurrekoa nahitaez da substantzia.

Beraz, esandakoarengatik64 agerian dago beste horrenbeste substantzia -naturaz betierekoak, berez geldiak eta magnitude gabeak- izan 1073b) behar dela. Gauzak horrela, begi-bistakoa da substantziak direla eta astroen translazioen ordenaren arabera, haietako bat lehenengoa dela eta beste bat, bigarrena.

Bestalde, translazioen kopurua aztertu behar da zientzia matematikoetan egokiena den jakinduriaren bidez: Astronomiaren bidez, 5) alegia. Izan ere, hau sentimenezko substantziaz arduratzen da, baina betiereko den aldetik; besteak -aritmetika eta geometria, kasu-, ordea, ez dira inolako substantziaz arduratzen.

Horrela, bada, translazioak, lekualdatuen kopurua baino gehiago direla agerikoa da, baita oso adituak ez direnentzat ere (planeta bakoitzak translazio bat baino gehiago jasotzen baitu).

10) Eta hauen kopurua antzemateko hasiko gara matematikari batzuen teoriak azaltzen; horrela, hain zuzen ere, arrazoituz, zenbaki zehatz bat eman ahal izango dugu. Honez gain, zenbait gauza gu geu aztertuz eta beste zenbait ikertzaileek aztertzen dituztenetatik hartuz, hauxe egingo 15) dugu: azterketa hauei ekiten dietenek guk esandakoaz aparteko iritzia baldin badute, bi iritziak hartu beharko ditugu aintzakotzat; baina jarraitu, zorrotzenei.

Eudoxok Eguzkiaren eta Ilargiaren translazioak hiruna esferatan jarri zituen: lehenengoa, izar finkoena da; bigarrena, Zodiakoaren 20) erditik pasatzen den zirkuluaren araberakoa, eta hirugarrena, Zodiakoaren zabaleran zeiharka egiten duen zirkuluaren araberakoa (ilargiaren mugimenduaren zirkulua eguzkiaren mugimenduarena baino zeiharkiago egiten duen zabalera batean dago). Bestalde, planeten 25) mugimendua launa esferatan jarri zuen: lehenengoa eta bigarrena aurreko berak dira (izar finkoen esfera baita denak mugitzen dituena, eta beraren azpian dagoen eta Zodiakoaren erditik pasatzen den zirkuluaren araberako mugimendua duena, hori denek baterako duten esfera da); hirugarren esferak Zodiakoaren erditik pasatzen den zirkuluan ditu poloak; 30) laugarren esferaren mugimendua hirugarrenaren erdiaren arabera zeiharka egiten duen zirkuluaren mugimendua da. Eta hirugarren esferaren poloak berberak dira Afroditaren eta Hermesen kasuan, baina gainerako planetek berezko poloak dituzte.

Kalipok, bestalde, Eudoxoren esferen posizio bera ezarri zuen [hots, elkarren arteko distantzien ordena] eta kopuruari dagokionez, 35) Eudoxok beste esleitu zien Zeusi eta Kronosi, baina fenomenoen azalpena eman ahal izateko, Eguzkiari eta Ilargiari beste bi esfera gehitu behar zitzaiela uste zuen Kalipok, eta gainerako planeta guztiei, esfera bana.

Baina esfera guztiak batera direlarik fenomenoen azalpena eman 1074a) ahal izateko, nahitaezkoa da planeta bakoitzeko beste horrenbeste esfera ken bat izatea, hauek alderantzizko mugimendua izatea eta azpian dagoen izarraren esfera beti beraren posizio berera eramatea. Izan ere, hau da modu bakarra esfera hauek guztiek planeten translazioak eragin ahal 5) izateko.

Horrela, bada, esferak -non planetak mugitzen diren-, alde batetik, zortzi eta, beste aldetik, hogeita bost dira, eta hauetatik alderantzizkomugimendua behar ez duten bakarrak dira esfera horiek, non baxuen dagoen planeta mugitzen den; beraz, lehenengo bi planetei alderantzizko mugimendua eragiten dietenak sei izango dira, eta 10) hurrengo laurei, hamasei. Eta kopuru osoa -translazio eragiten dutenak gehi alderantzizko mugimendua eragiten duten esferak- berrogeita hamabost dira. Eta Ilargiari eta Eguzkiari aipaturiko mugimenduak ezartzen ez bazaizkie, esfera guztien kopurua berrogeita zazpi izango da.

Horrela, bada, izan bedi hau esferen kopurua. Beraz, substantziak 15) eta printzipio geldiak [eta sentimenezkoak] beste horrenbeste direlako ustea zentzuzkoa da (nahitaezkoa den ala ez esatea gera bedi adituenentzat).

Eta baldin eta izar baten translazioaren arabera zuzendua ez den inolako translaziorik izatea ezinezkoa bada eta, gainera, natura eta ikaragaitz den substantzia oro eta ezin hobea dena berez lortu duena 20) xedetzat hartu behar bada, orduan ez da hauetaz aparte beste inolako naturarik izango; aitzitik, hauxe izango da, nahitaez, substantzien kopurua. Izan ere, beste batzuk baleude, hauek, translazioren baten xedea izanik, mugitu egingo lukete. Baina ezinezkoa da aipatutakoez aparte beste translaziorik izatea. Hau zentzuzkoa da lekualdatuak direnei erreparatuz 25) gero. Hain zuzen ere, translazioa eragiten duen oro lekualdatua denari esker ematen bada berez, eta translazio oro lekualdatua den zerbaitena baldin bada, orduan ez da berez inolako translaziorik emango, ezta beste translazio bati esker ere, izarrei esker baizik.

Izan ere, translazio bat beste translazio bati esker emango balitz, azken hau ere beste bati esker eman beharko litzateke; beraz, prozesu amaigabea ezinezkoa denez, Ortzian zehar mugitzen diren gorputz jainkotiarren bat izango da translazio ororen xedea.

30) Bestalde, Ortzia bat bakarra dela begi-bistakoa da. Izan ere, ortzi asko balego -gizakiekin gertatzen den bezala- bakoitzaren printzipioa espezifikoki bat izango litzateke, baina aritmetikoki, ordea, anitz.

Baina aritmetikoki anitz diren gauzek materia dute (askoren nozioa bat 35) eta bera baita, adibidez,  "gizakia", baina Sokrates bakarra da). Alabaina, esentzia lehenak ez du materiarik, entelekia baita. Beraz, Mugiarazle Lehena, berau geldia izanik, bat da, nozioari zein kopuruari dagokienez. Eta beti eta etengabe mugitua dena ere, dudarik gabe, da bat. Beraz, Ortzi bakarra dago.

1074b) Bestalde, aitzindari izan ziren aspaldikoengandik mitoen bidez jaso dugu ondorengoentzat geratu zen haien ustea: hauek jainkoak dira, eta jainkozkoak Natura osoa biltzen du. Gainerakoa mitikoki gehitu 5) egin zaio honi, jendea konbentzitu eta legeen eta denen onerako izan dadin. Izan ere, giza irudia dutela, beste animalia batzuen antza dutela, eta honelako eta antzeko baiztapenekin bat datozen beste gauza batzuk ere esaten dituzte. Baina kontu hauetatik guztietatik hasi-hasieran esandakoa bakarrik bereizi eta onartzen bada, hots, substantzia lehenak jainkoak zirelako ustea, orduan haiek jainko baten modura adierazi zutela pentsatu 10) beharko litzateke eta, dudarik gabe, gainerako arteekin eta filosofiarekin konparatuz -hauek askotan aurkitu, ahal zen neurrian, eta berriro galdu egin baitira-, antzinakoen sinesmen hauek erlikia moduan gaur egun arte gorde egin direla. Izan ere, gure arbasoen iritzia eta antzinakoen sinesmenak puntu honetaraino bakarrik ezagutzen ditugu.

15) Adimenaren inguruko kontuek zenbait aporia sortzen dute. Izan ere, Adimena omen da fenomenoetan jainkozkoena, baina honelakoa izateko nolakoa behar duen izan azaltzeak baditu zailtasun batzuk; alde batetik, ezer ulertzen ez badu, zein ote da beraren duintasuna? Alderantziz, baina: lotan dagoenaren modukoa izango litzateke-eta. Beste aldetik, ulertzen badu, baina horretarako beste zerbaiten menpe baldin badago 20) -beraren substantzia ez delako ulertze-egintza, potentzia baizik-, orduan ez litzateke ezin hobea den substantzia. Izan ere, hobezintasuna ulertze-egintzak ematen dio. Gainera, beraren substantzia ulertzeko potentzia nahiz ulertzea izan, zer ulertzen du? Edo bere burua edo beste zerbait ulertzen baitu. Eta beste zerbait ulertzen badu, edo beti gauza bera, edo beste gauza batzuk. Eta ba al dago alderik "ederra" ulertzearen eta edozer ulertzearen artean?

25) Edo, hobeki esanda, ez al da lekuz kanpokoa gauza jakin batzuk ulertzearena? Beraz, argi dago jainkozkoena eta ezin hobea dena ulertzen duela, eta aldaketarik egin gabe, aldaketa okerrera izango litzatekeelako eta, orduan, nolabaiteko mugimendua.

Horrela, bada, lehenengoz eta behin, <Adimena> ulertze-egintza ez bada, potentzia baizik, orduan zentzuzkoa da ulertze-egintza jarraia nekoso suertatzea. Gainera, agerikoa da Adimena baino hobea den beste 30) zerbait egongo litzatekeela: aditua edo ulertua, hain zuzen, ulermena eta ulertze-egintza gauzarik erdeinagarriena ulertzen duenarengan ere ematen baitira; beraz, hau ekidin behar bada (hobe baita zenbait gauza ez ikustea, ikustea baino), Adimena ez litzateke ezin hobea izango. Honen ondorioz, baldin eta Adimena ezin hobea dena bada, orduan bere burua ulertzen du, eta beraren ulertzea ulertzearen ulertzea da.

Baina zientzia, sentsazioa, iritzia eta arrazoinamendua beren 35) burua ez den bestez arduratzen omen dira, eta beren buruaz, aldiberekotasunez bakarrik. Gainera, ulertzea eta ulertua izatea desberdinak baldin badira, biotako zeini dagokio Ongia? Ez baita, inolaz ere, gauza bera ulertzearen izatea eta ulertua izatea. Edo, batzuetan, zientzia al da beraren 1075a) objektua, hots, materiarik gabeko <zientzia> ekoizleetan, substantzia eta esentzia, eta teoretikoetan, kontzeptua eta ulertzea? Horrela, bada, Adimena eta aditua desberdinak ez direnez, materiarik gabe direnetan gauza bera izango dira, eta ulertzea eta ulertua bat etorriko dira.

5) Oraindik ere aporia bat geratzen da: ulertua konposatua ote den ala ez; izan ere, horrelakoa balitz, <ulertzea> osoaren zatietan aldatu egingo litzateke. Edo, hobeki esanda, materiarik ez duen oro zatiezina al da, giza adimena bezala, edo konposatuak direnena bezala, hau zenbait momentutan (ez baitu bere ongia honako zati honetan, edo beste horretan; aitzitik, beraren desberdina den Ongi Gorena osotasun batean aurkitzen da), eta horrela aurkitzen al da, betikotasun guztian, bere buruaz arduratzen den 10) Adimena?

Ikertu beharra dago, gainera, nolatan dituen Oroaren naturak Ongia eta Hobezintasuna: bananduriko eta berezko den zerbait bezala,edo ordena bezala. Edo, agian, bi moduotan, armada bat bezala? Izan ere, honetan ordena da ongia, 15) baita jenerala ere; eta hau, bereziki, jenerala ez baitago ordenari esker, ordena jeneralari esker baizik.

Bestalde, gauza guztiak -arrainak, hegaztiak, landareak- nolabaiteko ordena baten arabera daude elkarturik, baina ez modu berean; eta ez daude elkarren erlaziorik ez balute bezala, zerbait bai baitago. Izan ere, gauza guztiak helburu bakar bati begira daude elkarrekin ordenaturik, baina etxe batean bezala gertatzen da: aske direnek gauza gutxi egin dezakete beren 20) kasa, dena edo gehiena ordenaturik baitago; baina esklaboek eta animaliek, ordea, ezer gutxi egiten dute denen onerako eta, askotan, beren kasa aritzen dira. Izan ere, honelakoa da banako bakoitzaren naturaren printzipioa. Esan nahi dut, adibidez, gauza guztiak deuseztatuak izatera iritsi behar direla, behintzat; eta badira, halaber, gauza guztiek baterako 25) duten Oroan parte hartzeko beste modu batzuk.

Bestalde, ez dira alde batera utzi behar hau beste modu batez azaltzen dutenei sortzen zaizkien zailtasunak, ez ongien azaldu dutenen iritziak, ezta aporiak noiz diren arinagoak ere.

Izan ere, denek sortarazten dute dena kontrakoetatik, baina ez dira adierazpen zuzenak ez  "dena" eta ez  "kontrakoetatik", eta kontrakoetan 30) ematen diren gauzak kontrakoetatik nola sortuko diren ere ez dute esaten; izan ere, kontrakoek ez dute elkar afektatzen. Guk, berriz, hirugarren termino baten bidez konpontzen dugu hau.

Bestalde, batzuek beste kontrakoa hartzen dute materiatzat, hala nola Desberdina Berdinarena, edo Anitz Batarena. Baina hau ere berdin konpontzen da, materia, bat delarik, ez baita ezeren kontrakoa. Gainera, 35) Batak izan ezik, gauza guztiek hartuko dute parte Gaizkian, Gaizkia Bera baita osagaietako bat. Beste horiek, berriz, ez dute ez Ongia, ez Gaizkia printzipiotzat hartzen. Alabaina, Ongia da printzipioetan printzipioena.

Beste batzuek zuzen hartzen dute Ongia printzipiotzat, baina ez dute esaten nolatan den printzipio: xedea bezala, mugiarazle bezala edo 1075b) forma bezala. Enpedoklesen azalpena ere zentzugabea da; honen ustez, Ongia Adiskidetasuna da, hau printzipio mugiarazle (bildu egiten du) zein materia (nahasturaren zatia da) izanik. Baina, akzidentalki, 5) printzipio materiala eta printzipio mugiarazlea gauza berean bat izanda ere, bataren eta bestearen izatea, behintzat, ez dira bera. Orduan, biotatik zeinetan da printzipio Adiskidetasuna? Bestalde, lekuz kanpokoa da Gorrotoa ustelgaitza izatea, berari baitagokio Gaizkiaren natura.

Anaxagorasek, hain zuzen ere, printzipio mugiarazlea hartu du Ongitzat, Adimenak mugitu egiten baitu. Baina honek  "zerbaitetarako" mugitzen du; beraz, Ongia beste zerbait da, guk esaten dugun moduan ez 10) bada, hots, Medikuntza, nolabait, Osasuna dela. Bestalde, Ongiari -Adimenari, alegia- kontrakorik ez jartzea ere lekuz kanpokoa da.

Baina kontrakoak baieztatzen dituztenak ez dira kontrakoez baliatzen, norberak zehazten ez baditu. Eta zergatik diren gauza batzuk ustelgarriak eta beste batzuk ustelgaitzak ez du inork ere esaten, printzipio beretatik sortarazten baitituzte diren guztiak. Gainera, badira batzuk diren 15) guztiak ez-denetik sortarazten dituztenak eta beste batzuk, hartara behartuak ez izateko, diren guztiak bakar bat bilakatzen dituztenak.

Gainera, inork ez du azaltzen zergatik izango den beti genesia, ezta zein ote den honen kausa ere. Eta bi printzipio ezartzen dituztenentzat derrigorrez egon beharko da nagusiagoa den beste printzipio bat. Eta Formak ezartzen dituztenentzat, are nagusiagoa den beste bat; izan ere, zer dela eta 20) parte hartu izana edo parte hartzea? Eta gainerako guztientzat derrigorrezkoa da Jakinduriak eta Zientzia Gorenak kontrakoren bat izatea, baina guretzat, ez; izan ere, Lehenak ez du inolako kontrakorik, kontrako guztiek materia baitute eta potentzian ematen dira. Bestalde, kontrako ezjakintasuna †kontrakoari dagokio, baina Lehenak ez du inolako kontrakorik.

Gainera, sentimenezko gauzez aparte ezer ez balego, ez litzateke 25) izango ez printzipiorik, ez ordenarik, ez genesiarik, ez ortzirik; aitzitik, beti izango litzateke printzipioaren printzipio bat, teologo eta fisikari guztiei gertatzen zaien bezala. Bestalde, Formak edo Zenbakiak existituko balira, hauek ez lirateke ezeren kausa izango; eta zerbaiten kausa balira, ez, behintzat, mugimenduarena.

Gero, nola sortuko lirateke magnitudea eta jarraia magnituderik ez duten gauzetatik? Zenbakiak ezin baitu jarraia den ezer 30) sortu, ez mugiarazle bezala, ez forma bezala. Bestalde, kontrakoetatik bati berari ere ez dagokio ekoiztea edo mugiaraztea, litekeena baita ez existitzea; horrela, bada, ekoiztea potentziaren ondorengoa litzateke. Beraz, direnak ez lirateke betierekoak izango. Baina, hala ere, badira; ondorioz, lehenago aipaturiko zerbait ezabatu beharko da. Eta esana dago nola65.

Gainera, zenbakiak zergatik diren bat, edo zergatik den bat arima 35) eta gorputza, edo, orokorrean, forma eta gauza; kontu hauez guztiez ez du inork ezer ere esaten. Eta esatea ere ezinezkoa da, baldin eta ez badute esaten, gure moduan, mugiarazle den horrek egiten duela.

Eta lehena Zenbaki Matematikoa dela eta, ondorioz, beti izaten dela hurrengo substantziaren bat eta hauetako bakoitzaren printzipioak desberdinak direla esaten dutenek, gertakari-segida bihurtzen dute Oroaren 1076a) substantzia (substantzia batek -hau izan ala ez izan- ez baitio ezer gaineratzen beste bati) eta printzipio anitz ezartzen dute.

Baina diren guztiek ez dute gaizki gobernatuak izan nahi:

"Askoren gobernua ez da ona; izan bedi bat gobernaria"66