Metafisika/Zazpigarren liburua (Z)

Metafisika  (K.a. IV. mendea)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Zazpigarren liburua (Z)
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

10) "Den-a" zentzu askotan esaten da, Zentzuei buruzko pasartean azaldu genuen bezala. Izan ere, alde batetik zerkia eta zehaztutako zerbait adierazten du, eta beste alde batetik, koalitatea, kantitatea eta horrela predikatzen diren gainerakoak. Eta den-a zentzu hauetan guztietan esaten bada, agerian dago denetan lehena zerkia dela, honek substantzia adierazten 15) duelarik (zehaztutako zerbait nolakoa den esaten dugunean, ona ala txarra esan ohi baitugu, baina ez "hiru okondokoa" ala "gizakia" denik; alabaina, zer den esaten dugunean, ez dugu esan ohi zuria, edo beroa, edo hiru ukondokoa, gizaki bat edo jainko bat baizik); eta gainerakoak "direnak" izendatzen dira honelako den-aren kantitateak, koalitateak, afekzioak edo 20) bestelako zerbait izateagatik.

Horregatik sor liteke aporia hau, ea paseeran ibiltzeak, sendatzeak eta esertzeak "den zerbait" ala "ez den zerbait" adierazten duten ala ez, eta berdin honelako beste edozeinetan. Izan ere, hauetako bat bera ere ez da berez, eta substantziatik bananduta ere ezin izan; aitzitik, izatekotan, neurri handiagoz izango dira "direnak" paseeran dabilena, eserita dagoena 25) eta sendatzen duena. Eta hauek neurri handiagoz dirudite "direnak", zehaztutako azpigairen bat dutelako (hots, substantzia eta banakoa) eta hori kategoria jakin batean adierazten da, "ona" edo "eserita dagoena" ezin baitira hori gabe esan. Argi dago honengatik direla haietako kategoria bakoitza; beraz, "Den Lehena" -ez "den zerbait", baizik eta "den-a" soil-soilik-, substantzia izango da. 30) Hala ere, "lehena" zentzu askotan esaten da, baina denetan lehena substantzia da, bai nozioari, bai ezagutzari, bai denborari dagokienez. Horrela, bada, predikatzen diren gainerako gauzen artetik bat bera ez da banangarria: bera da bakarra. Eta nozioari dagokionez ere substantzia da lehena (beharrezkoa 35) baita gauza bakoitzaren nozioan substantziarena ematea); azken batean, gauza bakoitza ezagutzen dugula uste dugu gizakia edo sua zer den ezagutzen dugunean bereziki, nolakoa edo zenbatekoa edo nongoa den 1028b) ezagutzen dugunean baino, gauza hauek ere ezagutzen baititugu kantitatea eta koalitatea zer diren ezagutzen dugunean.

Gauzak horrela, antzina, orain eta beti bilatzen dena eta beti aporia sortzen duena - "den-a" zer den, alegia-, substantzia zer den galderaren baliokidea da (izan ere, batzuek substantzia bat dela esaten dute, beste batzuek, bat baino gehiago; batzuek, kopuru aldetik mugatuak direla eta beste batzuek, mugagabea); horregatik guk ere aztertu behar dugu lehenengoz eta nagusiki eta, nolabait esateko, bakarrik, honelako "den-a" zer den.

Badirudi substantzia gorputzetan ematen dela nabarien (horregatik esaten dugu animaliak, landareak eta hauen zatiak substantziak 10) direla,baita gorputz naturalak ere; adibidez, sua, ura, lurra eta honelakoak, eta hauen zatiak edo hauetaz osaturik diren horiek -bakar batzuez nahiz horietaz guztietaz osaturikoak-; adibidez, ortzia eta bere zatiak: izarrak, ilargia eta eguzkia). Bestalde, aztertu behar dugu ea hauek bakarrik diren substantziak ala bestelakorik ba ote den; horietako batzuk bakarrik diren edo 15) bestelako batzuk ere badiren; edo horietako bat bera ere ez den eta bestelako batzuk, bai.

Zenbaiten iritziz gorputzen mugak -esate baterako azalera, lerroa, puntua eta unitatea- dira substantziak, gorputza eta solidoa baino neurri handiagoz.

Gainera, batzuek ez dute uste sentimenezko gauzez aparte honelako ezer dagoenik, eta beste batzuek, betiereko gauzak onartzen 20) dituzte, hauek bereziki eta neurri handiagoz direlarik; adibidez Platonek, Ideiak eta Errealitate Matematikoak bi substantziatzat hartzen ditu, eta hirugarren substantzia sentimenezko gorputzena; Espeusipok, bestalde, Batetik abiatuz, substantzia bat baino gehiago eta hauen printzipioak ezartzen ditu: bat zenbakiena, beste bat luze-zabalena eta, ondoren, arimarena. Eta horrela handitzen du substantzien kopurua.

25) Beste batzuek, berriz, Ideiek eta Zenbakiek natura bera dutela baieztatzen dute, eta gainerako gauzak hauetatik ateratzen direla -lerroak eta azalerak- ortziaren substantziara eta sentimenezko gauzetara iritsi arte. Beraz, aztertu behar dugu iritzi hauetatik zeintzuk diren zuzenak eta zeintzuk okerrak, zeintzuk diren substantziak, eta sentimenezko gauzez aparteko substantziarik ba ote dagoen ala ez, eta hauek nolakoak diren, eta 30) ea badagoen banandutako substantziarik, eta zergatik eta nola, edo bat bera ere ez dagoen sentimenezko gauzez aparte.

Baina hau dena substantzia oro har zer den azaldu ondoren.

"Substantzia" gutxienez lau zentzutan esaten da bereziki, zentzu gehiagotan ez bada. Izan ere, gauza bakoitzaren substantzia esentzia, 35) unibertsala eta generoa omen dira, eta laugarren zentzuan, azpigaia.

Eta azpigaia da hura, zeinaz gainerakoak esaten diren, bera beste 1029a) batez inoiz esaten ez delarik. Horregatik zehaztu behar da lehenengoz haren izaera, azpigai lehena bereziki baita substantzia, antza denez.

Azpigai esaten zaio, lehenengo zentzu batean, materiari; beste zentzu batean, formari, eta hirugarren zentzuan, bi hauetaz osaturikoari (materia deitzen diot, adibidez, brontzeari; forma, idearen irudiari eta bi 5) hauetaz osaturikoa, giza irudi osoari). Beraz, espeziea materiaren aurrekoa eta neurri handiagoz baldin bada, argumentu beraren arabera espeziea biez osaturikoaren aurrekoa ere izango da.

Esana dago, jada, labur, substantzia zer den: azpigai batez esaten ez dena, baizik eta hura, zeinaz gainerakoak esaten diren. Hala ere, ez dugu honekin konformatu behar, ez baita nahikoa. Izan ere, hau, berez, iluna da, 10) eta gainera materia suertatzen da substantzia. Eta bera ez bada substantzia, beste zer izan daitekeen ihesi joaten zaigu, gainerakoak ezabatuta ez baitirudi besterik geratzen denik.

Hain zuzen ere, gainerakoak gorputzen afekzioak, ekintzak eta potentziak dira, eta luzera, zabalera eta sakonera kantitateak dira, baina ez 15) substantziak (kantitatea ez baita substantzia); substantzia da, nagusiki, lehenengo hori, non hauek guztiak ematen diren.

Baina, bestalde, luzera, zabalera eta sakonera ezabatuta ez dugu ikusten ezer galtzen denik, haiek zehaztutako zerbait izan ezik, baldin badago.

Beraz, horrela ikertzen dutenei materia iruditu behar zaie, nahitaez, substantzia bakarra. Eta materia izendatzen dut berez zehaztutako 20) ezer ez den hori, ez kantitatea, ezta den-a zehazten duten horietakorik ere; materia baita zerbait, zeinaz beste guztiak predikatzen diren, haren izatea kategoria guztien izateaz beste delarik (gainerakoak substantziaz predikatzen baitira eta hau, materiaz). Beraz, azpigai azkena ez da berez, ez zehaztutako ezer, ez kantitatea, ezta bestelakorik ere. Eta hauen ezeztapenak 25) ere ez, hauek ere akzidentalki ematen baitira.

Horrela ikertzen dutenek materia hartuko dute substantziatzat. Baina hau ezinezkoa da. Izan ere, banangarria eta zehaztutako zerbait izatea substantziari omen dagozkio bereziki; horregatik espeziea eta formaz eta 30) materiaz osaturikoa, materia baino neurri handiagoz lirateke substantzia.

Baina utz dezagun albo batera biez osaturiko substantzia, hots, materiaz eta formaz osaturikoa, ondorengoa eta ezaguna delako; eta materia ere bai, nolabait ezaguna delako. Ikertu behar dugu, bada, hirugarrena, hau baita aporetikoena.

Onartuta dago sentimenezko gauza batzuk substantziak direla; beraz, hauekin hasi behar dugu gure azterketa.

1029b) 3) [Onuragarria da ezagungarrien denerantz abiatzea, ikastea, kasu guztietan, honela gauzatzen baita: naturaz gutxien ezagutzen 5) diren gauzetatik ezagungarriagoak direnetara; eta hau da egin beharrekoa: ekintzetan norberarentzat onak diren gauzetatik abiatuz, unibertsalki onak diren gauzak norberarentzat onak izan daitezela egin behar den bezala, era berean berarentzat ezagungarrien diren gauzetatik abiatuz, naturaz ezagungarrien diren gauzak berarentzat ezagungarrien izan daitezela egin behar da. Baina askotan norberarentzat ezagungarriak eta lehenak diren 10) gauzak ez dira ia ezagungarriak izaten, eta ezer edo ezer gutxi dute den-arekin. Hala eta guztiz ere, berez ezagutzen zailak baina norberarentzat ezagungarriak diren gauzetatik abiatuz, unibertsalki ezagungarri direnak ezagutzen saiatu behar da, haietan zehar ibiliz, esana dagoen bezala.]

Substantziari ematen dizkiogun zentzuak bereizten hasi garenez, 13) eta zentzu hauetako bat esentzia omen denez, hau aztertu behar dugu. Eta egin ditzagun, lehenengoz, honen inguruko azalpen logiko batzuk: 15) gauza baten esentzia da gauza hori dena, gauza hori den aldetik; horrela, bada, zure izatea ez da musikariaren izatea, ez baitzara musikaria zeu zaren aldetik; beraz, zure esentzia da zu zeu zaren aldetiko hori; eta hori guztia ere ez, esentzia ez baita gauza hori -hori den aldetik- zuria azalera batean den bezala, azaleraren izatea ez delako zuriaren izatea.

Baina, bestalde, azaleraren izatea ez da biez osaturikoarena, hots, azalera zuriaren izatea, esakune honetan definitu behar dugun horixe bera sartzen delako.

20) Horrela, bada, gauza bakoitzaren esentziaren definizioa definitu beharrekoa esan gabe horixe bera azaltzen duen esakunea da. Beraz, azalera zuriaren izatea eta azalera leunaren izatea gauza bera baldin badira, "zuriaren izatea" eta "leunaren izatea" gauza bat eta gauza bera izango dira. Baina gainerako kategorien arabera osaturiko gauzak daudenez gero (bakoitzarentzat azpigairen bat baitago, adibidez, kantitatearentzat, 25) kalitatearentzat, noiz eta non bakoitzarentzat, eta mugimenduarentzat), ikertu behar dugu ea bakoitzaren esentziaren definiziorik ba ote dagoen, eta osaturiko gauza hauek esentziarik ba ote duten, adibidez "gizaki zuriak" [gizaki zuriaren izatea]. Izenda dezagun hau "jantzia". Zer da "jantziaren izatea"? Hau ere ez da "bera den aldetik" izendatzen ditugun horietakoa, "ez-bera den aldetik" esakunea bi zentzutan esan ezean: bata gehitzearen 30) bidez eta bestea ez. Lehenengo zentzuan, definitzen den hori bera beste zerbaiti gehituz esaten da; adibidez, "zuriaren izatea" definitzean "gizaki zuriaren" esakunea esaten bada; bigarren zentzuan, definitzen den horri berari beste zerbait gehituz; adibidez, "jantziak" "gizaki zuria" adierazten duela onarturik jantziaren definizioa "zuria" balitz bezala. Orduan, bada, 1030) gizaki zuria zuria da, baina ez "zuria izatearen esentzia".

Dena dela, jantziaren izatea benetako esentzia da ala ez? Esentzia zerkia baita, eta gauza bat beste gauza batez esaten denean ez da berez 5) zehaztutako zerbait; adibidez, "gizaki zuria" ez da berez zehaztutako zerbait, zehaztutakoa substantzietan bakarrik ematen bada, behintzat.

Beraz, esentzia izango dute gauza horiek, zeintzuen esakunea definizioa den; baina ez da definizioa izenak eta esakuneak gauza bera adierazteagatik (kasu honetan esakune guztiak lirateke definizioak, edozein esakuneri izen bat egokituko baitzaio eta horrela, Iliada ere definizio bat 10) izango da), lehenengoa den zerbaitena izateagatik baizik.

Eta lehenengoak dira bata besteaz predikatu gabe esaten diren horiek. Orduan, genero baten espezie ez diren horiek ez dute esentziarik izango, baina bai diren hauek (hauek ez omen dira esaten ez partehartzez eta afekzioz, ezta akzidentalki ere). Baina gainerako guztientzat ere, izena 15) baldin badute, izango da honako hau adierazten duen esakune bat: "hau honetan ematen da"; edo esakune arrunt honen ordez, beste bat zehatzagoa. Hala ere ez da, ez definiziorik, ez esentziarik izango.

Edo, agian, zerkia bezalaxe definizioa ere zentzu askotan esaten da? Esentziak ere, hain zuzen, zentzu batean, substantzia eta zehaztutako zerbait adierazten ditu, baina beste zentzu batean, kategoria guztiak: 20) kantitatea, koalitatea eta gainerakoak. Eta "da" kategoria guztietan ematen den bezala -baina ez modu berean: kasu batean nagusiki, eta besteetan, bigarren mailako bezala-, horrela zerkia ere ematen da erabat substantzian eta, nolabait, gainerakoetan. Izan ere, galde genezake koalitatea 25) zer den; beraz, koalitatea zerkia da, baina ez erabatekoa; aitzitik, batzuek "ez-denaz" hitz egitean, esateko moduen arabera, "ez-dena badela" baieztatzen duten bezala -ez erabateko modu batez, "ez-den" zerbait den bezala baizik-, horrelakoxea da koalitatea.

Aztertu behar dugu, bada, gauza bakoitzaz nola hitz egin behar den, baina ez nolakoa den baino gehiago.

Horregatik orain, esandakoa begi-bistakoa denez, esentzia ere 30) substantzian emango da erabat eta nagusiki; ondoren, beste kategorietan, zerkia ematen den bezala: ez erabateko esentzia, koalitatearen esentzia edo kantitatearen esentzia baizik. Esan behar da hauek badirela izan, edo izenkidetasunez, edo <substantziari> gehitu edota kendu egiten zaizkiolako, ezagutezina ezagungarria dela esaten den bezala, zeren ez baita zuzena ez izenkidetasunez, ez substantzia den aldetik direla esatea; aitzitik, 1030b) sendakuntzari dagokiona esaten da gauza beraren eta gauza baten arabera emateagatik, eta ez gauza bera eta gauza bat izateagatik, ezta izenkidetasunez ere, ez baitzaie "sendakuntzari dagokiona" esaten gorputzari, ekintza bati eta tresna bati izenkidetasunez, ezta esanahi bakar bat izateagatik ere, gauza bakar baten arabera izateagatik baizik. §§ 134

Hala ere, gauza hauetaz nola hitz egin gutxienekoa da. Baina gauza 5) bat, behintzat, argi dago: definizioa -erabatekoa eta nagusia- eta esentzia substantziei dagozkie; haatik, gainerako kategoriei ere badagozkie berdintsu <definizioa eta esentzia>, baina ez nagusiki. Eta hau onartuta ere, ez da beharrezkoa definizioa izatea hitz batek esakune jakin baten esanahia bera duenean, esakune jakin baten esanahia bera duenean baizik; eta hau, esakunea batasuna duen zerbaitena denean, ez jarraia izateagatik -Iliada edo elkar-loturik dauden horiek bezala-, "bata" esaten den zentzuetan esateagatik baizik.

10) Eta "bata" "den-a" esaten den bezala esaten da: "den-ak", alde batetik, zehaztutako zerbait adierazten du; beste alde batetik, kantitate bat edo koalitate bat. Horregatik gizaki zuriak ere izango ditu esakunea eta definizioa, baina ez zuriak eta substantziak dituzten bezala.

Norbaitek gehiketaz osaturiko esakunea definizioa denik onartzen 15) ez badu, aporia sortzen da: bakunak izan beharrean, bi osagaiz osaturiko gauzen artean, zeinek izango du definizioa? Hau argitu behar da gehiketa abiapuntutzat hartuz. Esan nahi dut, adibidez, sudurra eta ahurtasuna; eta sudur motza ere bai, hau aurreko biez osaturikoa, bata bestean emateagatik; eta sudur moztasuna eta ahurtasuna ez dira akzidentalki ematen diren sudurraren afekzioak, berezkoak baizik; eta ez dira <ematen> "zuria" 20) Kaliasengan <ematen den> bezala, edo gizakiarengan -zuria den Kaliasengan akzidentalki ematen baita gizakia izatea-, baizik eta "arra" animaliarengan, berdintasuna kantitatean eta berez ematen direla esaten diren horiek guztiak <ematen diren> bezala. Eta berez ematen dira gauza horiek, zeintzuetan ematen den, edo esakunea edo hura, zeinaren izena afekzioa den, hau berezirik eman ezin daitekeelarik.

25) Horrela, "zuria" gizakirik gabe eman daiteke, baina "emea", animaliarik gabe, ez. Beraz, gauza hauek esentziarik eta definiziorik ez dute, edo, izatekotan, beste modu batez, esana dugun bezala38.

Beste aporia bat sortzen da honen inguruan. Izan ere, "sudur motza" eta "sudur ahurra" gauza bera baldin badira, 30) "motza" eta "ahurra" gauza bera izango dira. Eta horrela ez bada, "motza" gauza hura, zeinaren berezko afekzioa den, gehitu gabe aipatzea ezinezkoa denez ( "motza" sudurrean ematen den ahurtasuna baita), "sudur motza esatea ezinezkoa izango da edo bi aldiz errepikatuko da gauza bera, "sudur-sudur ahurra", alegia (sudur motza "sudur-sudur ahurra" izango baita). Horregatik da lekuz kanpokoa gauza jakin hauek esentzia izatea. 35) Bestela, prozesua amaigabea izango da, sudur-sudur motz batean beste 1031a) sudur bat izango baita.

Argi dago, beraz, substantziak bakarrik duela definizioa. Eta gainerako kategoriek baldin badute, gehiketaz izango dute nahitaez; adibidez, kantitateak eta bakoitiak, hau ezin baita definitu zenbakia gehitu gabe, ezta emea animalia gehitu gabe ere ( "gehiketaz" osaturikoaz ari naiz 5) gauza batean gauza bera bi aldiz esaten denean, aurreko kasuetan bezala). Eta hau egia baldin bada, bi osagaiz osaturikoek ere ez dute definiziorik izango, esate baterako zenbaki bakoitiak. Baina ez gara honetaz konturatzen esakuneak zorrotz azaltzen ez ditugulako. Eta gauza hauek ere definizioa baldin badute, hau beste modu batekoa izango da edo, esana dagoen bezala, definizioa eta esentzia zentzu askotan esaten direla onartu beharko da.

10) Beraz, zentzu batean, ezerk ez du ez definiziorik, ez esentziarik izango, substantziek izan ezik; baina beste zentzu batean, bai. Argi dago, bada, definizioa esentziaren esakunea dela, eta esentzia substantzietan bakarrik ematen dela, edo substantzietan neurri gorenez, nagusiki eta erabat.

15) Ikertu behar da banako bakoitza eta esentzia gauza bera ote diren ala gauza desberdinak, hau baliabidea baita substantziaren inguruko ikerketarako. Izan ere, banako bakoitzak ez dirudi bere substantziaz beste denik, eta esentzia banako bakoitzaren substantzia dela esaten da.

Akzidentalki ematen diren gauzetan desberdinak dirudite; 20) adibidez, "gizaki zuria" eta "gizaki zuriaren izatea". (Gauza bera balira, "gizakiaren izatea" eta "gizaki zuriaren izatea" gauza bera lirateke, "gizakia" eta "gizaki zuria" gauza bera baitira batzuen ustez; beraz, "gizaki zuriaren izatea" eta "gizakiaren izatea" ere gauza bera izango dira. Edo akzidentalki ematen diren gauzak eta beraien esentziak ez dira, nahitaez, gauza bera, <silogismoaren> bi muturrak ez direlako zentzu berean gauza 25) bera suertatzen. Hala ere, baliteke gauza bera direla iruditzea, hots, akzidentalki suertatzen diren silogismoaren muturrak gauza bera direla iruditzea, adibidez "zuriaren izatea" eta "musikariaren izatea". Baina ez dirudi horrela denik).

Berez ematen direla esaten ditugun gauzetan, adibidez aurretiko beste substantziarik edo beste naturarik ez duten substantzia batzuk baldin 30) badaude, batzuen ustez Ideiak dauden bezala, nahitaez ote dira gauza bera <banako bakoitza eta bere esentzia>? Izan ere, "Ongia Bera" eta "Ongiaren izatea", "animalia" eta "animaliaren izatea" eta "den-a" eta "den-aren izatea" gauza desberdinak baldin badira, aipaturikoez aparteko beste 1031b) substantzia, natura eta ideia batzuk izango dira, eta gainera haien aurrekoak eta substantzia neurri handiagoz, esentzia substantzia baldin bada. Eta batzuk eta besteak elkarrengandik bereizita baldin badaude, batzuen zientziarik ez da izango eta besteak ez dira izango. (Eta "bereizita 5) egotea" diot Ongiaren Beraren Baitan ongiaren izatea ematen ez bada, edo Ongiaren Izatearen Baitan on izatea ematen ez bada).

Izan ere, banako bakoitzaren ezagutza banakoaren esentzia ezagutzen dugunean izaten da, eta berdin Ongiari eta gainerakoei dagokienez; beraz, Ongiaren izatea ona ez bada, orduan Den-aren izatea ere ez da "Den-a", ezta Bataren izatea Bata ere. Eta esentzia guztiak, edo berdin 10) ematen dira edo ez da bat bera ere ematen; honen ondorioz, den-aren izatea "den-a" ez baldin bada, gainerakoena ere ez da izango.

Gainera, gauza bat ez da ona izango bere baitan ongiaren izatea ematen ez bada. Horrela, bada, nahitaez izango dira bat bera Ongia eta Ongiaren izatea, Ederkia eta Ederkiaren izatea, baita beste baten arabera izan beharrean berez eta nagusiki direla esaten diren guztiak ere. Eta hau guztia emanez gero, 15) nahikoa da, nahiz eta Formarik izan ez eta, are gehiago Formak baldin badira, agian. (Aldi berean, argi dago ideiak baldin badira, batzuek esaten duten bezala, azpigaia ez dela substantzia izango, Ideiak izango baitira, nahitaez, substantziak, eta ez dira azpigai batez predikatuko; <banako bakoitza> partehartzez izango da-eta).

Esandako honetatik guztitik ateratzen da banako bakoitza eta bere 20) esentzia gauza bat eta gauza bera direla, eta ez akzidentalki, eta banako bakoitza ezagutzea bere esentzia ezagutzea dela; beraz, indukzioz ere biak bat bera direla <erakusten da>. (Akzidentalki ematen direnei dagokienez, esate baterako "musikaria" edo "zuria", ez da egiazkoa banakoa eta bere esentzia gauza bera direnik, "akzidenteak" dituen bi esanahiengatik: "zuria", 25) akzidente hau duenari dagokio, baita akzidenteari berari ere. Beraz, zentzu batean gauza bera dira <banakoa eta esentzia>, baina bestean, ez. Zuriaren izatea ez da gizakiaren izatea, ezta gizaki zuriaren izatea ere, baina bada afekzioa.)

Eta esentzia bakoitzari banakoaz aparteko izena jartzea ere lekuz kanpo irudituko litzateke, haietako bakoitzaz aparteko beste bat izango 30) bailitzateke, esate baterako zaldiaren esentziari [zaldiaren] beste esentzia bat.

Alabaina, zerk eragozten du gauza batzuk eta beren esentzia zuzenean gauza bat bera izatea, esentzia substantzia baldin bada? Izan ere, bat bera izan ezezik, haien esakuneak ere bat bera dira, esandakoarengatik 1032a) argi geratu den bezala; Bata eta Bataren izatea ez baitira bat akzidentalki.

Gainera, esentzia desberdina baldin bada, amaigabeko prozesua izango da: batetik, Bataren esentzia izango da eta, bestetik, Bata; hortaz, arrazonamendua bera izango da hauentzat.

Honen ondorioz, argi dago lehenak eta berez direla esaten diren 5) gauzei dagokienez, banako bakoitzaren izatea eta banako bakoitza gauza bat eta gauza bera direla. Eta proposizio honen kontrako sofisten errefusapenak konpontzeko, begi-bistakoa da konponbidea: "Sokrates bera" eta "Sokratesen izatea" bat bera ote diren arazoarekin bezalaxe, ez baitago inolako alderik, ez galdetzeko har daitezkeen abiapuntuetan, ezta irtenbide eman dezaketen erantzunetan ere.

10) Beraz, esana dago banako bakoitza eta bere esentzia zein zentzutan diren gauza bera eta zeinetan ez.

Sortuak diren gauzetatik, batzuk naturaz dira sortuak, beste batzuk, artez eta beste zenbait, bere kasa; baina denak sortzen dira zerbaiten bidez, denek dute abiapunturen bat eta denak izango dira zerbait; "zerbait" diot edozein kategoriari dagokionez, denak izango baitira edo hau, edo 15) zenbateko bat, edo halakoren bat edo nonbaiteko zerbait. Naturaz sortuak diren gauzak naturatik sortzen direnak dira; abiapuntua materia izendatzen duguna dute, eta naturaz den zerbaiten bidez sortzen dira; bestalde, sortzen dena "gizakia" edo "landarea" edo honelako beste zerbait izango da, hots, nagusiki direla substantzia 20) izendatzen ditugun horietakoa. -Eta naturaz edo artez sortzen diren gauza guztiek dute materia; izan ere, litekeena da banako bakoitza izatea eta ez-izatea, eta hauxe da banako bakoitzaren materia-.

Orokorrean, duten abiapuntua natura da, naturaren arabera sortzen dira (sortua denak natura baitu, esate baterako landarea edo animalia) eta naturaren bidez sortzen dira, natura hau espezie bereko formaren arabera hartuta (espezie hau beste baten baitan ematen da, gizaki 25) batek beste gizaki bat sortzen du-eta). Horrela, bada, sortzen dira naturaren bidez sortuak diren gauzak. Gainerako generazioak ekoizpenak izendatzen dira. Eta ekoizpen guztiak sortzen dira artez, potentziaz edo pentsamenduz. Baina batzuk bere kasa eta kasualitatez ere 30) sortzen dira, naturaz sortzen direnen antzera; hemen ere, hain zuzen, sortzen baitira batzuk hazi batetik eta beste batzuk hazirik gabe. Dena dela, honen inguruan geroago ikertuko dugu.

1032b) Artearen bidez sortzen dira forma ariman duten horiek (forma izendatzen dut banako bakoitzaren esentzia, hots, substantzia lehena); izan ere, kontrakoen forma, forma bera da, nolabait, ezaren substantzia, substantzia kontrajarria baita; adibidez, gaixotasunarena 5) osasuna da, honen eza baita gaixotasuna, eta osasuna ariman dagoen nozio bat da, hots, ezagutza.

Egoera osasuntsua, bestalde, honela arrazoituz sortzen da: osasuna honako gauza jakina denez, nahitaez eman beharko da honako hau osasuntsu izango bada, adibidez, oreka jakin bat; eta hau emango bada, berotasuna; eta horrela arrazoitzen jarraitu behar du <sendagileak> azkenean berak ekoiz lezakeen hartara iristeraino. Hemendik aurrera 10) emango den mugimenduari -osasuna lortzeko mugimenduari, alegia- ekoizpena deitzen zaio.

Beraz, osasunak, nolabait, osasuna du abiapuntua eta etxeak, etxea; materiadunak materiagabea, sendagintza eta etxegintza osasunaren eta etxearen espezie baitira. Eta esentzia materiarik gabeko substantziari esaten diot.

15) Generazioen eta mugimenduen lehen pausua pentsamendua da eta bigarrena, ekoizpena; pentsamendua, abiapuntuak printzipioa eta forma dituena, eta ekoizpena, abiapuntua pentsamendu burutua duena. Eta berdin sortzen dira bitarteko ekoizpen guztiak; esan nahi dut, sendatzekotan, orekatu beharko litzatekeela. Eta, zer da orekatzea? Honako hau. Eta honako hau emango bada, berotu egin behar.

20) Eta honako hau, zer da? Beste hori. Baina hori potentzian ematen da eta, jada, haren menpe dago.

Horrela, bada, artea baldin badu abiapuntua <kausa> ekoizlea, hots, osasunerako mugimenduaren abiapuntua den hori, ariman dagoen forma izango da; baina bere kasa sortzen bada, abiapuntua izango da artez ekoizten duenaren ekoizpenaren abiapuntu bera, sendabidean, agian, 25) abiapuntua berotzea den bezala (hau igurtzien bidez lortzen da). Beraz, gorputz-berotasuna osasunaren zati da, edo haren ondoren -<zuzenean> edo bitarte batzuetan zehar- osasunaren zati den antzeko zerbait ematen da. Eta hau da azkeneko <kausa> ekoizlea, osasunaren zati dena, eta etxearena 30) (harriak, adibidez) eta gainerako guztiarena.

Gauzak horrela, esan bezala, ezinezkoa da generazioa lehendik zerbait izan ezean. Agerikoa da derrigorrez eman behar dela zatiren bat, materia zati bat baita (izan ere, gauzaren baitan ematen da eta bilakatu 1033a) egiten da). Baina <materia> esakunearen zati al da? Izan ere, bi modutan esaten dugu brontzezko zirkuluak zer diren: materia aipatuz, brontzea eta forma aipatuz, honelako irudia dela, hau lehenengoz egokitzen zaien generoa delarik. Horrela, bada, brontzezko zirkuluak materia du bere esakunean.

5) Gauza batzuk sortu ondoren, abiapuntua materia izan dutelarik, abiapuntuaren arabera izendatzen dira, eta ez "zer", "zerezko" baizik; adibidez, giza irudia ez da "harria", "harrizkoa" baizik. Aitzitik, sendatzen den gizakia ez da sendatze-abiapuntuaz izendatzen. Honen arrazoia zera da, sortuak diren gauzak ezatik eta materiatik izendatzen dugun azpigaitik sortzen direla (adibidez, izaki osasuntsu, gizakia nahiz gaixorik dagoena 10) bilakatzen da), baina genesia, bereziki,ezatik sortzen dela esaten da, adibidez, gaixorik egotetik osasuntsu izatera, ez gizaki izatetik osasuntsu izatera. Horregatik ez zaio osasuntsu denari "gaixo" esaten, baina bai "gizaki", eta gizakiari, "osasuntsu". Baina eza iluna eta izengabea denean -esate baterako, 15) brontzean irudirik ez, edo adreilu eta egurretan etxerik ez-, badirudi materialeotatik sortzen direla gauzak, "osasuntsua" "gaixorik" dagoenarengandik bezala. Horregatik osatuak bere abiapuntutik izena jasotzen ez duen bezala, kasu hauetan ere ez da giza irudia "egurra" izendatzen, "egurrezkoa" baizik eta ez "brontzea", "brontzezkoa" baizik, ez "harria", "harrizkoa" baizik eta etxea "adreiluzkoa", ez "adreilua". Izan ere, 20) arretaz kontsideratuz gero, ezin esan liteke erabateko moduan giza irudia harritik sortzen denik, ezta etxea adreiluetatik ere, haien abiapuntu denak bilakatu behar lukeelako eta ez bere hartan iraun. Hortik esateko modu hau.

Sortuak direnak zerbaiten bidez sortzen direnez (generazioaren 25) abiapuntuaz ari naiz), eta zerbaitetik sortzen direnez (ez bedi "eza" "zerbaitzat" har, baizik eta materia, zehaztuta baitago jada zein zentzutan esaten dugun hau39), eta zerbait izatera iristen direnez (esfera, zirkulua edo beste zer edo zer), <kausa ekoizleak> azpigaia ekoizten ez duen bezala 30) brontzeak ere ez du esfera ekoizten, akzidentalki ez bada, esfera baita brontzezko esfera, eta hau bai ekoizten duela.

Izan ere, zerbait zehaztua ekoiztea, erabateko zentzuan azpigai den zerbaitetik zerbait zehaztua ekoiztea da, hain zuzen (esan nahi dut brontzea borobil egitea ez dela borobiltasuna edo esfera egitea, beste zerbait ekoiztea baizik, adibidez, forma hau beste zerbaitean. Eta <forma> egitekotan, beste 1033b) zerbaitetik abiatuz egingo litzateke eta hau, hain zuzen ere, azpian zegoen; adibidez, brontzezko esfera bat honela egiten da: brontze den honako honetatik esfera den honako hau egiten da). Beraz, <kausa ekoizleak> bere burua ere egingo balu, argi dago berdin egingo lukeela, eta genesiak prozesu amaigaberantz zuzenduko lirateke.

5) Agerikoa da, beraz, forma -edo sentimenezko gauzetan ematen den konfigurazio delako hori- §§ ez dela ez sortu, ezta bere baitatik ezer sortzen ere, eta esentzia ere ez (hau beste zerbaitean artez, naturaz edo potentziaz sortua dena baita). <Kausa ekoizleak> brontzezko esfera izatea ekoizten du, hau brontzetik eta 10) esferatik sortzen baitu: forma honako honetan jarri eta hau brontzezko esfera izango da. Baina esferaren izate orokorraren genesia izatekotan, zerbaitetik sorturiko zerbait izango da.

Izan ere, sortutakoak zatigarria izan behar du beti: zati bat, honako hau izango da eta bestea, beste hori, hots, bata materia eta bestea forma. Eta esfera zirkunferentziaren puntu guztiak erditik distantziakide dituen irudia baldin bada, haren zati bat izango da hori, non kausa ekoizlea 15) dagoen, eta bestea, hartan ekoizten dena, eta bere osotasunean, sortua dena izango da, brontzezko esfera, adibidez. Esandakoarengatik begi-bistakoa da forma edo substantzia deiturikoa ez dela sortzen, baina bai honen arabera deituriko osatua dena; eta sortua den guztian materia dago, zati bat materia eta bestea forma direlarik.

Alabaina, sentimenezko esferez aparteko esferarik, edo adreiluez 20) aparteko etxerik ba al dago? Horrela balitz, inoiz ezer zehazturik sortuko ez litzatekeela ez ote? Aitzitik, zerbait "honelakoa" dela adierazten da, ez zerbait zehaztua; eta, gainera, ez al da zerbait honetatik "honelako zerbait" sortzen eta, behin hau sortuta, "honelako hau" izango? Bestalde, zehaztua den oro -Kalias edo Sokrates- brontzezko esfera zehaztu hau bezalakoak 25) dira, eta gizakia eta animalia, berriz, brontzezko esfera orokorra bezalakoak.

Beraz, agerian dago banako bakoitzaz aparteko formarik baldin badago -batzuek Formez hitz egin ohi duten bezala-, Formen kausak ez duela generazioak eta substantziak azaltzeko inongo baliorik izango.

Eta horregatik, <Formak> behintzat, ez dira berezko substantziak izango.

30) Zenbait kasutan ere agerikoa da sortzailea sortutakoa bezalakoa dela, nahiz eta gauza bera izan ez, ezta gauza bat ere kopuruz, espeziez baizik; adibidez, naturazko generazioak -gizakiak gizakia sortzen baitu-, naturaz aparte zerbait sortzen ez bada, behintzat, hala nola zaldiak mandoa (eta kasu hauetan ere berdin gertatzen da, zaldiak eta astoak baterako 1034a) luketen horrek, generorik gertuenak, alegia, izenik ez duelako, baina ziurraski biak izango dira, esate baterako, mando).

Beraz, argi dago ez dela zertan ezarririk eredu izango den Formarik (eta behar izanez gero, naturazko errealitateotan bereziki, hauek 5) baitira substantzietan substantzienak); aitzitik, nahikoa da sortzaileak sortu eta materiaren baitako espeziearen kausa baldin bada. Eta, azkenik, osoa den hori -haragi eta hezurrotan gauzatzen den espezie jakin hau, alegia- Kalias eta Sokrates dira, hauek materiaz bereizi egiten direlarik (desberdina baita hau), baina espeziez gauza bera izanda (espeziea zatiezina baita).

Honako aporia hau ere azal liteke: zergatik sortzen dira gauza 10) batzuk -osasuna, adibidez- artez eta bere kasa, eta beste batzuk -etxea, esate baterako-, ez? Honen arrazoia zera da: Genesiari hasiera ematen dion materia, batzuetan, zerbait artez sortu eta ekoizten denean, eta sortutakoaren zatiren bat bere baitan mantentzen denean, orduan honelako materia, batzuetan berez izaten da mugitzeko gai, beste batzuetan, ez. Eta lehenengo kasuan, honelako gauza bat modu jakin batez mugitzeko gai 15) izaten da eta beste gauza bat, ez. Izan ere, asko dira berez mugitzeko gai direnak, baina ez modu jakin batez, adibidez, dantza egiteko. Orduan, honelako materia duten gauzek -harriek, adibidez- ezinezkoa dute modu jakin batez mugitzea beste baten eraginez ez bada, baina beste modu batez mugitzeko gai dira, [hala nola sua]. Horregatik gauza batzuk ez dira izatera iritsiko arte duen hori gabe, eta beste batzuk, ordea, bai; izan ere, hauek mugiaraziko dituzten eragileak arterik ez duten eragileak dira, baina arterik 20) ez duten beste eragile batzuk mugiaraziak dira, edo bestela <mugimendua> zatiren batetik sortuko da.

Esandakoarengatik ere argi dago gauza guztiak, nolabait, izenkide den zerbaitetik sortzen direla, naturazko errealitateak bezala [edo izenkide den zati batetik] (adibidez, etxea etxe batetik, hau adimenean dagoelako, artea forma baita); edo <izenkide den> zati batetik edo zatiren bat 25) duen zerbaitetik, generazioa akzidentalki suertatzen ez bada, behintzat.

Izan ere, ekoiztearen kausa berez eta lehena den zatia da, mugimenduan sortzen den beroa gorputzaren berotasuna eragiten duelako. Bestalde, berotasun hau osasuna edo osasunaren zati bat da, edo bestela honekin batera ematen den zerbait, osasunaren zati bat edo osasuna bera. Eta horregatik esaten da ekoiztu egiten duela, osasunarekin batera ematen 30) den hori, zeinaren akzidentea den, horixe delako.

Beraz, silogismoetan bezala, substantzia da gauza guztien printzipioa, "zerkia"tik sortzen direlako silogismoak, eta hortik ere, genesiak.

Naturaz sortutakoak, halaber, berdin ekoizten dira, haziak artez ekoizten dutenak bezala ekoizten baitu, espeziea potentzian duelako eta 1034b) haziaren abiapuntu den hori, nolabait, izenkide delako; hala ere, izenkidetasuna ez da beti bilatu behar gizaki batengandik gizakia sortzen den bezala, gizon batengandik emakume bat ere sortzen baita, [akastun den zerbait izan ezean: hortik mandoarengandik mandoa ez sortzea].

Eta bere kasa sortzen diren gauzak berdin sortzen dira, baldin eta 5) haien materia bere buruari haziak sortzen duen mugimendu bera emateko gauza bada; gauza ez baldin bada, orduan beren buruaren bidez baino ezin sortuak izan.

[Forma sortua ez dela argi uzten duen arrazonamenduak, substantziari buruzkoa izan ez ezik, berdin balio du zehaztasun lehenentzat 10) ere, esate baterako kantitate, koalitate eta gainerako kategorientzat.

Izan ere, brontzezko esfera -baina ez esfera, ezta brontzea ere- sortzen den bezala, eta berdin brontzeari dagokionez, hau sortzen baldin bada (beti aurreizan behar baitute materiak eta formak), horrelaxe zerkiari, koalitateari, kantitateari eta gainerako kategoriei dagokienez, ez baita 15) "koalitatea" sortzen, "honelako egurra" baizik, ezta "kantitatea" ere, "honenbesteko egurra edo animalia" baizik.

Baina hemendik ateratzen da substantziaren ezaugarri bat: hau sortu ahal izateko derrigorrez aurreizan behar duela burutua den beste substantzia batek, adibidez, animalia bat animalia sortuko bada; aitzitik, koalitateak eta kantitateak ez dute nahitaezko aurreizan behar, potentzian izan ezik.]

20) Definizioa esakune bat denez, esakune orok zatiak dituenez, eta esakunea gauzarekiko esakunearen zatiak gauzaren zatiekiko bezalakoa denez, berehala sortuko da aporia hau: zatien esakunea osoaren esakunearen bere baitakoa den ala ez, kasu batzuetan bere baitakoa baitirudi, 25) baina beste batzuetan, ez; izan ere, zirkuluaren esakunearen baitan ez dago segmentuen esakunea, baina silabaren esakunearen baitan badago beraren osagaiena. Alabaina, zirkulua ere zatitzen da segmentuetan, silaba bere osagaitan bezala. Gainera, zatiak osoaren aurrekoak baldin badira, eta angelu zorrotza angelu zuzenaren zati baldin bada, eta hatza gizakiarena, orduan angelu zorrotza angelu zuzenaren aurrekoa izango da, eta hatza 30) gizakiarena. Hala eta guztiz ere, hauek dirudite aurrekoak: haien esakunea hauen bidez egiten da eta, gainera, hauek aurrekoak dira beste haiek izan gabe hauek izan daitezkeelako.

Edo, agian, "zati" zentzu askotan esaten da eta horietako bat "kantitatearen araberako neurria" da. Baina utz dezagun hau albo batera, aztertu beharrekoa substantzia osatzen duten zatiena da-eta.

1035a) Horrela, bada, gauza bat materia baldin bada, beste bat forma, eta beste bat, bi hauez osaturikoa; eta materia, forma eta bi hauez osaturikoa substantzia baldin badira, kasu batzuetan materia ere zerbaiten zati dela esaten da, eta beste batzuetan ez, <zatiak> formaren esakunearen osagai diren horiek direla baizik. Adibidez, haragia ez da ahurtasunaren zati 5) (hura baita materia non hau sortzen den), baina bai sudur-moztasunarena. Eta brontzea giza irudiaren zati da, hau multzoa den aldetik, baina ez gizairudiaren zati, hau formaren esakunea den aldetik (forma eta gauza bakoitza -honek forma duen aldetik- azaldu behar baitira, baina materiazko dena, berez, ez da inolaz ere azaldu behar). Horregatik ez dago zirkuluaren esakunearen baitan segmentuen esakunea, baina silabaren 10) esakunearen baitan bai haren osagaiena; izan ere, letrak formaren esakunearen zati dira, ez materia, baina segmentuak zati dira, ez materia, baina segmentuak zati dira materia -non <zirkulua> sortzen den- diren aldetik; hala ere, segmentuak brontzea baino gertuago daude formatik borobiltasuna brontzean sortzen denean.

Dena dela, zentzu batean, silabaren osagai guztiak ez dira 15) esakunearen baitan ematen; adibidez, argizarian grabaturikoak edo haizeak eramandakoak, hauek ere, dudarik gabe, silabaren zati badira, baina sentimenezko materia diren aldetik.Eta lerroa zatitzean azpilerrotan banatzen bada ere, edo gizakia hezur, nerbio eta haragitan, horregatik ez dira hauek osagaiak 20) substantziaren zati diren aldetik, materia diren aldetik baizik, eta osaturiko denaren zati dira, baina ez formarenak, ezta esakuneak adierazten duenarenak ere; horregatik ez dira esakunaren baitan ematen. Horrela, bada, honelako zatien esakunea zenbait esakuneren baitan emango dira, baina beste zenbaitetan ez da eman behar [osaturiko zerbait ez baldin bada]. Hau dela eta, batzuetan zatitzean sortzen diren osagaiak berak 25) izango dira zenbait gauzaren printzipioak, baina beste batzuetan, ez. Beraz, formaz eta materiaz osaturikoak -esate baterako, sudur motza edo brontzezko zirkulua- beraietan banatzen dira, materia haietako zati izanik. Aitzitik, materiaz osaturik ez diren horiek, materiarik gabe osaturikoak, alegia, zeintzuen esakuneek forma bakarrik adierazten duten, horiek ez dira 30) inola ere banatzen edo, banatzekotan, beste modu batez. Beraz, osagai hauek <osaturiko> horien printzipioak eta zatiak dira, baina ez dira formaren, ez printzipio, ez zati. Horregatik buztinezko giza irudia buztinetan banatzen da, esfera <brontzezkoa> brontzetan eta Kalias, hezur eta haragitan; baita zirkulua segmentuetan ere, hain zuzen, nolabaiteko 1035b) materiaz osaturiko zirkulu bat badago-eta. Izan ere, zirkulua zentzu absolutuan eta banako zirkulua izenkidetasunez izendatzen dira, banako zirkuluentzat izen berezirik ez dagoelako.

Esandakoa zinez da egia; hala ere, argiago azalduko dugu gaiari berriz ekiten badiogu.

5) Esakunearen zatiak, zeintzuetan esakunea banatzen den, esakunearen aurrekoak dira, edo denak edo horietako batzuk. Baina angelu zuzenaren esakunea ez da angelu zorrotzaren esakunean banatzen, zorrotzaren esakunea zuzenarenean baizik, angelu zorrotza definitzeko angelu zuzena behar delako, zorrotza zuzena baino txikiagoa baita. Eta berdin zirkuluari eta zirkuluerdiari dagokienez, zirkuluerdia zirkuluaren 10) arabera definitzen delako; baita hatza osoaren arabera ere, "honelako gizaki-zatia" hatza baita.

Beraz, materia diren zatiak, zeintzuetan -materia diren aldetik- osoa zatitzen den, osoaren ondorengoak dira. Aitzitik, esakunaren zatiak, hots, esakunearen araberako substantziaren zatiak, osoaren aurrekoak dira, edo denak, edo haietako batzuk. 15) Gero,animalien arima (arimadunen substantzia berau baita) esakunearen araberako substantzia da, hots, gorputz jakin baten forma eta esentzia (banako zati bakoitza ongi definitzekotan, hain zuzen, ez da prozedurarik gabe izango, eta prozedura ezin sentsaziorik gabe eman); beraz, arimaren zatiak -denak edo haietako batzuk- animalia osatuaren aurrekoak 20) dira, eta berdin banako animalia bakoitzaren kasuan. Aitzitik, gorputza eta bere zatiak substantzia honen ondorengoak dira eta materia den aldetik zatitan banatzen da, baina ez substantzia, osaturikoa baizik.

-Zati hauek osaturikoaren aurrekoak dira, zentzu batean, baina beste zentzu batean, ez (banaturik ezin izan baitaiteke; izan ere, animaliaren hatza ez da edonola hatza, hilik dagoen hatza izenkidetasunez baino ez delako hatza). 25) Eta zati batzuk <osaturikoarekin> batera ematen dira: nagusi direnak eta hori, non forma eta substantzia lehenengoz ematen den; adibidez, bihotza edo burmuinak, horrelakoak baldin badira, bata zein bestea berdin duelako.

Bestalde, gizakia eta zaldia, baita banako bakoitzaz horrela esaten diren unibertsal guztiak ere, ez dira substantzia, forma eta materia jakin 30) batzuez osaturiko unibertsalak baizik. Baina banakoei dagokienez, Sokrates azkeneko materiaz osaturikoa da jadanik, eta berdin gainerakoak.-

Horrela, bada, zatia izango da formarena (forma esaten diot esentziari), formaz eta materiaz osaturikoarena eta materia berarena ere bai. 1036a) Baina esakunearen zatiak formarenak bakarrik dira, eta esakunea berriz, unibertsalarena. Izan ere, zirkulua eta zirkuluaren izatea gauza bera dira, eta arima eta arimaren izatea ere bai. Baina osaturiko zerbaitek, adibidez, zirkulu jakin honek edo banako zirkuluren batek, hau sentimenezko nahiz adimenezkoa delarik -adimenezko zirkuluak matematikoak izendatzen ditut, esaterako, 5) eta sentimenezkoak brontzezko edo egurrezko zirkuluak, alegia-, hauek ez dute definiziorik; aitzitik, hauek pentsamenduaren edo sentimenezko pertzepzioaren bidez ezagutzen dira, eta beren entelekiatik alde egiten dutenean ez dago argi diren ala ez diren. Baina beti esan eta ezagutzen dira esakune unibertsalaren bidez; eta materia, berez, ezagutezina 10) da. [Eta materia, edo sentimenezkoa, edo adimenezkoa da: sentimenezkoa, adibidez brontzea, egurra eta mugikor diren horiek; adimenezkoa, sentimenezkoetan ematen dena, baina ez sentimenezko diren aldetik, adibidez, errealitate matematikoak].

Horrela, bada, nolabait esana dago osoari eta zatiari, aurrekoari eta ondorengoari dagokiena. Eta norbaitek galdetzen badu ea angelu zuzena, 15) zirkulua eta animalia beraien zatien -beraiek banatzen diren eta osatzen dituzten zatien- aurrekoak diren ala ez, erabateko ezetza eman behar da.

Arima animalia edo biziduna baldin bada, edo banako bakoitzaren arima banako hori baldin bada, eta zirkuluaren izatea zirkulua baldin bada eta angelu zuzenaren izatea -substantzia, alegia-, angelu zuzena baldin bada, orduan onartu behar da osoa, nolabait, zatiaren ondorengoa dela, zentzu 20) batean; adibidez, ondorengoak dira esakunearen zatiak eta angelu zuzen batenak (hau materiaduna baita: brontzezko angelu zuzena eta banako lerroek osatua); alabaina, materia gabea esakunearen zatien ondorengoa da, baina banakoaren zatien aurrekoa. Halere, ez da hau guztiz onartu behar. Eta arima animalia ez den beste zerbait baldin bada, berdin erantzun behar (25) da, batzuk aurrekoak direla eta beste batzuk ez, esana dagoen bezala.

Jakina, aporia hau sortzen da: zeintzuk dira formaren zatiak eta zeintzuk ez dira formarenak, osaturikoarenak baizik? Izanak izan, aporia hau argitzen ez bada, ezin da ezer definitu, definizioa unibertsalarena eta formarena baita. Beraz, zati materiadunak zeintzuk diren eta zeintzuk ez argi ez badago, 30) gauzaren esakunea ere ez da argi izango.

Horrela, bada, badira espezie desberdineko gauzetan ematen diren errealitateak, hots, zirkulu bat brontzean, harrian edo zurean; kasu hauetan guztietan argi omen dago brontzeak eta harriak ez dutela zer ikusirik zirkuluaren substantziarekin, hau haietan banangarria izateagatik. 35) Eta, bestetik, banangarri ikusten ez diren gauza horiei ezerk ez die 1036b) eragozten beste haiek bezalakoak izatea. Horrela gertatuko litzateke ikusten ditugun zirkulu guztiak brontzezkoak balira ere; izan ere, brontzea ez litzateke horregatik formaren zati izango, baina zaila litzateke pentsamenduaren bidez kentzea. Adibidez, gizakiaren forma beti ematen da haragian, hezurretan eta honelako gorputz-ataletan. Orduan, ba al dira 5) hauek ere formaren eta esakunaren zatiak ala ez? Edo materia dira, baina gainerako gauzetan ez emateagatik gizakiaren formatik ezin banandu?

Eta hau horrela omen denez, baina noiz den argi ez dagoenez, batzuek zalantzan dute zirkuluan eta triangeluan ere lerroen bidez eta jarraian definitzea zuzen ote den ala ez; aitzitik, hauen ustez gauza hauek 10) guztiak ere gizakiaren haragia eta hezurrak, eta gizairudiaren brontzea edo harria bezala esaten dira. Eta gauza guztiak zenbaki bihurtzen dituzte, eta lerroaren esakunea diadarena dela baieztatzen dute. Eta Ideiak baieztatzen dituztenen artean, batzuek Diada Lerroa Bera dela esaten dute 15) eta beste batzuek Lerroaren forma, beraien ustez kasu batzuetan forma eta hori, non forma ematen den, gauza bera baita (adibidez, Diada eta Diadaren forma), baina Lerroaren kasuan, jadanik ez. Beraz, gauza askoren Forma bat bakarra dela gertatzen da, horien forma desberdina dela nabaria izanik (hauxe da Pitagorikoei ere gertatzu zitzaiena); eta litekeena da hauen guztien Forma bat eta bera ezartzea, eta besteek formak ez direla baieztatzea. 20) Baina horrela gauza guztiak bat izango dira. Esana dago, bada, definizioei buruzko ikerketak aporia sortzen duela eta zergatik. Horregatik, gauza guztiak horrela bihurtzea eta materia alde batera uztea ere alferrikakoa da, zenbait gauza, agian, "<forma> hau <materia> horretan" baitira, edo "zehaztasun hauek horrela" dituztelako.

25) Eta Sokrates Gazteak egin ohi zuen konparaketa, hots, animaliarena, ez da zuzena, egiatik urruntzen baita, eta gizakia zatirik gabe izan daitekeela -zirkulua brontzerik gabe bezala- suposarazten baitu. Baina ez da berdin, animalia sentimenezko den zerbait baita, eta mugimendurik gabe ezin da definitu, ezta zatiek nolabaiteko antolamendua ez badute ere. 30) Eskua, hain zuzen, ez da edonola gizakiaren zati, bere lana betetzeko gai ez bada. Beraz, bizidun izan behar du; eta bizigabea baldin bada, ez da gizakiaren zati izango.

[Bestalde, errealitate matematikoei dagokienez, zergatik ez dira esakuneak esakuneen zatiak, adibidez, zirkuluerdiak zirkuluenak? Izan ere, 35) hauek guztiak ez dira sentimenezkoak; edo ez dira ezertan bereizten? Sentimenezko ez badira ere, gauza batzuek materia izango dute-eta. Izan 1037a) ere, nolabaiteko materia izango du esentzia edo berez eta bere baitarako Forma ez den horrek guztiak, zehaztutako zerbait denak, hain zuzen. Horrela, bada, gauza hauek <zirkuluerdiak> ez dira izango <zirkulu> unibertsalaren zatiak, baina bai <zirkulu> banakoenak, lehen 5) esan bezala, materia sentimenezkoa nahiz adimenezkoa baita.]

Eta argi dago arima substantzia lehena dela, gorputza materia eta gizakia edo animalia ere unibertsalki hartutako bi hauez osaturikoa dela. Baina Sokrates eta Korisko, arima ere Sokrates baldin bada, bi zentzutan har daitezke (batzuek arimatzat eta beste batzuek osaturikotzat hartzen baitituzte). Baina zentzu bakar batean harturik "hau" arima jakin bat eta "hori" gorputz jakin bat baldin badira, 10) orduan banakoa ere unibertsala bezalakoa izango da.

Ondoren40 ikertu beharko dugu substantzia jakin hauen materiaz aparte besteren bat dagoen ala ez, eta bestelako substantziaren bat -zenbakiak edo honelako zerbait, alegia- bilatu behar dugun ala ez. Hau dela eta, sentimenezko substantziak bereizten ere saiatzen gara, hauen ikerketa, 15) nolabait, fisikaren eta filosofia bigarrenaren lana baita.

Izan ere, fisikariak materiari buruz ezezik, esakuneak adierazten duen substantziari buruz ere jakin behar du bereziki. Baina definizioetan zein zentzutan diren zatiak esakunean ematen direnak, eta definizioa zergatik den esakune bakar bat (argi baitago bakar bat dela gauza; baina, 20) zergatik da bat, zatiak baldin baditu?) ondoren ikertu beharrekoa da41.

Esana dago, orokorki eta kasu guztietan, esentzia zer den eta zein zentzutan den berez bera, eta gauza batzuen esentziaren esakuneak zergatik dituen definitutakoaren zatiak eta beste batzuenak ez; halaber, 25) substantziaren esakunean ez daudela zatiak materia diren aldetik -ez baitira substantzia horren zatiak, osaturikoarenak baizik, eta honek badu esakunea zentzu batean, baina beste zentzu batean ez: materiarekin batera hartuz gero, ez dago (zehaztugabea baita), baina badago substantzia lehenari dagokionez; adibidez, gizakiaren esakunea arimarena da, substantzia bere 30) baitako forma baita, hau eta materia substantzia osatua deiturikoaren osagaiak direlarik. Adibidez, ahurtasuna. (Izan ere, hau eta sudurra, sudur motzaren eta moztasunaren abiapuntu dira, hauetan bi aldiz emango baita sudurra)-. Baina substantzia osatuan, "sudur motz" batean edo Kaliasengan, esate baterako, materia ere izango da; <eta esana dago> substantzia eta 1037b) banakoa gauza bera direla kasu batzuetan, substantzia lehenetan bezala; [adibidez, okertasuna eta okertasunaren izatea, hau substantzia lehena baldin bada] (lehena esaten diot beste batean edo azpigai material batean izendatzen ez den substantzia hori); baina materiadun gauzetan edo materiarekin batera ematen diren horietan guztietan, ez dira gauza bera 5) <substantzia eta banakoa>; ezta batasuna akzidentala baldin bada ere -Sokrates eta musikaria, alegia-, hauek akzidentalki baitira gauza bera.

Orain hitz egin dezagun lehenengoz definizioari buruz, Analitikoetan hitz egin ez genuen neurrian, hauetan sortutako aporia substantziaren ikerketarako baliagarria baita. 10) Hona hemen aporia: zergatik da bat hori, zeinaren esakunea, gure ustez, definizio bat den, adibidez, gizakiarena "animalia hankabikoa"? Eman dezagun hau dela haren esakunea. Orduan, hau, zergatik da bat eta ez 15) asko, animalia eta hankabikoa, hain zuzen ere? Izan ere, "gizakia" eta "zuria" asko dira, bata bestean ematen ez denean, baina bat dira bata bestean ematen denean eta subjektua -gizakia, hain zuzen- zerbaitek eragiten duenean (orduan gauza bakar bat sortzen da, "gizaki zuria", alegia). Baina hor, batak ez du bestean partehartzen, generoak ez baitu desberdintasunetan 20) parte hartzen, nonbait (kasu horretan, kontrakoetan ere partehartzea izango luke, desberdintasunak -zeintzuen bidez generoa desberdintzen den- kontrakoak baitira; eta partehartze izango balu ere, gauza bera izango litzateke, desberdintasunak bat baino gehiago baldin badira, adibidez, hankadun, hankabikoa, hegalgabea. Izan ere, hauek zergatik dira bat eta ez asko? Ez da izango genero batean emateagatik, horrela gauza guztiak gauza bakar bat izango liratekeelako.

25) Hala ere, definizioan agertzen diren horiek guztiek nolabaiteko batasuna izan behar dute, definizioa esakune bakar bat eta substantzia bakar batena baita; beraz, gauza bakar bat den zerbaiten esakunea izan behar du. Izan ere, "substantziak" bat eta zehaztua den zerbait adierazten du, esan bezala.

Baina ikertu behar dira, lehenengoz, zatiketen bideko definizioak, definizioan genero lehena deiturikoa eta desberdintasunak baino ez 30) daude-eta: gainerako generoak genero lehena eta honi gehituriko desberdintasunak dira. Adibidez, genero lehena "animalia" da; hurrengoa, "hankabiko animalia"; eta ondoren "hankabiko animalia hegalgabea". Eta 1038a) gauza bera termino gehiagoren bidez esaten badira ere. Hitz batez, ez da ezertan bereizten termino askoren bidez adierazten bada edo termino gutxiren bidez; beraz, termino askoren edo bi terminoren bidez adieraztea ere ez. Bestalde, bi hauetatik, bata desberdintasuna izango da eta bestea, generoa; adibidez, "hankabiko animalia"ren kasuan, "animalia" generoa da eta bestea, desberdintasuna.

5) Beraz, generoa beraren formez aparte ez baldin bada inolaz ere existitzen, edo existitzekotan materia bezala baldin bada (izan ere, soinu artikulatua genero eta materia da, baina desberdintasunek soinu artikulatutik espezieak sortzen dituzte, hots, osagaiak), agerian dago definizioa desberdintasunen bidez osaturiko esakunea dela.

Hala ere, desberdintasunaren dsberdintasuna zatitu ere egin behar 10) da. Adibidez, "oindun" animaliaren desberdintasun bat da; ondoren, "animalia oindun"aren desberdintasuna "oindun" den aldetik izan behar da. Beraz, zuzen hitz egitekotan, ez dago esaterik oindunen artean batzuk "hegaldunak" eta besteak "hegalgabeak" direnik (norbaitek hau esaten badu, ezjakintasunagatik izango da), batzuk "behaztunak" eta besteak "behatzgabeak" direla baizik. Hauek oinaren desberdintasunak baitira, 15) behatzak izatea nolabaiteko oinak izatea delako. Eta horrela jarraitu behar da etengabe, harik eta desberdintasunik ez duen zerbaitera iritsi arte; orduan oin-espezieak desberdintasun beste izango dira eta "animalia oinduna" desberdintasun beste.

Baina hau horrela bada, agerian dago desberdintasun azkena 20) gauzaren substantzia izango dela, bai eta haren definizioa ere, definizioetan gauza bera errepikatzea ez baita egin behar, alferrikakoa delako. Hala ere, hau gertatzen da: "hankabiko animalia oinduna" esatean "oindun animalia bi oin dituena" baino ez da esaten; eta hau behar bezalako zatiketaz zatitzen bada, gauza bera behin baino gehiagotan errepikatuko da, desberdintasun beste horrenbestetan, hain zuzen ere.

25) Beraz, desberdintasunaren desberdintasuna baldin badago, bakar bat -azkena, hain zuzen ere- izango da espeziea eta substantzia. Aitzitik, zatiketa akzidentalki ematen denaren arabera egiten bada -adibidez, "oinduna" "zurian" eta "beltzan" banatzen badira-, zenbat sailkapen, hainbat desberdintasun izango da. Beraz, agerian dago definizioa desberdintasunaren araberako esakunea dela, desberdintasun azkenaren araberako esakunea, hain zuzen ere.

30) Eta hau begi-bistakoa da definizio jakin hauen ordena aldatzen bada; adibidez, gizakiaren definizioarena, "hankabiko animalia oinduna" dela esatean, "hankabiko" esanda gero "oinduna" esatea alferrikakoa baita. Baina substantzian ez dago ordenarik. Gainera, nola pentsa liteke bata aurreko eta bestea ondorengo direnik?

Horrela, bada, zatiketaren araberako definizioak direla eta berauen 35) izaera dela-eta, bego lehenengoz esandako hau.

1038b) Gure ikerketa substantziari buruzkoa denez, ekin diezaiogun berriz <substantziari>. Subjektu, esentzia eta bi hauez osaturikoari bezala unibertsalari ere esaten zaio substantzia. Lehenengo biez, jada, hitz egin dugu (bai esentziaz, bai subjektuaz, hain zuzen ere, subjektua bi modutan ematen 5) delarik: zehaztutako zerbait bezala -animalia afekzioetarako bezala- edo materia entelekiarako bezala); baina batzuen irudiko, unibertsala nagusiki da kausa, baita printzipio bat ere. Beraz, ekin diezaiogun honi ere.

Izan ere, ezinezkoa dirudi unibertsal deituriko horietako bat substantzia izateak; lehenengoz, banakoaren substantzia banakoak berezko 10) duena baita, beste <substantzia> batean ematen den horri esaten baitzaio unibertsala. Orduan, zeren substantzia izango da unibertsala? Edo gauza guztiena, edo bat berarena ere ez. Gauza guztiena izatea ezinezkoa da; baina gauza bakar batena baldin bada, gainerako gauzak ere gauza hori izango dira; izan ere, gauza horiek -zeintzuen substantzia eta esentzia bat diren- gauza 15) bakar bat dira.

Gainera, azpigai batez predikatzen ez denari esaten zaio substantzia; baina unibertsala beti esaten da azpigai batez. Edo, esentziarekin gertatzen ez den bezala, akaso unibertsala ezin izan daiteke substantzia, baina honetaneman bai, Animalia gizakiarengan edo zaldiarengan ematen den bezala? Orduan, argi dago unibertsalak esakune bat izango duela. Eta berdin substantzian 20) ematen diren horiek guztiek esakunerik ez izan arren, unibertsala zerbaiten substantzia izango baita, gizaki jakin batengan ematen den Gizakia bezala; beraz, gauza bera gertatuko da berriro: Animalia, adibidez, <animalia> berezko zerbait bezala ematen den horren substantzia izango da.

Gainera, zehaztua eta substantzia denari dagokionez, hau osatua baldin bada, ezinezkoa eta lekuz kanpokoa da substantziez edo zehaztua den 25) zerbaitez osatua ez izatea, baina koalitatez litekeena da. Horrela izanez gero, substantzia ez dena, hots, koalitatea, substantziaren eta zehaztua denaren aurrekoa izango litzateke; baina hau ezinezkoa da, esakunea, denbora eta genesiari dagokienez, ezinezkoa baita afekzioak substantziaren aurrekoak izatea; bestela, banangarriak ere izango lirateke. Gainera, Sokratesengan substantzia bat beste baten gainean 30) emango litzateke eta, ondorioz, bi gauzaren substantzia izango litzateke.

Eta, orokorrean, substantzia gizakia eta honela esaten diren horiek guztiak baldin badira, esakunean agertzen dena ez da ezeren substantzia izango eta ez da gauza haietaz aparte inon emango, ezta beste gauza batean ere. Esan nahi dut, adibidez, animalia zehatzez aparte ez dagoela inolako animaliarik, ezta esakuneetan agertzen diren bestelakorik ere. 35) Horrela, bada, hausnarketa hauetan ari direnentzat agerian dago unibertsalen artean bat bera ez dela substantzia, eta gauza zehatzek 1039a) baterako dituzten predikatuek ez dutela zehaztua den zerbait adierazten, "honelako zerbait" baizik. Bestela, beste arazo asko sortuko dira, eta "hirugarren gizakia".

Bestalde, ondoko honengatik ere argi dago <unibertsalak ez direla substantzia>: ezinezkoa da substantzia bat entelekia gisa dauden bere baitako substantziez osatua izatea, entelekian bi diren gauzak inoiz ez direlako 5) bakar bat entelekian; baina potentzian bi baldin badira, bat izango dira (adibidez, lerro bikoitza potentzian dauden bi lerro-erdiz dago osatua, entelekiak bereizten dituelarik); beraz, bat baldin bada substantzia, ez da bere baitan eta honela ematen diren substantziez osatuko, Demokritok zuzen azaltzen zuen bezala. Honen 10) ustez, bi gauzez bat sortaraztea edo bakar batez bi sortaraztea ezinezkoa da, zatiezinak diren magnitudeak substantzia bihurtzen baitira.

Beraz, agerian dago zenbakiekin ere berdin gertatuko dela, zenbakia, batzuek uste bezala, unitate-osaketa bat baldin bada. Izan ere, edo diada ez da bat, edo bere baitan entelekian dagoen unitaterik ez dago.

Baina ondorio honek aporia bat sortzen du. Alde batetik, 15) ezinezkoa da substantziak unibertsalez osatuak izatea unibertsalek "honelako zerbait" adierazten badute ere, zehaztutako zerbait adierazten ez dutelako. Beste aldetik, ezinezkoa da substantziak entelekian dauden substantziez osatuak izatea. Gauzak horrela, substantzia oro bakuna izango da; beraz, ez da izango inolako substantziaren esakunerik. Hala ere, denen 20) ustez, substantziari bakarrik edo nagusiki dagokio definizioa, aspaldian esana den bezala. Baina orain, ezta substantziari ere. Beraz, ez da ezeren definiziorik izango; edo zentzu batean bai eta beste zentzu batean ez. Baina hau argiago geratuko da ondoren esango dugunarekin.

25) Ikerketa hauen ondoren agerian geratzen da Ideiak substantzia bananduak direla eta, aldi berean, <Ideiek> forma generoaz eta desberdintasunez osatzen dutela baieztatzeak sortzen dituen ondorioak. Forma baldin badira izan, eta Animalia gizakiarengan eta zaldiarengan ematen bada, edo aritmetikoki bat eta bera da <bietan>, edo desberdina. Argi dago esakunean bakar bat dela, batean nahiz bestean definitzean 30) esakune bera adierazten baita.

Horrela, bada, Gizaki bat baldin badago, bera eta berez zehaztua eta banandua dena, bere osagaiak ere - "animalia" eta "hankabikoa", alegia- zehaztutako zerbait, bananduak eta substantziak izango dira nahitaez. Beraz, Animalia ere bai. Horrela, bada, zaldiarenganeta gizakiarengan ematen den <animalia> bat eta bera baldin bada -zu zeuretzat bezala-, nola izan liteke bat 1039b) bananduta ematen diren gauzetan? Eta, gainera, Animalia hau, zergatik ez da bere baitatik banandua izango?

Bestalde, Animaliak hankabikotasunean eta hankaniztasunean parte hartzen badu, ezinezkoa den zerbait gertatzen da, kontrakoak diren ezaugarriak aldi berean emango baitira bakarra eta zehaztua den gauza batean. Bestela, zein zentzutan esango ote da animalia "hankabikoa" edo 5) "oinduna" dela? Agian elkar lotzea eta ukitzea izango da, edo nahastea? Baina hau guztia lekuz kanpo dago.

Aitzitik, kasu bakoitzean desberdina baldin bada, orduan substantzia Animalia dutenak amaigabeak izango dira, nolabait esateko, gizakia ez baitator akzidentalki "animaliarengatik". Gainera, Animalia Bera anitz izango da, banako bakoitzean ematen den animalia substantzia izango 10) baita (hau, hain zuzen ere, ez da beste gauza batez esaten; bestela, gizakiak gauza hori izango luke jatorria, eta hori litzateke bere generoa). Eta gizakiaren osagai guztiak izango dira Ideiak. Baina bataren Ideia eta bestearen substantzia izatea ezinezkoa da. Honen ondorioz, animalia zehatz guztiak Animalia Bera izango dira.

Gainera, zein du jatorria animalia honek eta nola izan daiteke 15) Animalia Bera? Edo, substantzia Animalia Bera duen animalia, nola izan daiteke Animalia Bera honez aparteko zerbait?

Bestalde, sentimenezko gauzetan ere arazo hauek sortzen dira, baita arazo larriagoak ere. Eta horrela izatea ezinezkoa baldin bada, argi dago haien Formarik ez dagoela, batzuek esaten duten bezala, behintzat.

20) Substantzia bi hauek direnez, osatua eta forma (bata, materiarekin batera elkartutako forma, bestea, forma hutsa), lehenengo zentzuan esaten diren horiek ustelgarriak dira (genesia ere baitute);baina formak ez du usteldurarik (genesirik ere ez baitu; izan ere, ez da 25) "etxearen izatea" sortzen, etxe zehatz honen izatea baizik); baina formak, genesirik eta usteldurarik gabe, badira eta ez dira, argi geratu baitzen42 inork ez dituela errealitate hauek sortarazten, ezta egiten ere. Horregatik ezin da definitu, ezta frogatu ere, sentimenezko banakoen substantziek materia dutelako; esate baterako, materiaren izaera den bezala 30) <substantzia horiek> badaitezke izan eta ez izan. Horregatik dira ustelgarriak haien artean banakoak diren guztiak.

Beraz, frogapenak eta definizio zientifikoa beharrezko diren gauzei baldin badagozkie, eta zientzia, batzuetan zientzia eta beste batzuetan ezjakintasuna ez den bezala -ezjakintasuna esan beharrean iritzia esan behar genuke-, bestelakoa izan daitekeenaren frogapenik eta definiziorik ez 1040a) baldin badago -iritzia baizik-, argi dago sentimenezko banakoen definiziorik ez dela izango, ezta frogapenik ere.

Gauza ustelgarriak, hain zuzen ere, sentimenezko pertzepziotik urruntzen direnean ilunak dira zientzia dutenentzat, eta haien nozioak 5) ariman gorde arren, jadanik ez da haien definiziorik izango, ezta frogapenik ere. Horregatik, definizioari dagokionez, norbaitek banakoren bat definitzerakoan jakin behar du beti izaten dela hau gezurtatzea, banakoak ezin baitira definitu.

Horrela, bada, ideia bat bera ere ez dago definitzerik, Ideia, esan bezala, banakoei baitagokie, eta banandua da. Izan ere, beharrezkoa da 10) esakunea izenez osatua izatea; baina izena ez du definitzaileak asmatuko (ulertezina bailitzateke) eta diren izenak gauza guztiei dagozkie. Beraz, hauek ere egokituko zaizkio nahitaez beste edozer gauzari. Adibidez, norbaitek definitu nahi bazaitu, animalia mehea, edo zuria edo bestelako zerbait esango du, beste batengan ere emango den zerbait, alegia. Eta norbaitek esango balu izen hauek guztiak banaka harturik gauza anitzetan emateko eragozpenik ez dagoela, baina denak batera gauza bakar batean 15) soilik ematen direla, orduan erantzun behar da, lehenengoz, bi osagaietan ere ematen direla; adibidez, "hankabiko animalia" animaliarengan eta hankabikoarengan emango da (eta hau behar-beharrezkoa izango da betiereko errealitateei dagokienez †hauek osatuaren zati izanik honen aurrekoak baitira; eta, gainera, bananduak dira, Gizakia banandua baldin bada, behintzat.

Horrela, bada, edo biak dira bananduak edo bat bera ere ez. Baina 20) bat bera ere ez baldin bada banandua, generoa ez da espeziez aparteko zerbait izango eta, izatekotan, desberdintasunak ere bai). Gainera, <biak> aurrekoak dira beren izatean, ez baitira <hankabiko animalia> baino lehenago deuseztatzen.

Bestalde, Ideiak Ideiez osatzen baldin badira (osagaiak, hain zuzen ere, sinpleagoak dira), Ideiaren osagai horiek ere - "Animalia" eta "Hankabikoa", adibidez-, gauza askotaz predikatu beharko dira. Bestela, 25) <Ideia> nola ezagut liteke? Izan ere, gauza batez baino gehiagotaz predika ez litekeen Ideiaren bat izango litzateke. Baina ez dirudi, Ideia guztiak partehartzegarriak baitira.

Horrela, bada, esana dagoen bezala, ez dira konturatzen betiereko errealitateen definizioa ezinezkoa dela, batez ere bakarrak diren 30) errealitateena, eguzkia edo ilargia bezala. Eta porrot egiten dute ezinbesteko ez diren ezaugarriak gehitzeagatik - "Lurra inguratzen du" edo "gauez ez da ikusten", adibidez-, ezaugarri hauek ezabatu arren oraindik izango baita eguzkia. (Izan ere, geldituko balitz edo gauez argituko balu ere, oraindik izango litzateke eguzkia, "eguzkiak" substantzia bat adierazten baitu).

Gainera, porrot egiten dute beste gauza batean eman daitezkeen ezaugarriak gehitzeagatik, beste gauza batek ezaugarri horiek izango balitu eguzkia izango litzatekeelako, zalantzarik gabe. Beraz, gauza askok baterako 1040b) luke esakunea. Baina guzkia banakoa da, Kleon edo Sokrates bezala. Bestalde, zergatik ez dute Ideiaren definizioa ematen? Saiatuko balira argi geratuko litzateke orain esandakoa egia dela.

5) Agerian dago substantzia diruditen gauzen artean gehienak potentziak direla: animalien zatiak (hauen artean bat bera ere ez baita banandua, eta banatzen direnean materia izaten dira denak), lurra, sua eta airea; hauen artean, hain zuzen ere, bat bera ere ez da batasun bat, multzoa 10) bezalako zerbait baizik, haietatik bat den zerbait heldu eta sortu arte. Eta, batez ere, pentsa liteke izaki bizidunen zatiak eta arimarenak bi moduotan izan daitezkeela, hots, entelekian nahiz egintzan, artikulazioetan dagoen zerbaitetik mugimenduaren printzipioak dituztelako. Horregatik dirau bizirik, zatituta ere, zenbait animaliak. Hala ere, denak izango dira potentzian batasun bat eta naturaz -ez indarrez edo itsaspenez (honelako 15) zerbait murriztua bailitzateke)- jarraia den zerbait osatzen duten bitartean.

Bestalde, "den-a" esaten den zentzuetan "bata" ere esaten denez, bat denaren substantzia bat denez eta aritmetikoki bat den substantzia duten gauzak aritmetikoki bat direnez, agerian dago Batak eta Den-ak ezin dutela gauzen substantzia izan, ez eta osagaiaren izatea edo printzipioaren izatea ere. Baina printzipioa zein ote den ari gara bilatzen, ezagungarriago den 20) zerbaitera iristeko.

Horrela, bada, Den-a eta Bata gertuago daude substantziatik printzipioa, osagaia eta kausa baino; baina oraindik ez dira substantzia, baterako dutena ez baita substantzia. Substantzia, hain zuzen ere, bere baitan eta hori substantzia duen horretan ematen da. Gainera, bat dena ez da aldi 25) berean toki askotan ematen; baterakoa, ordea, bai.

Beraz, argi dago unibertsal bat bera ere ez dela banakoez aparte ematen. Baina Formak baieztatzen dituztenek hauek bananduak direla esatean zuzen daude, substantziak baldin badira, behintzat; baina oker 30) daude "bat askotan" Forma izendatzean, ez dakitelako azaltzen zeintzuk diren sentimenezko banakoez aparte ematen diren substantzia ustelezin horiek. Izan ere, <filosofo hauek> Formak gauza ustelgarrien espezie berekoak egiten dituzte (hauek ezagutzen baititugu) - "Gizakia Bera", "Zaldia Bera", alegia-, sentimenezko gauzei "Bera" hitza gehituz.

Hala ere, astroak inoiz ikusi izan ez bagenitu ere, ez litzateke ezer 1041a) aldatuko, nire ustez, betiereko substantziak izango bailirateke, guk ezagutzen ditugun horiez apartekoak, alegia. Beraz, orain ere, nahiz eta zeintzuk diren ezagutu ez, beharrezkoa da batzuk izatea, seguru asko.

Horrela, bada, argi dago unibertsal deituriko bat bera ere ez dela substantzia, eta substantzia bat bera ere ez dela substantziez osatzen.

5) Abiapuntu berri bat hartuz, esan dezagun berriz zeri esan behar zaion substantzia eta zein duen izaera. Horrela, agian argituko dugu sentimenezko substantzietatik banandua ematen den substantzia hura. Eta substantzia nolabaiteko printzipio eta kausa denez, hemendik abiatuko 10) gara.

Zergatia zentzu honetan bilatzen da beti: Zergatik ematen da gauza bat beste batean? Izan ere, gizaki musikaria zergatik den gizaki musikaria bilatzea, edo esandakoa bilatzea da -gizakia zergatik den musikaria- edo bestelako zerbait da. Baina gauza bat zergatik den bera bilatzea ezer ez bilatzea da (aldez aurretik, hain zuzen ere, argi geratu behar 15) dira gertaera eta gauzaren izatea - "ilargia ezkutatu egiten da", adibidez-; baina "gauza bat gauza bera delako" erantzutea erantzun bakarra eta galdera guztien kausa da, adibidez "gizakia, zergatik da gizakia?" eta "musikaria, zergatik da musikaria?", banakoari berari dagokionez, banako bakoitza zatiezina dela esaten ez bada, behintzat, eta hau da bataren izatea. Baina honelako erantzun bat gauza guztiei dagokie, hain zuzen, eta laburregia da).

20) Baina galde liteke gizakia zergatik den "honelako" animalia bat. Orduan, argi dago ez dela galdetzen gizakia dena zergatik den gizakia, baizik eta zergatik ematen den "zerbait" "zerbaitetan" (eta argi egon behar du eman egiten dela; bestela ez dago galderarik); adibidez, "zergatik jotzen du trumoia?" galdetzeak "zergatik sortzen da zaratotsa lainoetan?" esan 25) nahi du; horrela, hain zuzen ere, beste gauza batean ematen den beste zerbait bilatzen da. Eta gauza hauek -adreiluak eta harriak, adibidez- zergatik dira etxea? Horrela, bada, agerian dago kausa bilatzen dela [eta hau, logikoki esanda, esentzia da],gauza batzuetan "helburu den hori" dena -adibidez, etxe batean edo ohe 30) batean, ziurraski-, eta beste batzuetan, mugiarazle lehena, hau ere kausa bat baita. Baina kausa hau genesiari eta usteldurari dagokie, baina bestea, izateari ere bai.

Bilatutakoa aurkitzen zaila egiten zaigu, batez ere beste gauza batez predikatzen ez diren gauzetan; adibidez, "gizakia zer da?" galdetzean, 1041b) galdera bakuna delako, eta ez da definitzen "gauza hauek honako hau dira". Baina behin galdera artikulatuta gero, galdetu behar dugu, bestela zerbait galdetzea eta ezer ez galdetzea gauza bera izango dira. Baina gauzaren izatea ezagutu eta eman behar denez, argi dago materia zergatik den 5) <zehaztutako zerbait> galdetzen dela. Adibidez, "gauza hauek zergatik dira etxe bat?: haietan etxe-esentzia ematen delako"; eta "hau -edo hau duen gorputza- gizaki bat da". Beraz, materiaren kausa bilatzen da [hau forma delarik], kausa zeinarengatik materia zerbait den. Horrela, bada, agerian dago gauza bakunei dagokienez ez dagoela galderarik, ezta irakasbiderik ere; 10) aitzitik, ikertzeko bidea bestelakoa da.

Bestalde, zerbaitek osatua dena -osatua batasun bat delarik-, ez da multzo bat bezalakoa, silaba bat bezalakoa baizik; baina silaba ez da osagaia; esate baterako, "ba", eta "b" gehi "a", ez dira gauza bera; eta haragia, eta sua gehi lurra, ere ez (desegin ondoren osatuak ez baitira jadanik -haragia eta 15) silaba, alegia-, baina bai osagaiak, eta sua eta lurra). Beraz, silaba bada zerbait, ez osagaiak bakarrik -bokalak eta kontsonanteak-, baizik eta bestelako zerbait ere; eta haragia, sua eta lurra -beroa eta hotza, alegia- izan ezik, bestelako zerbait ere bada.

Honen ondorioz, "bestelako hura" ere nahitaez edo osagai bat edo 20) osagaiez osatua den zerbait denez, osagaia baldin bada, berriro sortuko da arazo bera (haragia osagai honetaz osatuko baita, eta su eta lurrez eta, oraindik ere, beste osagai batez; beraz, prozesu amaigaberantz abiatuko gara). Baina osagaiz osatua baldin bada, argi dago ez dela osagai bakar batez osatuko, batez baino gehiagoz baizik, edo gauza bera izango da. Ondorioz, kasu honetan ere haragia eta silabarekin egin dugun arrazonamendu bera 25) egin beharko dugu berriro. Baina pentsa liteke hau zerbait dela, eta ez osagaia, "honako hau" haragia eta "harako hori" silaba izateko kausa, hain zuzen ere; eta berdin gainerako gauzetan. Hau, banako bakoitzaren substantzia da (hau baita bere izatearen kausa lehena). Eta zenbait gauza substantziak ez direnez -substantzia guztiak naturaren arabera eta naturaz 30) osatzen baitira-, substantzia irudituko litzateke printzipio den natura hau, osagaia ez dena, alegia; osagaia da gauzaren materia, non gauza zatitzen den; adibidez, silabarenak, "a" eta "b".