Metafisika/Zortzigarren liburua (H)

Metafisika  (K.a. IV. mendea)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Zortzigarren liburua (H)
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

I aldatu

1042a) Esandakoa laburtu eta ondorioa ezarri behar dugu, garrantzitsuena behin bilduta gero.

5) Esana dago gure ikerketaren gaiak substantzien kausak, printzipioak eta osagaiak direla. Substantzien artean, batzuk denek onartuak dira, baina beste zenbaiti buruz <filosofo> batzuek bereziki hitz egin dute. Onartuak dira substantzia fisikoak, besteak beste, sua, lurra, airea eta gainerako gorputz bakunak; ondoren, landareak eta beraien zatiak, animaliak eta beraien zatiak eta, 10) azkenik, zerua eta zeruaren zatiak. Eta Forma eta Errealitate Matematikoak substantziak direla esaten dute batzuek.

Beste zentzu batean, esakuneak kontutan hartuz gero, esentzia eta azpigaia substantziak dira; gainera, beste zentzu batean generoa espezieak 15) baino neurri handiagoz da substantzia, eta unibertsala banakoak baino; eta Ideiak ere gertu daude unibertsaletik eta generotik (arrazoi berarengatik, hain zuzen, substantziatzat hartzen baitira).

Eta esentzia substantzia bat da eta haren esakunea, definizioa; horregatik ikertu dugu definizioa eta, definizio den aldetik, definitzen dena. Eta definizioa esakunea denez eta esakuneak zatiak dituenez, zatiari 20) dagokionez, zeintzuk diren substantziaren zatiak eta zeintzuk ez, eta zati hauek definizioaren zatiak ere ote diren ikertu behar izan dugu.Gainera, unibertsala ez da substantzia, ezta generoa ere; eta Ideiei eta Errealitate Matimatikoei dagokienez, geroago ikertu beharko dugu, batzuek esaten baitute hauek sentimenezko substantziez aparte daudela.

Baina orain ekin diezaiegun <denek> onartuak diren substantziei, 25) sentimenezko substantziei, alegia. Sentimenezko substantzia guztiek materia dute; eta substantzia azpigaia da, zentzu batean materia (materia esaten diot egintzan zehaztutako zerbait izan gabe potentzian zehaztutako zerbait den horri), eta beste zentzu batean, forma eta konstituzioa, zehaztutako zerbait delarik definizioan banangarria dena, hain zuzen; eta 30) hirugarren zentzu batean, azken bi hauez osatua, genesia eta usteldura jasaten dituen bakarra eta erabat banangarria dena. Izan ere, formaren araberako substantzien artetik, batzuk banangarriak dira eta beste batzuk, ez.

Bestalde, materia ere substantzia dela argi dago, kontrajarritako aldaketa guztietan aldaketen azpigai den zerbait baitago; adibidez, lekuari dagokionez, orain hemen eta gero hor egongo dena; handitzeari dagokionez, orain honen handia eta gero txikiagoa edo handiagoa izango 1042b) dena; aldaketari dagokionez, orain osasuntsu eta gero gaixorik egongo dena. Eta berdin substantziari dagokionez: orain genesian eta gero ustelduran egongo dena, eta orain zehaztutako zerbait den aldetiko azpigaia eta gero eza den aldetiko azpigaia izango dena. Eta aldaketa honekin batera beste aurreko aldaketa guztiak ere ematen dira, baina haietako aldaketa batekin edo birekin ez da azken aldaketa hau ematen; esate baterako, 5) zerbaitek lekuz aldagarri den materia edukiagatik ez da beharrezkoa genesia eta usteldura jasatea. Genesi absolutuaren eta ez-absolutuaren arteko aldea zein den Fisikan43 azaldu zen.

II aldatu

Azpigaitzat eta materiatzat hartutako substantzia denek onartzen dutenez eta hau potentzian dagoena denez, esateke dugu sentimenezko 10) gauzen egintzatzat hartutako substantzia zein den.

Demokritoren ustetan hiru desberdintasun daude (beraren ustez, azpigai gorpuztuna eta materia gauza bat eta gauza bera dira, proportzioan -irudian-, biraketan -posizioan- edo ukitzean -ordenean- desberdintzen 15) direlarik). Baina agerian dago desberdintasunak asko direla; adibidez, gauza batzuk beraien materiaren osaketaz esaten dira -nahasketaz osatzen diren horiek, ezti-ura bezala-; beste batzuk, loturaz, sorta bat bezala; beste batzuk, kolaz itsatsirik egoteagatik, liburu bat bezala; beste batzuk, iltzez, kutxa bat bezala; beste batzuk, hauetako zenbait desberdintasunez. Beste batzuk, posizioaz, atalasea eta ateburua bezala (hauek nolabaiteko posizioa 20) izateagatik desberdintzen baitira); beste batzuk, denboraz, afaria eta gosaria bezala, eta beste batzuk, lekuaz, haizeak bezala.

Beste batzuk, sentimenezko gauzen afekzioez, gogortasuna edo biguintasuna, trinkotasuna edo aroltasuna, lehortasuna edo hezetasuna bezala. Eta batzuk hauetako zenbaitez eta beste batzuk hauez guztiez. Eta orokorrean, batzuk gehiegiz eta besteak gutxiegiz <desberdintzen dira>.

25) Beraz, agerian dago "da" ere modu hauetan guztietan esaten dela; atalasea da nolabait kokatuta dagoelako, eta "izan"ek, hain zuzen ere, "nolabait kokatuta egon" adierazten du, eta "izotza izan"ek, "nolabait kondentsatuta egon". Eta zenbait gauzaren izatea arrazoi hauengatik guztiengatik definituko da, besteak beste, nahasturik egoteagatik, 30) elkarturik egoteagatik, loturik egoteagatik, kondentsaturik egoteagatik eta bestelako desberdintasunak jasateagatik, esku bat edo oin bat bezala. Beraz, kontutan hartu behar dira desberdintasunen generoak (desberdintasunak izatearen printzipioak izango baitira); adibidez, gehiagoa eta gutxiagoa, trinkotasuna eta aroltasuna eta beste honelako 35) desberdintasunak, hauek guztiak gehiegia eta gutxiegia baitira; baina zerbait irudian edo leuntasunean eta zimurtasunean <desberdintzen bada>, kasu guztietan zuzentasunari eta makurdurari dagozkie. Eta beste zenbait 1043a) kasutan, "izatea" nahastuta egotea izango da, eta kontrakoa, "ez-izatea". Beraz, substantzia banako bakoitzaren izatearen kausa baldin bada, agerian dago banako hauetako bakoitzaren izatearen kausa desberdintasunotan bilatu behar dela. Desberdintasun hauetatik bat bera ere 5) -ezta beste zerbaitekin lotuta ere- ez da substantzia; alabaina, desberdintasun bakoitzean substantziaren antzekoa den zerbait dago. Eta substantzietan materiaz predikatzen dena egintza bera den bezala, beste definizioetan ere neurri handiagoz. Adibidez, atalasa definitu beharko bagenu, "honela" jarritako egurra edo harria dela esango genuke, eta etxe bat, "honela" jarritako adreiluak eta egurrak (edo zenbait kasutan, "helburu 10) den hori" gehituz), eta izotza, "horrela" solidotu edo kondentsaturiko ura, eta akordea, soinu altuz eta baxuzko nahastura "hauek". Eta berdin beste gauzetan.

Beraz, agerian dago egintza eta forma desberdinak direla materia desberdinetarako, batzuetarako osaketa baita, beste batzuetarako nahasketa, eta beste batzuetarako, aipatutako bestelako zerbait. Horregatik, etxe bat definitzerakoan harriak, adreiluak eta egurrak aipatzen dituztenek 15) potentzian dagoen etxea deskribatzen dute, gauza horiek materia baitira; ondasunak eta pertsonak babesten dituen aterpea edo honelako beste zerbait dela esaten dutenek egintzan dagoen etxea deskribatzen dute; eta bi deskripzio hauek lotzen dituztenek hirugarren substantzia adierazten dute, osagai hauez osatutakoa, alegia (desberdintasunetan oinarritzen den definizioa formarena eta egintzarena omen da, eta osagaietan oinarritzen 20) dena, materiarena, bereziki).

Eta berdin Arkitasek onartu zituen definizioak, bi deskribapenak barne hartzen baitituzte. Adibidez, zer da haize-eza? Aire-hedadura handi batean ematen den lasaitasuna, airea materia baita, eta lasaitasuna, egintza eta substantzia. Zer da barealdia? Itsasoaren ura geldirik egotea; materiatzat 25) hartutako azpigaia itsasoa da, eta egintza eta konstituzioa, gelditasuna.

Agerian dago, beraz, sentimenezko materia zer den eta nolakoa den: bata, materia da; bestea, konstituzioa eta egintza eta hirugarrena, biez osatutakoa.

III aldatu

Kontuan hartu behar da batzuetan ilunpean dagoela izenak 30) substantzia osatua edo egintza eta forma adierazten duen; adibidez, "etxeak" errealitate konposatua - "honela jarritako adreiluzko eta harrizko aterpea", alegia-, edo egintza eta forma - "aterpea", alegia- adierazten duen; eta "lerroak", "diada luzetara" edo "diada"; eta animaliak, "arima gorputz batean" edo "arima", azken hau gorputzen baten substantzia eta egintza 35) baita. Baina "animalia" bi zentzuotan eman liteke, ez esakune bakar baten bidez esana den aldetik, gauza bakar bati egokitzen zaion aldetik baizik. Baina hau, "bestelako gaiak ikertzeko garrantzitsua dena", ez da 1043b) garrantzitsua sentimenezko substantziaren ikerketarako, esentzia forman eta egintzan ematen baita.

"Arima" eta "arimaren izatea" gauza bera da, baina "gizakia" eta "gizakiaren izatea", ez, animari "gizaki" esaten ez badiogu, behintzat. Horrela, bada, kasu batzuetan gauza bera dira eta beste kasu batzuetan, ez.

Silaba ikertzen badugu, ez du ematen hau osagaiez eta hauen 5) konposaketaz osatua denik, ezta etxea adreiluak eta hauen konposaketa denik ere; hau zuzena da, osaketa eta nahasketa ez baitatoz beraiek osatu eta nahastutako osagai horietatik. Eta gainerako gauzetatik ere ez; adibidez, atalasea kokapenarengatik baldin bada atalasea, kokapena ez dator atalasetik, 10) hau kokapenetik baizik. Beraz, gizakia ez da "animalia" eta "hankabikoa"; aitzitik, hauek materia baldin badira, haiez aparteko zerbait egon behar, ez osagaia edo osagaiz osatua, substantzia baizik. Hau ezabatzen dutenek materia ezartzen dute. Beraz, zerbait hori -izatearen kausa dena- substantzia baldin bada, orduan ezin izango dute substantziaz beraz hitz 15) egin.

(Horrela, bada, beharrezkoa da "zerbait hori" betierekoa izatea, edo ustelgarria izatea usteldua izan gabe eta izatera iristea sortua izan gabe. Hala ere, beste toki batean44 dago argituta eta azalduta inork ez duela forma egiten edo sortarazten, "honako hau" egiten dela eta gauza osatua sortzen dela baizik.

Baina ustelgarri diren gauzen substantziak banangarriak ote diren 20) ala ez, oraindik ez da argitu, kasu batzuetan izan ezik, banakoez aparte -etxe batez edo tresna batez aparte, alegia- existitu ezin diren gauza horien substantziak, hain zuzen ere; kasu honetan argi dago substantziek ezin dutela banangarriak izan. Hala ere, agian ez dira substantziak, ez hauek berauek, ezta naturaz osatu ez diren horietako bat bera ere, pentsa bailiteke natura bakarrik dela substantzia ustelgarri diren gauzetan).

Beraz, Antistenesen jarraitzaileek eta hauek bezalako ezjakinek 25) plazaratu zuten aporia -esentzia definitzerik ez dagoela(definizioa esakune luzea baita)- egokia da, nolabait: gauza bat -zilarra, adibidez- nolakoa den adieraz daiteke, eztainuaren antzekoa dela esatean, baina ez zer den. Horrela, bada, substantziaren batek definizioa eta esakunea izan ditzake -osatuak, adibidez-, hau sentimenezko nahiz adimenezko izan; 30) baina beraren osagai lehenek ez, esakune definitzaileak "zerbait beste zerbaitez" adierazten baitu, eta bata materiatzat hartu behar da, eta bestea formatzat.

Eta substantziak, nolabait, zenbakiak baldin badira, agerian dago zergatik diren horrela eta ez monadak, batzuek esaten duten bezala. Izan ere, definizioa nolabaiteko zenbakia da, zatigarria baita -zatiezin diren 35) zatietan, hain zuzen (esakuneak ez baitira mugagabeak)- eta zenbakia honelakoa da.

Eta zenbaki bati bere osagairen bat kenduta edo gehituta gero, jadanik zenbaki bera ez den bezala -beste zenbaki bat sortzen baita kendutakoa edo gehitutakoa gutxi izan arren-, definizioa eta esentzia ere 1044a) jadanik ez dira definizio eta esentzia berak izango zerbait kenduta edo gehituta gero. Eta zenbakia bat izateko zerbait izan behar da; baina orain haiek ez dakite zer dela eta den bat [bat baldin bada]. Horrela, bada, edo ez da bat, multzo bat bezalakoa baizik, edo bat izatekotan, esan bahar da zer den 5) bat egiten duena osagai askotatik abiatuta.

Definizioa ere bat da, baina hau ere ezin dute azaldu. Hau normala da, arrazoi berarengatik; eta substantzia horrela da bat, esan bezala, ez batzuek esaten duten bezala, nolabaiteko unitatea edo puntu bat bezala, hain zuzen ere; aitzitik, substantzia bakoitza entelekia bat edo nolabaiteko natura da.

Eta zenbakiak gehiagoa eta gutxiagoa onartzen ez dituen bezala, 10) formaren araberako substantziak ere ez; eta, onartzekotan, materiarekin batera ematen dena izango da. Azalpen honekin adierazita dago zein zentzutan eman daitezkeen substantzia deiturikoen genesia eta usteldura, eta zein zentzutan ez, eta substantziak zenbaki bihur ote daitezkeen.

IV aldatu

15) Substantzia materialari dagokionez, gauza guztiak osagai lehen berberatik edo osagai lehentzat hartutako osagai berberatik etorri arren, eta sortzen diren gauzetarako printzipioa materia berbera izan arren, ez dugu haatik ahaztu behar gauza bakoitzarako berezkoa den materia bat dagoela; adibidez, flemaren materia lehena gozokiak eta gantzak dira, eta 20) behazunarena, gauza mingotsak edo hauen antzekoak; hala ere, gauza hauek agian datoz osagai berberatik. Eta gauza berberaren materia anitz izaten da bata bestearen materia denean; adibidez, flema gantzatik eta gozokitik dator gantza gozokitik baldin badator, eta behazunetik, behazuna materia lehenean desegiteagatik. Gauza bat, hain zuzen ere, bi modutan etor daiteke beste gauza batetik: edo bata bestearen aurrekoa delako, edo hau 25) bestearen printzipioan desegiten delako.

Baina materia bakar bat izanda ere, litekeena da gantza desberdinak sortzea kausa mugiarazlearengatik; adibidez, egurretik kutxa bat eta ohe bat. Baina gauza batzuen materia desberdina da nahitaez, gauza horiek desberdinak baitira; adibidez, zerra bat ez da egurrez egingo, eta hau ez datza kausa mugiarazlearen baitan, inork ez baitu zerra bat egingo egurrez edo artilez.

30) Beraz, gauza bera materia desberdinez egin badaiteke, agerian dago artea eta mugimenduaren printzipioa gauza bera izango direla; izan ere, materia desberdina bada eta mugiarazlea ere bai, sortutakoa ere desberdina izango da. Horrela, bada, kausa bilatzen denean, kausak zentzu batzuetan esaten direnez, ahalezko kausa guztiak aipatu behar dira. Adibidez, zein da 35) gizakiaren materiatzat hartutako kausa? Agian menstruazioak? Eta zein mugiarazletzat hartutakoa? Hazia, agian? Eta formatzat hartutakoa? Esentzia. Eta zein helburutzat hartutakoa? Xedea. Baina azken bi hauek 1044b) agian gauza bera dira. Beharrezkoa da kausa gertuenak adieraztea. Zein da materia? Ez sua edo lurra, berezko duena baizik.

Naturazko eta generagarri diren substantziei dagokienez horrela ikertu behar dira zuzen ikertu nahi izanez gero, 5) kausak, hain zuzen ere, horiek eta horrenbeste baitira, eta ezagutu behar dira. Naturazko baina betierekoak diren substantzietarako prozedura bestelakoa da, batzuek agian ez baitute materiarik, edo ez horrela, tokiko mugimenduari dagokiena baizik. Eta naturaz izanda ere substantzia ez diren horiek materiarik ere ez dute, haien substantzia subjektua izanik. 10) Adibidez, zein da eklipse baten kausa? Eta bere materia? Materiarik, jakina, ez dago; aitzitik, ilargia da eklipsea jasaten duena. Eta zein da argia ezabatzen duen kausa mugiarazlea? Lurra. Bestalde, helbururik ez dago, dudarik gabe. Eta formatzat hartutako kausa esakunea da, baina hau ez dago argi berarekin batera kausa ematen ez bada. Adibidez, zer da eklipse bat? 15) Argi-eza. Baina "Lurra erdian kokatzen delako" gehitzen badugu, orduan esakune honekin batera kausa ematen da.

Ametsari dagokionez ez dago argi zein den afektatu lehena. Agian animalia? Bai; baina, zein organotan eta, organoetan, zein da afektatu lehena? Bihotza, edo besteren bat. Zeinek eragina? Gainera, zein da organo horretan eta ez gorputz osoan ematen den afekzioa? Honelako mugiezintasuna. Bai; baina mugiezintasun hau, organo lehenak zer jasateagatik?

V aldatu

20) Zenbait errealitate genesirik eta usteldurarik gabe izan eta ez izan daitekeenez -puntuak, adibidez (existitzen baldin badira, behintzat), eta, orokorrean, formak (ez baita sortzen zuria, egur zuria baizik, sortua den oro zerbaitetik sortu eta zerbait izatera iristen bada, behintzat)-, kontrako guztiak ez dira elkarrengandik sortuko, gizaki zuri bat gizaki beltz 25) batengandik eta zuria beltzetik modu desberdinez sortzen baitira. Bestalde, gauza guztiek ez dute materiarik, genesia eta elkarrenganako aldaketa dituzten gauza horiek bakarrik dute. Aldatu gabe izan eta ez izan daitezkeen horiek ez dute materiarik.

Kontrakoen eta banako bakoitzaren materiaren arteko harremanak ikertzen ditugunean aporia bat sortzen da. Adibidez, gorputza 30) potentzian osasuntsua baldin bada, eta gaixotasuna osasunaren kontrakoa baldin bada, agian gorputzak potentzian ditu bi egoerak? Eta ura, ardoa eta ozpina al da potentzian? Edo bataren materia al da edukiaren eta formaren arabera, eta bestearena naturaren kontrako ezaren eta ustelduraren arabera?

Eta beste aporia bat sortzen da: ardoa zergatik ez den ozpinaren materia, 35) ezta ozpina potentzian ere (ozpina hartatik sortu arren) eta biziduna hilotza bat potentzian. Edo agian usteldurak akzidentalak dira eta 1045a) bizidunaren materia bera usteldurarengatik hilotza baten potentzia eta materia da, eta ura ozpinarena, hauek haien bilakaera baitira gaua egunarena den bezala.

Beraz, horrela elkar bilakatzen diren horiek guztiak beraien 5) materia bihurtu behar dira; adibidez, hilotz batetik bizidun bat sortzeko, lehenengoz bere materia bihurtuko da, eta ondoren bizidun bilakatuko da; eta ozpina ur bihurtuko da eta ondoren ardo bilakatuko da.

VI aldatu

Definizioei eta zenbakiei buruz aipatutako aporia dela eta, zein da bat izatearen kausa? Izan ere, gauza osatua multzo bat bezala izan beharrean zati-multzoa baino zerbait gehiago izaten denean, zatiz osaturiko gauzak 10) kausaren bat du, gorputzetan ere bat izatearen kausa bat izaten baita, besteak beste elkar-ukitzea zenbait gorputzetan, likatasuna edo beste honelako afekzioren bat beste zenbait gorputzetan. Baina definizioa bat den esakunea da, ez loturaz, Iliada bezala, bat den gauza batena izateagatik baizik. Orduan, zer da gizakia bat egiten duena eta zergatik da bat gizakia eta 15) ez asko, "animalia" eta "hankabikoa", adibidez, batez ere -batzuek esaten duten bezala- Animalia Bera eta Hankabikoa Bera existitzen badira? Eta zergatik ez da gizakia Animalia Bera eta Hankabikoa Bera? Honela balitz gizakiak ez lirateke izango Gizakian edo Forma bakar batean parte hartzeagatik, bi Formatan parte hartzeagatik baizik, Animalian eta Hankabikoan, hain zuzen. Beraz eta laburbilduz, gizakia errealitate bakar bat 20) izan beharrean ez al litzateke bat baino gehiago izango, animalia eta hankabikoa?

Agerian dago horrela ikertzen dutenek erabili ohi dituzten definizioen eta esakuneen bidez ezin dutela aporia konpondu eta askatu. Baina, esan bezala, alde batetik materia eta forma bereizten baditugu, eta bestetik potentzia eta egintza, orduan gure aztergaia ez zaigu jadanik 25) aporetikoa irudituko.

Aporia bera sortuko da jantziaren definizioa "brontze borobila" baldin bada, izen hau esakunaren adirazpena izango baita; beraz,helburua izango da borobil denaren eta brontzearen bat izatearen kausa aurkitzea. Horrela, bada, aporia desagertu egiten da, bata materia eta 30) bestea forma delako. Orduan, genesia jasaten duten gauzetan, zein da potentzian delarik egintzan izatearen kausa, eragileaz aparte? Izan ere, potentzian dagoen esfera egintzan izatearen kausa bataren eta bestearen esentzia baino ez da.

Baina materia adimenezkoa edo sentimenezkoa izan daiteke, eta esakuneak beti izaten du, alde batetik, materia, eta bestetik, egintza. 35) [Adibidez, zirkulua azaleko irudia da.] Eta materiarik ez duten horietako gauza bakoitza -ez adimenezko materiarik, ezta sentimenezkorik ere- bat 1045b) den zerbait eta den zerbait da: "honako hau", "nolakoa" eta "zenbatekoa". Horregatik ez dira agertzen definizioetan, ez "da", ezta "bat da" ere. Eta esentzia bat den zerbait da, baita den zerbait ere. Horregatik 5) hauetako batek berak ere ez du bat den zerbait eta den zerbait izatearen bestelako kausarik, bakoitza zuzenean baita den zerbait eta bat den zerbait, ez Den-aren eta Bataren generoan egongo bailiran, ezta banakotatik banangarriak izango bailiran ere.

Aporia honengatik aipatzen dute batzuek "parte hartzea", baina ezin dute azaldu parte hartzearen kausa zein den, ezta parte hartzea zer den ere. Bste batzuek arimaren "aldi bereko izatea" aipatzen dute: Likrofonen 10) ustez zientzia, adibidez, jakitearen eta arimaren aldi bereko izatea da. Beste batzuen ustez, bizitza arima baten eta gorputz baten arteko konposaketa edo lotura da. Hala ere, esakune hau edozertarako eman liteke, osasuntsu egotea, arimaren eta osasunaren arteko aldi bereko izatea, edo lotura, edo konposaketa izango bailitzateke, eta brontzea triangelu bat izatea, 15) brontzearen eta triangeluaren arteko konposaketa bat, alegia, eta zuria izatea, azalera baten eta zuritasunaren arteko konposaketa bat.

Hau gertatzen da filosofo hauek potentziaren eta entelekiaren bateratzailea eta, aldi berean, bereizgarria den esakune bat bilatzen dutelako. [Baina, esan bezala45, materia azkena eta forma gauza bat eta bera da, bata potentzian eta bestea egintzan; beraz, batasunaren kausa edo bat izatearen 20) kausa bilatzea berdin da, banako bakoitza bat den zerbait baita, eta bai potentzian izatea, baita egintzan izatea ere bat izatea da, nolabait; honela, bada, bestelako kausarik ez dago, potentziatik egintzara mugiarazten duen kausarik ez badago, behintzat. Eta materiarik ez duten gauza guztiak zentzu absolutuan bat den zerbait dira].