Bederatzigarren liburua
I
aldatuMota desberdineko adiskidetasun guztietan proportzioak parekatzen eta babesten du adiskidetasuna, esana den bezala; adibidez, herritarren arteko adiskidetasunean, hain zuzen ere, zapatariak, oinetakoen trukez, dagokion ordaina jasotzen du (35), eta, berdin, ehuleak eta gainerako guztiek. (1164a) Hor, beraz, baterako neurritzat moneta asmatu da, eta, horrela, gauza oro horri dagokio eta horren bidez neurtzen da; amodiozko adiskidetasunean batzuetan maitaleak salatzen du gehiegi maite badu ere, ordaina jasotzen ez duela –horrela bada, agian izango da ezer maitagarririk ez duelako–; eta (5) sarritan maitatuak salatzen du maitaleak hasieran den-dena prometaturik, gero ezer betetzen ez duela. Horrelakorik gertatzen da batak maitatua plazerarengatik eta besteak maitalea onurarengatik maitatzen dutenean, baina nahi dutena, ez batak ez besteak erdiesten ez dutenean. Arrazoi horiengatik, hain zuzen ere, jazotzen da ezarririko adiskidetasunaren deuseztapena, (10) elkarren arteko adiskidetasunaren helburua gertatzen ez den bakoitzean, ez baitzuten elkar maite, elkarren ondasunak baizik, eta horiek ez dira iraunkorrak; eta horregatik adiskidetasunak ere ez. Aiurriean oinarrituriko adiskidetasunak, berriz, beragatik aukeratua izanik, iraun egiten du, esana den bezala.
Hala ere, desberdintasunak azaltzen dira lagunek, desiratzen zutenaren ordez, bestelako zerbait lortzen dutenean, desiratzen dena ez lortzea ezer ez erdiestea bezalatsua baita; (15) adibidez, zitara-jotzaile bati gizaki batek prometaturikoa: zenbat eta hobeto jo, orduan eta hobeto ordainduko liokeela; baina, egunsentian zitara-jotzaileak agindutakoa eskatu zionean besteak erantzun zion plazeraren truke plazera itzulia ziola. Beraz, batak eta besteak hori bera nahi izan balute, egoera egokia zatekeen; baina batak gozamena nahi badu eta besteak ordainsaria, eta batak lortzen badu baina (20) besteak ez, tratuaren araberako baldintzak ez dira behar bezala beteko, gizakia beharrezkoa duen horri begira ahalegintzen baita, eta horregatik bakarrik emango du berea. Baina, bietako zeini dagokio onuraren balioa ezartzea, ematen duenari edo jasotzen duenari? Izan ere, badirudi ematen duenak bestearen esku uzten duela. Hori da, hain zuzen ere, esaten dutenez, Protagorasek ere egiten zuena,[1] (25) edozer irakasten zuenean, ikasleari eskatzen baitzion neurtzea ikasitakoaren balioa, eta ontzat hartzen zuen. Baina, horrelako gaietan, gizaki batzuek maisuaren prezio finkoa [2] atsegin dute. Baina dirua aurretiaz kobratuta gero euren promesen gehiegikeriagatik esandakotik ezer betetzen ez dutenak, jakina, salaketetan sartzen dira, (30) hartu zuten akordio guztia betetzen ez baitute. Sofistak agian egongo dira behartuta hori egitera, dakitenarengatik inork ez bailieke dirurik emango. Beraz, horiek, kobratu zuten diruaren ordaina betetzen ez dutenez, salaketak jasotzen dituzte, jakina. Zerbitzu-akordiorik ez dagoen adiskidetasunetan, esana dago (35) adiskideengatik beraiengatik ematen dutenak ezin dituztela salaketak jaso (horrelakoa baita bertutearen araberako adiskidetasuna), (1164b) eta ordaina asmoaren arabera egin behar da (hori baita adiskideari eta bertuteari dagokiena). Badirudi filosofian parte harrarazi egin zigutenekin ere horrela jokatu behar dela. Izan ere, haren balioa ez da dirutan neurtzen eta ez legoke ohore baliokiderik, (5) baina agian izango da nahikoa, jainkoekiko edo gurasoekiko bezala, daitekeena eskaintzea. Baina, mesedea horrelakoa ez bada, helburu jakin batengatik baizik, agian egokiena izan beharko da ordaina bien ustez egokia izatea; baina hori gertatzen ez bada, beharrezkotzat ez ezik, zuzentzat ere har daiteke mesedea lehendabizi jasotzen duenak balioztatzea; (10) izan ere, horrek, etekin berdina atera badu edo lorturiko plazeraren truke ordain dezakeen bezainbeste jaso badu, bestearengandik ordain egokia jasoa izango du. Izan ere, agerian dago salerosketetan ere horrela gertatzen dela, eta leku batzuetan legeek agintzen dute borondatezko merkataritza-akordioetan ez dadila auzirik izan, batek norbaitekin konfiantza-akordio bat egin badu, horren deuseztapena (15) akordioa sinatu duten moduan egin behar dutelakoan; izan ere, mesedea jaso duenak balioztatzea, eman duenak balioztatzea baino zuzenagoa dela pentsatzen da. Alabaina, gehienetan gauzak ez dituzte berdin balioztatzen gauza horiek dituztenek eta lortu nahi dituztenek, norberari bere gauzak eta bere mesedeak balio handikoak direla iruditzen baitzaio; hala eta guztiz ere, ordaina egiten da mesedea jaso dutenek ezarritako balioaren arabera; (20) eta agian ez da balioztatu behar behin edukita ematen diogun balioaren arabera, eduki aurretik ematen genion balioaren arabera baizik.
II
aldatuHorrelako gaietan ere sortzen dira zailtasunak: esate baterako, aitari dena eman eta denetan men egin behar zaion edo, gaisorik dagoenean, konfiantza osoa sendagilearengan izan behar den, eta gerra kontuetan, eskua altxatuta, jeneral aditua hautatu behar den; (25) berdin, gizaki bertutetsuari baino lehen ea lagunari lagundu behar zaion, eta ongia, kideari baino lehen, ongileari itzuli behar zaion, aldi berean bata eta bestea egin ezin badaitezke. Beraz, akaso ez da zaila horrelako kontu guztiok zehatz definitzea? Badituzte desberdintasun asko eta denetarikoak, mesedeen handitasunari eta txikitasunari, eta edertasunari eta beharrari dagokienez. (30) Baina argi dago gauza oro ez zaiola gizaki berberari eman behar, eta, normalean, lagunei mesedeak egin baino lehen jasotako ongintzak itzuli behar direla, lagunei eman baino lehen hartzekodunari mailegua ere itzuli behar zaion bezalaxe. Baina, agian hori ere ez da beti egin behar; adibidez, bidelapurrengandik askatu duten horrek bera askatu zuena askatu behar du, hori edonor izanda ere, (35) –edo, bahitua izan ez bada, askapenaren dirua eman, eskatzen badio– (1165a), edo bere aita askatu behar du? Badirudi, hain zuzen ere, bere aita askatu beharko lukeela lehenago. Beraz, esanda dagoen bezala, zorrak kitatu behar dira, baina mesedea nobleziari eta beharrari dagokienez nabarmentzen bada, gauza horren alde egin behar da. (5) Zenbaitetan, hain zuzen ere, ez da batere berdinkoia aurretik jasotakoa ordaintzea, mesedea gizaki bertutetsu bati eginda –eta jakinda bertutetsua zela–, eta ordaina, berriz, ustezko gizon zital bati egin behar zaionean. Beste zenbaitetan, ez zaio mailegua itzuli behar mailegua egin zionari, batak gizon zintzo bati egin baitzion –mailegua berreskuratuko zuelakoan–, baina besteak ez du gizon gaizto bati egindako mailegua berreskuratzeko itxaropenik. (10) Hori dela eta, benetan horrela bada, balioztapena ez da berdinkoia; eta horrela ez bada, baina horrela uste badute, ez zaie irudituko ezer zentzugaberik egiten denik. Beraz, sarritan esanda dagoen bezala, pasioei eta ekintzei buruzko arrazoinamenduek hauen objektuen zehaztasun-maila berbera dute.
Beraz, agerian dago ez diegula denei gauza bera eman behar, (15) ezta dena aitari ere, Zeusi ere sakrifizio guztiak eskaintzen ez dizkiogun bezala; eta gurasoei, anaia-arrebei, lagunei eta ongileei eman behar zaizkien gauzak desberdinak direnez, bakoitzari dagokiona eta egokia dena eman behar zaio. Eta agerian omen dago, hain zuzen ere, horrela egiten dela; esate baterako, ezkontzetara senideak gonbidatzen dira, horiek baterako dutena sendia baita, eta, ondorioz, horren inguruko ekintzak; (20) eta arrazoi beragatik, hiletetara gehienbat senideak azaldu behar direla pentsatzen da. Eta badirudi janariaz gurasoak bereziki hornitu behar ditugula, zor baitiegu, eta ederragoa dela gure izatearen sortzaileak hornitzea gure burua hornitzea baino. Gurasoei, jainkoei bezala, ohorea ere zor diegu, baina ez denak, (25) aitari eta amari ez baitiegu ohore berbera eskaini behar, ez baita ohore berbera ere jakintsuari edo jeneralari eskaintzen dioguna, aitari dagokiona eta, era berean, amari dagokiona baizik. Eta agure guztiei ere ohorea eskaini behar diegu adinaren arabera, haien aurrean begirunez zutituz eta aulkia utziz, eta horrelako ekintzez. Gure lagunei eta anaia-arrebei, konfiantza eta gauza oro partekatzea zor diegu. (30) Eta senideei, tribukideei, hirikideei eta gainerako guztiei dagokienaz hornitzen ahalegindu behar dugu beti, eta baikoitzari berez dagokiona zehazten, senidetasunaren, bertutearen eta baliogarritasunaren arabera. Beraz, gure antzekoak direnak zehaztea askoz errazagoa da, baina desberdinak direnak, askoz nekeagoa. Hala ere, horregatik behintzat, ez diogu uko egin behar hori egiteari, (35) baizik eta, ahal den neurrian, horrela zehaztu.
III
aldatuBadago beste zailtasun bat: adiskideak aldatzen direnean, euren adiskidetasunak deuseztatu behar diren ala ez. (1165b) Onurarengatik edo plazerarengatik diren adiskideek onura eta plazera jadanik lortzen ez dituztenean, ez ote da inolaz ere zentzugabea izango adiskidetasuna deuseztatzea? Izan ere, gauza horien adiskideak ziren, eta gauza horiek falta izanik, arrazoizkoa da adiskideak ez izatea. Baten batek salatu lezake bere adiskide bat, (5) horrek onurarengatik edo plazerarengatik maitatzen badu ere, aiurriarengatik maitatzen duenaren itxura egingo balu, zeren eta, hasieran esan dugun bezala, lagunen artean desberdintasun gehienak sortzen baitira uste bezalako adiskideak ez direnean. Beraz, baten batek bere burua engainatzen duenean eta bere aiurriarengatik maitatua dela pentsatzen duenenean –besteak horretarako ezer egin gabe–, bere buruari egotzi beharko dio errua; (10) baina, bestearen zurikeriak engainatzen duenean, zuzena da engainatu zuena salatzea, eta moneta faltsifikatzaileak baino gehiago oraindik, gaiztakeria askoz preziatuagoa den zerbaiti dagokion neurrian. Bestalde, gizaki bat ona delakoan onartzen bada, baina zitala bihurtzen bada eta horrelakoa badirudi, oraindik maitatu beharko ote da? Edo hori ezin daiteke, den-dena maitagarria ez bada, ona dena baizik? (15) Gaiztoa dena ez da maitagarria, eta ez da maitatu behar, inork ez baitu gaiztoa dena maitatu behar, ez eta ziztrina denaren antzeko bihurtu ere, eta esana dago antzekoa denak antzekoa dena maite duela. Beraz, adiskidetasun hori, berehala deuseztu beharko ote da? Edo agian ez beti, bakarrik zitalkeriari dagokionez sendaezinak direnean baizik? Izan ere, zuzentzea onartzen badute, beren ondasunetan baino beren aiurria zuzentzen lagundu behar zaie, hau (20) hobea eta adiskidetasunari dagokiona den neurrian. Baina pentsa liteke adiskidetasun hori deusezten duenak ez duela ezer zentzugaberik egiten, ez baitzen horrelako gizakiren adiskidea, eta, beraz, bere adiskidea aldatu izanagatik eta hura berreskuratu ezinik, harengandik aldentzen da. Baina batek berdin dirauen bitartean bestea hobetu egiten bada, eta bertutean neurri handian gainditzen badu bestea, hori adiskidetzat hartzen jarraitu beharko du edo ezinezkoa izango da? (25) Oso agerikoa da urruntze handia sortzen denean, haurtzaroko adiskidetasunetan bezala; izan ere, batak, pentsaerari dagokionez, ume jarraituko balu, eta bestea gizonik helduena bezalakoa balitz, nola izan litezke adiskideak gauza berberak gustatzen ez bazaizkie eta gauza berberek pozten eta atsekabetzen ez badituzte? Izan ere, hori guztia ez dute elkarrekin partekatuko, (30) eta hori guztia partekatu gabe ezin daitezke adiskideak izan, ez baitira elkarrekin bizitzeko gai. Baina horretaz dagoeneko mintzatu gara. Beraz, bestearekiko, adiskideak inoiz izan ez balira bezala jokatu beharko du, eta ez beste inolaz ere? Agian, iraganeko harreman estua gogoan izan beharko du, eta arrotzei baino lehenago adiskideei lagundu behar zaiela uste den bezala, (35) horrela ere adiskideak zirenei zerbait eman behar zaie iraganeko adiskidetasunarengatik, horren deuseztapena gehiegizko zitalkeriaz gertatu ezean.
IV
aldatu(1166a) Badirudi hurkoekiko adiskidetasun-harremanak eta adiskidetasunak definitzen dituzten ezaugarriak gizakiak bere buruarekiko dituen harremanetatik datozela. Izan ere, adiskidetzat hartzen dugu ongia –edo ongia iruditzen zaiona– beste baten kausaz gogoa izaten eta egiten duena, edo bere adiskidea, adiskideagatik beragatik, existitu eta bizi izatearen gogoa izaten duena; (5) hori da, hain zuzen ere, amek seme-alabekiko nabaritzen dutena, eta euren artean haserretu diren adiskideek. Beste batzuek adiskidetzat hartzen dute beste batekin bizitza igaro eta haren gauza berak aukeratzen dituena, edo adiskidearekin adiskidearen oinazeak eta pozak partekatzen dituena, eta hori ere amekin gertatzen da gehienbat. Horietako modu batez edo bestez definitzen da adiskidetasuna. (10) Hala ere, horietako ezaugarri bakoitza bere buruarekiko zintzoa den gizakiari dagokio (eta gainerakoei, euren burua zintzotzat hartzen duten neurrian; eta badirudi, esana dagoen bezala, bertutea eta gizaki bertutetsua gauza ororen neurria direla). Gizaki hori, hain zuzen ere, bere buruarekin bat dator, eta gauza berberak arima-arimatik irrikatzen ditu; (15) eta, benetan, bere buruarentzat ongia eta ona dirudiena nahi du, eta hori burutu egiten du (ona denari ongia egiteari ekitea baitagokio), eta bere buruagatik (bere adimenari esker egiten baitu, eta badirudi horixe dela gizaki bakoitzaren izana); eta bizi eta bere burua babestu nahi du, eta bereziki arimaren alde pentsakorra, bizi izatea gizaki bertutetsuarentzat ona baita, eta (20) gizaki orok nahi du bere buruarentzat ongia, eta inork ez luke beste bat bihurtzearen truke dena edukitzea aukeratuko (jainkoak ere, orain ere, ongia baitu), baizik eta gizaki berbera izanik, eta badirudi adimena dela bakoitzaren izana, edo hori bereziki. Horrelako gizakiak ere bere buruarekin igaro nahi du denbora, hori atseginez egiten baitu; izan ere, iraganeko ekintzen oroimenak (25) pozgarriak ditu eta etorkizunaren itxaropenak ere dira onak, eta horrelakoak izanik, atseginak ere bai. Eta adimenak begiespen-objektu ugariz hornitzen du. Eta bere buruarekin bereziki, oinazeak eta gozamenak partekatzen ditu, gauza berak baititu beti atsekabetsuak eta atseginak, eta ez batzuetan batzuk eta beste batzuetan beste batzuk, zeren eta, nolabait esateko, ez baita damutzeko gai.
(30) Beraz, gizaki zintzoak horietako ezaugarri bakoitza bere buruarekiko edukitzeagatik, eta, adiskidearekiko bezalaxe, bere buruarekiko sentimendu berberak izateagatik (adiskidea beste ni bat baita), badirudi adiskidetasuna ere horrelako zerbait dela, eta adiskideak, aipatutako ezaugarriak dituztenak. Norberaren buruarekiko adiskidetasuna ote dagoen ala ez, utziko dugu oraingoz. Pentsa liteke adiskidetasunik badagoela, (35) aipatutako ezaugarri bat edo gehiago dagoen neurrian –esana dugun guztiagatik– (1166b) eta adiskidetasunik handiena, norberak bere buruarekiko duenaren antzekoa delako.
Agerian dago esandako ezaugarriak gizaki gehienen baitan ere aurkitzen direla, horiek ziztrinak izanda ere. Beraz, esango al dugu gizaki horiek ezaugarri haietan parte hartzen dutela euren burua atsegin duten eta ontzat hartzen duten neurrian? (5) Izan ere, erabat ziztrina edo oso donauslea den batek berak ere, ez ditu behintzat, ezta itxuraz ere. Eta ziztrinak direnengan ere ia ez dira aurkitzen, euren buruarekin ez baitatoz bat, eta gauza batzuk irrikatzen badituzte ere, beste batzuk nahi dituzte, meneraezinek bezala, horiek, euren ustez onak diren gauzak aukeratu beharrean, atseginak aukeratzen baitituzte, kaltegarriak izan arren; (10) beste batzuek, koldarkeriaz edo nagikeriaz, euren ustez eurentzat onena dena egiteari uko egiten diote, eta beste batzuek –gaiztakeria asko eginda euren zitalkeriagatik gainerakoek gorrotatuak diren horiek– bizi izatetik ihes eta euren buruaz beste ere egiten dute. Zitalak direnek egunak igarotzeko kideak bilatzen dituzte eta euren burutik ihes egiten dute, (15) bakarrik daudenean gauza higuingarri askoz oroitu eta horrelakoak espero baitituzte; eta beste batzuekin daudenean, ostera, horiek ahaztu egiten zaizkie. Eta ezer maitagarririk ez dutenez, ez dute inolako adiskidetasunik euren buruarekiko; beraz, horrelako gizakiak ez dira euren buruaz pozten eta oinazerik ere ez dute jasaten, euren ariman borroka baita nagusi, (20) hau da, horren alde batek, zitalkeriaren ondorioz, sufritu egiten du zenbait gauzatatik urrundua bada, baina beste aldeak gozatu egiten du, eta alde batek alde baterantz eramaten du, eta beste aldeak, beste alderantz, erdibiturik balitz bezala. Eta aldi berean atsekabetzea eta gozatzea ezinezkoa bada, denbora gutxi igaro ondoren, behintzat, atsekabetzen da gozatu zelako, eta gogoa izango luke gauza haiek atseginak ez izana, ziztrinak direnak damuz beteta baitaude. (25) Beraz, badirudi ziztrina denak ez duela adiskidetasunik ezta bere buruarekiko ere, ezer maitegarririk ez duelako. Hortaz, horrelako disposizioan izatea zorigaitz handia bada, zitalkeria saihesten eta ona izaten saiatu behar dugu, horrela gure buruarekiko adiskidetasun-disposizioa eduki ahal izango baitugu, baita beste baten adiskidea izateko ere.
V
aldatu(30) Borondate ona adiskidetasun-harremanaren antzekoa da, baina, jakina, ez da adiskidetasuna; izan ere, borondate ona ezezagunak direnekiko ere badago, eta oharkabean pasatzen da, baina adiskidetasuna ez, lehenago esan dugun bezala. Baina estimua ere ez da, ez baititu estimuari lotuta dauden bizitasuna eta guraria. Halaber, estimua harreman estuarekin batera gertatzen da, eta borondate ona, berriz, bat-batean sor daiteke, (35) lehiakideen kasuan ere gertatzen den moduan: (1167a) izan ere, gizakiek haiekiko borondate ona sortzen dute eta gauza bera nahi dute, baina ez liekete inolaz ere irabazten lagunduko, esan dugun bezala, borondate ona bat-batekoa baita, eta haiekiko sortutako maitasuna, azalekoa. Hala ere, badirudi borondate ona, ezbairik gabe, adiskidetasuraren hasiera dela, ikusmenaren bidezko atsegina izatea amodioaren hasiera den bezala, (5) inork ez baitu maite aurrez aurretik maitatuaren itxuraz gozatu ez badu; baina ikusten duen edertasunaz gozatzen duenak ez du horregatik gehiagorik maite, ez dagoena irrikaz desiratu eta haren presentzia gutiziatzen duenean baizik. Hortaz, hain zuzen, gizakiak ere ezin dira adiskideak izan aurrez borondate ona sentitu gabe; hala ere, borondatetsu direnek ez dute horregatik gehiagorik maite, borondatetsuek euren borondatearen objektu direnentzat ez beste inorentzat ez baitute ongiaren gogoa izaten, baina haiekin ez lukete ezer egingo (10) eta haiengatik ez lukete inolako lanik hartuko. Horregatik, metafora bat eginez, borondate ona adiskidetasun motela dela esan liteke, eta denbora luzearen ondorioz eta harreman estuetara iritsita, adiskidetasun bihurtzen dela, baina ez onurarengatik, ezta plazerarengatik ere, borondate ona ere ez baitatza haietan. Izan ere, ongia jasotzen duenak jasotakoaren truke ematen du (15) bere borondate ona, horrela zuzen jokatuz; baina gauza etekintsua lor ditzakeelako itxaropenean norbaiti ongia egin nahi dionak ez omen du harekiko borondate ona, bere buruarekiko baizik, neurri handiagoan, gauza baliogarri bati begira lausengatzen badu adiskidea ere ez den bezala. Eta, oro har, borondate ona bertutearengatik eta ontasun batengatik sortzen da, (20) norbait ederra, adoretsua edo horrelako zerbait iruditzen zaigunean, lehiakideei buruz ere esan dugun bezala.
VI
aldatuGogaidetasunak ere badirudi adiskidetasun-sentimendu bat, eta horregatik, hain zuzen, ez da soilik iritzi-adostasuna, azken hori elkar ezagutzen ez dutenen artean ere gerta baitaiteke. Eta ez da edozeri buruz esaten iritzi berbera dutenak gogaideak direnik, (25) adibidez zeruko fenomenoei buruz (gai horiei buruzko adostasuna ez baita adiskidetasuna); aitzitik, esaten da hirietan gogaidetasuna dagoela hiritarrek komeni zaien inguruan iritzi berbera dutenean eta gauza bera hautatu eta elkarrekin harturiko erabakiak betetzen dituztenean. Beraz, gogaidetasuna praktikari dagokio, eta horren barne, garrantzi handia duenari (30) eta bi aldeek edo denek eduki dezaketenari buruzkoa da; adibidez, hirietan, hiritar guztiek kargu publikoak hautagarriak izan behar direla pentsatzen dutenean, edo lazedemoniarrekin batera borrokatu behar dela, edo Pitakok gobernatu behar zuela, hark ere nahi zuenean. Baina norberak bere burua agintaritzat hartzen duenean, Feniziarrak-en [3] bezala, desakordioa sortzen da, gogaidetasuna ez baita denek gauza bera pentsatzea, hau edozer izanda ere, (35) gai berean gauza bera pentsatzea baizik, bai herri xeheak bai goiko mailakoek zintzoenek gobernatu behar dutela pentsatzen dutenenean bezala; (1167b) horrela, hain zuzen ere, denek lortzen dute gogo dutena. Beraz, badirudi gogaidetasuna adiskidetasun politiko bat dela –horrela definitzen da, alegia–, gogaidetasuna komenigarria denari eta bizitzari dagozkionari buruzkoa baita. Eta horrelako gogaidetasuna zintzoak direnen artean aurkitzen da, (5) horiengan bai beren buruarekiko bai elkarren arteko adostasuna baitago, eta nolabait esateko, iritzi berbera izanik (horrelako gizakien asmoak, hain zuzen, irmo eusten dira eta ez dira aurrerantz eta atzerantz isuritzen Euripo itsasartaren urak bezala), zuzena eta komenigarria denaren gogoa izaten dute, eta horretara zuzentzen dira elkarrekin. Ziztrinak direnak, berriz, ezin daitezke adostasunera iritsi, neurri txikian ez bada, (10) adiskidetasunarekin gertatu bezala, etekinetan dagokiena baino gehiago nahi dutelako, baina lan neketsuetan eta zerbitzu publikoetan atzean geratzen dira; eta hori bakoitzak bere buruarentzat nahi duenez, ondokoa arakatu eta eragotzi egiten du; eta denen artekoa babestu ezean, deuseztu egiten da. Beraz, euren artean desadostasuna sortzen da, (15) zuzena dena egitera elkar behartzen dutelako, berez egin nahi ez badute ere.
VII
aldatuBadirudi ongileek onuradunak gehiago maite dituztela onuradunek ongia egin dietenak baino, eta hori paradoxa den aldetik eztabaidatzen da. Gehienen ustez, hain zuzen, (20) batzuek zor dute eta besteei zor zaie; beraz, maileguei dagokienez, zordunek hartzekodunak ez izatea nahi, baina mailegatu dutenek euren zordunen salbazioaz arduratzen diren bezala, horrela ere ongileek onuradunak bizi izatea nahi dute horrek jasotako mesedeak itzul ahal ditzaten, (25) baina horiek ez dira itzultzeaz arduratzen. Beraz, Epikarmok [4] segituan esango luke horrela hitz egiten dutenek ezkerreko begiz begiratzen dutela, baina badirudi hori gizatiarra dela, gizaki gehienak ahazkorrak baitira, eta ongia egin baino ongia jaso nahiago izaten dute. Hala ere, pentsa liteke arrazoia askoz naturalagoa dela, eta mailegu-emaileei dagokienez, arrazoia antzekoa ere ez dela, (30) haien aldetik ez baitago inolako estimurik; aitzitik, besteen babesa kobratzeagatik nahi dute; ongileek, berriz, ongia egin dietenak maitatu eta maitasunez tratatzen dituzte, horiek baliagarriak ez izan arren, ezta etorkizunean ere. Eta artisauen artean ere gauza bera gertatzen da, artisau orok bere lana maite baitu (35), lanak, arimaduna izatekotan, artisaua maite izango lukeena baino gehiago. (1168a) Eta hori, agian, olerkarien artean gertatzen da bereziki, ikaragarri maite baitituzte euren olerkiak, seme-alabak bezala maite dituzte eta. Beraz, badirudi horrelakoa dela ongileen jarrera, onuraduna haien obra bezalakoa baita; beraz, ongileek onuraduna (5) gehiago maite dute, lanak bere egilea baino. Eta horren arrazoia existentzia nahigarria eta maitegarria izatea da, eta gure izatea jardueran datza (bizi izatean eta egitean baitatza); beraz, lana, nolabait, egilea egintzan da; hortaz, egileak lana maite du izatea ere maite duelako. Eta hau naturala da, potentzian dagoena lanak egintzan adierazten duelako.
(10) Aldi berean, ongilearentzat ere ederra da ekintzaren emaitza; beraz, ekintza hori jaso zuen gizakiaz gozatzen du, baina onuradunarentzat ez dago ezer ederrik ongia egin zionarengan, zerbait onuragarria baizik; baina onuragarria dena ez da horren atsegin eta maitagarria. Atsegina da orainaren jarduera, etorkizunaren itxaropena eta iraganaren oroimena; hala ere, atseginena jardueraren emaitza da, (15) eta maitagarria ere bai. Beraz, ongia egin duenaren lanak iraun egiten du (ederra dena oso iraunkorra baita), baina jaso duenaren onura, ostera, igaro egiten da. Eta ederra denaren oroimena atsegina da, baina onuragarria denarena ez, edo gutxiago; hala ere, itxaronaldian kontrakoa gertatzen omen da. Gainera, maitatzeak ekintza dirudi eta maitatua izateak jarrera pasiboa, (20) eta maitatzea eta adiskidetasun-sentimenduak ekintzetan gorenak direnengan aurkitzen dira. Bestalde, denek estimatzen dute nekez lortzen dena, ondasunak bezala, horiek lortu dituztenek jarauntsi dituztenek baino gehiago estimatzen baitituzte. Bestalde, badirudi ongia jasotzea ez dela mingarria, baina ongia egitea, nekeza. (25) Arrazoi horiengatik, amek ere maite dituzte gehiago beren seme-alabak, jaiotza neketsuagoa baita, eta hobeto dakite seme-alabak bereak direla. Eta badirudi ezaugarri hori ongileei ere egokitu lekiekeela.
VIII
aldatuEztabaidagarria da ia nork bere burua beste edonor baino gehiago maitatu behar duen, bere burua beste inor baino gehiago maite dutenak gaitzesten baitira, (30) eta horiei berekoi esaten zaie lotsatuta uzteko; eta badirudi ziztrina denak den-dena bere buruarengatik egiten duela, eta zenbat eta zitalagoa izan, orduan eta gehiago –horrela, aurpegiratzen zaio bere buruarengatik ez den ezer egiten ez duela–; zintzoa denak, berriz, ederra denarengatik egiten du, eta zenbat eta hobea izan, orduan eta gehiago, edo adiskidearengatik, eta (35) bere onura albo batera uzten du. Hala ere, ekintzak ez datoz bat hitz horiekin, eta ez arrazoirik gabe. (1168b) Izan ere, esaten da adiskiderik onena maitatu behar dela gehien, eta adiskiderik onena da ongia harengatik berarengatik nahi izaten dion gizaki hori, nahiz eta gero inor ez konturatu; baina hori nork bere buruarekiko jardueran aurkitzen da nagusiki eta adiskidetasuna definitzen duten gainerako guztietan, hain zuzen; izan ere, (5) esana dugu adiskidetasun-sentimendu guztiak gizakiaren beraren barnetik datozela, eta jarraian gainerakoengana zabaltzen direla. Eta esaera zahar guztiak bat datoz esandakoarekin: arima bakar bat, eta adiskideen gauzak baterakoak dira, eta adiskidantza berdintasuna da eta belauna bernatik gertuago dago, alegia. Izan ere, hori guztia norberari legokioke nagusiki, (10) nor bere buruarentzat adiskiderik onena baita; beraz, nork bere burua maitatu behar du bereziki. Hortaz, arrazoi sendoz eztabaida daiteke biotako zein iritziri jarraitu behar zaion, biak sinesgarriak baitira.
Beraz, agian bereizi beharko genituzke horrelako arrazoinamenduak eta zehaztu batzuek eta besteek zein neurritan eta nola esaten duten egia. Honela, norberarekiko maitasuna bakoitzak zein zentzutan esaten duen ulertuko bagenu, agian argituko litzateke zailtasuna. (15) Eta horrela, batzuek, gaitzespen gisa, berekoi esaten diete ondasunetan, ohoreetan eta gorputz-plazeretan euren buruari dagokiena baino gehiago ematen diotenei, horiek baitira, hain zuzen ere, gizaki gehienek irrikatzen dituztenak, eta gauza horiek lortzeko asmoz eginahalak egiten dituzte onenak direlakoan; eta horregatik daude horiek lortzeko lehiak. Beraz, gauza horiek gutiziatzen dituztenak euren irrikak betetzen saiatzen dira, (20) eta, oro har, euren pasioak eta arimaren alde irrazionala; eta gizaki gehienak horrelakoak dira; horregatik, izenak ere hartu du esanahi txarra, gehienetan berekoikeria txarra baita; beraz, zuzena da horren berekoi direnak gaitzestea. Agerian dago euren buruari horrelako gauzak ematen dizkiotenei berekoi deitu ohi dietela gizaki gehienek; (25) izan ere, gizaki batek beste gizaki guztiek baino neurri handiagoan eginahalak egingo balitu beti zuzentasuna edo neurritasuna edo gainerako beste bertuteren bati ekitean, eta, oro har, beti ederra dena gordeko balu bere buruarentzat, gizaki horri inork ez lioke berekoi deituko ezta gaitzetsiko ere. Hala ere, pentsa liteke horrelako gizakiak bere burua gehiago maite duela, bere buruari ongirik ederrenak eta handienak ematen baitizkio, (30) eta bere alderik nagusiena asebetetzen du, eta alde horri men egiten dio gauza orotan. Eta hiria, baita sistema oro ere, bere alde nagusienean bereziki omen datzan bezala, horrelaxe gizakia ere; beraz, alde hori maite duena eta alde hori asebetetzen duena gizakirik berekoiena da. Bestalde, meneratu eta meneraezin, hurrenez hurren, haren adimenak menperatzen duen gizakiari eta menperatzen ez duenari esaten diegu, (35) nor bere adimena delakoan; (1169a) halaber, badirudi horrelako eta borondatezko ekintzak arrazoimenarekin batera gertatzen direla bereziki; eta agerian dago, beraz, gizaki oro bere adimena dela, edo adimena gehienbat, eta ona den gizakiak alde hori maite duela bereziki. Horregatik izango da bere burua modu gorenean maite duena, baina ez gaitzetsia denaren moduan, eta bi gizakiok, (5) arrazoimenaren arabera bizi izatea eta pasioaren arabera bizi izatea bezain desberdinak izango dira, edo ederra denaren desira eta onuragarria omen denarena. Beraz, ekintza ederrak egiten nabari saiatzen direnak denek onartzen eta goraipatzen dituzte; baina ederra dena lortu nahian denak lehian ariko balira eta ederrena egiten grinaz saiatuko balira, (10) beharrezko ongi komun guztiak edukiko litezke eta gizaki bakoitzak ongirik handienak, bertutea, benetan, horrelakoa bada. Horrela, bada, ona den gizakiak bere burua maitatu behar du (hark ere, eder jokatuz, bere buruari lagunduko baitio eta gainerakoentzat onuragarria izango da), baina zitala den gizakiak ez, bere pasio doilorrek eramana izanik, bai bere burari bai ondokoei kalte egiten baitie. (15) Zitala denari dagokionez, beraz, ez datoz bat egin behar duena eta egiten duena, baina zintzoa denak, berriz, egin behar duena, hain zuzen ere, egin egiten du, adimen orok, beti, norberarentzat onena dena aukeratzen baitu, eta zintzoa denak bere adimenari men egiten dio. Egia da, bestalde, bertutetsua denak adiskideengatik eta aberriarengatik gauza asko egiten duela, hil arte beharrezkoa bada. (20) Izan ere, ondasunak, ohoreak eta, oro har, liskarren objektuak diren ongiak baztertuko ditu bere buruarentzat ederra dena bereganatzeko, denbora laburrean biziki gozatzea aukeratuko baitu denbora luzean motel gozatzea baino lehenago, eta urte batez eder bizi izatea, urte askoan edonola bizi izatea baino, eta ekintza bakar bat, ederra eta handia bada, ekintza asko eta txikiak baino. (25) Eta hori gertatzen zaie, agian, besteen alde hiltzen direnei; euren buruarentzat, benetan, oso ongi handia aukeratzen dute. Eta ondasunei uko egingo diete beren adiskideek gehiago lor dezaten, adiskideak ondasunak izango baititu, eta hark, edertasuna; beraz, bere buruari ongi handiagoa ematen dio. Eta ohoreei eta kargu publikoei dagokienez gauza bera egingo du, (30) horri guztiari uko egingo baitio bere adiskidearengatik, hori egitea harentzat ederra eta goraipagarria delako. Beraz, arrazoiz hartzen da bertutetsutzat, beste edozeren gainetik ederra dena aukeratzen baitu. Eta baliteke ekintzei ere uko egitea bere adiskideari uzteko, eta bere adiskideak egitearen kausa ederragoa izatea, hark berak ekintzak egitea baino. (35) Beraz, goraipagarria den guztiari dagokionez nabaria da gizaki bertutetsuak bere buruarentzat zati ederragoa hartzen duela; (1169b) beraz, esan bezala, geure burua horrela maitatu behar dugu, eta ez gizaki gehienek bezala.
IX
aldatuZoriontsu denari dagokionez, eztabaidagarria da adiskiderik beharko duen ala ez. Izan ere, esaten da dohatsu eta autarkiko direnek ez dutela adiskiderik behar, haiek ongi guztiak baitituzte; beraz, (5) autarkikoak izanik, ezeren premian ez daude, baina adiskideak, beste ni bat izanik, geuk gure kabuz lor ez dezakeguna eskuratzen digu. Hortik honako esaera: jainkoak laguntzen dionean, zein adiskideren beharra ote du?;[5] baina badirudi zentzugabea dela gizaki zoriontsuak ongi guztiak dituela ustean egonik (10), hari adiskiderik ez ematea, kanpoko ongietan handiena adiskidea omen baita. Eta adiskideari neurri handiagoan badagokio ongia egitea ongia jasotzea baino, eta mesedeak egitea ongiaren eta bertutearen berezkoa bada, eta ongia adiskideei egitea arrotzei egitea baino ederragoa baldin bada, gizaki bertuetsuak ongia egiteko adiskideak behar izango ditu. Horregatik ikertzen da, bestalde, adiskideak zorionean behar diren neurri handiagoan ala zorigaitzean, (15) gizaki zoritxarrekoak ongileak behar omen baititu eta zoriontsuek ongia egiteko gizakiak. Baina gizaki dohatsua bakarti bihurtzea agian izango da zentzugabea, inork ez bailuke aukeratuko ongi guztiak bere buruarentzat bakarrik edukitzea, gizakia izate politikoa baita, eta berez besteekin bizi behar du. Eta hori, beraz, gizaki zoriontsua ere dagokio, (20) hark berezkoak diren ongi guztiak baititu, eta argi dago egunak adiskideekin eta gizaki zintzoekin igarotzea arrotzekin eta edonolako kideekin igarotzea baino hobea dela. Horrela, bada, gizaki zoriontsuak adiskideak behar ditu.
Beraz, zer esaten dute lehenengo iritzia defendatzen dutenek eta zein zentzutan esaten dute egia? Ez ote dute pentsatzen gizaki gehienek adiskideak baliagarriak direla? Gizaki dohatsuak, jakina, ez du horrelako adiskideen inolako beharrik izango, (25) berak bere baitan ongi guztiak ditu eta; beraz, plazerarengatik direnen beharrik ere ez, edo neurri txikian (bere bizitza atsegina izanik, ez baitu inolaz ere plazer arrotzaren beharrik); eta horrelako adiskiderik behar ez duenez, badirudi ez duela adiskiderik behar. Baina ondorio hori, ziur aski, ez da egia. Izan ere, hasieran esan dugu zoriontasuna nolabaiteko jarduera dela, eta argi dago jarduera sortu egiten dela (30) eta ez dela edukitzen den zerbait bezalakoa. Baina zoriontsua izatea bizi izatean eta jokatzean badatza, eta gizaki onaren jarduera berez bertutetsua eta atsegina bada –hasieran esan bezala–, eta gizakiari berez dagokiona ere atsegina bada, eta gure ondokoak geure burua baino hobeto behatu ahal baditzakegu eta haien ekintzak geureak baino, (35) eta adiskideak ere diren gizaki bertutetsuen ekintzak gizaki onentzat atseginak baldin badira (1170a) (ekintza horiek berez atseginak direnen bi ezaugarriok baitituzte); gizaki dohatsuak, orduan, horrelako adiskideak beharko ditu, egiatan ekintza zintzoak eta berezkoak behatu nahi baditu, eta horrelakoak dira ona den adiskidearen ekintzak.
Bestalde, gizaki zoriontsuak atseginez bizi behar duela pentsatzen da; (5) beraz, gizaki bakartiaren bizitza nekeza da, bere buruarekin jardutea etengabe ez baita erraza; besteekin batera, aldiz, eta besteekiko askoz ere errazagoa izango da. Beraz, haren jarduera, berez atsegina izanik, askoz jarraiagoa izango da, eta gizaki dohatsuari dagokionez horrela izan behar da, gizaki bertutetsuak, bertutetsua den neurrian, bertutearen araberako ekintzak atsegin baititu; gaiztakeriatik datozenekin, ostera, atsekabetzen da, (10) musikaria melodia ederrez gozatu eta txarrak direnez gogaitzen den bezala. Bestalde, gizaki onekin bizi izateak nolabaiteko prestakuntza ekar dezake bertutean, Teognisek ere esaten duenez.[6] Bestalde, modu naturalago batez zorrotzago aztertzen badugu, badirudi adiskide bertutetsua gizaki bertutetsuarentzat berez nahigarria dela, (15) esan baitugu berez ona den gizakia, gizaki bertutetsuarentzat ona eta atsegina dela harengatik berarengatik. Bestalde, animaliei dagokienez, zentzumenek definitzen dute bizitza, baina gizakiei dagokienez, zentzumenek eta adimenak; ahalmena bere jarduera egokiara zuzentzen da eta nagusia dena jardueran datza; hortaz, bizitza sentitzean eta pentsatzean omen datza, nagusiki. (20) Baina bizitza ona eta atsegina berez diren horietako bat da, zerbait zehatza baita, eta zehatza izatea ona denaren naturari dagokio; eta berez ona da, baita gizaki zintzoarentzat ere; horregatik, hain zuzen, iruditzen zaie atsegina gizaki guztiei; baina bizitza zitala eta usteldua ez da horrela hartu behar, ezta atsekabez beterik dagoena ere, horrelako bizitza zehaztugabea baita, hartan dagoen guztia bezala. (25) Hurrengo ataletan, atsekabeari buruz mintzatzen garenean, argiago geratuko da hori. Eta bizitza berez ona eta atsegina bada (eta badirudi horrela dela, gizaki guztiek irrikatzen baitute, zintzoak eta dohatsuak direnek gehienbat, horientzat beren bizimodua nahigarriena baita, eta haien bizitza, dohatsuena); eta ikusten duenak ikusten duela hautematen badu, eta entzuten duenak, entzuten duela, (30) eta ibiltzen denak, ibiltzen dela, eta berdin, gainerako kasuetan ere jarduten dugula hautematen den zerbait badago, beraz, hautematen dugunean, hautematen ari garela hautematen dugu eta pentsatzen dugunean, pentsatzen ari garela, eta hautematen ari garela eta pentsatzen ari garela hautematea, bagarela hautematea da (existitzea hautematea eta pentsatzea baitzen), (1170b) eta bizi garela hautemate berez atsegina bada (bizitza berez ona baita, eta gure baitan ongi bat dagoela hautematea atsegina da), eta bizitza nahigarria bada, eta gehienbat onak direnentzat –haientzat izatea ona eta atsegina baita– (5) (ona berez denaz kontzienteak direnak gozatzen baitira); eta gizaki bertutetsuak bere buruarekiko duen egoera adiskidearekiko ere badu (adiskidea beste ni bat baita), orduan izatea bera bakoitzarentzat nahigarria den modu berean, horrelakoa izango da adiskidearena ere, edo antzekoa. Eta izatea nahigarria da nork bere buruarentzat ongi bat hautemateagatik, eta honelako sentsazioa atsegina da berez. (10) Orduan, adiskidea ere badelako kontzientzia izan behar da, eta hori elkarbizitzan eta hitzen eta pentsamenduen trukean sor daiteke, gizakiei dagokienez elkarbizitza horrela adieraz bailiteke, eta ez, abereekin bezala, leku berean larratzeagatik.
Beraz, gizaki dohatsuarentzat izatea berez nahigarria bada, berez ona eta atsegina baita,(15) eta adiskidearena ere oso antzekoa bada, adiskidea ere nahigarriak diren horietako bat izango da. Eta gizaki dohatsuak bere buruarentzat nahigarria duena eduki behar du, edo horren falta izango du. Beraz, gizaki zoriontsuak adiskide bertutetsuen beharra izango du.
X
aldatu(20) Beraz, ahalik eta adiskide gehien egin behar ote da edo abegiari dagokionez zuzen esaten omen den bezala –ez oso abegitsua, ezta ez–abegitsua ere– , adiskidetasunari dagokionez ere egokia izango da adiskideen falta ez izatea, ezta adiskide gehiegi izatea ere? Hortaz, baliteke esandako hau egokia izatea onurari begira jokatzen dutenentzat, gizaki askori mesedeak ordaintzea nekeza baita, (25) eta bizialdia ez da nahikoa hori egiteko. Hortaz, norberaren bizitzarako beharrezkoak ez diren horiek, ongi bizi izateko soberakoak eta eragozgarriak dira, eta, beraz, ez dago haien beharrik. Halaber, plazerarako ere adiskide gutxi dira beharrezkoak, janarian ongailua bezala. Baina adiskide bertutetsuei dagokienez, ahalik eta gehien izan behar da, ala ba al dago neurri bat adiskide kopuruan ere, (30) hirian gertatu bezala? Izan ere, hamar gizakik ez lukete hiri bat sortuko, baina ehun milatik gora gizakirekin jadanik ez legoke hiririk. Hala ere, kopurua agian ez da izango unitate jakin bat, muga batzuen arteko edozein kopuru baizik. (1171a) Beraz, adiskide kopurua ere bada mugatua; eta handiena da, agian, elkarrekin bizi litekeena (hau adiskidetasunaren ezaugarririk berezkoena omen baita); eta argi dago ezin dela inor gizaki askorekin bizi eta haiekin benetan egon. Gainera, haiek ere elkarren adiskideak izan behar dira, (5) haiek guztiek elkarrekin igaro behar badute bizitza, eta hori, askoren artean, nekeza da lortzen. Bestalde, askoren artean benetan besteekin batera poztea eta nahigabetzea ere zaila da, gerta baitaiteke aldi berean batekin gozatzea eta beste batekin atsekabetzea. Beraz, agian izango da egokia adiskide askorena izatea ez bilatzea, elkarrekin bizi izateko nahikoak diren hainbat adiskide edukitzea baizik. (10) Izan ere, ez dirudi gizaki askoren oso adiskide mina izan daitekeenik, eta horregatik ere ezin daiteke gizaki batzuk maite, maiteak adiskidetasunaren nolabaiteko gehigikeria izan nahi baitu, eta hori gizaki bakar batekiko lor daiteke. Beraz, adiskidetasun handia ere gizaki gutxiekiko eduki daiteke, eta badirudi horrela gertatzen dela, lagunen arteko harremanetan ez baitira adiskide asko sortzen, eta (15) olerkietan goraipaturiko adiskidetasunak bi gizakiren artekoak dira beti. Eta badirudi adiskide asko dutenak eta denak konfiantza osoz tratatzen dituztenak inoren adiskideak ez direla, hiritar-begirunez ez bada, eta horiei adeitsuak esaten zaie. Egia esan, hiritar-begirunez gizaki askoren adiskidea izan daiteke adeitsua izan gabe, benetan zintzoa izanik baizik; baina adiskideen bertutearengatik eta haiengatik beraiengatik, ezin daiteke askoren adiskidea izan; (20) eta horrelakorik aurkitzea, gutxi izanda ere, estimagarria da.
XI
aldatuZorionean behar ditugu neurri handiagoan adiskideak, edo zoritxarrean? Izan ere, bi egoeratan bilatzen dira, zoritxarrean daudenak sorospenaren beharrean baitaude, eta zorionean daudenak haiekin bizi izateko eta haiei ongia egin ahal izateko, ongia egin nahi baitute. Hortaz, adiskidetasuna askoz beharrezkoagoa da zoritxarrean, eta egoera horietan (25) horregatik behar dira adiskide baliagarriak; baina zorionean askoz nobleagoa da, eta horregatik bilatzen dira gizaki zintzoak ere, haiei mesedeak egitea eta bizialdia haiekin igarotzea nahigarriagoa baita. Izan ere, adiskideen presentzia bera ere bada atsegina, bai zorionean bai zoritxarrean, atsekabeturik daudenek penak arintzen baitituzte adiskideek haiekin batera jasaten dituztenean. (30) Horregatik, galdetu liteke ea adiskideek atsekabea jasango balute bezala gertaztzen ote den, ala ez den hori; izan ere, haien presentziak, hau atsegina dugularik, eta zama gurekin jasaten dutela jakiteak atsekabea arintzen dute. Dena den, utz dezagun arintzea arrazoi horiengatik zein beste edozer arrazoirengatik ote den; izan ere, agerian dago esandakoa gertatzen dela. (35) Hala ere, badirudi adiskideen presentzia nolabaiteko nahasketa dela, adiskideak ikustea bera atsegina baita, (1171b) zoritxarrean dagoenarentzat gehienbat, eta atsekabea arintzeko nolabaiteko sorospena da (adiskidea gozagarria baita bere presentziarekin, baita bere hitzarekin ere, trebetasuna erakusten badu, bere adiskidearen aiurria ezagutzen baitu, eta hura atsegin eta atsekabetzen duen guztia); (5) baina bestalde, atsekabetsua da adiskidea gure zoritxarrengatik atsekabetzen dela hautematea, gizaki orok ekiditen baitu adiskideentzat atsekabearen eragilea izatea. Horregatik, hain zuzen ere, gizaki kementsuak arduratzen dira euren atsekabeetan adiskideek parte har ez dezaten, eta atsekabearentzat guztiz soraioa ez den gizakiak ezin du jasan bere adiskideei sorturiko atsekabea, eta, oro har, ez du deitore-kiderik onartzen, hura bera minduria ez delako; (10) emakumeak eta haien antzeko gizonak, berriz, haiekin adiakatzen duenik izateaz gozatzen dira, adiskideak eta deitore-kideak bezala maite dituzte. Baina argi dago beti hobea dena imitatu behar dugula.
Zorionean adiskideen presentziak badu denbora atsegin handiz igarotzea eta haiek gure ongiekin gozatzen direla nabaritzea (15). Horregatik, badirudi gure zorionetara gonbidatu beharko genituzkeela gustura (ongia egitea ederra baita), eta saihestu zoritxarretara gonbidatzea, gaitzak ahalik eta gutxien partekatu behar baitira, eta hortik nahikoa ni zoritxarrekoa [7] esaera. Adiskideei laguntza eskatu behar diegu, bereziki, eragozpen txikia jasanda onura handia egin diezaguketenean. (20) Eta alderantziz, agian izango da egokia zoritxarrean dauden adiskideengana hurbiltzea, haiek deitu gabe eta atsegin handiz (adiskideari ongia egitea baitagokio, beharrean egonik eskatu ez dutenei gehienbat, bientzat askoz ederragoa eta atseginagoa baita); eta zorionean atsegin handiz lan egin elkarrekin (haietan ere baitago adiskideen beharra); baina mesedeak jasotzerakoan astiro ibili behar da, (25) onura lortzea gutiziatzea ez baita noblea. Halaz ere, mesedeak errefusatzeagatik zakar irudia ere ekidin behar da, batzuetan hori gertatzen baita. Hortaz, agerian dago adiskideen presentzia nahigarria dela egoera guztietan.
XII
aldatuBeraz, maitaleek ikusmena zentzumenik maitagarriena eta gainerakoak baino nahigarriago duten bezala, (30) –amodioa zentzumen horren bidez bereziki izaten eta sortzen baita–, adiskideentzat ere izango ote da elkarrekin bizi izatea nahigarriena? Izan ere, adiskidetasuna elkarte bat da, eta nork bere buruarekiko duen egoera adiskidearekiko ere badu. Norberari dagokionez, izatearen sentsazioa nahigarria da, eta adiskideari dagokionez ere bai, beraz; (35) baina sentsazio horren jarduera elkarbizitzan sortzen da, eta (1172a) horren ondorioz adiskideek horretarako joera dute, espero izatekoa denez. Eta gizaki bakoitzarentzat izatearen gakoa edo bizi izatea nahigarria egiten duen arrazoia edozein izanda ere, horretan igaro nahi izaten da denbora adiskideekin; eta horregatik, hain zuzen ere, batzuek edan egiten dute elkarrekin; beste batzuek, dadotara jokatzen dute; beste batzuek, euren aldetik, ariketa fisikoak, ehizean ibili edo filosofatu egiten dute elkarrekin, (5) eta gizakiok, oro har, bizitzan gehien maite duten horretan, hain zuzen ere, igarotzen dute denbora elkarrekin: izan ere, adiskideekin elkarrekin bizi nahi izanik, jarduera horiek egiten dituzte eta elkarrekin parte hartzen dute, haien bidez elkarbizitza sortzen dela pentsatzen baitute. Beraz, gizaki doilorren artean sortzen den adiskidetasuna zitala da (sendoak ez izanik, jarduera doilorretan parte hartzen baitute elkarrekin, (10) eta zitalak bilakatzen dira elkarren antzekoak egiten diren neurrian); gizaki zintzoen adiskidetasuna, ostera, ona da, eta tratuarekin areagotu egiten da; eta badirudi hobeak ere bihurtzen direla elkarrekin jardutean eta elkar zuzentzean, atsegin dutena eredutzat hartzen baitute elkarrengandik, eta hortik gizaki onengandik gauza onak esaera.<ref>Teognis 35.<ref> Adiskidetasunari dagokionez, beraz, nahikotzat hartuko dugu honaino esandakoa; (15) jarraian plazerari buruz ariko gara.