Nikomakorentzako etika/Hamargarren liburua

Nikomakorentzako etika  (K.a. 349)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Hamargarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Hamargarren liburua

I aldatu

Horren ondoren, agian aritu beharko dugu jarraian plazerari buruz, (20) gure izaerari erabat lotuta omen baitago; horregatik, gazteak hezitzean, plazeraz eta atsekabeaz gobernatzen dute hezitzaileek; eta badirudi bertute etikoari begira ere baliabide handia dela gozatu behar den horretaz gozatzea eta gorrotatu behar den hori gorrotatzea; izan ere, horrek bizialdi osoan zehar irauten du, eta eragina eta indarra ditu bertuterako, baita bizitza zoriontsurako ere, (25) gizakiek plazera hautatu eta atsekabea, berriz, saihestu egiten baitute. Eta badirudi horrelako gaiak ez liratekeela inolaz ere alde batera utzi beharko, kontuan hartuta haiei buruz eztabaida handia dagoela. Izan ere, batzuek ongia plazera dela esaten dute, eta beste batzuek, alderantziz, erabat doilorra dela; haiek, agian, horrelakoa dela sinetsita egonik, eta (30) horiek, berriz, gure bizitzarako plazera gauza ziztrina dela aldarrikatzea hobe delako ustean egonik –plazera ziztrina ez izan arren–, gizaki gehienek plazerera jo eta plazeren esklaboak direla uste dute, eta horregatik, aurkako norabidera gidatu behar direla, horrela erdiko terminora iritsiko omen baitira. Baina uste dut ez dela inolaz ere zuzen esaten, pasioei eta ekintzei dagokienez arrazoinamenduak ez baitira ekintzak bezain sinesgarriak (35) eta, horren ondorioz, arrazoinamenduak eta zentzumenen datuak bat ez datozenean, erdeinatu egiten dira haiek eta, gainera, egia belzten dute; (1172b) izan ere, plazera gaitzetsi eta gero noizean behin irrikatzen duenak horretarako joera izaten omen duela pentsarazten du –plazera beti desiragarria balitz bezala–, gizaki gehienek ez baitute bereizten. Beraz, badirudi egiazko arrazoinamenduak ezagutzarako ez ezik (5) bizitzarako ere badirela oso baliagarriak, ekintzekin bat datozenez sinesgarriak direlako, eta, horren ondorioz, horiek ulertu dituzten gizakiak horien arabera bizi izatera bultzatzen dituzte. Baina horri guztiari buruz esandakoa nahikoa da; orain, hel diezaiogun plazerari buruz esandakoari.

II aldatu

Horrela, bada, Eudoxok plazera ongia dela uste zuen, (10) izaki guztiek, bai arrazoidunek bai adimengabeek, plazererako joera dutela ikusten zuelako, eta kasu guztietan nahi izaten dena ona dena eta diferentzia handiz gorena dena dela; hortaz, izate guztiak gauza berberara eramanak izateak adierazten zuen plazera guztientzat ongirik onena dela (izaki bakoitzak bere buruarentzat ona dena aurkitzen baitu, bere elikagaia bezala), eta izaki guztientzako ongia eta denek gutiziatzen duten hori ongia hutsa da. (15) Baina arrazoinamenduok, haiengatik beraiengatik baino, Eudoxoren aiurri bertutetsuagatik sinetsi ziren, antza denez oso gizon neurrizkoa baitzen; hortaz, bazirudien ez zuela hori guztia esaten plazeraren adiskidea zen aldetik, esaten zuena egiatan horrelakoa zelako baizik. Eta uste zuen kontrako ikuspuntutik ere horren nabariak zirela arrazoinamenduak, atsekabea berez higuingarria baita izaki guztientzat, (20) eta, berdin, aurkakoa, beraz, nahigarria. Bestalde, nahigarriena da ez beste zerbaitengatik eta ez beste zerbaiti begira aukeratzen duguna, eta guztien adostasunez plazera da horrelakoa; izan ere, inork ez du galdetzen zergatik gozatzen den, plazera berez nahigarria delakoan. Gainera, plazera edozein ongiri eransten bazaio, ongia nahigarriagoa bihurtzen da (25) –zuzen edo neurritsu jokatzeari, alegia– eta ongia ongiaz handitzen da. Hortaz, arrazoinamendu honek plazera ongietako bat dela erakusten omen du, baina ez beste edozein baino hobea, ongi oro beste ongi bati lotuta isolaturikoa baino aukeragarriagoa baita. Izan ere, horrelako arrazoinamendu batez gezurtatzen du Platonek [1] ongia plazera dela, bizitza atsegina zuhurtziaz zuhurtziarik gabe baino nahigarriagoa baita; (30) eta nahastua dena hobea bada, plazera ez da ongia, ongia ez baita desiragarriagoa bihurtzen zerbait eransteagatik. Eta argi dago berezko ongi batekin joateagatik desiragarriagoa egiten dena inolaz ere ezin litekeela ongia izan. Beraz, zer ote da hori, zeinetan geuk ere parte hartzen dugun? (35) Horrelako zerbait bilatzen dugu, bilatu ere.

Bestalde, izate guztiek irrikatzen dutena ongia dela ezeztatzen dutenek ez dute ezer esaten. (1173a) Izan ere, esaten dugu denek sinesten duten hori badela, eta sinesmen hori ukatzen duenak ez du inolaz ere ezer sinesgarriagorik esango. Izan ere, izaki burugabeek beste inork ez balu plazera irrikatuko, esandakoak nolabaiteko zentzua lezake, baina izate burutsuek ere irrikatzen badute, nola izan lezake? Eta izaki ziztrinengan ere, agian izango da haiek beraiek baino indartsuagoa den berezko ongi bat, (5) haien ongira jotzen duena, alegia. Bestalde, ez dirudi plazeraren kontrakoari buruzko arrazoinamendua ere zuzena izango denik; izan ere esaten da atsekabea gaitz bat bada ere, ezin daitekeela ondorioztatu plazera ongi bat denik, gaitz bati beste gaitz bat kontrajar baitakioke, eta biak ez bata ez bestea ez den beste gaitz bati kontrajarri. Azken hau ez dago gaizki esanda, baina ez da zuzena, behintzat (10) aipatzen ari garen gaiari dagokionez, biak gaitzak balira, biak ere ekidin beharko bailirateke, eta ez gaitzak ez ongiak ez balira, ez litzateke ekidin behar ez bata ez bestea, edo modu berean; baina orain argi dago bata gaitza den aldetik ekidin eta bestea ongia den aldetik aukeratzen direla; horrela, bada, kontrakoak dira.

III aldatu

Hala ere, plazera nolakotasun bat ez izateagatik ez da ondorioztatu behar ongi bat ere ez denik, bertutearen jarduerak ere ez baitira nolakotasunak, (15) ezta zoriontasuna ere. Bestalde, esaten dute ongia zehazgarria dela, eta plazera, berriz, zehaztugabea, honek handiagoa eta txikiagoa dena onartzen baititu. Hala ere, plazera sentitzetik hori ondorioztatzen badute, zuzentasunari eta gainerako bertuteei dagokienez gauza bera gertatuko da, horietaz nabari esaten baitute gizakiek neurri handiagoan eta txikiagoan horrelako edo halako aiurriak dituztela eta bertuteen arabera jokatzen dutela: (20) izan ere, badaude gizaki zuzenagoak eta kementsuagoak, eta zuzen eta neurritsu jokatu, neurri handiagoan eta neurri txikiagoan egin daiteke. Bestalde, plazeren ezagutzaz baliaturik hitz egiten badute, azkenean ez omen dute inondik inora kausa esaten, batzuk garbiak eta besteak nahastuak badira. Eta zerk eragozten du plazerarekin gertatzea osasunarekin gertatzen dena, hau da, zehaztua izanda ere, gehiago eta gutxiago dena onartzea? (25) Izan ere, gauza orotan ez dago proportzio bera, ezta proportzio bakar bat beti gauza berean ere; aitzitik, moteltzen bada ere, neurri bateraino irauten du, eta gehiagotan eta gutxiagotan bereizten da. Eta plazerari dagokionez ere horrela gerta daiteke. Bestalde, ongia betea eta mugimenduak eta sortzeak beteak direla suposatuta, (30) plazera mugimendu bat eta sortze bat dela erakusten saiatzen dira. Hala ere, badirudi ez dutela zuzen esaten, ezta mugimendu bat dela esaten dutenean ere; izan ere, badirudi mugimendu orori abiadura eta moteltasuna dagozkiola, berez ez bada –unibertsoaren mugimenduari bezala–, beste zerbaiti dagokionez; baina plazerean ez dago ez bata ez bestea. Izan ere, plazeraren eragina azkar antzeman daiteke, haserrearena bezala, (1173b) baina ezin daiteke azkar gozatu, ezta beste bati dagokionez ere; ibiltzea, ostera, azkar egin daiteke, eta hazitzea, eta horrelako guztiak. Beraz, plazerean azkar edo geldiro sar daiteke, baina plazerean ezin daiteke azkar jardun, hau da, gozatu. Eta nola izan liteke plazera sortze bat? (5) Izan ere, badirudi gauza jakin bat ez dela edozein gauzatatik sortzen, sortzen den gauza horretan barreiatzen dela baizik; eta atsekabea dela plazeraren sortzea den horren usteldura. Halaber, esaten dute atsekabea naturaren araberakoa denaren gabezia dela, eta plazera, asetzea. Baina pasio horiek gorputzarenak dira. Hortaz, plazera naturaren araberakoa denaren asetzea bada, (10) asetzea gauzatzen den horretaz gozatuko da, eta hori, beraz, gorputza da. Baina ez dirudi hori izango denik; beraz, asetzea ere ez da plazera izango, asetzean baten batek plazera senti balezake ere, ebakuntza batean atsekabea senti lezakeen bezala. Badirudi iritzi hau elikaduraren inguruko atsekabe eta plazeretatik sortu dela, elikaduraren beharraren eraginez (15) atsekabeturik daudenek plazera sentitzen baitute asetzen direnean. Hala ere, hori ez da plazer orotan gertatzen, ezagutzaren inguruko plazerek, zentzumenetan usaimenarenek, soinuek eta ikuskizun askok, eta oroitzapen batzuek eta itsaropenek ez baitakarte atsekaberik. Beraz, zeren sortzeak izango ote dira plazer horiek? (20) Izan ere, ez da egon horiek ase lezaketen ezeren beharrik. Baina plazer gaitzesgarriak aurkezten dituztenen aurka esan liteke horiek ez direla plazerak (izan ere, disposizio biziotsua dutenentzat atseginak badira, ez da pentsatu behar horiek benetan atseginak direnik, haientzat izan ezik, gaixorik daudenei osasungarriak, gozoak edo mikatzak iruditzen zaizkien gauzak besteei ere berdin iruditzen zaienik pentsatu behar ez den bezala, (25) ezta zuriak direnik ikusmen gaixoa dutenei zuriak iruditzen zaizkienak ere). Edo esan liteke plazerak nahigarriak direla, baina inolaz ere gaitzesgarriak diren ekintza horien bidez lortzen direnak, behintzat: adididez, aberastea nahigarria da, baina ez saldurkeriaz, eta osasuna izatea, baina inolaz ere edozer janez; edo esan liteke espezieari dagokionez plazerak desberdinak direla, ekintza ederretatik datozenak eta ekintza lotsagarrietatik datozenak desberdinak baitira, eta ezin daitekeela gizaki zuzenaren plazeraz goza, zuzena izan gabe, (30) ezta musikariarenaz ere, musikaria izan gabe, eta berdin gainerakoetan ere. Adiskidea eta lausengaria desberdinak izateak agerian jartzen omen du plazera ez dela ongi bat, edo plazer desberdinak daudela espezieari dagokionez; izan ere, batak ongiari begira omen ditu harremanak, eta besteak plazerari begira, eta hori gaitzesten den bitartean, hura, berriz, laudatu egiten da, harremanak beste xede bati begira ezartzen dituelakoan. (1174a) Eta inork ez luke aukeratuko bizialdi osoan ume baten adimenarekin bizi izatea, umeak gozatzeko gai diren plazerik handienez gozatuko balitz ere, ezta zerbait lotsagarria egiteaz atsegina hartzea ere, inoiz atsekabetuko ez balitz ere. Eta gauza askori dagokionez, ahalegin handiak egingo genituzke, (5) inolako plazerik ekarriko ez baligukete ere, ikustea, oroitzea, jakitea edo bertuteak edukitzea, besteak beste. Eta ekintza horiei nahitaez plazera jarraitzeak ez du batere axola, horiek aukeratuko baikenituzke haietatik plazerik sortuko ez balitz ere. Beraz, argi omen dago plazera ez dela ongia, ezta plazer oro nahigarria ere, (10) eta batzuk berez nahigarriak direla, hauek eta besteak espezieari dagokionez edo sorburuetan bereizten direlarik. Horrela, bada, izan bedi nahikoa plazerari eta atsekabeari buruz esandakoa.

IV aldatu

Plazera zer den eta nolakoa den askoz argiago geldituko da, berriro hasieratik ekiten badiogu ikerketari. Izan ere, badirudi ikustea une orotan betea dela, (15) ez baitago ondoren gertaturiko haren espeziea hobetuko lukeen ezeren beharrean. Badirudi plazera ere horren antzekoa dela, nolabaiteko osotasuna baita, eta inoiz ezin liteke ulertu plazer bat, zeinaren espeziea hobetuko litzateke denboran luzatu ondoren. Horregatik ez da mugimendu bat, mugimendu oro denboran eta helburu bati begira gertatzen baita, (20) eraikuntza bezala, eta betea da jotzen zuen helburura iristen denean, denbora osoan zehar edo une jakin horretan. Baina mugimenduak bete gabeak dira beren zatietan eta denboran zehar, eta alde bateko mugimenduak desberdinak dira elkarren artean eta mugimendu osoaren espezieari dagokionez. Izan ere, harrien jartzea eta zutabe baten ildokatzea ekintza desberdinak dira, eta horiek eta tenpluaren eraikuntza ere bai; (25) eta tenpluaren eraikuntza betea da (ez baitago aurrez ezarritako xedeari begira ezerren beharrean), baina zimentarrien eta triglifoen eraikitzea bete gabea da, bata eta bestea zatikakoak baitira. Beraz, espezieari dagokionez desberdinak dira, eta ezin daiteke edozein unetan espezieari dagokion mugimendu bete bat aurkitu, eta aurkitzekotan, denboraldiaren osotasunean; eta berdin ibiltzean eta gainerako mugimenduetan. (30) Izan ere, traslazioa leku batetik beste leku baterako mugimendu bat bada, traslazio desberdinak ere badaude espeziearen arabera, hegan egitea, ibiltzea, jauzi egitea eta horrelakoak, alegia. Eta traslazioan ez ezik, ibiltzean beran ere badaude, abiapuntua eta helmuga ez baitira berdinak estadio osoan eta estadioaren zati batean, ezta zati batean eta beste batean ere, ezta marra hau edo hura gurutzatzea ere, (1174b) marra bat ez ezik, leku jakin batean dagoen marra bat ere zeharkatzen baita, eta marra hori eta marra hura leku desberdinetan daude. Baina mugimenduari buruz beste tratatu batzuetan mintzatu da zehaztasunez, eta badirudi edozein denbora-tartetan mugimendu ezin beterik ez dagoela, kasu gehienetan bete gabeak eta espezieari dagokionez desberdinak direla baizik, (5) espeziea abiapuntuak eta helmugak zehazturik baldin badago, behintzat. Plazeraren espeziea, bere aldetik, betea da edozein unetan. Argi dago, beraz, plazera eta mugimendua elkarren artean desberdinak izango direla, eta plazera gauza osoak direnen eta beteen artean dagoela. Bestalde, argudia liteke denboran zehar ez bada, mugitzerik ez dagoela, baina bai gozatzea, orain aldian gauzatzen den hori osotasun bat baita. Esandako horretatik argi dago, bestalde, (10) plazera mugimendu bat edo sortze bat dela esaten dutenak oker daudela, mugimendua eta sortzea ez baitira gauza guztiez esaten, zatigarriak eta osotu gabeak direnez baizik; izan ere, ez dago ikusmenaren sotzerik, ezta puntuarenik, ezta unitatearenik ere, eta ez dago gauza horien guztien mugimendurik, ezta sortzerik ere; hortaz, ezta plazerarenik ere, osotasun bat baita.

Zentzumen orok hautemangarria denarekiko jarduten du, (15) eta modu bete batean jarduten du zentzumenez objektu hautemangarririk ederrenarekiko disposizio ona duenak (badirudi, hain zuzen ere, jarduera betea horrelako zerbait dela nagusiki, eta zentzumenak edo horrek hartzen duen organoak jarduten duela esatea ez da ezertan bereizten); hortaz, zentzumen bakoitzean jarduera onena izango da zentzumenak zentzumenez objektu hautemangarririk gorenarekiko disposizio bikainena duen organoarena; eta jarduera hori beteena eta atseginena izango da; (20) izan ere, zentzumen orotan plazera dago, eta, berdin, pentsamendu eta begiespen orotan; baina atseginena beteena da, eta beteena da zentzumenak zentzumenez objektu hautemangarririk onenarekiko disposizio ona duen organoarena, eta plazerak jarduera betea bilakatzen du. Hala ere, plazerak ez du betea bilakatzen jarduera zentzumenak eta horietaz hauteman daitekeena –bata eta bestea onak izanda ere– egiten duten moduan, (25) osasuna eta sendagilea ere osasuntsu egotearen kausa modu berean ez diren bezala. Zentzumen bakoitzean plazera sortzen dela agerikoa da (esaten baitugu ikuskinak eta soinuak atseginak direla); eta agerikoa da, bestalde, plazerik handiena sortzen dela zentzumenik bikainenak honelako objektu bati begira jarduten duenean; (30) sentitzen duena eta sentiturikoa horrelakoak izanik, beti egongo da plazera, hautematearen eragilea eta jasotzailea egotekotan, behintzat. Plazerak jarduera hobetzen du, ez horren baitakoa den aztura den aldetik, hark dakarren ondorengo helburu bat den aldetik baizik, gaztaroak bizitzaren lorea bezala. Beraz, adimenaz hautematen dena edo zentzumenez hautematen dena, eta bereizten duena edo aztertzen duena behar bezalakoa den neurrian (1175a) jardueran egongo da plazera; izan ere, jasotzailea eta eragilea antzekoak izanik eta elkarrekiko egoera berean izanik, emaitza berbera berez sortuko da. Gauzak horrela, nola ez da inor etengabe gozatzen ari? Agian nekatzen garelako? Izan ere, giza ahalmen guztiak ezgai dira etengabeko jardunean izateko; (5) beraz, plazera ere ez da sortzen, plazerak jarduerari jarraitzen baitio. Eta gauza batzuk, berriak direnez, atseginak ditugu, baina ondoren, ez modu berean, honako arrazoi honengatik: hasieran adimena akuilaturik dago eta ahaleginez jarduten du gauza horiekiko, ikusmenari dagokionez tinko begiratzen dutenek bezala, baina ondoren, jardurera ez da horrelakoa, axolagabea baizik, (10) eta horregatik, plazera ere ahultzen da.

Gizaki guztiek plazererako guraria dutela pentsa liteke, denek bizi izatea irrikatu ere egiten dutelako; bestalde, bizitza nolabaiteko jarduera da, eta norberak gehien maite dituen gauza horiekin eta horietan jarduten du; adibidez, musikariak doinuak entzuten, ikastunak begispen-ikerkizunetan, (15) eta, berdin, gainerako jardueretan. Bestalde, plazerak jarduerak hobetzen ditu; beraz, bizitza –denek gutiziatzen duten hori, alegia– ere bai, Hortaz, arrazoizkoa da plazererako joera ere edukitzea, norberari bizitza –nahigarria dena– hobetzen baitio. Baina utz dezagun oraingoan bizitza plazeragatik ala plazera bizitzagatik irrikatzen dugun; izan ere, badirudi bata eta bestea elkarri uztarturik daudela eta bereizterik onartzen ez dutela, (20) jarduerarik gabe ez baita plazerik sortzen, eta plazerak jarduera oro hobetzen du.

V aldatu

Hori dela eta, badirudi espezieari dagokionez ere desberdinak direla plazerak, uste baitugu espezieari dagokionez desberdinak diren gauzak gauza desberdinek bilakatzen dituztela beteak (badirudi, hain zuzen ere, horrela dela, bai gauza naturalei bai arteak sorturikoei dagokienez; adibidez, animaliak eta zuhaitzak, eta pinturak, estatuak, etxeak eta altzariak); (25) eta modu berean, espezieari dagokionez desberdinak diren jarduerak espezieari dagokionez desberdinak diren jarduerek hobetuak izango dira. Hortaz, adimenarenak eta zentzumenenak jarduera desberdinak dira, eta horiek, espeziearen arabera, elkarren artean desberdinak; hortaz, horiek hobetzen dituzten plazerak ere bai. Eta hori bera ondorioztatu liteke plazer bakoitza hark hobetzen duen jarduerari elkarlotuta izatetik. (30) Izan ere, plazer egokiak areagotzen du jarduera, edozein gaitan atseginez jarduten dutenek hobe bereizten eta zehazten baitute; adibidez, geometria ikasteaz gozatzen direnak geometrialariak izatera iristen dira eta dena ulertzen dute hobeto, eta berdin artezaleek, eraikuntzazaleek eta gainerako guztiek ere (35) beraiei dagokien lanari ekiten diote gogoz, lanaz gozatzen baitira. Beraz, plazerek jarduerak areagotzen dituzte, eta jarduerak areagotzen dituzten plazerak berez dagozkie; eta espezieari dagozkionez desberdinak diren gauzei espezieari dagozkionez desberdinak diren gauzak dagozkie. (1175b) Bestalde, hori argiago ere geldituko da jarduera batek sorturiko plazera beste jarduera baterako eragozpena dela kontuan hartzen bada. Izan ere, xirulazaleek ezinezkoa dute solasean arreta jartzea xirula-jotzaile bati arretaz entzuten ari bazaizkio, xirularen arteaz momentuko jardueraz baino gehiago gozatzen baitira; (5) beraz, xirularen bitartez sortutako plazerak solasaren inguruko jarduera hondatzen du. Eta gauza bera gertatzen da gainerako kasuetan ere aldi berean bi jardueratan aritzen garenean, jarduera atseginagoak bestea baztertzen baitu, eta askoz gehiago plazerari dagokionez oso desberdinak badira, bestean, beraz, ezin baitugu inolaz ere jardun. (10) Horregatik, edozertaz izugarri gozatzen garenean, ez dugu inondik inora besterik egiten, eta zerbait egiten dugu beste zerbaitek gozamen arina ematen digunean; adibidez, antzokietan gozokiak jaten dituztenek bereziki egiten dute hori saria lortzeko lehian ari diren aktoreak kaskarrak direnean. Eta plazer egokiak jarduerak zehaztu eta iraunkorragoak eta hobeak egiten dituenez, (15) eta besteren plazerek, berriz, horiek hondatzen dituztenez, argi dago plazerok elkarrengandik oso urrun daudela. Izan ere, plazer arrotzen eragina ia da norberaren atsekabeena bezalakoa, atsekabeok jarduerak hondatzen baitituzte; adibidez, norbaitek desatsegina eta atsekabegarria badu idaztea edo kalkulatzea, ez du idazten edo ez du kalkulatzen, jarduera neketsua baitu. (20) Hortaz, jarduerei dagokienez, berez dagozkien plazeren eta atsekabeen ondorioak kontrakoak direla gertatzen da, eta jarduera baten berezkoak jarduerak berez sorturikoak dira; eta plazer arrotzei dagokienez, esana dugu atsekabearen eraginaren antzeko zerbait dakartela, hondatu egiten baitituzte jarduerak, modu berean ez bada ere.

Jarduerak euren zinzotasunaz eta ziztrinkeriaz bereizten direnez, (25) eta batzuk nahigarriak izaten direnez, beste batzuk saihesgarriak, eta beste batzuk ez bata ez bestea, plazerei dagokienez ere gauza bera gertatuko da, jarduera bakoitzari berezko plazer bat baitagokio. Beraz, jarduera bertutetsuaren berezko plazera zintzoa izango da, eta jarduera ziztrinena, zitala; izan ere, gauza ederren desira ere goraipagarria, da eta itsusienena, berriz, gaitzesgarria; (30) halaz ere, jardueretan beraietan, plazerak gogoak baino berezkoagoak dira; alabaina, gogoak eta jarduerak bai denborez bai izatez banandurik daude; plazerak, ostera, oso gertu daude, eta hain dira bereiztezinak, ezen zalantza dagoen jarduera eta plazera gauza bera izango ote diren. Hala ere, badirudi, behintzat, plazera ez dela adimena, ezta sentsazioa ere (zentzugabea baita), (35) baina batzuei iruditzen zaie gauza bera direla, bereizi ezin daitezkeelako. Beraz, jarduerak desberdinak diren modu berean, plazerak ere bai; ikusmena bere garbitasunaz bereizten da ukimenetik, (1176a) eta, berdin, entzumena eta usaimena, dastamenetik; beraz, berdin bereizten dira plazerak, eta horien artean, adimenarenak, eta denak, elkarren artean.

Badirudi, bestalde, animalia bakoitzari berez dagokion plazer bat dagoela, berezko eginkizun bat bezala, jardueraren araberako plazera, hain zuzen ere. (5) Eta hori argi geratuko da animaliak banan-banan aztertzen baditugu, zaldi baten plazera, txakur batena eta gizaki batena plazer desberdinak baitira; Heraklitok dioen bezala, astoek lastoa nahiago dute urrea baino,[2] astoentzat bazka urrea baino atseginagoa baita. Beraz, espezieari dagokionez desberdinak diren animalien plazerak desberdinak dira espezieari dagokionez, eta zentzuzkoa denez, espezie berekoenak ez dira desberdinak. (10) Baina gizakien artean, behintzat, plazerak ez dira gutxi aldatzen, gauza bera batzuek atsegina baitute eta beste batzuek, berriz, atsekabea; eta batzuentzat, atsekabea eta higuingarria da gauza bera ere, eta beste batzuentzat, berriz, atsegina eta maitagarria. Eta hori gauza gozoen artean ere gertatzen da, ez baitzaio gauza bera iruditzen sukarra duenari eta osasuna duenari; ezta beroa dena ere, gaixorik dagoenari eta osasuntsu dagoenari. (15) Eta berdin gertatzen da beste kasuetan ere. Baina horrelako kasu guztietan, ontzat hartzen da gizaki bertutetsuari iruditzen zaiona, eta, dirudienez, hori zuzena bada, eta bertutea eta gizaki ona, ona den aldetik, gauza bakoitzaren neurria baldin badira, gizaki bertutetsuari plazerak iruditzen zaizkionak izango dira benetako plazerak, eta atsegina duen hori izango da atsegina. Baina hari desatseginak iruditzen zaizkion gauzak norbaiti atseginak iruditzen bazaizkio (20) ez da batere harrigarria, gizakien artean suntsipen eta lohikeria asko sortzen baitira; eta gauza haiek gizaki haientzat eta haien disposizio dutenentzat dira atseginak, eta ez beste inorentzat. Beraz, gizaki guztiek lotsagarritzat harturiko plazerez argi dago ez dela esan behar plazerak direnik, gizaki ustelduentzat izan ezik; baina ontzat harturikoen artean, nolakoa edo zein da gizakiaren berezkoa? (25) Ez ote dago argi jarduerei erreparatuz? Izan ere, plazerek jarduerei jarraitzen diete. Beraz, gizaki bete eta dohatsuaren jarduerak bat nahiz bat baino gahiago izanda ere, horiek hobetzen dituzten plazerak gizakiaren benetako plazerak direla esango dugu, eta gainerakoak, bigarren zentzu batean eta urrunetik, jarduerak bezala.

VI aldatu

(30) Bertuteei, adiskidetasunei eta plazerei buruz mintzatu ondoren, zoriontasuna labur aztertzea geratzen zaigu, hura ezartzen dugulako giza aferen helburua. Hortaz, aurrez esandakoa laburbiltzen badugu, eztabaida laburragoa izango da.

Horrela, bada, zoriontasuna aztura bat ez dela esan genuen; izan ere, honela izatekotan bizialdia lo igarotzen duenak ere izan lezake, landare bat bezala bizi denak, alegia, (35) baita malurarik handienak jasaten dituenak ere. Hortaz, hori egokitzat hartzen ez badugu (1176b) –zoriontasuna, neurri handiagoan, nolabaiteko jardueratzat hartu behar baita, aurreko ataletan esan zenez–, eta jardueren artean batzuk beharrezkoak eta beste zerbaitengatik nahigarriak baldin badira, eta beste batzuk, haietaz beraietaz, argi dago zoriontasuna nahigarriak berez eta ez beste zerbaitengatik direnentzat izan behar dela, (5) zoriontasuna ez baitago ezeren beharrean; aitzitik, zoriontasuna autarkikoa da. Bestalde, beraiez nahigarriak diren jarduerak dira jardueragatik beragatik eta ez beste edozergatik bilatzen direnak. Eta badirudi horrelakoak direla bertutearen araberako ekintzak, gauza ederrak eta bertutetsuak egitea nahigarriak haiengatik beraiengatik direnen arteko ekintza bat baita; eta, berdin, olguren artean ere, atseginak ere bai, ez baitira beste zerbaitengatik nahigarriak; (10) izan ere, olguretatik onura baino kaltea jasotzen dute gizakiek, gorputzaz eta ondasunez arduratzen ez baitira. Hala ere, zoriontzat harturiko gehienek horrelako olgetetara jotzen dute, eta tiranoen laguntzaileek horregatik hartzen dituzte aintzat horrelako olgetetan gatzdunak direnak, tiranoek irrikatzen duten horretan (15) plazera ematen baitiete, eta haien beharra dute. Badirudi, beraz, olgura horiek zoriontasunari dagozkiola, boterean daudenak jarduera horietan olgatzen direlako; hala ere, horrelako olgurek agian ez dute ezer adierazten, boterean ez baitautza ez bertutea ezta adimena ere; hau da, jarduera bertutetsuen iturria direnak, alegia, eta plazer garbi eta librerik dastatu ez izanik (20) gorputz-plazeretara jotzen badute, ez da horregatik pentsatu behar plazer horiek nahigarriagoak direnik, umeek ere pentsatzen baitute haiek estimatzen dutena onena dela. Hortaz, zentzuzkoa da, umeentzat eta gizonentzat preziatuak diren gauzak desberdinak diren bezala, gizaki ziztrinentzat eta zintzoentzat ere desberdinak azal daitezela. Beraz, askotan esan bezala, (25) preziatuak eta atseginak izango dira gizaki bertutetsuen ustez horrelakoak direnak; gizaki bakoitzarentzat desiragarriena berez dagokion azturaren araberako jarduera izango da, eta gizaki bertutetsuarentzat, hortaz, bertutearen araberakoa. Zoriontasuna, beraz, ez dago olguran, zentzugabea bailitzateke helburua olgura izatea, eta bizialdi osoan saiatzea eta pairatzea olgatzeagatik. (30) Izan ere, gauza guztiak, nolabait esateko, beste zerbaitengatik aukeratzen ditugu, zoriontasuna izan ezik, hori bera baita helburua. Ahalegin handiak eta lan nekeza olgurarengatik egitea ergela eta oso haurrena azaltzen da; baina jolasean ibiltzea ondoren ahaleginak egiteko, badirudi zuzena dela, Anakarsisen ustez, olgura atsedenaldiaren antzekoa baita, eta (35) gizakiak etengabe nekez lan egiteko gai ez direnez, atsedenaldiaren beharra dute. Hortaz, atsedenaldia ez da helburu bat, (1177a) jarduerarengatik gertatzen baita. Bizitza zoriontsua bertutearen araberakoa omen da, eta hori ahaleginei lotuta dago, eta ez olgurari. Eta esaten dugu gauza bertutetsuak barregarriak eta olgurari lotuak direnak baino hobeak direla, eta gizakiaren alde hobearen eta gizaki hobearen jarduera ere, beti, (5) bertutetsuagoa dela; eta gizaki hobearena, hobea eta zoriontsuagoa, jakina. Bestalde, edonor goza liteke gorputz-plazerez, eta esklabo bat gizaki onena baino ez gutxiago; baina giza bizitza ere ezarri ezean, inork ez lioke esklaboari zoriontasuna emango, zoriontasuna ez baitatza horrelako olguretan, (10) bertutearen araberako jardueretan baizik, lehenago ere esan bezala.

VII aldatu

Zoriontasuna bertutearen araberako jarduera bada, zentzuzkoa da bertute gorenaren araberakoa izatea, eta jarduera hori gizakiaren alde onenarena izango da. Hortaz, alde hori adimena nahiz beste edozer izanik, berez agintzen, gidatzen (15) eta gauza ederrei eta jainkozkoei buruzko ezaguera izaten omen duena, nahiz hori bera ere berez jainkozkoa edo gure baitan dagoen alderik jainkozkoena izan, alde horren jarduera berez dagokion bertutearen araberakoa izango da zoriontasun betea. Eta esana dago hau begiespen-jarduera dela.

Bestalde, badirudi hori bat letorkeela aurrez esandakoekin eta egiarekin, jarduera hori gorena baita (20) (adimena ere gure baitan dagoen alderik onena baita, eta gauza ezagungarrien artean adimenari dagozkionak); gainera, jarraiena ere bada, etengabe behatu egin baitezakegu, beste edozer baino neurri handiagoan. Eta pentsatzen dugu plazera zoriontasunaz nahasturik egon behar dela, eta bertutearen araberako jardueretan atseginena jakituriaren araberakoa dela, denon ustez; (25) badirudi, behintzat, filosofiak plazer miresgarriak dituela bere araztasuna eta bere sendotasuna direla medio; eta zentzuzkoa da dakiten gizakiek modu atseginago batez denbora igarotzea bilatzen dutenek baino. Bestalde, aipaturiko autarkia begiespen-jarduerari buruzkoa izango da gehienbat, gizaki jakintsuak eta gizaki zuzenak, baita gainerakoek ere, bizi izateko gauza beharrezkoak behar baitituzte; (30) baina behin horrelakoez egoki hornituta gero, gizaki zuzenak gizakiak behar ditu haiekiko eta haiekin zuzen jokatzeko, eta berdin ere neurrizko gizakiak eta gizaki adoretsuak, baita gainerako guztiek ere; gizaki jakintsuak, bere aldetik, bere buruarekin bakarrik egonik ere, begiespenarako gai da, eta zenbat eta jakintsuagoa izan, orduan eta gehiago; eta agian jardungo du hobeki laguntzaileekin batera, baina, hala eta guztiz ere, autarkikoarena da. (1177b) Iruditu liteke, halaber, begiespen-jarduera harengatik berarengatik maitatzen den bakarra dela, begiespenaz gain ez baita handik ezer lortzen, eta jarduera praktikoetatik, berriz, gehiago edo gutxiago eskuratzen dugu ekintzaz gain. Badirudi, halaber, zoriontasuna aisian datzala, lan egiten baitugu aisia edukitzeko, (5) eta gerra egiten dugu bakea edukitzeko. Beraz, bertute praktikoen jarduera politikako edo gerrako ekintzetan gauzatzen da, eta horien inguruko ekintzak, gure ustez, atsenaldi-gabeak dira, eta gerrakoak, erabat (inork ez baitu gerra aukeratzen gerragatik beragatik, eta inork ez du gerra prestatzen; (10) erabat hilzailea azalduko bailitzateke adiskideak etsaiak bilakatuko balitu batailak eta sarraskiak gerta daitezen); baina politikoaren jarduera ere bada atsenaldi-gabea eta, politikaz gain, botereak eta ohoreak eskaintzen ditu edo, behintzat, zoriontasuna bere buruarentzat eta hiritarrentzat, hori eta politika desberdinak izanik eta (15) desberdina bezala nabari bilatzen dugularik. Hortaz, bertutearen araberako ekintzen artean ekintza politikoak eta gerraren ingurukoak edertasunean eta handitasunean nabarmentzen badira –eta horiek atsenaldi-gabeak dira, helburu baterako joera dute eta ez dira haiengatik beraiengatik nahigarriak; adimenaren jarduera, ostera, begislea izanik, badirudi seriotasunean nabarmentzen dela, (20) eta hartaz gain inolako helbururako joerarik ez duela, eta berez dagokion plazera ere baduela (horrek, gainera, jarduera areagotuko du), eta hortaz, gizakiaren baitan gerta daitezkeen autarkia eta aisia eta nekerik eza, eta gizaki dohatsuari ezartzen zaizkion gauza horiek guztiak, begiespen-jardueraren araberakoak dira nabari. Beraz, hori izango da gizakiaren zoriontasun betea, (25) bizialdi osoa betetzen badu, zoriontasunaren edukietan ez baitago ezer bete gabe. Baina, horrelako bizitza gizakiari dagokiona baino hobea izango litzateke, ez baita horrela bizi izango gizakia den aldetik, bere baitan jainkozkoa den zerbait dagoen aldetik baizik; eta hori eta giza konposatua desberdinak diren neurrian, bere jarduera eta beste bertute baten araberakoa ere desberdinak izango dira. (30) Hortaz, adimena, jainkozkoa baldin bada, gizakiari dagokiolarik, adimenaren araberako bizitza ere jainkozkoa izango da giza bizitzari dagokiolarik. Baina gizakiak izan arren ez ditugu giza pentsamenduak bakarrik eduki behar –batzuek aholkatzen duten bezala–, ezta hilkorrak izanik pentsamendu hilkorrak bakarrik eduki ere; aitzitik, ahal den neurrian hilezkortu eta gure baitan dagoen alderik gorenaren arabera bizi izateko gauza guztiak egin, bolumenari dagokionez txikia bada ere, (1178a) gauza guztien artean nabarmentzen baita bere ahalmenean eta bere duintasunean. Iruditu liteke, halaber, gizaki bakoitza alde hori dela, alde hori norberaren alde nagusia eta onena bada, behintzat. Beraz, zentzugabea izango litzateke baten batek bere bizitza aukeratuko ez balu, beste batena baizik. Eta lehen esandakoa orain ere bada egokia, (5) gizaki bakoitzarentzat izatez dagokiona onena eta atseginena baita bakoitzarentzat; hortaz, gizakiarentzat ere izango da adimenaren araberako bizitza, gizakia, gehienbat, hori bada, behintzat. Bizitza hori izango da, orduan, zoriontsuena ere.

VIII aldatu

Bigarren zentzu batean, beste bertuteen araberako bizitza izango da zoriontsua, bertute horien araberako jarduerak gizatiarrak baitira. (10) Izan ere, zuzentasuna, adorea eta gainerako bertuteak elkarrekiko praktikatzen ditugu itunetan, tratuetan eta askotariko ekintzetan, baita pasioetan ere, kasu bakoitzean komenigarria dena behatzen dugularik; eta nabaria da gauza horiek guztiak gizatiarrak direla. Bestalde, badirudi batzuk gorputzetik datozela, (15) eta bertute etikoa, sarritan, pasioei estu lotuta dagoela. Zuhurtzia ere badago bertute etikoari uztartuta, eta hori zuhurtziari, zuhurtziaren prinzipioak bertute etikoaren araberakoak baitira, eta bertute etikoen zuzentasuna, zuhurtziaren araberakoa. Bertute horiek pasioei elkarturik daudenez, (20) giza konposatuari buruzkoak izango dira, eta giza konposatuaren bertuteak gizatiarrak dira; beraz, baita bertute horien araberako bizitza eta zoriontasuna ere. Adimenaren bertutea, berriz, bananduta dago; baina horri buruz esandakoa nahikoa da, gai hori zehatzago aztertzea ez baita aurretik ezarritako gure helburua. Irudi lezake, bestalde, adimenaren bertuteak kanpoko baliabideen behar txikia duela, edo bertute etikoak baino neurri txikiagoan. (25) Izan ere, demagun bi bertuteek modu berean behar dituztela gauza beharrezkoak, nahiz eta politikariak, neurri handiagoan, gorputzari buruzko gauzetan lan egiten duen gogor –desberdintasuna txikia bailitzateke–; jarduerei dagokienez, ostera, desberdintasuna handia litzateke. Izan ere, gizaki oparoak ondasunen beharra izango du bere oparotasuna gauzatzeko, eta gizaki zuzenak, beraz, (30) mesedeak itzultzeko (asmoak ikustezinak baitira, eta zuzenak ez direnek ere zuzen jokatuarena egin nahi dute), eta gizaki adoretsuak kemenaren beharra du bere bertutearen araberako ekintza bat gauzatuko badu, eta gizaki neurrizkoak, askatasunaren beharra; nola argituko ote da, bestela, neurrizkoa hori edo beste edozer dela?Eztabaidatzen da, bestalde, (35) zer ote den nagusiagoa, bertutearen hautapena edo bertutearen ekintzak, bertutea bietan datzala kontuan hartuta. (1178b) Agerikoa da bertutearen betea bietan izango dela, eta ekintzarako gauza asko behar direla, eta ekintza zenbat eta handiagoa eta ederragoa den, orduan gauza gehiago behar. Hala ere, begiesten duen gizakiak ez du horrelako beharrik bere jarduerarako, gauza horiek, nolabait esateko, eragozpenak ere baitira begiespenerako, (5) gizakia den eta beste gizaki askorekin bizi den neurrian bertutearen araberako portaeran jardutea aukeratzen du, eta, beraz, baliabide haien beharra izango du gizakiak bezala bizi izateko. Zoriontasun ezin hobea begiespen-jarduera bat dela ondoko honetatik ere argitu liteke: suposatzen dugu jainkoak dohatsuak eta zoriontsuak direla gehienbat; (10) baina zer nolako ekintzak izan behar dira eureak, gure ustez? Ekintza zuzenak, agian? Ez litzateke barregarria izango jainkoak itunak egiten, gordailuak itzultzen eta horrelako gauza guztiak egiten azalduko balira? Edo ekintza adoretsuak, arriskuei irmo aurre egiten hori ederra delako? Edo ekintza oparoak, agian? Baina nori emango ote diote? Zentzugabea litzateke haiek ere dirua edo halako zerbait balute. (15) Eta nolakoak lirateke euren ekintza neurritsuak? Laudorioa ez ote litzateke trauskila izango, jainkoek desira ziztrinik ez dutelako? Sakon miatuko bagenitu ere, ekintzaren inguruko zirkunstantzia guztiak jainkoentzat txikiak eta duinezak azalduko litzaizkiguke. Hala eta guztiz ere, denok uste dugu haiek bizirik daudela, jakina, eta, orduan, jardunean daudela eta ez lo, beraz, Endimion bezala. (20) Hortaz, bizidunari ekintza eta, are gehiago, sormena kentzen badizkiogu, zer geratzen zaio, begiespena ez bada? Beraz, jainkoaren jarduera, bere dohatasunean berezia, begiespen-jarduera izango da; hortaz, jarduera gizatiarretan, horren antzekoena zoriontsuena izago da. Eta horren adierazle dugu gainerako izaki bizidunek zoriontasunean parte ez hartzea ere, (25) horrelako jardueraz guztiz gabeturik daude eta. Izan ere, jainkoentzat bizitza osoa dohatsua da; gizakientzat, berriz, jainkoen jardueraren nolabaiteko antzekotasuna duen neurrian; eta gainerako izaki bizidunen artean, inor ere ez da zoriontsua, begiespenean parte hartzen ez dutelako, inolaz ere. Hortaz, begiespena zabaltzen den neurrian, horrela ere zoriontasuna, eta begiespenerako trebeagoak direnak, (30) zoriontsuagoak izateko ere bai, ez akzidentalki, begiespenaren arabera baizik, hori berez baita preziatua. Beraz, zoriontasuna nolabaiteko begiespena izango da. Hala ere, begiesten duen gizakiak kanpoko ongizatearen beharra ere izango du, giza izaera ez baita begiespenerako autarkikoa; aitzitik, gorputzaren osasuna, (35) elikadura eta gainerako zainketak ere behar ditu. (1179a) Baina ez da pentsatu behar, jakina, zoriontsua izan nahi duen gizakiak, kanpoko ongirik gabe zoriontsua ezin izanik, ongi askoren eta handien beharra izango duenik, autarkia ez baitatza ugaritasunean, eta ekintza ere ez, eta lurra eta itsasoa menperatu gabe ere ekintza ederrak egin daitezke, (5) ongi gutxiz baliatuz ere bertutearen arabera joka baitaiteke (eta hori argiro ikus daiteke, hiritar arruntek ekintza zintzoak egiten baitituzte, eta ez boteretsuek baino gutxiago, gehiago baizik); nahikoa izango da ongi gutxi edukitzea, bizitza zoriontsua bertutearen arabera jarduten duenarena izango baita. Eta Solonek ere (10) agian adierazten zuen zuzen, haren ustez, gizaki zoriontsua zela, nahiz eta ongi gutxiz baliatuz, ekintzarik ederrenak egin eta neurritsu bizi izana zena; izan ere, ongi gutxi edukita ere bete behar den guztia egin daiteke. Eta dirudienez, Anaxagorasek ere uste zuen gizaki zoriontsua ez zela gizaki aberatsa, ezta boteretsua ere, esaten baitzuen (15) ez litzatekeela harrituko gizaki gehienei gizaki zoriontsua bitxia irudituko balitzaie, gehienek kanpoko ongien arabera ebazten baitute, ongi horiek bakarrik hautematen dituzte eta. Hortaz, badirudi jakintsuen iritziak gure arrazoimenduekin bat datozela; beraz, horrelako iritziek ere badute nolabaiteko sinesgarritasuna; hala ere, gauza praktikoetan egia ekintzetatik eta bizitzatik abiatuta ebazten da, haietan egia nagusia baita. (20) Hortaz, honaino esandako guztia ekintzekin eta bizitzarekin erlazionatuz aztertu behar da, eta ekintzei egokitzen bazaie, onartu, baina ados ez badago, arrazoibide gisa soilik hartu. Bestalde, adimenaren arabera jarduten eta adimena zaintzen duenak dirudi onena eta jainkoek maitatuena. Izan ere, jainkoek gizakieen gauzekiko nolabaiteko ardura badute, (25) dirudien bezala, zentzuzkoa izango da, bestalde, jainkoak onena eta haien antzekoena den horretaz gozatzea (eta hori adimena izango da), eta adimena gehien maitatzen eta ohoratzen dutenak saritzea, jainkoek maite dutenaz arduratu eta zuzen eta ederki jokatzen dutelakoan. Eta agerikoa da hori guztia (30) jakintsuaren baitan bereziki gertatzen dela. Beraz, hori jainkoek maitatuena izango da, eta, seguruenik, zoriontsuena ere bai. Eta horregatik, orduan, jakintsua izango da zoriontsuena.

IX aldatu

Beraz, gauza horiei eta bertutei buruz, eta, halaber, adiskidetasunari eta plazerari buruz, orokorrean, nahikoa hitz egin badugu, pentsatu behar ote da hasieran geure helburua zen ikerketa amaituta dagoela? (35) Edo, esaten den bezala, gauza praktikoetan helburua ez da gai bakoitza begiestea eta ezagutzea, (1179b) gauza horiek egitea baizik? Hortaz, bertuteari dagokionez ere, ez ote da nahikoa ezagutzea, edo, aitzitik, bertutea edukitzen eta erabiltzen saiatu behar dugu, edo, beste edozein biderik balego, zintzoak bilakatzen? Izan ere, gizakiak zintzoak bilakatzeko arrazoinamenduak nahikoa balira, (5) haiek zuzen ekarriko lizkigukete onura asko eta handiak, Teognisek [3] dioenez, eta horiek eskuratu beharko genituzke. Hala ere, gazte oparoak bultzatzeko eta adoretzeko, eta aiurri onekoa eta benetan edertasunaren maitale amorratua den gaztearen baitan bertutea finkatzeko indarra badutela agerikoa bada ere, (10) ezin dituzte gizaki gehienak zintzotasunera eta noblezira bultzatu, berez ez baitute lotsaz men egiten, beldurrez baizik, eta jokaera arbuiagarriari ez dio uko egiten ahalkearengatik, zigorrengatik baizik. Izan ere, pasioaren menpe bizi direnek berez dagozkien plazerak eta horiek ekarriko dituzten baliabideak bilatzen dituzte, eta ekiditen dituzte plazeren aurkako atsekabeak; (15) baina ez dakite inondik inora ederra eta benetan atsegina dena zer den, inoiz dastatu ez dute eta. Hortaz, zein arrazoinamenduk zintzotu litzake horrelako gizakiak? Egia esan, ezin daiteke –edo ez da erraza– aspaldidanik aiurrian ondo ezarrita dagoena arrazoiaren bidez eraldatu. Eta, dudarik gabe, geure burua zorionekotzat hartu beharko genuke, zintzoak izateko beharrezkoak ditugun baliabide guztiak edukita, bertutearen parte hartu ahal izango bagenu. (20) Batzuek pentsatzen dute gizakiak berez bihurtzen direla onak, beste batzuek, usadioz, eta beste batzuek, heziketaz. Horrela, bada, agerikoa da naturaren aldea ez dagoela gure menpe, eta nolabaiteko jainkozko kausarengatik gizaki guztiz zorionekoen baitan dagoela. Bestalde, arrazoinamenduak eta heziketak agian ez dute eraginik izango kasu guztietan; aitzitik, aurrez dizipuluaren arima (25) landua izan behar dute usadioek –hazia elikatzen duen lurrak bezala–, edertasunez gozatzeko eta gorrotatzeko, pasioaren arabera bizi denak ez baitu entzungo bere pasiotik aldenduko lukeen arrazoinamendua, eta ez du ulertuko; nola aldatu liteke horrelako disposizioa duena? Oro har, ez dirudi pasioak amore ematen duenik arrazoinamenduez, indarrez baizik. Beraz, aldez aurretik aiurria, nolabait, berez egokitua izan behar da bertuterako, (30) ederra dena maitatuz eta lotsagarria dena higuinduz. Baina, zaila da gaztetatik bertuterako heziera zuzena aurkitzea, horrelako legeen menpe hezita ez badago, bizimodu neurritsu eta irmoa ez baita atsegina gehienentzat, eta gutxiago ere gazteentzat. Horregatik, hezkuntza eta portaera legeek araututa izan behar dira, (35) ohizkoak bihurtuta ez baitira atsekabetuak izango. (1180a) Baina agian ez da nahikoa izango, gaztetan heziketa eta ardura egokiak jaso izana; aitzitik, heldutasunean ere ikaste horietan jardun eta horietara ohitu behar dutenez, horretarako ere izango dugu legeen beharra, eta oro har, beraz, bizialdi osorako, gizaki gehienek beharrari egiten baitiote men arrazoiari baino neurri handiagoan, (5) eta zigorrei, ontasunari baino. Horregatik, hain zuzen ere, batzuek pentsatzen dute legegileek bertuterantz bultzatu eta akuilatu behar dutela ontasunarengatik, aurrez ohitura onetan hezita daudenek arretaz entzungo dituztelakoan; eta men egiten ez dutenei eta berez moldakaitzak direnei zigorrak eta zentzagarriak ezarri; eta erabat sendaezinak direnak, erbesteratu; (10) izan ere, ederra denari begira bizi den gizaki zintzoak arrazoiari egingo dio men, eta plazera irrikatzen duen gizaki ziztrina, aldiz, atsekabez zigortu behar da, uztarri-aberea bezala. Horregatik diote, halaber, atsekabeak oso gogorrak izan behar direla, gehien maitatzen dituzten plazerei ahalik eta aurre handien egin diezaieten. Beraz, esana den bezala, ona izan behar den gizakia (15) ederki hezia eta ohituta izan behar bada, eta horrela bizi usadio zintzoetan, eta ziztrina dena ez egin, ez nahi gabe ez nahita, hori guztia lortuko dute adimen jakin baten eta indarra duen ordena zuzenaren arabera bizi direnek; hala ere, aitaren aginpideak ez du indarrik, ezta beharrik ere, (20) ezta, oro har, inolako gizon soilarenak ere, erregea edo horrelako bat ez bada; legeak, ostera, ahalmen behartzailea du, eta nolabaiteko zuhurtziatik eta adimenatik sorturiko adierazpena da. Bestalde, gizaki batzuek euren barne-bulkadei aurre egiten dietenak arbuiatzen dituzte, horiek zuzen egin arren; legea, ostera, ez da higuingarria ongia agintzen duenean. Lazedemoniarren hirian bakarrik, (25) edo hiri gutxitan, arduratu omen da legegilea hiritarren hazieraz eta eginbeharrez; hiri gehienetan, ostera, horrelako gaiez ez dira arduratu, eta hiritar bakoitza nahi duen moduan bizi da, emaztea eta umeak Ziklopeen moduan gobernatuz.[4] Beraz, onena izango da denentzat eta zuzen arduratzea; (30) baina denentzako ardurarik ez badago, badirudi norberari egokituko zaiola bere umeak eta adiskideak bertute aldera bideratzea, edo, behintzat, helburu hori edukitzea. Esandakotik, badirudi hobeto egingo duela legegilea bada, agerikoa baita elkartearekiko zainketak legeen bidez egiten direla, (35) eta zainketa onak lege onen bidez. (1180b) Eta badirudi ez litzatekeela ezertan bereiziko legeak idatziak ala ez idatziak balira, ezta gizaki bakar bat ala gizaki asko hezteko balira ere, musikari, gimnastikari edo gainerako jarduerei gertatu bezala. Izan ere, hirietan legeek eta ohiturek indarra duten bezala, horrela ere etxeetan (5) aitaren esanak eta usadioek, eta are gehiago kasu horretan, ahaidetasunagatik eta onurengatik, umeak aita maitzatzeko eta men egiteko aurrez jarrita baitaude berez. Halaber, banan-banako heziketa eta heziketa publikoa desberdinak dira, medikuntza bezala: orokorrean, sukarra duenari atsedena eta baraua komeni zaizkio, baina norbaiti agian ez; (10) eta boxeo-maisuak ere agian ez die boxeolari guztiei borroka-mota bera irakasten. Badirudi, beraz, banan-banakako heziketa zehatzagoa izango dela, zaintzea norberarena izanik bakoitzak hobeto aurkituko baitu onuragarria duena. Hala ere, banako bakoitzaz hobeto arduratu ahal izango du unibertsala ezagutzen duen sendagileak, gimnastikaren maisuak edo beste edozeinek, hau da, guztientzat edo horrelakoak direnentzat onuragarria zer den dakienak (esaten baita zientziak orokorra denarenak direla, eta horrelakoak dira); (15) hala ere, ezjakina izanda ere, agian ez du ezerk eragozten norbaitek pertsona jakin bat ondo zaintzea, esperientziaren bitartez pertsona bakoitzaren baldintzak zehatz-mehatz miatu baditu, beste edonor sorosteko gai ez izanik ere euren buruaren sendagilerik onenak diruditen gizaki batzuk bezala. (20) Hala eta guztiz ere, aditua eta begieslea izan nahi duenak, behintzat, unibertsalerantz bideratu behar izango du eta ahal den neurrian ezagutu, esana denez zientziak unibertsalari buruzkoak baitira. Eta beharbada, arduraren bidez gizakiak, neurri handiagoan edo txikiagoan, hobeak egin nahi dituena ere legegilea izaten saiatu beharko da, (25) baldin eta legeen bidez onak egiten bagara, behintzat; izan ere, ez dagokio edozeini, jakina, bere aurrean agertzen den edozeini jarrera ona ematea, baizik eta, hori norbaiti badagokio, dakienari egokituko zaio, medikuntzan eta beraiekin nolabaiteko ardura eta zuhurtzia ekartzen dituzten gainerako arteetan bezala.

Eta horren ondoren, aztertu beharko dugu, beraz, nondik edo nola bihur daitekeen gizaki bat legegile? Edo, gainerako kasuetan bezala, (30) politikarien alboan ikasi beharko du? Izan ere, badirudi legegintza politikaren adar bat dela. Edo ez ote dirudite antzeko azaltzen politikagintzan eta gainerako zientzietan eta ahalmenetan? Izan ere, gainerakoetan gizaki berberak omen dira ahalmenak erakusten dituztenak eta horietan jarduten dutenak, sendagileak eta margolariak bezala; (35) baina politikagintza, ostera, sofistek agintzen dute irakastea, baina haien artean inork ez du jarduten, (1181a) hiriko agintariek baizik; eta horiek badirudi nolabaiteko ahalmenari eta esperientziari esker egiten dutela, adimenari esker baino; izan ere, agerian dago horrelako gaiei buruz ez dutela idazten eta hitz egiten (nolabait ere, hori, agian, ederragoa litzateke, auzitegiko eta legebiltzarreko diskurtsoak egitea baino), eta, (5) bestalde, ez dituztela beren semeak edo beren adiskideren batzuk politikariak egin. Hala ere, zentzuzkoa litzateke hori egitea, benetan egin ahal izango balute, behintzat, ez bailieke ezer hoberik utzi izango beren hiriei; halaber, ez lukete euren buruarentzat eta, beraz, euren adiskide maiteenentzat ere ez horrelako ahalmena baino gauza hoberik edukitzea hautatuko. Hala ere, badirudi, jakina, esperientziak ez duela neurri txikian laguntzen; (10) horrela ez balitz, gizakiak ez bailirateke praktika politikoaren bidez politikariak bilakatuko; horregatik, politikaz jakiteko asmoa dutenek esperientziaren beharra omen dute aurretik. Bestalde, agerikoa da politikan jarduten duten sofistak ahalmen politikoa irakastetik urrun daudela, orokorrean ez baitakite nolakoa eta zeri buruzkoa den; izan ere, jakingo balute, ez lukete esango politika eta erretorika gauza bera direnik, ezta politika erretorika baino gutxiago denik ere, (15) eta ez lukete pentsatuko legeak egitea erraza denik bikaintzat harturiko legeak bilduz. Izan ere, lege onenak aukera daitezkeela uste dute, aukeraketa ezagumenaren kontua ez balitz bezala, eta zuzen bereiztea zereginik handiena ez balitz bezala, musikari dagokion bezala. Izan ere, gai bakoitzean esperientzia dutenek lanak zuzen ebatzi, (20) eta zeren bidez eta nola burutzen diren eta zer zeri egokitzen zaion ulertzen dute; esperientziarik ez dutenek, ostera, nahikotzat hartu behar dute lana ongi ala gaizki egina dagoen bereiztean ez huts egitea, margolaritzan bezala. Eta legeak, politikaren lanak omen dira. (1181b) Beraz, gizaki bat nola bihur liteke legegile legeen ezagutzatik abiatuz, edo ebatz lezake onenak zeintzuk diren? Izan ere, agerikoa da sendagileak ere ez direla egiten idazlanetatik abiatuz. Hala ere, badira sendagileak sendabideak esaten ez ezik, gaixo bakoitza nola sendatu eta nola zaindu litekeen ere esaten saiatzen direnak, (5) bakoitzaren aztura bereiziz; halaz ere, badirudi hori guztia baliagarria dela esperientzia dutenentzat, baina baliogabea, esperientziarik ez dutenentzat. Era berean, beraz, legeen eta konstituzio politikoen bildumak oso baliagarriak izango dira egokia dena eta horren kontrakoa zer den eta zer zeri dagokion aztertu eta bereiz dezaketenentzat; baina horrelako bildumak azturarik gabe miatzen dituztenek, ostera, (10) ezin izango dute egoki ebatzi, berez ez badakite egiten, behintzat; dena dela, gai horiei buruz agian lor lezakete ezagumen handiagoa.

Beraz, gure aitzinakoek legegintzari dagokiona aztertu gabe utzi zutenez, agian izango da egokiagoa geuk ikertzea, baita, ondorioz, orokorrean, konstituzio politikoari dagokiona ere, (5) ahal den neurrian giza kontuei buruzko filosofia bete dadin. Lehenik eta behin, beraz, saia gaitezen berrikusten gure aurrekoek nolabait zuzen esandakoa; gero, bildutako konstituzio politikoetatik abiatuta, saia gaitezen ikusten zer-nolako gauzek babesten edo hondatzen dituzten hiriak, eta zer-nolako gauzek babesten edo hondatzen duten gobernu-modu bakoitza, eta zein arrazoirengatik gobernatzen diren hiri batzuk ongi, eta beste batzuk, kontrakoa. (20) Izan ere, hori guztia aztertu ondoren, agian ikusi ahal izango dugu batera gobernu-modurik onena zein den, eta gobernu-modu bakoitza nola ordenatu behar den, eta zein legez eta ohituraz baliatu behar den. Beraz, has gaitezen horretaz mintzatzen.

  1. Platon, Philebus , 20e-22e, 60a-61b.
  2. Heraklito, frag. 9 (Diels-Krantz).
  3. Teognis, 432-434.
  4. Homero, Odyssea IX 112-115.