Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Azkena
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma
Azkena

Ahal bezain zuzen marraztu dizuet nere iduriko ziur, Errepublika onena den eta gehiago oraino Errepublika izena hartzeko eskubidea duen estatu bakarraren itxura. Beste leku guzietan Herriaren onaz beti mintzo direlarik, bakoitzaren interesaz baizik ez dute axolarik. Utopian, aldiz, norberak ez baitu deus bererik, Herriko zerez arduratzen ahal dira funski. Eta han ala hemen seguraski ez zaie bietan arrazoinik falta. Zeren beste herrialdeetan, ez da nehor ez dakienik, ez baldin badu berak beretzat zerbait bereizten, goseak hil behar duela, nahi bezain aberats izanik ere Errepublika. Ezinbesteak ditu, beraz, orduan hertsatzen herritarrak, Herriaren onaz baino, erran nahi baita besteen onaz baino beren buruaz arta gehiago hartzera.

Aitzitik Utopia horretan denak denentzat dira; bakoitzak badaki ongi -Herriko bihitegiak bete diren ber- ez duela nehork deusen eskasik izanen beretzako. Ez da hor banatze zikoitzik egiten ez behardunik ez eskalerik ikusten eta, nehor ez delarik deusen jabe, herritar guziak aberats dira. Ezen, ba ote da aberastasun handiagorik, gogoa grina guzietarik osoki aske eta bihotza atseden eta bakez beterik bizitzea baino? Ez duzu zure ogibideaz arrenkuratzerik ez eta emaztearen zinkurina negartiez kexatzerik ez semearen landertasunaz ikaratzerik, ez alabaren doteaz kezkatzerik baina badakizu ongi, bizipidea eta zoriona segurtatuak dituzula, zuretzat, eta zure etxekoentzat: emazte, seme-alaba, seme-alabaso, arraseme-alabaso, eta hauen ume; aitonen seme batek amets ahala urrun luzaturik ere zure ondokoen saila. Gogoan har ezazu bestalde, gaurdaino lanean ari direnez bezainbat arta hartzen dutela, lehenago lanean ari izanik orai ezinduak daudenez.

Nahi nuke hemen norbait, beste herrien justiziarekin Utopiako zuzentasun horren parekatzera mentura baledi! Demendreneko zuzentasun-kutsurik ez dut aurkitzen haien baitan. Leher egin ezetz! Zer da ote justizia hori? Edozein jaun handiri, zilargin bati, diruzilo bati, hots deus lanik egiten ez duten ziri horietako bati -edo zerbait egiten badute ere, deus guti balio duke Herriarentzat- horri bai segurtatzen zaio bizimolde distirantena eta lasaiena bere alfer-lan eta opor-orduen sari. Baina jornalaria, karrosazaina, arotza, laboraria -hauen lana hain luzea eta hain dorpea delarik, non mandoek ere nekez jasaiten baitute, hain beharrezkoa non hura gabe ez bailezake erresuma-bihi batek urtea iraun- horiek behar dute jan mehe eta miseria gorrian bizi. Badirudi mandoen bizia bera, horienaren aldean hobea dela: ez du hauen lanak hain luzez irauten, ez da hauen jana biziki txarragoa -gozoagoa ere baita animalientzat- eta gainera, ez dute hauek bitartean geroaren arrenkurarik. Langileek, aldiz, ez dute momentuan beren lanean ez abantailik ez gozorik aurkitzen eta bestalde geroari buruz, zahartzaroa miserian iraganen dutelako arrenkurarekin higatu behar dute: beren jornal-apurrak ez baldin badie emaiten beren eguneroko beharrei buru egiteko doirik, nondik ote utziko die gainera mozkinik beren zahartzaroko behar orduentzat, egunero bazter dezaketenik?

Ez ote da, beraz, zinez makurra eta eskergabea horrelako gizartea, "handikiei", -erraiten den bezala- zilarginei eta aizinatuei, lausengariei eta beste horrelako huskeriazaleei, hainbeste fabore eskaintzen dielarik, laborari, ikazkin, jornalari, garraiari eta arotzentzat ordea -hauen lana gabe ez badu ere nehongo herri-elkarteak iraunen- ez baitu deus hoberik asmatzen? Zeren gizarte horrek bere langileak lanez ito baititu indarrean zirelarik; gero adinak eta gaitzak herbailduak eta osoki larrutuak ikusi dituelarik ez da gehiago haien gaubeilez oroitzen, haiek egin hainbeste zerbitzu ahanzten ditu eta azkenean hura den eskergabeak ezinbesteko heriotzea uzten dio sari.

Baina bada besterik: behardunen jornalari ausiki egiten diote aberatsek, ez bakarrik berek atzipe eginez, baina ere herri-legeen bitartez. Eta horrela gaur arte bidegabekeria geneukana, hots sari txarrenak emaitea herriko merezidunei, bidegabekeria hori bera justizia bihurtzen da lege bati esker.

Horra zergatik gogoratzen zaizkidalarik eta ikertzen ditudalarik gure begien aintzinean lore duten erresuma horiek, ez dut hor ikusten -ez alafede!- aberatsek, Estatuaren izena eta boterea eskuratuz, beren arteko tratuen errazteko muntatzen duten azpijoko bat baizik: nehongo itzulikak eta jukutriak amesten eta asmatzen dituzte, lehenik bidegabeki bildu dituzten ontasunen gal beldurrik gabe atxikitzeko, gero behardun guzien lan eta nekeak ahal bezain guti ordaintzeko eta haietaz ederki baliatzeko.

Aberatsek behin erabakiz geroz jukutria horiek oro onartu behar direla Herriaren onetan -erran nahi baita, behardunen beren onetan- hori bera aski da lege bihur daitezen.

Eta bizkitartean, ezin asezko gizon-gose, higuingarri horiek, bakoitzari baitezpadakoa segurtatu behar zioten ontasunak beren artean banatu dituztenean, zein urrun diren oraino, Utopiako Errepublikan gozatzen den zorion hartarik! Ezen han diruaren ohitura kenduz geroz itzali ere da osoki diruaren sukarra. Zer zama dorpe aldea ez da horrela itsabasarazi! Zer gaiztakeria uzta harrigarria ez da errotik atera! Nork ez daki alabaina, azpikeria, ohointza, lapurketa, aharrak, nahasmenduak, zalapartak, jazargoak, erailketak, saldukeriak, pozoindatzeak eta egunerotako gaztiguek mendekatzen bai, baina eragozten ez dituzten izigarrikeria guziak geldi litezkeela dirurik ez balitz? Diruarekin batean suntsi litezke ere bestalde beldurra, arrenkurak, grinak, nekeak eta gaubeilak. Gabezia bera azkenean -diru-beharretan den bakarra orobat- beheiti abia liteke berehala osoki ken baledi dirua.

Iritzi horren finkatzeko, asma dezagun urte bat agorra eta antzua, goseak hilak milaka eraman dituena: nik erraiten dut batere zalantzarik gabe, gabeziaren azken buruan aberatsen bihitegiak husten badira, aurkituren dela hor hainbeste janari non izurriteak edo goseteak eraman dituenen artean banatu balira, nehork ez baitzuen zeru-lurren zuhurreriaz arrenkuratzerik izanen. Hain erraz liteke bizibidearen aurkitzea, bizibidearen bidea egiteko asmatu omen zen diru dohatsu horrek ez baleza berak bizibidearen bidea hets!

Aberatsak ere aburu bereko direla ongi badakit: berek ikusten dute askoz hobe litekeela baitezpadako deusek ez huts egitea ezenez behargabekoz gaindi isuria ukaitea eta gaitz ainitzetarik askatzea ere hobe ezenez aberastasunen erdian itotzea.

Nik egia erran ez dut zalantzarik, Errepublika horretako legeak onartzera erakarri behar zuten aspaldian eta errazki mundu guzia, bai norberaren interesak bai Kristoren irakaspenak -onena zer den badaki Jaunaren zuhurtziak eta haren bihotz onak ez dezake gomenda hoberen hori baizik- kontra ez balitz jazarri gaitz-mota guzien aita eta aintzindaria den mamu izigarri bakarra, hots harrokeria. Honek ez du aurrerapidea neurtzen berak duen onaren, baina bai besteek ez duten onaren arabera. Bera Jainko izaitea ere ez lezake onets, ez balu orduan nehor behartsurik manatzeko eta iraintzeko. Horren zorionak ez du argitzen besteen zorigaitzaren erdian baizik, bere aberastasunen agertzeaz lazten eta garrazten baitu haien miseria. Hori da bihotzetan sartzen den ifernuko sugea; bide hobearen hartzera ez uzteko, "erremorak" bezala gizonak gelditzen eta gibelatzen ditu eta barneegi kokatua dutelakotz nekez dute kentzen ahal.

Atsegin dut beraz ikustea, munduko herrialde guzientzat zinez nahi nukeen politika-elkarte itxura, utopiarrek bederen hartu dutela; haien Errepublika finkatu zuten bizitzeko ohiturei jarraikiz segurtatu baitiote batean, ez bakarrik zoriona baina ere gizonak asma dezakeen neurrian sekulako iraupena. Alabaina, alderdikeria, handi-nahia eta beste aztura txarrak errotik ateratzen baldin badira herri barnean, ez da gehiago beren harresien gibelean gerizaturik zeuden hainbeste herriren aberastasunak hondatu dituzten barne-liskar haiek bezalakoen pairatzeko arriskurik.

Eta barneko bihotz batasunak eta erakunde sendoek iraunen duteno, auzoko printzeen bekaizgoak -lehen aski usu agertu nahi izanagatik beti iraitzi dutenak- ez du Herriaren indarra ez inarrosiko ez menderatuko.

Rafaelek bere hitzaldia bururatu orduko, galde-andana bat etorri zitzaidan gogora: beihalako Herri hartako lege eta ohitura askok kanorerik ez zuela iduritzen zitzaidan; ez bakarrik hango gerla-moldeak, haien elizkizunak, haien erlisionea eta beste erakunde-mota frango, baina oroz gainetik erakunde horien guzien oinarri nagusia den elkarrekilako bizimoldea eta diru-traturik batere gabeko bizibide guzien batean ezartzea; horrek berak baitu alabaina, herri-iritziaren arabera edozein Estaturen edergailua eta apaindura egiazkoa egiten duen noblezia, loria, distira eta larderia guzia errausten.

Bainekien bizkitartean hitz egiteaz nekatua zela; ez bainintzen ere fida besteak haren iritzi bereko ez izaitea jasaiten ahalko zuela, eta bereziki gogoan bainuen lagun zenbait gaizkitu zituela besteen berrikeria batzuk ez baldin bazituzten apur bat zuzentzen, ez aski zuhur agertzeko beldur izan zirelakotz; hots horien guziengatik, hitzaldiaren eta orobat delako erakundeen laudorioa egin ondoan eskutik hartu nuen gure hizlaria eta jateko salara eraman. Aintzinetik errana nuen ordea, beste aldarte bat aurkituko ahal genuela sakonkiago gogoetatzeko eta luzakiago elkarrizketatzeko harekin. Ai, egun hori nolazpait etor baledi!

Anartean ez ditut ez neholaz gizon haren erran guziak ontzat emaiten ahal, nahiz eskoletan asko ikasi eta gizartean asko ikusi duen jakintsuaren adierazgarri ukaezinak diren. Baina aitortzen dut errazki utopiarren Errepublikako ohitura frango nahi ditudala ikusi gure Herrietan sartzen; nahi bai egiazki baina sartuko direnik ez sinesten.

Bigarren liburuaren bururapena
Bakar batzuek orai arte ezagutzen
zuten Utopia deitu uharteko legeez eta
erakundeez, Rafael Hitlodeok
arratsalde batez eman zuen
hitzaldiaren bururapena Tomas Moro,
gizon txit ezagunak eta txit
jakintsuak, Londres hiriko herritar
eta bizkondeak idatzia.
Bururapena.