Utopia/Utopiarren erlisioneak

Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Utopiarren erlisioneak
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma
Utopiarren erlisioneak
A
initz erlisione-mota badarabilte, ez uhartean berean bakarrik, baina hiri bakoitzean ere, batzuek Eguzkia dutela beren Jainko, bestek Ilargia, beste zenbaitek oraino planeta galdu hau edo hura.

Badira ere herritar zenbait, ez bakarrik Jainko soiltzat, baina Jainko guzien gaineko Nagusitzat, lehen, ospe handia edo bertute-fama izan duelakoan, gizon huts bat hartzen dutenak.

Utopiarren gehiengoak halere -eta hori da herritar-talde argituena- ez du onartzen jainkoaizun horietarik bihi bat eta sinesten du Jainko bakar bat badela ezagutezina, betierekoa, mugarik gabea eta mundu osoa ez bere eremuaz baina bere eraginaz betetzen duena; gizonaren adimendua gainditzen duelakotz ezin argitua da haren izaitea eta deitzen dute horrela Arbasoa. Honi dagokio haien arabera, gauza guzien etorkia, garapena, aurrerapena, bilakaera eta helmuga eta Jainko-ohoreak ez dizkiote beste nehori, Honi baizik bihurtzen. Beren sineste desberdin guziengatik gainera, beste herritar guziek ere onartzen dute Jainko Nagusi Bakar bat badela; Hari baitagokio munduaren antolatzea eta kudeatzea; beren herriko mintzairan denek Mitra deitzen dute; nahiz gero bereizten diren, ez baitute izaki bakar hori denek berdin ikusten. Zernahi izan dadila, Ororen Gainetik daukan Haren Izaiteaz bakoitzak aitortzen du halere, Hura dela egiaz herrialde guzien arabera gauza guzien gaineko nagusitasuna duen bakarra.

Emeki-emeki bestalde herritar guziek beren sineskeriak alde bat uzten dituzte eta zuhurtziak hobesten duen erlisione bakarraren inguruan elkarretaratzen dira. Beldurraren eragina ez balitz, beste erlisione guziak aspaldian itzaliak izanen zirela ez da dudarik: norbait erlisionea aldatzera doalarik edozein nahigabe gertatzen baldin bazaio, zortearen gain uzteko orde jainkoaizunaren mendekioaren kontu ezartzen dute; bere erlisionearen uztera doana gaztigatzen balu bezala honek, bere fedegabekeriarengatik.

Bizkitartean entzun zutelarik guk erranik Kristoren izena, haren irakaspena, haren bizia, haren miragarriak eta berdin miresgarri den hainbeste martiriren iraupena -hauek beren baitarik isuri odolak haien bizimoldera hainbeste herrialde erakarri baitu urrunetik eta alde orotarik!- ez dezakezu asma zein gogotik eta zer lehiarekin itzuli ziren utopiarrak Hari buruz; ala Jainkoaren eragin gorde batek sustaturik ala jadanik haien baitan nagusi zen sinesteari hurbil zebiltzala oharturik, nork jakin? Dena dela badut uste, beste hau ere kontutan hartu zutela: entzun baitzuten Kristok atsegin zuela elkarrekin batean bizi zitezen haren lagunak eta gaur egun oraino bizimolde horrek bazirauela kristau-elkarte jatorrenetan. Zernahi izan dadila, hauxe zen gertatu: utopiar ainitzek gure erlisionea hartu zutela eta ur sainduetan bataiatu zirela. Baina zorigaitzez, gu lauetarik -lauetaratuak ginen alabaina, bi lagun galduak baikenituen jadanik- bihi bat ez ginen apez eta nahiz beste guziak izanak dituzten, gutartean apezek bakarrik eman ditzaketen sakramentuetarik ez dute bihi bat izan oraino. Badakite bada zer diren eta gogotik har litzakete. Eztabaida bat ere badaramate gainera beren artean artoski, jakiteko ea kristau-apezpiku arartekorik gabe berek beren artean hauta lezaketen norbaitek apezgoaren marka izan lezakenetz. Hautua egitera zihoazela iduri zuen baina ni urrundu nintzenean ez zuten oraino egina.

Gehiago oraino, kristau-fedea onartu ez dutenek ez dute nehor debekatzen ez eta ere onartu duenik nehor jaukitzen. Ni hor nengoelarik bizkitartean, gure fededun-taldekoetarik bat garrazki zigortu zuten: gizon hori berriki bataiatua izana zen eta gure aholku guziengatik, zuhurtzia baino kar gehiagorekin kristau-erlisioneaz mintzo zen goraki; hainbeste berotu zen, non ez baitzituen bakarrik gure elizkizunak goraipatzen, baina beste guziak gain-gainetik gaitzesten zituen, itzulinguru arrunt batzuk baizik ez zirela adieraziz eta haien sinesle soraio fedegabeak betiko suaren subilak izanen zirela kridatuz. Horrelako erasiak luzaz jasan ondoan preso sartu zuten gure gizona. Auzitara eraman zuten, ez erlisionea iraindu zuelakotz baina nahaskeria piztu zuelakotz herrian eta epaileek erbestera kondenatu zuten. Ezen aspaldiko ohitura zaharrenetarik dute ez diola nehori bere erlisioneak damurik egin behar.

Hastapenean alabaina botereaz jabetu zenean jakin zuen Utopok, lehenago, beti gerla zutela herritarrek elkarren artean beren erlisionengatik eta ohartu zen, talde guziek herriaren onaz zihardutelarik, bakoitza bere alde gudukatzen zirelakotz garaitu zituela guziak. Garaitu orduko beraz, erabaki zuen oroz lehen zilegi zela bakoitza jarraikitzea gogoko zuen erlisioneari. Besteak bere hartara erakartzea ere haizu behar zen, baina nork bere sinestearen oinarriak agertuz neurri onean eta eztiki; ez ordea besteei jazarriz mutiriki, arrazoinkatuz biltzen ahal ez direlarik; nehor beraz bortxatu gabe, nehor iraindu gabe; edo bestela, norbait ozarki jazar baledi, erbesteaz edo morroitzaz gaztiga liteke.

Eta lege horiek ezarri zituen Utopok, ez bakarrik etengabeko guduka haiek eta barkaezinezko aihergoek errausten zuten bakearengatik, baina ere erlisioneari berari ongi zegozkiola ikusten zuelakotz. Erlisioneaz ordea ez zen menturatu deus itsura erabakitzera, ez baitzekien Jainkoak berak, ainitz ohore desberdin atsegin izanez ez ote dizkien batzuei eta besteei gogoeta desberdinak gogoratzen. Zinezko harrokeria eta erokeria iduritzen zitzaion, norberak hala daukana beste guziek egiatzat har dezaten mehatxuka eta indarrez eskatzea. Bestalde errazki ikusten zuen -erlisione bakar bat baldin bazen egiazkoa eta beste guziak funtsgabekoak- egiaren beraren indarraz, egiazko hura noizpait besteei aitzinatuko zitzaiela eta nagusituko, izariz eta zentzuz ibiltzekotan. Baina armak eskuan eta iskanbilen erdian gudukatuz geroz, gizon gaiztoenak baitira amorratuenak, erlisionerik onena eta sainduena sineskeria hutsalenen erdian ito liteke, arantze eta sasien erdian bihia bezala. Horra zergatik Utopok auzi hori utzi zuen zuritu gabe eta bakoitzari eman zion sinetsi behar zuena erabakitzeko eskua.

Lege zorrotz eta saindu bat egin zuen bada Utopok nehor ez uzteko bere giza mailatik hain behera erortzera non sinets baitzezakeen, arima suntsitzen dela gorputzarekin batean edo Jainko Begiralerik ez izanez, zorte itsu batek daramala gure mundua. Utopiarrek sinesten dute beraz hil ondoan gaztigatzen dela gaizkia eta sariztatzen ongia. Nehork besterik uste baldin badu, ez da hura gizonen lerroan ezartzen; abereen gorputz ilaunaren mailan berak jarri baitu izaitez hain gora duen bere burua. Are gutiago dute herritarren lerroan sartuko zeren -deusen beldurrik ez izanez- herriko erakundeak eta ohiturak elur-maluta bezala baitarabilzke. Nork asma dezake alabaina legeez beste beldurrik ez duen norbaitek, gorputzaz haraindian deus igurikatzen ez duen batek, ez dituela herri-legeak edo ixilka itzulikatuko edo indarka bortxatuko bere irrits-goseak asebete-beharrez? Gogo hori duenari ez diote beraz emaiten ez ohorerik ez kargurik ez buruzagitzarik. Hala edo nola gutiesten dute nor hiliki eta erori bat bezala. Ez diote halere beste minik egiten, ongi baitakite ez dela norberaren esku gogoko den hura sinestea. Ez dute ere nahi beren mehatxuez hertsatu alegia egitera, zeren guziz higuin duten ustelkeriara daraman gezurra edo zurikeria ez baitute jasaten. Baina horrelakoari ez zaio zilegi bere iritzien agertzea publikoki eta jende xehearen aintzinean bereziki; apezekin eta herritar prestu eta zuhurrekin hitzegitea aldiz ez diote debekatzen; gomendatzen baizik, erokeriak azkenean amore emaiten diola zentzuari sinesten dutelakoan.

Badira ere beste utopiar batzuk -eta ez hain guti- bakean uzten dituztenak, ez baitute argudio-eskasiarik beren iritzien alde eta ez baitute bestalde nehori kalterik egiten. Hauek bada sinesten dute abereek ere badutela arima hilezkor bat, baina ez, urrundik ere, gurearen heinekoa ez eta zorion berdinera deitua. Gutiz gehienek alabaina argi eta garbi daukate, halako zorion handia izanen dutela non eriak oro urrikari izanagatik, ez baitute hilentzat nigarrik isurtzen. Norbait ordea ikusten badute, beldur eta kexu bizia uzterakoan, hori biziki marka txar iduritzen zaie: norberak bere burua hobendun ikusirik eta hurbildu zaion gaztiguaren mezu gordea ukanik, hil beldurrak hartu duela asmatzen baitute. Iduritzen zaie bestalde Jainkoak ez diola ongietorri handirik eginen, bozkarioz Haren deiari ihardesteko orde, desgogara eta herrestan datorkionari. Horra zergatik honelako heriotzearen lekuko direnak izitzen diren; dolu handitan eta ixil-ixila eramaiten dituzte gorputzak; arimarentzat Jainko ona otoiztu ondoan urrikal dakion eta hutsak barka diezazkion, lurrean ehorzten dute gorpua.

Bihotza bozkarioz eta itxaropenez beterik joaiten direnentzat aldiz ez da nigarrik; haien poroguak kantuz egin ohi dira eta arima Jainkoari amultsuki gomendatu ondoan, bihozmin baino begirune gehiagorekin erretzen da azkenean gorputza. Hor berean oroitarri bat landatzen da, hilaren tituluak gainean marrazturik. Etxerat itzuli eta galdu dutenaren izaeraz eta ekintzez dute solas, baina gogotik eta maizenik aipatzen dutena da azken momentuan erakutsi duen alaitasuna. Haien ustez alabaina, gizon prestu baten oroitzapena da pizgarririk eraginkorrena bizientzat eta eskerrik gozoena hilentzat. Azken hauek ezen, ez izanik ere ageri gure zentzu kamutsengatik, hor dauzkagu gutartean aipu ditugun aldi oroz: ez baitagokio haatik dohatsuen zorionari gura duten lekuan ibiltzea ez zilegi izaitea; eta bestalde esker txarra erakuts bailiezagukete, amodiozko eta karitatezko lokarriez lotuak zaizkigularik bizi guzian, gu haien adiskideak berriz ikusteko gogorik ez balute gehiago; zeren sentimendu on horiek beste ontasun guziak bezala, haien arabera, hazi behar dira hil ondoan eta ez endurtu, gizon zuzenen baitan. Utopiarren sinestea da beraz, hilak badabiltzala bizien erdian; hauen solasen eta urratsen lekuko direla; eta sineste horrek beren ekintzetan fidantzia gehiago emaiten die: beren hilen gerizak sustatzen ditu eta beren aintzinekoak hor dituztela lekuko jakiteak, gaizkia ixilean egitetik begiratzen ditu.

Beste herrialdeetan arrakasta handia duten aztikeriez eta sineskeria hutsezko asmaketez ez dute utopiarrek batere axolarik eta haiez trufatzen dira. Mirakuiluak aldiz, naturaren bazterreko bidetarik datozelarik, begirune handiz hartzen dituzte; Jainkoaren eragina eta eskua adierazten dutelakoan. Horrelakoak maiz gertatzen omen dira haien herrian eta behar-ordu handienetan fidantzia osoz herriaren otoitzek eskatzen dituzte batzuetan mirakuilu horiek eta ardiesten ere bai.

Naturalezaren mirestea eta mirespen horretarik datorren laudorio-otoitza atsegin zaiola Jainkoari pentsu dute utopiarrek, baina badira halere haietarik zenbait -eta ez hain guti-, erlisionearen izenean liburu guziak baztertzen baitituzte, naturaren ikerketak arbuiatzen eta lanarteak oro ukatzen, baizik eta hurko lagunaren aldeko laguntzan eta lan-mota guzietan higatuz hilondoko zoriona behar dutela irabazi. Ondorioz, ari dira batzuk eri gaixoen artatzen, beste zenbait errepideen berritzen, isurtegien xahutzen edo zubien antolatzen; zohikatz, legar edo harri ateratzen; zuhaitzen aurtikitzen eta xehatzen; egur, bihi eta horrelako uztak, bi iditako orgekin hirira garraiatzen; hots, morroiak berak baino gehiago badihardute, ez bakarrik herri osoaren baina herritar edozeinen zerbitzuan. Gogo onez eta osoki beren gain hartzen dituzte lanik gogorrenak, zailenak eta zikinenak; beren nekearen, asperraren eta nazkarengatik langile gehienak lotsatzen dituztenak. Haiek bada botzik egiten dituzte; lagunei aizina uzten diote eta berak nekezko lan dorpean higatzen dira geldi-geldia. Baina ez daukate hori berentzat merezigarri; ez dute horrengatik besteen bizimoldea gutiesten; ez beren hura handiesten. Zenbat eta ordea lagunen zerbitzuan ariago, hainbat ere dira ororen begietan oneskituago.

Bizkitartean, bi talde badira haien artean: bat, ezkongabeek osatzen dute. Hauek uko egiten diote osoki Venusi baina ere haragiari eta batzuetan edozein bizidunen okelari. Bizi honetako atsegin kaltegarri guziak eragozten dituzte eta beren izertaldi eta beilaldien gostuz geroko biziari buruz bakarrik lehiatzen dira, laster ardietsi behar dutelako fidantziak emaiten baitie kar eta indar.

Beste taldekoek, lana berdin maite dute baina ezkontza hobesten ere eta ez gutiesten haren gozamena: iduritzen zaie naturari zor diotela ezkon-eginbidea betetzea eta herriari seme-alabez haren aberastea. Ez dute atsegin-bihirik arbuiatzen, non ez dituen beren lanetik gibelatzen. Abelgorrien haragia nolazpait hobesten ere dute, indar gehiago emaiten omen dielakotz, edozein lanetarako.

Utopiarren ustez, bigarren talde honetakoak dira prestuenak; lehenekoak sainduenak. Norbaitek, ezkongabea ezkondua baino gorago eta bizi garratza bizi atsegina baino lehen ezarri nahi balu arrazoinkatuz bakarrik, irri ederrik egin liezaiokete utopiarrek baina erlisionearen izenean egiten omen baitu bere hautua denek begiesten dute eta ohoratzen. Hauxe da ezen utopiarrek artoskienik begiratzen duten legea: nehork ez dezala deus itsura erabaki erlisione gaietan. Horra beraz asketa saindu horien bizimoldea: "Butreskak" deitzen dituzte beren mintzairan, hau baita latinez "religiosi" edo erlisiozaleak.

Guziz apez sainduak badituzte utopiarrek, baina horrengatik apez horiek biziki guti dira: hamahiru baizik ez, hiri bakoitzean; eliza bakoitzean bat. Salbuespen bakarra, gerla-denboran da; ezen orduan haietarik zazpi joaiten dira armadaren lagun eta bitartean beste zazpiek ordezkatzen dituzte joan diren horiek. Baina hauek itzultzean bakoitzak berriz bere lekua hartzen du; gaineratikoak, hiltzen direnak ordezkatzeko aldia etorri arte Apez Nagusiaren laguntzaile izanen dira; zeren apez soiletarik bat bada besteen buru. Herriak berak hautatzen ditu apezak, beste herri gizonak egiten dituen bezala, ixilikako hautespenen bitartez, ez dadin gerta azpijokorik. Apez lagundiarenganik ukaiten dute ordea hautetsiek sakramendua. Horiek izaiten dira gero elizkizunen buru; horiek dute erlisioneko zer guzien ardura; horiek ere herritarren bizimoldeari begia atxikitzen eta guziz ahalkegarri da bizimolde bihurri batengatik erasiak entzuteko horien aintzinera deitua izaitea.

Baina apezei badagokie aholkuak edo erasiak herritarrei banatzea, herri-gizonen eta Buru Lehenaren gain dago gaiztaginak gaztigatzea eta hobendunak zigortzea. Apezek halere beren esku dute ahalkerik gabeko gaizkileen baztertzea elizkizunetarik. Ez da menturaz hori bera baino gaztigu ikaragarriagorik: hunkiak direnak, desohoreak joiten ditu eta beldur saindu ilun batek jaten. Berak ere ez dira luzaz gerizan egoiten, zeren ez baldin badiete laster apezei beren urrikia erakusten "fede-gabekeriaz" hobendun direlakoan preso sartzen baititu Senatuak. Apezenganik ikasten dute haurrek eta gazteek, lehenik ez literatura baina zuzenbidea eta bertutea, ezen arta handia hartzen dute utopiarrek lehenbailehen finka daitezen haurren arimetan, malgu eta uxter direno, Herriaren ona atxikitzeko baliagarri eta beharrezko diren irakaspenak. Gero, irakaspen horiek haurren bihotz-barnetan erroak egin dituztelarik irauten dute bizi guzia eta estatuaren finkotasuna laguntzen dute handizki, zeren estatu hori honda dezaketen gaitz guziak irakaspen makurretarik heldu baitira.

Emazteak, herriko hoberenetarik hautatzen dituzte apezek, non ez diren berak emazteak, ezen ez dituzte emazteak kargu horietarik bereizten, baina bakarrik bakan hautatzen; denak ere alargunak eta adinetara helduak. Ez da Utopian kargurik apezgoak bezainbat itzal emaiten duenik; hainbestetaraino non zerbait gaizki handi egiten baldin badu ere, ez baita herri auzitegirik apez hori bere aintzinera deitzen duenik: denek Jainkoaren eta bere buruaren gomendio uzten dute. Iduritzen zaie opari saindu bezala hain bereziki Jainkoari emana izan zaion gizona hunkitzea ez dela zilegi, nahi bezain gaizkile handi bilakatu izanik ere delako hura. Baina ez zaie neke-ohitura hori begiratzea; hain guti baitira apezak eta diren haiek arta handienarekin hautatzen baitituzte. Ez da maiz gertatzen alabaina bere bertute soilarengatik onen artean hoberentzat hartua eta kargu goienera altxatua izan den norbait bide makurrera eta gaiztora erortzea. Azkenean izigarrikeria hori gerta baledi ere -gizona berez baita aldakor- alde batetik bakan gertatzen delakotz eta bestetik ohoreak salbu ez baitiete botere politiko handirik uzten apezei, hauek ez diotelakotz kalte ainitzik egiten ahal herriari, ez liteke behar nehor hainbat ikaratu.

Apezak guti eta bakan baldin badira hori horrela da, utopiarrek ez dutelakotz galtzera utzi nahi orai halako begirunearekin ikusia den ordenaren ohorea: gal liteke alabaina ainitz lagunen artean barreia baledi eta gainera biziki neke da oraingoz, haien arabera, entrabaleko bertutea aski ez duen ofizio batentzat on litezkeen hautagai ainitzen aurkitzea.

Baina arrotz herrietan ere apezek izaiten dute Utopian bezain estimu handia eta laster ageri da nik uste, nondik heldu den estimu hori. Ezen gerlari-taldeak batailan ari direlarik, apezak bazterretik, ez ordea hain urrun, belauniko emaiten dira apez-jantzitan besoak zerura altxaturik otoitzean. Lehenik eskatzen dute ororentzat bakea, ondotik beren herritarrentzat garaipena, baina nehorentzat ez garaipen odoltsurik. Haien aldekoak nagusitzen baldin badira, apezak lehen lerroetara laster hurbiltzen dira beren lagunak ez uzteko ihesliarren basaki zehatzera. Galtzaileek aski dute haien ikustea eta dei egitea beren bizia salbatzeko, aski ere haien jantzi luze eta laxoak hunkitzea beren beste ontasunak gerlako kalte guzietarik gerizatzeko.

Horra beraz zergatik inguruko herrialde guzietan apezek izaiten duten hain begirune handia eta halako larderia: beren soldadu lagunen ukaldietarik etsaiak zaindu dituzten bezain erraz, gertatu zaie askotan etsaien aztaparretarik beren herritarren ateratzea. Jakina da halako aldi batez, herritarren lerroa puskatua izanez etsitzekoa bazela, soldaduak ihes ari baitziren eta etsaiek sarraskira eta lapurretara lehia baitzuten, noiz eta ere apezak artetik sartu ziren, ehailketa geldiarazi zuten eta bi armadak bereizi ondoan, bake zuzen bat egokitu eta finkatu. Ez da nehoiz aurkitu aski gogor, abere eta basa den herririk, haren apezak ezin hunkiak eta sakratuak direla ez sinesteko.

Hilabeteko eta urteko lehen eguna eta azken eguna dira Utopiako jaiegunak. Ilargiaren itzuliak mugatzen ditu urteko hilabeteak; eguzkiarenak aldiz neurtzen urteak. Hango mintzairan, "Kinemernes" deitzen dituzte lehen egunak; "Trapemernes" berriz azken egunak. Hitz horiek erran nahi dute: "lehen jaiak" eta "azken jaiak".

Utopiarren elizak guziz ederrak dira eta aipagarriak ez bakarrik beren eraikiduragatik, baina ere -biziki guti baitira- kokatzen duten jendalde izigarriak eskatzen dituen barne handiengatik. Eliz barne horiek bizkitartean aski ilunak dira; ez baitezpada diotenaz, besterik egiten ez dakitelakotz; apezek horrela nahi dutelakotz baizik: argi biziak barreiatzen omen du gogoa, horien arabera. Argi ezti eta ilun aireak aldiz bildutasuna laguntzen eta kartsutasuna emendatzen. Baina ororen debozionea ez baita berdina, nahiz bide desberdinek helburu bera izan dezaketen bezala ainitz debozione-mota desberdinek Jainko izaite berbera ohoratzea duten xede, ez da hango elizetan deus ikusten, ez deus entzuten, debozione guziek salbuespenik gabe onar ez dezaketenik. Zeremonia berezirik baldin badu sinestun-talde batek edo bestek etxe barnean egiten du bere gain. Elizkizun publikoetan ez da aurkitzen zeremoniarik, nehoren sinesteari gaitzi dakiokeenik.

Horra beraz zergatik ez den elizetan ikusten, neholako Jainko-itxurarik, bakoitzari zilegi izan dakion bere debozionearen muinaren araberakoa moldatzea. Ez da ere Jainko izen berezirik aipatzen, "Mitra"rena baizik, honi esker dutelakotz guziek batean Jainko Bakarraren dena delako Jainkotasuna aitortzen. Ez da ere otoitzik egiten, bakoitzak bere sinesteari minik egin gabe erran dezakeenik baizik. "Azken jai" egunetan arratsari buruz, utopiar guziak elkarrekin elizara hurbiltzen dira barurik, eskerren bihurtzeko Jainkoari, ongi iragan delakotz besta horrek bururatzen duen urtea edo hilabetea. Biharamunean, "Lehen jai"aren goizaldera, elizetan biltzen dira osteka, besta horrekin irekitzen den hilabete edo urte berria, ona eta zoriontsua izan dadin otoitz egiteko.

Baina "Azken jai" egunetan, elizara joan aintzin, beren etxean emazteak belaunikatzen dira beren senarren oinetan eta haurrak beren burasoen aintzinean; ahuleziaz edo arta eskasez egin hutsak aitortzen dituzte eta huts horien barkamena eskatzen. Etxeko bakea apur bat nahasi duketen laino arinak barreiatzen dira horrela eta otoitzera badoaz guziak, arima argi eta garbi. Hoben handia da ordea bihotz nahasi batekin sakramenduetara hurbiltzea: norbaitentzat haserrea edo herra bihotzean dutenak beraz ez dira hurbiltzen, ez baldin badute lehenik bakea egin eta beren aihergoa menderatu, beren hobenaren gaztigu garratza jasan behar izaiteko beldurrez.

Elizan sartzean, eskuin aldean jartzen dira gizonak eta emazteak bereiz ezkerreko aldean. Gero lekuak hartzen dira, etxeko aitaren aintzinean etxeko seme eta gizonki guziak jezartzeko gisan eta etxeko ama, etxeko alaba eta emazteki guzien araldea zaintzeko moldean. Eta horrela, etxean larderia eta ordena atxikitzen dutenek berek, beren meneko guzien urrats guziei begia emaiten ahal diete nonnahi. Arta hartzen dute bestalde, gehien bat ezartzeko gazteago bakoitzaren ondoan, amoreagatik eta haurrak haurren kontu utziz, ez dezaten bederen gal, bereziki gain hartakoen larderia ikasten iragan behar luketen denbora: larderia hori baita bertuteen sustagarri nagusia eta ezbaian bakarra.

Utopiarrek ez dute beren sakrifizioetan animaliarik hiltzen, ez baitute sinesten odola eta sarraskia atsegin izan ditzakeela urrikalmenduzko Jainkoak; Honek berak dienaz geroz bizi daitezen, bizidunei emaiten bizia. Intsentsua eta horrelako usain onak erretzen dituzte eta ere zuzi ainitzen eskaintzak egiten: ez ordea ez dakitelakotz ez diola horrek -gizonaren otoitzak berak baino gehiago- deus ekartzen Jainkoari, baina bai iduritzen zaielakotz ongi dagozkiela eskaintza zuri horiek eta bestalde usain onek, argiek eta beste zeremoniek, gizonen bihotzak ez jakin nola altxatzen dituztela eta kar gehiagorekin Jaunaren ohoratzera erakartzen. Populua elizan zuriz janzten da. Apezak aldiz kolore askotako jantziak ditu, itxura ederrekoak eta guziz landuak; baina ez ekai garestikoak. Jantzi hauek ez dira, ez urrez josiak ez harri bitxiz apainduak, baina hain artezki, hain poliki, xori-luma ainitzez berreginduak non nehongo ekaiaren balioa ez baita lan horrenaren heinera helduko. Bestalde xorien lumetan eta hegaletan, eta hauek apez-jantzien gainean ezarriak diren ordenan, aurkitzen omen dira misteriozko sekretuak. Zeinu hauen irakurketak -apezek artoski begiratuak- gogoratzen dizkie herritarrei, Jainkoak gizonei egin dizkien ongiak, gizonek ordainez Jainkoari zor dioten ikustatea eta guziek elkarren aldera dituzten eginkizunak.

Apeza horrela jantzirik bere barne saindutik populuaren aintzinera agertu orduko, guziak haren agurtzeko ahuspekatzen dira berehala eta eliza osoaren beteko ixiltasunak, Jainkoa bera hor balitz bezalako ikara sortzen du. Apur bat ahuspez egon ondoan, denak zutitzen dira apezak keinu egitearekin eta gero Jainkoaren laudorioak kantatzen dituzte, gure eskualdeetan hainbat ikusten ez diren itxurako musika-tresnek lagundurik.

Gutartean darabiltzaten tresnek baino biziki soinu atseginagoak emaiten dituzte horietarik gehienek eta batzuekin ez dira gureak parekatzen ahal ere.

Eta honetan bereziki gutarik biziki urrun dabiltza dudarik batere gabe, haien musika-mota guziek bai tresnekilakoek bai aho hutsezkoek sentimendu jatorrizkoen itxuratzeko eta adierazteko duten gaitasunean. Sinestunen otoitza izan dadila bozkarioz edo urrikalmenduz, kexuz, doluz edo haserrez josia, hain zuzen aurrintzen dituzte soinuak sentimenduekin, hain ongi uztartzen aireak hitzen zentzu sakonarekin non entzuleen bihotzak baitituzte miresgarriki beretzen, zilatzen eta sutan emaiten.

Azkenean apezak eta populuak elkarrekin errepikatzen dituzte ohizko otoitzak, guziek batean emaiteko eta bakoitzak beretzat hartzeko gisan emanak direnak. Otoitz horietan, munduaren eta beste ontasun guzien sortzaile eta kudeatzailetzat aitortzen da Jainkoa eta bere ongi egin guziez eskerrak bihurtzen zaizkio, bereziki Hari esker munduko herri-elkarte dohatsuenean jaio izanik eta agian erlisione egiazkoenean parte harturik. Sekula erlisione-gai horretan makur ibil baledi eta beste zuzenago bat Jainkoak hobets baleza, hobeago hura bihotz onez ezagutaraz diezaion eskatzen dio Berari: noranahi eraman dezala gerturik baitago jarraikitzeko. Baina herri-elkarte mota hori baldin bada hoberena eta erlisione bera zuzenena, Jainkoak orduan eman diezaiola iraupena eta beste gizon guziak erakar ditzala erakunde berekin bizitzera, Jainkoazko iritzi berak onartzera, non ez duen Berak Bere misteriozko xedeetan erlisione desberdinen aberastasun horiez nolazpait atsegin hartzen.

Ororen buru utopiarrak otoitz egiten du, heriotze lasai baten ondotik, berean har dezan Jainkoak eskatuz. Ez da halere menturatzen goiz ala berant izan behar den berak aintzinetik finkatzen. Erran dezagun bizkitartean Jainkoari gaitzitu gabe, biziki nahiago lukeela heriotze gogorrenaren gostuz harenganatu ezenez eta bizitzeko erraztasun nasaien erdian Harenganik luzeegi urrun egon. Otoitzetik landa, guziak berriz ahuspekatzen dira apur bat, gero zutitu eta badoaz mahaira, eta egun-hondarra iragaiten dute jolasten eta soldadu-ariketak egiten.