Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Gerlako gauzez
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma
Morroiez
Z
inezko basakeria den bezala, -nahiz ez den abere-motarik gizonak bezain usu egiten duenik- gerla utopiarrek gaitzesten dute gain-gainetik eta beste herrialde gutiz gehienek ez bezala gerla irabazi ospea ez daukate hainbateko.

Ondorioz eta nahiz herritar guziek -gizon ala emazte- egun jakinetan militar-ariketak egin ohi dituzten jarraituki, behar-orduan trebe izaiteko, ez dira neholaz gerlan sartzen itsura. Gerla egiten dute bakarrik beren mugen zaintzeko edo adiskideen lurretarik etsaiaren ohiltzeko edo oraino tirano batek leherturik daukan edozein herriren alde -hartaz urrikalduz eta gizontasunez egiten dute orduan- tiranoaren atzaparretarik eta menpetik haren ateratzeko.

Adiskideak bada laguntzen dituztelarik, ez da beti haien zaintzeko etsaietarik, baina ere batzuetan haiek jasan damu-doluen ordainarazteko eta mendekatzeko. Ez dira bizkitartean horretaratzen, non ez dieten adiskideek aintzinetik kontseilu galdetu, non ez duten berek gaia sakonki ikertu, non ez duten ordainketa debaldetan eskatu, non ez duten gerlaren erabakitzea eta gidatzea beren esku begiratu. Eta erabaki hori hartzen dute ez bakarrik etsaiek zerbait ontasun bahitu dietelarik, baina ere -eta orduan amorru gehiagorekin- nonbaiteko herrialde batean lege tzar batzuengatik edo lege zuzenen baliatze bihurriaz haien merkatariak alegia zuzenki, eta izaitez zuzengabeki salatu dituztelarik.

Duela ez aspaldi, ez zuen beste aitzakirik izan utopiarrek nefelogeten alde eta alaopoliten aurka egin zuten beihalako gerlak; hots, Alaopolitek nefelogeten merkatariei beren zuzenbidearen izenean -berek hala zioten bederen- egin zieten bidegabekeria baizik. Dena dela zuzen edo makur, gerla ikaragarri batek mendekatu zuen guzia alde bietarik. Eta bi aldetako indarren eta aihergoen lauzkatzera auzoko herrien baliabide eta sukarrak etorri zirenean herrialde aberatsenak inarrosiak izan ziren, beste batzuk gogorki hunkiak eta gaitzak gaitzen gainera erortzetik gelditu ziren azkenean alaopolitek amore eman eta uko egin zutelarik. Utopiarrak ordea ez baitziren beren kontu ari, alaopolitak erori ziren nefelogeten menpe; hauek ez zirelarik aintzinean neholaz haien heinera helduko.

Beren adiskideek jasan kalteak -diru-kalteak izanik ere- hain garrazki mendekatzen dituztelarik, utopiarrak bestela plantatzen dira berak hunkiak direnean. Beren ontasunak edeki baldin badizkiete maltzurkeriaz baina bereei minik egin gabe, hobendun den herriarekin zituzten saleroste-harremanak mozten dituzte bakarrik; hartzen duten ordaina eskuratu arte.

Ez da baitezpada beren herritarrez axola gutiago dutela "herri elkartu"etakoez baino; bakarrik, nekezago jasaten dute besteei egin diru-ohointza bereei egina baino: besteen merkatariek alabaina kalte handia jasaten dute, beren ontasun propioa galtzen baitute. Herritarrek, aldiz, herri-ontasunak baizik ez dituzte galtzen, hauen eskasik ez dute etxean eta atzerrira zihoazen ontasun-soberakinak dira nolazpait. Nehork horrela ez du izaten minik gertatu den kalteaz. Iduritzen zaie beraz, nehoren biziak ez bizibideak jasan ez duen kaltearen damua, ainitzen heriotzeaz mendekatzea gogorregi litzatekeela.

Baina sekula haien herritar bat zuzengabeki kolpatzen baldin badute edo hiltzen, nornahiren egitatez edo auzitegien erabakiz, berehala ordezkariak igortzen dituzte egiaren jakiteko; hobendunak eskuratu arte ez dute barkatzen eta ordu berean, gerlan sartzen dira. Eskuratzen dituztelarik, hiltzera kondenatzen dituzte hobendunak edo morroitzara.

Odolaren gostuz nagusitzeak min emaiten die eta ahalge ere, iduritzen baitzaie edozein gauza balios garestiegi erostea, erokeria hutsa dela. Beren zuhurtziari eta antzeari esker garaitu baldin badute etsaia eta zanpatu, orduan gastu handiak eginez ospatzen dute publikoki beren garaipena; garaikin bat altxatzen dutela, ekintza aipagarri batentzat bezala. Ezen, beren burua handiesten dute bakarrik gizontasun eta kemen erakutsirik, izpirituaren indar soilez garaile atera direlakotz; abere-bihi batek, gizonak baizik egin ez zezakeenaren arabera: hartzek alabaina, lehoiek, basurdeek, zakurrek eta abere basa guziek beren gorputzeko indarrekin dute ihardukitzen, baina indarrez ala basakeriaz haiek guri nagusi izanik ere, guk guziak garaitzen ditugu adimenduaz eta izpirituz.

Gerlaren helburu bakarra hauxe da utopiarrentzat: gerla hasi aintzin ardietsi balute ez baitzuten gerlarik hasiko eta hura bera ardiestea. Edo eztabaidagaiarengatik horrelakorik ez bada ahal, aski gaztigu garratza galdetzen dute hobendunentzat berriz hasteko beldurra sar dakien amoreagatik. Horra haien xedeak eta ahalik lasterrena betetzen dituzte.

Aipamen ospetsuak eta omena baino lehen ezartzen dute haatik behargabeko arriskuen baztertzeko ardura. Ondorioz, gerla hasi orduko, etsaiaren eremuetako leku agerienetan beren zigilu ofizialaz markaturik inobreko kartelak ezartzen dituzte ixilka eta denak batean. Sari handiak hitz emaiten dituzte delako agerietan etsaien buruzagia garbituko duenarentzat; sari tipiagoak -baina oraino ederrak- iragarkietan izenak ezarriak dituzten aintzindarietarik bakoitzarentzat, zeren hauen gain ematen baitute -buruzagi lehenaren ondotik- etsaiek hartu erabakien hobena. Ehaileari hitz eman diru-saria, den handiena bikoizten zaio, delako aintzindarietarik bat bizirik ekartzen duen bakoitzean.

Etsaien aintzindari horiek berak bestalde, sari beren truke eta gaztigurik gabe uztea hitz emanez deitzen dituzte lagunen aurka itzultzera. Horra zergatik haien buruzagiak hasten diren laster ororen goganbehartzen: ez dira gehiago berak nehori fida ez eta haiei besteak; ikaratan daude eta kalte handiagoen beldurrak hartzen ditu. Ezen gertatu izan da aintzindari-andana handia eta buruzagi lehena bera, gehienik fida ziren lagunek maiz saldu dituztela: hain errazki diruak biltzen du gizona edozein izigarrikeria egitera! Eta horrelakoetan ez diote diruari gupidarik utopiarrek.

Zer arriskutan ezartzen dituzten etsaiak gogoratuz, arriskuaren handitasunaren araberako sariaz ordaintzeko arta hartzen dute: ez diete beraz urre-meta handi bat bakarrik hitz emaiten baina ere mozkin ederrekilako ontasun batzuk herrialde adiskideen erdian, seguruan sekulakotz berentzat izanen dituztenak; eta gero beren hitza ximenki betetzen dute.

Etsaien erosteko eta joiteko ohitura beste herriek gaitzesten dutena, bihotz gogor eta ustelaren marka bezala, zuhurtziatzat daukate utopiarrek eta goraipatzen dute; baizik eta horri esker, gerla handienak batere batailarik gabe bururatzen direla. Urrikalmenaren eta gizontasunaren seinale ere izan daiteke; ezen hobendun bakar batzuen heriotzeaz, zenbat gerlan hilen zirenen biziak ez dira salbatzen! Bai aldekoetarik bai etsaietarik. Herritarrak berak bezain urrikari baitituzte haatik etsaien osteko gerlari xeheak; badakite alabaina ez direla hauek beren baitarik gerlan hasi, baina beren printzeen haserre eroak dituela horra erakarri.

Diruaren bitartez ez direlarik beren xedeetara heltzen liskar-hazia ereiten eta hazten dute, printzearen anaiaren edo handiki baten bihotzean piztuz botereaz jabetzeko fidantzia. Etsaiaren barneko taldeak loakartuak baldin badira, auzo herriak zirikatzen dituzte eta gerlan sarrarazten, erregeei sekula falta ez zaien titulu zaharkitu horietarik bat zokotik ateratu ondoan dirua burrustan isuririk; eta gerlako beren laguntza osoa hitz emanez.

Beren herritarren bizia ordea biziki zuhurki arriskatzen dute: hain atxikiak dira elkarri eta halako estimutan badaukate elkar, non ez bailezakete berenetarik nehor sal printze etsaiaren truke. Dirua eta zilarra aldiz, ez baitute horretan baizik baliatzen, hura banatzen dute dolurik batere gabe; jakinez berdin lasai biziko direla, dena xahuturik ere. Baina etxeko aberastasunez bestalde badaukate atzerrian ezin agortuzko altxorra, herrialde ainitzetan dituzten hartzeez, erran dugun bezala ontua eta hari esker nonnahi aurkitzen dituzte gerlara igortzeko mertzenariak, bereziki zapoletak.

Utopiatik bostehun milatan bizi da zapoleten populua, eguzki aldera; jende beldurgarria da, basa eta hezgaitza; zer oihan ala mendi zorrotz tartean hazi izana den ageri du. Hotz-beroentzat eta lan dorpeentzat gogorra da. Zoko gorde guziak ezagutzen ditu; baina laborantzaz ez du axolarik, ez bizitegiaz, ez jantziaz. Abere-hazkuntzaz da bakarrik arduratzen. Ehiziaz eta ohointzaz bizi dira oroz gainetik. Gerlako jaioak izanki, beti gerla egiteko paradaren zain daude: heldu zaienean, atsegin hartzen dute eta badoaz saldoka, mertzenariak behar dituenari buruz beren buruen merke eskaintzera. Bizimolde bat baizik ez dute ezagutzen: herioa emaiteko moldea. Ordaintzen dituztenen menpe gudukatzen dira gogorki, leialtasun handienarekin. Baina ez diote eperik batere ezartzen beren agintzari, beren kontratuetan aldiz finkatzen dute biharamunean berean badutela etsaiaren alderdia hartzeko eskubidea; honek soldata hobea eskaintzen baldin badie; biharamunagoan berdin berriz aintzineko aldera itzultzeko diru apur bat gehiago eskuratzekotan.

Ez da maiz gerlarik hasten non ez den mertzenari horietarik andana bat aurkitzen armada bakoitzean. Eta horrela gertatzen da egunero, odolaren legeak bat egiten zituenak eta alderdi berean zeudeno elkarri guziz atxikiak zirenak, handik berehala kontrako armadetan sartu direlakotz, etsaiak bezala bihotza herraz beterik, odola eta ohiko atxikimendua ahantzirik, elkarri hilka lotzen direla. Diru-porroska batek aintzindari desberdinen menpe jartzera erakarri dituelako aitzakiaz beste funtsik ez du bada elkar hiltze horrek! Beren soldataren hain kontu zehatza atxikitzen dute gainera non aski bailukete sos bat eratxikitzea eguneroko irabaziari beren alderdiaren trukatzeko errazki. Ikusteko da zein laster hartzen duten diruaren sukarra; deusetako ez duten diruarena; ezen odolaren gostuz irabazi dutena berehala xahutzen dute zein hiski, zirtzilkerian!

Zapoletak beraz utopiarren kontu gudukatzen dira edozein etsaien kontra; beste nehon baino hobeki ordaintzen dietelekotz haiek beren lana. Utopiarrek ezen gizon onak bilatzen dituzte, laguntzaileak nahi dituztelarik; baina gizonik gaiztoenak hartzen dituzte, haietaz baliatu behar direlarik: behar-orduetan beraz agintza ederrekin bereganatu ondoan, arrisku handienetara igortzen dituzte; handik orobat ez baitira gehienak nehoiz itzuliren hartzen dutena edekitzeko. Gainerakoei, hitz hartu bezala zintzoki ordaintzen diete; berriz arrisku beren hartzeko ez dezaten izan lotsarik. Horrelako gizon-andana galarazteaz ez dute bada batere axolarik; badakite beren ustez, korotz horretarik, populu gaizto okaztagarri horretarik mundu osoa garbi balezate, gizadi guziarenganik eskerrak hartzen lituzketela.

Mertzenarien ondotik, gerlan sartuz lagundu nahi izan dituzten herrien soldaduak dituzte baliatzen; gero, berriz, herrialde adiskideen laguntzaileak; eta azkenean bakarrik aintzinatzen dituzte beren herritarrak; hauetarik hautatu ondoan armada osoaren buruzagitzat bertute jakineko gizon bat. Buruzagi horren menpe badira bi ordezkari; bestea oso deno ixilik daudenak; baina hura etsaiek hartzen baldin badute edo hiltzen, bietarik batek ordezkatzen du, ondore batek bezala; eta gero halabeharrez -gerlako gorabeherak desberdinak baitira- hirugarrenak ordezkatzen du bigarrena; armada guzia desegin ez dadin buruzagi-eskasiaz.

Uharteko hiri bakoitzean, beren baitarik izena eman dutenen artean hautatzen dira soldaduak. Ez da nehor bortxaz igortzen gerlara atzerrira: ongi baitakite, norbait jitez herabe delarik, ez dela hura ausart bilakatuko; baizik beste lagunei diela beldurra sartuko. Bizkitartean herrian berean gerta baledi gerla, beldurti guziak osasunean diren ber gerlako untzietara iganaraziko dituzte; gudari gardatsagoekin nahasirik. Edo bestela bereiz ezartzen dituzte harresi gainetan ihespiderik ez duten lekuetan; eta horrela etxekoen ahalkeak, etsaien oldarrak eta ihesaren menturarik ezak garaitzen dute beldurra: maiz ezinbesteak baitakar indar eta adore.

Nehor ez badute hertsatzen atzerriko gerlan parte hartzera, emazteak halere haizu dira nahi badute, beren senarren lagun armadetara joatera. Ez dituzte batere eragozten, baizik sustatzen eta goresten. Guduan, emazteak beren senarren aldean jartzen dira; eta gero gudari bakoitzaren inguruan, bere haurrak, bere ahaide eta askaziak; naturalezak berak horrela hurbilenetik elkarri atxikiak direnak erakartzen ditu hobekienik elkar laguntzera. Ez da desohore handiagorik nehorentzat bere ezkonlaguna gabe etxera itzultzea baino; seme batentzat bizia eman dioten burasoetarik bat galdurik etxean sartzea baino. Eta orduan etsaiarekin buruz buru baldin badihardute eta nehork ez amore emaiten, gudu luze ikaragarri hori sarraskitan amaitzen da.

Utopiarrak beraz saiatzen dira, berak ahalaz guduan ez parte hartzera eta soldatarien eskutik gerla bururatzera; baina ezinbestean berak sartu behar baldin badira guduan, halako zuhurtziarekin ahal zuteno bazter egon ondoan, kar berarekin sartzen dira orduan. Ez dute bada beren sua lehen oldarrean agertzen; gero eta gehiago iraunez eta luzaz ihardokiz dira gogortzen eta azkenean hala tematzen dira beren xedean, non nahiago baitute hil amore eman baino. Ezen bakoitzak etxean bizipidea segurtatua duela jakiteak eta bere ondokoen geroaz kezkatzerik ez duela oroitzeak -arrenkura horrek ditu errausten soldaduen gogo-bihotzak beste toki guzietan- utopiarren izpirituak altxatzen ditu eta garaitezinak egiten.

Gerlako ofizioa ikasia izaiteak emendatzen du haien bipiltasuna eta gainera, hor dituzte ere beren ideia zuzenak, haur-haurretik haietan haziak izan baitira izan dituzten irakaspen onekin eta Errepublikako erakunde guziekin: badakite beraz, ez dela bizia gutietsi behar itsura arriskutan ezartzeko gisan; baina ez ere izariz kanpo maitatu, zikoizkeriaz eta desohorez begiratzerainokoan, zure ohoreak uko egitea eskatzen dizularik. Bataila, bere betera heltzen denean, gudari gazte bikain batzuek elkarri zin eginik eta herriaren alderako karrak sustaturik, beren gain hartu nahi dute etsaiaren buruzagia garaitzea: Batean agerian jauzten zaizkio, bestean zelatan jartzen; hurbiletik ez bada, urrunetik hunki behar dute; eta nekatuak direlarik, berriek ordezkatzen dituztela, taigabeko angelu zorrotz eta luze bat elkarrekin moldatuz oldartzen zaizkio; eta orduan maizenik aintzindari etsaia, non ez dion ihesari emaiten, hiltzen dute edo preso hartzen bizirik.

Irabazi dutelarik, ez dira utopiarrak sekula sarraskitan gozatzen; nahiago dituzte ihesliarrak harrapatu, hil baino. Sekula ere ez dira ihesliarren ondotik joanen, soldadu-saldo bat gerturik eskupean atxiki gabe; eta hain gogor daude horretan, non azken soldadu-taldearekin irabaz balezate gudua, beste talde guziak galdu ondoan, nahiago bailukete etsaia itzurtzen utzi, ezenez eta talde desegin batzuekin bakarrik haren ondotik abiatu.

Oroit dira, behin bainotan berek ikusirik: beren armada osoa desegina zutela eta ihesari emana; etsaia berriz garaipenak beroturik, eskuin eta ezker bazebilen itsura ihesliarren ondotik; utopiar-saldo xume bat bazterretik baitzegoen paradaren aiduru, menturazko segurtamenaren ezaxolarekin barreiatu eta sakabanatu ziren etsaiei jazarri zitzaien bapatean; batailaren itxura aldatu zen osoki; garailearen eskutik joan zen seguru zeukan garaipena; eta garaiturik izanak zirenek garaitu zituzten beren garaileak.

Ez da erraz erraitea eia artexago diren utopiarrak beren arteak hedatzen ala besteen jukutriak galarazten: uste duzu ihes joanen direla eta urrun dabiltza horretarik; xede hori hartzen dutelarik aldiz iduritzen zaizu beste zerbait dutela gogoan; zeren ikusten baldin badute etsai-andanak, lekuaren antolamenduak hertsatzen dituela, gauez gau eta ixil-ixila lekuz aldaratzen dute ohatzea edo jukutriaz ilusitzen dute etsaia edo egun argiz urratsean eta ordena handitan urruntzen dira; baina etsaiarentzat berdin gaitz da haiei jazartzea, gibelera ari direlarik nola aintzina doazelarik.

Beren guduzelaiak arta handiarekin gerizatzen dituzte; isaka barna eta zabal batzuk zilatuz eta hor kendu lurra barnera aurtikiz. Lan horrentzat ez dute morroien laguntzarik eskatzen baina soldaduek berek beren besoz eta armada guzia barne -pezoin gainean armak eskuan zer-hel-ere zain daudenak ezik- parte hartzen dute.

Horrenbeste langilerekin nehork uste baino lasterrago eraikitzen dituzte eremu handi baten inguruan geriza frango.

Janzten dituzten armadurak ihardokitzeko aski gogorrak izanagatik, ibiltzeko eta higitzeko ere hain lasaiak dira non uzten baitzaituzte errazki igerika aritzen. Lehen ariketan ikasten dute beraz soldaduek, armadurak soinean igerika ibiltzen.

Urrunetik gudukatzeko armatzat badituzte geziak, oinezkoek bezain ongi, zaldizkoek egozten dituztenak zuzen eta azkar. Buruz burukako aldiz, ezpataren orde hor dute aizkora; bere haztaren eta bere zorrotzarengatik guziz kaltegarria, ahoz edo mokoz jo dezala. Antze gaitzarekin asmatzen dituzte gerlako mekanikak eta egin ondoan ontsa gordetzen, behar baino lehen ager balitzate, kaltegarri baino irrigarriago bailitezke berak. Tresna horiek egiten dituzte oroz gainetik nora nahi eramaiteko eta nola nahi itzulikatzeko errazak. Etsaiekin hitz hartu meniak hain ximenki begiratzen dituzte utopiarrek, non ez baitituzte hausten jaukitzaleak izanik ere. Etsaiaren alorra ez dute funditzen ez haren uzta erretzen. Ez dituzte ere uzten ahalaz, soldaduak ala zaldiak bazterren zangopilatzera; gogoan baitute beren onetan haziko dela bihia. Armarik ez duenik ez dute nehor hunkitzen, non ez den zerbait barrandari. Amore eman duten hiriak zaintzen dituzte; baina indarka hartu dituztenak ere ez dituzte suntsitzen. Bakarrik orduan uko egin nahi izan ez dutenak garbitzen dituzte eta azken gudariak, morroitzara kondenatzen.

Gerlan parte hartu ez duen gehiengo handia uzten dute bakean; eta nehor aurkitzen baldin badute amore emaitearen alde agertu denik, zigortuen ontasunetan parte emaiten diote. Gaineratikoa soldadu laguntzaileen artean banatzen dute; baina utopiar bihi batek ez du deus hartzen.

Gerla bururatzen denean, gerlako zorrak ez dituzte gudukatu diren aldeko herriek jasaiten, baina bai gerla-galtzaileek. Horra zergatik azken herri hauei edekitzen dieten diru-puska bat alde batetik, gerla-kasurako baztertzen dutena ohi bezala eta bestetik, mozkin izigarriak geroan ere emanen dizkieten ontasunak.

Orai berean, ainitz herritarik altxatzen dituzten horrelako irabaziak, emeki-emeki nolazpait goititurik, zazpirehun mila dukatetik gora iragaiten zaizkie urtekal. Ontasun horietara igortzeko hautatzen dituzte herritarren artean "Kuestore" delako batzuk, han lasaiki bizi direnak, kargudun jaun handi bezala ohoratzen dituztela. Jaun hauei gelditzen zaie halere aski diru herri altxorrean ezartzeko; non ez dioten -frangotan bezala- herri-behar bati aurreratzen, beharretan deno; nahiz gero ere ez duten askotan berreskuratzen aurreratu diru guzia.

Delako ontasunetarik zati bat uzten diete, aipatu ditugun arriskuak haien aholkuz hartu dituztenei. Printze arrotz batek utopiarren aurka armak hartzen baldin baditu eta haien menpeko lurretan sartzera apailatzen bada, badoazkio berehala beren herriko mugetarik aintzina, armada indartsu batzuekin; zeren ez baitute nehondik ahalaz beren lurrean gerlarik egiten eta zeren ez baitira baitezpada atzerritar laguntzaileak uhartean sartzera utzi behar.