Rafael Hitlodeoi gizon guziz argiak, herri-eratze hoberenaz, egin zuen hitzaldiaren lehen liburua. Tomas Moro, Britainiako Londres hiri handiko herritar eta bizkonde aipatuak emana.
Banuen nerekin lagun paregabea, Kutberto Tunstalo, Erregek berrikitan, guzien goresmenekin, "Kutxa Sakratuen Buru" izendatu duena. Baina ez dut haren ohoretan hemen deus erranen; ez ordea, gure arteko adiskidetasunarengatik, nere lekukotasunak egiaren itxurarik ukan ez dezan beldur naizelako, baina bai, haren bertutea eta haren jakitatea, nik gorets ahala bainoagoak baitira, eta bera orotan hain ezaguna eta hain aipatua baita, non ez den beste deusen erraite-beharrik; iduri luke bestela, "kriseiluarekin eguzkia argitu nahiz nabilela", erran zaharraren arabera.
Brujaseko hirian aurkitu genituen, hitzartu bezala, printzearen mandatariak; gizon ederrak guziak; haien aintzindari eta buru, bazen gizon bat gaitza, Brujaseko gobernadorea; bere lagunen mihia eta bihotza zen aldiz, Gorka Themseckekoa, Kasseleko auzapeza; hau aho ederreko gizona, ez bakarrik ariaren ariaz, baina ere bai sortzeko dohainez; lege-gaietan jakintsua bestalde, eta bere harremanetako ohiturari eta izpiritu argiari esker, tratulari paregabea.
Behin eta berritan elkarretaratu ondoan, ikuspegiak ezin aski aurrinduz baikeunden, gure solaskideek egun batzuentzat agurtu gintuzten, eta beren printzearekin hitzartzeko, Brusselera joan ziren. Anartean, arazoaren arabera, ni Anberesera banoa.
Hiri horretan nengoela, beste ikusliarren artetik, baina nornahik baino atsegin gehiago emanez, maiz etorri zitzaidan ikustera Pedro Egidio, Anbereseko semea. Hau da gizona, bere herritarren artean, itzal handia eta maila gorena daukana. Gorago igaiteko gai da oraino: gaztea bada ere, ez nekike zer den haren baitan nagusi, bertutea ala jakitatea; bihotz handiko gizona baita, eta ainitz ikasia. Garbi jokatzen ohi du, bestalde, ororekin; baina adiskideekin hain da irekia maitasunez, leialtasunez, atxikimenduz eta zintzotasunez hain aberatsa, non ez baituzu, guzien artean, haren parekorik bat bakarra erraz aurkituko! Badaki ongi neurria begiratzen. Ez du sekula alegia egiten. Zuhurtzia eta lainotasuna, nehork ez bezala ditu bateratzen. Eta gero, hain da solaskide atsegina, eta maleziarik gabe zorrotza, non nihauri, herriaren, etxearen, lagunaren eta haurren berriz ikusteko minak hartua eta errea nengoelarik, -bazuen ordukotz lau hilabete baino gehiago etxetik urrundua nengoela- harekilako harreman gozoek eta haren solas eztiek altxatzen baitzidaten bihotza.
Halako batez, Andre Dona Mariaren ohoretan eraikia den gorputz ederreko eta debozione handiko elizan, meza saindua entzunik, eta elizkizuna amaiturik, nere ostatura buruz banindoalarik, txiripaz ikusi nuen nere adiskidea, arrotz batekin mintzo. Hau adineko gizona zen, aurpegia beltzarana, bizarra luzea, eta kapa bizkarrean zeraman, laxo-laxoa. Begitartetik eta jantzitik, iduritu zitzaidan untzi-kapitaina zela.
Ohartu orduko, hurbiltzen zait Pedro, agurtzen nau eta, nik hitzik erran gabe, bazter hartzen, diostala:
- Ikusten duzu gizon hori? -eta harekin mintzo ikusia nuen hura bera zidan ber denboran erakusten- zure etxera eramaitera nindoan, hain zuzen.
- Ongi etorri eginen nion, zuk gomendatuz geroz, -ihardesten diot. Hark orduan:
- Ezagut bazeneza, gomendio aski baluke, berez: zu, munduko gizakien eta lurralde ezezagunen hain berri-gose baitzara, ez duzu gaur nehor aurkituren hainbeste berri ekarriko dizunik.
- Ez dut, beraz, hain gaizki asmatu -erantzuten diot- untzi-kapitaina zela somatu dut, ikusi orduko.
- Urrun zabiltza -dit ihardesten-; untzietan ibilia da bai, baina ez Palinuro bezala, Ulises edo, izaitekotz Platon bezala. Rafael horrek alabaina, -hori baitu izena, Hitlodeo aldiz deitura-, latina badaki aski ongi, grekoa berriz, ongi baino hobeki (ezen mintzaira hau Erromakoa baino kar gehiagorekin landu izan du, bera osoki filosofiari emana delakotz; bazekien, jakin, sail horretan, Zizeron eta Senekaren pasarte bakar batzuez beste deus guti gelditzen zaigula latinez). Haurrideei etxeko partea bere herrian utzirik -portugesa da eta- mundu zabalaren ikuskatzeko lehiaz, Ameriko Vespuccirengana jo zuen, eta orai nonnahi aipu diren haren lau itsasaldietarik azken hiruetan, beti haren lagun jarraikia izan zen. Azken aldian, ordea, ez zen harekin etxera itzuli: ahalak oro egin zituen, alabaina, Amerikorenganik ardiesteko, itsasaldiaren azkenburuan den Gazteluan utzi zituzten hogeita lau gizonetarik bat, bera izan zedin. Han utzi zuten, beraz, hilobi bat ukaiteko baino, bidaiari ibiltzeko lehia gehiago zuelakotz beti solas hauek zerabiltzan eta:
"Hilobirik ez duenak, zerua du estalki…" eta oraino:
"Zeruko bidea berdin luzea da alde orotarik…"
Ainitz pekatu behar zuen horrelako gogoarekin, Jainkoak Berak begi eman ez balio.
Vespucci joan zitzaielarik, lurralde asko kurritu zuen Gazteluko bost lagunekin eta, azkenik, zorionez, Zeilango uhartera, eta hemendik Kalikoteko portura heldu zen.
Hor aurkitu zituen, hain zuzen, portugesen itsasuntziak eta, nehork uste ez zuelarik, sorterrira itzuli zen. Pedrok bere solasa bururatu zuelarik, eskerrak bihurtu nizkion bere ikustateagatik, eta ere neretzat, delako arrotzarekin elkarrizketa atsegin eta aberats baten hitzartzeaz arduratu zelako. Gero Rafaeli buruz itzultzen naiz eta, bi arrotzek elkarri lehenik erran ohi dizkioten ele arruntak erran ondoan, nere etxera bagoaz eta han, baratzean, soropilako jargietan jarririk, solastatzen gara. Kontatu zigun beraz nola, Vespucci joan eta, berak eta Gazteluan gelditu bere lagunek jakin zuten emeki-emeki lurralde haietako herritarren amainatzen, haiekin gurutzatuz eta haiei ikuskariak eskainiz. Laster haien aiherkundea gainditu zuten, eta gainera, haiekin etxekotu bezala ziren. Buruzagi batek orduan -ez zait gogoratzen ez haren izena ez haren sorterria- bere adiskidantza eta bere laguntza eskaini zien: haren bihotz onari esker -zioen Rafaelek- urririk ukan zituzten, berak eta bere bost lagunek, anoa, garraioa eta ere -baldusez egiten baitzen bide, uretan eta orgaz, lehorretan- bideko gidari fidagarri bat, honek beste buruzagiengana lagunt zitzan, eta honen gomendioarekin, ongi etorri egin ziezaieten delako buruzagi arrotzek.
Ainitz egunen bidea egin ondoan, aurkitu omen zituzten gazteluak eta hiriak, eta ere jendetza handiak zeuzkaten erresumak, ez gaizki eratuak. Ekuatoreko marraren azpian, handik eta hemendik, bi aldetarik, eguzkiaren inguruak daramatzan eremuetan, badaude bai sekulako bakardadeak, beroak erreak: bazterrak oro larrutuak dira; ikusgarri beldurgarria; sugeen eta basabereen bizitokia, eta azkenean, abereak baino doi-doia hobeki heziak eta otzanduak gizakiak.
Baina gero, alde horietarik urruntzen zarelarik, bazterrak gozatzen zaizkizu apurka-apurka: zerua ez da hain idor; belarrak apaintzen du soroa; bizidunen gogo-bihotzak beratzen zaizkizu, eta azken buruan, ageri dira herrialdeak, hiriak, gazteluak, eta lehorrez ala itsasoz, ez bakarrik herri barnean edo auzo-herriekin, baina bai ere urrunekoekin, egin ohi diren salerospen jarraikiak. Hortik landa, haraindian ala honaindian, lurralde asko ikuskatzeko parada izan zuten, ezen edozein itsasuntzitan, noranahi abia zedin, hura eta haren lagunak gogotik onartzen zituzten. Lehen eskualdeetan ikusi zituzten untziek zola zabala zutela zioen; altxatzen zituzten belak, aldiz, batzuetan larruz eginak ziren, bestetan ihiak edo kanaberak josiz elkarri. Urrunago aurkitu zituzten, aldiz, untzi-uztaituak eta kalamuzko belak. Azkenean, denak, gureak iduriak ziren.
Haien itsasturuek bazekiten zeruko eta itsasoko gorabeheren berri, baina ordurarte batere ezagutzen ez zuten imanaren sekretua salatu zielarik Rafaelek, izigarriko eskerrona erakutsi omen zioten: lehen, alabaina, itsaso zabalean aintzinatzeko herabe ohi ziren, eta bestalde, udan baizik ez ziren menturatzen. Orai berriz, iman hari fidaturik, negua gutiesten dute, segurtasun baino ausartzia gehiagorekin, eta beldurtzeko da, lagungarri izan behar zuten tresna, arinkeriaz, makur handien kausa gerta dakien. Zer eta non ikusi zuen kontatu zigun Rafaelek, baina luze liteke zehaztea, eta ez da hori lan honen xedea. Beste nonbait menturaz erranen dugu, aipatuz lehenik jakin behar dena, bereziki, jendetasunez, elkarrekin bizi diren herrietan ikusi dituen zuzentasunezko eta zuhurtziazko ohiturak.
Ezen gai horietaz galdezkatzen genuen lehiatuki eta hark ihardesten zigun gogo onez, munstroen gaia bazter utziz, ez baitzitekeen horretan berri handirik: Sziliar eta Zeleno harrapariak, lestrigoi gizajaleak eta horrelako mirari lazgarriak non ez dira aurkituren, baina zuhurtziaz eta zuzentasunezko erakundeei jarriak dauden hiritarrak ez dituzu nonnahi atzemanen. Bestalde, ohitura txar asko ikusi badu ere herrialde berri horietan, zenbat eredu ez ditu aurkitu gure hiri, herri, jende eta erresumetan alha diren makurren zuzentzeko baliagarri baikenituzke? Hauek beste nonbait aipatuko ditut, erran bezala.
Hemen kontatu nahi ditut bakarrik utopiarren ohitura eta erakundeez Rafaelek erran zizkigunak, ez ordea adierazi gabe Errepublika horretaz hitzegitera zerk eman zigun solas. Ordukotz Rafaelek zuhurtzia handiarekin altxatuak zituen hemen edo han, eta maizenik bi aldeetan, egin ohi diren hutsak, eta ere, gutartean edo arrotz herrietan, hartu diren neurri zuhurrenak. Eta populu bakoitzaren ohiturak eta erakundeak hala zeuzkan gogoan atxikiak non iduri baitzuen bere bizi guzia harekila iragana zuela, izaitez apur bat baizik ez zelarik harekin egona. Miretsirik, Pedrok erran zion:
- Zinez, Rafael maitea, nolaz ez diozun zure burua edozein erregeri eratxiki, harritzen naiz. Errege bihi bat ez dela, gogotik onartuko ez zaituenik, badakit ontsa. Duzun jakitatearekin, zure gizonen eta tokien ezagutzarekin, on zara ez bakarrik haren xarmatzeko, baina ere bai, zure irakaspenez, haren argitzeko, eta kontseiluez, laguntzeko. Bide beretik, zurea ederki zaint zenezake, eta zure etxeko guzientzat, etxe altxagarri handia zintezke.
- Ez dut etxekoez arrenkurarik -ihardetsi zuen-, nere eginbidea haien alderat aski ontsa bete baitut, ene ustez: bestek, zahartuta eta erituta uzten dituzte beren ontasunak; orduan ere, desgogara, ez baitituzte berek zaintzen ahal; nik, aldiz, osagarrian eta indarrean nintzela, eta gazterik oraino, nere etxekoei eta adiskideei, ene ontasunak banatu dizkiet, eta beraz uste dut nere ahaideek ene ikustatearekin bozik izan behar dutela; ez dute gehiago, ni haiengatik erregeen menpe jar nadin, eskatzerik ez igurikatzerik. Pedrok orduan:
- Ederki diozu: ez nuen nik erran nahi erregeen menpeko behar zenuela zure burua jarri, baina erregeen zerbitzuko.
- Zerbitzuko? -dio Rafaelek- Batetik bestera hizki bakarren aldatzea duzu. Pedrok berriz:
- Nahi duzun izena emanen diozu; nik hasteko daukat, horixe dela zure bidea: beren egiteko pribatu ala publikoetan, besteen laguntzea, baina zuhauren egoera zoriontsuago eginez, orozbat.
Eta Rafaelek:
- Zoriontsuago ni? Nere gogoak higuin duen bidea hartuz? Orai bederen nahi dudana egiten dut nik; purpuraz bezti den nehor gutik egiten duen bezala, nik uste. Ez al dabil aski lagun, boteretsuen aldamenean? Ez duzu zeren uste izan, nihaur edo nere iduriko nornahi falta gaitezkeelako makur handirik izanen dela.
- Bai argi dago, Rafael maitea, -erran nion nihaurk orduan- ez zarela ez diru ez botere gose. Ez dut horrengatik, zure gogoko den gizona, beste edozein jaun boteretsu baino gutiago ohoratzen ez preziatzen. Bizkitartean, nere iduriko, zure bihotz zabalaren eta izpiritu zuhurraren arabera zenbilzke, zure izpiritua eta zure jeinua eman bazenitza, zuhauri zerbaixka gostarik ere, herri-arazoen esku. Eta horixe hainbat hobeki duzu eginen, printze ospetsu baten kontseiluan parte hartzen baduzu, eta gero, hura horrela -badakit eginen duzula- neurri on eta zuzenak hartzera badaramazu. Printzearenganik dator, alabaina, ezinagortuzko iturritik bezala, herri osoaren gainera, on eta gaitz guzien uholdea. Zutan bada, esperientziarik gabe ere, hain da sakona, jakitatea eta jakitaterik gabe ere, hain zabala esperientzia, non edozein erregerentzat aholkulari paregabe baitzenezake egin.
- Bietan huts egin duzu, Moro maitea -dit orduan ihardesten-. Nitaz, behin, eta arazoaz beraz, berritan: nik ezen alde batetik, zuk diozun ahalik ez dut, eta bestaldetik, dohain goien hori banu ere, nere zereginak bazter utziz, herri-arazoetan esku sartzeko, ez niezaioke deusetan on egin herriari.
Lehenik eta behin, printzeen berengatik: hauek gehienek, bake-lan ederrez baino axola gehiago baitute gerla-jokoez. Nik, ordea, militargintzaz deus ez dakit, ez gogorik ere jakiteko. Erresuma berrien, zuzen edo makur, nolazpait eskuratzeaz dira arduratzen printzeak, ezenez beren esku dauzkatenak ongi erabiltzeaz.
Bigarrenekorik erregeen kontseilariengatik: hauek guziak hain dira prestuak, ez baitute behar edo, hain prestuak direla uste dute bederen, ez baitute nahi, nehoren aholkurik probatu; non ez dituzten, haien faboreak beren onarpenaz biltzeko, printzearen inguruko bizkarkin eta lausengari handienen ele zoroak ontzat hartzen. Horrela du eta naturalezak erabakia: bakoitzak bere hura duela lausengatzen:
"Irrikor belekumea, beleari," eta "Ziminokumea, zimino-amarentzat xarmagarri,".
Beren buruaz hartuak edo besteen onaz bekaizti diren lagunen bilkuretan, lehenago gertatu dela irakurri edo beste nonbait agitzen ikusi duen zerbaiten berri ekartzen duelarik, zer da gertatzen? Horko entzuleak jartzen dira berehala, beren jakintsu-fama guzia galzorian balitz bezala, eta hortik lekora, besteen aurkiberriari huts zerbait ez badiote atzematen, berak arras zorotzat hartu behar balituzte bezala. Beste aitzakiarik ez izanez, hauxe aterako dizute:
"Hona gure aitzinekoen iritzia: haien heinera hel baledi gure zuhurtzia!" Azken hitz ederrena bezala, hori erran eta jezartzen dira. Norbait beraz, edozein puntutan, aitzinekoak baino prestuago gerta baledi, arrisku handian liteke. Alta bada, aitzinekoek ongi finkaturik zeukatena, galtzera utzi ohi dugu, batere kexatu gabe. Baina gero, beste zerbait hobetsi ahal izan dugunean, hari laster giderretik lotzen gatzaizkio, eta tinko atxikitzen dugu bururaino.
Horra zergatik iritzi harro, zoro, jasanezinak kausitu ditudan, asko tokitan, eta behin, Ingalaterran ere bai.
- Barka! -erran nion- gure eskualdean ibilia zara beraz?
- Bai! -zidan ihardetsi-, zenbait hilabete egon naiz, han gaindi; ez ainitz denbora gerlatik lekora: mendebaleko ingelesak jazarri zitzaizkion erregeri, eta honek, sarraski deitoragarri bat eginez, menperatu zituen.
- * *
Egonaldi horretan, John Morton Canterburyko artzapezpiku eta kardinale den Ingalaterrako kantzilerrarekin zorretan gel- ditu nintzen. Hau zen gizon bat, Pedro maitea, -Morok badaki zertaz ariko naizen- bere landeriarengatik baino gehiago, bere zuhurtziaren eta bertutearengatik ohoragarria. Kaizuz bierarteko zen, eta ez zion oraino adinaren gogorrari amore emaiten. Haren begitarteari ez zenion beldurrik, jauspena baizik. Bera hurbil erraza zen, baina duin eta serioa. Laket zuen batzuetan, eskelarien inarrostea, baina kalterik egin gabe, eta bakoitzaren izpiritua eta gogo-oharmena porogatzeko asmoz. Berearen iduriko buru azkar zenbait hurbiltzen baldin bazitzaion, ozarkeriarik gabea hargatik, atsegin zuen, eta asmo handien betetzeko ontzat hartzen zuen. Ele leuna zuen, eta orozbat zorrotza. Lege-gaietan jakintsua zen, adimendu paregabea zuen eta oroimena mirakuilu aberatsa. Horrelako dohain ederrekin, ariz ariz, eta ikasiz, gora igana zen. Haren aholkuak biziki kontutan hartzen zituen erregek eta, ni han nengoelarik, haren gainean bermatzen zela erreinua bazirudien. Egia erran, gazte hutsa zelarik oraino, eskolatik gortera, zuzen-zuzena, iragana zen, eta gero, bizi guzia arazo larrienetan sartua izanik, eta zortearen gorabehera guziak ezaguturik, bazuen horrenbeste lanjer handien artetik, zereginetarako zuhurtzia berezi bat ikasia, horrela bildu ondoan, erraz galtzen ez dena.
Halako aldi batez, Mortonen mahaian nengoela, zuen herriko legeez jakintsua den jaun batekin gertatu nintzen. Delako jaun hura, ez dakit zeren gainetik, hasi zitzaigun, eskualde hartan lapurren aurka daramaten justizia zorrotza zehazki goraipatzen: batzuetan, gurutze beraren gainean, hogeitaraino urkatzen omen zituzten, eta berak zioen, hainbat harritzenago zela, arras guti gaztiguari itzurtzen zitzaiolarik, zorigaitzez, bazter guziak, lapurrez betetzen ari baitziren.
Nihaur orduan ausartu nintzen, Kardinalearen aintzinean, lasaiki mintzatzera:
- Ez duzu zeren harri, -erran nion-; lapurrak horrela zigortzea, zuzentasuna gainditzea da, eta herriaren interesa kolpatzea orobat. Gaztigu hori zorrotzegia da, ohointzaren mendekatzeko, alde batetik, eta ez aski gogorra ohoinen lotsatzeko, bestetik. Ohointza soila ez da, egiazki, lepoa moztea hartzen duen halako gaiztakeria izigarria alabaina; eta bestalde, bizi-doia aurkitzeko beste biderik ez duenaren ohointzan aritzetik begiratzeko, ez da aski zigor handirik asmaturen. Horra zergatik, zerika honetan, ez zuek bakarrik, baina mundu honetako beste ainitz ere, ari zareten, irakasle txarrak iduri, nahiago dituzuelakotz, eskolatzeko orde, zafratu ikasleak. Ezen gaztigu garratzak eta zigor ikaragarriak emaiten dizkiezue lapurrei, askoz hobe bailiteke bizibidea segurtatzea bakoitzari, ohointzari lotzeko ezinbesteak, eta ondorioz, herio latzaren zoriak ez dezan nehor atzeman.
- Hori aski ikusia da: -zuen besteak erantzun- Hor dira ofizio guziak, hor da laborantza; badute hor bizipide nahikoa, baina beren baitarik, nahiago dute batzuek gaiztoak izan.
- Ez zara horrela aterako: -nion ihardetsi- Beude behin bazter, atzerriko edo herri barneko gerlatik zauriturik etxera itzultzen direnak; hala nola berriki, Kornubiako gerlariak, edo lehentxeago Frantzian barna ibiliak. Horiek beren erregeri edo erresumari eskaintzen diote odola, eta gero, aintzineko ofizioaren betetzeko ezinduak dira, eta berri baten ikasteko, zahartuegiak. Horiek oro beude bada ixilpean, gerlak, tarteka, baitabiltza, joan-etorri.
Ikus ditzagun beraz, egun oroz gertatzen direnak. Hor dugu aitonen semeen saldoa: ez dira bakarrik, uxadanak iduri, besteen lanetik alfer bizi, baina oraino, beren mozkinen ontzeko, hezurreraino larrutzen dituzte, beren funtsetako etxezainak-nahiz hau den haien zuhurreria bakarra; oro xahutzen baitituzte bestela; berak eskale bilakatzeraino-. Jaun horiek, gainera, beren ondotik badaramate, bizia irabazteko ofizio bat sekula ikasi ez duten lagun alferren ostea. Nagusia hil orduko, edo berak eritzen direlarik, kanpoa dute berehala, zeren hobe baita alferrak haztea, eriak baino. Frangotan ere, aitaren segida guzia hazteko doi ontasunik ez du hilaren ondokoak, eta anartean gaixoak hertsaturik daude, goseak hiltzera edo ohointzan aritzera. Zer egin besterik? Hara-honaka ibili ondoan, jantziak higaturik, eta osagarria galdurik, piltzarrez estaliak eta gaitzak larrutuak direlarik, ez dituzte ez jaunek hartu nahiko; eta laborariak ez dira haien hartzera menturatuko. Badakite bai hauek, gurikerian, alferkerian eta gozokerien erdian hazirik izan ondoan, adarga eskuan eta aiztorra saihetsean, inguramen guziari begi ilun batekin gain behera begiratzen, eta beraz, beste guziak erdeinatzen ohitua den gizona, ez dela nehoiz on izanen, soldata-apur bat eta hazkurri zuhur bat ukaitekotan, aitzur eta goldearekin bilaun gaixo baten leialki zerbitzatzeko.
- Hain zuzen, jende-mota horretaz behar da bereziki arduratu, nere iritziz, -erran zuen gure mahaikideak- laborariek eta ofizialek baino bihotz beroagoa eta gogo biziagoa dute horiek; indar eta oldar eman liezaiokete armadari, noizbait gerla piztu baledi.
- Ederki, -nion ihardetsi- erran behar zenuke ere, bide beretik, gerlaren ohoretan behar direla, ohoinak bereziki artatu, lapur eskasiarik ez baita izanen, jende horietarik izanen duzuno: orobat, lapurrekin dira egiten, soldadu adoretsuenak, eta ez dira soldaduak, lapur atzeratuenak. Halako antza badute bi ofizio horiek! Baina gaitz hori, zuen eskualdean -ez ordea han bakarrik- maiz aurkitzen dena, jendalde guzietan, kasik, alha da.
Frantzia aldean bereziki, izurrite bat gaitzagoa oraino, badabil. Lurralde osoa mertzenariz estalia dago, bake- -aroan ere -bakea baldin bada hori- eta zuek, zerbitzariak alfer egoiteko hazi behar dituzuelako aitzakia berarekin deitu dituzten soldaduz setiatua da. "Erdi zoro - erdi zuhur" diren "Morosofo" horiek uste dute, osasunean eta indarrean dagoen, eta bereziki soldadu zaharrez osatu den armada, beti eta berehala eskumenean ukaitean datzala herriaren ona. Ez dira ezen, trebe ez diren gaztetan, batere fida. Horra zergatik, beren soldaduak trebatu gabe ez uzteko, gerla bila badabiltzan: Salustiok hain poliki dioen bezala "horien soldaduek beren eskuz behar dituzte gizonak eho, eskuak eta gogoak ez dakizkien lokar, deus ari gabe".
Frantziak ordea ikasi du bere kostuz, zein arriskutsu den horrelako abere basa batzuen haztea, eta hori bera irakasten du, erromatarren, kartagotarren, siriarren eta beste hainbeste herrien historiak: beren onerako apailatuak zituzten armada horiek berek, nola ez dituzte bakarrik buruzagiak aurtiki, baina ere haien alorrak eta berdin hiriak irauli.
Argi ageri da bestalde, frantsesen adibidearekin ez dela hori baitezpadako: hauen soldaduak, haur-haurretik armetan ibiliak direlarik, zuen deitu berriekin buruz buru gertatu direnean, ez dira usu, garaile izanik, burua gora atera. Ez dut bada besterik erran nahi, zuek, ene entzuleak, lausengatu beharrez ari naizela, bailuke iduri.
Baina zuen hirietako ofizialeek eta zuen baserrietako laborari gotorrek ez omen dute, jaun handien lakaio alferren beldurrik; beldur dira bakarrik, beren gorputz mendreak herabetu, edo beren etxeko gabeziak lotsatu dituenak. Gorputzez sendo eta azkar diren gizon guziek -ez baitute hautuzkorik baizik andegatzen, gure jaun handiek- ez dute beraz emalditzeko arriskurik, orai nagikerian guritzen, eta emazte-lanetan hiratzen ari direlarik, bizia irabazteko ofizio on bat ikasten baldin badute eta gizon-lan bat hartzen. Dena dela, neholaz ere ez zait iduritzen, menturazko gerla baten ohoretan, -ez baituzue gerlarik ukanen, non ez duzuen gerla nahi- horrelako jende ostearen mantentzea on duela herriak; jende horiek izurrite bat baitira bakearentzat. Eta gerlaz beste baliorik du gero, bakeak!
Baina ez da horrengatik bakarrik, lapurketari lotu beharrean gertatzen jendea; bada, ene iduriko, zuen herrian bereziki, zerbait gehiago.
- Eta zer ote? -zuen galdetu Kardinaleak-.
- Ardiengatik -ihardetsi nion- zuen ardiengatik: hain gozoak ohi diren, eta jan guti aski duten antxu horiek, izigarri hezgaitz eta jangile bilakatzen ari omen dira; gizonak berak jaten dituzte; etxeak, lurrak eta burguak larrutzen eta husten. Artilerik meheena, eta beraz karioena, egiten den erresumako bazter guzietan, aitonen semeek, nagusi handiek eta berdin abade sainduek, beren ontasunetarik, aintzinekoek bezala, urtekal altxatzen ohi zituzten emaitzak eta mozkinak ez aski ukanez, eta herriaren bizkar, non ez den herriaren kaltetan, alfer eta lasai bizitzen ezin egonez, deus ez diote utzi nahi laborantzari: beren alagientzat hesten dituzte elgeak oro, etxeak aurtikitzen, hiriak urratzen eta elizak zutik uzten, ardien aterpetako. Eta zuen eskualdeetan ez balitz bezala, ihizi-oihan eta ehizi-erresaldu, aski eremu galdurik, jende on horiek ari dituzte bizitoki guziak, eta lur landu poxi guziak, basamortu bihurtzen. Horra beraz nola, herriaren izurri beltza den jangile ezinase batek, lurrak oro irentsiz, zenbait mila iteguneko eremua hesola bakar batez ingura dezan, etxezainak kanporatzen diren jukutriaz enganatuz edo indarrez lehertuz, beren funtsez gabetzen, non ez diren, laidoek lotsaturik, denen saltzera behartzen. Nola edo hala badoaz, errumes noharroin horiek, gizon eta emakume, senar, emazte, umezurtz, alargun, haur tipiekilako buraso eta, lurrak hatz-behatz asko eskatzen baitu, diruz baino kidez aberatsago, etxekoak.
Badoaz -diot nik- supazter eta etxebazter ezagunak utzirik, jakin gabe non aurki aterpe. Eroslea igurika ahal baledi ere, merke sal litekeen hatua erdi urrurik uzten da, iraitzi behar delarik. Eta gero laster, han-hemenka ibili ondoan, diru apur hura xahutu delarik, zer egin besterik, ohointzari lotu baizik, eta zuzen den bezala alabaina, urkabera igan. Non ez diren, eskuin edo ezker, eske abiatzen. Baina orduan ere preso sartzen dituzte, arlotekeriagatik; deus egin gabe badabiltzalako aitzakiarekin; nehork lanik eman ez diotelarik, eta berek, hain gogotik, lan edozein har lezaketelarik. Haiek lan egiten ohituak zeuden lurgintzan ordea deus ez denaz geroz ereiten, ez da gehiago deus lur-lanik: ereiteko ainitz beso behar duten alorretan, abereak alatzeko artzain bakar bat aski da, edo itzain bat. Hortakotz ere lurrak eman ohi duen anoa, asko garestitu da, ainitz tokitan. Harrigarri ez bada! Artilea hainbeste goiti igan da, non horrekin bere oihalak ehaiten zituen jende xeheak ez baitezake eros. Eta beraz, gero eta langile gehiago langabezian erortzen da. Bazka-lekuak hedatu zirenetik, ardietan, izigarriko izurritea sartu zen laster; gizonen gosearen gainera, Jainkoaren haserrea erori balitz bezala, ardiei egotziz, haien jabeei, zuzenez, erori beharko zitzaien zigorra. Bestalde ardien kopurua asko emenda baledi ere, haien prezioa ez liteke berez apal, zeren ardien "monopolioa" aipatzerik ez bada ere -salerosle bakarraren kasua ez baita- "oligopolioa" bai badugu. Zenbait jabe gutiren esku dira alabaina, artaldeak; aski aberatsak izanez jaun horiek, ez dira sekula hertsatuak saltzera, nahi ez badute; eta ez dute nahiko, gura duten prezioa eskaintzen ez zaieno.
Anartean, ber aitzakiengatik, beste buru-motak ere ainitz garestitzen dira; areago oraino, etxauak suntsitzearekin eta lurgintza aurritzearekin, nehor ez baita hazkuntzaz arduratzeko. Ez dira ezen nagusi aberats haiek, arkumez arrenkuratzen ez diren bezala, abere larrien artatzeaz ere axolatuko; nonbait merke erosi abere meheak, beren alagietan gizendu ondoan, saltzen dituzte guziz garesti. Horretakotz, nik uste, ez dira oraino nabari, gertatzen denaren ondorio guziak. Hala nola prezioak ez dituzte oraino iganarazi, saltzapenak egin ohi diren lekuetan baizik; baina laster, abere-buruak, sor-arau eramanen dituztenean, erosketak egiten diren tokietan ere, eskaintza beti beheiti baldin badoa, egiazko gabezia ageriko da.
Bakar batzuen gose gaiztoak, galzorian ezarri du horrela, munduko eskualde dohatsuena zirudien zuen uhartea. Bizi garestitzea estakuru, igor ahalak oro kanpo ezartzen ditu, nagusi bakoitzak, bere sehiak. Zer egiteko? -otoi erradazu- Eskalegoa, edo -arima onek errazkiago barkatuko baitiote- ohointza.
Gainera, zorigaitzezko eskasia eta gabezia horren ondotik, dator jasanezinezko handioskeria: bai handikien zerbitzariek, bai ofizialek, bai eta kasik berdin laborariek, hots, maila guzietako herritarrek, gastu lotsagarriak egiten dituzte, jantzietan; eta zernahi xahutzen dute jan-edanetan. Gero datoz tabernak, ematzartegiak, ostatuak eta ardandegi edo garagardotegi eta beste edaritegi, azkenean hainbeste joko higuingarri, nola baitira, zotzak, kartak, andere-jokoak, pilota, borobila, harri zabalak; horietan dabiltzanek ez ote dute, beren dirua xahutu bezain laster, lapurketarako bidea hartuko?
Ken otoi helgaitz galgarri horiek! Etxauak eta burguak desegin dituztenek berek, mana beraz, berregin ditzaten, edo haiek angoldu eta berreraiki nahiko dituztenen eskutan utz. Erosle aberatsen tratuei trabak ezar, eta monopolioei eragozpenak. Alfer gutiago haz dadiela, eta laborantza berret! Ilagintza behar da antolatu, lanbide garbi bat emaiteko, langabezian dauden osteen bai lehendanik ezinbiziak ohointzan aritzera behartu dituen, bai eta ere gaur egun bide handietan kurri edo alferrezian bizi eta bihar segur oro ohointzan ariko diren guzien entretenigarri.
Gaitz horiek ez badituzue garaitzen, debaldetan goraipatzen duzue, ohoinen zigortzeko daramazuen justizia: ez da ez zuzena ez eraginkorra zuen zuzentasuna, itxurazkoa baizik. Egia erran, zuen haurrak ezin makurrago altxa ditzaten eta haien azturak goizdanik gasta daitezen onartzen duzuelarik; haurrean asma zitezkeen itsuskeriak helduaroan bete ditzaten igurikatzen duzuelarik, haien gaztigatzeko, zer duzue bada egiten besterik? Lapurrak hazten baizik; haien zigortzeko gero.
Ni mintzo nintzelarik horrela, gure legegizonak prestatua zuen bere hitzaldia eta bere baitan erabakia eginen zuela, liskarrarien modura; nahiago baitute hauek solas bera errepikatu, zinez ihardetsi baino; eta memoria baitzaie orozbat eder.
- Ez da gaizki errana; -aitortu zuen legegizonak- ez da gaizki errana; bederen, entzutez baizik eta ez berak ikusiz, ahal bezala, gauzak ezagutu dituen arrotzarentzat. Hitz gutitan erakutsiko dizuet: lehenik zuk errana errepikatuko dut artoski; gero erakutsiko dut, zertan, gure ohituren ezagutza eskasak, desbideratu zaituen; azkenean zure argudioak ahituko ditut, eta itsabasiko. Beraz, lehenik hasteko, hitzeman bezala, iduri luke lau puntu badirela…
- Zaude ixilik! -moztu zuen Kardinaleak- ezen ez zaude berehala bururaturik, horrela hasten bazara. Momentuko zure erantzukizuna kentzen dizugu; baina zure eginbide osoa bete beharko duzu, berriz elkar ikusiko dugun lehen aldian; hots, bihar berean; non ez duzuen zerbait eragozpen aurkitzen, zuk, edo Rafaelek. Anartean, Rafael maitea, zuk erranik nahi nuke jakin, zergatik ez den, zure ustetan, herioaz zigortu behar ohointza eta, ordainez, zer gaztigu-mota finka zenezakeen, herriaren ona hobeki bermatzeko; ezen ez dukezu zuk ere, ohointza onartu behar dela asmatzen. Herioaren beldurragatik, ohointzan ari badira gaur egun, bihar ordea, biziaren galtzeko beldurrik ez badute, zeren beldurrak, noren indarrak ditu gaizki egitetik begiratuko? Ez ote dute ohoinek usteko, gaztiguaren tipitze hori, gaizkirako dei bat bezala eskaintzen zaiela?
- Dena den, Aita on eta ohoragarria, -ihardetsi nion- diru-peza bat ebatsi duelakotz, gizon bati bizia kentzea, bidegabekeria gaitza daukat. Egiaz, nik uste dut, ez direla munduko ontasun guziak, gizon baten biziaren pareko jartzen ahal. Justiziaren ohorea, eta hautsi diren legeak mendekatzeko emaiten dela zigorra, ez dirua ordaintzeko; zergatik ez dizute ihardetsiko, justizia gaitz hori dela injustiziarik gaiztoena?
Ez, ez ditugu onartzen ahal, manliustarren araberako manuak; den hutsik tipienarentzat behar baitzen berehala ezpata atera; ez eta ere estoikoen errankiak; huts guziak berdinak direla baitarasate, eta ez dela bereizkuntzarik egin behar, gizon bat ehaiten duenaren edo gizon bati diru puska bat ebasten dionaren artean. Ez dute bada bi ekintza horiek, ez eiterik ez loturarik; zuzentasun-izpirik gelditzen baldin bada oraino. Nornahi hiltzea debekatu du Jainkoak. Eta guk, diru txar batengatik hiltzen dugu errazki. Jainko-legea mugatzen bada horrela, erranez, Jainkoaren debekua ez dela heltzen giza legeak manatu erailketaraino, zer eragozpen izanen duzue gizonek, era berean erabaki dezaten beren artean noraino haizu izanen den bortxakeria, ñapurkeria edo zinaustekeria? Egiaz, ez bakarrik beste gizonei, baina bere buruari ere bizia edekitzeko eskua kendu die Jainkoak, gizonei. Baina gizonek berek finkatu baldintzetan, elkar hiltzeko hitzarmenak horrelako indarra baldin badu, non Jainkoaren erakuspenen gainetik, eta Haren debekuengatik, gizonen erabakiak hiltzera bidaltzen dituenak erailtzea zilegi baitzaie borreroei, ez ote da orduan erran beharko Jainko-legeak ez duela indarrik, giza legeak ontzat hartzen duen neurrian baizik?
Gertatuko da segur, era berean, gizonek berek dutela erabakiko zer guzietan, zer heinetaraino behar diren Jainkoaren manuak begiratu. Azkenean Moisesen legeak ere, hain gogorra eta garratza zelarik -esklabuentzat eta esklabu-buru gogorrentzat egina baitzen- ez zuen herioaz gaztigatzen ohointza; diru-zigorraz baizik. Ez dugu zeren uste izan, urrikalpenezko lege berrian, aita batek bere semeei bezala Jainkoak manatzen duenean, elkarri jazartzeko erraztasun gehiago eman izan zaigula. Horra zergatik ez dudan herio zigor hori onartzen. Denek badakigu, arauez, zein zoro den, eta gizartearentzat zein arriskutsu, gaztigu bera emaitea, ohoinari eta gizon hiltzaileari. Gaiztagina ohartzen delarik alabaina, gizon hiltzailea dela frogatzen baldin bada dukeen gaztigua baino arinagoa ez dela izanen ohointzan ari izanikako zigorra, gogoratzen zaio berehala hobe duela hiltzea, bestela lapurtuko baizik ez zuen presuna. Bestalde, atzemana den ohoinarentzat, arriskua ez baldin bada ere, erailearentzat baino handiagoa, eraileak egin dezake bere lana segurtasun gehiagorekin eta ez atzemana izaiteko mentura hobearekin, erailketaren lekukoa itsabasten duenaz geroz. Eta horrela, ohoinak izitzeko orde, gure gaztigu garratzekin, jende onen hiltzera sustatzen ditugu haiek berak.
- * *
Maiz egin ohi den galde honi ihardetsiko diot orai: zein ote den ohoinentzat gaztigurik egokiena. Biziki errazkiago aurkituko dugu, nik uste, zein den kaltegarriena baino. Zertako bada ez onar, dakigunaz lehen erromatarrek gaiztaginen zigortzeko luzez erabili zituzten moldeak, erabilgarri direla; bazekiten haiek ederki herriari nola agindu. Gaiztagin handi etsituak kondenatzen zituzten sekulako kateetara beren harrobi eta meatokietan.
Zerika honetan halere, nere ibilaldien artetik Pertsia aldean ikusi ditudan "Polileritoi" izeneko herritarren ohiturak bezalakorik ez dut nehon ezagutzen. Ez da haien herria, ez hain tipia, ez hain zuhurtziarik gabe eratua. Nahiz urtero Pertsiako erregeari zerga bat ordaintzen dioten, aske daude bestela eta berek egin legeen gomendio. Bestalde itsasotik urrun baitaude eta, ezbaian orotarik mendiz inguraturik, beren lurraren emaitzetarik bizi dira eta ez gaizki. Ez dira beste herrietara asko ateratzen; ez da ere ainitz arrotzik haiengana hurbiltzen. Bizkitartean beren ohitura zaharren arabera, beren eremuen hedatzera lehiatu gabe badaudeke, eta beren eremu horiek errazki zaintzen dituzte, berek soldaduzkarik egin gabe beren mendiei esker eta beren errege jaunari ordaintzen dioten zergaren kostuz.
Bizi dira beraz ez ospetsuki baina errazki, handios eta lorios baino gehiago, dohatsu; nehork izenez ere nik uste, ezagutzen ez dituela; beren auzo hurbilek baizik.
Herri horretan bada atzemaiten dituzten lapurrek, ebatsi duten hura behar diote bihurtu -ez printzeari, beste asko lekutan egin ohi den bezala- baina bere jabeari. Haien aburuz alabaina, printzeak ala lapurrak, berdin esku du ebatsi denaren gain. Ebatsi gauza suntsitu denean, haren saria biltzen da, ohoinen ontasunen saltzetik, eta jabeari itzultzen; saltzapenaren gaineratikoa uzten da ohoinen emazteen eta haurren esku, oso-osorik. Ohoinak berak, bortxazko lanetara bidaltzen dituzte. Baina non ez duten beste izigarrikeriarik egin, ez dituzte presondegietan hersten ez katez kargatzen, bakarrik lokarri edo estekagailurik gabe ihardunarazten auzo-lanetan. Gibelka daudenak edo uzkur direnak, ez dituzte burdinaztatzen, azotatzen baizik; gogotik lanean dihardutenak, ez dituzte hunkitzen, baina arratsetan, bederazka zenbatu ondoan, logeletan hersten dituzte: etenik gabeko lan horretaz beste estakururik ez du haien bizimoldeak. Herriak hazten ditu, non eta nola, baina ez batere gaizki; herriarentzat lan egiten dutenaz gain. Non edo non, haien arta-doi diru esketik biltzen dute eta bide horrek, menturazkoa badirudi ere, ez daiteke aberatsagorik aurki, hain baitute bihotz ona, herritarrek. Beste toki batzuetan herri diru-sartze zenbait bereizten dira xede berarentzat. Batzuek ere zerga berezi bat altxatzen dute, jende-arau.
Bada oraino beste eskualderik, ez baitie gaizkileei herri-lanik emaiten, baina langile-beharretan dabilen edozein badoa herriko plazara eta han, soldata jakin baten ordain, egun batentzat gaizkile horietarik bat, laneko har dezake; delako jornala, beste edozein baino apalxeagoa da, eta bestalde nagusiak azotea eman diezaioke langile nagiari. Ez dute horrela sekulan lan-eskasiarik eta gainera, gaizkile bakoitzak bere doia egiteaz bestalde, egunero diru piska bat sartzen du herriko kutxan.
Kolore bereziko jantzi berdinak dituzte zigortu guziek; ez diete buru-kaskoa mozten, bakarrik belarri gaineko biloa, eta ere belarri-hegal bat doi-doia. Bere adiskideenganik edozeinek onar dezake, jateko, edateko edo janzteko -jantzia haren kolorekoa izaitekotan-. Baina diru-emaitzak herio zigorra lekarkioke emaileari, eta berdin hartzaileari. Arrisku bera luke herritar batek, edozein estakuruz diru-peza bat onar baleza zigortu batenganik. Eta gaztigu bera emaiten zaie oraino, armak hunkitzen dituzten "morroiei" -horrela deitzen baitituzte beren zigortu haiek-.
Eskualde bakoitzeko zigortuek badaramate beren marka berezia. Marka horren kentzeari zor zaio, herio-zigorra. Eta gaztigu bera da, bere eskualdeko mugetarik atera edo beste eskualde bateko "morroi" edozeinekin mintzatu denarentzat. Areago dena, ihesa bera bezain arriskutsu zaie, ihesaren xedea; ezen horrelako xedeaz hobendun denaren saria, herioa da "morroientzat" eta delako "morroitza" beste guzientzat. Salatarientzat aldiz badaude sariak: "morroientzat", askatasuna; "askatuentzat", dirua; denentzat kidegoko barkamena eta garbitasuna; hots beti errazago izan behar zaizu urrikitan sartzea ezenez xede gaitzean irautea.
Horra beraz, erran nien, zer diren hango ohiturak eta legeak, nabari baita nola dituzten elkartzen gizatasuna eta eraginkortasuna. Ez dira ezen baliatzen gaitza suntsitzeko baizik, gizonak kontutan hartuz, eta hauek erakarriz, baitezpada onak izaitera eta aintzinean egin kaltearen ordaintzera gainerateko bizian. Eta gizon horiek, ez direla aintzineko ohitura txarretara berriz itzuliko, segur eta fida direlakotz, bidaia luze baten egitera doazen bidaiariek, "morroi" horiek baino bideko gidari hoberik ez duketela pentsu dute eta, eskualdez aldatzean, "morroiez" ere aldatzen dira. Zerbait lapurketa egin gogo balute, ez lukete nehon oztoporik baizik: armarik ez dute; dirua berriz xede gaiztoaren salatzaile liteke; atzemanak direneko, zigorra prest dago eta nehora ihes egiteko mentura-izpirik ez dute. Nola ezenengana dezake nehor eta nehori bere ihesa gorde bestek darabiltzaten jantzi guziez bestelakoak soinean dauzkan gizonak? Non ez doan biluzgorri. Orduan ere, bere belarri motzak sala lezake iheslaria.
- Baina elkar adituz, "morroiak" jazar balitzaizkio estatuari, horra hor ere arrisku bat!
- Horrelako ametsik ordea, egin ote dezakete auzo diren "morroiek", beste ainitz eskualdetako "morroi" lagunak zundatu gabe eta haien laguntza eskatu aintzin? Baina haiek, nola jazarriko dira? Ez dute, ez elkarretaratzeko, ez elkarrekin mintzatzeko, ez elkar agurtzeko eskubiderik. Nola bada mentura ere beren xedea lagunei agertzera, jakinez geroz zer arriskua duen ixilik egoiteak eta zer probetxu harrigarria sekretua saltzeak. Bestalde ez duzu haien artean bihi bat, sinesten ez duenik gogorki, amore emanez, jasanez, geroan bizimolde hobea eremaiteko xedea erakutsiz, bere askatasuna noizbait berreskuratuko duela. Eta egia erran, zenbait "morroi" askatzen dituzte urte guziez, beren malgutasunaren sari.
- * *
Solas horietarik landa erran nuen bestalde, ez nuela ikusten zertako ez ziren Ingalaterran ere sartzen ahal ohoinekilako lege horiek, gure legelariak hala goretsi zuen justizia hark baino ondorio hobeak bailekarzkete. Legelariak orduan hitza hartu zuen:
- Ez dira sekula horrelako legeak Ingalaterran jartzen ahalko, arrisku handienean ezarri gabe erreinua, -eta hori erranez, burua kulunkatu zuen, ezpaina bihurtu eta gero ixilik gelditu zen. Han ziren guziak aburu bereko agertu ziren. Kardinaleak ordea erran zuen:
- Ez da erraz jakitea, aldaketa horrek aintzinatuko gaituen ala ez, froga egin ez deno. Baina epaileek herio zigorra erabaki ondoan, erregek mana dezake betekizuna luzatzea eta, aterpe-eskubidea baztertuz geroz, ohitura berriaren froga egitea. Aldaketa onuragarri izaitea ager baledi, zuzen liteke haren finkatzea. Bestela, aintzinetik epaituak zirenak, erailtzera igor litezke, eta ez lirateke horrela estatuaren aldetik, ez zuzentasun gutiago ez gehiago, delako epaituak berehala zigortuak izan balira baino. Ez du ere froga horrek, arrisku berezirik ekarriko. Daukat bestalde ez litekeela gaizto gure arlote, ibilkari guziak sendabide beraren menpe ezartzea; berdin eta orai arte haientzat egin lege guziekin ez dugu deus onik atera.
Kardinaleak bere iritzia eman orduko, ni mintzo nintzelarik aburu bera gaitzetsia zuten mahaikide guziak hasi ziren, zein gehiagoka, haren goresten. Arloteen hura zuten halere, oroz gainetik aipu; hori baitzuen Kardinaleak bere burutarik asmatua. Banago, ondoko solasak ez ote ziren ixilik uzteko hobeak; irri egitekoak baitziren. Erranen ditut halere; deus gaiztorik ez baitute, eta gure gaia nolazpait hunkitzen baitute.
Bazegoen suertez gutartean bizkarkin bat, jostakinarena egin nahiko zuena, baina hain zuen gaizki egiten, non bera baitzen egiazki jostakina. Eta haren ateraldi gatzilak farregarri ziren, ez beren erranahiarengatik, errailearengatik baizik. Artetik, itzurtzen zitzaion halere gure gizonari zentzuzko ele bat edo beste, beihalako atsotitzaren zuzenesteko doia:
"Zotzak maiz ateratzen dituenak,
"Venusen jokoa egin dezake, behin edo beste."
Mahaikide batek zioelarik, nere solasen ondotik ohoinen arazoa antolatua zenaz geroz eta Kardinalearen erranen arabera arloteen zortea segurtatua, orai behar zitzaiela herriaren laguntza ekarri, eritasunaren edo zahartasunarengatik, bizi-doia lan egin ez zezaketenei, eta ezerian eroriak zirenei, gure bizkarkinak hitza moztu zion honela mintzo zenari: - Bego hori nere gain: behar dena eginen dut, eta ederki. Ezen, ene begietarik urrundu nahia dut jende-mota hori. Zer ez didate ainitzetan jasanarazi, diru eske heldu zitzaizkidalarik, beren negar intziriekin! Nahiz beren kantu guziengatik ez didaten behinere ardit bat edeki. Alabaina, bietatik bat gertatzen zaizu: edo ez duzu emaiteko gogorik, edo ez duzu emaiteko ahalik, deusik ez baituzu emaitekorik. Azkenean, orai hasiak dira ikasten: aldetik iragaiten ikusten nautenean, debaldetan ez aritzeko, aintzinera iragaiten zaizkit, ixil-ixila. Ez dute beraz deusik igurikatzen ene eskutik, ez alafede, apeza banintz baino gehiago!
Nik bada agintzen dut eskale horiek oro, lege batek bil ditzan eta bana beneditarren komentuetan, han anaia lego, erraiten duten bezala, izan daitezen. Emazteak aldiz agintzen dut serora izan daitezen.
Irriño bat egin zuen Kardinaleak, dena ontzat hartzen balu bezala, alegia. Bestek aldiz, irririk gabe egiaz. Bazen ere teologo bat, bera "anai"-etarik izanez, apezen eta beste fraideen aurkako ateraldi horretaz atsegin hartu zuena; izigarri ilun ohi daukan aurpegia aldaturik, arrailerian hasi zen:
- Baina ez duzue eskaleen arazoa konponduko, guretzat, anaia eskaleentzat, antolamendua apailatzen ez duzueno.
- Hori egina dugu, -ihardetsi zion bizkarkinak- Kardinale jaunak arta hartu du zuetaz, erabaki duelarik arlote ibilkari guziak behar zirela bildu eta lanbide bat hartzera hertsatu. Zuek zarete alabaina, munduko ibilkari handienak! Hitz horiek entzun eta begi guziak itzuliak baitzeuden Kardinaleari buruz, honek ez zuela ezetzik erraiten ikustearekin, guziak hasi ziren perpausaren gogo onez hartzen, delako "anaia" salbu. Hau aldiz -ez da harritzeko- ozpina gainera isuri balitzaio bezala kexatu zen eta haserretu orroaz hasteraino: "Haizeen ezdeusa, salataria, gezurtia, putakumea!" erraiten zion gure gizonari eta, artetik mehatxatzen zuen Liburu Sainduak aipatuz. Orduan gure bahola egiazko baholakerietan hasten zaio, bere heinekoa kausitu baitu:
- Ez zaitezela haserre, ene anaia gaixoa! "Zuen jasankortasunari esker izanen zarete zuen buruen jabe", diote Liburu Sainduek. Anaiak, berriz, -haren hitzak berak errepikatzen ditut-:
"Ez nauk haserretu, zirtzila! Edo bederen ez nauk bekatutan erori, Salmogileak baitio: "Haserre zaitez, baina ez bekatutan eror!" Kardinaleak eskatu zion gozoki bere kexua jabal zezan, baina besteak ihardetsi:
- Ez, ene Jauna, gartsutasunez naiz mintzo, eginbide dudan bezala; ezen ongiaren garrak hartzen zituen sainduak, eta horrengatik errana izan da: "Zure etxearen aldeko garrak erretzen nau!", eta gure elizetan kantatzen dugu:
"Eliseoz trufatu direnek,
"Jainkoaren etxera doanean,
"Karsoilaren garra frogatzen dute," frogatuko baitu ere, menturaz, trufari, bahola, zirtzil horrek.
- Xede onetan zabiltza eiki, -erran zion Kardinaleak- baina ene ustez sainduago ez dakit, prestuago bederen bai zintezke zure eztabaida farregarri hori utz bazeneza gizon ertzo eta irrigarri horrekin gudukatu gabe.
- Ez, ez, ene Jauna, ez nintzateke prestuago ezen Salomon prestuak berak diosku: "Erantzun iezaiok ertzoari bere erokeriaren arabera!"; nik orai egiten dudan bezala, erakutsiz nola ziloan sartuko den, kontu ez badu emaiten: zeren Eliseoren trufari guziek -karsoil hura bakarra zelarik- karsoilaren garra frogatu baldin bazuten, nolaz ote, trufari bakar horrek ez du horrelako anaia saldoaren -hauetarik asko karsoilak direlarik- gar gogorra frogatuko? Aita Sainduaren gutun bat ere badugu, gutaz trufatzen diren guziak eskumikatzen dituena. Solasak ez zuela eteterik ikusi zuenean, Kardinaleak keinu batez despeditu zuen bizkarkina eta solasa poliki beste bide batera eraman ondoan, mahainetik zutitu zen laster. Gero bere itzalpekoen arazoak behar zituela zuritu, konjit eman zigun guri.
- Ai, Moro, ene adiskidea, hau elasturia bota dizudana! Ez nintzen eiki menturatuko hain luze egitera, zuhaurk ez bazenit artoski eskatu eta behatu solasaren xehetasun xeheena galtzera utzi nahi ez duen entzuleak bezala. Nahiz apur bat tinkoago mintza nintekeen, behar nituen bizkitartean zehaztasunak osoki eman, jende horiek zuzen ezagut zenitzan: gauza berak alabaina, irrigarri zeuzkatenak nik aipatzen nituelarik, ederresten zituzten gero kuxean, Kardinaleak ez zituelakotz gaitzetsi. Hainbestetaraino ziren Kardinalearen aburu bereko nahiak, non bizkarkin baten menskeriak, beren jaunak jostaguraz eragozten ez zituenak, lausengatzen baitzituzten haiek, eta berdin egiaz ontzat hartzen. Ikus ezazu hortik, zer estimu genukeen gorte-gizonenganik, nik eta nere aholkuek.
- Zinez, Rafael maitea, -ihardetsi nion- atsegin handia egin didazu! Hain dira zure erran guziak, zuhurtziaz beteak eta graziaz! Gainera, mintzo zintzaizkidalarik iduritzen zitzaidan haurrean ene haur-eskola izana den Kardinalearen gorteko oroitzapen goxoak berritzen zenituenean, itzultzen nintzela ez bakarrik sorterrira baina ere haurtzarora. Gizon horren oroitzapena hain gartsuki aipatu duzunean, ez dezakezu sinets ene Rafael maitea, zuri ja atxikia bainintzen, zein gogokoago zaitudan oraino.
Ez dezaket bestalde neholaz ere, alda ene iritzia: bai zinez uste dut, zure aholkuek esker handia egin liezaioketela herriaren onari, onar bazeneza printzeen gorteak ez horrenbeste higuintzea. Ez duzu beraz, herrigizon agertzea baino eginbide hertsiagorik. Zure Platon handiak egia baldin badio, herriak dohatsu izanen direla, edo filosofoak errege, edo erregeak filosofo diratekenean, dohatsu izaitetik urrun gaude oraino, filosofoek beren aholkuak ez dizkietenaz geroz erregeei nahi eman.
Rafaelek orduan erran zuen:
- Ez dira filosofoak horrelako jende bihurriak: beren aholkuak gogotik eman ohi dituzte; ainitzek liburuak ere argitaratu dituzte. Boterean direnak, haien kontseilu onen entzuteko prest balira! Baina Platonek ontsa ikusia zuen, haur-haurretik irakaspen okerrenetan haziak eta kutsatuak zirelakotz ez bazuten berek filosofiarik egiten, ez zituztela erregeek, sekula funtsez hartuko filosofoen aholkuak: berak ere hori frogatu ahal izan zuen, Dionisioren gortean. Ez ote duzu uste, edozein erregeri neurri zuhur zerbait aipa baniezaio eta haren gogotik makur ainitzen hazi gaiztoak kentzen saia banendi, berehala ni ere, edo ohil nintzakeela edo irrigarri ezar?
- * *
Demagun Frantziako Erregearen gortean nagoela eta haren kontseiluko partaide naizela. Jauregiko gelarik ixilenean, errege bera mahaipuru, erreinuko gizon prestuenen batzarrean, arta handirekin ikusten ari dira, zer kariaz, zer jukutriaz atxikiko duen erregek Milano hiria eta erakarriko ihes doakion Napoli hiria; gero nola garaituko dituen veneziarrak, nola menperatuko Italia guzia, gero Flandes, Brabantia, Burgundia osoa, eta beste herrialde asko oraino, aspaldian haien lurrak beretuak baititu, ametsetan… Orduan aholkulari batek kontseilatzen du veneziarrekin tratu bat egin dadin, erregeren interesak manatzen dueno begiratuko dena; hitzartze-solasak has daitezke haiekin. Zergatik ere ez utz haien esku harrapakinen parte bat, geroago berreskuratzeko xedetan? Beste batek kontseilatzen du, alemanak hartzea mertzenari; beste batek berriz, helvetiarrak, diruz lausengatzea; beste batek oraino, enperadore ospetsuaren gogoa erregeren alde itzularaztea, urre-opariak hari eskainiz.
Eta honek uste duelarik Aragoiko erregearekin behar dela antolatu haren esku utziz bakearen berme, beste baten ukantza den Nafarroako erreinua, beste hark anartean dio Gaztelako printzea dela behar amainatu, ezkontza zerbaiten mentura eskainiz, eta haren gorteko jauneria Frantziaren alde erakarri, errenta-seguruak hitzemanez.
Hona non datorren arazo korapilotsuena: anartean zer egin Ingalaterrarekin? Bake-solasak erabiliko dira orobat harekin eta lokarri sendoenez finkatuko, beti haustera doan harekilako elkartasuna: adiskide izena emanen zaio, baina etsaitzat edukiko da. Eta beraz eskoziarrak atxikiko dira erne, barrandariak bezala, lehen paradan Ingelesen gainera jauzteko prest, hauek higi balitez. Xede beraz ixilean, ez agerian, herriarteko legeen arabera ez baita zilegi, lagunduko da atzerrian bizi den printze bat, erregegoa beretu nahiz ari dena, giderretik atxikitzeko nolazpait beti susmagarri den Ingalaterrako Erregea.
Baina orduan, horrelako zalaparten artetik, eta beren xede guziak zeinek gehiago gerlari buruz biltzen ari diren jaun handien erdian, eman dezagun, naizen bezalako giza txar hau zutitzen naizela, belak itzul daitezen manatzen dudala, erranez Italia bere alde utzi behar dela eta etxean egon; Frantzia bera kasik handiegi baita ontsa gobernatzeko eta erregek ez baitu gogoa berotu behar besteen eremuak bere ontasunei eratxiki nahiz.
Eman dezagun gainera, gure aholkulariei akoriatarren legeak aintzin eratzen dizkiedala: lurralde hori Utopiako hegoaren ekialdetik aurkitzen da. Horko herritarrak lehen, gerlan ibiliak ziren beren erregearentzat eskuratu nahiz beste erresuma bat; errege horrek, aspaldiko ondoriotasun baten izenean beretu nahi zuena.
Irabazi ondoan, ohartu ziren ordea, erresuma haren eskuratzeak bezainbat lan emaiten ziela haren begiratzeak: hala nola nahasmenduak ez ziren atertzen, ez herri barneko jazargoak, ez menperatuen aurka atzerritik etorri erasoaldiak; hori dela eta, behar zen beti gudukatu, batean menekoen alde, bestean haien kontra; sekula ez zen soldaduen etxerat bidaltzerik. Anartean diru-kutxak husten ari ziren; urrea kanpora zihoan; atzerritarren onetan isuri behar zen herriaren odola; gerlak baino geriza hoberik ez zuen bakeak emaiten; etxeko ohiturak, gerlak gastatzen zituen; lapurketako gogoa orotan sartzen ari zen; erailketako ausartzia, finkatzen; lege-mota oro, trufatzen; eta horiek guziak, errege bakar batek bi erresumen ardura ukanez, ez ziezaiokeelakotz bakoitzari eman beharko zuen arta osoa. Azkenean, ateka gaitz horretarik ilkitzeko ez zela beste biderik ikustearekin biltzarra deitu zuten eta beren erregeri jendetasunez galdetu zioten, bi erresumetarik zein nahiago zuen begiratu, zeren ez baitzituen biak batek erabiltzen ahal: jende gehiegi bazeukaten errege erdi batek gobernatzeko. Nork onar lezake alabaina, beste batekin partzuergoan ukaitea mandazain bat? Hots, delako errege onak adiskide bati utzi behar izan zion, bere erresuma berria -nahiz adiskide hura ere laster aizkatu zuten- eta beretzat atxiki lehengoa.
Eta gero, erakuts baneza bestalde, gerla-zalaparta horiek guziak, horrenbeste erresuma nahasten dituztenak, erregeren ohoretan kutxak hustu eta, herria akitu ondoan, zerbait balentria gorabehera debaldetan amaitzen direla, eta beraz erregek bere arbasoen erreinuaz duela behar arta hartu! Hura apain dezala bada, ahal bezainbatean; hura egin eder eta lore; herritarrak maita ditzala, eta maitatua izan dadila! Herritarren erdian bizi bedi; haiei eztiki aginduz!
Eta beude bakean, beste erreinuak! Bere gain duen horrek berak emanen dio, aski eta gehiegi, zer egin.
Nola uste duzu, Moro adiskidea, hartuko didatela horrelako hitzaldia?
- Ez menturaz batere gogo onez, -ihardetsi nion.
- Goazen beraz aintzina, -erran zidan Rafaelek- eta demagun, gure aholkulariak ari direla solasean errege batekin, nola dirua biltzen ahal den erreinuko kutxetara ezin asmatuz. Batek aipatzen du diruaren balorea goititzea, erregek berak dirua atera behar duelarik, eta bere neurri zuzenetik behera apaltzea sarrarazi behar duelarik; zor handiak estaliko ditu horrela, diru gutirekin; eta hartze apur batzuentzat, sartze ederrak eginen.
Beste batek kontseilatzen du, diru-meta gaitza biltzeko aitzakiarekin, alegia, gerla baletor bezala egin dadin. Gero, ordu onean, bakea eginen da eta elizkizun handitan ospatuko, lilura dadin jende xehea, ikusiz nola printze on eta gartsu batek gupida duen bere menpekoen odola.
Norbaitek gogorarazten dizkio erregeri lehengo lege bipiatu, aspaldian zaharkitu batzuk; nehor ez baita oroitzen izan direnik ere; orok ohargabean hausten dituzte; eratxikiak zaizkien isunak sarraraz daitezela. Ez daiteke nehon, diru-iturri nasaiagorik, ez ohoragarriagorik; justiziaren itxura dakarrenaz geroz.
Beste norbaiti gogoratzen zaio, isun gogorrenez joitea, ainitz ohitura; bereziki herri xeheak kexatu gabe galtzera utziko dituenak. Gero debekua jasangaitz zaienei, salbuespena emanen zaie dirutan eta horrela, jende xehearen esker ona ardiestearekin batean, herriko kutxari irabazi bikoitza ekarriko zaio: beren irrikak zerga-biltzailearen sareetara erorrarazi dituenen isunak alde batetik, erregeren bertutea handiago eta arabera saria gorago izanen duten salbuespenen dirua bestetik. Diru ainitzen sari baizik ez diezaioke alabaina errege zuzen batek edozeini eman -eta zer bihozminarekin!- herriaren onari kalte ekartzen dion salbuespenik.
Beste batek kontseilatzen dio erregeari, hauta ditzan beti epaileak, edozein auzitan erregeren alderdia hartuko dutenak. Gizon horiek beharko dira jauregira deitu, eta erregeren aintzinean, haren arazoez hitzegitera gonbidatu. Errege barne den auzi guzietan -nahi bezain itxura txarra ukanik ere- izanen da horrela beti, epaile horietarik bat, edo kontraesan beharrez, edo bestek errana errepikatzeko herabez, edo erregeren faborea ardietsi nahiz, zirrikitu bat aurkituko duena, hortik sartzeko bere jukutria. Orduan, epaileek ikuspegi desberdinak izanez, berez guziz argi den auzia eztabaidatzen da, egia zalantzan jartzen eta erregeri emaiten zaio, legearen bere alde itzultzeko behar duen lotkia. Duda-mudan direnak erakarriko ditu ahalkeak edo beldurrak, eta horrela jarraian, auzitegiak har dezake gupidarik gabe bere erabakia. Ez zaio aitzakirik faltako epaileari printzearen alde erabakitzeko: aski du aipatzea, edo zuzentasuna edo legearen errana bera edo pasarte ilun baten adierazpen eratorria edo azkenean, beti minbera diren epaileek, lege guzien gainetik jartzen duten erregeren eskulehen ezin ukatua. Bat egin dezatela bakarrik epaile guziek Krasoren esaldi aipatu hau, onartzeko:
"Ez du sekula aski diru, armada mantenatu behar duen erregeak,
"eta erregeak ez dezake deus gaiztorik egin, nahirik ere."
Ontasun guziak harenak dira alabaina; gizonak berak ere. Ez du bakoitzak bererik, erregeren bihotz onak kendu ez diona baizik; eta hori ahalik gutiena izan dadin, ainitz axola zaio erregeri.
Erregeren gerizak eskatzen du eta, herria ez dadin eror aberastasunezko eta askatasunezko errazkerietan; erraztasun horiek jasangaitz egiten baitizkiote agindu makur eta gogorrak; eskasiak aldiz eta gabeziak kamusten ditu eta pairakor bihurtzen gogorik zorrotzenak; bai eta zapalduek jazartzeko behar duten bihotz handi eta emankorrari dio kentzen bere indarra.
Orduan berriz zuti banendi erran nezake aholku gaizto eta kaltegarririk baizik ez zaiola emaiten erregeri; eta erregeren ohorea eta geriza bera, herriaren ontasunetan hobeki finkatzen direla, harenetan baino. Erakuts nezake herritarrek errege hautatzen dutela, ez haren onetan, baina beren abantailetan; haren garrari eta lanari esker berak hobeki bizi daitezen; kalte orotarik maldan. Erregek beraz, artzainak bezala, ardien bazka bilatzen baitu, berea baino lehen, herriaren onaz behar du arduratu bereaz baino lehen, artzain den neurrian. Herriaren miseria dela bakearen bermea diotenak guziz makur dabiltza. Hori, berez ageri da: ezen, non aurkitzen duzu, eskaleen artean baino aharra gehiago? Nork du saminkiago iraultza bilatuko, bizi duen egoeran gutienik laket denak baino? Ez ote da ausartenik, bazter guzien nahastera oldartuko, nonbaitetik zerbait irabazteko menturan, nehon deus galtzekorik ez duena? Eta edozein errege, bere herritarrek hala erdeinatu edo higuindu baldin badute non haien bide zuzenean begiratzeko, behar baititu bere bidegabekeriez, zergez eta bahikuntzez, eskaleen mailara erautsi, hobe luke horrelako batek erregegoari berehala uko egitea, ezenez errege izena uzten, baina goikotasuna kentzen dioten jukutriez atxikitzea. Erregearen ohorea da, herri dohatsu eta aberats baten buruzagi izaitea; ez eskale-saldo baten aintzindari. Hori bera zeritzon Fabrizio deitu bihotz zuzeneko gizon handi hari, aberatsen buru izan nahiago zuela zioelarik, bere burua aberats ikusi baino. Eta atseginez eta gozokeriaz asebetetzen dena, negar-intziririk baizik ez delarik ozen haren inguruan, ez da egia erran, erreinuaren zaina, presondegiarena baizik.
Hondarrean, ez da sendagile ona izaiten ahal, gaitz bat sendatzen ez dakiena, beste bat emanez baizik; eta berdin, herritarren bizimoldea zuzentzeko, herriko biziaren gozoa kentzeaz beste biderik ezagutzen ez duen buruzagiak aitor dezala herri askatu baten buru izaiten ez dakiela. Zertako ez lezake lehenik senda bere nagikeria edo bere harrokeria? Zeren, bi gaitz horiengatik gertatu ohi da, herriak erdeinatzen duela edo higuintzen. Nehori kalterik egin gabe bizi bedi eta bere etorkizko ontasunetarik, sar-eralgiak elkarri aurrinduz! Gaizki eginak zigorka ditzala! Erakunde prestu batzuei esker gaizkitik begira daitezela herritarrak, gaiztakerietan aintzinatzeko orde gero zigortzeko xedetan! Ohiturak ezeztatu dituen legeak ez ditzala, funtsik gabe, printzeak berregin, bereziki aspaldian desohiturik daudenak eta nehork nehoiz damu izan ez dituenak! Ez dezala ere erregek, bahitzeko aitzakiaz deus beretzat begira, epaileak hartzera utz ez liezaiokeenik, bidegabezki eta zimarkuz baizik!
Eta orduan, zer gerta liteke makariarren legea aipa baniezaie? Herri hori ez dago Utopiako uhartetik hain urrun. Horko Erregeak kargua estreinatzen duen egunean zin egiten du, eliz opari handiak eskainiz, mila libera urre edo urre horren heina diru baino gehiago ez duela sekula edukiko betan bere kutxetan. Bere herriaren onaz bere aberastasun propioaz baino axola gehiago zuen errege on batek ezarri zuen oholetan lege hori, herri xeheari horrelako diru-metatze batek lekarkiokeen diru-eskasiarik ez zedin gerta. Delako diru-kopurua, berez askiko zen, bai jazarleei Erregeak buru egiteko, bai atzerriko etsaien erasoei erresumak ihardokitzeko, baina ez zen aski izan behar auzo-erresumetan sartzeko gogoa pizteko: hauxe izan zen legea ezartzeko xede nagusia. Ondoko asmoa izan zen, herritarren eguneroko salerospenentzat ez zedin gerta diru-eskasiarik. Azkenekotz, legezko neurria gainditzen zuen diru guzia banatu behar bazuen erregeak, nehori kalte egiteko paradarik ez zuela bilatuko gizon horrek, igarri zuen legegileak: horrelako erregea lotsagarri izanen zen gaiztoentzat eta maitagarri jende onarentzat.
Baina gogoeta horiek eta horiek iduriak aipa banitza osoki bestaldera itzuliak dauden lagunei, ez ote ninteke, "elkorrei erasian ari" bezala?
- Bai eta elkorretan elkorrenei bezala -nion erantzun-. Ez da dudarik eta ez naiz harritzen. Egia erran, ez dut uste balio duen, horrelako hitzaldiak egiteak, horrelako aholkuak emaiteak, badakizunaz geroz ontsa, ez dituela nehork onartuko. Zer balio du? Eta nola, hain solas ezohizkoek hunkiko dituzte, guziz bestelako iritziek eta grinek beterik dauzkaten gogo-bihotzak? "Eskolako" filosofia horrek bere grazia badu adiskideekin lagunartean eztabaidatzen denean. Bestela, printzeen kontseiluetan, buruzagi handien artean auzi premiatsuak zuritzen direlarik, ez dute solas horiek lekurik.
- Nik nioena, hori bera da, -zidan atera Rafaelek- filosofiarentzat ez da lekurik printzeen jauregietan.
- Egia handia, -ihardetsi nion- ez da lekurik, nonnahi zernahi aterabide on dela dioen "eskoletako" teoriarentzat; beste filosofia bat badago, gizartekoagoa, antzeztokia kontutan hartzen duena eta hari egokitzen zaiona: antzerkian haren esku den eginkizuna betetzen du xarmanki eta apainki. Filosofia hori duzu behar landu.
Bestenaz, Plautoren komedia bat emaiten dutelarik eta jokolari gazte batzuk ergelkerietan ari direlarik, zu agertzen bazara antzeztoki aintzinera filosofo-jantzitan eta hasten bazara Oktavia antzerkitik Neron eta Senekaren arteko elkarrizketa bat aldarrikatzen, ez ote duzu hobe jokolari ixilarena egitea, ezenez eta tragedia-komedia saltsa hori sortzea, zure ateraldi hori nonbaitik ekarriz? Gastatu duzu eta irauli aintzineko ikusgarria, zure bestelako gaiak nahasiz; zuk ekarriak, berez hobeak izanik ere. Edozein izan dadin zure eginkizuna, hura bete ezazu, ahalik eta hobekiena; eta ez oro nahas, baizik eta pasarte zoragarri bat gogoratu zaizula. Eta berdin erreinuko auzietan; berdin printzeen kontseiluetan. Ez baditzakezu iritzi okerrak errotik atera, ez eta ere zure gogoaren arabera senda sustraitu ohi diren gaitzak, ez duzu zeren horrengatik errekan utz erreinua. Ez duzu alabaina, galernaren erdian untzia bere bide utziko, haizea menderatzen ahal ez duzulako aitzakiagatik.
Ez da beraz, guziz bestelako aburuak darabiltzaten gizonen izpirituan, jakina, hazta guti izanen duten ustegabeko ideia arrotzen sarrarazten ari behar. Zeharkako bidea hobe duzu hartzea eta hortik lehiatzea zure eginkizun guziak gizonki eta abilki eramanez: onera bihurtzen ahal ez duzuna, balia bedi bederen, ahal bezain kalte guti izan dadin. Gizon guziak ontzen ez direno, ez baitira zer guziak ontsa joaiten ahalko, ez dugu ainitz urtez horren igurikatzerik.
- Baina, -erran zidan- ez ote liteke hori, zoroekin zorokerian erortzea; haien zorokeria sendatzera lehiatzen naizen unean. Egia erraitekotz, ja erranak behar ditut berriz erran. Filosofo batek gezurrik erran dezakenetz ez dakit. Nik, hasteko ez. Halako latz eta garratz bat bazutela ene solasek iduritu zaie beharbada gorteko lagunei, baina ez dut ikusten zertan, arrunt zoroak izaiterainoko arrotz-itxura izan behar duten. Platonek bere Errepublikan asmatu dituenak edo utopiarrek beren erresuman egiten dituztenak kontatu banitu, ohitura horiek hemengoak baino hobeak izanik ere -eta zinez hala dira- orduan bai nik erranak arrotz zitzaizkiekeen, ezen hemen bakoitzaren ontasunak pribatuak dira, han aldiz guziak, guzienak.
Orai, kontrako bidetik, buruz behera joaitea erabakia dutenentzat, ene eleak ez daitezke atsegin; iragan lanjerak eta heldu diren arriskuak baitituzte gogoratzen, baina bestela, zer dute solas horiek, nonnahi aldarrikatzeko on eta baitezpadako ez denik? Egiaz ixilean atxiki behar balira, zorokeria eta arrozkeria estakuru, batzuen ohitura nahasiengatik arrotz-itxura duten guziak, ixilean eduki beharko ditugu Kristauek Jesukristoren irakaspen gehienak; gordetzea debekatu dituenak berak ere; hala nola, "belarrira berak murmurikatu zizkiotenak bere ikasleei, etxe gainetan aldarrikatzea", agindu baitzieten. Askoz ere gorteko jende horien ohituretarik urrunago dabil, Jesukristoren irakaspen gehiena, ene solasa baino. Badakit predikariak, jende artezak baitira, zuk eman kontseiluari jarraikitzen zaizkiola: ikusiz, gizonek nekez menperatzen diotela Kristoren legeari beren bizimoldea, bizimolde horri makurtu diote, berunezko erregela bat bezala, haren irakaspena; uztartzen dituztela nolazpait, bat eta bestea. Ez dut ikusten hortik zer irabazi den, baizik lasaiago egiten dela gaizkia. Eta nik ere, hori bera irabaz nezake printzeen kontseiluan partehar baneza. Zeren eta, besteek ez bezalako iritziak agertzen baditut, iritzirik batere ez ukaitea bezala daiteke; besteen aburu berak onartzen baditut, Terentzioren "Micion", delakoak dioen bezala, haien erokeriaren laguntzaile gerta naiteke. Zure "zehar-bide" hark berriz, ez dut ikusten zer erran nahi duen, ez buruz nora behar garen lehiatu, zuk diozularik: "Ez badira denak onera bihurtzen ahal, erabil bitez bederen artezki ahal bezain kalte guti izan dadin". Baina gortean ez duzu zure gogoa gordetzen ahal; ez zaizu zilegi begiak herstea bakarrik; behar dituzu xede okerrenak deplauki onartu; eta izurritea baino erabaki kaltekorragoak izenpetu. Ez baduzu aski gora handiesten delibero zitalena, "maltzur" edo bertin "ustel" fama leporatzen dizute.
Gainera ez duzu sekula deus onuragarririk egiteko paradarik izaiten, ezen munduko gizonik hoberena izanik ere, batzar horietan sartuz geroz errazkiago lagunek kutsatuko zaituzte zu, zuk haiek bide onera ekarriko dituzun baino: edo haiekilako harreman gaiztoek galduko zaituzte, edo zure zuzentasuna eta zure garbitasuna, beren gaiztakeriaren eta beren zorokeriaren aitzakiatzat hartuko dute; hain urrun gara deus onik ateratzetik zure "zehar-bide" harekin.
Alegia eder bat darabil Platonek, erakusteko zergatik jende prestuak bazter dauden zuzenki, zeregin publikoetarik: jendea ikusten dutelarik karriketan ibilki, bustitzen ari, euria ez delakotz atertzen, eta ez diotelarik sinestarazten ahal aterpera joan behar dela euriari ihesi, orduan herritar prestuak etxean gelditzen dira; baitakite berdin, ez dutela deus irabaziko ateratzen baldin badira; bestekin batean bustitzea baizik. Berak barnean egonez aldiz, besten zorokeria ez badute sendatzen ahal, beren buruak bederen aterpean dauzkate; eta aski zaie.
Dena dela, ene Moro maitea, ene barneko berri egiaz erraiteko, jabego pribatua lege delarik eta zer guziak dirutan neurtzen direlarik ez da erresuman finkatzen ahal ez zuzentasunik ez aberastasunik, non ez duzun sinesten ontasun onenak gizon gaiztoenen esku izaitea zuzen dela eta zoriona datorrela aberastasun guziak elkarren artean banatzen dituztelarik deusen eskasik ez duten bakar batzuek; besteak gabezia gorrian daudela.
Horra zergatik gogoratzen zaizkidanean utopiarren erakunde prestu eta sainduak, hain lege gutiz, hain errazki, ontasun guziak gobernatzen baitituzte; bertutea preziatzen baitakite; eta banaketa egoki bati esker orok orotarik nasaiki gozatzen baitute; gero ohitura horien parean ezartzen ditudanean beste herri askorenak, beti lege berri egiten baitihardute; nehoiz ordena egokirik, horiekin guziekin, ezin finkatuz; han ukantzaz zerbait daukan bakoitzak, hura bere "ontasun pribatua" deitzen baitu; han ere, egun guziz sortzen diren lege berriek ez baitezakete ardiets bakoitzak eskura, begira, edo bederen bestenetik bereiz dezan bakoitzak bere aldian deitzen duen bere "ontasun pribatua", -beti berritzen eta nehoiz amaitzen ez diren auzi guziak hor dira lekuko- bai diot, horiek oro gogoan hartzen ditudanean, zuzenkiago mintzo naiz Platonez eta ez naiz hala harritzen, aberastasun guziak guzien artean berdin banatu nahi ez zituzten herritarrentzat legerik egitea ez baitzuen onartzen jakintsu handi horrek. Salbabide bat baizik ez dela herriarentzat ontsa ikusia zuen alabaina gure gizon prestuak: aberastasunen berdinketa behar da egin eta ez dakit berdinketa hori sekula ardiesten ahalko denetz bakoitzaren ontasunak ontasun "pribatu" dauden tokian.
Zeren norbera edozein tituluz balia daitekeno ahal guzia bereganatzeko, herritar bakar batzuek eskuratzen dituzte mozkin gehienak, -hauek nahi bezain nasaiak izanik ere- eta besteak uzten dituzte gabezian. Alta maiz azken hauek, besteak baino gehiago dira zorte onaren hartzeduru: haiek ezdeusak dira, ohoinak eta harrapariak; hauek aldiz, apalak, xeheak eta, beren egun guzietako lanari esker, berentzat baino gehiago herriarentzat onuragarriak. Zin-zinez uste dut beraz, jabego pribatua ez baldin bada osoki suntsitzen, ez dela izaiten ahal ontasunen banaketa egoki eta zuzenik; eta munduko gorabeherak ez daitezkeela bide onetik eraman.
Jabego pribatuak iraunen dueno, gizarteko zati handienak eta onenak beharko du beti jasan gabeziaren eta miseriaren zama hertsagarri itzurezina; eta apur bat arin baledi ere, daukat ez dela neholaz osoki altxatzen ahalko. Ezen erabakitzen baldin bada adibidez, nehor ez dela honelako alor eremuaren baizik jabe izaiten ahal; honenbeste diru baizik ez dela zilegi bakoitzak ukaitea; lege berezi batzuei esker ez dela indartsuegi izanen errege, ez populua bihurriegi; herri-gizonen karguak ez direla salgai izanen, ez jukutriaz eskuratuko; xahupen naharoak egitera ez dela nehor hertsatuko, ez dadin gero lehia berreskuratzera bairaz edo ohointzaz horrela xahutu dirua, eta bestalde, ez daitezen aberatsen eskutan geldi herritar prestuenentzat izan behar diren karguak; hots horiek oro egiten badira, erranen dut, eri etsituen minak eztigailu jarraikiek eztitzen dituzten bezala, gizartearen gaitzak gozatzen eta tipitzen ahalko direla; baina osoki sendatzeko eta aintzineko onera itzultzeko menturarik ez da izanen, bakoitzak bere ontasunak bere dauzkano: alde honen artatzen ari zarelarik beste zauri hori gaizkontzen zaizu; eta nola, bati kendu gabe ez baitiezaiokezu besteari deus eman, honen sendatzeak haren gaizkitzea dakar ordainez.
- Nik aitzitik, -ihardetsi nuen- guziz besterik uste dut: ontasun guziak guzienak izanen direnean ez dela neholaz bizitzeko erraztasunik izanen. Nola bada ausarkia altxa daiteke, bakoitza lanari ihesi baldin badoa nehor ez duelakotz bere beharrak akuilatzen, eta bestek egin lanaren menturak nagikeriarat baitarama. Ezeriak bestalde zirikatzen du gogoa; eta nehongo legeak ez du zaintzen bakoitzak ukantzaz beretu duena; ez ote da orduan gizartea nahitaez hondatuko etengabeko erailketa eta nahaskerietan? Gainera, agintarien larderia eta beldurra ezabatuz geroz desberdintasunik batere ez bada herritar guzien artean, nola diozu toki bat bereiziko bakoitzari gizartearen barnean? Ez dezaket asma ere horrelakorik.
- Ez zait handi, zuk hola uste izaitea, -erran zidan Rafaelek- ez baituzu ukan kasu horren itxurarik ere, non ez den gezurrezkorik. Baina, Utopian izan bazina enekin eta nik bezala hango erakunde eta ohiturak ezagutu bazenitu, -bost urte baino gehiago han iragan ditut eta ez nintzen handik sekula aterako Mundu Berri horren ezagutarazteko izan ez balitz- orduan bai gogotik aitortuko zenuen ez duzula, nehon, nehoiz ikusi herri ongi eraturik, han baizik.
- Nik hasteko, -erran zuen Pedro Egidiok- nekez sinetsiko dizut, mundu berriko herrialde hori guk ezagutzen dugun eskualde hau baino hobeki antolatua dela; ezen gure izpirituak ez dira besteak baino gibelago; gure erreinuak hangoak baino zaharrago dira nik uste; ohitura luze batek bizitzeko erraztasun asko eskaintzen digu; eta gainera, bere baitarik nehork asma ez zitzakeen aurkiberriez zori on batek duntu gaitu.
- Erreinuen lehentasunaz ari bazara, -erantzun zion Rafaelek- zuzenago zenbilzke, hango historia irakur bazeneza: gure eskualdeetara gizonak agertu baino lehen han hiriak ba omen zeuden, haien arabera. Eta gizonen izpirituak edo zori on batek asmatu dituen aurkiberri haiek, han ala hemen, bi aldeetan kausitu ahal izan dira. Badakigu berdin, izpirituaren dohainez guk garaitzen baditugu ere, haiek erraz nagusi ditugula laneko artaz eta garraz. Beren urtekarien arabera, gu etorri aintzin, - "Gauberdin-haindikoak" deitzen gaituzte- gure eta guretarren berririk ez zuten behinere ozen. Duela hamabi ehun urte ordea, itsasuntzi bat, galernak erakarririk, hondatu omen zen Utopia uharteko aldean; erromatar eta egiptoar batzuk lehorreratu zituzten uhainek, eta betikotz han gelditu ziren. Ikusi behar da nola utopiarrek beren lanari esker, baliatu zuten parada hori!
Ez da lanbiderik, erromatarrek zerabiltenik eta utopiarrek berek nolazpait balia zezaketenik, edo beren ikusliarrenganik ikasi, edo haiek eman xehetasunei esker berraurkitu ez dutenik; horra nola, hemengo gizon bakar batzuen ikustaldi bakarraz baliatu diren utopiarrak. Zorte berak aldiz, lehen, hango nor edo nor gutartera ekarri baldin badu, ez dugu horretaz oroitzapenik batere… eta hori bera gertatuko zaie gure ondokoei, ez baitira oroituko noizbait han gaindi ibili nintzela. Baina elkarretaratze bakar bat aski izan bada, utopiarrek gureganik ikas zitzaten beren gozorako gure aurkiberri guziak, ainitz urte beharko da nik uste, guk geuretzat har ditzagun haien erakundeak; gureak baino hobeak direlarik. Horra zertako, bakarrik, ez garelarik ez aberastasunez ez jakitatez haien gibeletik, haien herria -bai aitor dezagun- gurea baino hobeki gobernatzen den eta distiratzen duen gureak baino gehiago.
- Zuk beraz, Rafael maitea, -erran nion nik- erraguzu, otoi, nolakoa den delako uharte hura eta xehetasunetan sartzeko ez beldur izan. Bere aldian aipa itzazu alorrak, ibaiak, hiriak, gizonak, ohiturak, erakundeak, legeak eta orobat, zure iduriko, ezagutu nahi ditugun guziak; ez dakizkigun guziak jakin nahi ditugula, jakin ezazu.
- Bai, bai, eta gogo onez, -erantzun zidan- xehetasun guziak gogoan dauzkat oraino, baina beharko dugu astia.
- Goazen beraz bazkal lehenik, -erran nuen nik- gero hartuko dugu behar den astia.
- Gogotik, -ihardetsi zuen Rafaelek.
Barnera sartu ginen horrela, bazkaltzeko. Bazkal ondo toki berera itzuli ginen, jargi beretan jartzera. Gero zerbitzariei gomendaturik ez zezaten nehor utz guregana hurrentzera, Pedro Egidiok eta biek Rafael otoiztu genuen, hitzeman bezala egin zezan. Honek beraz, berari beha eta bera entzun-gosez geundela ikusirik, eta apur bat, ixil-ixila gogoeta egonik, bere hitzaldia hasi zuen honela…