Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Bigarren liburua - Sarrera
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


Sermonis Qvem
Rafael Hitlodeok, herri-eratze hoberenaz, egin zuen hitzaldiaren bigarren liburua, Tomas Moro, Londres hiriko herritar eta bizkondeak emana.


U
topiarren uharteak, bere erdialdean -hor baita zabalenik- berrehun mila urrats dauzka eta bere eremu gehienean ez da hainbat meharrago, nahiz piskanaka hertsitzen den bi buruetan; hauek biak makurtzen baitira bostehun mila urratseko uztaia moldatuz, berpiztera doan ilargiaren itxura emaiten diotela uharteari. Ilargi horren bi adarrak bereizten dituzten hamaika mila -guti gorabehera- urratsen artetik, sartzen dira itsasoko urak eta hedatzen golko zabal batean; alde orotarik inguratzen duten munoek haizeetarik maldatzen duten eremu guzia eta, ekaitzak bekan harrotzen duen laku handi bat moldatzen. Lurralde horren altzo osoa ezbaian hartzen duen portuan barna, harat-honat badabiltza itsasuntziak herritarren zerbitzutan.

Bokalea beldurgarria da, urpearengatik batetik, harkaitzengatik bestetik. Pasaien erditsutan harkaitz handi bat nabari da, -ez beraz kaltegarri- bere gainean eraikia duela dorre bat bere zaindari moltsoarekin. Beste artak aldiz gordeak dira eta enganakorrak, uhartearrek bakarrik dakizkite ubideak. Horra zergatik ez den maiz arrotzik ikusten utopiar pilotu baten laguntzarik gabe badiako uretan sartzera menturatzen. Uhartiarrak berak ere beldur litezke, lehorretik ez baliete zeinu batzuek bidea erakusten. Eta aski liteke zeinu horien lekuz aldatzea etsaien untzi-taldea -nahi bezain handia izanik ere- erraz hondoratzeko. Kanpoko aldetik ez da portu eskasik, baina lehorreratzeko gune egokiak orotan hain ongi zainduak dituzte, artez edo berez, non zenbait zaintzale bakar aski baitira etsaien osteak urruntzeko.

Bestalde, erran zahar baten arabera eta lurraldearen itxurak berak erakusten duen bezala, itsasoak ez zuen lehen lurralde osoa inguratzen, baina Utopo, bere garaipenaren ondotik uharteari izena eman zion gizona -aintzinean "Abraxa" deitzen baitzuten delako uhartea- eta kulturaren eta jendetasunaren mailan gizaldi gutiz gehienak baino gorago horko talde basa eta arrunta ezarri zuena, lehen oldarrean berean nagusitu baitzen, hark zuen beraz muturra lehorrari lotzen zion hamabost mila urratseko lurbesoa moztu eta uharte berriaren inguru osora itsasoa ekarri. Horren egiteko, ez zituen bakarrik lekuko bizitiarrak lanera hertsatu, baina ez baitzuen nahi laidotzat har zezaten lan-molde hori, bere soldaduak igorri zizkien laguntzera. Horrelako langile ostearen artean ongi banatuz geroz, zein laster bururatu zen lana, ezin sinetsia da; eta auzo-herriek, hastapenean irrifarrez "zorakeria" horri zeudenek, miretsi zuten ondorean ekintza eta beldurrak inarrosi zituen.

Berrogeita hamalau hiri badauzka uharteak; guziak handiak eta aberatsak.

Mintzaira, ohiturak, erakundeak eta legeak berdinak dituzte. Guziek antolaketa berdina dute eta lekuak nahi duen neurrian itxura bera. Haietarik auzo-lehen direnek, hogeita lau mila urratsen bidea dute elkarretarik, baina ez da bihi bat bestetarik hain urrun non ez zaren hara heltzen ahal oinez egun baten bidean.

Uharteko gorabeheren elkarrekin zuritzeko, urtero hiri bakoitzetik, hiru herritar adineko eta aditu elkarretaratzen dira Amarautoko hirian. Hiri hau lurraldearen zilkoan bezala aurkitzen da eta eskualde guzietako ordezkariek helmenean dute; horra zergatik hiriburu edo hiri nagusitzat hartzen duten.

Alorrak hain egoki banatuak dituzte hirien artean non ez baitezake nehondik edozein hirik bere kontu izan hamabi urratsen lurra baino gutiagorik; baina askoz ere gehiago hirien arteko bidea luzeago den aldetik. Ez du hiri-bihi batek bere zedarriak aldaratzeko gogorik: ezen hiritarrek berek, lurren jabe baino gehiago, lurren erabiltzaile daukate beren burua. Hiritik kanpo badauzkate etxeak, lur erabili guzien erdian ongi banatuak eta laborantzako tresnaz muntatuak. Hiritarrak badatoz aldizka, hor bizitzera. Ez da baserritar familiarik, gizon-emazteen artean berrogei lagun baino gutiago daukanik -etxaldeari datxezkion bi "morroi", bestalde-. Familiaren buru, aita eta ama helduak eta zentzuzkoak. Hogeita hamar familiako multzo bakoitzaren aintzineko, badute "Filarko" bat. Familia bakoitzetik hogei lagun itzultzen dira hirirat, urtero: ordukotz hiritik kanpo bi urte bete dituztenak. Hauen orde, beste horrenbeste langile igortzen dira hiritik, urte hartan han dauden eta beraz lur-lanetan ikasiak direnekin ikas dezaten. Ondoko urtean azken horiek irakatsiko diete beste batzuei, zeren guziak batean laborantzan berdin berri eta arrotz balira, urteko uztak huts egin bailezake langileen trebatu ezagatik. Lurginen berritzeko ohitura hori ongi finkatua bada ere, nehork ez baitu gogoaren kontra eta luzakiegi lan dorpeegirik jasan behar, asko badira bizkitartean lur-lanetan atsegin dutelakotz berenaz, zenbait urtez han bizitzea eskatzen dutenak.

Laborariek lurrak lantzen dituzte, abereak hazten, egurrak egiten eta hirirat heltzen bide errazenetik, itsasoz edo lehorrez. Sekulako xito-andana hazten dute miragarriki: ezen ez dituzte arraultzeak oiloari emaiten, baina neurri oneko berotasunean atxikiz arroltzeak xito-andana handiak sortzen dituzte eta, kuskutik jalgi orduko, amatzat hartzen dituzte xitoek beren jabeak eta orotan jarraikitzen zaizkie. Ez dute zaldi ainitzik; eta suharrik baizik ez; zaldi-jokoetan gazteak trebatzeko. Iraulde eta garraio-lan guziak idiekin dituzte egiten. Ez omen dute zaldien gar hura, baina iraupenez nagusi dira; eta gaitzarentzat ez hain minbera. Haien mantenuak bestalde, ez du hainbeste gastu ez hainbeste lan emaiten; eta azkenean, laneko on ez direlarik haragitako baliatzen dira oraino.

Ogiaren egiteko baizik ez dute bihia erabiltzen. Edateko, mahatsarnoa, sagarnoa, madariarnoa, edo bestenaz ura hartzen dute; batzuetan hutsik edo usu ere eztiarekin irakiturik edo errekalizarekin, nasaiki baitute hartarik.

Nola aintzinetik kakulatzen baitute -eta zuzen-zuzen- zer anoa beharko duen hiriak eta hiriari datxekion barrutiak, berek behar baino ainitz gehiago zitu-bihi ereiten dute eta abelburu hazten, auzoei banatzeko gero gaineratikoa. Behar dituzten eta baserrian aurkitzen ez diren puska guziak eta sukaldeko tresnak oro, hirian eskatzen dituzte, eta batere salerospenik edo trukadarik gabe hiriko arduradunen bitartez eskuratzen. Hilabete guziz alabaina, baserritar gehienek hiriko itzulia egiten dute, jai-egunean.

Uzta-eguna hurbiltzearekin, hiriko arduradunei jakinarazten diete laborarien "Filarko"ek, zenbat laguntzaileen beharretan diren eta gari-biltzaileen ostea heldu delarik hitzartu egunean, uzta guzia altxatzen dute, ezbaian eguna barne, aroa alde izanez geroz.