XXXI. Kapitulua
Makineriari buruz
Kapitulu honetan makineriak gizarteko klase desberdinen interesen gain duen eragina aztertu nahi dut; bestalde, garrantzi handiko gaia da eta badirudi inoiz ez dela modu egokian ikertu emaitza zuhur eta asegarrietara heltzeko. Gai honi buruzko nire iritzia azaltzea beharrezkoa zait, zeren eta hausnarketa lasaia egin ondoren, aldaketa nabaria egin baitu; eta nahiz ez dudan uste makineriari buruz nire iritzian atzera egiteko moduko ezer idatzi dudanik, beste era batez adostasuna eman diot zenbait doktrinari, orain okerrak direla pentsatzen dudan arren; horregatik uste dut nire betebeharra dela nire gaurko ikuspegiak irakurleari azaltzea eta horien defentsarako arrazoiak ematea.
Ekonomia politikoko arazoei kasu egiten hasi nintzaienez geroztik, pentsatu izan dut makineriaren erabilpenak ekoizpeneko edozein adarretan lana aurrezteko ondorioa duenez, erabilpen hori ondasun orokorra zela; baina egoera hobe horrek badu bere alde desabantailagarria, zeren eta kasu gehienetan honekin batera, kapitala eta lana beste enplegu batera higitu beharra suertatzen baita. Nire ustez, lurjabeek diruzko errenta berdinak balituzte, merkantzia batzuen prezioak urrituta profitatuko lirateke, errenta hori merkantzia hauetan gastatzen dutenean; eta makineria enplegatzen denean prezio murrizketak ezin dezake huts egin. Pentsatzen nuen kapitalista ere, behin-behingoz, era berean profitatzen zela. Makinaren aurkikuntza egin zuen hark edo arrakastaz erabiltzen hasi zen hark, ondorioz abantaila gehigarri batez gozatuko zuen aparteko irabaziak eskuratuko zituzkeelako denboraldi batean; baina makinaren erabilpena orokortu ahala, ekoiztutako merkantziaren prezioa, lehiaketaren ondorioz, erori egingo litzateke bere ekoizpen-kostura iritsi arte; orduan, kapitalistak, lehen eskuratzen zituen diruzko irabazi berdinak lortuko lituzke, eta kontsumitzaile bezala duen abantaila orokorrean partehartzaile hutsa izango litzateke, orain, diruzko errenta (sarrera) berdinarekin gai izango delako gozamen- eta erosotasun-kopuru ugariago izateko. Uste nuen langile-klasea ere profitatuko zela makineriaren erabilpenarekin, merkantzia gehiago erosteko gai izango litzatekeelako diruzko alokairu berdinarekin; uste nuen ere ez zela alokairuen beherapenik egongo, kapitalistak lehen bezainbat langile-kopuru enplegatzeko eta eskatzeko ahalmena izango bailuke, behartuta egon litekeen arren merkantzia berria edo desberdina ekoizten enplegatzeko. Makineriaren hobekuntza dela eta, eskulan-kantitate berdina enplegaturik, galtzerdi-kantitatea lau halako egin ahal bada, eta galtzerdi-eskaria, bien bitartean, bikoiztu besterik ez bada egiten, langile batzuk derrigorrez kaleratuko lituzke galtzerdi-jardueratik; baina langile horiek enplegatzen zituen kapitala oraindik existitzen denez, eta kapital horren jabeen interesa berau ekoizkorki enplegatzea denez, gizartearentzat erabilgarria izango zena beste merkantzia bat ekoizteko enplegatuko zela iruditzen zitzaidan, honen eskariak ez baitzuen hutsik egingo; sakonki hunkituta nengoen, eta nago, Adam Smithek egiten duen oharraren jatortasunarekin: "Gizaki guztien elikagai-nahia giza urdailaren neurri txikiak mugatzen du; baina gauza egoki, eraikinen apaingarri, arropa eta altzarien nahiak ez dirudi muga finkorik duenik". Beraz, lehen bezalako eskulan-eskaria egongo zela eta alokairuak gehiago jaitsiko ez zirela uste nuenez, pentsatzen nuen langile-klaseak, gainontzeko klaseekin batera, makineriak sortuko lukeen merkantzi merketze orokorraren abantailan parte hartuko lukeela.
Hauek ziren nire iritziak eta berauek aldatzeke jarraitzen dute lurjabe eta kapitalistari dagokienez; baina konbentzituta nago gizalana makineriak ordezkatzea, sarritan, langile-klasearen interesentzat kaltegarria dela.
Nire hutsa, gizarteko sarrera netoa gehitzerakoan, beti, bere sarrera gordina ere gehituko litzatekeela suposatzetik dator; baina orain arrazoiak aurkitzen ditut lurjabeek eta kapitalistek beren errentak ateratzen dituzten fondoa gehi daitekeela sinesteko, bien bitartean, bereziki langile-klasearentzat den fondoa murritz daitekeelarik; ondoriozta daiteke beraz, oker ez banago, herrialdeko errenta netoa gehi dezakeen zio berdinak, aldi berean, herrialdeko populazioa ugariegia izatea egin dezakeela, eta horrela langilearen egoera txartu egingo litzatekeela.
Demagun kapitalista batek 20.000£ko kapitala enplegatzen duela eta, aldi berean, nekazaritzan eta oinarrizko ondasunak ekoizten aritzen dela. Suposa dezagun ere kapital horretatik 7.000£ kapital finkoan inbertiturik dagoela, hau da, eraikin, lanabes, eta abarretan, eta gainontzeko 13.000£ langileak mantentzeko kapital zirkulatzailean enplegatzen dela. Demagun ere irabaziak ehuneko 10ekoak direla, eta ondorioz, urte bakoitzean, kapitalistaren kapitala bere hasierako egoera ekoizkorrean jartzen dela eta 2.000£ko irabazia ematen duela.
Urte bakoitzean kapitalista bere eragiketak egiten hasten denean, bere esku 13.000£ko balioa duten oinarrizko ondasun eta elikagaiak ditu; hauek guztiak, urtean zehar bere beharginei saltzen dizkie diru-kopuru horretan, eta epe berean alokairu gisa diru-kopuru hori ordaintzen die: urte amaieran, hauek kapitalistaren esku 15.000£ko balioa duten elikagai eta oinarrizko ondasunak birjarriko dituzte; eta horietatik 2.000£ berak kontsumituko ditu edo nahi duen moduan erabiltzeko aukera izango du. Ekoizkin hauei dagokienez, urte horretako ekoizpen gordina 15.000£koa eta ekoizpen netoa 2.000£koa izango da. Suposa dezagun orain hurrengo urtean kapitalistak bere langileen erdia makina bat eraikitzeko erabiltzen duela eta beste erdiak ohikoak diren elikagai eta oinarrizko ondasunak ekoizteko. Urte honetan zehar, beti bezala, alokairuetan 13.000£ ordainduko lituzke, eta kopuru horretan guztian elikagaiak eta oinarrizko ondasunak salduko lizkieke bere langileei; baina, zer gertatuko litzateke hurrengo urtean?
Makina eraikitzen arituko litzatekeen bitartean, ohiko elikagai- eta oinarrizko ondasun-kopuruaren erdia bakarrik erdietsiko litzateke, eta berauen balioa lehen zutenaren erdia izango litzateke. Makinak 7.500£ balioko luke, eta elikagaiek eta oinarrizko ondasunek 7.500£; beraz, kapitalistaren kapitala lehen bezain handia izango litzateke, zeren eta bi balio hauez gain, kapital finkoan beste 7.000£ko balioa izango bailuke, hau da, orotara 20.000£ko kapitala eta 2.000£ko irabazia. Behin bere gastuetatik azken kopuru hau kenduta, 5.500£ko kapital zirkulatzailea izango luke eta honekin egin beharko lituzke burutu beharreko eragiketak; beraz, eskulana enplegatzeko finantzabideak 13.000£tik 5.500£ko proportzioan eroriko lirateke, eta ondorioz, lehen 7.500£rekin enplegatzen zen eskulana sobera egongo litzateke.
Kapitalistak enplega dezakeen lan-kantitate urriak, makineriaren laguntzarekin eta konponketa-gastuak kendu ondoren, 7.500£ko balioa ekoiztu behar du eta kapital zirkulatzailea birjarri, kapital osoaren gaineko 2.000£ko irabaziarekin; baina hau gauzatzen bada, sarrera netoa ez bada gutxitzen, zer axola zaio kapitalistari sarrera gordinak 3.000£ko balioa, 10.000£koa edo 15.000£koa izatea?
Kasu honetan, beraz, nahiz ekoizpen netoaren balioa ez gutxitu, nahiz bere eros-ahalmena asko gehitu, ekoizpen gordina 15.000£ko baliotik 7.500£ko baliora erori egingo da; eta populazioa mantentzeko eta lana enplegatzeko ahalmena, beti, nazioaren ekoizpen gordinaren menpe dagoenez -eta ez ekoizpen netoaren menpe-, eskulan-eskarian derrigorrez murrizketa egongo da, populazioa ugariegia egingo da, eta langile-klasearen egoera miseri eta txirotasunezkoa izango da.
Hala ere, aurrezki-ahalmenak, errentari kenduta kapitalari eransten zaiona, errenta netoak kapitalistaren beharrizanak asetzeko duen eraginkortasunaren menpe egon behar duenez gero, makineria sartu delako ematen den prezio-murrizketaren bidez, beharrizan berdinarekin, derrigorrez, kapitalistak aurrezki-bitarteko handiagoak izango lituzke, hau da, errenta kapital bihurtzeko erraztasun handiagoak. Baina kapital-gehikuntza bakoitzarekin, langile gehiago enplegatuko lituzke, eta beraz, lehen kanporatutako langile batzuk, geroago enplegatuko lituzke; eta makineria enplegatzeagatik ematen den ekoizpen-gehikuntza nahikoa handia izango litzateke elikagai- eta oinarrizko ondasun-kantitateetan, baina orain ekoizpen neto gisa egongo litzateke lehen ekoizpen gordina zena; hala balitz, populazio guztia enplegatzeko lehengo aukera berdina egongo litzateke, eta ez lirateke langileak sobera egongo.
Frogatu nahi dudan guztia makineri aurkikuntzak eta bere erabilpenak ekoizpen gordinaren murrizketa sor dezakeela da; eta honela gertatzen den kasu bakoitzean kaltegarria izango dela langile-klasearentzat, horietatik batzuk kalera joango baitira eta populazioak gainezka egingo baitu bera enplegatzeko dauden fondoekin alderatuta.
Suposatu dudan kasua aukera nezakeen sinpleena da; baina emaitza berdina lortuko litzateke makineria edozein fabrikatzaileren jardueran erabiltzen dela suposatuko bagenu -esaterako, ehungilearenean edo kotoigilearenean-. Ehungile baten jardueran ehun gutxiago ekoiztuko litzateke makineria sartu ondoren, orain behargin guztiei ordaintzeko behar zen kantitate haren zati bat ez litzatekeelako ekoiztu beharko. Makina erabiltzearen ondorioz, ugazabak nahikoa luke kontsumitu duena berrekoizte hutsarekin, kapital osoaren gaineko irabaziez gain. Orain hau dena 7.500£k egin lezakete, lehen 15.000£ behar ziren bitartean, eta honela kasu hau ez litzateke aurrekotik bereiziko. Esan daiteke, hala ere, ehun-eskaria lehen bezain handia dela, eta galdetu daiteke ere eskaintza nondik etorriko litzatekeen. Baina, nork eskatuko luke ehuna? Nekazariengandik eta oinarrizko ondasunak ekoizten dituzten beste ekoizleengandik, zeintzuek beren kapitalak ondasun mota hauek ekoizteko erabiltzen zituzten ehuna erdiesteko bitarteko gisa: ehungileari laborea eta oinarrizko ondasunak ematen zizkioten beronen ehunaren truke, eta honek bere langileei ematen zien beren lanaren bidez sortutako ehuna.
Merkataritza hau orain bertan behera geratuko litzateke; ehungileak ez luke nahi izango ez elikagai, ez ehunik, enplegatzeko langile gutxiago eta saltzeko ehun gutxiago duelako. Helburu bat lortzeko asmo hutsez oinarrizko ondasunak ekoizten zituzten nekazariek eta beste zenbaitek, beren kapitalak honela enplegatuta ezin lezakete denbora gehiagoz ehuna erdietsi, eta beraz, kapital hauek ehuna ekoizteko edo beste batzuei mailegutan emateko erabiliko lituzkete, benetan beharrezkoa den merkantzia hornitua izan dadin; eta ordaintzeko bitartekorik ez duen, edo inork eskatzen ez duen hura, ekoizteari utziko litzaioke. Honek, beraz, emaitza berdinera garamatza; eskulan-eskaria urrituko litzateke eta lana mantentzeko beharrezko diren merkantziak ez lirateke ugaritasun berdinez ekoiztuko.
Iritzi hauek zuzenak baldin badira, honako hauek ondoriozta ditzakegu:
1. Makineriaren aurkikuntzak eta beronen erabilpen baliagarriak, beti, herrialdeko ekoizpen netoa gehitzen du, nahiz eta, bitarte arbuiagarri bat kenduz gero, ezin daitekeen ekoizpen neto horren balioa gehi, ezta gehituko ere.
2. Herrialde bateko ekoizpen netoaren gehikuntza ekoizpen gordinaren murrizketarekin konpatiblea da, eta beti daude makineria enplegatzeko arrazoiak, honek ekoizpen netoa gehitzen badu, nahiz sarritan ekoizpen gordinaren kopurua eta bere balioa murritz daitezkeen edo murriztu behar diren.
3. Langile-klaseak duen iritzia, hau da, makineriaren erabilpena sarritan bere interesen aurka dagoela, ez da aurriritzi eta erroreetan oinarritzen, bat dator ordea Ekonomia politikoaren printzipio zuzenekin.
4. Ekoizpideen hobekuntzak, makineriaren erabilpena dela eta, herrialde bateko ekoizpen netoa maila batean gehitu beharko balu, ekoizpen gordinak murrizketarik izateke (nik beti merkantzi kantitatea adierazi nahi dut, eta ez balioa), orduan, gizarteko klase guztien egoera hobetu egingo da. Lurjabea eta kapitalista profitatu egingo dira, ez errenta eta irabaziak igo direlako, errenta eta irabazi berdinak gastatuta, merkantzi kantitate handiagoa erdiesteak emandako abantailagatik baizik, hauek orain balio txikiagoa baitute; langile-klasearen egoera ere erabat hobetuta geratuko da: lehenik, etxeko zerbitzarien eskaria gehitu egingo delako; bigarrenik, honelako ekoizpen netoak aurrezteko gogoa piztuko duelako; eta hirugarrenik, alokairuak gastatzen diren kontsumo-ondasun guztien prezioa apala delako.
Makineriaren aurkikuntza eta erabilpenari buruz hemen egin ditugun kontsiderazioez gain, langile-klaseak ez dauka herrialdeko sarrera netoak gastatzen diren erari buruzko interes berezirik, nahiz kasu guztietan asekuntzak eta gozamenak lortzeko erabili beharko liratekeen.
Lurjabe edo kapitalista batek bere errentak antzinako jauntxoen moduan gastatzen baditu, alegia, menpeko eta etxeko zerbitzari-kopuru handia mantenduta, eskulan gehiago enplegatuko du arropa fin edo altzari garesti, luxuzko gurdi, zaldi edo beste edozein luxuzko ondasunak erosten gastatuko balitu baino.
Bi kasuetan errenta netoa berdina izango litzateke, baita errenta gordina ere, baina lehena merkantzia desberdinetan gauzatuko litzateke. Nire errenta 10.000£koa balitz, ia lan-kantitate ekoizkor berdina enplegatuko litzateke nik arropa finetan edo altzari garestietan gauzatuko banu, edo balio berdineko elikagai-kantitatean edo arropetan. Baina nire errenta lehen mailako merkantzietan gauzatuko banu, honen ondorioz ez litzateke eskulan gehiago enplegatuko: nik neure altzariak eta arropa fina gozatuko nituzke eta beren helburua betetzen arituko lirateke; baina nik neure errenta elikagai eta jantzietan gauzatuko banu, eta nire nahia etxeko zerbitzariak enplegatzea balitz, nire 10.000£ko errentarekin enplega litezkeen guztiak, edo erosiko liratekeen elikagai eta jantziekin sortuko litzatekeen eskulan-eskaria erantsi beharko litzaioke lehengoari, eta gehikuntza hau, nik neure errenta gastatzeko era hau hautatu dudalako gertatuko litzateke. Langileak, beraz, eskulan-eskarian interesaturik daudenez gero, normalean nahiago izango dute ahal den errenta gehiena erabil dadin etxeko zerbitzariak mantentzen, luxuzko ondasunetan gastatzen baino.
Era berean, herrialde bat gerran sartuta dagoelarik, flota eta armada erraldoia mantentzera behartuta egoten denean, askoz gizaki gehiago enplegatzen ditu, gerra amaitu eta egoera berezi honek eskatzen dituen urteko gastu bereziak bertan behera geratuko direnean baino.
Gerratean ez badidate 500£ko zerga eskatzen soldadu eta marineletan gastatzeko, ziurrenik neure sarreren zati hori altzari, liburu, jantzi eta abarretan gasta nezake, eta edozein izanda ere gastatzeko modua, eskulan-kantitate berdina enplegatuko litzateke ekoizpenean; izan ere, soldadu eta marinelentzat elikagai eta jantzia ekoizteko behar den lan-kantitatea eta luxuzko merkantziak ekoizteko behar dena berdina izango litzateke; baina gerra-kasuan, soldadu edo marinel gisa aritzeko, gizaki-eskari gehigarria egongo litzateke, eta ondorioz, gerra herrialdeko errentak sostengatzen baldin badu, eta ez kapitalak, populazioaren gehikuntza emateko garai egokia izaten da.
Gerra amaitzerakoan nire errentaren zatia nire esku geratzen denean, lehen bezala ardo, altzari eta luxuzko beste artikuluak erosten enplegatuko dut; eta lehen errenta honek mantentzen zuen populazioa, gerrak honela burutzea eskatzen baitzuen, gehiegizko bihurtuko denez, gainontzeko populazioarekin enplegua aurkitzeko lehian jarriko da; lehiaketa honek alokairuen balioa jaitsarazi egingo du eta langile-klasearen egoera materialki txartu egingo da.
Badago, egon ere, beste kasu bat herrialde bateko errenta netoa gehitzea ahalgarria dena, baita bere errenta gordina ere eskulan-eskariaren murrizketarekin, eta hori honela gertatzen da gizakiaren lana zaldiarenak ordezkatzen duenean. Nik ehun gizaki enplegatzen baldin baditut nire etxaldean eta ohartzen banaiz horietatik berrogeita hamar elikatzeko gastatzen dudanarekin zenbait zaldi manten ditzakedala, eta aldi berean, zaldiak erosteko erabiliko dudan kapitalaren interesak kendu ondoren, nire lurrak lehengai gehiago emango didala, orduan niretzat abantailagarria izango da gizakien ordez zaldiak ipintzea, eta honela egingo nuke; baina jokaera hau ez litzateke egongo gizakien interesetan, eta nik lortzen ditudan sarrerak ez baldin badira asko gehitzen, zaldiak eta gizaki guztiak enplegatzeko adina, begi-bistakoa da populazioak gainezka egingo duela eta langilearen egoerak, orokorrean, behera egingo duela. Begi-bistakoa da ere langile hori inoiz ezingo litekeela nekazaritzan enplega; baina lurraren ekoizpena handituko balitz gizakien ordez zaldiak jarri direlako, etxeko zerbitzu eta manufakturetan enplega litezke.
Espero dut nik egin ditudan oharrek ez dutela irakurlea makineriaren erabilpena ez dela bultzatu behar pentsatzera eramango. Printzipio hau argitzeko suposatu dut bat-batean aurkitzen dela makineria hobetua eta beronen erabilpena erabat hedatua dagoela; baina egia bestelakoa da, aurkikuntzak mailaka egiten baitira, eta aurreztu eta metatzen den kapitalak eragiten du makineria hau enplegatzea, eta ez egun enplegatuta dagoen kapitalaren desbideraketak.
Kapital eta populazioaren gehikuntza bakoitzarekin elikagaien prezioa igo egingo da beren ekoizpena zailduko delako. Gehikuntza honen ondorioa, bestalde, alokairuak igotzea izango da, eta honelako igoera bakoitzak, egunetik egunera, aurreztutako kapitalaren proportzio handiagoa bultzaraziko du makineria-erosketara. Makineria eta lanaren artean etengabeko lehiaketa dago eta hura sarritan ezin daiteke eskulana garestitu arte erabil.
Ameriketan eta gizakiarentzat elikagaia arras erraz lortzen den beste herrialde askotan, ez dago Ingalaterran bezainbateko tentaziorik makineria enplegatzeko, hemen elikagaia garestia baita ekoizteko eskulan asko behar duelako. Eskulana igoarazten duen zergati berak ez du makinen balioa igoarazten, eta beraz, kapital-gehikuntza bakoitzarekin, beronen proportzio handiagoa enplegatzen da makinerian. Eskulan-eskariak kapital-gehikuntzarekin gehitzen jarraituko du, baina ez gehikuntza honen proportzioan; ratio hau, derrigorrez, gutxikorra izango da1.
Lehen ere adierazi dut, sarrera netoen gehikuntzak, merkantzietan kalkulaturik, zein beti makinerian sartutako hobekuntzen ondorioa den, aurrezki eta metaketa berrietara garamatzala. Aurrezki hauek, gogoratu behar da, urterokoak dira, eta makineriaren aurkikuntza zela eta, hasieran galdu zen errenta gordina baino fondo handiagoa sortu behar dute, berehala gainera; honela, eskulan-eskaria lehen bezain handia izango da, eta populazioaren egoera oraindik hobea izango da aurrezkiak gehitu direlako, errenta neto berria horretarako gai izango baita.
Estatu batean ezin liteke inoiz makineri enplegua moteldu, zeren eta estatu horretan kapitalari eragozten bazaio makineria erabilita lor daitekeen errenta neto handiena erdiestea, kanporako bidea hartuko baitu; eta honelako egoera okerragoa izango litzateke eskulan-eskariarentzat makineria erabat hedaturik egonik baino; kapitala herrialdean enplegatzen den bitartean, zenbait eskulan-eskari sortu behar du; makineriak ezin dezake funtziona gizakiaren laguntzarik gabe, eta berau ere ezin daiteke eraiki beronen lanik gabe. Kapitalaren zati bat hobetutako makinerian enplegatzen bada, eskulan-eskariaren gelditu gabeko murrizketa emango da; baina beste herrialde batera esportatzen bada, eskari hori erabat desagertuko da.
Merkantzien prezioak ere beren ekoizpen-kostuak erregulatuko ditu. Hobetutako makineria enplegatzen bada, merkantzien ekoizpen-kostua murriztu egiten da, eta ondorioz, kanpo-merkatuetan merkeago sal daitezke. Hala ere, herrialde batean makineriaren erabilpena arbuiatuko balitz, gainontzeko herrialde guztietan bere erabilpena sustatzen den bitartean, herrialde hura bere dirua esportatu beharrean egongo litzateke atzerritar ondasunen truke, bertako prezio naturalak beste herrialdeetakoen mailara jaitsi arte. Haiekin elkartrukeak egiterakoan, agian, bi eguneko lana duen merkantzia eman dezakezu kanpoan egun bat kostatzen denaren truke, eta ganbio desabantailatsu hori zure jokaeraren ondorioz emango da, zeren eta esportatzen duzun merkantzia, zeinek bi eguneko lanaren kostua duen, egun bateko kostua izan baitzezakeen lehenago ez bazenu arbuiatu auzokoek bere zerbitzuak ongi erabiltzen ikasi duten makineria hori.