XXXII. Kapitulua
Malthus jaunaren iritziak errentari buruz
Nahiz lurraren errentaren izaera aurreko orrialdeetan nahiko zabaltasunez tratatua izan den, nire burua behartuta ikusten dut okerrak iruditzen zaizkidan iritzi batzuk adieraztea, Ekonomia politikoaren adar honetan ideia garrantzitsuak iruditzen baitzaizkit; gainera, azken garai hauetako egile handienetako baten lan idatzietan agertzen dira. Hemen daukadan aukeraz baliatuz, Malthus jaunaren lana, Essay on Population, izugarri miresten dudala esan nahi dut. Bere zenbait areriok egin dizkioten erasoek frogatu besterik ez dute egiten lan honek duen indarra; eta bere ospea zientzia hau lantzen den heinean zabalduko denaren ziurtasuna daukat, jaun hau jakintsu paregabea baitugu. Malthus jaunak ere lurraren errentaren printzipioak ongi azaldu ditu, eta frogatu du berau abantaila erlatiboen proportzioan igo eta jaitsi egiten dela, abantaila hori emankortasunak edo landutako lur horien egoera desberdinak sortzen badu ere; eta argitasun ugari eman du errentaren gaiarekin lotutako puntu zail askori buruz, lehenago hauetako zenbait ezjakinak edo gaizki ulertuak baitziren. Hala ere, nire ustez zenbait oker egin ditu, hain zuzen, bere autoritateak aitorrarazten dizkigunak; hala ere, ez dugu bere zuzentasuna zalantzan ipiniko. Hauetako errore bat, errenta irabazi garbia dela eta aberastasunaren jatorri berria dela suposatzean datza.
Ez nator bat Buchanan jaunak errentari buruz dituen iritzi guztiekin, baina guztiz bat nator Malthus jaunak bere liburutik hartzen duen pasarte horretan azaltzen duenarekin; beraz, ez nago ados Malthus jaunak egiten dizkion iruzkinekin.
"Ikuspuntu honetatik, horrek (lurraren errentak) ezin diezaioke komunitateko stockari ezer erants, kasu honetako soberakin netoa gizarte-klase batetik bestera transferitutako errenta (revenue) bat besterik ez baita; eta eskuz aldatze hutsagatik, gardenki ikusten da, ezin daitekeela fondo bat sor hortik zergak ordaintzeko. Lurreko ekoizpenagatik ordaintzen den errenta (revenue), jadanik ekoizpen hori erosten dutenen eskuetan dago; eta bizirautekoen prezioa apalagoa balitz, oraindik bere eskuetan zergatzeko moduan egongo litzateke, prezio garaiagoa dela eta, errenta hori lurjabearengana transferitzen denean bailegoen".
Lehengai eta manufakturetako merkantzien arteko desberdintasunei buruzko ohar batzuk egin ondoren, Malthus jaunak honakoa galdetzen du: "Ahalgarri al da, beraz, Sismondi jaunak egiten duen bezala, errenta lanaren ekoizpen bakar gisa kontsideratzea, benetako balio nominala duena eta prezio-igoeraren emaitza dena, hain zuzen, saltzaileak bere pribilegio berezi baten ondorioz erdiesten duena; edota Buchanan jaunak egiten duen bezala, ez kontsideratzea nazio-aberastasunari eransten zaion zerbait bezala, baizik balio-transferentzia garbi bezala, lurjabeentzat abantailagarria eta kontsumitzaileentzat proportzionalki kaltegarria?"1.
Gai honi buruz dudan iritzia jadanik adierazi dut, hain zuzen, lurraren errenta aztertu dudanean, eta orain erantsi behar dut errenta balio-sortzaile dela, hitz hori nik ulertzen dudan moduan, baina ez dela aberastasun-sortzaile. Laborearen prezioa, edozein zati ekoizteko zailtasunak daudela eta, laurdeneko 4£tik 5£ra igoko balitz, milioi bat laurdenaren balioa 5.000.000£koa izango da, 4.000.000£koa izan ordez, eta labore hau diru gehiagorekin trukatzeaz gain, beste merkantzia guztien kantitate handiagorekin egingo denez, bere edukitzaileek balio-kantitate handiagoa izango dute; beraz, inork ez duenez gutxiago izango, gizarteak bere osotasunean balio handiagoa edukiko du, eta zentzu horretan, errenta balio-sortzailea da. Baina balio hau nominala denez, ez dio aberastasunari ezer eransten; hau da, oinarrizko ondasunei, tresneriari eta gizarteko asekuntzei ez die deus ere gehitzen. Guk merkantzi kantitate berdin-berdina izango genuke, eta ez gehiago, baita laurden laborean lehengo milioi kopuru berdina ere; baina laurden bakoitza 4£tik 5£ra igotzearen eragina labore eta merkantzien balioaren zati bat lehengo edukitzaileetatik lurjabeengana transferitzea izango litzateke. Errenta, beraz, balio-sortzaile da, baina ez aberastasun-sortzaile; izan ere, ez die herrialdeko baliabideei ezer eransten eta ez du herrialdea gaitzen itsasflota eta armada mantentzeko; aitzitik, herrialdeak fondo erabilgarri ugariago izango lituzke kalitate hobeagoko lurrak balitu eta kapital berdina enplega balezake errentarik sortzeke.
Onartu behar da, beraz, Sismondi eta Buchanan jaunek funtsean iritzi berdinak dituztenez, zuzen zeudela errenta nazio-aberastasuna gehitzen ez duen balio nominal hutsa bezala kontsideratzen zutenean; balio-transferentzia bezala hartzen zuten, lurjabeentzat besterik abantailatsua ez zena eta, aldiz, kontsumitzaileentzat proportzionalki kaltegarria.
Malthus jaunaren Inquiry-ren beste atal batean honela esaten du: "Begi-bistakoa denez, errentaren berehalako zergatia, merkatuan lehengaia bere ekoizpen-kostuaren gainetik saltzea da"; beste toki batean berriz: "Lehengaien prezio altuaren zergatiak hiru dira:
Lehena eta garrantzitsuena, bizirauteko nahikoa ondasun ekoiztea ahalbideratzen duen lurraren kualitatea, bai lurra lantzen dutenak asetzeko, baita gehiagoentzat ere.
Bigarrenik, bizirauteko ondasunek duten kualitate berezia beren eskaria sortzeko, edo ekoizten diren oinarrizko ondasun-kantitatearen proportzioan eskatzaile-kopurua igoarazteko.
Eta hirugarrenik, lur emankorraren urritasun erlatiboa". Laborearen prezio altuaz mintzatzen denean, Malthus jauna ez da laurden baten edo bushel baten prezioaz ari, ekoizpen guztiaren salmenta-prezioaren eta bere ekoizpen-kostuaren arteko aldeaz baizik, ekoizpen-kostu honen kontzeptupean beti irabaziak eta alokairuak sartzen direlarik. Ehun eta berrogeita hamar laurden laborek, laurdeneko 3£ 10s.n, lurjabeari ehun laurden 4£n baino errenta handiagoa emango dio, ekoizpen-kostua beti berdina dela kontsideratzen bada.
Esaldia zentzu honetan erabiltzen bada, prezio altua ezin daiteke errentaren zergatitzat har; ezin daiteke esan "errentaren berehalako zergatia, lehengaia merkatuan bere ekoizpen-kostuaren gainetik saltzean datza", soberakin hori baita, azken finean, errenta. Malthus jaunak errenta honela definitu du: "Lurjabearentzat geratzen den ekoizpenak duen balio osoaren zatia, berau lantzeko egin diren mota guztietako gastu oro kendu ostean, enplegatutako kapitalaren irabaziak barne; azken hauek, nekazaritzako kapitalaren ohiko irabaziak izango dira, dagokion garaian". Salmenta-kopuru horren soberakina diruzko errenta da; hau da, hain zuzen, Malthus jaunak deitzen duena "lehengaia merkatuan saltzen den prezio eta bere ekoizpen-kostuaren arteko aldea"; eta beraz, lehengaiaren prezioa igoarazten duten zergatiak aztertu eta hauek beren ekoizpen-kostuarekin erkatzen direnean, errenta altxatzen duten zergatiak aztertzen arituko gara.
Malthus jaunak errentaren igoerari buruz ematen duen lehenengo erreferentzia, hau da, "bizirauteko nahikoa ondasun ekoiztea ahalbideratzen duen lurraren kualitatea, bai lurra lantzen dutenak asetzeko, baita gehiagoentzat ere", honi buruz honelako oharrak egiten ditu: "Guk oraindik jakin nahi dugu zergatik kontsumoak eta eskaintzak bere ekoizpen-kostuaren gainetik dagoen prezioa eratzen duten, eta horren zergati nagusia bizirauteko ondasunak ekoizteko emankortasunean datza. Murritz dezagun ugaritasuna, murritz dezagun lurraren emankortasuna, eta soberakina gutxitu egingo da". Egia da oinarrizko ondasunen soberakina gutxitu eta desagertuko dela, baina hau ez da arazoa. Aitzitik, ea ekoizpen-kostuaren gainetik prezioraino dagoen soberakina gutxitu edo desagertuko den, honetan datza arazoa, honen menpe baitago diruzko errenta. Onar al daiteke Malthus jaunaren argudioa, hau da, kopuru-soberakina gutxitu edo desagertu delako hau esatea?: "Bizirauteko ondasunen prezioa ekoizpen-kostuaren gainetik hain nabarmen egoteko arrazoia, bere urritasunean egon ordez, beronen ugaritasunean dago, eta hau, monopolioek artifizialki sortzen duten prezio altuaren erabat desberdina izateaz gain, elikagaiekin erlaziorik ez duten lurrean ekoiztutako ekoizpen berezien prezio altuen diferentea da ere, hau da, monopolio natural edo beharrezkoa dei geniezaiekeena".
Ez al dago egoerarik non lurraren emankortasuna eta beronen ugaritasuna urri daitezkeen, bere prezio eta ekoizpen-kostuaren arteko aldea murrizteke, hau da, errenta erortzeke? Baldin badago, Malthus jaunaren proposamena unibertsalegia da; nire ustez printzipio unibertsal gisa ezartzen du eta egia da egoera guztietan errenta igo egiten dela lurraren emankortasuna gehitzen denean, eta erori emankortasuna urritzen denean.
Zalantzarik gabe Malthus jaunak arrazoia izango luke baldin eta etxalde batean, ekoizpena ugaritzen den heinean, lurjabeari ekoizpen osoaren proportzio handiagoa ordainduko balitzaio; baina alderantzizkoa gertatzen da; lur emankorrak besterik ez direnean lantzen, lurjabeak ekoizpen osoaren proportzio txikiena eskuratzen du; eta populazio hazkorra elikatzeko lur kaskarrenak landu behar direnean, orduan biak handitzen dira, hau da, lurjabeak ekoizpen orokorretik eskuratzen duen zatia eta beronen balioa.
Demagun labore-eskaria milioi bat dela eta berau dela egun landutako lurrean ekoizten den guztia. Orain demagun lur guztiaren emankortasuna urritu egin dela eta lursail horietan 900.000 laurden labore besterik ez direla egiten. Eskaria milioi laurdenekoa denez, laborearen prezioa igo egingo litzateke eta lur kaskarragoetara jo beharko litzateke; gainera, lur kaskar horietara lur emankorragoak milioi bat laurden ekoizten jarraitu baino lehenago joango litzateke. Baina kalitate kaskarragoko lur hauen beharrak sortzen eta igoarazten du errenta, nahiz lurjabeak eskuratuko duen labore-kantitatea neurri berean urrituko den. Errenta, gogoratu behar da, ez dago landutako lurraren emankortasun absolutuaren proportzioan, emankortasun erlatiboaren proportzioan baizik. Lur kaskarragoetan kapitala erabiltzera eroaten duen edozein zergatik lur hobearen errenta igoarazten du; Malthus jaunak bere hirugarren proposizioan dioenez, errentaren zergatia "lur emankorrenaren urritasun erlatiboa da". Laborearen prezioa, ohikoa denez, igo egingo da ekoizpena zaildu ahala, eta etxalde zehatz batean ekoiztutako kantitate osoaren balioa gehitu egingo da, nahiz bere kantitatea urritu; baina lursail emankorrenetako ekoizpen-kostua gehituko ez denez, eta alokairuak eta irabaziak batera hartuta beti balio berdina2 izaten jarraituko dutenez, begi-bistakoa da ekoizpen-kostutik preziora doan soberakina, edo beste hitz batzuetan, errenta igo egingo dela lurraren emankortasuna urritu ahala, baldin eta kapital, populazio eta eskariaren murrizketa handi batek eragozten ez badu. Ez dirudi, beraz, Malthus jaunaren proposizioa zuzena denik: errenta ez da berehala eta derrigorrez igotzen edo jaisten lurraren emankortasuna gehitu edo gutxitu delako; baina bere emankortasun handiagoak, gerora errenta handiagori aurre egin diezaion ahalbideratu egiten du. Oso emankortasun gutxiko lurrak inoiz ezin dezake errentarik sor; emankortasun ertaineko lurrak, populazioa hazterakoan, errenta moderatua sor dezake; emankortasun handiko lurrak, berriz, errenta altua sor dezake; baina gauza bat da errenta garaia sortzeko gai izatea, eta bestea errealitatean honela ematea. Errenta apalagoa izan daiteke lurra guztiz emankorra den herrialde batean, emankortasun hori moderatua den beste toki batean baino; izan ere, errenta emankortasun erlatiboari atxikiago zaio, emankortasun absolutuari baino; ekoizpenak duen balioaren proportzioari, beronen ugaritasunari baino3.
Malthus jaunak suposatzen du monopolio natural eta beharrezko gisa har ditzakegun ekoizkin bereziak sortzen diren lurraren errenta, eta bizirauteko ondasunak lantzen diren lurrarena, printzipio guztiz desberdinez erregulatzen direla. Bere ustez, lehenengoen urritasuna da errenta altu honen zergatia, baina bigarrengoen ugaritasunak ondorio berdina sortzen du.
Bereizketa hau ez zait iruditzen ongi oinarrituta dagoenik, zeren eta ardo finak ekoizten diren mahastietako lurren errenta igo egingo bailitzateke, bere ekoizpenaren ugaritasuna gehitu delako labore-lurraren errenta bezala, baldin eta, aldi berean, merkantzia berezi hauen eskaria gehitzen bada; eta eskariaren gehikuntza hori gabe, labore-eskaintza ugariak, labore-lurraren errenta igo ordez, jaitsarazi egingo luke. Edozein izanda ere lurraren kalitatea, errenta garaiak ekoizkinaren prezio garaiaren menpe egon behar du; baina prezioa garaia bada, errentak altua izan beharko du ugaritasunaren proportzioan, eta ez urritasunarenean.
Guk ez daukagu inongo beharrik merkantzia batetik eskatzen den kantitatea baino gehiago ekoizteko iraunkorki. Ustegabean kantitate gehiago ekoiztuko balitz, bere merkatu-prezioa prezio naturaletik behera eroriko litzateke, eta beraz, ez luke bere ekoizpen-kostua ordainduko, kostu honen barne kapitalaren ohiko irabaziak sartu ondoren: eskaintza gelditu egingo litzateke eskariari doitu arte, eta merkatu-prezioa prezio naturalera igoko litzateke.
Nire irudikoz, Malthus jaunak gehiegi jotzen du pentsatzera populazioa gehitzearen arrazoi bakarra, aurretik elikagai-horniketa ziurtatu izana dela - "elikagaiak dira beren eskaria sortzen dutenak"-, eta elikagaiak ekarri ondoren ezkontzak sustatzen direla, populazioaren aurrerapen orokorrari kapitalaren gehikuntzek eragiten diotela kontsideratu ordez; izan ere, kapitalaren gehikuntzek eskulan-eskaria handitu eta honek alokairuak igoarazten ditu, eta beraz, populazioari eragiten dio; elikagai-ekoizpena, eskari honen ondorioa besterik ez da.
Langileen egoera hobetu egiten da diru gehiago ematen zaienean, edo alokairuak ordaintzen diren eta balio jaitsiera izan ez duen merkantzia haren kopuru handiagoa ematen zaienean. Populazioaren eta elikagaien gehikuntza, batez ere alokairu garaien ondorioa izango da, baina ez du zertan horrela izan behar. Alokairuaren balioa igo delako, langilearen egoera hobetzeak ez du derrigorrez ezkontzera eta familia bat bere gain hartzera behartzen -probabilitate guztiz, gehitutako alokairuaren zati bat elikagai eta oinarrizko ondasun ugariago eskuratzeko erabiliko du-, baina gainontzekoarekin, gogoko badu, bera laket dadin, ondasunak eros ditzake: aulkiak, mahaiak eta tresneria; edo jantzi hobeak, azukrea eta tabakoa. Gehitutako bere alokairuek, beraz, ez dute merkantzia batzuen eskaria gehitzea baino beste ondoriorik izango; langilearen arraza materialki gehituko ez denez, beren alokairuek iraunkorki garaiak izaten jarraituko dute. Baina, hau alokairu-gehikuntzaren ondorioa izan litekeen arren, familiak ematen dituen plazerrak hain handiak direnez, praktikan, langilearen egoeraren hobekuntzari, nahitaez, populazio-gehikuntzak jarraitzen dio; eta arestian aipatutako salbuespenekin, hau hala izatearen arrazoi bakarra, elikagai-eskari berri eta handiagoa sortu izana da. Eskari hau, beraz, kapitalak eta populazioak izan duten gehikuntzaren ondorioa da, baina ez beronen zergatia; hori hala da, jendearen gastuek norabide hori hartzen dutelako, besterik ez; oinarrizko ondasunen merkatu-prezioak bere prezio naturala gainditzen duelako, eta beharrezkoa den elikagai-kantitatea ekoizten delako; biztanle-kopurua gehitu delako jaitsi egiten dira alokairuak berriro.
Zerk motiba lezake nekazari bat egun eskatzen den baino labore gehiago ekoizteko, ondorioa laborearen merkatu-prezioa bere prezio naturaletik behera uzkurtzea denean, eta ondorioz, hauek irabazi-tasa orokorraren azpitik geratzean, berari dagokion irabazien zatia galtzen badu? Malthus jaunak honela dio: "Bizirauteko ondasunek, lurraren ekoizkin garrantzitsuenek, beren ekoizpen-kantitatea gehitu den proportzioko eskari-gehikuntza sortzeko moduko propietaterik ez badute, honela gehitutako eskaintzak bere ganbio-balioaren erorketa kausatuko luke4. Herrialdeko ekoizpena arras ugaria izanda ere, bere populazioa denbora luzean egonkorra manten liteke; eta ugaritasun honek, neurriko eskaririk gabe eta laborezko alokairu garaiekin, egoera hauetan denak izaten diren bezala, lehengaien eta merkantzien prezioa, ekoizpen-kosturaino murritz lezake".
Lehengaien prezioa ekoizpen-kosturaino murritz liteke. Prezio hau denbora luzez egon al daiteke kostu horren gainetik edo azpitik? Ez al du Malthus jaunak berak esaten inoiz ez dela egoten? "Espero dut barkatzea pixkatxo bat gelditu eta irakurleari doktrina hau aurkezten badiot, alegia, laborea, era batzuetan, errealitatean ekoiztutako kantitateari dagokionean, beharrezko prezioan saltzen dela, manufakturak bezala, garrantzi handieneko egia dela iruditzen baitzait, ez ekonomilariek, ez Adam Smithek, ezta lehengaiek beti monopolio-prezioan saltzen direla esaten duten idazle horiek ere, kontuan hartu ez dutena".
"Pentsa daiteke herrialde garrantzitsu guztiek labore eta lehengaiak ekoizteko mekanismo-mailaketa egina daukatela; mailaketa honetan kontuan hartzen dira, hainbat motatako lur kaskarrez gain, zeinetik lurralde guztiek ugari duten, baita lurra hobeto ustiatzeko erabiltzen den makineria apala ere, honen bidez lur horri errendimendu handiagoa eman dezan behartzen baitzaio. Lehengaien prezioa igo ahala, kalitate apalagoko makinak jardueran ipintzen dira; eta lehengaien prezioa jaitsi ahala, erabiltzeari utzi egiten zaie. Hemen ipintzen den adibideak frogatzen digu egungo ekoizpenak egungo laborearen prezioa behar duela, eta ondorio desberdinak sortaraziko lituzkeela merkantzia berezi baten prezioan emandako murrizketa handi batek, eta neurri berdineko batek lehengaietan eragindakoak"5.
Nola jar daitezke ados bi pasarte hauek honako hau baieztatzen duen beste honekin, alegia, bizirauteko ondasunek ez balute gaitasunik kantitatearen hazkundearekiko proportzionala den eskari-gehikuntza sortzeko, orduan bakarrik gutxiaraziko lukeela kantitate horrek lehengaien prezioa bere ekoizpen-kosturaino? Laborea ez badago inoiz bere prezio naturalaren azpitik, egungo populazioak hortik bere kontsumorako eskatzen duena baino ugariago inoiz ez delako da; ezin daiteke beste batzuen kontsumorako pila; eta beraz, bere merketasun eta ugaritasunarengatik ezin daiteke inoiz populazioa gehitzeko pizgarri izan. Laborea merkeago ekoitz daitekeen heinean, langileen alokairuek ahalmen gehiago izango dute beren familiak mantentzeko. Ameriketan populazioa fite hazten da elikagaiak merke ekoitz daitezkeelako, eta ez eskaintza ugaria aurrikusi delako. Europan populazioa erlatiboki motelago hazten da, elikagaiak ezin baitaitezke balio merkeagoan ekoitz. Gertakizunen ohiko bidean, merkantzia guztien eskaria beren eskaintzaren aurretik doa. Labore eta manufakturen eskaria ezin bada igo, hauen prezioa bere ekoizpen-prezioraino jaitsiko dela esaten denean, Malthus jaunak ezin dezake adieraz errenta guztia irentsia izango litzatekeenik, zeren eta berak arrazoiz azpimarratu baitu lurjabe guztiek errenta bertan behera utziko balute, laborearen prezioa ez litzatekeela eroriko; errenta ez baita prezio garaiaren zergatia, ondorioa baizik, eta beti egongo da landuko den eta errentarik ordainduko ez duen lur-kalitate bat; lur horretako ekoizpenaren prezioa, alokairu eta irabaziek besterik ez dute birjartzen.
Hurrengo pasartean Malthus jaunak azalpen guztiz trebea egiten du herrialde aberats eta aurreratuetan lehengaien prezioa igoarazten duten zergatiez, eta berarekin bat nator, hitzez hitz gainera; baina uste dut, bera ez datorrela bat bere Essay on Rent-en mantentzen dituen proposamen batzuekin. "Ez dut zalantzarik esateko, alde batera utziz gero herrialde bateko diru-sisteman sor daitezkeen gora-beherak eta behin-behineko beste zenbait egoera, laborearen diruzko prezio erlatibo garaiaren zergatia bere prezio erreal garaia dela, edo bera ekoizteko enplegatu behar den kapital- eta eskulan-kantitate handiagoa. Eta jadanik aberatsak izanik, ongizate eta populazioan aitzineratzen ari diren herrialdeetan laborearen prezio erreala garaiagoa izatearen eta prezio hori etengabe igotzearen arrazoiak, lur kaskarragoak etengabe erabili beharra eta lanean aritzeko makinerian egiten diren gastuak handitzea dira. Arrazoi hauek dira herrialdeko lehengaien gehikuntza bakoitza garestitzen dutenak; laburbilduta, arrazoi horiek guztiak garrantzi handiko egia honetan aurkitu behar dira, hau da, laborea herrialde aurreratu batean garaiko eskaintza sortzeko behar den prezioan salduko dela; eta eskaintza hau, egunetik egunera zaildu egiten denez, proportzio berdinean prezioak ere gora egiten du".
Hemen zuhurki esaten da merkantzia baten prezio erreala bera ekoizteko enplegatu behar den eskulan- eta kapital-kantitate handiago eta txikiagoren menpe dagoela (hau da, metatutako lanaren menpe). Prezio erreala ez dago diruzko balioaren menpe, batzuek azaldu duten bezala; ezta beste batzuek esaten duten bezala ere labore, eskulan, edo hautako merkantzia berezi baten, edo kolektiboki merkantzia guztiekiko balio erlatiboaren menpe; aitzitik, Malthus jaunak zuhurki dioen bezala, "bera ekoizteko behar diren kapital- eta lan-kantitate gehiagoren (edo gutxiagoren) menpe" dago.
Errenta igoarazten duten zergatien artean, Malthus jaunak aipatzen duenez, populazioaren gehikuntza dago, "honek eskulanaren alokairuak jaitsaraziko dituelako". Baina lanaren alokairuak jaisten diren heinean, kapitalaren irabaziak igo egingo dira, eta biek batera beti balio berdina6 badute, alokairuen edozein beherakadak ezin dezake inoiz errenta igoaraz, zeren eta nekazari eta langileari esleitzen zaien ekoizpenaren zatia ez baita gutxituko, ez balioan, ezta kopuruan ere; eta beraz, lurjabearentzat ez da ez zati handiagorik, ezta balio handiagorik ere geratzen. Alokairuei dagokien zatia txikiagoa den heinean, gehiago izango da irabazientzat, eta alderantziz. Zatiketa hau nekazari eta langileen artean finkatuko da, lurjabeak eskuhartzeke; eta, benetan, gai honetan ez luke interesik eduki behar, baldin eta banaketa bat bestea baino hobea ez bada, kapital-metaketa emateko eta gerora sor daitekeen lur-eskarirako. Alokairuak eroriko balira, irabaziak igoko lirateke, eta ez errenta. Alokairuak igoko balira, irabaziak eroriko lirateke, eta ez errenta. Errenta eta alokairuen egoera eta irabazien beherakada, orokorki, zergati berdinaren derrigorrezko ondorioak dira -elikagai-eskari hazkorra, horiek ekoizteko behar den lan-kantitate gehigarria, eta ondorioz, hauen prezioa altua-. Lurjabeak errenta osoa banatuko balu, langileak ez lirateke batere profitatuko. Langileentzat ahalgarria balitz alokairuak bertan behera uztea, lurjabeek ez lukete abantailarik izango honelako egoera batean; baina bi kasuetan, besteek utzi duten guztia nekazariek jasoko lukete. Lan honetan frogatzen saiatu naiz alokairu-beherakada baten ondorio bakarra irabazi-igoera izango litzatekeela. Irabazi-igoera bakoitza kapital-metaketarentzat onuragarria da, baita populazioaren gehikuntzarentzat ere, eta ondorioz, probabilitate guztien arabera, azken finean, epe luzera errentaren igoera bultzatuko luke.
Malthus jaunaren arabera, errentaren igoeraren beste zergatia, "nekazal hobekuntzetan edo ekoizpen jakin bat burutzeko behar den langile-kopurua gutxitzen duten neurrietan" datza. Pasarte honi egiten diodan objekzioa, errentaren igoera lurraren emankortasuna berehala gehitzeak sortzen duela esaten duenari egindako objekzioaren berdina da. Biek, nekazal hobekuntzak eta emankortasun garaiagoak, gerora, lurrak errenta handiagoa eman dezan ahalbidetuko dute, elikagaien prezio berdinarekin hauen kantitate handiagoa egongo delako; baina populazioaren gehikuntza proportzio berdinean egon arte, elikagai-kantitate gehigarririk ez litzateke beharko, eta beraz, errentak igo ordez jaitsi egingo lirateke. Egoera honetan kontsumi litekeen kantitatea langile gutxiagorekin erdiets liteke, edo lur-kantitate urriagorekin lehengaien prezioa jaitsi eta kapitala lurretik erretiratuko litzateke7. Ezerk ezin dezake errenta igoaraz; kalitate kaskarragoko lur berrien eskariak edo jadanik lantzen den lurraren emankortasun erlatiboaren aldaketak sor dezakeen zerbaitek egiten ez badu behintzat8. Nekazaritzan egindako hobekuntzak eta lanaren zatiketan egindakoak, lur guztientzat amankomunak dira; lursail bakoitza landuz lortzen den lehengaia, handitu egiten da kantitate absolutuan, baina ziurrenik beraien artean lehen zeuden proportzio erlatiboak ez dira asko aldatuko.
Malthus jaunak arrazoi osoz aipatzen du Smith doktorearen errata hau; izan ere, Smith jaunak baieztatzen du laboreak hain izaera berezia duenez, bere ekoizpena ezin daitekeela bultza gainontzeko ondasunak bultzatzeko erabiltzen den bitarteko berdinez. Honakoaz oharrarazten du: "Ez dut inola ere ukatu nahi laborearen prezioak eskulanaren prezioaren gain duen eragin ahaltsua, urte ugari batzuetako batezbestekoa kontuan hartzen bada; baina eragin hori ez dela kapitalaren mugimendua lurretik edo lurrera eragozteko adinakoa diot; eta hau da, hain zuzen, arazoaren gune nagusia, eta hori nahikoa garbi geratuko da eskulana ordaindu eta merkatura eramateari buruz egingo den azterketa labur baten bitartez; halaber, Adam Smithen proposamena onartzeak nahitaez ekarriko lizkigukeen ondorioak ere apalki kontsideratuko dira"9.
Malthus jaunak gero, lehengaien eskariak eta bere prezio garaiak beronen ekoizpena suspertuko dutela frogatzeari ekiten dio, eta hau, edozein merkantziaren eskariak eta prezio garaiak bere ekoizpena suspertuko lukeen bezainbestekoa dela dio. Zentzu honetan demostratuko da nik sarien ondorioei buruz esan dudanarekin guztiz bat datorrela goragoko baieztapena. Nik aitortu dizuet Malthus jaunaren Observations on the Corn Laws-en azaltzen den pasartea; izan ere, erakutsi nahi dut "prezio erreal" terminoari ematen dion erabilera aipatutako lanean, Grounds of an Opinion-en, eta abarren. Pasarte honetan Malthus jaunak esaten digu "laborearen prezio-igoerak besterik ez dezakeela bultza labore-ekoizpena"; eta prezio errealak zera adierazi nahi du: gainontzeko gauzekiko balio-gehikuntza edo, beste hitz batzuetan, merkatu-prezioa bere prezio natural edo bere ekoizpen-kostuaren gainetik dagoen soberakina. Hau esan nahi badu prezio errealaz, nahiz oso egokia ez zaidan iruditzen, Malthus jaunaren iritzia erabat zuzena da, zalantzarik gabe gainera; laborearen merkatu-prezioa gehitzeak bultzatzen du berorren ekoizpena, zeren eta egiazko printzipio unibertsal gisa ipin baitaiteke merkantzia baten ekoizpena bultzatzen duen neurri handi bakarra bere merkatu-balioak bere balio natural edo beharrezkoa gainditzea dela.
Baina ez da hau Malthus jaunak beste kasu batzuetan prezio erreal terminoari ematen dion esangura, Essay on Rent-en honela dio: "Laborearen prezio erreal hazkorra esaterakoan, nazio-ekoizpenari egin zaizkion azken gehigarriak ekoizteko enplegatu diren kapital- eta lan-kantitate erreala adierazi nahi da". Beste pasarte batean honela dio: "Laborearen prezio erreal erlatiboa igotzearen zergatia, ekoizteko enplegatu behar diren lan- eta kapital-kantitate handiagoetan datza"10. Demagun aurreko pasartean prezio errealaren definizio hau sartzen dugula bestearen ordez; ez al litzateke honakoa ulertuko?: "Laborea ekoizteko behar diren lan- eta kapital-kantitatearen gehikuntza da bere ekoizpena bultza dezakeen bakarra". Honek esan nahiko luke, laborearen prezio natural edo beharrezkoaren igoerak bultzatzen duela bere ekoizpena, eta hau manten ezin litekeen proposamena dugu. Ekoiztutako kantitatearen gain ez du laborea ekoitz daitekeeneko prezioak eragiten, sal daitekeeneko prezioak baizik. Prezioak ekoizpen-kostua gainditzen duen heinean erakartzen ala urrunarazten du lurrak kapitala. Soberakin honek enplegatzen den kapitalari sortarazten dizkion irabaziak ohiko irabazi orokorrak baino handiagoak badira, kapital hori lurrean erabiliko da; txikiagoak badira, lurretik erretiratuko da.
Ez da, beraz, laborearen prezio errealaren gehikuntza beronen ekoizpena pizten duena, bere merkatu-prezioaren gehikuntza baizik. Ez da "laborea ekoizteko kapital- eta lan-kantitate handiagoak erabili behar direlako (Malthus jaunak prezio errealaz ematen duen definizio zehatza), kapital eta lan gehiago erakartzen direla lurrera, merkatu-prezioa prezio erreala baino handiagoa delako baizik, eta kostua handitu arren, kapitalarentzat lurra lantzea profitagarriagoa da".
Ezin daiteke gauza zuzenagorik egon Malthus jaunak Adam Smithen balio-neurriaz egindako honako ohar hauek baino: "Adam Smith honelako argudioak bereak egiteko induzitua izan zen, lana balioaren neurri estandartzat hartzeko ohitura baitzuen, eta laborea lanaren neurri gisa. Baina geure herrialdeko historiak berak demostratzen digu, laborea lanaren zehaztasun gabeko neurria dela; bertan, laboreak gora-behera handiak eta nabariak izaten ditu lanarekin alderatuta, bai urte batetik bestera,bai mende batetik bestera, bai hamar, hogei eta hogeita hamar urte elkarrekin hartuta. Gaur egun eztabaida ezin daitekeen doktrina da Ekonomia politikoan, eta honen arabera, ez lana, ezta beste edozein merkantzia ere, ezin daiteke ganbiozko balio errealaren neurri zehatza izan, eta hori ganbiozko balioaren definiziotik dator"
Begi-bistakoa denez, ez badira ez laborea, ez lana, ganbiozko balio errealaren neurri zehatzak, zein da orduan neurri hori? Garbi dagoenez, ez dago honelako neurririk. Beraz, "merkantzien prezio errealak" esangurarik baldin badu, Malthus jaunak bere Essay on Rent-en ematen diona izango da: beroiek ekoizteko behar diren kapital eta lan-kantitatearen proportzioak neurtu beharko du.
Bere Inquiry into the Nature of Rent-en Malthus jaunak honela dio: "Herrialde bateko diruan ematen diren erregulartasun-ezak eta behin-behineko zirkunstantzia eta ezbeharrak alde batera utzirik, laborearen prezio erlatibo garaiaren zergatia, bere prezio erlatibo erreal garaia da, edo laborea ekoizteko enplegatu behar diren kapital- eta lan-kantitate handiagoak"11.
Nik ulertzen dudanez, hau da prezioaren aldaketa iraunkorraren benetako zergatia, bai laborearen kasuan, baita beste edozein merkantziarenean ere. Merkantzia bat prezioan iraunkorki igotzearen arrazoi bakarrak, bera ekoizteko lan- eta kapital-kantitate handiagoak behar izatea, edo diruaren balioa erori izana dira; alderantziz, prezioa erortzearen zio bakarrak, lan- eta kapital-kantitate gutxiago behar izatea, edo diruaren balioa igotzea dira.
Gora-behera diruak duen balioaren aldaketatik badator, bat-batean eta merkantzia guztientzat berdina izango da; baina aldaketa hori beharrezko kapital- eta lan-kantitate gehiago edo gutxiago behar delako ematen bada, aldaketa merkantzia berezi horretara mugatuko da. Laborearen inportazio librea onartzen bada, edo nekazaritzan hobekuntzak egiten badira, lehengaien prezioa erori egingo litzateke; baina gainontzeko merkantzien prezioa ez litzateke aldatuko, ez bada berauen osaketan lehengai hau sartzen behintzat, eta ondorioz, berauen balio erreal edo ekoizpen-kostua jaitsarazten duen proportzioan aldatuko litzateke merkantzia horien prezioa.
Malthus jaunak printzipio hau onartzen duenez, ezin dezake funtsean manten herrialde bateko merkantzia guztien diruzko balioak laborea jaisten den proportzio berean murriztu behar duenik. Herrialdean kontsumitutako laborearen balioa 10 milioikoa balitz, eta fabrikatutako eta atzerritik ekarritako merkantzien kontsumoak 20 milioiko balioa balu, denetara 30 milioi izango lirateke, eta laborearen prezioa ehuneko 50, edo 10 milioitik 5era erori delako, hortik ez genuke ondorioztatuko urteko gastua 15 milioira urritu denik.
Manufaktura hauetan sartzen den lehengaiaren balioak ezin lezake, adibidez, ehuneko 20an gaindi bere balio osoa, eta beraz, fabrikatutako merkantzien balio-erorketa, 20 milioitik 10era izan ordez, 20 milioitik 18ra izango litzateke; eta laborearen prezioa ehuneko 50 erori ondoren, urteko gastu-kopuru osoa 30 milioitik 15era gutxitu ordez, 30 milioitik 23ra urrituko litzateke12.
Azken hau izango litzateke bere balioa, suposatzen bada laborearen prezio merke honekin ez liratekeela labore eta merkantzia gehiago kontsumituko; baina jadanik laborea ekoizteko landuko ez liratekeen lurretan kapitala enplegatu zuten guztiek, orain, kapital hori ondasunak fabrikatzen enplega lezakete; eta ondasun hauen zati bat besterik ez litzateke emango atzerriko laborearen truke, eta beste edozein balizkorekin bezala, inportatzeagatik edo prezio apalak izateagatik ez litzateke abantailarik lortuko; kasu honetan, fabrikatutako ondasun hauen guztien balioa, esportatutako balioa kenduta, lehengo balioari erantsi beharko genioke; honela, herrialdeko merkantzia guztien murrizketa erreala, baita diruzko balioa, laborearena barne ere, lurjabeek, beren errenta gutxitu zaiela eta, galduko luketen balioaren neurri berdinekoa izango litzateke, gozamenerako gauzak asko gehituko liratekeen bitartean.
Aurretik egin zuen onespena zela eta, Malthus jaunak egin behar izan zuen bezala, lehengaien balioaren beherakadak sortzen duen ondorioa kontsideratu ordez, diruaren balioa ehuneko 100 igotzen den kasua eta hau gauza berdinak direla kontsideratzen du; beraz, merkantzia guztien prezioa aurrekoaren erdira eroriko bailitzan arrazoitzen du.
"1794tik 1813ra doazen hogei urte horietan zehar", dio, "britainiar laurden laborearen batezbesteko prezioa 83 shillingekoa zen; 1813. urtean amaitu zen hamarkadan, 93 shillingekoa zen; eta hogei urte horien azken bost urteetan 108 shilling-ekoa. Hogei urte horietan, gobernuak 500 milioiko kapital erreala hartu zuen mailegutan; mailegu hauengatik, batezbeste, amortizazioa kontuan hartzeke, ehuneko 5 inguru ordaintzeko hitza eman zuen. Baina laurden laborea 50 shillingera jaitsiko balitz, eta beste merkantziek proportzio horretan egingo balute, ehuneko 5eko interesaren ordez, gobernuak benetan ordainduko lukeena ehuneko 7, 8, 9 izango litzateke, eta azkeneko 200 milioirengatik ehuneko 10.
"Kapitalaren jabearekiko eskuzabaltasunari buruz ez nuke ezer esatekorik izango, nork ordaintzen dion kontsideratzea ezik; eta hausnarketa-une batek demostratzen digu diru hori ordain dezaketen bakarrak gizarteko langile-klaseak eta lurjabeak direla; hau da, errenta nominala balioaren aldaketekin aldatuko zaien guztiak. Gizarteko zati honen errenta nominalak, azkeneko bost urteetako batezbestekoarekin alderatuta, erdira murriztuta geratuko dira, eta honela urritutako errenta nominalek zerga-kantitate nominal berdina ordaindu beharko dute"13.
Lehenbizikoz, uste dut jadanik demostratu dudala herrialde guztiko sarrera gordinaren balioa ez dela gutxituta geratuko Malthus jaunak hemen aitortzen duen proportzioan; laborea ehuneko 50ean erori delako ez da ondorioztatuko gizaki bakoitzaren errenta gordinaren balioa ere ehuneko 50ean murriztuta geratuko denik; aitzitik, bere errenta netoaren balioa14 gehi liteke.
Bigarrenik, uste dut irakurlea nirekin bat etorriko dela kargaren gehikuntza, hala onartuko balitz, ez litzatekeela erabat "gizarteko lurjabe- eta langile-klaseen gain eroriko"; kapitalaren jabeak, bere despoltsapenak direla eta, bere zatiarekin gastu publikoak mantentzen laguntzen du, gizarteko beste klaseek egiten duten modu berdinean. Beraz, diruak benetan balio handiagoa hartuko balu, nahiz kapitalista horrek balio handiagoa eskuratu, balio handiagoko zergak ordainduko lituzke, eta beraz, ezin liteke egia izan interesek duten balio errealaren gehikuntza guztia "lurjabeak eta langile-klaseak ordaindua izango litzatekeenik".
Baina Malthus jaunaren argudio guztia oinarri ahul baten gainean eraikitzen da: suposatzen du herrialdeko sarrera gordina gutxitu delako, sarrera netoak ere proportzio berdinean gutxitu egin behar duela. Lan honen helburuetako bat honako hau frogatzea izan da: oinarrizko ondasunen balio errealaren beherakada bakoitzarekin eskulanaren alokairuak jaitsi eta kapitalaren irabaziak igo egingo liratekeela; beste hitz batzuetan, urteko balioaren zati txikiagoa ordainduko litzaioke langile-klaseari, eta zati handiagoa eskuratuko lukete fondo horiek gero klase horretan enplegatzen dituztenek. Demagun fabrika batean ekoiztutako merkantzien balioa 1.000£koa dela, eta ugazaba eta honen langileen artean honelako proportzioan banatzen dela: 800£ langileentzat eta 200£ ugazabarentzat; merkantzia hauen balioa 900£ra eroriko balitz eta 100£ aurreztuko balitz alokairuetan oinarrizko ondasunak merketu direlako, orduan, ugazabaren sarrera netoak, ez lirateke inola ere gutxituko, eta beraz, ugazaba honek prezioa urritu aurretik ordaintzen zuen bezain erraz ordain lezake orain zerga-kopuru berdina15.
Garrantzi handikoa da gizarte bateko errenta gordina errenta netotik gardenki bereiztea, gizartearen errenta netotik ordaindu behar baitira zerga guztiak. Demagun herrialdeko merkantzia guztiek, labore guztiak, lehengaiek, fabrikatutako ondasunek, eta urte baten buruan merkatura eraman litezkeen guztiek, 20 milioiko balioa izan lezaketela, eta balio hori erdiesteko zenbait langileren lana beharko litzatekeela, hauentzat beharrezkoak diren oinarrizko ondasunak 10 milioi gastua eskatzen dutelarik; nik esan beharko nuke honelako gizartearen errenta gordina 20 milioikoa dela eta bere errenta netoa 10 milioikoa. Suposamen honetatik ez da langileek beren lanarengatik 10 milioi besterik ez lituzketela eskuratuko ondorioztatzen; 12, 14 edo 15 milioi jaso litzakete, eta kasu horretan 2, 4 edo 5 milioiko errenta netoa izango lukete. Gainontzekoa kapitalista eta lurjabeen artean banatuko litzateke; baina sarrera neto guztiak ez luke 10 milioiko kopurua gaindituko. Suposatzen badugu gizarte honek zergatan 2 milioi ordaintzen dituela, orduan bere sarrera netoa 8 milioira murriztuko litzateke.
Demagun orain diruaren balioa ehuneko 10 igotzen dela; merkantzia guztiak, hala nola eskulanaren prezioa, eroriko lirateke, langilearentzat diren oinarrizko ondasunak merkantzia horien artean daudelako; ondorioz, sarrera gordina 18 milioira urrituko litzateke eta sarrera netoa 9 milioira. Zergak proportzio honetan eroriko balira, eta 2 milioiren ordez, 1.800.000£ besterik ez balira ordainduko, sarrera netoa 7.200.000£ra urrituko litzateke, hain zuzen, lehen 8 milioik zuten balio berdina izango luke. Beraz, honelako gertakizunean gizarteak ez luke ez irabaziko, ez galduko. Baina demagun diruaren balioa igo ondoren, lehen bezala zergatan 2 milioi ordaindu behar direla; hala balitz, urtero 200.000£n txirotuko litzateke, eta beren zergak bederatziren batean haziko lirateke. Merkantzien diruzko balioa aldatzea diruaren balioa aldatuta, eta oraindik zerga-kopuru berdina biltzea, zalantzarik gabe, gizartearen gaineko zerga-karga gehitzea da.
Demagun ordea 10 milioiko errenta neto horretatik lurjabeek bost milioi eskuratzen dituztela errenta gisa, eta ekoizpenaren erraztasuna handitu delako edo laborearen inportazioak gehitu direlako, ondasun horren beharrezko kostua, lan-denboran, milioi batean murriztu dela; honelako kasu batean, errenta milioi bat eroriko litzateke, hala nola merkantzi masa ere kopuru berdinean, baina errenta netoa, zehazki, lehen bezain handia izango litzateke; sarrera gordina, egia da, 19 milioikoa besterik ez litzateke izango, eta hori erdiesteko beharrezko gastua 9 milioikoa, baina errenta netoa 10 milioikoa izango litzateke. Demagun orain 2 milioi ordaintzen direla honela murriztutako sarrera gordinetik; gizartea aberatsagoa ala txiroagoa izango litzateke? Aberatsagoa, zalantzarik gabe, zeren eta zerga ordaindu ondoren, lehen bezala, 8 milioiko sarrera gordina izango bailuke merkantziak erosten gastatzeko, hauek kopuruan igo eta prezioan jaitsiko bailirateke 20tik 19rako proportzioan; beraz, zerga handiagoa jasan lezake, eta oraindik herritarrek hobekiago horniturik egongo lirateke, oinarrizko ondasun zein tresneria gehiago izango bailukete.
Diruzko zerga berdinak ordaindu ondoren, gizartearen sarrera netoa lehen zen bezain handia bada, eta lurjabeen klaseak, errenta erori dela eta, milioi bat galtzen badu, gainontzeko klase ekoizkorren diruzko errentek gehitu egin behar dute, prezioak erori arren. Kapitalista bi eratan profitatuko da: batetik berak eta bere familiak kontsumitutako labore eta haragia merketu egingo dira, eta bestetik, bere etxeko zerbitzarien alokairuak, lorazainarenak eta beste langileenak, apalagoak izango dira ere. Bere zaldi eta abereak gutxiago kostatuko dira eta gastu gutxiagorekin mantenduko dira. Lehengaiak osagai nagusi direneko merkantzia guztien balioa erori egingo da. Gastatutako sarreren gain egin den aurrezki-kopuru hau, bere diruzko sarrera gehitzen den bitartean, bi aldetatik onuragarria izango zaio, eta bere gozamenak ugari ditzan gaitzeaz gain, zerga gehigarriei aurre egin diezaien lagunduko du ere, honela eskatzen bazaio behintzat: zergatutako merkantzien kontsumo gehigarriak berehala konpentsatuko du lurjabeen kapital-eskariaren murrizketak, hauei errenta gutxitu zaiela eta. Ohar berdinak aplikagarriak dira nekazari eta merkatari guztientzat.
Baina esan daiteke kapitalistaren sarrerak ez direla gehitu; lurjabeen errentatik deskontatutako milioia langileei ordainduko zaiela alokairu gehigarrietan! Honela izan arren, honek ez dio inolako desberdintasunik ekarriko argudioari; gizartearen egoera hobetu egingo da, eta herritarrek lehen baino erraztasun handiagoz jasan ahal izango dituzte diruzko kargak; horrek gauza bakarra frogatuko digu, alegia, oraindik desiragarriagoa dena, hau da, beste klasearen egoera, gizarteko klase garrantzitsuarenena, gehien profitatuta geratuko dela banaketa berriarekin. 9 milioiren gainetik jasotzen duen guztiak herrialdearen errenta netoa osatzen du, eta hori ezin daiteke gasta bertako errenta, zoriontasuna edo boterea gehitzeke. Bana dadin, beraz, errenta netoa gura duzun eran. Eman diezaiogun zertxobait gehiago klase bati eta gutxixeago beste bati, hala ere, ez da urrituko; lan berdinarekin merkantzi kopuru handiagoa ekoiztuko da, nahiz honelako merkantzien diruzko balio gordina murriztuko den; baina herrialdeko diruzko sarrera netoa, hain zuzen, zergak ordaindu eta asetasunak hornitzeko den fondo hori, orain, lehen baino askoz egokiagoa izango litzateke gaur egungo populazioa mantentzeko, gozamenak eta luxuak eskaini ahal izateko, eta zerga-kopuru jakin bat jasateko.
Ezin daiteke zalantzan jar kapitalista profitatzen dela laborearen balioa asko erortzen denean; baina inor ez bada kaltetuta geratzen, ez du aitzakiarik egon behar laborea garesti dadin, zeren eta kapitalistaren irabaziak nazio-irabaziak baitira eta gainontzeko irabazi guztiek egiten duten bezala, herrialdearen aberastasuna eta botere erreala gehitu egiten dituzte. Hauekin zuzengabeki profitatzen badira, azter dadin zehazki zein neurritan egiten duten, eta hortik aitzinera legegiletzari dagokio irtenbidea aurkitzea; baina ez dago politika okerragorik laborea merkea izateak eta ekoizpen ugariak dakartzaten abantaila handiak eragoztea baino, honela kapitalistak gehikuntzaren proportzio desegokia eskuratuko lukeelakoaren aitzakiapean.
Orain arte inoiz ez da saiatu kapitalaren korbonak laborearen diruzko balioaren arabera erregulatzen. Justiziak eta fede onak honelako erregulazioa eskatuko balute, zor handia edukiko genuke antzinako kapitalistekin, zeren eta mende batean baino epe luzeagoz diruzko korbona berdinak jasotzen aritu baitira kapitalista hauek, nahiz laborearen prezioa, agian, bikoiztu edo hirukoiztu den.
Dena den, oker handia da kapitalistaren egoera herrialdeko nekazari, industriari edo beste dirudun klaseena baino hobea izango dela suposatzea; errealitatean ez da honela gertatuko.
Kapitalistak, zalantzarik gabe, diruzko korbona berdina eskuratuko du, lehengai eta eskulanaren prezioa jaisten diren bitartean, hala nola lehengai horiek osagai direneko beste ondasun askoren prezioa ere. Hala ere, jadanik azaldu dudanez, hau abantaila da, eta honekin gozatu ahal izango du gastatzeko diruzko sarrera berdina duten pertsona guztiekin batera: bere diruzko sarrera ez litzateke gehituko, baina nekazari, enpresari eta lana enplegatzen duten ugazabena bai ordea, eta beraz, bi aldetatik profitatuko lirateke.
Nahiz kapitalistak irabazien igoeraren bidez profitatuta geratuko liratekeen alokairu-beherakada eman delako, esan daiteke, aldi berean beren sarrerak urritu egingo liratekeela, beren merkantzien diruzko balioa erori delako. Zein izango litzateke merkantzia hauek jaitsarazteko zergatia? Ez litzateke izango diruaren balioan eman den aldaketa, suposatzen denez ezerk ez baitu diruaren balioa aldatu. Ez litzateke izango merkantziak ekoizteko behar den lan-kantitatearen murrizketa, honelakorik ez baita burutu; eta gertatuko balitz, ez lituzke diruzko irabaziak urrituko, nahiz honela diruzko prezioa gutxi litekeen. Baina merkantziak egiteko erabiltzen diren lehengaien prezioa erori dela suposatzen da, eta beraz, hori dela eta, merkantziak jaitsi egingo dira. Egia da erori egingo direla, baina erorketa hori ez da ekoizlearen diruzko sarreraren murrizketa batekin batera burutuko. Honek bere merkantzia diru gutxiagoren truke ematen badu, merkantzia hori egiteko erabiltzen diren material horietako baten balioa erori delako da, besterik ez. Ehungileak bere ehuna 900£n saltzen badu 1.000£n saldu ordez, bere sarrera ez da txikiagoa izango, ehun hori osatzen duen artilearen balioa 100£ jaitsi bada.
Malthus jaunak honela dio: "Egia da herrialde aurreratu batean nekazaritzako ekoizpenari egiten zaizkion azken gehikuntzak ez direla errenta-proportzio handi batekin batera burutzen; eta zehazki zirkunstantzia hau da bultza dezakeena herrialde aberats bat kopururen bat labore inportatzera, baldin eta ziur badago eskaintza uniformea eskura dezakeela. Baina kasu gehienetan atzerritar laborea inportatzeak kaltegarri izan behar du nazioarentzat, bertan ekoiztea baino askoz merkeagoa izanik, ordezkatzen duen laborearen errenta eta irabaziak berdintzen ez baditu behintzat". Grounds, etab., 36. orr.
Malthus jaunaren ohar hau oso zuzena da, baina inportatutako laboreak beti askoz merkeagoa izan behar du herrialdean bertan egindakoak baino, eta "era honetan, inportazioak ordezkatzen dituen laborearen irabaziak eta beronen errentak berdindu behar ditu". Honela ez balitz, inork ez luke abantailarik erdietsiko laborea inportatzeagatik.
Errenta laborearen prezio garaiaren ondorioa den bezala, errenta-galera prezio apalaren ondorioa da. Atzerritar laborea ez da inoiz lehian sartzen errenta ematen duen etxeko laborearekin; prezio beherakadak, zalantzarik gabe, lurjabeari eragiten dio bere errenta guztia irensten duen arte; oraindik gehiago erortzen bada, prezio honek ez ditu kapitalaren ohiko irabaziak ere emango; kapitalak orduan lur hori utzi egingo du beste enpleguren batera joateko, eta lehen lantzen zen laborea, lur horietan egin ordez, inportatu egingo da. Errenta-galera egon delako, zenbatetsitako diruzko balioan, balio-galera egongo da, baina aberastasun-irabazpena egongo da. Lehengai guztien kopurua eta beste ekoizpenena, batera, gehitu egingo dira; berauek ekoizteko erraztasun handiagoa dagoelako, kantitatean gehitu arren, balio gutxiago izango dute.
Bi gizakik kapital berdinak enplegatzen dituzte, batek kapital hori merkataritzan enplegatzen duen bitartean, besteak industrian erabiltzen du. Lehenengoak urtean 1.200£ko balio netoa ekoizten du eta horietatik 1.000£ irabaziak dira eta 200£rekin errenta ordaintzen da; bigarrenak, manufakturetan urtean 1.000£ko balioa besterik ez du sortzen. Demagun inportazioen bidez, 1.200£ kostatzen den labore-kantitate berdina lor daitekeela 950£ kostatzen diren merkantzien truke; eta ondorioz, nekazaritzan enplegatzen den kapitala industriara joaten dela, eta bertan 1.000£ko balioa sor dezakeela; hala balitz, herrialdeko errenta netoa balio gutxiagokoa izango da, 2.200£tik 2.000£ra urrituko baita; baina beren kontsumorako labore- eta merkantzi kantitate berdina egoteaz gain, 50£rekin eros daitekeen merkantzi kopuru gehigarria ere izango da; hau da, atzerrira saldu ziren merkantzien balioaren eta balio horrekin erosi zen laboreak zuen balioaren arteko diferentzia.
Hau da zehatz-mehatz, laborea inportatzeak edo bertan lantzeak sortzen duen eztabaidaren ardatza, bietan baitaude abantailak; ezin daiteke inoiz inporta, baldin eta kanpoan erdiesten den kantitateak, kapital jakin bat enplegaturik, herrialdean bertan kapital berdin horrekin lortzen den kantitatea gainditzen ez badu; nekazariari egozten zaion zatia gainditu behar izateaz gain, lurjabeari errenta moduan ordaintzen zaionaren gainetik egon beharko du ere.
Malthus jaunak honakoa dio: "Adam Smithek zuhurki ohartarazi gaitu industrian enplegatutako lan ekoizkorraren kantitate berdinak ezin dezakeela nekazaritzan egingo lukeen adineko berrekoizpena kausatu". Adam Smith balioaz ari baldin bada, zuzen dago; baina aberastasunaz ari baldin bada, garrantzizko puntua alegia, oker dago; izan ere, berak definitu duenez, aberastasuna oinarrizko ondasunek, tresneriak eta bizitzeko gozamenek osatzen dute. Oinarrizko ondasun eta tresneri multzo batek ez du onesten beste multzo batekin inolako aldaketa egiterik; erabiltzeko balioa ezin daiteke patroi ezagun batez neur; izan ere, pertsona bakoitzak modu desberdinez zenbatesten du.